Eleberri hau duela bi urte abantzu hasi nuen, 2015ean hain zuzen. Ordurako, espainiarrek "la batalla del relato" irabazteko ahaleginei ekinez jardun eta jardun ziharduten, bai hedabideetan politikariez gain idazle eta burulangileek eta sasi-orojakileek, bai erakundeetan – dela estatua bera dela eliza katolikoa dela hainbat elkarte edo talde edo alderdi – hainbat lege, epai, txosten, agiri, adierazpen, idazki, iruzkinez, "pensamiento único" delakoaren bidetik postverdad hitz traketsa asmaturik gezurra txurizkatuz, franquismoaren garaian bezala euskaldunen izaeraz eta gogoeraz beraien eritzia gainezarri eta inposatu behar digutela uste izanik, betiko gezurrez eta gezur berriez zeraunskuten politikariez gain epaile ustelek, gotzain gurutzadazeleek, katedratiko dirukoiek eta abarrek.
Batak aberririk ez dagoela dio Frantzia edo Espainiaren trapoa zein bandera eskuan darabilela; besteak aberria egun futbola dela eta loteria dela eta gizakiak lana duela ardura bakarra ez besterik, eta... axola duena, beraz, "La Roja" dela, eta herrien geroa IBEX-ek erabaki behar duela eta duela uste du. Urliak euskal aberria Sabinok asmatu zuela... espainiarrena, berriz, betikoa dela, hots, historiaurretikoa edo lehenagokoa; sendiak, izukeria aipa eta aipa, "terrorismo" alegia, eta, hara! Sabinok errua!; franquismorik ez da izan, 36ko gudua ez zen inoiz gertatu, diktadura? ... Espainiako erregeak egun – 2017ko ekainaren azken egunean – lehenbiziko aldiz aipaturiko hitz hau beste herrialde batzuetan egon dela baina Espainian ez!. Berendiak, berriz, legea gizonaren gainetik dagoela eta, honetaz, Euskal Herririk ez dagoela, Kataluniarik ere ez noski: Reino de España baino ez dago, legeak dionez; eta besterik esaitea debeku, besterik nahi izaitea bekatu: legeak esana ez ezik izana ere agintzen du, nahia eta gogoa mugatzen, burubidea bezala bihozpidea ere erabakitzen du.
Zinismoa nagusi. Hor dabilzkigu demokrazia irakasten, Bilbo franquistek konkistatu zutenean Francoren argazki handi batekin "Bilbao es ya de España" hizki handiz aldarrikatu zuten egunkari berberak. Eta lotsagalduek, "en democracia todo es posible" ziotenak eta hau ezin dela hori ezin daitekeela hura ez dela izaiterik diotenak diren berberek agintzen dute, ebazten dute, epaitzen dute, idazten dute, irakasten dute, otoitz egiten dute... Moncloan edo Zarzuelan, Audiencia Nacionalean edo Tribunal Constitucionalean, egunkarietan eta telebista-irratietan, unibertsitateetan, katedraletan, kuarteletan, estadioetan eta... oro batera ari eta ari zaizkigu erauntsian eta erasian, indar guztiek batera joz. Estatuaren indarra eta indarkeria dugu. Euskara Iparraldean hutsaren hurrengo bilakatu dutenak ere trapoa astintzen dabiltza, "égalité" delakoaren izenean gu haiek ez garela onartu nahi ez eta haiek direlako gu ezer ere ez garela erabakirik, legearen legez.
Demokraziaz mozorroturiko diktadura ezarri dute, baina legepean, noski!
Eta bide batez, gutarrak diren batzuk isilik. Pentsamendu bakarretik otxan-otxan dabilena ez bada, bere bide bakanetik doa, bakar-bakarrik, inongo aberri, amerri, sorterri edo herri inon ere ezekoa ez balitz bezala. Eta kikildu ez dena zeharo isilarazi dute.
Larramendiri hitzak ebatsiz esateko "lo daude erne behar duten guziak, sorrak eta gorrak, hotzak eta motzak, motelak eta gatzik bageak dirade". Ez du axolarik, beti geratuko zaigu Athletic, edo Erreala, edo... Retegui 2.
Honetan genbiltzala eta gabiltzala, liburu bat agertu zaigu argitara, zalaparta larriz, gure egungo historia okerka-mokerka eleberrituz jaulki nahi duena. Ez da lehena izan ez bakarra ez okerrena, ez izaiten ez izanen. Inoizko propagandarik handiena jaso duena bai, arauz. Ondo pagatua beraz! Honek nau, aitor dut, ABERRI hau idazten arinago eta azkarrago eta oldartsuago egitera bultzatu.
Euskal Herria bere historiako une apal eta ahul eta makal(enetako) batean dagoenean indar guztiak bateratu behar ditugu geroak esan ez dezan inoiz "herri bat izan zen". Hau, beraz, aletto bat baizik ez da. Urrutira joango ez den fits bat baino ez. Isiletik ateratuko ez da, baina isil ozen bat izan liteke, inoiz haizeak, behingoan, gure alde jo baleza.
Gure ABERRIa ez da iragana, ez lehenaldi lainotsua, ez galdutako gudu guztien oroitzapen hutsala, ez nahi eta ezin guztien zerrenda luzea, ez besteren azpian eta mendean legokeen urrezko kaiola... gure Aberria euskaldun herritarrek eraikiko dugun basohiri geurezkoa izango da, mugarik eta harresirik bagekoa, gure Aberria jende zoriontsua herri libre batean izango da. Edo ez da ezer izanen.
Laudion, 2017ko uztailaren 7an.
Etxearen aurrean haritz zahar bat zegoen. Hogei bat metro gora, gerria bi kana eta erdikoa, berrehun urte baino gehixeago zuela zirudien.
- Etxe hau eraiki zuten urtean bertan, landatu omen zutela erraiten zidan aitonak – adiarazten zion Iñakik galdetzaileari. Niri ere halaxe azaldu zidan, behin, harekin hitz egitera joan izan nintzen hainbat egunetako batean.
Egun, biziko balitz, Juan Bautistak ehun eta hiru urte izango luke, baina orain dela berrogeita bat urteko udazken haizetsuko egun motel batean hil zen. Zaharrez hil. Bizialdi osoan gaisorik inoiz egon zen jakin ere ez zekien. Etxe honetan jaio, berton bizi eta etxe honetantxe hil zen. Ez zen urrutira joan.
Urte biz, ordea, 'erregeari zerbitzu' egitera joan beharra eta, Iruñean egon zen. Han egondako damurik ez, ostera! Geroago, bai, gerottoago, bizitza aldatuko zion gudua heldu zitzaion. Berak maiz esaten zuen eran: "Lehengo guduak, antzina zaharrekoak, beti Ebroz harainditik etortzen zitzaizkigun, baina azkenengo gudua guri etxean bertan sortu zitzaigun, nahiz eta Ibai Nagusiez bertze aldetiko etsai zital bezain ankerrak izan". Nahi eta nahi ez, beraz, bere etxea zuen aberria, edo beraren hitzetan "gure aberria den etxea" zaintzeko eta zutik iraunarazteko, bere etxetik beretik alde egin beharra ukan zuen, bizia irabaz ala gal, aberria bere burua baino maiteago zuen garai lazgarri haietan gazte zen aitonak. "Etxe hau ene aitaren aitasoak eraiki – zehaztu zion bilobari – edo hobeki erraiteko, berreraiki omen zezan. Honen orubean bertze bat zegoan, xahar-xaharra, zurezkoa, ttipia omen zena, baina garai haietako gudu batean su eman eta kiskal zezaten. A, gudu zitalak alaenak! Gure herri hau osoki errauts bilaka zezaten. Ez zedin etxe bakar bat ere zutik gera. Eta, zeren eta zerendako? Iskilua lege zuten handinahi zeinbaiten ohore zikinetarako baizik ez! Ohore! Lege! Heriotza bertzerik ez ditek maite. Gudua Jainko".
Sargori zegoen. Uztail bete-betean eta, basalde heze haietan ere, lehorra nabaritzen hasia: larreetan belar izpi berriak (aurreko astean moztutakoaren ondoan hazten zen bibelarra) eguzki gupidagaitzak kiskali behar zituela.
Biharamunean, ohi bezala, Santimaminera joaiteko asmotan, txistua garbitzen ari zen. Erromeria (berak basajai esaten zuen) atsegin zuen, gazte izanik harrigarri ez, eta aurreko egunetan halakotsu urdduri unettoak sumatzen hasia zebilen. Eguraldi ona izango zen.
Lehengo girorik ez, baina, artean ere, jende ugari bildu bai, eta egun polita. Maite zuen, bada, urtean-urtean betiko edo antzeko esanak eta mesanak berrizkatzen baziren ere. Gain haretako zelaian izango zen, bai, nork dantzatuko txistuz joko zituen soinu zaharrak eta berriak.
Ez zuen asko uste izango, egun haretantxe urruneko Afrika aldetiko haize bafada ustel batek gudu-hots ikaragarria hedatuko zuenik. Bilobari hala azaldu ohi zion beti:
"Susmoa bai, bagenian, aldiz aitzindanik, zerttobait gertatuko zela zaioak eman guri, alabaina, gudua piztuko zenik ez genian uste, nehola ere. Berriz ere guduak etorriko zitzaizkiguan gainera. Baina, orduko haretan herriko batzuek bidea irekita; gure historian, muttilko, sarri gerta bezala.
Herriko zeinbait gazte ez zuan igo, jaizale jauzkorra bazen ere; bertze lekura joana, nonbait. Zer zetorkigun jakin bazekian, txapel gorria garbitu berri eta txispa koipez ongi igurtzia, noski. Nik gauean behor batzuk bertze aldera eraman behar nitian, eta uztailaren bihotzean izanagatik, gau beltza zena baizik ez diat gogoan. Etxetik goiti hasi nintzenean, burua biratu nian, muttilko, gure geurea berriz ere ikusiko ez nuelakoan. Bordaxahar gibelean utzirik, ziztu bizian aldendu ninduan".
Harez geroztiko egunak latzak izan zituen aitonak. Borrokan lehenik atxilotua gero, hainbat aldiz Herio aur-aurrean ikusten izan zuen arren, gogora ahala lasai antzo jaulkitzen zituenean, gozaro aditzen zion, ondoan eseririk, biziki maite zuen Iñakik. Urteak ziren aitona betiko joan zela, baina haren oroitzapenak ez zituen haize txar batek berehala eraman.
Iñakik ez zuen PALETS DEL NORTE-ra joan behar, soroko lanak egitearren ilabetean opor hartuta, baina lantegitik deitu zioten. Goizean, seiak aldean, istripu larria gertatu zen eta lankide gazte batek bizia galdu zuen. Deitu eta laster, lantegian zegoen.
Orga mekaniko batez, paketeak hara-honatzen jarduten zuen Hirigoien zen hildakoa. Halako baten, antza, abiadura handiegiz edo, orgak bihur egin behar zuenean horma jo zuen eta bertan irauli zen. Azpian gidaria zanpatu zuen.
Zoruari odola zeriola iritsita, negarrari ezin eutsi izan zion. Gazte-gaztetarik, elkarrekin ibilitakoak ziren, bai eskolan bai lanean bai lanetik landa. Bata baserritarra bezain bestea kaletarra izan arren, edo honegatik agian, elkarganako uste ona, adiskidantza handi sakona zuten. Adiskide min-minak zirela eta, heriotza harez gero Iñaki ez zen lehengoa inoiz gehiago izanen. Izan ere, Mikel kide guztiek onerizten zioten, mutil apala baino areago, gizagaixoa izanki. Makala, soinez bezala gogoz, eta, gaztea zelarik ere, xaharkitua zirudien, gorputza makurtuxe, ilea urdin, azala ihatxetukoa baitzen. Ez zen, bada, harrigarri lagunen artean sorturiko atsebage eta bihotzeko mina. Iñakik Hiri esaten zion. Beste aurreko batean ere, hil-etsian aurkitu zuen, eta azkenengoa balitzan agur egin zion:
- Iñaki: hi eta ni adiskide beti.
Baina larrienean argia esan ohi da eta orduko larri haretatik bizirik jalgi zen. Gaisotasuna barrenean zeraman. Elkarri hitz egin zioten hondar eguna izan zen. Begirada galdua zuen. Etxera bidean biziki bihotzilik itzuli zen.
(Etxea aipa eta, esan dezadan, aurrera bagerik, Gorostitzagoikoa zuela izena. Oraindik han dago, baina egungo gazteek, 'Goitzakoa' esaten dion bat baino gehiago bada ere, 'Lacasaelgallo' esaten diote eta mapa batean honela dager. Iñaki bizi zen etxea orain hutsik dago. Teilatu hegal zati bat hautsirik; iparraldeko horman gora huntza hazita; etxearen osteko munatik begiratuz gero, zaharraren zaharrez, egunen baten ez bada beste baten, lurrera eroriko den itxura baldarra du. Kea, lehen, antzinan, teilatuko h agen artetik ateratzen zen, teila gorrixta goroldioz betetakoen artetik, baina Iñakiren aita gazte zenean, etxeari berritu bat eman behar zitzaiola eta, konponketa batzuk egin zituzten eta gailurraren ondoan dorretto bat eraiki zuten, kebidea. Gainean, haizea nondik nora jo eta jakite aldera, burdinazko oilar bat, birakaria, ipini zuten, haizeak nora oilarra hara. Aitonaren aita hantxe jaio zen, eta aita ere bertan, eta Iñaki ere bai.)
Sindikatuek, hurrengo egunerako protesta eguna deiturik, heriotza hura salatu nahi zuten, eta langile gutiz gehienak han agertu ziren, lantegiko ate ondoan, bilkura isilean. Pankarta luze batean "Istripuei stop" idazkuna. Hogeita zazpi bat edo, bai, han batuak. Ordubetez egon ziren. Isilaldi luze eta sarkorra, heriotzari dagokion era goibelean.
Enpresako burua ez zen aspaldi agertu, eta egun haietan ere ez. Zehazki jakin ez baina oporretan Norvegiako fiordoak ikusten zebilena zen esaera. Noizik noiz, urruneko herrialde hotz haretara joan ohi zen, ingurukoek esaten zutenez, Biarritzen hegazkina harturik.
Bizpahiru astez egoiten zen, joandako aldi bakoitzean. Ez zen, gainera, erraza izaiten haren aurkitzea. Beti bakarrik joaiten zen, emaztea eta seme-alabak herrirean kilometro batera zedukan txalet eder berrian utzirik. (Herrian etxe guztiek zeinek bere izena zuenez, herrikoek Etxalai esaten zioten). Alemanian zehar itzuli ohi omen zen, Berlingo aireportuan geldialdia eginaz.Berrogeita zortzi bat urte zuen istripua gertatu zenean. Enpresa eraiki zuela bospasei, eta herrian sortua ez izan arren, ordurako ondo herrira egina zen. Astero ez bazen, aste biz behin edo, alkatearekin aparitto bat egitea ekandu bilakatu zuen. Bestela, ez zen kaleetan sarri ibili-zale, eta azken aldi haretan are gutiago. Herriko jaietan, aldiz, beti zuriz jantzia, zapi gorria lepoan, santu jagolearen egunean, batez ere; jende artean gogara ibilten zen, batarekin ele edo bestearekin ele, beti nori edo nori zerbait edateko gonbidatuz eskuzabal. Egun nagusian, pilota-jokaldiak ikustera, herriko plazan agertzea atsegin zuen. Gaztettotan futbolean aritua omen zen, ikastetxeko taldean atezain, eta on xamarra zela berak zioen; unibertsitatean hasi zela kirolari utzi zion arte. Noiztenka, ez usu, mendian gora ikusia izaiten zen. Bakarrik aurreko urteetan, baina azkenengo urte haretan, inoiz edo behin igaitean, bi edo hiru gizonezko zituen lagun. Ikusi zuten hondar igoaldian, Iñakiren etxe aurretik goiti zihoazen, udaberriko igande goiz oskarbi batean. Iñakik leihorean begiztatu zituen, etxe barruan zegoela.
Arreba ez zen etxean. Aspaldian Donostiara ezkonduta zegoen. Aitak beti Iñaki etxerako nahi zuen; alaba, aldiz, karrera egin zezala eta unibertsitatera bidali zuen.Hara baino lehen, nexkato koxkor zela, Hiri haren atzetik zebilena zen, mutilkoen artean, txutxumutxua; aitzitik, berak ez zuen begiko, karrikan bizi zen prakamotx merro hura.
Sendagile nahi zuen, baina erizaintza ikasi eta CLINICA SAN IGNACIO-n lan egin zuen, arazgetu zen arte. (Honi ere, ordurako, urteak aurrera joan zitzaizkion. Noiz edo noiz, sarri ez, gurasoak ikustera joan ohi zen. Egia esan, elkarri esatekorik asko ez eta haien artean isilaldia hitzaldia baino luzeagoa beti. Hainbat urte pagatza ondoko etxe zaharretik irten eta kaleratu zela, hiriratu; eta sustraiak hango muino zabalean izanagatik ere, aspaldi handian bertara bage zegoen, beste mundu batean landaturik, hondartza aldeko pago birlandatua bezala. Azken aldian nebari agur egitean, laster itzuliko zela esan zion baina il bitan ez zitzaion agertu, Saloun zedukan etxean zegoen eta) Zahartzaro betean gazte egunak ahantzi nahi ez eta, behin, Sanferminetara joan zela adiarazi zidan. Bost adiskide joan ziren, Hiri, Gorrotxa, Iñigo, Agirre eta bera.
Hango jendeketa! Elemenia karriketan, inon ere sartzeko lekurik ez, oro lagunez lepo. Ez zitzaion damutu, baina ez zen beste behin joan. Hango estuak ez zituen maite. Aitak maiz aipa eta aipa egiten zion, 'soldadutza' garaian jaietan ibilki, eta giro alaitsua beti ahoan. Ardoa zahatoz zahato ibilten zela, kanta-kantari haiek, eta goizean, berriz, entzerruan lasterka egiten zutela.
Iñaki egon zen urte haretan, gainera, istilu latzak gertatu ziren.
- Borroka! Hemen gerta behar dena! – egin zuen oihu taberna bateko ate aurrean, edalontzi bat eskuan, zegoen mutil batek.
Karrika estua lagunez okitua zen eta, ez atzera ez aurrera, zer egin ez zekiela Iñaki adiskideekin. Mutil harek, Gazteluko Enparantzaren eskuin alderean, kasko arre andana zabal bat hurbiltzen begiztatu zuen. Azkar zetorren hainbat gudagizonez estu-estu beteriko gizaldra trinkoa zen, plaza osoa betean, alderik alde, aurrean aurkitu guztia zanpatu beharrez bezala. Kantoi guztietarik, ziztu eta ziztu entzuten hasi ziren, eta gauza batzuk aurtikika. Leiho batzuetako kristalak haustean ohi den harrabotsa gero eta handiagoa zen bezain sarriagoa.
Pilotak iraitziz hurreratzen, eta enparantza osoaren jabe egin zen aldra arrea sakabanatu zen, kantoiz kantoi, karrika estuen sargu guztiak ixteko asmoz. Iñaki zegoen lekurean ezin zen ezer guti ikusi. Oihu garratzen artetik, zerbaiti ihesi nahian, oldarrean, pilan zegoen jendetzak bultzatua zela ohartu zen, aldiz, bere burua arbin eta larri ikusi zuen. "Grisak, grisak" aditu, eta garrasi mingarri baten ostean, dzartako batzuk, eta kristal zatiak burura erori zitzaizkiola sumatu zuen. Nora joan eta ezin inora, hainbat gizasemez inguratua baitzen, estu-estu, horma baten ondoan. "Arriba España" entzun zuen une berean polizia baten txurra luzea ikusi zuen.
Behigoan, inguruan ziren batzuk, bultzaka, alboko kale batera egin nahi eta, oldarrean hasi ziren, izu lauorrian gisa, elkar bulkaka eta bai erori ez erori, batzuk besteen gainka. Iñaki, bet-betan, lurrean botata zetzan, aratinik, horma ondoan. Zer egin jakin ez, eta jaikitzera, eta belauniko jarri, eta gainetik baten batek jauzi egin zion, eta ostikoz lurrera egotzi zuen. Jaiki beharra zuen. Ez zuen atzera so egin. Tarraz, aurreratto egin eta kantoi ondora iritsi orduko, eskuez lurrari saka eta goratu zen, zutitu zen, eta arinik arin alde egin zuen. Berehalako baten, jendetzaren barruan estuturik berriro. Gibelean, oinkada zangar batzuen hots trinkoak aditu eta, bultzaka, zetorren aldra arre hari ihes egiteko larri, jende-oste beteak, karrika estuan zehar ezin ibiliz, nora ezean jo zuen. Balkoi baterean "Gora Euskal Herria" ozen bat hedatu zen. Bat-batean, tiro hots batzuek erantzun zioten. Leihoa lehertu zen, hainbat apurretan, eta, balkoiaren barruko aldean eztanda egin ondorean, ke beltzeko hodei baten antzera mordo bat jalgi zen. "Mueran lo vagco" izan zen Iñakik entzun zuen azken oihua, harresiko atetik behera zubian zehar ibaiaz beste aldera lasterka zihoan bitartean.
Ez zen giro, ez. Hainbat istilutan harrapatua bezala ibili zen. Adiskide bat kaleko jendetzaren artean galdurik, eta halako borrokatan ohitua ez, mendi-magaletan haziriko gaztea ikaratu zen. Gomazko pilotek eta tiro hotsen dardarak ikaratu zuten. Ke-potea goitik behera eroriz bere ondoan lehertu zenean beldurtu zen tint, eta, harez gero, egundaino, beti gogoan eduki ukan du orduko hura.
Lehengo girorik ez. Aitak aipa eta goraipa ohi zuen jaiaren alaia ez zuen ezagutu.
- Behin ikusi eta aski – zioen beti.
Donostiara urtean birritan, gutienez, joaitea maite zuen. San Tomas eguna harentzat handia zen. Aitak land-roverra erosi zuenaz gero, urteetan aita eta amarekin joan izan zen. Goizean gozik etxerean atera eta bazkari osteko arratsa baino lehenago etxera bidean. Aitona zen egun horietan etxezain, eta abereak ez ziren, beraz, bakarrik geratzen. Ordu beteko bidea baino ez eta ilunabarrerako etxen.
Danborrada ikustera joan zen eguna beti gogoan zuen. Iñigo lehengusu adiskidearekin, neguko oporrak zirela eta eskolara beharrik ez, goizeko argiaz batera herritik atera eta hamarrak aldean bertaratzeko asmoz jalgi zen. Beribil berria Iñigori aitak erositakoa, eta errepidean aurrera Iñakik nahi baino arinago joan zen. Bidea ezagun biek eta laster helduko ziren. Leitzara eta, hara!, etxe zuri bateko balkoi luzean oihal handi bat zabal-zabal, goitik behera zintzilik, gorrian gurutze zuri bat eta itxoroski orlegi baten lau besoak. Iñakiri xirrara baten antzeko zerbait eragin zion haren ikuste hutsak. Aitonak, behin, Bordaxaharren, zulo batean ostendua zedukan ha erakutsi zion ha bezalakoa zen. Beste etxe bateko leihoan, eta beste batean, eta hala, bidean joan ahala, hainbat etxeren aitzinalde zurietan ikurrin berdina. Iñigok ez zuen iruzkinik egin. Ikusi izan ez bailituan. Aitonak, isilean bezala adiarazi zion aholkua gogoratu zitzaion Iñakiri:
"Hau gure ikurrina duk. Orain lurpean ehortzia eduki behar diagu, baina, egunen baten, berriz ere agerian eta goiti ibiliko duk, eguratsean txorien antzera, haizeak ez bertzek darabilela. Hik ikusi duk, baina, erne!, ez erran nehori, ez heure aitari ere, bertzela galduak gaituk. Oraino ez, noizbait leku orotan ikusiko duk; bizkitartean, lurpean edukiko diagu, bai, hik eta biok dakigula, ez bertzek".
Bidean aurrera zihoan beribil beltzerean, albo batera zen beste albora, hemen-hor-han etxe banakak, zaharrak batzuk berriak bestetzuk, ikus eta ikus Iñakik, eta batean bai hurrengoan ere bai, handiak bezala ttikiak, ikurrin orlegi-zuri-gorriak, txori ugari leihorik leiho ibili balitz legez agertzen ziren. Kaiola batetik askatu berri izan zitezkeen kardantxilo arinen antzera, etxeetarik aldendu nahi ez antzo, hegal guztietan pausaturik geldituak zirela ziruditen. Donostia begiz jo zuten. Zuhaitz batzuen artean, lertxun lerden bat nabarmen, luze bai luze, eta goi-goian, Goia ukitu nahi bezala, beste oihal margotsu bat haizearen eskuz urduriki inarrosia, aitonarena bezain handia, urrean, eta bezain zaharraren zaharrez xirtxildua.
- Honek ez dik onik ekarriko – erauntsi zion, hitzetik hortzera, Iñigok aspaldixko isilik egon ondoan.
Iñakik ez zion ihardetsi. Irriño bat ezpainetan, alboko leihatilatik urrunera begira zihoan. Etxe handietako balkoietan, gutiz gehienetan,ikurrinak agerian. Jai handiko egunetan jantzirik ohi gisa. Kaleak lagunez beterik aurkitu zituzten. Lagunez eta ikurroihal politez gil-gil. Danbor-jotzaile taldeak non eta hemen, non eta hor, non eta han, eta orotan margo bixiko ikurrin ttiki-handdiak.
Soinu eta hots, txistulari andana luze bat karrika zaharretan zehar hurreratzen ikusi zuten. Txintxarriz apainduriko artalde baten antzera ehunka gizaseme, janzkera kriket, kapelu zabal, sotil-sotil lerrokaturik zetorren, karrika betean, danborra jo eta jo. Artzaina laso, gizonkote sudurluze makiladun bat, kilimusika, furfuria onean arian ari, atzetik zekarren gizon-eli gaitz ha bide onetik eroan behar bailuan.
Oskarbi zegoen. Itsasoa bare. Zein begien gozagarri urrun ikuste lasai hura, uhinetan gaindi ortziak itsasoaz zein itsasoak ortziaz bat egiten duen urrun ezinago urrun haretarantz!
Mendian hazia den batentzat, itsasoaren zabal gaitza beti gaitzago agertzen da, harik hara eta harago zerbait gehiago urkusi uste izaiten baitu, begiek ezin ikusia bada ere. Ur handi haren indar gaitza egundainokorik gaitzena iruditzen zaio, mirets bezain izugarri zaio; eta uraren azpiaren sakona beti hondale bagea dela du irudi, hondarrik ezeko osinik inongoena. Iñakiri itsasoak, beti eta beti, halako sarrakio antzeko zer larri bat sartzen zion; honela ere mende betean egon liteke hari so.
Zarata baizik ez zela zioten baina, arratsean, ongi baino hobeki bazkari oparoa eginda, etxerako bidea pozarren hartu zuten lehengusu biek. Etxeko larrainean utzi eta, Iñigo berera itzuli zen eran, Iñaki ataritik barrura igo zen. Lehenik aitonari esango zion. Zein pozik jarriko, hainbat ikurrin ikusi izan balu! Lurpetik jaikia zen, ehortzi zuten lekutik berriz ere bizirik, haizeak ez bestek astindua, eguzki zuri hari agur egin nahian bezala, firiri-firiri.
Aitona hil zitzaion egunean Zaragozan zegoen. Bien arteko harreman estua dzartada batez eten zen. Muttilko zeritzan agure maitagarri hari ezin azken agurra egin ukan zion, eta ez zuen berriz ere inoiz gehiago bizirik ez hilik ikusiko.
Juan Bautista ez zen handia, soinez, baina itxura luzexka zuen, mehe xamarra izanik, eta bilobaren begietan, behintzat, zen baino handiagoa zirudien. Haren aitari, ostera Antonoker esaten ei zioten. Azken karlistaldian borrokan ibilitakoa zen; gudari hutsa baino gehixeago izaitera heldu zela ere esaten zen. Gudatedanik etxera ondorean, berriz, lehengo lugina baizik ez, nekazari hutsa.
Aitonak ez zion inoiz bere aita aipatu. Sanpedrotan, senide nahiz ahaide batzuk, bazkaritan bildu ohi ziren arren, handia omen zen Anton haren gomutarik ez. Urtean zerri handi bi hazteko ohitura zuela, eta haiek salduz diru apurrak irabazten zituela, eta beste askorik ez.
Garai latzak ziren haiek, gudaostekoak alegia, eta galtzaile izan zirenentzat zer esanik ez. Hala ere, egunetik egunera, bizi beharrak bultza eta bultza, bizitza aurrera ateratuz joan ziren, sarri goseak atean, kas-kas-kas, jaiten bazuen ere. Juan Bautista gazte zela, aita, ilean behin, igandearekin, ekandu zuen bezala eguna herriko plaza inguruan eman eta gero, gau batez, etxerakoan, bide bazterrean erori eta bertan hilik gelditu zen. Herrira jaisteko estarte estu bat zegoen bide bakar, negu hezeetan lokatzagatik ezin ibiltekoa: idiak berak ere belaunetaraino sartzen omen ziren eta, urratsik egin ezinean laso, lohiak harrapaturik gelditzen ziren. Etxean ura baino ez zuten edaten, baina azoka zegoen igandean, adiskideak lagun, txakolin txarretik zurrut egitea atsegin zuen, garratzean garratz, eta udazkeneko igande lainotsu haretan halaxe egin zuen. Edan eta edan, txakolinak gaina hartu zion eta ez zen etxeraino iristeko gauza izan. Antonoker hilotz ikusi zuen lehena semea izan zen. Bizitza guztian ez zitzaion gogotik aldenduko hango ikuste lazgarri ha; orduan zuen egin azkenengo aldiz negar.
Ordurako, Juan Bautista baso-lanetan hasia zen, eta, etxerako bai beretzako ere diru apurren batzuk eraugiten zituenez, etxean zerbait gehiago zedukaten, jate aldera bezala jantzi edo gerora begira aurrezte aldera.
Urterik askoz geroago, bide lokazto hura harri-txintxarrez berritu zuten, albo bietako harrizko horma sendoak eraitsita hormigoizkoak eraiki zituzten, bidea zabalago eginik. Hauxe usu zion adiarazten aitonak Iñakiri, anbiolako egun zahar haietaz aiputtorik egiten zionean; izan ere (aitonak irriñoz ziotson) lehengo harrizko hormetan ziren zulottoetan, eguteran batik bat, hainbat barraskilo bizi ziren eta, hormigoiaz zuloak estaliz geroztik, haien etxettoak non egin ez eta, barraskiloak betiko itzaldu ziren; eta amak oso ondo zekien saltsa gorrian haiekin jaki gozoa prestatzen.
Goialdeko oihanetan hazten ziren pago lerdenen enborrak kamioietan garraiatzeko bidea egin zuten, bihurgune batzuk – aldats zorrotzegia zela eta – hedatuz igoera erraztu ere halaber.
Bide hura hagitz ezaguna zuen Iñakik, ume-umetatik. Etxerean ikastetxera bost kilometro, gora-behera, zuen, eta euria egiten zuenetan oinez ordubete; aterietan, berriz, txirrinduaz ordu laurdena nahikoa izanik ere, joan-etorrietan. Beste gehienak ez bezala, pitin bat bederen neke nekatzen, gaztettotan nekea zer zen ez zekiena.
- Zergatik ez hau hire aitak land-roverrean ekarten? – galdetu ukan zioten maiz eskolakide batzuek.
- Land-roverra txabolara joaiteko behar duelako. Nola igoko litzateke, bertzela, mendian goiti, ardiak ikuskatzera?
Egun batez, txirrindua giltzarrapoz lotua utzi, eta ikastorduak amaiturik etxerako berriro jasotzera joan zenean, ostua ziola ohartu zen.
Lapurrak zerra batez katea ebaki zuen. Zirrin-zarran, zarataño poxi bat egingo ahal zuen, honela ere, inork ez zuen entzun ez ikusi. Ez zen makala hartu zuen atsebagea. Egun haretan, aldatsean oinkada luzez igo zen. Aitak zer esango zion eta beldurraz. Ziur zegoen, gainera, eskola ondoko etxe berrian bizitzera etorri berri ziren 'estremeño' haien seme zantarrak egina zela.
Ikasgelara bagerik ohiz, eliza osteko loretegira jo ohi zuen, beste lagun, haren antzeko edo gaixtoago, batzuekin zigarroak erretzearren.
Piper egin haiek. Harekin aterramendu onik ez. Sakelan labana zeramala ere harrokeriaz esaten zuen. Adinkide baina Iñakiz bestelako mutila zen, zeharo, urruneko lurralde bero batetik etorri zela esaten zuen hura. Hizketan hasten zeneko (oro ulertzen ez bazion ere Iñakik haren mintzaira ederresten zuen) bere lur zabal baino zabalago haien aipu arranditsua egin ohi zuen, eta entzule gaxterik gehienek, halako zabaltzarik inoiz ikusi bageak, ahoa bete hortz aditzen zioten, harriturik.
Etxera orduko, amak, aurpegi gorriagatik, semeari zerttobait gertatu zitzaiola, irri-arra baten, susmatu zuen. Aitak lapurretaren berri jakin zuen unean, suak hartua bezala, semeari behako zorrotza eta:
- Hi haiz hi – egin zion ahakar – egunen baten burua ere galduko duk, aladzipo! Ama tartean sartu zenean baretuxe zen. Semeak ez zuen errurik, beste bihurri gaixto horien antzekoa ez izaitea; eta antzekoak esanaz isilarazi nahi zuen.
- Horien antzekoa ez, gure antzekoa behar liken honek hire seme honek, bere burua zaintzen eta jakin behar liken, arraioa!; nehori deusik ebatsi ez, baina berea dena ez ebasten utzi ere, ostera! – aitak atzera.
- Hik badakik zenbat balio zuen txirrindu horrek? Ez ahal duk uste izanen, oraino, erregeek ekarria zenik, ehe ! – aitak Iñakiri sumin.
Ez zen, ez, eskolazale amorratua, baina buruerne xamarra bai eta, ikasketak aurrera eraman zituen. Hamabost urtera iritsita – aitak hala eskaini zion – lantegi batera sartzea ukanen zuen, eta liburuak alde bat utzirik, lanean hasiko zen.
Ikasturtea bukatu aitzin, azken urtea zela eta ohitura berri bat hedatu zen, hainbat ikastetxetan, baina Donostia edo hein berdintsuko herri tarroxkoetan batez ere, eta ikas-txangoa esaten zioten. Ikasteko guti zen, astia ondo emaiteko bai, edo; ondo nahiz ez hain ondo, egun batzuk etxetik urrun emaiteko aitzakia zen. Zaragozara erabaki zuten.
Iñakik ez zuen joan nahi ukan. Zertara?
- Hi leloa haiz; goazen, bada, ongi pasatzera, eta nexka ederrak ikustera eta... – esan zion bileratik atera berritan adiskide mina zuen Iñigo lehengusuak.
- Ez nauk joanen. Zertara joanen naiz ni? Bo! Etxen hobeki nagok.
- Etxean hobeto hago, bai, amazulo hori! Hik ez dakik basotik urrun ibilten. Gorotz kiratsa darik, ostera! – sartu zuen tartera ele zakarra Migel Mari Gorrotxategik, adiskideek Gorrotxa esaten zioten luzanga beltxaran errezale amorratuak.
- Hi! – isildu eragin nahian Iñigok – Hago isilik, eta sar ezak mingaina uzkira! Etorri nahi badu ez badu, harek erabaki behar dik, ez hik.
- Ba, egin dezala, beraz, harexek hitz, ez hik. Hi nor haiz, ba, haren aita edo haren aitabitxi edo? Mukurra baino ez haiz hi.
- Mukurra ni... eta heu taket hutsa. Mingaina zakila baino luzeagoa duk – egotzi zion aurpegira harrika bezala alkatearen semeak.
- Aitaren semea haizelako, bertzela ez huke horrela hitz eginen. Hik heuk potrorik ez, girringolak bai, ostera. Aitaren kume, ku-ku bai, mehe-mehe ez... – eta antzera iharduki zion zakarto, kitzika, Gorrotxak, DUCADOS zigarroa ezpain ezkerraldean zedukala.
Halako eztabaida, ika-mika hobe, sarritakoa zen oilartzen hasita zegozen mutil koxkor haien artean. Beti, alkatea aipu. Izan ere, Iñigoren aita, hainbat urtez, herriko buru zen, eta ororen begiko ez.
Nik ezagutu nuenean ohia zen, ez harexek hala nahi zuelako, baina. Gizon indartsua izan zela ageri zuen, giharrak eta zainak azalean, gaztetan basamutil ibilitakoak. Txapel beltz handia buruan, begien gainean ezkerretara alboratua, ez zen herriko karriketan maiz ikusten, alkandora zuriz jantzia igandero mezatara ezik. Guduaz gero herrira nagusi itzuli zen. Nik neronek, egia esateko, ez nion inoiz ikusi, baina gerri aldean dunbuilo antzeko zerbait bazedukala ohartu bai, eta pipa zela ziren esamesak, hots, pistola.
Garai haiek laster joan ziren. Zaharrak gaztetu ez baina umeak heldu ziren, umatu ziren, eta, bizitza aurrera joan ahala, nor bere bidetik joan zen. Iñigo, aitak agindurik, Iruñera aldatu zen, goi-mailako ikaskuntza burutzeko asmoz; Gorrotxak, ikasteari utzi baikoz, lan eske hasia ei zen arren, ganora handikorik ez ediren eta, hara-horra ibiliz, lan kulu-mulu batzuk egiten zituen, diru poxi baten ordain; Iñaki, lantegian hasia zen, eta etxeko lanetan, aita-amekin batera beti, ohi zen bezain maratz eta erdots, nekatzeke aritzen zen, era berean. 'Estremeño', noiz edo behin, aitaren laguntzaile ibili izan zen, egurra egiten.
Bai Iruñerako bai Donostiarako egurrik asko saltzen zen, eta ilari eder bat irabazteko bide neketsua baina sarigarria zen.
Inguruko basaburuetan anitz pago eta, egurretan onenetarikoa hauxe. Oihanetan ohikoa ez zen burrunba entzuten hasi zen: motozerrarena. Motozerra erosi berriaz ez zegoen lehengo langintza eskerga; lana ez zen batere arina, baina zer ikusirik ez aurreko urteetan egin beharrekoarekin. Ilean kamioi bat salduz, bi-hiru tona edo, hogeita hamar bat mila pezeta irabazten zuen. Basoko lana errazte aldera, mando bat zerabilen, basabiderik ez zegoen lekuetara ahal zedin.
Aita astean behin igaiten zen. Semea, eskolara behar zuenean, larunbat-igandeetan joaiten zitzaion. Ama, egunoro, autobusean Iruñera hurrantzen zen, handiki baten etxean garbi-lanetan jarduteko. Ilunabarrean itzuli eta ohiko etxandere baten atazak burutzen zituen, herrian alogeran bizitoki hartua zuten Osinburu etxe zaharra eraitsi eta eraiki berri zen lau tokiko etxe hormigoi arrezkoan.
Hasieran, 'Estremeño' aitari lagun egitera gogotsu joaiten zitzaion, laster gogaitu zen baina. Larunbatetan adiskide zuen Gorrotxarekin eta beste batzuekin etxaihes ibiltea nahiago eta, non soinu han dantza,eta non jai hara mutilak kartolo-martolo. Gainera, aitak adarrez eta abarrez eraiki txosna kaxkar haretan gautu beharra ez zitzaion batere atsegin.
Ez zen moldaerraza mutila. Aita-semeen artean ez zen giro onik; maiz elkarri mokoka. Halako batean, 'Estremeño', gauean ongi lo egin ez zuelako edo, nekatua eta lanerako gogorik ez, lanari ekin ordez enbor batean eseri zenean, aitak larderiatsu lotsa eman nahiaz ahakar egin zionean, labana eskuratu eta herrazko begirada batez oldartu zitzaion. Aitak motozerra eskuan eta gora. Semeak labana aurpegi aurrean eman zion. Aitak atzera egin zuen, eurt. Oihu latz bat egin eta " ¡Quieto ahí, m'iho!" ozen batek oihan osoan haranots handia hedatu zuen.
Amak ez zuen ezer jakin istilu haretaz. Etxeratu zen ilunabarrean semea ohean aurkitu zuen.
Eskola utzi eta urte berean, zurezko paletak ekoizten zituen lantegian morroi hasi zen; eta harez gero, trebeaz gain langile ona, lankide bezain ona zelako, oso zuten maite lantokiko guztiek. Iñaki ez zen hitz egin-zale, eta ez zuen inoiz inorekiko hitz gaiztorik ukan.
Gaxte-gaxterik, baserrietan ohi den eran, eskuz lan egiteko zaildua zen. Indarra ere behar zenean hantxe bera, ez zen atzera egitekoa.
Sasoiko gaztea orduan. Baina, berak zahartzaroan esaten zuen bezala: "Ez gara betidanikoak eta ez gara betirakoak".
Lantegian istripu ha gertatu zenetik, lankideen arteko giroa ez zen lehengoa. Batetik atsebagea, noski. Ezbehar lazgarria izan zen, eta ez zitzaien inoiz ahantziko han gertaturikoa. Gizon bat makina baten azpian zanpa-zanpa eginda ikusi eta, hainbat egunez goragaleak jasan zituztenak baziren. Bestetik, Hirigoien gaztea hala hil zedin baino lehenago, zerbait egin ahal ukan zutela, eta egin ez zutela orok bai baitzekiten.
Ordura arte ohiko zituzten ordutegiak aldatu zituen. Enpresarioak ez zuen ekoizmena inola ere murrizterik nahi, bolada onean zebilen eta. Langileak ez ziren pozik, aldaketa haiekin guztiekin; ez zieten beharrezko erizten, lehiakorrago izaiteko aitzakiaz, txanda guztiak aldatzeari eta lanorduen kopurua astean hiru orenez gehitzeari. Sindikatuei gogorrago ekiteko eskatzen hasiak. Zurrumurruak greba hitza ekarri zuen.
Iñaki ez zen halako istilu-mistilu haietan sar gogo. Lan egitea besterik ez zuen gogoko. Halakorik nola egin, egun oroz behi-ardiei jaten eman beharra duenak? "Zerbait irabazi nahi duenak borroka egin behar du" esan zionari "zerbait nahi duenak lan egin behar" zuela ihardetsi zion, hitz asko esan-zalea ez zen baina.
Ugazaba ez zen aste osoan lantegian agertu. Istripua ja__zo zenaz gero, herrian inork ez zuen ikusi. Sendiarekin Madrilera joana zelako hizkimizkia hedatu zen. Ez zen, hala ere, gerta ororen jakinaren gainean egoiteke. Labandibar bulegora sartu zen batean, bulegaria telefonoz ari zen eta esekitzerakoan "Si, Don Hilarión. Como ustéd ordene. Tenga buen día" esanaz agurtu zuen beste aldeko mintzaidea ugazaba zela ohartu zen.
Sasoia zen. Udaberri lehorra iragorik, ez zuten belar ugari batuko; hala ere, larrea moztu beharra zen, neguan jatekorik edukiko bazuten. Etxe gaineko pentzea sekula-belarrez ondo betea zen. Esnetarako belarrik onena. Goiz-goizeko ihintza belarraren bigungarri eta, oilaritean hasiz gero, eguarterako sail eder bat eginen zuten. Aita segalari azkarra zen, urteetan aurrera eta gero eta makalago; Iñakik sega-makina erosi behar zutela adiarazi zion batean, "oraindik ez – erantzun zion – nire sasoia joan eta gero, hik nahi baduk, eros ezakek". Amak, eskuareaz, belar-mahiak ihaurten zituen bitartean, ahalik barreiatuenez, aita-semeek, hurrenez hurren, zarraast-zarraast-zarraast, belarra motz eta motz, ekin ahala ekiteari zeragoioten. Aitona muna batean eserita, ingudea zangoen artean, beste sega bat mailuz mehetzen ari zen, tak-tak-tak, okila basoan zuhaitz eihartuan zulatzen bezala.
Eguzkia gorri eta beroa handia. Aita, izerditan blai ziharduen arren, nahikara ari zen, eguzkiak belarra ongi onduko zuela baitzekien.
Halako egun bi eta belarra ganbararako. Goienengoa betez gero, larrainean meta bat, edo bat baino gehiago, eraikiko zuten.
Aste guztia hala eman zuten, eta Goikosoro moztu ondorean, negurako nahi beste belar batu zuten. Elurtsua eta luzea izanagatik ere, ez ziren ezeren beldur. Okerrik ezean, urteak itxura ona eta, uzta oparoa biltzeko ustea eta itxaropena zuten. Udazkena baino lehen, bazedukaketen etxean sagarretan eta egurretan eta babarrunetan, batez ere, behar zuten guztia.Aitonari entzuna zion, gudua hasi baino lehenagoko egunetan zurrumurrua bazebilela, plaza aldean batik bat, eta haregatik ez zuela ustebage osoan atzeman. Babarrunak ernetzen hasiak ziren. Soroa, urtero legez, sasoian sasoiko belar txarrez ihaurrita; aitzurraz jorratzeko nahiko lan. Azken gereziak txoriek jan zituzten, ezinezko adarretan sakabanatuak geratu izaiten ziren ale gorrilunak. Ez zen urte txarra izan. Agirre esaten zioten gerezi mota onetik ase arte jan zuten; txoriak bertara ez zitezen, lastoz eginiko izugarri bat zintzilik ipini eta gero, zeren, txori-mamurik ezean alerik ere ez baitzuten utziko mokoz sast egiteke.
"Ez zuan, ez, urte txarra izanen... Afrikatik hats-gaizto hura jaugin izan ez balitzaigu. Ez pentsa, hala ere, muttilko, oro han, urrun haretan piztu zenik. Sua antzinadanik bizirik zegoan, txingarra errauspean bezala. Hemengo batzuek ez zitean nehoiz ongi ikusi alda zitekeen ddeusik. Edo haiek nagusi edo muturrak hautsi zitean lelo. Erregea nahi zitean, eta beraiek herrian errege. Lehendik ere bazituan hemen gudua maite zutenak.
Lizarran isilpeko batzarrak egiten zituztela jakin zuen bezain laster, jendeak susmo txarrak hartu zitian. Gudagizonak bilkuran egonez gero, gauza onik ez. Hantxe ikusi omen zitiztean, alde batetik jeneral bat, bestetik koronel... iskilu gehiegi istilu guttirako. Jurramendin, orduko azken aste haietan, hainbat mutil ikusi omen, gora eta behera, ehiztari antzo, zizpak bizkarrean. Ez zuan, noski, urzo-garaia. Uztaila hasi aitzin, basurderik asko ere ez hango bazterretan, nolatan, bada, hainbat ehiztari? Herriko jende xumea goganbehartsu.
Hik ez duk nehoiz ikasi gure historia zaharra, ikasi ukan bahu jakinen hukeen nor ziren Leringo Kondeak. Bada, anitz menderen buruan, berriz ere berpiztu zituan, antza, hegoaldetik zetorkigun etsaiari gazteluko atea irekitzearren, anbiola egin zuten bezalaxe. Eta, antzina zahar haretan gerta legez, oraiko honetan ere, euskaldunak euskaldunen arerio. Ederki jakin dik beti Erromak banan itzazu eta garaituko dituzu erraitetik egitera egiten".
Aitonari entzuten orduak emanen zituen. Uda beteko arrats apal epeletan haritz handiaren oinean eserita biok, bata jaulkitzen bestea aditzen, mendebete joan ahal zekiekeen, behialako Birila, Leirekoa, txoriari txio-txioka aditzen hiru mende joan eta oraino han basoan ei dagoen era berean.
Aitak ez zuen batere maite aitonak bilobari halako zeren jaulkitze hura. Ipuin zaharrak zirela eta zaharren ipuinak zirela. Gazteen buruetan halakorik sartzea ez zela egokia, gazteak buru bero eta, zein edo zein halakokeria egiteko grina sor zekiekeela.
- Egunen baten haritz hori ebakiko dinat, ostera! – adiarazi zion emazteari sumin antzera, aitona eta biloba gau erditan eta oheratzeke, ele-mele ari zirela entzunik – ea horiek biak isiltzen diren. Bihar goizean txoriekin jaiki beharra dinagu, eta hor ditun oraino ipuin zaharrak berritzen, arranopola!
Aitak ez zuen inoiz lantegian egin. Etxeko atazak, sorokoak eta basokoak batik bat, abereenak noski, berak kudeatzen zituen. Azkenengo iletan, baina, gaisorik zebilen. Gizon gogorra izan zena ahultto. Urteak gainean, ez zen besterik, urrean; alabaina, aitona zahartzaroan sendo zebilen bezain makal aita, hogeita bost gazteago izanik ere.
Txarba egiteko sasoia zen. Artoa ondo hazi eta uzta oparoa nahi bazuten, egin beharreko inausketa. Behiek mauka-mauka janen zuten. Sorozelaiko alor guztia erein eta, ondo bidean, etxerako behar adina artirin egiteko ustea zuten.
Gerezi berankorrenak gorriturik ziren agerian. Ama zale eta jale asegaitza zen, baina, gaztetan sarri igoa bazen ere, adinetan sartua eta zuhaitzarengana igaiteko asmorik ez. Semeak batzen zizkion eta jan amak nahi beste, nahiz eta zuhaitzetik beretik hartu igaliak beti ere gozoago zitzaizkiola adiarazi:
"Orduan ere gerezi asko batzen genian, gehienak etxe osteko zelaian, munetan zegozen zuhaitz ni hara joandako urtean zaharrak ziren haietan – hasi zen ama – eta etxen jan beharrean saldu egiten genian. Haxe bizimodua haxe! Ni txikitan eroan ninditean. Zortzi urteak bete bagerik hara, Elexpurura, amama xaharra zaintzera.
Amamaordea zuan, izan ere, gure aitaita birritan ezkondu zuan eta hura bigarrengo anderea zian. Nik ez nian inoiz hizketan aditu. Burutik egina legez zegoan, beti suaren ondoan jarrita, hango subete ilun haretan, katua bailitzan, uxkur-uxkur aulki txikir batean, eta inorekin hitzik inoiz egin bagerik. Aitaita eta osaba lanera ateratzean, sorora zein basora, nik amama zaindu behar nian, alde egin ez zegien. Jaten ere emaiten nioan, eta jan egiten zian. Ez zakiat – gehitu zuen amak, behin eletan hasirik oro jaulki beharrez edo – zeren galdu zuen burua, ez noiz, ez inoiz hitz egin ote zuen inogaz. Baina, nagok, ez ote zuen galdu aitaitak emandako jipoi baten ondorioz. Beti oihuka erabilten zian. Nik jaiten, jo, ez nian inoiz ikusi, baina nola ahoz hala begiz ihauli egiten zuela-eta nagok, aitaita zakarra izanki. Haren egitekoak egin behar zituenean, nik ukuilura laguntzen nioan – guk etxean korta esaten genian – besotik helduta, eta hala egun guztietan. Nik orduan bederatzi urteko, eta etxeko lanak egiteaz gain – han ez zuan asko garbitu behar baina – amamaorde mintzul hura jagon beharra. Aitaita gurea nola hil zen orain baino lehenago esan izan diat, baina amama bizi izan zen bezain isilik joan zuan. Arrats batez, neguan eguna labur gaua luze, oheratu zuan eta biharamunean ez zuan jaiki".
Iñakik gogo onez aditzen zion beti amari. Haren gaztaroko gora-beherak berritzen zizkionean luzaz isilik egoiten zitzaion, zein urte latzak jasana zen otuz. Hizkera berexia zuen, gainera amak (umetan Bizkai aldean amaordea zaintzen egon baitzen) hitz askotan amaren altzoan ikasitako hizkera xaharra nabari zuen. Haren aitaita, gainera Ameriketan ibilitakoa zen, eta, hango zabaltza amaigeetan, beste leku askotako euskaldun batzuekin luzaz jardun ondorean, hango eta hemengo esaerak hartuak eta ondo ikasiak zituen.
Iñigo lehengusua izebaren etxera sarri igaitea maite zuenez, beste batez han zegoen, adi-adi:
- Gure birraitona karlistaldian ibili zela entzun dut – sartu zen hitzez Iñigo – eta Don Carlosek irabazi izan balu gudarostean sartu ahal izango zatekeen. Historia zeharo aldatuko zitzaiokeen, noski. Baina galtzaileen alde egin zuen, eta beti txiro.
- Batean zein bestean ibili, txiroak beti txiro – Iñakiren amak atzera – 'Don' horrek ez zioan ezer askorik oparituko gure aitaitari. Horiek 'don' horiek euren alde ez besteren egin ohi ditek beti. Peruhandik erderaz ere ez zekian, nora joango zen, bada? Zein gudaroste eta zein oste izango zuen harek? Nik ez nioan behin ere erregeaz-eta entzun; hori bai, ardoaz txolin-txolin egina zetorrenetan, Gora Jaungoikoa eta Foruak oihuz aldarrika etorri ohi zuan. Biharamun goizean, behiak uztartu behar zituenean ez zian, ostera, jaungoikorik ez forurik gomuta. Behin, gogoan diat – ama isiltzeke – soroan behiakaz lanean ari zela, ez zakiat zer gertatu zitzaion eta, Jaungoikoa erdaraz aipatu zian – erdaraz zekien bakarra biraoak ziren – eta, halabeharra, abadea elizako arkupean liburu bat irakurten eserita. Entzun zioan, aditu, liburua itxi zian, heldu zitzaioan soro aldera, deitu zioan haserre itxurak eginaz, eta "hurrengo baten horrelako birao larririk entzun baniezazu, isun handia ordaindu behar zenezake" egin zioan zemai.
- Apaizak azken hitza bere, lehen eta orain ere. Nire aitak hori dio. Beti elizarekin batera joan behar dela nehora onik iritsi nahi bada. Alkate izan zenean, astean behin, herriko erretorearekin apaltzen zuen. Badakizu, izeba, halako ' soziedade' edo toki horretan, emakumezkoak sartzerik ez dagoen txokoan alegia. Txokoa bera ere izen egokiduna: ZERU TXIKI.
- Hire aita apaiz izan nahian ibili zuan, Jaungoikoak deitu omen zioan. Gaztetto zela, aitak apaizgai-etxera eroan zian, baina laster itzuli, hiru urte ez zian bertan egin: gonak sotanak baino maiteago, nonbait.
- Ño, izeba, horrela erranik... Badakigu gure aita, gazterik, gonazale xamarra izan zela, baina... Lehengo arintasunak asentatu zaizkio, eiki. Sanferminetara urtero, hutsik egin bage, joan ohi da; honela ere, ez dut uste parranda handirik egiteko moduan dagoenik. Tira, baina – amaitu nahi zuen Iñigok – gizona beti gizon zarepean ere, eta barkatu behar zaio.
- Gizonari barkatu behar zaiola, beraz? Eta, harek ez al du ezer barkatzekorik? – Iñakiren ama emazteki bipila zen, berak esan ohi zuen eran "dzartadakoa" – Zer barkaturik asko dik horrek zure aita horrek, zerura nahi badu, behintzat.
Iñaki isilik, ohi bezain. Irriño bat ezpainetan, lehengusuaren hitz-jario arinaz gozaro antzo; baina amaren zirto zorrotzez, batez ere,gozaroago. Jakin, bazekien, aitonak jaulkita, osaba alkate ordurako ohi zen harek, urteak lagun izan zitueino behintzat, inon onik eman ez zuela, aitonak "elurretan jaio eta izotzetan bataiatua" zela zioen.
Gorostitzagoikora sarri igo ohi zen, baserriko ahaide haiengana. Txit maite zuen hango muino zabal haretan, udaberriko orri berri nahiz udazkeneko orri gorri, gozatzen zuen egurats garbia, txoriek ez bestek, noizik noiz, urratzen zuten isilaldi hezea maite zuen bezala. Etxeko larrainean, haritz handiaren itzala eguneko luzeen zegoenean, apal-arraskarittoa elkarrekin egitea ohitura bilakatu zen, eguzkia mendiez beste aldera emeki-emeki ihesi zihoalarik. Eliza ondoan bizi zen etxetik izebarenera bitarteko bost kilometroak laster egiten zituen – gazte izaiteak hori du – eta iluntzean atzera aldapan beheti arinago. Eskuan makila nahi zuen, lagungarri zitzaiola, eta zakurren bat-edo bide erdira ateraz gero ere jagole zuela, eta gauaren beldurrik ez baina, bazen-ezpazen. Behin – berak esana sinetsi nahi izaitekotan – gorainokoa berrogeita bost minutuz egin zuela, harro eta putz, zioen. Mutilko lodittoa izan zen, nerabezaro lasaian argaldu bazen ere; ez zen inoiz ahula izan, kirola egitearen ondorioa, eskierki.
Kalean bizi zen gaxte haren begietan, basaburu urrunxko haietako etxe xuri bakanak, belardi mamitsuen artean sakabanatuak, larre zabaletan ardiak irudi, halako xarma xahar batzuen gordegi miresgarriak ziren. Menderik mende han zutik eta burgoi irudikatzen zituen, beti aurpegia zuri, beti ahoa zabal-zabalik, beti txapela buruan gorri, antzinate zaharreko jentilen habia sargaitzak izan bailiran. Hango bizilagunik gutiz gehienak ez zituen ezagutzen; noizbait azokara edo jaisten zirenetan, ikus eta hori horkoa hura hangoa ibili izan zitzaion aita nor zein etxetakoa zen azaltzen, baina. Honela ere, gizandi iruditzen zitzaizkion, erraldoi ia-ia, beti bizkarmakur soroan haitzurren, edo, belar mozteko egunetan, inongo kirolaririk sendoenen antzera; edo elur zuriak bazterrak oro estaliriko sasoian oihan beltzerean irten ohi omen zuen Basajaun larruz eta ileez jantziaren antzeko gizaki larriaren antz emaiten zien. Haurra zenean aita halakatzen zuen.
Bederatziak aldean, arrats oroz, goizeko zortzietan bezala, behiei eraitsi beharra zuten. Zeinbait etxetan, ibar alde, batik bat, edo plazatik hurrago zegozenetan, azken urteetan, esnea batzeko makina erosita askoz hobeki egiten zuten, baina hango basarte urrunetara, artean, ez zen elektrindarra heldua, eta lotunerik ezean eraiskailua ibilterik ez. Hurrengo urterako, agian – alkate berriak hala agindu zien bederen – zutabeak ipiniko zituzten, eliza ondotik zuzenean, pinudi gaztean barrena kableak luzatu, eta indarra etxeraino iritsiko zitzaien. Etxe barruetan argi pittin bat edukitzeko koipe-ontzi batean gar dardarti bat irazeki behar zuten, luzaroan ez baina oren batez, bederen, zerttobait ikusi ahal zutelarik; gauetan ez ohiz, baina behar-beharrezkoa zenean, etxetik landara jalgitean, kriselua eskuetan erabili behar zuten.
Heldu zen, bada, noizbait. Argindarra behingoz barruetaraino iritsi zitzaienean, halako hari mehe batzuetatik ekarria edo, ez ziren gutti poztu. Mirari baten antzeko zen. Gauean egun argiz bezain ondo ikusi ahal izaitea handia zen, gero!
Iñakik aitak baino lasterrago egin nahi zuen, behi bakoitzeko hamabost bat litro esne, izorra ez zenean, eta aitak zazpina minutu behar bazuen, semeak, ordura arte, zortzi baino gehixeago. Batak lau behiri, besteak beste lauri. Altzairu herdoilgaitzezko pertzak bete ondorean, uretan sarturik gau osoan hozten utzi ohi zituzten, goizean, hamarrak lauren guti, okerrik ezean, esne-biltzailea etorri arte. Kamioia ez zen goraino iristen, bide zaharra estuegia baitzen, eta amak astoaren gainean, kilometro bi beherago zegoen Gorostitzaraino eraman behar zuen, eguneko berrehun eta hogei bana litro esne egunoro, inoiz edo behin, bata ez bazen bestea, gaisotzen ez zen garaian. BEYENA esne-kooperatiba handiko kamioiak, astegun guztietan bezala jai egunetan ere, beti bide bera egin ohi zuen, etxerik etxe esneketa.
Gogorra zen, nekagarria esatea hobe, goizean goizik jaiki beharra, eraitsi, eta, esertzeko ere astirik bage, lantegira jaitsi behar izaitea. Aita hil zenetik, beti hala eta urteetan egin behar ukan zuen Iñakik. Zortzi ordu bete-beterik eta berriro, aldapan gora. Gida-baimena eskuratu zuenez geroztik, land-rover zaharrean eta gaitz erdi, etxerantz. Ukuiluko lanak amak egiten zituen. Baratzekoak ere amak. Soroa traktoreaz goldatu behar zenean, aldiz, eta larreetan belarrarena ere halaber, semearen esku lakarrek egiten zuten, ama zahartzen hasia zenetik, harean ere.
Aitak ez zuen inoiz lantegian jardun. Etxerako geratu zen, eta, noiz edo noiz, baso-lanetan ere ibilten izan zen. Etxetik urrutira bage beti. Haren bizialdian, urte bi, Bilbon maniobrak eta Iruñean gero soldadu, eman zituenaz gain, ez zen basoalde heze haretarean inoratu, inguruko herrietan ohi ziren azoka edo zeietara izan ezik. Etxeko lanetan ez zen batere narratsa, zaildua zen oso, abereekin batez ere gogotsua. Gaitz batek gazte xamarrik eroan zuen arte, ez zion lanari utzi.
Ez zuen luzaroko hitzetan atseginik izaiten. Honegatik, beharbada, aitonaz oso bestelakoa zenagatik alegia, bere aitari ez zion begirune handi-handirik.
- Utz itzak antzinako ipuin horiek bertan behera, eta ez iezaiok umeari burura sar halako itsuskeriarik. Gudua amaitu zuan. Orain bizi beharra diagu, ez bertzerik, ostera! – egotzi zion behin, aitona kartzelan egondako zeraz bilobari berri zehatz-zehatza emaiten ari zitzaion ilunabar batean. Aitona isildu zen, ez zion ihardetsi, eta logelaratu egin zen. Iñakik, aitona ilun, alde egitean ikusi zuenean, aitari so egin zion.
- Hoa hi ere ohera, ze Kristo!. Horrek-e, gudua ez ezik, diru guztia ere galdu zian, aladzipo!. Irabazten dakitenekin egoiten jakin behar duk, gero. Hoa ohera eta ez egiok jaramonik hire aitona horri, arranoak ez badu! – agindu zion aitak, haserre antzean. Pindartu egiten zen, antzinako zaharrak berritzen inor, aitona batik bat, entzuten zuenean. "Hemen dena sorginkeria baizik ez da" esaten zuen sarri. Aldarte txarreko gizona zen – egia esateko – etxekoekin behinik behin. Iruñean 'zerbitzua' egiten ibili zeneko adiskide batzuekin, urtero uztailaren zortzian, elkartzen zen eta orduan gizona alai. Zezenak ikustera joaiten ziren, ondo bazkaldu ondoan. Land-roverra erosi zuenaz gero gaulehenean etxean; gazteago zenean biharamuneko autobusean iristen zen; harentzat egun handia hura Sanferminetan emaiten zuena. Entzerrua goizegi eta ez zuen ikusten. Gazteago zenean, birritan edo hirutan, lasterka egin ukan zuen. Ez zen lasterzalea: zezenak batetik giza-parrasta bestetik, arrisku larria zeritzon hango zerari, eta behien artean hazitakoa denak badaki zer izan litekeen halako aberetzar baten ostikada zein zapaldura. Eguartean karrika zaharretako tabernetarik tabernetara ardo edaten, eta urteko berriketan, izan ere, urtean behin elkar ikusten zuten adiskideen artean, zer jaulkirik izan ohi da. Bazkaria oparoa, ordu biak aldean, jateko milikeria guttiko mutilak haiek guztiak. Buztinazko kazpel biribil betea ongi ustiatu eta garbi-garbi uzten ohituak ziren, bakailaoa saltsan izan ere halakoxea zen, ezinutzizkoa alegia. Aurretik, zaintzuriak ozpinetan, eta batek sei jaten bazuen besteak ez zuen gutiago jaten; urdaiazpikoa xerra mehe-mehetan ebakia ere bai, nahi hainbat zizki-mizki batzuekin batera. Inor gosez gera ez zedin, azpizun zati handi bana piperrekin eta ase arte jaten zuten. Amaiera ohikoa: akeita, txola eta txokorra. Eta inor isilik ez zegoen. Iruñeko 'kuartelean' bizi izan ziren garai haietako ausarkeriak eta zerkeria guztiak urtero berritzen zituzten. Gogoan eduki eta, noiztenka, irabiarazi nahian, atseginez ari izaiten ziren, hitz eta pitz. Jatetxetik, bizpahiru karrikatan zehar, zezen-plazaraino, eta hantxe haiek harmailetan eserita, bostak jo baino ordu erdi bat lehenago. Hango jendetza! Hango soinu eta kantu eta dantza eta! Txokorrak ezpainetan, kea zerien, lasai antzo baina ukuiluko atea noiz irekiko erpai. Zezenketa ikusi eta amaian txalo zaparrada txuliatzaileei. Plazatik atera eta hango zuhaizti batean egiten zen berbenara jo ohi zuten: neska gazte ederrak omen zirela eta dantza batzuk egiteko asmoaz. Orkesta onek jaiten zuten. Madrilerean eta ekarri batzuek ere bai, lehengo soinu politak eskaintzen zituztenak, bai ' vals' bai 'pasodoble' bai antzeko zerak, dantzan estu-estu egiteko egokiak. Adiskide giro gozoan ez zen, noski, 'jota' bat baino gehiago peitu. Iñaki bezala, aita ere ez zen kantazale, baina 'jota' maite zuen maite, eta hondar txola patxaran edatorduan, adiskideak oro Gaiarre ustean.
Biharamunean etxeko lanak emazteak eginen zituela zekien. Goizean jetzi eta esnea batu eta kamioira eraman eta... etxeko andere maratzak eginen zuen.
Azkenengo urteetan, aldiz, joaiteari utzi zion. Zarata baino ez zela, lehengo musika eta dantzaldi haien aldean jasangaitza zeritzon, azantza ez besterik. Atzenengo urtean, gainera, zezenak inoiz baino txarragoak izan ziren. Lehengo girorik ez zegoela eta etxean hobe.
Oroz garaiti, atzerritar ugari, gero eta ugariago, jiten zen eta ez zuen arrotzik maite, eta bere burua hiri nagusian arrotzago are.
Sanferminetako oporraldiñoa amaiturik, lanari ekin behar, berriro. Lantegian ez ziren ahantzi aspaldian ezbeharrez hil zen Hirigoien gazteaz. Makinatzar batek triskatu zuen, lehertu eragin zion. Hura ikusi zuen ezein gizakik ezin burutatik edeki izango zuen inoiz gehiago. Ezbehar larri ha gertatu eta bost ilera, zenduaren ama hil zen; semea hala galdu izana ezin jasan ukan zuen eta, gogo-jausaldi sakon batek joa, bihotzilik. Iñaki bera ere, mokerttoa zela uste izan arren, oso hunkitu zuen haren heriotza ankerrak, eta, harez gero, ez zen berriz ere inoiz lehengoa izanen. Adiskidea galdu zuen aldi berean, bere biziaren poxi bat ere galdu zuela nabari zuen.
- Zerbait egin ukan banu! Ez zidaan nehoiz jaramonik egiten, kaskagogorrak alaenak! Erran nioan, bada, erran ukan eta ukan nioan, gehiago ez erretzeko, kaltea baino egiten ziola eta uzteko, behin eta betiko utz ziezaion erretze nardagarri hari; baina jaramonik ez.
Egunetik egunera ahulago eta ahulago eta maskalago eta eiharrago ikusten nian. Gogoa amaitua zian. Barrena harrak joa – erasten zion bere buruari, usu bai usu.
Umezarodanik adiskide, elkarrekin beti, eskolara legez eskolarean at berdin, herriko jaietan ere taldean. Elizaldeko horma zaharrean, pilotan aritzen zirenean baino ez ziren aurkari. Orduan, buruz buru, zein baino zein gogorrago, eta batak bestea garaitu beharra, eta ez zioten elkarri tantorik oparituko, inondik inora. Jokaldia bukatutakoan, esku guztiak handituak, alkandorak busti-bustirik, elkarri bostekoa emanen zioten eta nor bere etxera. Hurrengo egunean berriro jokatu nahi.
Istripua zergatik gertatu zen jakite aldera, polizia hainbat ikerketa egiten ibili zen. Ezbeharra jazo zeneko txandan ziharduten langile guztiei itaunketa egin zien. Banaka deitu, eta bakoitzak zer ikusi, zer jakin, zer entzun, eta halako itaunei erantzun behar ukan zien. Enpresako nagusia Norvegiatik itzuli zenean, epaile batek auzitegira agindu zion. Il guztia eman zuen poliziak, eta, ezbeharrazko txostena bidalita, gertaturikoaren errua hildako langileari egotzi zioten.
Sindikatuek gogor ukatu zuten. Lan-egoera kaxkarren ondorioa zela zioten. Hirigoien ez zen berria lantegian, baina orga erabilten hasi berria bai. Femix esaten zieten orga haiek, bestalde, ordurako zaharkitu eta higatu xamarrak zirela esateko koxkak agertzen zituzten.
Halako makinak erabili ahal izaiteko, hildakoak ez zuen inolako ikasketarik egin, gidatzen ikasi soila eta ez besterik. Beribila gidatzeko agiriaren antzeko zerbait behar ukan balu Hirigoienek ez zukeen egin ahal izanen. Enpresarioak jakin behar zuen bere mendeko langile gazte hura ez zela makina gidatzeko gauza. Honela eta guztiz ere, zama-goragailu arriskutsu haren arduradun ezarri zuen. Sindikatuek ez zuten haintzat hartu, beraz, poliziak egin txostena.
DIARIO egunkariak txosten haren berri eman zuenean jende asko harritu zen, ez baina Iñaki bera lankideen eritziak entzunik.
Hirigoien adiskide mina zuen. Beribilik ez zuela eta inoiz ere gidatu ez zuela zekien. Femix-a, berriz, ondo gidatzen ikasi zuelakoan zegoen. Beharbada, arinegi ohi zebilen. Zena zela ere, langile-buruak ibilgailu hura gidatzeko ardura eman zionean, zerbaitegatik izango zela uste zuen. Egun batzuetan, hala ere, Hiri ez zen bere on-onean agertzen lanera. Nabari zuen. Azken aldietan, inoiz baino maskalago agertzen zela nabari.
Zaragozarean itzuli zenetik, bost bat urte baziren ordurako, ez zen gehiago lehengoa izan. Iñaki ez beste lagun guztiak, ikasturtea azkentzean, "gizon eginak" beraz, Gorrotxak zioen eran azaldurik, txangoa egitera joan ziren, Zaragozara hain zuzen. Ez zuen usterik asko izanen orduan Iñakik, urte batzuk geroago, hiri berera joan beharko zuenik, behartuta joan ere, ' gudu-zerbitzu' zeritzona egitera.
Hirigoien, ostera, Ebro ondoko hiritzar haretan astebetez egon zen, beste ikaskide guztiekin batera.
Umetatik erkinttoa zen, makala soinez, eta eskolara bagerik ohiz oheratua, izan ere, sarri gaisotzen zen, negu heze hotzetan behinik behin, batean hotzeriak bestean biriarenak jota sarri. Halakoa zen, beraz, txikirra eta aurpegi eiharrekoa, merroa. Hau aski ez eta, beste asko bezala, oso gaxterik zigarro erretzen hasia zen. Ez zion batere onik egiten, kaltea baizik, baina behin hasita, egun oroz erre eta erre, gero eta erre-sarriago. Ez zuen, sumatu arren, aitortu nahi biriketan, batez ere, maiz sentitzen zuen mina. Arnasa ezin hartu eta askotan, ito-larri baten antzeko zerbait sumatzen zuen, eta, honela eta guztiz ere, erregale.
Zaragozako haize lehorrak ez zuen sendatu: aldirik gehienean hotelean egon zen. Logelan inora bagerik, han geratzen zen, ohearen gainean etzanik, 'porroa' ezpainetan. Ordura arte, aho-mihitan zebilen zer hura zer zen ez jakinik ere, laster ikasi zuen, eta ahurrean paper baten gainean ipiniari su emanaz gero, hantxe ari zen, lehenbiziz, pafa-pafa, kea irensten.
Hotelean ez ziren bakarrak. Itsasaldeko herri bateko neska talde bat ere bazegoen, ikas-bidaian. Iñigok laster egin zuen neskatila haietarik batekiko harremanik. Biak hamazapi urteko, ederra, gainera, neska hura, eta ez zen zaila izan. Aita marinela omen zuen.
Legatzontzi batean lan egiten eta, urtean sei-zazpi iletan etxetik kanpo, itsaso zabalean. Lehenbiziko 'porroa' neska harek eskaini zion (neskatilak 'mokordotto' zeritzon eskura eman zion marihuanazko ore trinko pilatu hari); Hirigoieni bezala beste lagun batzuei saldu zien. Iñigok las ter antzeman zion norengandik hartua zuen eta, biharamunean, neska haren atzetik joan zen. Ez zen bakarra, beste batzuek ere bazedukaten, eta hiru egunik bage, 'txati' batzuk eskuratu zituen. Gorrotxari saldu zionaz, diru amiñi bat lortu, eta neska ilemotz bati zedukan guztia erosi zion. Hirik ez ezik, egun haietan ia guztiek ere erre zuten.
Hoteleko logeletan ez zegoen halako sunda higuingarria baizen. Kea ezin jasaiteagatik, Iñigok balkoia ireki zuen. Ez zen hotz.
Zaragozako gau beroa zen, oso maite zuena. Ohekide hartua zuen neskatila, berriz, lo betean zetzan, izarapean. Ondoko gelan Hirigoienen eztul erlatsa entzun zuen arren, ez zion axola handirik eman. Ohikoa zen, erretzaile baten ohikoa.
Lehenak ez zion kalte handirik egin. Eztula baino ez. Geroagoko besteek, azkenean, burmuinean jo zuten. Bata bestearen atzetik erre zituen. Eztulik ez eta, ohean konortea galduxea zetzala ohartu zitzaionean, hoteleko arduradun bati jakinarazi behar ziola eman zion buruak. Iñigo azkar jaitsi zen. Sendagileari deitu zioten. Ez zen berehala agertu, baina berandu bagerik aztertu zuen. Hiri erietxera eroan zuten. Ez zen larri.
Biharamunean, astebetea epatua, ikaskide guztiak etxerako autobusaz, Zaragozarean aurrera Tuterarantz, itzuli ziren. Hiru orduko bidea zuten. Hirigoienek biderik gehiena jarlekuan lotan egin zuen.
Iñaki ez zen haiekin egon, baina txango haren berri jaso zuenean, gertaturiko guztia ez bazen, gehiena, behintzat, jakin zuen. Istripuaz gero hango orduko berri hura sarri gogoratzen zitzaion.
Lantegian hasi eta sari ona irabaziko zuela-eta, haren amaren ustez, uste onez, bere onera etorriko zen. " Bide onetik" hasiko zela uste zuen amak. Zegoeneko, berandu zen. Iñakik bazekien. Adiskide handia zuelako ez zion deusik aurpegiratu nahi, behin edo behin, kontuz-eta ibil zedin aholkatuz lagundu nahi zion arren. Aita erretzaile amorratua izan zen eta azken urteetan zein gaizki zegoen, etxean ikusitakoa zen. Erre-zalea zen heinean, edaten ere neurri berekoa Hirigoien. Larunbat gauetako ordu txikietan, etxera igo aitzin – eraikin berriko bizitoki batean bizi zen – eskuineko hiru hatz luzeak ahora barruratzen zituen, eta, ok eraginez, edandako patxaran hondarrekin batera urdailean zirakien guztia, ore nazkagarri batean, ezpainen arteko zulotik isurtzen zuen; burua makur-makur egina, espaloian lohi likits higuingarrizko istil satsu bat uzteraino. Adats luzea zipriztinez zikintzen zuen. Aho-bizar alde osoa egunkari paper batez, nola-hala, garbitzen saiatzen zen. Ez zuen amak halako itxura ezainean ikusterik nahi. Gehienetan ohean egon ohi zen, semeanoiz etorriko esna; batzuetan, sukaldean, ordu luzeak eginaz, itxaraiten egoiten zitzaion.
Istripua izan zuen egunean, ez zuen alkoholik edan – poliziaren txostenak hala zioen – baina odolean, hainbat urtetako droga-aztarrenak ugari ediren omen zizkioten. Goiz haretan bertan 'porro' bat egin zuen gosari huts. Ez zen asko. Astegunetan ohitura ha zuen, lanean zintzo jardun beharraz edo. Orgara igo zen bezain laster, xorabio bat sumatu zuen, txostenaren arauera. Xorabiottoa baino ez. Ikusmen urrikoa zen, betaurreko lodiak zeramatzan, eta hurrengo astean betsendagile batengana joaiteko hitzordua eskatua zuen. Drogak' ikusteko zituen gaiztasun haiei ondorio txarragoak erantsi zizkien, eta begiak gandutuak zituen. Poliziak zehatz-zehatz argitu zuen.
Sindikatuko ordezkariak bilkuran egon ziren, eguarte osoan, eta arratsaldeko hiruretatik seietara bitartean ere berriro, Labandibar buru zela. Poliziaren txostena zalantzan ezarri zuten. Ez zen egia, haien eritzian, han zioen guztia. Ikerketa burutzeko era ez-egokitzat emaiteaz gain, istripua nola gertatu zen argitzeko poliziek jaso zituzten frogagaiak ere, gaizki hartuak izan zirelakoan, berriro aztertzen has zitezela nahi zuten; eta honela adiarazi zioten gertakariaz arduratu zen epaileari.
Norvegian ilabetea eman nahi zuen, baina nahi baino arinago itzuli beharra ukan zuen. Telefonoz ezbeharraren berri emandako mezua jaso zuenean, haserre bizian jarri zen. Egun haretan bazkaria zuen, izen handiko jatetxe tipiko batean, adiskide alemaniar batekin.
Garatz berri bati ekin nahi zioten, non eta Dubain, hurrengo urteko udaberritik aurrera. Bazkaria garrantzizkoa zuen, beraz. Ez zuen utziko. Itzultzeko hegazkinen egutegia galdetu zuen. Bilbora heltzeko, lehenik Berlinera jo beharko zuen, bertotik Madrilera biharamunean, eta arratsaldeko laurak inguruan Sondikako aireportuan izango zen. Paper guztiak lege barruan zeduzkan jakin nahi eta, enpresako bulegari nagusiari dei egin zion. Dena legez egina zela adiarazi zionean, lasaitu ederra hartu zuen. Gizarte-asegurantzako ordainketa guztiak ere, garaian garaiko, burutuak izan ziren.
Epaileak zazpi ilean luzatu zuen. Ikerketa eraman zuen polizia-taldeko buru ziharduenak enpresariaren deia jaso zuen egunean, DIARIO-ko lan-orrialdeetan berri txiki bat agertu zen, gertaeren sailean, eta lerroburuak "La policía ha informado a favor del empresario" zioen. Epailearen ebazpena noiz helduko zen itxaron behar bazen ere – zioen, guti gora-behera – txostenak istripuaren errua hilari egozten ziola emaiten zuen aditzera, enpresariaren bulkada eta presio batzuk – gehitzen zuen – jasan eta gero.
Iñakik ez zuen txostena irakurri, ez egunkariko berririk ere, ohiz ez baitzuen egunkaririk irakurten. Gertatu zen ezbehar ha, baina, zergatik agitu zen susmoa zuen. Behin baino gehiagotan esan ukan zion, adiskide mina zuen Hiri zenari, lanera behar zuenean, behintzat, 'porrorik' ez halakorik erre ez zezan. Epailearen aurrean hala azaldu zuen. Langileen ordezkari sindikalak ezer ez esateko onua egin zion, auzitegira baino lehenago, baina lekukoak egia esateko beharra zuela argi-argiro adiarazi zionean, epaileari gezurrik ez esatea erabaki zuen, gerta ala gerta. Gezurretan hasiz gero, bera ere, nolabait, legeen arteko arazoetan sartzeko arriskuak, nonbait, beldurtu zuen. Labandibarrek – ordezkari harek – begirada zorrotza zuzendu zion, albo batean eserita zegoen eta, zeharretara so eginaz.
Epaileak galde egin zion:
- ¿Conocía ustéd al fallecido?
- Si – Iñakiren erantzuna.
- ¿Sabe si tomaba algún tipo de droga?
- Si.
- ¿Sabe si el día en que falleció había tomado alguna droga?
- Yo no estaba.
- Yo no le he preguntado eso – epaileak zorrotz – ; le he preguntado si el día del accidente había tomado alguna droga.
- No sé.
- ¿Le vió ustéd alguna vez tomar drogas en la fábrica?
- Si.
- ¿Cuándo y cómo? – epailea berriro.
- Un día de huelga, a la tarde, que si entraba o no entraba, y el jefe un 'mokordotto' a la mano le dio. Yo algo lejos estaba, pero que era ya sabía. Un 'txati' hiso y en la mano fuego le dio. Como era negro el sigarro yo ya sabía. En la misma turno trabajemos y en ocho horas seis o siete 'porro' que hiso creo.
- ¿Qué es un 'mocordocho'? ¿Qué es un 'chati'? ¿Y dice que se los dio el jefe? ¿Qué jefe? – epailearen galderok gelan zegozen gehienak harritu zituzten.
- El jefe de la fabrica – erantzun zion Iñakik.
- ¿Quién?
- El señor Hilarion, Don Gómes-Agote.
- Nada más por ahora – esanda amaitu zuen epaileak.
Auzia aurrera ahala, bulegariak ororen berri zehatza igorri izan zion enpresaren ugazabari, nondik-norako guztiez jakitun izan zedin.
Mezua laster iritsi zitzaion, Dubain izanagatik ere.
Gau haretantxe epaileari telefonoz dei egin zion. Gómez-Agotek bai Iruñeko bai eta Madrilgo ere epaileen artean ezagun batzuk zituen, adiskideak ere bat baino gehiago, eta harako auzi haretan jardun behar zuena bat.
Auziari buruzko karpeta bete paper, epaitegiko agiritegian gordea geratu zen, ebazpenaren zain beste zazpi ilez. Aste Santuaz gero, sententzia burutua izango zela uste zen.
Epaile jauna, berriz, ez zen Madrildik, hurrengo astean ere, itzuli. Ekandua zuen eta, Hilarión Gómez-Agote Madrilgo prozesioetan ibili ei zen. La Almudena-ko elizinguruan "Santo Sepulcro" zeritzon irudiki erraldoiaren andetan eroaile eta, hantxe. Beste lagun batzuen artean, Iruñeko auzitegian epaile-buru zena ere hantxe, berau ere eroaile. PALETS DEL NORTE-ko ezbeharraz ebatzi behar zuena bera zen. Epailea hurrengo orrilean edo ekainean beste herrialde bateko auzitegi batera tokialdatuko zuten, karguan mailaz igorik.
Harik bi ilabetera, urteurrena zen. Sindikatuko ordezkari guztiak, eskuan arrosa gorri bana, hilerrira joan ziren; itzuleran, lantegiko atarian, bilkura agin zuten; ziren guztiak pankarta ostean jarrita, minutu bateko isilunea egin zuten. Iñaki ez zen besteekin batu. Epaiketaz gero hitzik egiten ez zionik bazen, lankideen artean, eta Labandibarrek, zerbait esan behar zionean, zakarto mintzatuz egiten zion. Gehienak, oroitalditto hura eginda, elizaldean zegoen herriko ostatura hurreratu ziren, ohi bezala.
Iñakik, etxera bidean, aldapan goiti zihoala, oinez egun haretan, Hiri adiskidea gogoan zerabilen. Aspaldiko egunak gogoan, eskolaldikoak batik bat, eta drogatik aterarazteko, edo aterarazten laguntzeko bederik, gogorrago jokatu ez izanaz damu.
Sarri pentsatu ukan zuen, bai, zer izango ote zatekeen Zaragozara joan izan balitz. Baina ez zen joan. Joan ez zen bakarra izan zen.
Hondarribira bai, beste lau adiskideekin, asteburuz. Zaragozan ezagutu neskatilak berrikusteko asmoz joan zirela esatea ez da gezurra.
Iñigok azkorturik joan zen; bestela, berak ez zuen neskatilarik ezagutu Zaragozan eta, zertara joango zen, bada.
Etxetik urrunxko jalgi zen lehen aldia. Oso polit eritzi zion. Itsasoa itzela zen, Donostian, hala ere, birritan ikusia bazuen, ordurako, eta inoiz baino itzelago iruditu zitzaion. Gauean, hondartzan inor ez zegoenean, oinak bustitzeraino uretara sartzen ausartu izan zen, Hendaiaraino iritsi ere iritsi zen, hondartzarean haraino dagoen nasaxka baten gainetik ibiliaz, itsas behera zelarik, noski. Kresalaren usaina maite zuen. Urteak joan arren, hango bazter ederrak oroimenetik aldendu ez zitzaizkion. Gaueko isiltasun sarkorra, urteetan,gogoaren barruan zuen era berean.
Baina gogoan ere, bereziki, gozotegiko mahaiak atontzen ikusi zuen neskatila. Ez zen Zaragozara joandako haietarik, adinaz berdintsu edo izango ahal zen arren. Txokolate eske joan zitzaion. Berehala berotu zuen eta ekarri zion. Ile orixka zuela ere ahantzi ez, adatsa ez luzea, aurpegia ziratsa iruditu zitzaion, inoiz politik ikusi bazuen huraxe bai polita. Txokolatea itzikika edan zuen, bero zegoela eta, katilua osoki hutsitu arte. Ordaindu behar zuen unean, berriro begiz begi ikusteko eretia izango zuen. Ez zen begirik jasotzera ausartu.
Neskatilak, agian, zeharretara edo begiratuko zion lotsaz. Biharamunean itzuliko zen.
Egun haz ostean, ez zuen inoiz gehiago neskatila hura ikusi.
Etxera bidean zihoala, gogoetatsu, Gorostitza ondotik iragaitean, sasi artean hazitako arrosa gorrixta bat urkusi zuen. Sasira hurreratu zen, eta lahar arantzadun batzuk alboratuta, eskua sartu zuen eta arrosa moztu. Gorattoago zegoen Pagadikoiturrin, zuhaitz zaharren gerizpetan agin bakarra hazia zela oroitu zen. Aginaren gainean arrosa, adarretan josi bezala, ipini zuen. Beretzat Hiri adiskide minaren oroigarri izango zen, harez gero.
- Zer duk hik, Iña – hala esaten zion Hirigoienek txokarritan ari zelarik – erre ezak 'porrotto' bat, ez dik gaitzik eginen eta.
- Hobe ez; horrek ez dik onik eginen, hiri ere ez Hiri. Nahikoa kea irensten diagu, irentsi, guk etxeko sukaldean, hegoak atzera putz egiten duenean, behinik behin – Iñakik beheko suaren kea biziki maite ez baitzuen.
- Hori bertzelakoa duk, txo; 'porroaren' kea usain onekoa ere baduk, eta, halako ez zakiat zer goxo edo atsegingarri duen.
- Nik ez diat horren beharrik – Iñakik atzera – nahiago, aukeran, Bordaxahar inguruko landetan zehar ipar hezeak ihaurten duen lurrin goxoa, arnasa betean biriketara sartzen denean.
- Bo, hori duk txorakeria hori! Hire aitak ez al du txokorrik erretzen herriko jaietan? Nik ikusi diat. Eta artzain guztiek ere beti zigarroak ezpainetan ditiztek – Hirik temati zihardutson.
- Bai, eta goizetan tuju-tuju, eztarria garbitu ezinik; eta ardien bila patarrean goiti hasi behar denean itolarrian. Aittona ere hala zabilak, hats hartu ezinda – eta hau esanik Iñaki goibel.
- Hori ez nekian, barka. Baina nik neure 'porrotto' hau erreko diat, bai, eta geroa gero. Badakik, Iña: "mas porros y menos porras".
Honek indarra emaiten dik, mottell – Hirigoienek xigarro beltza ahoratzeaz bat.
Etxera orduko, katilu bete esne hoxpil edan zuen. Egarri zen. Eguna berotsua, aspaldian ez bezala, eta ilunabartzen hasia bazen ere, artean hegoa zebilen. Ez zuen astirik huts egin. Behiei eraitsi behar zien, eta aldiz aurretik ukuilua garbitu. Sardeaz gorotza kentzeari ekin zitzaion. Azpigarria, basotik ekarritako ira onduz eginiko ihaurkina, hedatuz-hedatuz behiei ohea txukun eman zien.
Errapea urez igurtzi eta, banan-banan, eraisten hasi zen. Aspaldian eskuz egin ohi zen egitekoa, baina aita hil zenez geroztik, hamar behiri jezteko nekagarri eta, eraiskailua erosita zegoen. Lehengo lana askoz arinago egiten zuen, beta erdian. Gorotitzagoikoan beti behi esnetsu onak edukitzen zituzten. Frisiarrak, zuri-beltzak, haragitarako ezteusak, oro hezur eta larru baino ez, baina esne emaile handiak. Lana bukatu zueneko gaua zen.
Gau epeletan, etxe alboko larrainttoan zutik, erraldoi baten antzo, harro bai harro goititzen zen haritzaren oinean esertzea maite zuen.
Udan ez zen harrigarri moxolo edo hontzaren uluen entzutea. Pago lerden bateko adar goretan pausatzen ziren, ikusterik ez zen erraza, baina. Urte haretan, ganbarako belar onduaren berotan, haga bien arteko habia egina zuen. Hegatz zuriko begihandi, mokoker, isil-isila zen. Egunaren argia ez zuen maite, gauaren iluna bai. Aitonak behin esan zion eran, guretzat, gizakiontzat alegia, ona zen hegazti behatzaile ha ez zuen inoiz ere hil behar, inondik inora, lurrean ibili ohi zen karraskari maltzur orojale kaltegarri asko jaten zuen eta.
Gau haretan, haritzaren adarrik gorenean jarrita hasi zen uh-uh-uh, hizketan ari bailitzan.
Amak etxeko atazak bukatu ondoan – bukatzerik baldin bazen basetxe batean zeregina inoiz – semearen aldamenera zen, ilargi beteko gauaren epelaz, egun osoko atseden-une bakarraz gozatze aldera. Aitona izan balitz han eseriko zatekeen, han orduak eta emanen, batean kantari bestean kontari, baina haren garaiak joan ziren.
Amak, azken urteetan, ez zuen beredin gogoratzen, ez, egunean egunekoa behinik behin, baina aspaldi handiko oroitzapen batzuk, banaka-banaka, burura ohi zitzaizkion.
- Amamaordea, beraz, beti isilik egoiten zuan, tutik ere esan bage – Iñakik anbiolako gertaera zaharren berriez beti jakingose eta galde egin zion.
- Inoiz ez. Txintik ez nioan inoiz entzun. Goizean goizik, besteon antzera, ohetik jaiki ohi zuan eta gosaria nik emaiten nioan. Katilu bete esne, besterik ez. Orduan azukrerik ere ez genedukaan, zer zen ere jakin ez guk han. Noiz edo noiz, sagar sasoian, sagar erre bat jaten zian, nik emana, noski. Egun osoan subetean eserita egoiten zuan, egonean egonez. Ez zian ezer egiten.
- Gaixoa, amama. Nola heldu zen, ba, etxe haretara? – Iñakik.
- Hiretzat birramama zena hil eta gero, alargundurik beraz, gure aitaita berriro ezkondu zuan. Etxean bakarrik eta, seme-alaba guztiak kanpoan, norbait behar zian behar, etxeko lanak egin zitzan. Ni jaioteke nengoan. Aitaitak ikatza eginaz zerttobait irabazten zian; maizterra zuan eta alokairua ordaintzeko beste edo, doi-doi. Errotazahar etxeko alaba zuan, berrogei urte, hor nonbait, edukiko zian, artean. Eguzkiaz beltxarandua ezagutu nian nik beti. Buruan zapia ondo jantzia, atorra eta gona beltzak zeroatzaan. Inoiz berbarik egin ote ez nian jakin.
- Zuk jo zutenik ikusi ez zenuela erran ukan duzu beti, baina oihu eta garrasika erabilten zutena bai. Honek ekarriko ote zion, bada, mintzoaren galera?
- Baietz uste diat, jakin ez zakiat, baina. Aitaita gizon latza zuan. Etxean otso eta kanpoan uso diren horietarikoa. Ez zian hitz onik emazte zuen emakume gaixo harentzat. Nik, behintzat, nire egunetan ez nioan aditu.
- Eta auzokoek zer zioten? Ez...
- Auzokoak ez gu ez gintuan ondo moldatzen. Nirekin etxekoneko andereak, noiz edo behin, hitz egiten zian; honela ere, gizonek elkarri ez zioaten hitzik trukatu egundo, nik dakidala. Etxeko sapailoan, bata alde batean bestea beste aldean, egonik ere elkarri begira ere ez.
Azken gudateko gora-behera batzuk izan zirela eta, haserre ei zirela entzun uste diat. Nik zer dakita? Bata 'karlista' ei zen bezala bestea 'liberala' edo halako zerbait zela eta.
- Betiko betikoak. Hau da gure herria! Elkarren ondoan bizi, eta, honela ere, elkarren ezin biziz bizi. Antonoker ez bada, bata Peruhandi, bestea Patxihandi, eta beti handi. Huskeria bategatik, behin, haserretuko ziren, beharbada, eta bizitza osorako haserre, hinki-hanka beti, ondoan bizi eta gibelez gibel bizi. Kaskagogorrak alaenak! Amama zergatik hil zen? – Iñakik jakin nahi zuen.
- Ez zakiat. Zahartzeke hil zuan. Bost seme-alaba erditu eta hazi zitian. Ni ez ninduan ezagutzera heldu. Harek ere, bizitza gogorra eroango zian. Etxe haretan lanik egin bagerik ezin bizi. Aitaita ikazkintzan, egun osoan eta hainbat gauetan basoan, eta umeei jatekorik eman behar izango bazien, ortuan edo baratzean edo soroan edo larrean amamak jardungo zian. Zer garbitu askorik ez zuan sukalde haretan, alabaina, oramahaia hantxe zegoan, azpira alegia, eta ogia egiteko labea, eta ganbara bete arto eta sagar eta lusagar...
Txalinak-eta ikuzi behar ez zitian, jakina.
- Txalinik ez zen, ala?
- Ez horixe!. Han, ni nengoen bitartean, ginenok azpil beretik jaten genian; zali bana eskuan; sardexkarik ez zegoan, eta haragirik jateko ere ez heuragi. Babarrunak ia egunoro, eta apaltzeko porru-salda ez zegoenean baratxuri-zopa, ohiz. Guk han berakatz-zopa esaten genian. Mahaiaren inguruan, eta argi motel-motela kriseiluzkoa; aitaitak otoitz egin eta gero hasten ginduan. Amamaordea ere bai. Nireondoan jarten zuan. Laratz ondoan aitaita. Gero, urte batzuk geroago, bai, elektrargia heldu zuan, ibaian, Bengoerrotan, ez zakiat zein makina ipini zuten eta argindar pixka bat ekoitzi zitean. Ordurako, oker ez banaiz, amamaordea hila zuan.
- Nola hil zen? – Iñaki gehiago jakin nahian beti galdeka ari.
- Ez zakiat. Ahantzi zaidak. Burua gero eta ahulago diat, arranoa!. Egia esateko, ni nengoenentz ez zakiat. Gaxtetto nintzela eta, beharbada, hil baino lehen handik alde egina ninduan. Hori burutik joan zaidak. Gaisorik egon zela uste diat, luzaro. Orduan, hotzeria bat nahikoa zuan inor, makal izanez gero areago, mundu honetarean eroaiteko. Gau batez oheratu eta txintik esan bage betiko zendu zela uste diat. Ezin gogoratu orain, hau duk hau oroimen kaxkarra neurea! Etxea hilerritik gertu zegoan, eta, ohitura zena legez, hilobian lur emonda izan zuan, elizatik iragaiteke. Lorerik eta antzekorik bat ere ez. Orduan hala izaiten zuan. Inoiz ere bizi bagerik eta hil.
Zerura joango zela eta nagok, zerurik baldin bada.
- Gogorra, orduan, emakumezkoen bizimodua. Amamaordea isilean hil zen, erran bage doa, bizitza osoan hitzik egin ez zuena. Gaixoa! Nolatan ezkondu zen, bada?
- Garai haietan gizonezko bakarrak etxean ezin burutu izaiten zian. Etxea bera ere lur jota ikusi nahi ez bazuen, emaztea behar zian, ezinbestean.
- Zure aitaita, beraz, hala geratu zen, lau seme eta alaba bakarrarekin, eta berriz ere ezkondu zen.
- Bai, halaxe. Baina amamaordea ez zuan mintzula. Nik uste. Jaiotzez ez, ez diat uste. Haxe geroago, ezkondu eta geroago, uldu zuan mintzoz. Gazte zela ezkonarazi zitean. Aitak beste zer edo zeren truke emango zioan, eta aitaita gureak hartu. Orduan halakoak hala izaiten zituan, ez beti, baina bai noizik noiz, nik uste. Nik haren berri handirik ez zakiat. Inoiz ere ez zuan agertu haren seniderik edo etxekorik ikustera edo bisita egitera. Adiskiderik edo elaiderik ote zuen jakin ez nik.
- Lurrak ongi hartuko ahal zuen – gehitu zuen Iñakik. Gainera, ama nekatuxea sumatu zuelako, solasaldia amaitu nahi zuen. Urteak gainean zituen eta, gero eta gai gehiago ahanzten zitzaiola ohartu zen. Biharamunean, goizean argi hastean jaiki beharra, bestalde, eta ohera nahi zuen.
Goizeko txandan lan egin behar zuen, eta astelehenean, lantegira baino lehen ukuiluko lanak ahalik lasterren egin ondorean, land-rover zaharraz aldapan beheti berrehun bat metro ibilita, osaba igaiten urkusi zuen. Urruntto baina ibileragatik hura zela berehala antz eman zion. Oinkada luze – hankak halakoxeak – makila eskuinean, txapela ezker aldera zehartua; bai, osaba zen. Ia berrogei urtean herriko nagusia izan zena. Azken gudua bukaturik, orduan hogei bat urte baizik ez, alkate egin zuten, auzapez alegia.
Goizik jeikia, perretxiko bila zihoala uste zuen Iñakik. Urteak gainean zituen arren, artean, ondo zebilen. Mendian ohitua izaitea, hauxe zuen hauxe harek bizigarri. Zazpi senidetan zaharrena, arrebarik gazteena Iñakiren ama; bien artean hamabi urteko aldea.
Gorostitzagoikora gutitan, aita bizi zeino bederen, arreba alargundu zenez geroztik ez usu hala ere. Ezkon-anaia bien arteko harremanak hotzak ziren. Aitona espetxean egon zen urteetan, alkate baino gehiago zen: "bigarren 'Caudillo' naiz nerau hemen" esatea maite zuen.
Sabin-ek ez zion barkatu inoiz alkate izan zen hari, halako hanpuruskeria.
Gudari izandako aitona Donostian gatibu hartu zuten, bigarrenik. Epaitu egin zuten, epaitu gudatean epaitzen den eran, noski.
Heriotza-zigorra ezarriko ziotela aditurik etxeko guztiak larri baino larriago bizi ziren. Zigorra aldatu eta Mirandara bidali zuten, Larrinagako espetxe ilunean egon eta gero, bertan lan-da-lan bizialdi osoa eman zezan. Sabin, artean, gaztetto zen, baina ama behin eta behin joan zitzaion alkaterari eske. Aitona askatzeko zerbait egin zezakeen. Ez zuen inoiz eskurik ibili haren alde. Ez zuen alkatetza galbidean ezarri nahi. Gainera, etsaiekin borroka egindako baten alde, zer egin behar ote zuen, bada?
- Zuk hitz egin ahal duzu harekin edo horrekin, hor goian dagoen batarekin edo bertzearekin, ene senarra aska dezaten – esan zion amonak, alkate gaztea haurtzarodanik ezaguna zuenak.
- Nik ezin eska diezaioket nehori horrelako mesederik. Zer pentsa lezakete nitaz, gudari gorri izandako baten alde ikus banazate? – Carlos Maria alkatea mintzo.
- Juan Bautistak, zuk badakizu, herri hau maite du eta herrian oso maitatua da. Gudua nahi ez zuelako joan zen ihesi, gizon bakezalea izan da beti. Orai ere, kartzelan egonik, bakea maite du harek, ez izan zalantzarik – amonak ten-tenean. bere senarraren alde.
- Bakea ez ezik Espainia ere maite beharra du, bertzela jai du. Eta Jaungoikoa.
- Jaungoikoa? Zuk baino are maiteago du harexek Jaungoikoa. Zure Goiko Jaun bakarra, nik badakit zer den: dirua – hitzetan gogorra izaiten bazekien amonak.
- Et, isildu. Irainka etorriz gero, zoaz etorri zaren bidetik – alkatea burgoi eta zemaikor.
- Senarra onik itzul ez balekigu errua zurea ez bertzerena: zuk ahal duzu, eta nahi ez baduzu zure gain hartu beharko duzu ondorioa.
Juan Bautista gizon zintzoa izan da beti – amonak senarra gaitzetik jalgiarazi behar zuenean erakutsi ohi zuen kemenaz.
- Guk ez genuen gudua irabazi horretarako. Zure senarrak, galtzaileekin joan bazen, berea du errua. Garaileak gu gaituzu – ihardetsi zion zakarto alkate gazteak, eta bulegotik alde zegien agindu zion.
- Mundua biribila da, ez ahantzi; egunen baten oro alda liteke, eta goian dagoen berori noizbait behean, azpian agi liteke – amona ez zen kikildu, eta kalera orduko, atzera bihur eta aurkez aurke egotzi zion.
Alkateak ut!, ut! esanaz agur egin eta bere bulegoko atea danbada batez itxi zuen.
Udaletxean gertatu elkarrizketa hau, gutti gora-behera, behin baino gehiagotan entzuna zuen Iñakik, amaren ahotik, eta osaba ikusitakoan gomutatu zuen.
Egunen batean zerbait esango zion, erasiaka, bekoz beko: orduan zergatik ez zion lagundu, amonak galdatu bezala; eta aitonaren galdez bidalitako eskutitzari, zergatik gudari gorri eta abertzale sutsua zelako txosten bat, gezurrez betea, berbidaliz erantzun zion. Txostenean, alkateak ez zuen aipatzen gudari izan baino lehenago urteetan aitona herriko zinegotzirik gazteena izan zela, herritar gehienek hautetsia.
Txistulari ona izaiteaz gain, dantzari trebea zen; urtero Sanantolinetan, herriko enparantzan ohikoa zen ezpata-dantza egiten lehena.
Ikustekoa omen zen harek zuen enantzua, haren arintasuna, mutilen artean dantzan nor baino nor hasten zirenean. Alkatearen txostenean gudu-epaileek "no acude casi nunca a la Santa Misa" irakurri zuten, eta ez zen egia; "izó la bandera separatista en el ayuntamiento" eta egia ez zen hala, udal-hautetsi gehienek erabaki baitzuten; eta Luis alkate-ordeak jaso zuen, herriko sendagile gazteak alegia. Txostenak hoboro ere zioen: "Es amigo de los rojos de Pamplona, con los que se reúne regularmente", eta gezur hutsa zen. Epaileek arin erabaki zuten. Txostena jaso zuten egunean, ez zuten osorik ere irakurri eta bertan, aitona aurrean ez zegoela, heriotzarako zigor eman zioten.
Santoñara iritsi bezain laster, adur gaiztoa hantxe zegoen. Aitonak ez zekien orduan deusik Carlos Mariak igorri txostenaz. Ez zuen asko uste izanen, bestalde, bere aurkako gogo txarrik inork ukan zezakeenik, ez, behintzat, herrian. Urteetan apaizaren laguntzaile ere izan zen, nahiz eta apaiz zahar harek berak' bizkaitarrek esaten zieten haiek zabalduz-zabalduz ekarritako eritzi berriak ez begi onez ez belarri hobez aditu.
- Jaungoikoa eta Lege Zaharrak diote – zioen txapel gorriz jantzia ibili ohi zen apaiz Martintzar ezizenez ezaguna zen harexek – baina Erregea ez dute maite, eta erregerik ez bada, hemen ez dago bakerik, atzera liberalismoan eroriko gara, eta atzera Espainia hautsi izango da, Jainkoak nahi ez duena, eta nahi ez dakiola. Juan Bautista gaztea bizkaitarra zela susmatzen hasia zen. Txapela eskuin aldera alboratua zeraman.Alkateak txostena idatzi zuenean, apaizarekin hitz egin zuen. Gudua amaitu berria zen, eta Erregea laster Madrilen agertuko zela adiarazi zion. Esamesak hala zioen. Erregea mugaz beste aldeko Sara herrian igurikitzen zegoela ere zioen zurrumurrua arin asko hedatu zen. Martin – berak Don Martin esan ziezaiotela nahi zuen – amorru biziz bizi zen, erregeari alde eragin ziotenetik; eta, noizbait, herriko elizari ere, beste hainbati bezala, su emanen ziotelakoan ezin biziz bizi zen.
- Bilbon ere, Begoñako Andere Mariaren katedralari su eman diote – jakinarazi zien behin meza batean eliztar guztiei sermoi sutsua eginaz. Eta bizkaitarrak, hots, Espainia maite ez dutenak, han begira, geldi-geldi geratu ziren, irria ezpainetan, gorrotoa bihotzetan, garrek irentsi eta irentsi bitartean – gehituz. Carlos auzapezak gezurra zela bazekien, berak Bilbon jardun baitzuen borrokan gorriek ihes egin zuten arte.
Txostenari baimena eman aurrez, 'Don Martin' otoitz egiteko une bat eskatu zitzaion Carlosi. Esaldi bat gehitzeko eskatu ere azkenean, hots, heriotza-zigorra ezar ez ziezaioten, herrira inoiz ere ez itzultzeko ordez. Heriotza Jaungoikoaren esku, eta ez besteren, zegoela adiarazi nahi zuen baina ez zen ausartu. Umetto zenetik ezaguna zuen Juan Bautista lagun ona zela bazekien, bere ustez, eritzi oker eta makur batzuek bide onetik alderatu zutena. Gainera, hilez gero, emaztea semearekin, bakarrik utziko zuen, eta sendia biziki egoera larrian, bizitza aurrera atera ezinik, beharbada. Txostenaren beheko aldean, ohar labur bat idatzi zuen, epaileek irakurri ez zutena: "En consideración a su familia, se ruega a los señores jueces no apliquen pena de muerte".
Urteetan oso sartua zen, ordurako, Martintzar herritarrek esaten zioten hura, harik sei-zazpi ilera hil zen. Apaizetxean bertan zendu zen arren, gorpua hilkutxan udaletxeko areto nagusian ipini zuten; gainean oihal gorri-ori-gorria eta gurutze handi bat. Alkateak lore-sorta batez apaindu zuen, Iruñetik gotzaina iritsiko zela bai baitzekien. Ostiral Gurena zen. Hileta-elizkizuna egiteko, gotzainarekin batera, hamabost apaiz elkartu ziren. Predikua egiteko horma ondoko arratzalde biribilera igo zen eta, goraki, apaiz haren zintzo eta ontasunak oro, aipa eta goraipa ekin zitzaion: Palestinan noizbait hil eta gurutzean iltzatu zuten Jesus haren bidalietako bat izan zela, eta Jainkoaren eskuinera jartera joana zela adiaraziz. Eskuetan oihal gorri-ori-gorria astinduz, oihu zoliz, "Martin ez ya uno más de los mártires que han dado su vida por Dios y por España" aldarrika bukatu zuen gotzainak. Eliza herritarrez lepo zegoen, inguruetako hainbat lagun ere bertaraturik, eta haien artean, aldare ondoko ohorezko aulki apainetan alkatearekin, guduz jantzia, paparraldean domina batzuk nabarmen agerian zituen goiko buruzagi zirudien gizon handikote bat zutik beti burgoi zegoenak, gotzainaren hondar esaldi hura entzundakoan, aldean zegoen Carlosi begirada zorrotza zuzendu zion.
'Don Martin'-en hilkutxa sei lagunek lepoan hartu eta eramana izan zen. Oihal handia gain-apaingarri, xehe-xehe landuriko zur berniztatuzko zerraldo distiratsua lurreko hobira, sokaz emeki-emeki, sakoneratu eta lurraz estali zutenean, hilerriko isiltasun sarkorra urratu zuen oihu bat entzun zen – "Viva Cristo Rey" – aldamen osoan haizeak hedatu zuena.
Ordurako, berriz, Juan Bautista, Iñakiri urte askoz geroago berak jaulki zion eran, Santoña-rean ihes eginda zebilen. Hau guzti hau gogora etorri zitzaion, osaba bidean zetorrela ikustean. Amaren neba zuen, ez, baina, amaren jasekoa, beste etorki batekoa zela zirudien; amak esan ohi zuena legez "hori Chapartégui da, ni Ollokieta". Ama eskuzabala zen bezain zuhur eta, are, zikoitz, diruzalea zen osaba.
Iñakik land-roverra geldiarazi zuen. Osabak neke itxurako gizon eihar zaharkitua zirudien. Urteen eragina, noski. Perretxiko bila ez zetorrela ohartu zen, saskirik ez zekarren eta. Aspaldian elkar ikusi bageak, eta agurra hotza.
- Zuen etxera noak – osabak bertatik bertara.
- Zer behar duzu, bada? – Iñakik.
- Laguntza.
- Laguntzarik? Zer dela eta?
- Nire aurka zatozak – osabak urduri antzo.
- Zure aurka? Nor?
- Herriko batzuk. Ez zidatek barkatu ni alkate izandakoarena. Hil behar naitek, alajainkoa!.
- Heriotza-zigorra ezarri al dizute, ba? – Iñakik, irriñoa ezpainetan, batetik sineskogor bestetik zirikagarri.
- Hiii, isildu. Neur ezak hire hitza, eta itxi ahoa.
- Aginduak emaiten beti mutila zu, zeure zaharrean ere bai. Alkatea alkate beti, zarepean bada ere?
- Lotsa galduta hago hi, alajainkoa! Erakuts zor didan begirunea. Hire amarekin hitz egitera noak, hirekin ezin bada.
- Dirurik eskatu zaizkizu ala? Zeren, zerorrek maiteenik duzuna horixe baita.
- Hoa pikutara! Aholarri zikina alaena! – osaba sumin-suminik.
- Zoaz, zoaz, bai, zure arrebarengana. Arrautza bi eta txiztor zati bat, gutienez, prestatuko dizkizu.
Osaba hara arteraino bezain zalu eta are arinago joan zen goiti. Haserre bizian. Furfuriatsu. Benetan larri zela zirudien.
Iñaki zerbaiten sorberia aditutakoa zen. Ez zekien, zehazki, zer gertatzen zen, baina osabaren aurpegian haren larria nabaritu zuen.
Bidean behera aitzinatu zen, ez abiadura handiz.
Lantegira garaiz iritsi zen, ohi bezala. Eskolan ere hala: urruneko basetxeetarik jiten zirenak beti garaiz, Elizalde, plaza eta hurbiletikoak, ostera, maiz berandu. Iñigo goiz askotan iristen azkena. Alkatearen semea zelako, baina, maisuak ez zion ahakarrik egiten, edo esatekotan zerttobait esango zion, haxerre antxo, aitaren tinel eta zintzotasuna goraipatzeaz batera.
Lantegirantz eskola zaharraren aldamenetik irago behar zuen eta beti ikasle zen egunetako oroitzapenak burura. Txirrindu gorria ostu zionetik, aitak nahi ez eta, beste pirripittarik eduki ez zuela gogoratu zitzaion. Beharbada, ordurako, ibilten ikasi zuen bezala, ibilten ahantzia izango zuen, harez gero; ikasitako hori inoiz ere ahantzi egiten ez dela esaera bada ere. Txarrena egun euritsuak. Goizean bustirik heldu eta arratsaldera bitartean beti bustirik; eskerrak, eskolako gela batean, janzki lehorren batez aldatzeko aukera izaiten zuela. Neguko egun batzuetan, elurrak bidea estalitakoetan, eskolara joaiten ez zen. Etxe-eguna zuen, eta pozik.
Eskolara bagerik, behiekin nahiago Iñakik, ttiki-ttikitatik ukuiluan ibili ohi zen, aitari lagundu nahian, indar pixka bat harturik. Aitona bizi zeino, ardiak larrean nola bazka eta bazka ari ziren aditzean ordu luzeetan egoiten ziren, biak munan eserita, pikondoaren itzalpean, txintxarrien hots armoniotsuaz gozaro.
Aitona hizlari ona zen. Behialako istorioak eta gertaerak, berari jazorikoak gehienbat, jaulkitzen ele-mele luzaro egoitea pozgarri zitzaion, eta beti erne, adi baino adiago entzuten zion biloba pozarren. (Aitona hain maite zuen hau etxetik urrun zegoela hil zitzaion. Halakoxe bizitza. Herio aurrez aur sarri ikusi zuen harek, zaharra zenean ere, aurka egiten jakin zuen; honela eta guztiz ere, behin "erauki" esan behar eta!)
- Ni Santoñaraino iritsi ninduan. Handik hara ez zuan Euskal Herria; zeren, beraz, borroka egin guk? Zertarako eta zeren alde, gurea ez zen lurralde haretan? Etsaiek, zegoeneko, gure herrialde osoa hartua zitean. Eta ez zituan Espainiatik jinak; oro ez, anitz eta anitz hemengoak zituan, etsairik zitalenak alaenak en alaenak! Gure herrian berean ez guti. Ni ez ninditean harrapatu, bertzela bertatik bertara hilko ninditean.
Ni hemeretzian Saran nengoan, eta gaitz erdi; behor batzuk saltzera joana ninduan, eta etxera itzultzerik ez nian ukan. Aurreko egunean, Santimaminen, hedatu ziren berri txarrak egiak zituan. Gure lehengusu ttipia zen Aintzibururen etxean lo egin nian, mugatik bortzehun bat metrora dagoen haretan. Baina, 'guardia civilak' han gaindi ibilki! Ez ninduan hantxe geratzekoa; gure Aberria hil nahi bazuten aitziegin beharra geniean, bai eskierki! Lehenik, Irunera jo nian eta gero Donostiara. Abertzale sutsuak ziren adixkide batzuk banitian eta, haiekin batera, udaletxera.
Gudamaite direnak beti larderiaz irabazten saiatzen dituk, non-nahi, eta halakorik gerta ez zedin, Loiolako gudaritegira hurbildu gintuan. Gudetxean ehundaz soldadu, ongi iskiluz hornituak eta, altxamendua handik sor zitekeelakoan, eskopeta edo zizpa bana eskuetan, gudamutilen aurka eraso beharrez, eraikin handi haiek guztiak gudariz hesitu genitian.
- Nehor hil al zenuen? – Iñaki gaztettoak aitonari.
- Ez zakiat, bat edo bat, beharbada, bai, ondikoz. Nahi ez genian, ez nehola ere, baina ez zegoan bertze biderik; bertzela Nafarroatik zanpa-zanpa zihoazenekin bat eginen zitean eta laster Gipuzkoa osoa eradokiko. Guk kaserna inguratu genian eta hango guztiak amoŕ emanik gelditu zituan. Su emanen geniola eta mehatxu eginaz beldurtu genitian. Ez genian tiro askorik iraitzi. Guk hantxe gudua amaitua zegokeela uste ukan genian, alabaina, ez zuan, ez, hala gertatu, zorigaitz larriz.
- Eta amonak bazekien non zenbiltzan?
- Nola jakinen zuen, bada? Ni Saran nengoela uste baitzuen. Ilabete batzuen buruan, gurekin mendian goiti-beheti – gau-lanetan, badakizu – ibiltzen zen Sarasolak nire ihesaren berri eman ziean. Ez zituan, hala ere, gutti poztu aita-amak, ni Ameriketara dirua irabaztera joanen nintzela uste zutelarik. Ondikoz, ni etxera itzuli baino lehenago hil zituan. Nik ez nitian ikusi azken oren haietan.
Baina, ni ez, Ameriketara ez, ni Sasetarekin gudura joan ninduan. Beharko, bertzela gure etsaiek, su eta gar, gure Aberri guztia erreko zitean. Hala uste nian eta, nola edo hala, geldiarazi behar genituela ere uste, eta geldiaraziko ere genituela uste nian uste, baina usteak erdia ustel.
- Orduan, aittona, etsaiak mendean hartu zenituen, ezta? – Iñaki jakin-minez gainezka.
- Ez oraino, muttilko; bagoazak, bagoazak; baina orduan gu baino gehiago, anitzez ere gehiago zituan: mairuak ere haien alde, eta Alemaniatik jin zirenak ere ez guti, hegazkinez guri aitzi oro. Hala ere, eutsi egin geniean. Elgetan gibelarazi genitian. Han, baina gure aitzinean erasoka, zure osaba begiztatu nian. Txapel gorria buruan, tiro eta tiro ziharduan, haietan lehena beti. Herrira itzulitakoan auzapez egin zitean, edo hobeki erranez bere burua egin zian alkate. Gure ondo-ondoan lehertu zen esku-bonba' harexek aurtiki zuela eta nagok. Ni onik baina Odriozola beasaindarra bertan zendu zuan, hamazortzi urteko baizik ez zela.
- Osaba gizon azkarra zen, ehe!
- Bai, beti azkarra. Burua besoak bezain azkarra balu! Apez izan nahi zian, baina laster egin zian gibelera; eta Jaungoikoaren izenean, bera bezain itsua ez zena hil beharko zuela eta, hala " errekete".
- Zer da hori, aittona?
- Mundua giristino bilakarazi nahiaz mundua erre behar duela uste duen buru gorri hutsa duk.
- Aha!. – besterik ez zuen esan Iñakik.
- Gu gauean nehoren beldurrik ez; egun argiz hegazkinak urkusten genituenean, ziztu bizian, ostenetara. Bonbaka hasiko zituan, eta burua harri azpietan ere ezkutatu behar genian. Harkaitzak nola lehertzen diren ikustea latza duk, gero! Ni, behin, lubakian erne nengoen batean, pinudi baten barruan zarata batzuk entzun uste ukan nian. Malda zuan eta ikusi ez. Goiztiria, artean. Jakin nahi eta lubakiaren gainetik burua jasoz agertu nian. Bat-batean, haritz baten gibelean, gauza gorrixta bat zebilela iruditu zitzaidaan. Zer zen eta, hara!, kapelu antzeko zer bat. Mairu latz bat zutitu zuan eta niri so fusila zuzendu, tiro egiteko prestatu eta, danba!, neure burua lubakira egotzi nian. Tiro hotsa belarri ondo-ondotik iragan zuan. Oraino dantzudala irudi diat. Ez nian bertatik bertara alde egin, nehola ere, eta, dinbi-danba!, hasi ninduan tiroka. Nori ez nora jakiteke, baina pinudi alderantz. Nire lagunak ere halaber. Etsaiek ere tiroka gure aldera. Une larriak haiek. Burua agertu ez, alabaina, bertan harrapatu ukan bagintzate, bertantxe hil eginen gintizketean. Ez zuan berehala amaitu hango tiro-burrunba, eta hara han, urruneko hodeien artean, non dakuskigun hegazkin batzuk gu ginen mendirantz etorki! Gero eta hurbilago, eta guk zer eginen? Maldan goiti hasiz gero, harrapatuko. Beherantz ezin, mairuak pinuen artean ezkutaturik edo. Zeharka, lubakietan zehar ihesari eman genioan. Gaitz erdi. Hamar minutu ez zituan joan, hegazkin haiek gure aitzinean zegoen pinudiaren gainetik lehen iragaldi egin zutela. Pinu gazteak bonbaz nola leher eta dzapart egiten zituzten ikusi genian. Triskantza latza egin zitean. Eta bonben artean garrasi lazgarriak aditzen hasi gintuan. Oraino belarrietan ditiat.
Hango garrasi larriak! Hango aieneak eta! Zer zioten ulertu ez guk baina, han zituan han giza-garrasirik egundainoko mingarrienak.
Zeinbat mairu hil zuten ez zagok jakiterik. Gizagaixoak.
-Gudua gogorra da? – aitona isildu zeneko berriz ere Iñaki galdez.
-Bai, muttilko. Orotan gogorrena, latzena eta larriena. Hor, gizona gizonarentzat otso. Gudua maite duenari, berari tiro egin beharko litzaiokek. Orai, zera, terrorismoa gora eta behera zabiltzak, han-hor-hemen, hau dela hori dela hura dela, izugarrizko gertakari lazgarriak, izukeria ankerrak gertatzen direla eta, baina izukeriarik larriena gudua duk, sarrakioa zinez; eta guduaz geroko 'diktadura' ere horrenbertzekoa sarri, mendekeria latza – aitona hitz egin ahala gorritzen hasia zen, inoiz gutitan haserrekor agertu izan ez zena su batek hartua bezala mintzo.
Ardi batzuk larrerean alde egiten hasi zirela ohartu zen, eta atzera barrutira sarrarazteko jaiki zen Iñaki munatik. Aitonak zakurrari agindu zion, zaharo mehea erakutsiz, eta bien artean laster ekarri zituzten. Zakur gorri iletsua zen, Lagun esaten ziotena, artzain lanetarako egokia eta zuzena.
Aitonak irakatsi zion. "Xoaxi, Lagun, xoaxi" esatea aski, berehalako baten aldamenetik arinik arin joaiteko, "ekar itzazu, ea; xatox, hona, tto hona; asa, hona" esan eta laster ardiak aitonaren baranoan multzatuak. Makil lodixkaren ordez, zaharo mehea erabili ohi zuen ardiekin, idiekin ez bezala. Baina inork ez zuen ikusi Juan Bautista inoiz ezein abereri makilaz edo beste ezertaz jaiten. Idiei ere makila erakutsi bai baina beti mintzo eztiz hitz egiten zien; jo inoiz ez. Traktorea erosi zutenean saldu zituen; eta ez zen malko gutti isuritakoa aitona, idiak etxetik eroan zituztenean.
Ardiak urtean behin moztu beharra zegoen. Uda beroa baino lehenago, bestela beroaz ez ziren ongi ibilten, artile jantzi mardul harekin.
Ardien ilea salduz, gainera, diru nahikotto irabazten zuten. Ijito bat etorri ohi zen, etxez etxe, uztailaren erdialdean edo, erosten. Ohe biguna izaiteko artilea bezalakorik ez. Aitonak, berriz, galtzerdiak egiten zekien. Negurako galtzerdi lodiak egiten zituen. Iñakik ilea mozten ikasi zuenean pozik zegoen. Gizonezkoen lana zen. Inguruko artzain batzuk, egun hemen bihar han, biltzen ziren eta, goizeko lehen eguzki beroaz hasirik ilunabarrera bitartean lan eskergea egiten zuten. Beti makur-makur eginda, izerdi patsetan beti, eskuak likits ardiari zerion izerdi koipeztoz zinkinduak, eta artaziak eskuinean, triski-traska-triski-traska, zerabiltzatela. Aitak irakatsi zion.
- Zuk, aittona, guraizeak diozu, aitak, berriz, artaziak eta Gorostitzako Pellok aizturrak erraiten die zer hauei.
- Bai, muttilko, holakoxeak gaituk euskaldunok: bakoitzak berea, eta usuegi berea baino ez – erantzun zion.
- Nik soldadutzan bizkaitarrekin ibilita ikasi nian – erantsi zuen aitak; baina habil erne, gero! Hor ebaki bat egin diok eta emaiok berehala sendagarria. Ez larrutik ten, eutsiok beti lasai, bertzela beste zauri bat eginen diok, eta hortik gero zomorroak eta gaisotasunak.
Ordu erdia behar baduk ere, egik astiro, ehe, ez ibil arin-arin. Hau ez duk lehiaketa, aladzipo!. Egik ongi.
- Ederki ari haiz, muttiko – sartu zen hitzez Larrarte eta, beti aldarte oneko gizona hauxe, hitzetik hortzera zirika hasi zitzaion:
_________Artzain onak ikasi behar dik erabiltzen aizturrak emaztearendako utzirik jorrai eta aitzurrak Artzainak ere, berez, nabaski ohi dituk xuhurrak auherrak direlako ditiztek morroi legez zakurrak
Moztaile guztiek barre egin zuten, Iñakik ere bai, eta halako giro onean, gaueko hamabiak irian, abaria amaiturik, nor bere etxerako bidean jarri zen, xuxen nahiz okertto, egun nekagarri luze baten ondoan beste bati ekin behar izanen zitzaizkiolarik.
Urte batean, Iñigo ere ile-mozketan esku hartzen aritu zen. Ez zuen ikasi, baina laguntzaile. Ardien kiratsa batere maite ez zuena, harez gero, arbuiatu ere egiten zuen eta, ez zen beste behin agertu.
Eskolako urteetan, lehengusuz gain, adiskide onak ziren. Iñigori Iñakiren etxera joaitea atsegin zitzaion.
Etxea polita zen, atalase erdi-biribileko ate nagusi zabala, atari handia belar hezea lehortzen zegoen lekua, larrain zabalttoa aitzinean; goiko solairuan sukalde handia etxeko leku nagusi, ondoan ezkaratza esaten zioten areto erdikoa, alboetan lau logelen ateak zituena.
Iñigok ganbaran jolastea zuen gogoko, saralez beterik zegoen garaian, batez ere. Sagar onduen usain gozoa urteetan ez zitzaion ahantzi.
Ukuilu ilun ira usaindunean, udarekin batera jaugin ohi ziren enarak eraikiriko habietan bere kumeak elikatzen eta hazten zituztenean, begira-begira egoiten zen. Ez zitzaien kalterik egin behar txori urduri haiei – aitonak agindua – onura ekarle txintxoak baitziren, eltxoak-eta janez, behinik behin.
Ume koxkorrak zirela, udako arratsaldeetan, mendiko txabolara igaiten ziren. Bordaxahar esaten zioten. Pago adartsu zabal baten ondoan eraiki harrizko etxola baino ez zen, baina hango gaualdiak, ume zirenentzat, halako zer berexiren bat zuen. Barrua iluna, sua erdian, ohantze zabarrak albo bietan, eta apaletan gaztak ontzean. Oporretan hiruzpalau egun, eta batez ere gau, han emaiteko ohitura hartu zuten, eta pozarren egon ohi ziren, elkarrekin, suaren ondoko ohantze haietan lo eginaz.
Zakur gorria atean erne beti. Goizeko bostak aldean txintxarriak dantzan hasten ziren; ez ziren logale, eta goizetik jaiki, goizetik katilu handi bana esne edan, eta goizetik, ihintza belarretan, maldan goiti urrutiratzen ziren, Pilotasoro zeritzoten lekurantz. Iñaki aurrena, mendian ohituago nonbait, eta belar mehezko soropil bigunaren gainean eserita itxaroten zion. Ez zen sarritakoa baina, noizean behin, oreinen bat begiztatu izaiten zuten. Udazken nabarretan haien orroak entzutean, adi bai adi, orduak eta bai egunak ere eman zitzaketen. Ordudanikoa, eiki, biek ala biek ehizarako zuten grina. Urte batzuk geroago, ostera, Iñakiri grina hoztu zitzaion hein berean Iñigori goritu.
Unibertsitatean hasi zenetik, Bordaxaharreko egun gozoak atzean geratu ziren.
Aitak nahi zuen, eta Zuzenbidea ikasten hasi zen; gehiegi ahalegindu, ordea, ez. Iruñean aitak erosi berria zuen bizitokia ez zegoen urrun, bigarren solairuko ezkerraldea, leihorean OPUS DEI izena zuen ikastetxea ikusterrean. Bakarrik bizitzen ikasi beharra, beste kezkarik ez.
Ikasi, bestela, ez zuen asko egin; lehenbiziko urtean bost ikasgai huts egin zuen. Aita ez zegoen pozez. Dirutza xahutu bai eta emaitza onik ez zuela' egotzi ukan zion, behin baino hoborotan, aharkarka. Abokatu nahi zuen baina semeak, aitaren jitea aurki, gonak maiteago. Gazteluko Enparantzan maizago, pitxerra bete garagardo eskuan, ikasgelan baino; eta gaueko ordu ttikietan etxerako bidea zuzendu behar eta ezin.
Karrera bukatu zutenen ospakizunetara ez zuen hutsik egiten. Azken aldian handiro ospatu zuen. Abari oparoa egin zuten. DON PERIÑÓN markako ardotik botila bana edan zutela eta garestia abaria; zaintzuriak eta urdaiazpikoa izan zituzten zizka-mizka; arrain-zopaz gero, lehen jakia legatza saltsan batzuek, kokotxak pil-pil saltsan besteek, eta bixigua hartu zutenak ere batzuk; bigarrena, txuleta ororentzat; ondorean onkia ekarri zieten, limoizko xurrupakia edan eta gero, izozkizko pastela; gehienek kafe hutsa hartu zuten, bizpahiruk kafesnea, eta txokorra erre ez zuenik inor ez; txola bana patxaran edan zuten, ZOCO galdegin zutenak ez beste gehienek LA NAVARRA. Hoteleko 'maîtreak', agur egitera hurbildu zitzaienean, kontua ekarri zien. Gau osoa han barruan eman zuten. Dantzatoki handia zen, argi margotsuez apaindua, ohi gisa, eta sabaiaren erdian biribilki zebilen argiontzi distiratsu bat, eten bage, bira-biraka.
Ehun bat lagun bilduta, dantzan, zein baino zein xorokiago, eta handia harrabotsa, zarata, iskibidua!. Musikari taldea zazpi gizasemek eta neska kantari batek osatzen zuten. 'Rock and Roll'-eko taldea zen, oro har, baina gau berezietan, besterik ere bazekien eta, ohiko abestirik hedatuenak, batik bat, eskaintzen zituen, hala 'Beatles'-enak esaterako, nola 'Rolling'-enak edo 'Dúo Dinámico' -renak edo 'Los Brincos'-enak, eta abar.
Iñigo ez zen etxera iritsi gau haretan. Goizean aitak telefonoz dei egin zionean ez zegoen. Etxean behar zuen. Ama aspaldian gaisotua, hondar ordu haietan okerrera eginda aurkitu zuen, eta txarrena uste zuen. Aitak lau bider dei egin zion. Igande arratsaldean ere, larri zegoela eta, azkenengo deia. Astelehenean zendu zen. Semea, beste adiskide batzuekin, Zaragozara joana zen, eta itzuli zeneko, ama hilobian zetzan. Iruñetik etxeranzkoa ahalik azkarren egin bazuen ere, inoiz baino luzeago egin zitzaion, herria urrunagoratua balitz bezala.
Aitak ez zion harrera onik egin. Zapuztua zegoen, kopetilun oso; emaztea hila zuelako ez ezik, semearen jarreragatik ere guztiz mindua. Iñigok aste osoa ohean eman zuen. Ez da zalantzarik amaren heriotzak hunkitu zuela, zeharo; aurreko asteburu luze bezain asearen ondorio izan zela zalantzarik ez zen era berean. Sukarrak ez zion jaikitzen utzi hiru egunetan.
'Speed' zioen. Adiskide bati hala azaldu zion, telefonoz, zer zuen eta galdetu zionean. Zaragozako nexkak oso onak zirela esan zion, irribarrezka. Ile kizkurduna batez ere, oso 'katxarro' ona zela, gainean ibilteko ero eta so, bits hutsa zela zehaztu nahi ukan zion.
'Urruxa bibi' esan zion, larru jaiten neska bikaina zela edo adiaraztearren. Telefonoz beste aldean zegoenak, solasaldittoa amaitu nahian "o sea que de puta madre" erantsi zion, eta hurrengo astebururako hitz eman zioten, elkarri, agur esan aurrez.
Ama hil eta astera, Iñigo berriro Zaragozan zegoen. Adiskideekin atzendu nahi ukan zuen, antza, amaren heriotzak eragin zion barreneko mina.
Iñaki goiko larrean, Larreburu zeritzonean, belarra mozten ari zen. Sega, gaztetto zenetik, erraz erabiltzen zekien.
Zarrastada luzeak emanez, belar mahi zabalak egiten zituen, lur axal-axalean mozten, eta indarretan gora joan ahala gero eta gogarago jarduten zuen. Ordu betean gurdikada ederra batzeko gai zen. Nekatzen, nekez nekatzen zena mutila. Pentze haretan gehiena, irusta zen, esnetarako on-ona omen. Bazter alde batean ailorbea ere hazten, baina, esneari halako kutsu edo usain berezi bat emaiten ziola eta, ez zuten alor handirik ereiten.
Ilunabarra laster, eguzkia bazihoan zalu, mendiaz beste aldera ostentzera, eta Iñigo bidean goiti urkusi zuenean, zerbaiten berri zekarrelako susmoak jo zuen. Ez zen alperrik etorriko. Aspaldian izebaren etxera bagerik zegoen, eta hura zerbaitek zekarren.
Egia esateko, ama hil zitzaionetik herrira maizago jiten zen. Aitarekikoa, artean, hotza, hala ere. Bere baitan bildua zirudien, semeari ia hitzik egiten ez ziola. Azken urtean burua galduxea, paranoiak jo zuen, batez ere, eta honek, ez arian bezala, burmuina kaltetu zion.
Etxe ondoko horma batean "faxistak hormara" margotu ziotenetik ezer onik ez. Herrirean kanpora alde egin nahi zuen bizitzera. Ez zen, ordea, etsai zituen haiengandik ihes egin arren, bere burutik alderatuko. Etsaia bera zuen.
Urteak ziren, hala ere beti gogoan, Behigorkuko pagadia, ordura arte herri-baso zena, beretu zuela. Alkateak bazuen indarra. Zinegotzi guztiak' berak hautatu zituen, oro adiskide, edo erizkide bederen. Pagadi hura maite zuen. Umetan han sarrijolasean ibili izan zen; eta geroago ere sarri perretxikotan, zizak ugari han eta udazkenean uzta ederrak biltzen zituen. Gaztetan, aizkolari ibilirik, han zuen entrenuak egiteko behar beste enbor.
Indartsua zen, Olazabalekin egin zuen apostua irabazi zuenean, garai haietako hogei mila pezeta jaso zuela harrokiro esaten zuen.
Guduaz gero izan zen. Batek edo batek "alkateari irabazten utzi ziola" egotzi omen zion aurkari izan zuen hari. Ukatu egiten zuen, baina susmoak izan, baziren. Olazabal, azkarrik bazen azkarra bera, kartzelatik etorri berria, artean. Bere sasoirik onenean ez zegoela esaten zen. Baina, hala eta guztiz ere, oihan haietan ikusitako aizkolari hoberik ez zen.
Alkateak pagadia begiz joa zuen. Lekua ederra, zuhaizti sarria, maite zuen hagitz. Aspaldidanik auzapez, baina azken urteetan giroa ez zitzaion lehengoa, gazteen artean, batik bat, ez zuen harrera onik aurkitzen: urteroko jaiak zirela, asteburuko musikak zirela, herrian behin agertu zen ikurrin bat zela, tira-bira gogorrak eta gero eta gogorragoak izaiten zituen gazte batzuekin. Madrildik ere berri onik ez. Errege berria ez zen izango, itxura guztien arauera, berak eta txapelgorriek nahi zuten beste hura. Iruñetik, aurreko astean, 'gobernadoreak' telefonoz dei egin zionean berri txarrak jaso behar zituela berehala ohartu zen.
- Ha muerto en el acto. Su automóvil voló por encima de los edificios, tal fue la magnitud de la explosión. En cualqueir caso, no hay mal que con bien no venga: este lamentable suceso acarreará nuevas situaciones, siempre favorables al conjunto de los ciudadanos. Debemos estar preparados para este nuevo futuro inmediato en el que debemos perseverar en nuestros intereses – azaldu zion, eta, gehiegi ulertu ez arren, alkatetzari utzi behar ziola otu zitzaion.
Udaletik irten aurrez beretu behar zuen. Aspaldiko ametsa, orduantxe eskuratu ala ez zuen inoiz ere egingo. Idazkari nagusiari alkate-gelara deitu zion. Bere xedea laburzki azaldu eta haretarako behar ziren paper edo agiri oro atontzen has zedin agindu zion.
Egipide guztiak lehen bai lehen nahi zituen.
Idazkariak, hasiera haretan, ez zuen begi onez hartu 'Don Carlos Maria'-ren asmo ha. Hamar bat urte zeraman udaletxean, Logroñon zortzi urtez jardun ondorean heldu zenetik, eta bera eta alkatearen arteko harremanak beti onak izan ziren, basoaldeko gizon harro haien betikokeria oso gogoko ez ukanagatik ere.
Dekretu bat eman beharra zegoela azaldu zion; eta alkateak berehala idazten hasteko. Legea tinel-tinel bete beharra zuela argiro adiarazi zion. Oro beti legearen barruan. Alkateak baietz, legeari eutsiz egin zezan. Dekretua udal-batzan aurkeztu aurrez, 'gobernadore civilari', baimenik ez bazen aholku behintzat eske, jakinaraztea egoki izan zitekeela eman zion burutara. Alkateak ezetz erantzun zion. Ahalik azkarren egiteko agindu, eta harik astebetera zinegotzi guztiei dei eginen ziela, batzarrean erabakitzeko.
- Todo debe hacerse dentro de la ley. Sin un estricto cumplimiento de la misma no hay civilidad – esan zionean, buruaz, burua higituz, baiezkoa emanik jaiki zen eta bulegotik ateratu zen.
González del Moral jaunak, idazkariak alegia, hitzez aditzeratu zion eran, hitzez hitz idatzi zuen. Idaz-makinaz hagitz trebea eta neska bulegariak papera eta aldakia berehala atondu zituen. Zigilua eman zion eta biharamunean aurkezteko prest geratu zen. Dekretua alkateak aldarrikatu aitzin, zinegotzi guztiek ikuskatu ez ezik izenpetu ere behar zutela adiarazi zion Gonzálezek.
"Bajo la égida de Franco. De conformidad con la ley, por decreto de esta alcaldía, rubricado unánimemente por todos los señores concejales, se concede, en pago a sus servicios a Dios y a España, el hayedo de Beygorcu, al excelentísimo señor don Carlos María de Chapartégui y Olloquieta, alcalde de este municipio, por la Gracia de Dios y a las órdenes de nuestro caudillo Francisco Franco Bahamonde" zioen dekretua mahai gainean ipini zuen. Inguruan zinegotzi guztiak isilik. Idazkaria irakurten hasi zenean, elkarri so, zeharretara batzuek besteei. Inork ez zuen txintik esan.
Izenpetu baino lehen isilune luzea luzatuz zihoan, segunduak baino ez bazen ere. Agirre aulkirean jaiki zen eta gelatik ateratzera egin zuen. Alkateak, zutik beti:
- Alde egin aitzin, eman zure izena paperean.
- Ni ez nator horrekin bat – ausartu zen Agirre zinegotzirik gazteena.
- Zu nigatik zaude hemen; nik hautetsi zintudan, bertzela ez zinen ezer izanen – Carlos Mariak gorgots eta beltzuri hitz egin zion.
- Bada, oraintxe bertan nire lekua utziko dut.
- Ez hau izenpetzeke – alkateak zemai antzean.
- Nik ere ez dut nire izenik emanen hor – sartu zuen hitz Etxeberriak.
- Zer diraustazu zuk, txepel horrek? Hona ekarri zintudan arte ez zenedukan txapel gorria bertzerik zeurea; orai, bizi zaren etxearen jabea zara, ezta? Nori esker hori, beraz? – alkatea ozenki, suminduta bezala mintzo zakarrez.
- Herriarena dena, ez da zilegi nehori horrela dohainik emaitea – Agirrek atzera – ; hori oihan hori betidanik herri-baso izan da, usa edo hemen erran izan den eran zilegi izan dugu, ez da nehorena, ororena baizik. Mendez mende hala izan da, gure arbaso zaharren egunetarik...
- Hemen neronek agintzen dut – Carlos Mariak bere onetik aterata ia-ia – eta pagadi hori neronena izanen da, nahi eta nahi ez, nork ukatuko dit niri eskubide hau? Nork egin ote hemen nik baino gehiago herri honen alde, hala guduan nola bakean? Zer nahi duzue, bada, zuek? Gorrien asmoetara erori ote zarete, hots: oro ororena eta ezer ez nehorena? Horretarako ez genuen gudua irabazi!
- Nik ere zerbait nahi nuke, bada – ordura arte isilik zegoen Goienetxe zaharrak.
- Zertarako nahi duzu zuk ezer? Zerura eramaiteko edo? Madrilgo ahaide ttikiei utzi nahi ote diezu, jarauntsian, ddeusik?
- Alkate jauna zuzen dago, eta ez zaigu ika-mikarik ongi helduko; hobe orok bat eta eztabaida hau karrikara jalgi ez baledi, bertzela arazoak sor lekizkiguke. Ez dugu nehork arazorik nahi – gaztelera txukunaz mintzo, idazkari nagusiak' berak atonduriko xedearen alde egin zuen. Isiliko eginkizunak ozenez egitea galgarri, haren ustez.
- Hori da arrazoia – alkateak berriro – eta hori ontzat har ez dezanak bertze hau hartu beharko du – goraki eta mutiri, larderiaz mintzo.
Eta mahai gainean, di-da, sakelarean aterata, pistola handi bat ipini zuen. Guduan erabilitakoa zuen. Isildu ziren han ziren guztiak.
Idazkariak begi biak paperari zuzendu zizkion, ezer besterik ikusi nahi ez antzo. Ondoan eserita zegoen Etxeberria ez zen higitu.
Makurtu zuen burua Agirrek. Idazkariak boligrafo bat eskura eman zion, eskumaldean zegoen Goienetxeri. Hartu zuen boligrafoa, papera aurrean, non izenpetu behar eta bertan izen-abizenak, astiro, idatzi zituen, zirriborro luzeaz bukaturik. Agirre gogoetatsu, begiak mahaitik erakori ezinez bezala. Etxeberriak zerbait esan nahi zuela zirudien, baina alkateak begirada zorrotza iraitzi zion eta ez zen ausartu. Iskilua mahai gainean zegoen.
Biharamunean, goizean goizik, Urtzilon goiti, bere pago lerdenak ikustera igo zen. Hogei kana bai luze hango batzuk! Zut-zutak eta goian baizik ez adarrik. Azala urdin-xurixka leunak perekatu zituen, laztandu laso. Harik aitzin, sarri igo izaiten zen, eta besarkatu zituela eta iloro-iloro besarkatzen zituela esaten zen herrian. Behigorku osoa begizta zitekeen muinoan, harkaitz baten itzalean eserita, ordu luzeak emaiten zituen, begiak luze, oskarbi zegoenetan guztiz ere, bere baitako gogoetan bildua. Harez gero, ez zion inori zizak han biltzen utziko. Hurrengo urteetan bazedukan egurrik! Saltzeko hainbat eta gehiago. Kamioiak bertara ahal izaiteko bide ona zegoen, bai, Harizpe aldetik, eta egurretan ez ezik, enbor mardulak ere salduko zituen, Balentzia aldera eroaiteko. Urtean, batez beste, bost mila ogerleko irabaziko zuelakoan zegoen.
"Hori ez zatorrak ardiak moztera" – esan zion bere buruari Iñakik, lehengusua ikustean. Ondo ezaguna zuen. Gaztetto zela ohiz igaiten zen, baina ardien kiratsa ezin jasan inoiz.
Artzainak ez ziren elkartzen, aspaldian legez, artilea egiteko garaian. Batzuk betiko joanak ziren; gazteek, berriz, Iñakik berak ere bai, antzinako artaziak ukuiluko hagan zintzilik utzita zeduzkaten. Makina elektrikoa erosi eta askoz arinago egiten zen.Polita zen baina, antzinako ohiturari jarraikiz, artzain guztiak elkarrekin lanean, giro onean, aritzen ikustea. Inguruko etxe guztietakoak bildu ohi ziren, egun batean Gorostitzan, beste batean Munagirren, hirugarrenean Gorostitzagoikoan, biharamunean Basaburun...
artalde guztiak bipildu arte, bizkarratu alegia. Ardi zaharrak gaztetzen zirela zirudien, udako beroa lasaiago eramaiteko gerturik; arkazteak, lehen aldiz ilezko jertsea bagerik hozturik bezala, euren burua arrotz; bildotsak ez zituzten moztu, moztuz gero beraien amek ez zituzten ezagutuko eta ez zieten edoskitzen utziko eta. Gazta zaharra nahi beste jaten zuten, ardoa ere jaiegunetan izan balira bezala, nahiz eta orduko txakolin hura mingotsa izan. Aldarte onean oro, txantxari txantxa. Bazkaria ez urria. Bazirudien etxe bakoitzeko andereak nor baino nor aritzen zirela, eltze goxoa prestatzen. Buztinezko kazpel biribil bakailaoz betea, ikusi-ez-ikusi batean, ustiatzen zuten. Eguerdiko hamabietan 'angelus' otoitz egiteko ohiturari muzin ez haiek menditar zahar haiek. Iñaki, senton haien artean, atseginetan zebilen, anbiolako ipuin eta jazokari guztiei adi-adi, urtero betiko elezahar berdinak berritzen baziren ere.
Ilunabarrerako, nekearen nekez zutik jarri ezinean, baina bakoitza bere etxera alai joaiten zen; ez oro, hala ere, bide zuzenetik.
Beroaren eragina, noski, urik edan ez eta egarria baretu beharra.
Iñigok ez zuen hain gazta gogorra jaten, harria zirudiela zioen. Gainera, artzain haiek ez ziren, ez, mutilko kaletar haren begietan, garbi-garbiko gizonak. Lehenbiziko ardoa hango bilkura bakar haretan mustatu eta edan zuen. Garratza baino garratzago eritzi zion.
Laster, gainera, buruko min poxi bat sumatu zuen.
Larrarte etxeko aitona zabarrak barre egin zuen, eta beste xurrupada bat eginarazi nahi ukan zion. Ezetz mutilkoak, ez zuela gogoko.
Iñakiri txistua ateratzeko, eta han hasi zen jo eta jo, aitonak irakatsi zizkion soinuez gizon baldar haien lan likitsa nolabait arindu nahian edo. Mariñelarenan – amatxik esan bezala – aigaltzeko ardi zahar bat egosi zuten. Piper gorriez ondo estalia, berez zuen hatsa moteldurik jateko ona zegoen. Ez zen jan-nagizuko horietarikoa Iñigorentzat, baina jan egin zuen. Iñaki hori eta apatxak ere jateko gauza zen. Ardi osoa, mauka-mauka, hezurrak soildu arte, xuritu arte, jan zuten. Mariñelarenako atsoa sukaldari bikaina zelako ospea urtero berritzen zen, hala.
Urte batzuk geroago, makina erosita, ha guzti ha aldatu zen. Artazi eskuz erabili beharreko haiek betiko gelditu ziren. Besoaren, edo ukarai hobeto esatearren, lan hebaingarri hura oso arindu zen. Guraize elektrikoa ardiaren azalean zehar ibilaraziz, berehalako baten mozten zuen. Iñakik laster ikasi zuen. Ardi bakoitzeko, batez beste, lehengo hamabost minutuak bostera jaitsi ziren. Ardia hankaz gora erdi-eserita, moztaileak bere zangoen artean oraturik, buru aldetik hasi, azpi aldekoa gero, eta beste alde erdia soildu arte, bospaseina minutu. Egun bakarrean artalde osoa. Berak bakarrik, laguntzailerik behar ez.
Orduan amaitu ziren betiko, artzainen bilkura alai haiek. Ez zuen gehiago txistua joko, gizonezko baldar saskel haien lana arintze aldera. Mariñelarenako etxandere urtetsua zendu zen. Ardi zaharra saiek jango zuten. Gogoan zuen, anitz urte joan eta gero ere, Larrarte zaharra behin Gorostitzan kantuan ari zeneko hura: "Xorieri mintzo zen, mintzo zen errekari...", polita kantua!. Ez ziren, ez, kantari txarrak hango gizonkote menditarrak:
___________Artzaintzaren geroak triste du begia, lan hunek galdegiten du odol berria. Maitatzerat ardiak, heiekin herria, lehia zazu, Jauna, gure gazteria! Otoi, Jainko maitea, sostenga gaitzazu, gure behar orduen berri baitakizu.
Abaria eginda, sarri bai sarri gau betea egiten zitzaien, kantuan orduak labur, eta, gero, patxaranaz eztarria ondo bustiz gero, etxerako bidean, goiti batzuk beheti bestetzuk, arteztu ezinean.
Berrehun bat ardiko artaldea, makinaz, egunbetean mozten zuen. Inori laguntzarik galdatu beharrik ez. Txarrena gero artilea saltzea.
Ijitorik ez zen agertzen. Antzinako lastaira artilezko, ohe bigunetan arto-orriaren ordez ipini izan zena, 'pikolinezko' lastaira bigunago bihurtu zen. Artilea moztu beharra bai eta saldu ezina. Mozkinik ez, beraz. Iñakik etxe osteko sastrakan lurperatzen zuen, zeren, bestalde, artilea, su emanik ere, erretzen oso zaila baita.
Larrarteko gizona aspaldi hil zen. Umore onekoa gizona. Bertsotan hasten zenean, entzule oro aho zabalik. Ume zela, Iñakik lehen aldiz entzun zionean, harri eta zur gelditzeaz gain, haren dohain miresgarri hura nondik ote zetorkion jakin guran geratu zenaz gain, berak ere bertsotan ikasi behar zuela eta nahi zuela hartu zuen gogo barrenean. Bakarrik zegoenean zerbaiten xaramelatzen hasten zen. Lehengo bertso zahar batzuk buruz ikasiak, eta haiek behin eta berriro abesten zituen. Txirritaren batzuk irakatsi zizkion eta Larrartek berak laguntzen zion, ardiak larrean be-be-beka soinulari zituztelarik. Haien arteko harreman lasaia, zahar-gazte izanki, politto joan zen umatzen. Behin, Larrartek sororean mutila bidean ikusi eta honela:
Zer nahi duk mutil horrek geurera etortzen?
Eta Iñakik, ahal zuen eran, bertsolari nahi eta erantzunez:Behia minetan eta txahala ezin sortzen.
Auzoak laster sumatu zuen egoeraren larria eta, aitzurra lurrean utzirik:
Oraintxe bertan noak behiari laguntzen.
Mutila ez zen isiltzekoa. Esker onekoa, gainera eta:
Zatoz, azkar etxera ea ez zaigun hiltzen!
Aita eta ama ukuiluan, behia erdi-minetan hasi zela eta, baina ezin egin ezer, kumea ateratzeko. Larrartek, esperientzia lagun, bertara eta zer gertatzen ari zen berehala igarri zuen: kumea sabelean oker jarririk zegoen eta ezin mundura atera. Esku-besoa uzkitik sartu zion, sabeleraino, burua ukitu eta hartu zion eta poliki ten eginaz zulo alderantz ipini zuen. Aurreko hankattoak ere aurre alderantz jarrarazi zizkion. Buruttoa ikusi zuteneko pozik. Behiak indarka zegien. Hankattoak atera zituenean, sokaz lotu zizkioten eta lauren artean tiraka, pittinka-pittinka kanporatuz ekarri zuten, lurrera erori zen arte. Kumea onik zegoen. Iñakik ahoa zabaldu zion eta putz egin, hats eman zion, eta berehala berez arnasa hartzen hasi zen. Amak mingainaz ikuz zezan, ondoan ipini zioten; milikatuz eta milikatuz soin osoko lingirda laster garbituko zion. Ama erditu-berriak oparia irabazia zuen: botila bete ardo mingotsa, dzanga-dzanga, burua goiti, Larrartek aho barrura sartu zion eta edan zuen. Behi ume egin berriarentzat, ardo ha guztiz bixigarri izan zen. Txahalttoa txunditua bezala zegoen, azpigarriz estalitako lurrean, beste mundu baterean, beste bizitza baterean bertaratu berri. Larrartek zirika nahi eta Iñakiri begira:
Hauxe hasiko zaiguk laster aputika
Iñaki ez zen isildu eta hitzetik hortzera:
gur'etxean ijuti edo burbutzika
Larrarte zaharrak orori ziri eta:
nola eginen diok xuka ala hika?
Iñakiren erantzuna hauxe:
etxe honetan denoi beti berorika.
Barre egin zuten. Hondar ttantta, patxaran, edan eta bakoitza bere lantegira. Txahala, ordurako, ttutti nahian.
Aitona atseginetan zegoen, etxea aurrera zihoala ikusten baitzuen. "Jaio hobe hil baino" esan ohi zuen, "baina jaiotzen den guztiak hiltzea zor " gehiturik. Lan egiteko sasoia aspaldi joana zuen, ibilten ozta-ozta. Makila beti lagun, bizkarra makur, zangoak ahul-ahulak. Burua, artean, erne zuen. Antzinako oroitzapenak beti berritzen eta berritzen, eta gertaera berri-berriak, ostera, usu ahantzi, gogotik laster suntsitzen zitzaizkion. "Santoñan gehiago galdu genuen" zuen esaera zerbait gaizki edo jazoten zenean. Iñakik Santoña non zegoen laster ikasi zuen.
- Hori herri hori Kantabrian zagok, Bizkaiaren ondoan. Gu hara iritsi ginenean, itsas-herri xumea baizik ez zuan. Itsasoa han zabala duk. Itsasoz bertze aldean Amerika zegoela, eta ihes egin genezakeela eta askatasuna behingoz edirenen genuela uste genian uste. Itsasoa handia, gero! Guretzat, bazter menditsu hertsiotan sortu eta hazi ginenontzat larria duk, gaitza duk.
- Nola Santoñaratu zinen?
- Etsaiak Bilbora sartu zirenean, bertze aukerarik ez zegoan. Hegazkinek, sarraskiz sarraski, erasotzen zigutean, eta guk non babes ezin aurki. Gibelerantz beti gu. Sestao zeritzon herri tarroxko bat, Bilbotik hurbil zegoena, goitik erre zitean, eta bagenekian zer ziren haiek, zeren, lehenago Gernika-eta ikusia baikenuen. Gupidarik ez, haiek hegazkin haiek deabruaren makinak zituan, eta pilotuak deabruak baino gaiztoagoak, sordeisak. Hiltzeko jaioak zituan, bertzeak hiltzeko, hiltzaile sutsuak alaenak en alaenak! Haiek bihotzik ez, beraien ama bera ere hiltzeko gauza zituan, zakur baten antzo, domina bat irabaztearen truke, zitalak en zitalak! Behin, nik ikusi ez entzun bai, Bizkaiko herri ttipi batera hurbil omen zitezen. jaietan herriko lagunak enparantzan, gehienak ume edo haur koxkorrak, eta astiro-astiro bazetozela ohartu bai baina paperak edo botako zituztelakoan, nehor ez zedin beldur. Haiei begira, burua goiti lepoa luze... eta paperak aurtikitzen has zitezen, bertaratu hiru hegazkinetarik. Bigarren iragaldia egiterakoan... paperik ez, bonbak! Han egin zezaten triskantza! Hango hilketa lazgarria! Hiltzaile amorratu zital haiek enparantza osoa odolez gorriaraz zezaten.
Harri bakar bat ere ez zedin gera odolez zikintzeke. Han hildako haurren haragi puxkak, zipriztin! Hango ama urrikalgarrien garrasi zirraragarriak! Berrogeitaka ume erho omen zitzaten piztia doilor haiek. Jaungoikoaren izenean, gainera! Etoi zantarrak, ez bertzeak! Halako gudagizonek gizonetik ez ditek deusik; piztiak dituk, patariak dituk!
- Zuek ez zenuten hegazkinik eta?– Iñakik jakin-minaz guztiz betea.
- Guk deus ez. Kemena, bertzerik ez. Gure lurra, geure etxea zaindu beharrak indarra emaiten ziguan, alabaina, ortzitik erortzen zitzaigun suari aitzi egiteko hainbat ez. Bilbon geldiarazi genitian. Artxandan goiti igo, kantari igo gintuan, baina, han ehunka lagun utzi genian betiko lurrean hilik. Ordukoxe abesti hura gogoan zarabilat, oraino ere, kantatzea debeku dugun arren: " Eusko gudariak gara Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola bere aldez emateko..." Irrintzi bat bakarra ez, gehiago eta gehiago entzun izan zituan hantxe, eta ikurrinak airean. Zein politak!... hala eta guztiz ere, sarraskia egin zigutean, sarraskia.
- Bada, orai ez aspaldi, nik kantu hori entzun dut, aittona. Oro ez da galdua, beraz. Amak ere irrintzi luze zoliak egiten daki, ehe!
- Hire osaba Carlos, "don Carlos Maria" hobeki erraiteko, han begiztatu nuela uste diat, guduan hondar aldiz, gureaz bertze aldean, noski. Guri tiro eta tiro, gu guztiok hiltzeko grina suharrez. Gorrotoa zer den, gero! Horrek-e, aita aitzinean ikusi ukan balu bertatik bertara hil eginen zukean.
- Horren etxean, aittona, nik behin pistola handi bat ikusi nuen, horma batean zintzilik, han gizon baten argazki ikaragarria eta 'bandera' gorri-ori-gorria zabalik. Gizon hura nor den ez dakit, baina Franco daritzona edo erregea delakoan nago. Etxera sartutakoan, osaba zutik jartzen zen, burua tente, eta besoa gora luzatzen zuen, orpokada bat egiten zuen eta "Arriba España" oihu eginaz gero, bere onera etortzen zen. Aspaldi da etxe horretara joan ez naizela, ez dakit orai berdin egiten duenentz.
- Horrek-e, lehengo lepotik burua beti. Dena dela, azkenengo urte honetan nahiko burumakur ikusi ohi diat, guttitan ikusi ere. Lehen harroxko ibiltzen zuan, karriketan hara eta horra. Herriko nagusi izanki! Beribil zaharrari su eman ziotenetik ez duk lehengoa. Pagadian bakar-bakarrik ibiltzen zuan; harez geroztik, aldiz, ez diat ikusi.
- Goazen harira, aittona; nola iritsi zinen Santoña delako horretara.
- Gaizki, gaizki. Euskal Herriko hondar aldea Enkarterri daritzon hura duk. Hau ez bezalakoa duk: meatza-zuloz josirik han mendi guziak, eta lehengo harizti zaharren ordez pinudi ilunak ugari. Herri ttipiak hangoak eta, badakik, hango nehork ez zekian euskaraz! Euskal Herria izanki, oro erdaldun zuan hantxe! Gu beti bizkaitarrekin eta bertzeekin ongi moldatzen gintuan, hizkeraz bezala... to, hango euskara ez zuan gurea bezal-bezalakoa... han ez diate "erraiten" "esaten" baizik, eta "bertzea" erraiteko "bestea" haiek, eta halakoak anitz eta anitz, edo "asko" eta "asko". Baina lagun onak, adiskide zintzoak haiek eta elkar maite genian. Ohartu orduko Turtzioz, edo bizkaitarrek esaten duten eran esateko Iturriotz, herrian gintuan, hondarrean. Handik hara Kantabria, ez duk Euskal Herria, to, bizkaitar lagunen "berbetan": "Handik hara Espainia". Zer egin behar genuen, bada, guk, Euskaditik at? Hura ez zuan gure Aberria. Guk, euskaldunok, bertzeen aberrian egin behar ote genuen gudua? Nehondik nehora ez. Zeinbaitek, errepublikarrak ginelako, aurrera, aitzina jo behar genuela erraiten zian, baina ez guk. Zer genion guk euskaldunok errepublikari zor? Deusik ez. " Autonomia" eman zigutela zioaten; bai, gure foru edo lege zaharren apurrak baino ez; eta eman ere, berandu eman zigutean, francozaleak-eta Gipuzkoan sarturik zeudenean. Eta nafarrok, zer? Hobe ez mintzatzea!.
- Oraino, aittona, haserre.
- Nola ez! Gu hondartzaraino iritsi gintuan, itsasontzi batez ihes egiten lagunduko zigutelakoan. Bai zera! Saguttoa bere xuloan bezain harrapatuak gintuan. Hil ala biziko egunak. Orduan, gu Frantzia aldera eramanen gintuztela erran zigutean, geroenean, mugaz honandira berriz ere Nafarroara sar gintezen. Aha, baina amets hutsa zuan!. Bertan hil eginen gintuztela usteago nian nik. Hantxe, milaka lagun, gehienak gizonezkoak baina emakumezkoak eta umeak eta xaharrak ere beredin. Nehora alde egiterik ez, berriz.
- Bildotsa otsoaren ahoan...
-Horixe, muttilko, otsoaren hatsa sumatzen genian, usnatzen.
Baina, hoa, hoa ardi arlote haien ekartzera, hemen ez zabilak otsorik, alabaina, auzoaren baratzera sar balitez egundainoko liskarra sor liteke eta.
Iñaki ez zen berehala jaiki, baina larretik irten zuten ardiengana joan zen, larrera itzularazteko; eta berriro atzera aitonari entzutera.
Zakurra ondoan erdi-lo. Goikosoroko munaren gainean hazitako pikuondo pean luzaroko jaulkialdittoak egitea maite zuen aitonari atsegin betean entzuten zion, eta egun haretan ere halaxe. Urte askoz geroago ere, hango ele-mele mamitsuak gogoan zituen Iñakik.
Aldapan gora zetorren, aspaldi ez bezala zalu-zalu ez, baina geldiro. Arnas-estuka igo zen, hala ere. Iñigok berria zekarren.
Iñakik urrundik ikusi zuen arren ez zen goiko larrerean etxeratu, ez, egitekoa amaitu aurrez. Lehengusua ez zen lehengoa. Eskolan adixkide zuen; gero, Zaragozakoaz gero batik bat, bien arteko harremana hoztuz joan zen. Iruñera, ikastera edo, hasi zenetik areago.
Donostiara, Santomas egunean, bi edo hiru urtetan elkarrekin joan izan ziren, baina antzinako zera zen. Hamar bat urte, bai, baziren,ordurako Iñaki Donostiaratu ez zela. 'Soldadutzara' joan beharra, eta haxe gogorrena.
Etxeko atarira heldu baino lehenago ikusi zuen izebak sukaldeko leihorean. Deitu beharrik ez zuen, baina eup! ozen batez, hela! bigarrenez, dei egin zien etxekoei. Izebak sartzeko.
- Zer berri, Iñigo?
- Arratsalde on, izeba, zer moduz? – ilobak amultsuro.
- Hemen ongi, eta zuek?
- Ongi erran behar. Aita dabil gaizkien.
- Horrek-e, buruan, buruan dik gaitza. Sendo itxurak ditik, baina buruan kixka dik horrek – izebak zer zioen ongi zekien.
- Bai, horixe. Beldurrez bizi da. Etxe-zulo bihurtu da. Nik Iruñera alde egin dezala aholkatzen diot, baina ez dit jaramonik egin nahi.
Badakizu, horrena beti neu nagusi edo muturrak hautsi izan da.
- Gure aitona zenaren jite berekoa. Lehenbiziko emaztea hagatik hil zelakoan nagok ni. Lanaren lanez emakume ahula gaisoarazi zian.
Gizon auherra ez zuan, baina makila erabilten mutila zuan, zahartzaroan ere bai. Etxeko lanak egin behar zituen emakume hura nik ez nian ezagutu, baina bost haur ere hazi zitian eta ez zuan erraza. Amona gaixoa! Ukuiluko behiak harexek bazkatzen zituela esan beharrik ez. Aitona baso-lanetan eta aste osoan etxera bagerik, sarri. Berrogei urteko zela hil zuan. Bigarren emazte bat hartu zian, bai, baina honen bizitza behin baino gehiagotan jaulki izan dizuet, bai, eta isil nadin, behingoz.
- Bada, zure neba horrek ere, izeba, horrela pentsatzen du, hots, makila bagerik ez dago bakerik erran ohi du eta, beraren esku balego, berriro gudura joan beharko genuke. Ez du ezer onik ikusten, berak bezala nahi ez dutenengan.
- Hori ez duk berria. Beti horrelakoxea izan duk. Gainera, kanpokoa maiteago beti horrek. Gaztetan, gogoan diat, udaldean herrira 'madrileñoak' etorri ohi zituan, bai; galtza zuri, alkandora dotore, kapela beltz, oski distiratsu, itxura ederdun askoak, eta hara!, haiekin beti hire aita, harro bai harro, zituen zapata beltzik onenak, alkandora zuria, eta txapel gorria noski, nabarmen jantzita! Ikustekoa zuan, bada, orduko, "Carlos Maria de Chapartégui". Orduan hasi zuan, bai, 'de' hori gehitzen eta. Nik bertzela ikusten nian, zera, barregarri, baina, tira, nork bere itzala dik.
- Orai ere halaxe ohi dabil, Burgos aldean ororen ezagun, bata markesa dela bertzea koronela dela, urlia ez dakit nongo lantegiren ugazaba, sendiak ministerio batean lan egiten duela, halako adixkideak dituela erraiten dit. Ez da ez, jende arruntarekin ibili-zale izan nehoiz. Halako haiek, berriz, 'chicarrón del norte' honekin jolasean pozarren. Txotxongilo ederra eginik dabil zure neba, izeba, handiki-mandiki haien atzean.
- Bai zera! Horrela mintzo haiz hire aitaz? Horrek ez dik otsoen artean ere ahamenik galduko. Gainera, zera, hango lurretan sail zabalak erosi omen ditik; egia ote? -Bai, egia. Lur-sail bat zabal-zabala erosita daduka. Etxe berri bat eraikitzeko asmoa du. Ez erran nehori, izeba, ez eta nik jakitera eman dizudana ere, ez du nehork jakiterik nahi eta. Oraikoz sail hutsa da, ezkai eta antzeko belarrez jositako eremu idorra, garia ere hazten ez den alor harritsua. Hemengo hezea baino hango lehorra hobea omen da, aro osasuntsua omen hangoa eta.
- Hori baizik ez bada. Nik...i, zerttobait gehiago entzun diat.
- Herri honetan erranak eta merranak zalu dabiltza – Iñigok ez-jakinarena egin nahi.
- Zurrumurruak, bai, baina sarri egia zakartek. Horrek ez dik inor bere burua baino maiteago. Ama hireak ere horrekin bai gaiztoto jasan behar ukan zian, zendu zen arte.
- Tira, izeba, badakizu nola erraiten dioten han Burgos alde haretan? Bada, 'Urtain' izenordea eman diote – Iñigok hitzez beste egin nahi zuen, nolabait.
- Zer dela eta? Ukabilka ibili al da? Gazterik bai, azkarra zuan. Behin, ez zakiat zer zen – hauteskundeak edo halako zerbait izanen zuan, nonbait – tabernan herritarrak ez ziren gazte mendizale batzuk egarria berdintzen bertan, eta jertse batean euskaldunen ikur bat omen, hots, ikurrina. Hire aita eta beste adiskide batzuei ez zitzaiean, noski, gogoko. Ikusi eta berehala jaiki zituan gure txapelgorri harroxkook eta, hitzik esaten hasi aurretiaz, ukabilka eraso zietean bake-bakean zegozen mendizale gazte haiei. Batari makila kendu eta makilka jo zitean, besteari esku-zartako gogor batez hire aitak uzkaili zuela esan izan zian, berak harropuzto; hirugarrenari jertsea erauzi zioaten eta karrikan bertan su emanaz erabat kiskali zitean. Halako mutilak zituan, bai, hire aita eta adiskide minak. Gero gudua piztu zitean eta latzagoak ikusi genitian ikusi, ala Jainkoa! Orain zer? Orain beldur? Orain berak egin zuena berari egin ahal diezaioketelako beldurrak jota dago ala? Orduan, bai, orduan Urtain zuan, edo Uzkudun zuan, noski; eta nola amaitu ziren hauek?
- Bai, izeba, haiek ere halaxe ibili ziren, txotxongilo antzera, artasoroko izugarri batzuk bezala; baina baserriko esneaz hazitako batzuk hiriko mamiaz ase eta bete ondoan ok egiten dutenean, pozezko lerdea darielakoan, harro eta putz geratzen dira. Eta ingurukoek "viva"-ka eta " arriba"-ka egiten badie are putzago lehengo basati oihes hiritartu berriak. Urtainek bere burua balkoitik behera egotzi zuen eta zeinbait hemengo kaskarin ere halaxe dabil, espaloia odolez zikindu nahian.
- Hire aita bat. Guduan nahiko ez, antza, eta gudu ondoko berrogei urtean alkate izanik nahiko ez, antza, eta orain berriro beste gudu bat piztu nahian zabilak, antza.
- Ez, izeba, nahi bai baina ahal ez. Zahartasunak hori du: nahi eta ezina maiz.
Hala solas barean izeba-iloba ari zirela, Iñaki ataritik goiti sukalderantz. Lehengusua aspaldi etxera bagerik eta hantxe, mahai ondoko txokoan lasai eserita, amarekin berriketan. Ez zioten elkarri agur berorik egin. Hitzetan urria zen, eta are urriago herrian lehengusuaz zerasatena aditu eta gero. Esamesak ugari, herri ttikietan areago, eta Iñigo, herritik aspaldi aldendua, azken aldietan askoren aho-mihitan zebilen. Iñakik ondo ezaguna zuen. Izan ere, lehengusuaz gain adiskide zuen, umezaroan bezala nerabe zirenean ere bai, aldiaren aldiz adiskidetasun hura hozten eta urritzen joan zen arte.
Eskolan ere, alkatearen semea zelako, beti irakasle zamorar haren begi ona zuen. Berandu iristen bazen ere, ez zion ahakarrik egiten, beste batzuei ez bezala. Behin, zigarroa erretzean, harrapatu zituzten lau-bost haien artean Iñigo ere bazegoen arren, zigorrik jasan ez zuen bakarra bera.
Gorrotxak bai. Beti ahoa bero eta, beti eskuan zartakoa jaso behar zuen lehena. Maisuak latz hartu zuen, eta erruki handirik bage jo ondorean, astebeteko zigorraldia ezarri zion, hots: aste osoan bazkaltzera joaiteke eskolan geratu beharra. Erdaraz mottel xamarra zelako, gainera, egunoro ehun aldiz "Debo aprender castellano adecuadamente para poder expresarme con decoro" idatzi beharra ere bai. Beronek zer esan nahi zuen' ez zuen inoiz ongi ikasi.
Iñaki ez zen egun haretan eskolara joan. Egia esateko, ez zuen biziki gogoko, eta azkenengo egunetan are hotzago zebilen ikasterakoan.
Aitak agintzen ziolako, bestela ez zen usu joanen; irakasle kopetilun, betaurrekobeltz, luzanga harekin ez baitzuen onik izaiten.
- No quiero volver a oírle hablar en vascuence, Ignacio María – egotzi zion maisu harek sumindurik antzo, karrikatik sartukeran, eskolako atean, Arruziribaiko atso zaharrari agur esan zion batean aditu zionean. Ez zuen berriz ere eginen, esku-ahurra zabalik eman zizkion urritz makilazko zartada mingarriak ahantzirik ez zituen eta.
- Hik, berriz – esan zion ikusi zuen hurrengo aldian Iñigori Gorrotxak – alkate jaunaren semea haizelako noski – ahal zuen erdeinuzko hizkera amorrutsuaz aurpegiratu zion – ez duk inoiz zigorrik 'irabazten', kakaztooo satsu horrek!
- Kakazto hi haut, ardankume lotsagaldu hori. Hire etxean horditurik ez zaudetenean elizako ezkilak hil-zeinua egin beharko likek eta – Iñigok ihardetsiz.
- Hago isilik, zartako bat nahi ez baduk; hi aitaren uzkitik sortu hintzen eta. Aitarik ezean hi kikilu hutsa haut. Baina 'zamorak' maitehauuu! Alotz hori! Aladzipo eta zakil-mehee! – Gorrotxak irainka eginaz.
- Hik ez duk urrutira joko, ahozikin! Gorrrooo baino ez duk hik! – Iñigok kikildu nahi ez eta ihardukiz, pindarka.
- Gorro eginen diat, bai, harroxkila jar bahakit, ergel hori, putz eta huts baizik ez haizen hori. Jainkoilo! – eta ukabila erakutsi zion.
Iñigok zapuztu nahi bai, baina Gorrotxa handiagoa txit, eta gogoari aitzi egin behar ukan zion. Indarrez Behengoan bizi zena nagusi.
Iñigo makur eta isilean aldendu zen. Harez gero eta beste antzeko batzuez gero, elkarren arteko herra gero eta gero sarkorragoa.
Gorrotxa ez zen isiltzen dakitenetarik. Aita zuen halakoxea. Tabernan ohizago soroan baino.
Behengoa etxe ederra zen, soroa ere zelaia; ibai ondoko elgea, berriz, uhaitz handia gertatzen zenean urpetzen zen, baina lurra ere aitorra, eta aldapa polita etxeko andere maratzak narotzen zuena. Ez zen zaharra, Uhalde zaharra zegoen lekuan eraiki berria baizik.
Gorrotxategi-tarrak maizterrak ziren. Guduaz gero bertan bizitzen jarriak. Seme-alaba guztiak bertan jaioak.
Jabea, azken bi-hiru belaunalditik, Madrilen bizi zen sendi aberatsa. Urtean behin, hala ere, herrira ohi eta, Sanpedrotan alkatearekin bazkari egitekoa ekandu bihurtu zuten. Maizter-saria jaso ere egun berean. Ybarra jauna, beraz, – Iñakiren amak esan bezala – 'madrileño' haietariko bat, herrian ezaguna zuten. Uda guztietan, egun bakarrean bazen ere, hantxe agertzen zen, arrullo bere janzkera zuriarekin.
Gudua hasi aitzin ere – honela esaera eta egia eskierki – hala ibilten omen zen, gazte izanki, Madrilera ihes eginda, hiriburu handiko aberatsen artean. Beste esaera batek zioenez, gudurako iskilu batzuk haren diruz-eta erositakoak izan ziren, eta Iruñera ekarriak, Carlos erregearen aldekoek erabil zitzaten.
Hamar bat urte zuen orduan. Etxearen jabeak, epaile baten bitartez, etxea hustutzeko eta uzteko agindua helarazi zionean. Sendi osoak, bizi zen etxetik, beraz, alde egin beharra zuen. Gorrotxa orduan gazteegi zer gertatzen zen ulertzeko, baina aita egundainoko amorru gorriak jo zuen. Ama ere negar batean. Etxean lau seme eta bi alaba, ziren guztiak haurrak. Lehenbiziko aldiz aita negarrez ikusi zuen.
Ezinaren ezinez negar egin ere. Etxerik ez eta nola bizi ahal izango ziren eta kezka larriak guztiz jota aita bezala ama. Madrileraino ere joaiteko asmotan zebilen, Ybarrarekin aurrez aur hitz egitera, baina harako dirurik ez. Apaizarengana jo zuen, laguntza eske (izan ere, don Justo' Madrilgo Ybarra sendiaren adiskide mina zen) baina zerbait egiten saiatuko zela adiarazi arren, egin ez zuen askorik eginen.
Harik bi ilera, epailearen aginduz, 'guardia civil' batzuk agertu ziren, eta berrogeita zortzi orduan etxea betiko utzi beharra zuela jakitera eman zioten. Aitak atean hartu zituen. Seme-alaba guztiak inguruan. Ama etxe barruan negarrez geratu zen.
Uhalden bizi zirela hirugarren belaunaldia zen aitarena. Etxe zaharra eraitsi eta Ybarra-tarrek berria eraiki zutela berrogei urte, doi-doi. Behengoa izena ezarri zioten. Lehenagoko jabea, guduaz geroko urtean, Ameriketara joana zen, eta bertan ondo jarrita, nonbait, itzultzeko asmorik ez, eta etxea saltzea erabaki zuen. Merke-zurrean saldu zuen arren, Gorrotxategi aitak ezin erosi ukan zuen, Ybarra sendi aberatsak sal-neurria goratu baitzuen.
Ez ziren, noski, Madrildik Behengora bizitzera etorriko; etxearen jabegoa besterik nahi ez zuten, egunerean baten, agian, orube zabal zelai haretan, etxe handi batzuk eraikitzeko eskubidea ukanen zutela eta. Jabe erosle berriak etxea berriztatu nahi zuela adiarazi zionean Tiburtziok lasaitu ederra hartu zuen, zeren, orduan gazte eta gurasoak hilak, jaio zen etxean bizitzen aurrera egin nahi baitzuen, ezkonduz gero ere bai.
Uhalde zur-harrizkoa ez zen oso erosoa, baina maizterrak izanagatik ere hagitz maite zuten Gorrotxategi-tarrek. Basoko lanak eta etxeko abere zein lur apurrek emaniko diruaz ozta-ozta bizitzeko lain, baina urteroko maizter-saria ez zuten inoiz zorretan utzi. Etxea berriztatu ondorean, ugazaba berriak saria goratu zion, baina ez ordaindu ezinezko era bateraino eta Tiburtziok eutsi egin zion berea bailitzan maite zuen etxeari.
'Guardia Civilak' agertu zitzaizkionean, ezuste ezinago latza hartu zuen. Berrogeita zortzi ordu etxetik alde egiteko. Hauxe agindua.
Epaileak egina, baina Ybarra jaunaren eskaerari jarraikia. Hainbat urteren buruan urtekaria ordaindu eta gero hau! "Nik banekian, jakin ere banekian! Holako jaunxkila jende horrekin ez zagok gauza onik ez egonen ere nehoiz, arraioak ez badu! Ez ditek hitzik. Ez ditek bihotzik – zirautson bere buruari Tiburtziok, Ybarrari zion gorrotoak barrenean zirakiela – Uhalde erosi zian; zaharra eraitsi eta berria eraki zian, eta orai zer egin nahi du txatxu finola horrek? Eta zer dela eta gu etxetik bota behar gaituen, zer dela eta abaztorratu behar gaituen gu? Horrek ergel horrek dirua ikusi dik, nonbait. Ez dik bertzerik ikusten. Horrako horrelako horiek ez ditek bertzerik ikusten, sosa baizik!Arranopola!".
Zergatik alde egin behar zuten ez zuen igini inoiz Gorrotxak. Aitak zerbait esan ei zion behin alkateari, tabernan mozkor ez baina txolin zegoen larunbat ilunabar batean. Alkateak ukabilkada batez uzkaili zuen. Tabernan beste lagun batzuk zirela eta gaitz erdi, bestela Carlosek gaizki joko zuen. Tiburtzio aurpegia odoletan etxeratu zen.
Liskar hura herriko jaiak hasi baino egun batzuk lehenago gertatu zen. Ybarrak ez zuen zertan sartu, bi gizaseme zakar haien arteko intxan edo ezinikusian. Alkatea, aldiz, aiherkorra zen. Ybarra jauna, gainera, gudu garaietarik Carlosen adiskidea zen.
Epaileak argiro idatzi zuen – "De conformidad con la ley, por la presente doy órden a los agentes de la autoridad para que hagan efectivo el desalojo de la casa denominada Behengoa, sustanciándose de tal guisa la solicitud formulada por su legítimo propietario D.
Jorge de Ybarra y Chávarri"– eta 'guardia civil'-en kapitainak hala irakurri zion, Tiburtzio Gorrotxategik ez baitzekien.
Alperrik esan zien, esan, eta, garrasi batean esan, bera jaio zen etxea zela; bizitza osoa bertan emana zuela; seme-alaba guztiak hantxe jaio eta haziak zituela, haurrak ziren semeak eta haurrak alabak...
- Nozotro debemo cumplí la órden del zeñor juez – eten eta azaldu zion 'guardia civil' batek.
- Mal kues es ese que tira de su casa a la familia entera – ihardetsi zion, suminez gorritua, Gorrotxategik aur-aurrean zuen bibotedun gizon zardin hari.
Seme-alaba ttikiak ondoan eta biharamunean non bizi jakin ez. Abereak, haltzariak, lanabesak, zer guztiak zertu behar zituen, atera alegia, norabaitu behar zituen; etxea ez baina barruko guztia berea zela eta. Etxea hustutzeko aste beteko epea eskatzera ausartu zen.
'Guardiak', astea ez, egun bat eman zion, hura guztia atera eta etxea hutsik utz zezan. Epaileak agindu eta bete beharra zegoela.
Etxegeturik beraz. Hainbat urtetako biziera egun batetik bestera eten zen. Mendeku edo aiher bategatik etxea kendu zien. Aiten aitek hautatu zuten etxetik, gorrotxategitarrak erauziak izan ziren, berrogeita zortzi orduz eta betiko.
Bere seme-alabak hartu eta nora joko zuen, eta apaizaren etxera, lehenik, gauean non lo egin ez zutela eta.
Apaizak ez zion harrera onik egin, leku egokia eta adinona ez zela adiarazi zion. Tiburtzio ez zen elizkoia izan inoiz; baina mesede larria eskatu behar zitzaiola eta, burua makurtto bazen ere, gau batez seme-alabak, bederen, etxean har zitzan galdegin zion. Apaizak beltxuri:
- Aspaldi handian ez zaitut ikusi elizan, eta orain mesede eske zatozkit? Zu bai zarela guraso txarra! Nola hazi eta hezi dituzu seme-alabok elizara bagerik? Ardotan xahutu duzuna aldaratu izan bazenu dirutan! Gau honetan baino ez, baina, zure haurrok nire etxean lo egin ahal ukanen dute, Jainkoari eskerrak; eta zuok, berriz, zoazte Gorostitzagoikora, gau bakar batez, behinik behin, ostatu emanen dizuetelakoan nago eta. Bihar Goiko Jaun errukiorrak jakinen du zer egin – erauntsi eta bidali zituen aita-ama biak.
- Jainkoak ordainduko dio berorri, don Justo – itzuli zion Gorrotxategik.
Seme-alabak apaizarenean utzirik joan zen, emaztea ondoan, ez ahapeka hitz gogorrik esateke, apaizaren erasia haiek entzunik. Elizara joaiten ez zena egia zen, baina haurrak beti ondo zaintzen ez zituenik ezin esan zezakeen inork. Gosez, bederik, ez.
Bakarrik izan balitz, Ameriketara joko zukeen, baina emazte eta seme-alaba ttikiekin nora joanen al zen eta buruari bira eta bira ari zitzaion, zitezkeen eta ez zitezkeen gogoeta guztiak burutara, eman ahala eman gogoak.Etxeaz bagetu izanaren errua alkateari egozten zion. Izan ere, elkarren arteko herra aspaldidanikoa zen. Gorrotxategik ez zuen 'tertziora' sartu nahi ukan. Uztailaren hemeretzian oihanera igo zen, eta aste bete eta erdian hantxe altxaturik egon zen, ezkutatua. Herrira jaitsi zenean, herriko gazterik gehienak alde eginak ziren: batzuk gudatokietara; beste bat baino gehiago Ameriketara, gudura ez joaitearren.
Gorrotxategik ez zuen inora alde egin nahi, areago gudura joan. "Ze tertzio eta ze mertziogatik behar diat nik nehor hil, ezer ere egin ez badit? " – zirautson bere buruari. Carlosek ez zion inoiz barkatu halako, bere eritziz, koldarkeria. Gorrotxategi ez zen koldarra.
"Bizia? Zergatik kendu behar zioat nik nehori bizia, niri nehork kentzerik nahi ez baitut? Eta bizia eman? Nori eman behar zioat nik neure bizia, neronena ez bertzerena diat eta. Emaitekotz, amari ez bertze nehori eman beharko nioake, harexek eman baitzidan eni " – zirautson.
Egunen baten aurpegira egotziko zion. Ukabilkada samina eman zion baina etxea kentzea bezain saminik ez, inola ere. Bazekien alkateak lagun indartsuak zituena, Iruñean ez ezik Burgos aldean ere, izardun gudamaite gogorrak; baina herrian gero eta adiskide gutiago alkate elkorrak.
Behia saldu zuen. Hamar bat urte bazuen etxean, eta xoil maite zuten etxeko guztiek Usoa esaten zioten txuri-beltxa. Hogei bat ardi ez zen artalde ugaria eta mendian alhan utzirik bizirik iraunen zuten. Hurrengo zeian etxeko tresnak eta ahal zuen guztia salduko, eta diru-poxi bat eskuratuko zuen, eta seme-alabei jaten, behintzat, emaiteko lain edukiko zuen. Etxe edo antzeko lekurean baten bila hasi beharko, lehen baino lehenago.
Apaizak gau bakarrean eduki zituen. Hurrengo arratsean, abaldu aitzin, seme-alabak hartu eta Gorostitzagoikora eroan zituen.
- Ez da zertan, Gorrotxategi, Jainkoak hala nahi ukan du eta ni nerau Haren morroi zintzoa baizik ez naiz.Harexek ekarri dizkit zure umeak nik zain ditzadan eta egin egin dut, Haren nahia egin ere bai. Orain zoazte denok bake onean. Eta zu aita zaituzten aldetik, bide onera itzul zaitezen otoitz eginen dut, kartsuki egin ere, Jainkoaren grazia eskatuz.
Gorrotxategik eskerrak eman zizkion. Umeak atzetik, bidean aurrera joan zen, elizako ate ondoan apaiza begira gelditurik. Eskuinaz airean gurutzea egin zuen, baina Gorrotxategik ez zion ikusi, gibelera so egiteke baitzihoan, hatsez mintzatzen, mar-mar-mar. Haserre gorritua, burua makur, maizter izanik ere, bere-berea zuen etxetik botata. Alkateari eta, bide batez Don Justori errua egozten zien, biak ala biak Ybarraren adiskide minak ziren eta.
Gorostitzagoikoa urrun zegoen arren, laster iritsi ziren. Gau hura eta beste anixko gehiago non gozaro eman' bazuten. Sabaipe bat behintzat edukitzea gauza handia. Eta harik aitzina Bordaxaharrera.. Ez zen etxe, txabola izanagatik, bizitoki eroso ere ez; alabaina, hantxe, sendi guztia bildurik, ortzipe hutsean baino hobeki. Gorrotxategik hala nahi ukan zuen.
- Bai, Margari, eskertzen dinat, bihotz-bihotzez, baina ezin gera gaitezken hemen. Hau zuen etxea dun. Gu, berriz, honenbat gaitun: ez dinagu zuentzat poxelu ez sostor izan nahi. Borda nahikoa ukanen dinagu. Bordaxahar ez dun handia, ez dun erosoa, baina guretzat nahikoa, bizi ahal izaiteko nahikoa. Ni etxegetua izan naun, baina ez duingetua – Gorrotxategi arlote samarra bai, baina harro bezain esker oneko zintzoa beti.
Iñakiren ama, inor ezer bazen, huraxe zen eskuzabala. Aitona ere halakoxea zen: "Etxe honetan nagusi Jaungoikoa da" esatea maite zuen, eta "euskaldunak euskaldunari lagun" gehitzen zuen sarri.
- Gu Aitorren semeak gaituk, Tiburtzio – esan zion ilunabarrean su-txokoan hitz eta pitz ari ziren batean, Iñaki eta beste ume guztiak adi-adi zegozela.
- Ez dakit, ba, Juan Bautista, nor den Aitor hori, baina zerorrek nik baino askoz gehiago dakizu, eta horrela dela badiozu horrela ahal duzu! – Tiburtziok apal-apal, begirune handia baitzion zazpi urtez espetxean egondako agure maitagarri hari.
- Gu, euskaldunok, lurralde honetan sortuak gaituk, duela milaka urte. Guk ez zioagu nehori lurrik kendu, eta ez gurea nehori ken diezagula utzi ere. Aitzitik, Tiburtzio, beti eta beti ttipiago gaituk. Bat egin behar diagu, beraz, elkarri lagundu behar diagu, bizirik iraunen badugu. Honek ziguk, honexek, indar emaiten. Baina barruan harra zadukaagu. Min bizia, Tiburtzio, min bizia! Artzain bertsolari bat bazen hauek egia hauek guztiok ongi baino hobeki erraiten zekiena.
- Zein diozu, aittona, bertsolari prantses txapeldun hura? – Iñakik galde egin zion.
- Ez, horixe! – haserre laso aitonak ihardetsi – Ez duk prantsesa, nehondik nehora! Hortxe zagok harra, hortxe gure mina eta bizia! Euskaldunak euskaldunen etsai ote gara? Ez, hori ez, hori ez! Hik prantses erran duan hori gu bezain euskalduna duk, gu bezalakoa, hots, euskalduna! Mugak gaitik zauritu. Baina zer da muga hori? Mendian den marra bat ote? Ez! Gure barruan hazi den harra bat duk, gure buruan sortu den lupu bat, gure bihotza hilko duen mingaizto bat duk. Ondikoz, euskaldun gehienak egun euskotar huts bilakatuak ditiagu, ez ditek olerkari harek erranikorik ulertzen. Geronen hizkuntza bera ere muga bihurtu zaiguk!
- Holaxe, bai, Juan Bautista; ni Afrikan ibili nintzenean – Gorrotxategi gaztaroko gudatea gogoan ari zen – bizkaitarrekin ezin burutuz ibili nintzen, halako hizkera zaila nork ulertu! Eta, bizkitartean, lagun onak, zintzo askoak, bizkaitar haiek. Zeinbat hitz ikasi nuen nik haiekin! Eta, hala ere, gu naparrak haiek bizkaitarrak, bertzeak giputzak... arranopola!
- Horixe duk, Tiburtzio, horixe gure soinean sortu den minbizia, edo bizkaitarrek dioten eran erraiteko biziena, hots, bat ginenok anitz bilakarazi gaitiztek, anitz eta sarri elkarren etsai edo arerio. Erromak asmatu erranairua duk " banandurik etsaia gurea da garaia", eta zein egia larria geurean!
- Bai, holaxe, eta " zakurrak ahakarrean direlarik otsoak ardiekin bazkan" esan ohi dugu – amak ele sartu zuen.
- Zu, Juan Bautista, nola itzuli zinen, zazpi urtez gero, Gaztelatik gure mendiotara berriz ere? – Tiburtziok jakin bazekien baina beste behin entzun nahi zuen edo.
- Ni Burgos alde horretan, Miranda izeneko herri tarroxko batean eduki ninditean preso. Lan eta lan egun osoan, eguzkitik eguzkira, katea orkatiletan lotua. Ai, nafarrok, nafarrok, egun eta beti kateekin! Bide bat ireki behar genian.
Arrats batez, apalean, nire bila zaindari bi. " Ven con nosotros, te ha llegado la hora de la libertad" erran zidatenean, lurra ikaran hasi zitzaidaan, halako askatasuna zer zen bai bainekien, jakin ere ongi, bertze batzuk nire aitzinetik askatuak izan eta hilik agertu omen zirelako albisteak behin eta behin iritsi izan zitzaizkiguan eta. Gudetxera joan behar nian, haiekin, nire pildak bil eta alde egitekotan.
Jeep batera igoarazi ninditean. Bidean trinko-tranko gindoazela – harritsua bidea – manguna batean, dapa!, jauzi egin nian eta, iluntzean, ihesari eman nioan. Zaintzaileak, aitzineko aldean, ohartu ere ez. Baso sarri batera sartu ninduan, basurdeaz bertze nehor ibiliko ez zen lekura. Nire bila hasi zirelakoan, halarik ere, ni ibili eta ibili, eta nehon gelditu ez ninduan. Eta iparralderantz beti. Laster gau betea eta ez aitzina ez gibelera. Lo egin behar nian. Gaua hotza. Loak, noski, ez nindian hartu, eta goiztirian, argia urratu orduko, hartzara, arinik arin ibiltzen. Urrunxko herriño bat urkusi nian. Zortzi-hamar bat etxe baizik ez, soro gorriz inguratua. Beldur ninduan.
Geure herrian berean etsai. Etxe gehienetan, gainera, zakurrak atezain, eta hurbilduz gero isilik ez zituan geratuko. Baina, gose ere ninduan! Hara!, basaranatze bat eta ale gorbeltzez betea. Garratzak en garratzak. Baina gosea bera jaki, eta nehoizko gozoen izan zitzaizkidaan, eta ase arte mauka-mauka irentsi nitian, ahurtaka bil eta ahoratuz.
Gauaren zain. Itxaron behar nian. Nengoen muinotik herrixka haretako sarbidea garbiro begiztatu ahal nian. Urrundik bi argi orizta, eta ibilgailu bat zetorrela ikusi. Txapel gorriz jantzi gudu-janzkerako bi gizaseme sendo jaitsi zituan. Arabako foralak nitian. Beharbada nire bila zebiltzaan. Heldu ziren bezala alde egin zitean.
Orduan elizarantz hasi ninduan, bide-zidor batean zehar, ea apeza edo ediren. Nolako gizona zen ez nekian baina bertze aukerarik ez.
Gure herriko Martintzar apez zaharra bezalakoa izanez gero, ez nian laguntzarik jasoko, ez nehola ere! Ez nian uste ukan nehork ikusiko ninduenik. Elizaldean arkupe ttipi bat, eta, hara!, gizona bertan, ene begira zegokeen antzera. Ez zuanapeza. Eliza ondoko etxean bizi zen gazte sasoitsu ha, basoko bazter hezeetan ziza-zun ibilita, nire etorreraz ohartu zuan. Nolako nongo zer nintzen ederki antzeman zidaan. Ni susmotsu. Hitzik asko ez genioan elkarri trukatu. Etxeratu nindian. Aspaldian ez bezala, oparo aigaldurik eta ohe bigunera sartu ninduan, bai eta loak berehala hartu ere.
Igande eguerdian herritar guztiak elizara zituan. Ni etxe barruan. Leihotik so. Mezatatik itzulitakoan, nire laguntzaile gaztea urduri sumatu nian. Atea itxitakoan ele-apalean mintzoz:
- Kontuz ibili behar dogu. Miñoiek erretoreari' bazterrotan han-hor-hemenka iheskari bat dabillala esan deutsoe, makis gorri oso arriskugarria izan leitekeana. Auzoko guztiai ondo begiratzeko agindu deutse, bide zein alor guztietan, iñoren zantzurik hartzearren– adiarazi zidaan, sukaldean baina leihotik landara begira lotsaz bezala mintzatuz. .
Apezaren beldur zuan. Eliza barrutik herri osoa begiz hartu ahal zian eta, arrotz izan zitekeen baten bat etorriz gero, harek, sotana beltz eta bihotza beltzago zuen harek, laster antzemanen zioan, eta miñoiak ez baziren 'guardia civilak' izanen zituan haren atzetik, harrapa arte.
- Hori erretore hori "erreketeakaz" ibili zan; eta, oraindaiño, gorriak elizara erretzen etorriko jakozala dago. Sotanapean, txispoleta daroa, pistola. Zu ikus bazaitza, galbidean zagoz, eta neu bere bai" – mutilak berriro ahopeka, etxearen barruan geundelarik.
Hurrengo goizean kamioi bat etortekoa zela, eta galtzu-balak eraman behar zituela, eta erne egon nendin.
- Euskaldun batzuk (mutilak vascongados esan zion) lasto eske datoz. Esango deutset ea zu eroaiteko gerturik dagozen. Nik eskuaz keinu bat eginaz gero, zu atera zaitez, tarraz kamioiragino, eta sar zaitez fardoen artera – erran zidaan, galerri baten ondoko karkaba edo pezoin antzeko arroilaxka mehe batean utzi ninduenean.
Orduan, zizpa eskuan eduki ukan banu, galeperrez ederki beteko nikean golkoa, bai haxe! Hango bazterrak, galtsoro ederrak eta, leku ezinago maiteak zitizten, bai, hala galeperrek nola erbiek. Halatan nengoela, aldiz, mutil sendokote harek keinu bat egin zidala ohartu ni: belarri ondoko ilea igurtzi zuelakoa.
Kamioian sarturik, aditzen nien hizkeragatik bizkaitarrak zirela jakin nian. Egia erraiteko ikusi ez nitian ikusi, ezta haiek ni ere. Aldats batean beheti zihoala ohartu ninduan, tarrantaka; manguna askoko bidea zuan, geldiro-geldiro. Gero abiadura bizkortu eta luzaroan ibili ondorean, ordu batzuk bai, gelditu zela sumatu nian. Non ote nengoen? Non eta hiri handi batean, Bilbon hain zuzen, hiritzar osoa ikusterrean zegoen zazpi-zortzi etxe zaharreko auzo batean.
Ni han guduan ibilitakoa ninduan. Zazpi urte geroago, zer zen hura! Goitik beha eta oro etxe zantarrez ihaurria bezala. Sakan ez, zulo handi-handia zuan, bata bertzearen gainean, nahaspila batean, etxe tiki eta handiak, lantegi herdoiltsu eta jauregi apainak, ke mordo beltza goiti iraizten zuten dorre luzeak eta erdi-erditik, ibai uhar zabalean itsasontzi erraldoiak, anabasa betean zeduzkan botxo kankaila.
Bilbo bertze mundu bat zuan!
Nik Donostiara nahi. Aldatsean behera, kale zikinetan barrena, geltoki batera heldu ninduan. Kale haietan ez nenbilan arrotz-kalean.
Jendea hara-hona, batzuk emeak bertzeak arrak, oro batera eta bertzera, nor bere zereginetan, hemen isil han azantza, beharginen eta lanean. Itsasontzi heldu berrien sirena-hotsak urrundik; lantokietako ukaldi-asots burdinazkoak asagotik; dendetako hitzaro eta marmarrak hurretik... oro ibilian zebilela, oro geldiezina. Ardanetxeak ere han-hor-hemen, eta barruetatiko ele ozenak entzungai. Ez zuan algararik baina birao eta atrakala hotsik bai. Ateak zabalik eta ke-laino zikinetan barrualde guztiak. Aspaldi euririk ez eta kaleak lehorrak. Kantoietako karatsa nabarmenago, are, sargori baitzen, uda betezko beroan. Ibai alderago eta karatsago, galerri ondoko eremu idorretan zazpi urtez egon batentzat itogarri.
Geltokira ninduan eta hainbat gizakumeren artean ni arrotz. Jende aldrak bazituan han! Gehienek lepoan zorro bana. Handi nahiz tiki, nork bere zisku edo zaku edo bazekarran. Han zuan iskanbila! Nik, berriz, hango hizkera ulertu ez, ia-ia; nahiz eta zazpi urtez gure mintzaera xahar garbia behin ere ez entzun. Geltokiko barru larri haretan, hango burrunba betean, gure ardien marraka irudi, ni bakar-bakarrik gizaoste haren erdian.
Noizbait trena heldu zuan. Bizkaiko gudariekin ibilirik bultzia zela ikasi nian. Sartu ninduan, eseri, egon, eta hasi zuan, traka-traka-traka!, binbilika joaiten, haratzen. Bagoia lagunez gainezka. Jarlekuetan batzuk, zutik bertzeak.
Ni, ihesean ibilita ere, hango jendetza haren barruan, ikusgaitza ninduan. Beharginak gutiz gehienak, luginak gainerakoak, edo bertzela erranik, oro nekazaiak. Kamioian nire ekarle izan zirenek eman janzkeraz ni haien artean behartsu antzeko bat, bertze bat ninduan.
Isilik, eta begiak txapelaz erdi-estaliak, susmagarri izan zitekeen ezer ez neramaan. Zorro bat ere ez. Ene ondoko jarlekuan, berriz, bi emazteki, gauzez kargatuak: zisku handi bana beso banatan: oilo bizi bat ageri; piper-landare sorta ederra bertzean; oihal batzuk ikusgai, pildak... ziskuak sabel-sabel eginak.
Txutxumutxuka bezala, bi emakume haiek gure hizkeran zihardutela ohartu ninduan. Ni beti isilik. Nik bezala, ondoan zutik zegoen bertze gonadun arlote itxurako tximajario batek ere bertze biei entzun ziean. Hantxe, ahots goraz, harrokeriaz ok egina legez, haiei so eta, behingoan: "Oye, vosotras, es de mala educación hablar en vascuence" iraitzi ziean, gezia josi nahiaren antzera. Ni isildu egin ninduan.
Hango nongobait baserritako emazteki biak isilean, ezer ez erantzun eta, begiak behera. Iritsi behar zuten geltokiraino elkarri txintik erraiteke joan zituan. Haien lekuan jarri eta erasiaka erauntsi zien gangarrak, buru-eritziz hanpatua, hartzara: " ¡Habráse visto estás aldeanas!, ¡que poca vergüenza!: hablan en vasco. ¿No saben que estamos en España, o qué?". Ni isilik. Zer eginen nuen, bada? Zerbait erranez gero han berean salatua izaiteko arrisku. Harrapatu eta berriz ere 'batallón de trabajadores'-era? Ez. Gaizkiago: ihes egina eta zigorra anitzez larriagoa izanen nikean. Emazteki zirtzil hura, aldiz, isildu ez. Harro eta putz, niri begira, ezagutu edo ukan banindu bezala: " Si les meterían en la carcel cada vez que hablan en vascuence no pasaría esto" – sudurrera egotzi zidan, jaukika nahi-itxurak eginez. Nik mingaina lotu beharra! Gainera, han bagoian entzule zirenetarik oro isil-isilduak. Ez-adituarena egin behar.
Eta, bertzalde, haien artean zelatari edo salatari egon zitekeenik bai ote ez ote. Burua makur, azpiari begira eta txintik ez.
Joan eta joan, leku batera iritsi eta gelditu; eta berriz ere ibilten, eta joan eta laster gelditu, eta honela, eta hiru orenak jorik, noizbait behar eta, hara!, urrun baino urrunago, hodeien artean harmoka batzuen antzera, gero ikasi nuenez Aiako Harriak zeritzen tontor gaitzak ageri. Donostia ez zegoan urruti.
Ez nian poz ttipirik sumatu itsasoa ikusi nuenean. Bare zegoan. Oskarbi eta urruneko marra ia-ia ez zuan ikusgai. Ez ninduan luzaz beha egon. Ahalik lasterren alde egin behar nian.
Donostiako adiskide baten kamioixkari eskerrak eman beharko. Honexek eraman gintian, ez arriskurik bage, bidez bide, muga ondoko baserrietan ohi diren laguntzaile zintzo batzuetariko baten etxeraino. Gero, mendian goiti. Euskaldun menditarrok beti hola. Artzain zarpail batekin buru egin nian. Baina hau bertze egun baterako utziko diat, bai, eta bego hemen gaurkoz jaulkipen hau.
Bertze aldera orduko zer senditu nuen erraiteko hitzik ez diat. Askatasuna! Bizirik izanez gero, askatasuna gauza guztien gainetik zagok, Tiburtzio, eta nik lehenbiziko aldiz mugaz bertze aldean askatasuna zer zen sumatu nian. Lehenbizko aldiz muga maite nian, alajinkoa! Zein zirrara atsegingarria gure hizkuntza berriz ere, aspaldidanik, entzun nuen une haretantxe! Ez ninduan berehala herrira itzuli. Baina nire adiskideek jakin zitean, bai, nire berri ona hona igortzen.
Urtebetea Sarako lehengusu ttipi batzuen etxean eman nian. Ez ninduan arrotz, noski, gure Euskal Herrian bainintzen. Behin, gau batez, hona jinen nintzela bururatu zitzaidaan. Goizean goizik jalgi ninduan, bizitoki gozoa ukan nuen Larralde etxetik goiti, eta ilunabarrean Bordaxaharren nengoan. Ibiltari azkarra ni orduan! Gure etxeko ardiak ezagutu nituela uste nian. Baina, ez nekian hemen herrian zer-nolako harrera eginen ninduen nagusiak; izan ere, orduan, jaun eta jabe bakarra zuan hemen, eta ez batere adiskide on eneganako.
- Orduan eta orai ere, Jaun Bautista – eten zion Tiburtziok – lehengo nagusiak egungo nagusi, gure etxetik egotzi gaituztenak horiexek, Kristoren odola! Ez nehori ezer ebats ez zeurea ebasten utz erraiten duzu zuk, baina guri gaiztoki ebatsi digute geurea, azpisuge zikinek,aladzipo! Etxea bera kendu digute. Lapur horiek etxegetu gaituzte!
Bizimodua zeharo aldatu zitzaion. Ez zen lehengoa. Borda, gainera, herrirean urrun zegoen eta gutitan jaisten zen, azoka egunetan ez bestetan, ia-ia. Eta ostatura hurbildu ere ez. Han zuen Gorrotxategik bere kaltea, hots, ardozalekeria. Etxetik landaratu zutenaz gero, egun latzak jasan zituen, gogoa amets gaiztoz bete zitzaion, eritzeko zorian erorita egon zen. Ardoa behar zuen eta behar ez zuen. Buruari gogor egin zion aitzi. Usaindu ere egin nahi ez eta, ostatu ondora zeneko, oinak arinarazten zituen.
Ostatu zaharra, eliza ondoko karrika batean Etxehandi izeneko etxe zaharrean zegoena, harentzat bezala beste batzuentzat bigarren etxea bezalakoa zen. Leku iluna, etxabe hezean, garbia halarik ere. Mahai-jarleku luze batzuk hiru hormen barano osoan, eta aurreko aldean, atearen ondoan, salmahaia. Azkenengo urtean, sabai azpian zurezko apal baten gainean telebista ipinita zegoen. Goian, barruko guztiek, lepoa luzatuxerik, ikustekoa.
Mahai sendo ardo-tortikaz lohi xamarretan, mus jokoan orduak emaiten zituzten, egunean-egunean, pitxerrak bete ardo gorri hustu artean. Biltzen ziren gehienak karrikarrak ziren, basaburutarrak ez ziren ohiz herrira jaisten, eta azken garaietan kanpotik etorri langile gazteak ere, noiztenka, ardo edatera hurbiltzen zirenak. Gorriaren ordez garagardoa nahiago hauek, aldiz.
Ostatuko anderea emakume erraldoia zen: urteetan sartua, baina edozein gizonkoteri lotsarik bage indarka aur egiteko gai izan zitekeen gorpuzkera gaitzeko emazteki sendorra. Gizon ardozale haiek amatzat hartua bezala zuten, hain baitzen maitagarria bezain behar zenean beltzuntzea.
Gainera, salmahaiaren ostean zegoen arren, beti zer eska haiek eta hura zerbitzatzen ari, aitzinean kartzela bateko barroteak edo zutiko hagaxka batzuk zituen, tabernariaren eta bezeroen arteko hesi baten antzera. Txiribogara ordez, gartzelara zihoazela esan ohi zuten sarri, txokarritan noski, ohiko bezero ziren gizonezko aisiazale haiek.
Ondoko gela batean zer-nahi erosteko bazegoen. Zakuak bete hau eta hori eta hura, han, bata bestearen ondoan eta gainean. Batean behientzako pentsua, bestean txitxirio bete ehun kiloko zakua, meta batean sei-zazpi zaku handi gariz beterik, beste batean idi-behientzako zaku batzuk baba tiki... orotarik zerbait salkizun.
Gorrotxategik ezin zion ordaindu, baina zakua beterik atera zen, etxera bidean. Aste osoan etxekoek zer janik edukiko zuten.
Bordaxaharrerainoko bide luzea zakua lepoan egin zuen. Pagadikoturrin geldialdiño bat, egarria ur hoxpilaz hiltzearren. Gizon zaila zen eta bere buruarentzat ez bigunago: ardoaren usain sarkorra jasanagatik ere ostatuan ez zuen xortarik edan.
Emazteari zakua bete babarrun eman zionean ez zuen beronek aurpegi txarrik egin. Umeek ere ez, nahiz eta azken asteetan, ia egun guztietan, babarrunak eta ez besterik jan. Astean behin Margarik emaiten zien ogia haientzat zerutiko oparia zen. Egun bakarrean irensten zuten, opil biribil handia bazen ere.
Negua laster eta guraso behartsuak kezkaz. Elurra egin baikoz, leku goi hura ez zen bizitzekorik onena, ez inola ere. Egurretan behar adina eta gehiago bazedukaten, baina elurte handiak azpian hartuz gero, gorriak ikusiko zituzketen. Elurra halakoentzat bere zurian beti beltza ohi da, eta bazekiten. (Iñakik niri, urte askoz geroago, azaldu zidanez, negu hotz haretan gorrotxategitarrak Gorostitzagoikoko ganbaran hartu zituzten, eta eskerrak, zeren, hotzaz gain luzea izan baitzen. Bordaxahar hondatu zuen negu gorriak, senide ttiki haiek hango gainaldean atzeman ukan balitu, biziaz ordainduko zutelako oroitzapen zirraragarria zuen, nirekin hitz egin zuenean. Hurrengo udaberria heldu arte bizikide izan zirela adiarazi zidan).
Ostatuko andere erraldoi hura aspaldi joan zen betiko, baina ostatu-dendara Iñaki gomazko bortzegi berriak erostera sartu zen. Katiuska esaten zieten haietarikoak nahi zituen. Lokatzetan ibilteko behar zituen, abarkak ez ziren, neguko bide lohietan, lehor ibilteko egokiak. Han zenez gero, bide batez, bakailao bat erosi zuen. Gazituriko zati osoak kilo eta erdi zuen, ilerako nahikoa etxekoentzat; amak pil-pil saltsan ongi baino hobeki zekien prestatzen eta igandeko bazkari hoberik ez, sasoian gainera.
Egun haretan laino zikinak herri osoa hartu zuen. Iluntze hutsa zen. Iñaki etxera bidean zihoan, lantegia zortzi orduak eman eta gero.
Land-roverra astiro zebilen, aldatsean goiti, bihurrrez bihur, betiko bidea ezagun zuelako berez ibilki, antza. Gidari ona zen, ohituraz ikasia, eta Iñaki lasaia izaiteaz gain, zuhurra zen, abiadura maite ez zuena zen.
Hirigoien bere adiskidea hil zeneko egunean arrosa ipini zion aginaren ondotik iragaitean gelditu zen. Agina moztua zegoen. Aihotz edo aizkora batez, etena zela argiro ikusi zuen.
Urteak ziren, sasoia zenean, arrosa bat ipinten ziola, adiskide haren oroigarri. Ez zuen ha lako beste adiskiderik izan, eta beti gogoan haren leguntzeko zerbait gehiago egin ez izana zuen, Hirik droga-mundu ustel hilgarri haretarean onik irten zezan.
Lehenbiziko 'porroa' Zaragozan, neska batek emana, erre zuen. Herriko jaietan beste behin. Gainera patxaran larregi edan zuelako, hordi-hordirik heldu zen, heldu honela ere, etxera. Biharamunaz geroko egun bitan ez zen oherean jaiki.
Iruñetiko gazte batzuk jaugin ziren, gau erdiko kontzertura asmoz. Seat gorri batean iritsi ziren. Laurak gizonezkoak. Txosnara hurreratu baikoz, garagardo bana eskatu, eta egartsu antzera edateari ekin zitzaizkion. Giro beroa zegoen, egia esateko, aroa ere halakoxea, agorrilaren hamazazpi bati zegokiokeen erakoa.
Musika-talde hura ez zen oso ezaguna, baina 'rock and roll' motako doinuak ederki emaiten zituen, eta laster han bildu gazteria ugaria dantzan edo triskan, nor bere tankerara, aldakak zalu-zalu higiarazten hasi zen. Zarata ere handia. Aritoki aurreko aldean, ertz bietan bafle handiak ipinita, hainbat watiotako soinu hura haran osoan hedatu zen, goiko tontorretaraino. Elkarri txintik ezin esateko bezainbestekoa hango iskibidua.
Harrabots bete haren barruan gazteak saldo batean. Ehunka. Herrian egun handia zen, eta inguruetako herrietarik bertaratuak asko.
Gorrotxa, Hiri, Iñaki eta beste batzuk han ziren, hainbat lagunen artean musika ozen haretaz gozatzen.
Iñakik lehen aldiz entzun zuen. Gitarra bi eta bateriaz gainera, kantaria garrasi betean.
Musika ozenegi eta sarkorra ez zuen oso gogoko. Burua dardaraz sumatu zuen. Baso aldeko isiltasunaz hazia eta ohitua zenak ez zuen biziki maite hain azantz durundutsua.
Bizardun kantari tximatsu harek ele-zolika, goraki zerauntson kanta edo lelo hari. Iñakik, halarik ere, ez zuen ondo ulertzen. Zer zerasan ulertu nahi eta ezin. Hitz bat edo bat argiro entzundakoan: odio ulertu zuen lehenik, caña ere gerottoago zer zen ez jakin arren, "mierda, mierda" oihua kantaren amaieran.
- Zer dioen ezin diat ulertu – adiarazi zion belarri ondora Hiriri, burrunbaren erdian.
- Hori ez duk axola, Iña – erantzun zion Hirigoienek – ondo kantatzea duk garrantzizkoa. Gainera, hauek giputzak dituk eta ez ditek guk bezala hitz egiten. Baina oso onak dituk, ehe.
- Onak? Zertan dira onak? Asotsa baizik ez ditek egiten eta!
- Hi haiz hi, kokolo! Hik ez dakik ezer – Hirik erdeinuz.
- Bada, nik ez diat ongi ulertzen. Niri beti euskaraz behar dugula erran izan zidatek amak eta aitonak. Eskolan izan ezik, noski, han zamorarra agertuz gero badakik zer genuen: zigorra eta makila – ihardetsi zion Iñakik.
- Gauza bat duk eskola eta bertze bat musika, motell – sartu zen berehala Gorrotxa. Gaur egun, dirua irabazi nahi badute, talde hok guztiok, erdarara jo behar ditek, ezinbertzean, bertzela ez ditek sosik irabazten. Ez duk ulertzen, arranoa! Ez izan burumehee, txo. Zer kristo! Eskolan erdaraz egin behar genian, aladzipo, beharturik egin ere! Baina hemen ez zagok zamora.
- Aha; bada, hemen ez aspaldi, bertze kantari bat izan zuan, eta ongi baino hobeki egin zian eta euskara hutsean, eta gogotik entzungenian, eta... zer? Dirurik ez ote du irabazten? Eta dirurik irabazten ez badu, zer dela eta kantatzen du euskaraz? – Iñaki beti temati.
- Tira, ba, Iña; hemen ondo pasatzea duk garrantzizkoa, ostera! Bertze horrek guztiak bortz axola. Nik, behintzat, ' porro' bat erre nahi nikek, oraintxe, ea zelako edo nolako ametsik eragiten didan; amets goxorik ea. – Hirik hartzara.
- Nik ez diat erreko – Iñakik.
- Hik ez duk ezer eginen nehoiz, kakati! Zer kristo nahi duk hik, txo, apaiz sartuko al haiz, behingoz? 'Porro' bategatik, motell, ez duk ezer gertatzen – Gorrotxak ahoa beroturik.
- Ez da ezer gertatzen? Beha nola dabilen 'Estremeño'; atzo bertan goiko karrikan omen zetzaan, lur-lurrean loak hartua, moxal satsuz bete txistil batean. Ok egin zian, eta mozkor horditurik bezala bertan zerraldo erori omen zuan. 'Porroa' erretzen duen bakoitzean hala amaitzen dik, erdi-hilik. Hik ere hala nahi ote duk? – Iñakik zorrotz egin zion ihardetsi, erauntsika.
- Horrek-e, 'porro' baino gehiago sartu zian barrura. Patxarana ere patxadan edaten dik horrek, txo – Gorrotxak bertatik bertara eten zion Iñakiri erizpidea.
- Hik egik nahi duana, txo, nik bazakiat non eros 'txati' bat egiteko adina belar. Oraintxe natorrak – eta Hiri berehala lekutu zen, txosna aldera joaiteko.
Aritoki gainean, kantari erlatsak, su eta gar, ziharduen, garrasi eta marraska betean, gazte gutiz gehienak entzule geldi eskuan adalontzi bana zegozelarik, leloa errepikatuz eta errepikatuz: " La pasma no nos mola, Mola, Mola, Mola".
Lau gizaseme gazte ziren. Haiengana jo zuen, artez. Ez zituen ezagun baina, beste mutil bati zerbait eskaintzen ari zitzaizkiola ohartu zen eta, zer izan zitekeen susmatu zuen. Ez zen okertu. Haietako batek txamarra barreneko sakelatik zer bat atera eta, ez arian bezala, batera eta bestera so egindakoan, inork ikusterik nahi ez zuen eran, eskura eman zion. Hirik dirua atera zuen. Zorroan zedukan guztia ez zen nahikoa. Saltzaileak gehiago nahi zuen. Gau osorako geratzen zitzaion diru guztia emanik, nahi baino gutiago lortu zuen.
Adiskideengana itzuli zenean, irribarrez, eroskia erakutsi zien. Gorrotxak, pozarren, handik alde egiteko keinua egin zion, eta biak plazatik goiko karrika alderantz ibilasi ziren, xalu-xalu. Iñaki geldi geratu zen.
Musika isildu zen. Hainbat ahotako hitzaro ozena besterik ez zen entzungai. Abeslaria, atseden hartu beharrean edo, hizketan zirautsen bitartean, entzule gazteak, ia aho batez bezala, edalontziak ahora eta edaten. Mikrofonoa eskuan, garrasi baten antzera: " Gabon guztiori. Gu giputzak gea. Pozik etorri gea honera, zuekin guztikin eoteko asmoz. Hau herri da 'laostia': kriston jendetza bildu gea, eta 'kañeroak', gu 'a tope'. Ondo pasa. Hurrengo kantua, hauxe: Caña a los cipayos. 'Benga'!".
Iñaki bakarrik utzi zuten. Neska-mutil samalda baten erdian bakarrik zegoen. Alde egindako bi adiskide haiek ez ziren itzuli. Musika talde ha, bestalde, ez zuen gogoko, eta berehala etxerako bidea hartu zuen. Gaueko ordu biak ziren. Oinez igo behar, aita ez baitzitzaion bila jauginen.
Etxerako bidean goiti, aspaldiko hura gomutan, aginaren ondoan zegoen. Nork moztu behar ote zezakeen agin xume polit hura? Arrosa lurrean zapalduta bezala zegoen. Amorru pitin bat sumatu zuen, esan beharrik ez. Basoan hazitako mutila izanik, zuhaitzak maitatzen ikasia zen, bestalde; eta ez zuen inola ere ulertzen halako gaixtakeria bat nolatan egin zezakeen inork.
Aginik asko ez, aldiz, oihanetan, eta ziren bakanak ondo zaindu beharrekoak. Beste zuhaixka bat edireiten saiatuko zen, eta leku berean landatuko, Hiriren omenez. Agina ezin bazen, haritza edo lizarra.
Berriro land-roverrera sartu zen eta etxerantz. Handik zazpi edo zortzi bihurgunetara, argi zuri bat begiztatu zuen, gora-behera higituz iluntzean norbaitek zerbait ikusarazi nahian bezala. Hurrandu ahala, abiadura motelduz joan zen, ez baitzekusan ongi zer zen.
Bat-batean, bide bazterreko pago zabal baten ostetik, 'guardia civil' baten irudia ikusi uste ukan zuen. Txapel okerra, lepo inguruan zapi urdina, alkandora berdiluna, eskuetan 'cetme' fusil luze ikaragarria. Berehalaxe, tenk!, trikatu zuen. Motoreak drak egin zuen.
Di-da baten, beste 'guardia' batzuk agertu, land-roverra inguratu, eta ezuste larri haretan zer egin ez zekiela geratu zen. Ateratzeko agindu zion, haietako buru edo zenak. Eskuak goian, zangoak zabaltzeko. Batek haztakatu zuen bitartean, beste batek ibilgailuaren barrua ikertu zuen. Iñaki isilik eta oso urduri zegoen, ia-ia dardaran. 'Cetme'-aren zulo beltzak ondoan zituen, ondo-ondoan. Lurrari beha jarteko agindu zion. Zirkinik ez egiteko. Nora zihoan galdetu zionean "a casa" erantzun zion. Nondik zetorren egin zion galde eta "de la fabrica" erantzun Iñakik. Isilaldi luze xamarra egin zuen.
- ¿Uzté ez el que pone una roza en un árbol de ahí abajo? – itaunka berriro buruzagi itxura zuenak.
Iñakik ez zion ondo ulertu, urduri xamar eta, baina zerbait erantzun behar zion, eta...
- Yo una rosa pongo pa'un amigo que murió, en la fabrica, hase dos años.
- ¿No zerá una zeñal que uzté tiene con algún terrorizta? ¿Quién era eze amigo? – 'guardia civilak' atzera.
- Yo terrorista no quiero. Mi amigo Hirigoien el que murió, en una acidente murió – Iñakik erdara-mordoiloz erantzun.
- ¡No me mire cuando habla! – agindu zion oihuka berriro– Acláreme de qué murió eze amigo zuyo.
- En acidente murió. La carretilla ensima le cayó – azaldu zion Iñakik, besoak zabalik, esku biak ibilgailuaren gainaldean ipinita, erdi-zutik, burua makur lurrari so zegoela.
- Uzté no zabe hablá correctamente el egpañol, por lo que veo. Debería aprendé a hablá mehor, ya que aquí eztamo en Egpaña. No ponga má flore en ningún árbol, a fín de que no haiga má malentendío – sarjentu-ikurrak zituen 'guardiak' agindu eta "puede uzté prozeguir zu marxa" esanaz batera gudu-agur bat egin zion, eskua bekokian.
Iñakik land-roverrari brast eragin zion, eta aurrera eginaz handik alde. Buruan zerbait zerabilen. Lasaitzen hasi zen arren, etxera iritsirik ibilgailutik jaistean ikaran zegoen.
Aurpegia ondo ikusi ez bazion ere, harako sarjentu hura ezagun egin zitzaion, hala irudi zuen. Nonbait lehenago ikusia zuelakoa zuen.
Hara! Bat-batean irudi bat etorri burutara. Huraxe bai, huraxe: behin herriko jaietan kontzertu bat entzutera joan zen batean, txosnan beste hiru gizonezkorekin zegoen mutil luzanga zen. Hiri zenari belarra saldu ziotenetako bat huraxe. Urteak ziren, bai, hamar bat urte zaharrago sarjentu zena, baina ezagutu zuen.
- Horixe baietz, gero! – zirautson bere buruari, hatsaz mintzo, txutxumutxuka ohi zuen bezala, harri eta zur zegoela, gogoetan – horixe izan zuan gau haretan droga saldu ziona, Hiri eta Gorrotxa, nerau han bertan bakarrik utzita, alde egin eta biharamunean, etxera bagerik, zerrategi osteko horma ondoan lokatzetan zerraldo eroriak aurkitu zituztenekoa. Geroago jakin zenez, antza, droga ustela zuan, eta, herriko sendagileak botika zerbait eman zienaz gero, gaitzerdi, bere onera etorrarazi ahal ukan zitian. Hiri mutil ahula zuan eta orduko 'porro' edo zena zelako harek burmuinean eragin zion kaltea are kaltegarriago gertatu bide-zitzaioan. Eta saltzailea hortxe! Izarrak sorbaldan dituela!
Eta agina hautsi zutenak haiek beraiek, hots, 'kontrola' ipini zutenak. Gau haretan ez zuen berahala loak hartu. Amari, alabaina, ez zion deusik jakitera eman.
Gertaera buruan gelditzeke zerabilen. Ordura arte, 'guardia civilak' binaka beti, etxerik etxe ibili izaiten zirela jakina zen.
Etxe guztietara, basaburu urrunean egonik ere, ilean behin ez bazen, doi-doi, agertzen ziren; eta etxekoak paper batean, idazten ez jakinik sarri, zirriborro bat egin behar zien, bertan egon izanaren ziurtagiri edo antzekotzat jo zezan, antza, 'guardia' nagusiak.
Azkenengo urteetan, berriz, ohitura ei zen hura aldatua zen. Ez ziren binaka ibilten, taldeka baizik; eta beti ibilgailu gotorretan, mendiko patarrari goiti egiteko gauza. Baina egun ha lako 'kontrol' edo zerik ez zuen ordura artean inoiz jasan Iñakik, eta beldurra zerzen orduan sumatu zuen.
Urte batzuk ziren hila zela, baina beti hura gogoan, eta aitonak behin jaulki zion haretaz oroitu zen, biharamuneko goizean lanera zihoala.
"Hemen, muttilko, nehoiz edo behin, orok diagu espetxera joan beharra, hik ere noizbait joanen haiz, edo eramanen haitek, hobeki erraiteko. Nerau ere zeren sartu ninduten preso? Aha, legea, zorioneko legea, eta legezko jaurlaritza babesteagatik preso ni! Eta legea urratu eta hautsi zutenak, ostera, nagusi!. Eta haien legea urratzen duena, berriz, atxilo, eta ez gutitan hil ere egiten ditek. Legea nahi dutenean nahi duten eran erabili ohi ditek. Hor duk, bertzeak bertze, herriko auzapez jaun txit gorena: neu nagusi edo muturrak hautsi.
Legeari tu egin zionak, legearen aldeko sutsu bihurturik, bere legea ororen gainetik ezarri nahi dik.
Gogoan, diat, muttilko, ni etxera itzuli nintzenean, zazpi ilabetez estarian egon eta gero, lehen aldiz karrikara jaitsi eta ikusi ninduenean, nolako harrera egin zidan hire osaba den horrek.
- "Hemen zara, hartzara?" – egin zidaan agur.
- "Hemen nago, neronen herrian" – erantzun nioan.
- " Gorri eta separatista guztiak hil behar ukanen genituen" – gehitu zian, zeharretara begira.
- "Nik bakean bizi nahi dut" – adiarazi nioan, eta harek berehala...
- "Gure bakean bizi behar ukanen duzu, gudua guk irabazi genuen eta".
Hala bizi gintuan. Beti beldurrez. Beti zemai, beti mehatxu, durdusia lazgarripean. Zerengatik, ordea? Geure etxearen jabe izan nahi genuelako. Geure bizitzaren jabe nahi genuelako. Geu izan nahi genuelako. Gu izaitea ez zitean nahi, ez zitean maite. Horiek-e, txoria maite ditek, bai, baina hegorik bagekoa, kaiola batean, haien atseginerako txistu eta txistu ari den bitartean. Ez ditek txori askea maite.
Guri, euskaldunei, antzinan hegoak ebaki zizkigutean.
Eta sordeisak ez zituan beti kanpotik jinak, ehe!. Etxekalte ugari izan diagu beti hemen gure artean, gu bagerik ni nahiago ukan dutenak.
Nagusien gerizan eroso biziz men eta amen egiten dutenak ere heuragi.
Hor duk Arantzeta. Ni gazte nintzela, etxe ederra zuan. Idi-bikote sendoak beti han, lehen traktorea ekarri zutenak ere haiek; eta gaur den egunean, suak goi-behe osoa hartu zionetik, harri multzo bat baizik ez duk. Aita zaharra bizi zeino, senideak oro bat eginik ondo xamar bizi zirela erran bage zoak. Urtean hiru urde hiltzen zitean, etxerako; eta bizpahiru txekor edo aratxe saldu ere salduko zitean haiek, urte ona izanez gero. Aha, baina, senideen arteko harra sartu zuan. Seme nagusia etxeko jaun geratuz geroztik, han ez zuan giro.
Aitak hilburukoan dena argi eta garbi utzi zian, hots, bakoitzari berea eman zioan, halakoxe legea, eta ahalik xuxenen banatu zian banatu beharreko guztia. Etxea bere osotasunean iraunarazi nahi zian eta haretara egin ere ondo. Seme batek, ordea, beretzat oro nahi.
Amari iruzur egin zioan, aita hil ondorean, eta aitaren azken nahia aldatu eragin zioan, baratari edo nahaskari baten aitzinean, noski, legea betez txintxo-txintxo noski. Anaia-arreba guztiak ezer ere bagerik utzi zitean. Bera jaun eta jabe. Eta ez pentsa seme nagusi hau adimen handiko gizona zenik, edo burua jakintza oparoz jantzia zenik, ez eta hurrik eman ere. Txoriburu hutsa zuan, baina gizon gaiztoa. Amak zer egin ez zekiela semeak agindutako papera izenpetu eta kito. Zein erraz, zein aise, honda daitekeen etxe handi bat! Bertze bi anaiak ez zituan geldi geratu, eta eurena zenaren eske auzitara jo zitean. Nire aitak erraiten zuen bezala: Auherrik, auzia galgarri beti. Legea bat eta zuzentza bertze bat. Gudua hasi baikoz, etxejabe bakarra bera nahi zuen anaia nagusiak aukera ederra ikusi zian. Anaia biok salatu zitian. " Son de Euzkadi" adiarazi zioan, eta epaileak atxilotzeko agindua bidali zian. Biharamunean, 'guardia civilak' etxean. Nik ikusi nituen azken aldian, Mirandan zegoen langile-batailoi batean ari zituan beharrean. Kateak orkatiletan, jakina!
Harez gero, ez dituk herrira egundaino itzuli ez bizirik ez hilik. Bide-bazterren baten lurperaturik ez badagoz...
Arantzeta ugazaba gaztea harro zebilan, berriz, herriko karriketan zehar txapel gorriz jantzita. Ostatua zian maite. Ardo ttantta bat baino gehixeago edanez gero han zuan, harroputza alaena!, " muera Euzcari" oihuka, zekien erdara mordoiloan ongi ikasia zuen zer oso bakarra. Ez zuan, hala eta guztiz ere, bere buruaz bakean bizi, antza. Egin zuen etoikeria, zurean sitsa laso, beti buruan alhan. Gauetan, maiz – zurrumurruak hala zioean – amets gaiztoek iratzarri eta leihotik at begira jarten omen zuan, ea anaiak ager ote. Gau ilun batean, azantza edo entzun zuela eta, ohetik jaiki, leihora hurreratu, baratze ondoko horma ostean zerbait higitzen ikusi uste eta, danba!, tiro bat desarratu zian. Bertatik bertara, basurde edo antzeko bat, ziztu bizian iheska, urkusi zuela jaulki ziean, ostatu zaharrean, biharamunean musetara batu ziren lagunei. Zakur handi bat ere ekarri zian etxera, berak " polizia alemana" zeritzon, ate ondoan loturik ipinita, nehor hurbilduz gero zaunka ez ezik haginka ere oldar zekiontzat, lotsak emaitearren. Egunen baten etxetik egotzi zituen anaia haiek euren seniparte eske eta eskuratzeko asmotan itzuliko zirelakoan, beldurrez bizi zuan.
Etxea suak hartu zuen gauean, ohetik jaiki ez zuan, ordea. Ardoz basa-basa eginda iritsi zuan. Irail hondarreko gau epel betea. Atariko zakurrak zaunka egin zioan. Ezagutu ez zuela zirudian. Nola edo hala etxera sartu zuan. Atea zabalik. Ez zuan hotzik baina, ohitura eta, sua egin behar zuela otu omen zitzaioan. Beheko sutoki ondoan egur pila zedukan. Urte askotako utzikerian bizi zelako, sukalde osoa kedarrez beltz-beltzitua zegoan. Sabaia geruza mardulez estalia, eta sarritan kedar zati batzuk erori erortzen zituan. Zarbasta mehe batzuk multzoan ipini, eta paper bat bildu, eta su eman zioan. Txiskeroak ez zuan lehenengoan su egin, bigarrenean izeki zian. Sua laster gartu zen, pagoki lehorra zuan egur gehiena.
Oheratu baino lehen, apal batean zegoen botilatik zurrutada bat patxaran edan zian, gauoro ohi gisa. Loak berehala hartu zian. Ez zuan berriz ere nehoiz esnatu. Ohe gainean erreta hil zuan. Beheko suak indarra hartu eta garrek egur pilari atxeki zioaten. Ondoan zurezko mahaiari itsatsi, eta garrak goratu ahala, indartzenago, eta sua laster baten sabairaino iritsi zuan, eta sukalde osoa, otsoak bildotsa atzaparretan bezala, eradoki zian, eta su, eta gar, eta ke betean etxe guztia. Ohean zetzana garrek irentsi zitean. Bortz behiak ukuiluan kiskali zituan, traktorea ere hantxe, oiloak ere bai; ardiak larrean eta gaitz erdi. Gau betea zen eta herrian nehork ez zian ezer ikusi.
Goiztirian, ke-mordo beltzak egunaren argia zikindu zuenean, lanera zihoan Lizarreta, suak eginiko triskantza begiztatu eta, ahalik arinen etxera hurrrandu zuan. Ez zegoan ezer egiterik. Hango sarraskia!
Herriko zeinbaitek-e' anaiek su eman ziotela hedatu zian zurrumurru. Hortxe zagok Arantzeta, hondarkin.
Gorostitzagoikoan egunaren lehen argiarekin batera jaikitzea zen ohitura. Lo guti eginda jaiki behar ukan zuen, lantegira baino lehen, etxeko abere guztiak jaurri beharra baitzuen. Eraiskailu berriaz esnea laster batzen zuen, hiru suil betetzeraino. Behiak, eraitsi ondotik, larrera nahi eta banan-banan bazihoazen, belar hezeaz bazkatzera. Ez ziren inoiz asetzen. Aska ur garbiaz bete zuen.
Land-roverrez bidean beheti joan zen, lantegira, ohi legez, ordu-orduan iristeko. Agina zegoen lekuaren ondotik iragaitean, ez zion begiratu nahi ukan. Ez zen gelditu. Zurezko palet-pilen artean zortzi ordu emanen zuen, egunoro bezala.
Arratsaldea bete eginkizun, zeren, ira batzeko garaia baitzen, eta atseden hartzeko une luzerik, beraz, ez. Lan eskergea zen, moztu ez ezik batu ere behar eta metak eraiki ere bai. Aspaldian auzokoen artean egin ohi zuten, baina, batetik zahartu egin zirela eta bestetik nor bere eginkizunetara lotua zela eta, ira batze hori bakarka egiten zuen, erositako makina baten laguntzaz, hala ere. Ira ukuiluetan beharrezkoa zen: behiek-eta ohea nahi zuten, lurrean ihaurkin ona ira, azpigarri. Ongarria egiteko ere berebizikoa, gero baratze-soroei emaitearren. A, eta zein gozoa ira onduaren usaina! Garo-usaina esan ohi zuen aitonak:
" Oraiko baserrietan ez duk lehengo usainik. Baduk traktore handirik, baduk sega-makina zalurik, baduk motozerra zaratatsurik... baina garo-usainik ez duk, saraleari plastikozko kiratsa zariok, bentzinak urrin guztiak estaltzen ditik. Ogia bera ere ez duk lehengoa. Gaur den egunean, ogia egiten ez zakitek. Eta uraz zer erran? Lehen, iturriko ura edaten genian, Iturrigorritik pozalean edo txongilean ekarrita, eta ez ahokerarik ez usainik ez margorik zuela erranagatik ere, zein gozoa zen!, edan-nagizukoa, egungo ur 'tratatua' ez bezalakoa. Zer ote da, bada tratatu hori? Aha, kloroa egotzi diotela, eta kloro-hatsa dariola, eta osagarrirako hobea omen. Ur ondua delakoan, nik urmikaztua zaritzoat. Lehengoari, batek baino gehiagok gorotz-usain erran ukan ziok; nahiago, beharbada, holakok, Frantziatik eraugin urrin mengela. Eta gu osasuntsu hazi gintuan. Bizitzak zaildu gintian. Behiak ukuiluan eta negu hotzetan haien beroaz berotzen gintuan, eta orduan-a' neguak hotzak zituan, ehe ! Eta sagarrak ganbaran geneduzkanean, ha zuan bai usain arnasa betean hartzekoa! Aiko, muttilko, ni Bizkaian ibilitakoa nauk, gudatean, eta hango lagun batek errana zakiat, haren herrian ACERÍA DEL NORTE izeneko lantegitzar bat eraiki zutenetik, ingurualde osoko sagarrrondo gutiz gehienak, pitinka-pitinka, zimelduz eta eihartuz joan zirela.
Gaztainondo guztiak betiko galdu zituan. Eta ibaia? Pu, kaka-erreka bilakatua... Niri, Iñaki, Bilbora iritsi nintzenean, bertze mundu bateko lekutzar batera sartua nintzela iruditu zitzaidaan. Hango zikina, hango karats okaztagarria! Gudua zela uste nian, eta bai, hala zuan: guduan oro karats nazkagarri eta oro basa ok eragitekoa. baina hangoa gudua ez ezik, bertze zer gehiago ere zuan: hiritzar larri bateko bizi-gudua zuan, Iñaki.
Hango ibaiari Ibaizabal erraiten zioaten, orai Nervión edo ez zakiat nola erraiten dioten. Eta, zinez, zabala ibaia, ordura artean nik ikusi zabalena, Iruñean zehar doan Arga baino anitzez zabalago. Alabaina, han ez zuan arrainik ikusten. Nola bizi arrainik han! Ikus Errekailun zein garden eta garbi, ur azpiko harri gorri, beltz, arre, nabar guztiak ageri... bada, hango ibai zabalaren azpia ikusterik ez zagok, ura lohi gorratsa duk eta.
Zer zen hura: oro etxe ziztrin asko eta asko! Bata bertzearen ondoan eta gainean, malda sastrakatsu batzuei atxekirik bezala asko; teilatuen gainean bertze teilatuak ikusgai, leku ttipian pila batean eraiki beharrak irudi. Eurite handitan, maldetan behera urak erortzen eta etxeen arteko karrika nahiz sarbide hertsietan zehar, ibaira ahalik lasterren iristeko, han-hor-hemen, errekasto zaratatsuak jaisten zituan, xirripak hormetan beheti jauzika, oro urpetu nahi ukan bailuten.
Han ikusi nian nik, han, zer zen bizi beharra, Iñaki. Umeak kale gorrian, oinutsik, haien mintzairan ortozik, eta etxe azpietako tokien aitzinetan zein-nahi lan eginez, eguneko gosea berdintzeko adina diru poxi bat irabaztearren. Guk, hemen, behintzat, zata zaharrak oinetan, eta ogia, behinik behin, etxean egina eta ez genian peitu. Halako ala edo han gabarra erraiten dioten ontzi zabala zamatzen jarduten zitean; endai bana eskuan ume koxkor bakoitzak zakuak bete eta lepoan harturik ontziratzen; eta hala egun guztietan, goizetik arratsera bitarte osoan, eguzkiaren argiaz. Izerdi askorik ez ahal zitzaien eriaiten, argal-argal ziren eta!".
Halako oroitzak buruan, Iñaki lantokira zen. Egia esateko, hango usaina ez zen hain txarra, etxabeko biltegian heze-sunda pixka bat bai baina esatekorik ez. Giroa, berriz, lankideen artean aspaldixkoan gaiztotuxe zegoen. Krisi hitza orduan ikasi zuen, eta batek azaldu zionez "kinka duk, badakik, eguzkia goren-gorenik denean, orduan dik behera behar hori; eguna gau bihurtze hori ". Batzar egin zuten.
Enpresaria Norvegiatik etorri berria zen, eta berri onik ez zekarren. Salmentak urritu ei ziren. Etekinak, beraz, murriztu eta gutitu, noski. Lehengaiak, ostera, gero eta garestiago, eta Ameriketatik zetozen gaiekin lehiatu ezinean, enpresa txarto zebilen. Bulegariak idatzitako txostenean irakurri zuenez, azkenengo urtean ekoitzitako guztiaren % 25 Frantziara saldu zuen arren, aurreko urtean baino merkeago behar ukan zuen, eta, balantzean, lehen aldiz, galerak izan ziren, % 1, 4-tako galera zehazki.
Langile guztiek isilean entzun zuten. Enpresaren ugazabak hurrengo urterako aurrikuspenak azaldu zizkien, zenbakirik zenbaki, eta ez zien etorkizun onik agertu. Ileko lan-saria murriztu beharra zegoela adiarazi zien. Hau entzun orduko batzarra hitzaroz bete zen, eta lehengo isilaldia marmar batek urratu zuen.
- Hemen honek agintzen du – egotzi zien ugazabak batzarreko langileei, besoa gora, eskuinean ehun pezetako paper bati zeragiolarik.
Langileen artean marmarra hedatuago zen.
- Hori ez duzu bakarra zuk! – ausartu zen Labandibar sindikalista – Gure saria murriztu bai, nahi duzu, zeurea, ordea, ez. Zenbaki ugari jaulki duzu, bata bertzearen ondoan, baina nork daki egiazko diren ala gezurrezko? Guk Jaungoikoa ez dugu sinesten, nolatan sinetsiko dugu, beraz, enpresarioa? Hatsa ere gezurra duzue zuek!
Lankide askoren txalo zaparradak mintzaldi lehorra eten zuen. Ugazabak firrinda egin zuen, haserre, pindartu antzo; eta hitz hartu berriro.
- Ez dut inola ere onartzen inork ni gezurretan ari naizela esaterik – erdara txukunaz beti mintzo leun baina une haretan minduri antzera – txosten honetako zenbaki guztiak zehatz eta mehatz ikertuak izan dira, zeharo aztertu eta guztiz egiaztatuak izan dira.
Ekoitzitako prezioan saldu ezin bada, ez dago irabazkinik; beraz, irabazkinik ez bada, lantegia itxi beharko da. Ez dago besterik.
- Bada besterik! – eten zion Labandibarrek, hartzara – Lantegia langileen esku behar da.
Batzarreko gehienek txaloka lagundu zioten. Ordubetez luzatu zen batzarrean, giroa garraztua zegoela suma zitekeen. Ugazaba furfuriatsu, beltzuri egina, alde egitera jo zuenean, ez zen atzera begira joan. Langilerik gehienak zutik jarriak ziren, eta uhuka egin zioten agur, atetik harakoan. Labandibarrek kideei erabakaitzera eman zien eta, eskuak goratuz, gehien-gehienek baiezkoa esan zioten.
Hurrengo egunerako lanuztea deituko zuten.
Iñaki ez zen batere greba egin-zalea. Egun haretakoa, baina, ongi zetorkiokeen etxaldean egin behar zituen guztiak betetzearren. Ez zen lantegira agertuko.
Beste lankide batzuk atean pankarta luze batekin jarri ziren. Orotara hogeita hamar behargin zirenetarik protesta egitera ausartu zirenak hogei. Beste sei lanera sarturik, ezer askorik egiteke lantokian zegozen; gainerako laurak, Iñaki tartean, ez ziren bertaratu eta nor bere zereginetan. Egun osoko lanuztea izan zen.
Ugazaba ez zen agertu. Batzarraz geroko egunaren goizaldean Madrilerantz jo omen zuen.
Madrildik, telefonoz, dei bana egin zien sei langile haiei lantokira zitezen, bestela ez zituela berriro hartuko; izan ere, aldibaterako lan-egiunez ziharduten lanean, eta nagusiak nahi zuenean egiunea eten ahal zezakeen. Gazteak ziren, lanean hasi berriak seiak eta, bi herrikoak baziren beste laurak kanpotik etorritakoak. Lanutziz gero, biharamunean lantegira ager ez zitezen agindu zien, mehatxuz ugazabak. Seiak lantegi osteko atetik sartu ziren, beste lankideak aurrekoan, pankarta zabalik, zegozeino.
Epe mugaturik bageko lanuztea nahi zuen Labandibarrek, baina han ziren guztiak ez zetozen bat, eta biharamunean lanera itzuliko zirela erabaki zuten. Aste osoan ez zen agertu, eta hurrengo astelehenean lantegian egon arren, Gómez-Agote jaunak ez zuen haiekin hitz egin nahi ukan.
Langile batzuk kaleratu behar zituela eta, ugazabak arduradun-buruari egipide guztiak lehen bezain lehen burutzeko agindu zion.
Legeari atxekiz, inor lanpeituz gero lan-urteen arauera zor ziona ordaindu behar ukanen zion. Urtekal hogei eguneko zorra.
Enpresako ekonomilariak egin zituen kalkuluetan, lehiakortasuna handitzeko xedez, irabazkin garbiak jaso bidean, zazpi-zortzi behargin bidali beharra zegoen. Ilariak, honela, % 2,5 gutiago eta ordura arteko sal-kopuruari eutsiz gero, zenbakiak baipeko izanen ziratekeen. Eralgipen eta irabazpenen artean oreka lortuko zuten, aurrikustez. Fratziako ekonomia, gainera, igaiten hasia zen, berriro, eta salmentak ugaltzeko aukera garbia zegokeen.
Labandibarrek ez zuen egun haietan behin ere huts egin, eta lanean inoiz baino are emanago ziharduen. Ugazabak begitan hartu zuela zekien, nola ez jakin, batzarrean esan zuenaz gero. Edozein estakuru, bada, aski, lanetik bidal zezan. Ez zion honetarakoxe biderik eman nahi. Langileen ordezkari nahi zuen bere burua eta, gehienek hala hautetsia, ugazabarekiko bilera bat eratu zuen. Nagusiarekin eska-emanak hastea nahi zuen.
Gómez-Agote jaunak ez zien harrerarik egin. Egun haretan, bulegoko idazkariari esan zionez, Norvegiara joan behar zuen. Langileen ordezkari batzuk, Labandibar buru, bulegoratu zirenean ez zuten nagusia ez arduradunik aurkitu. Idazkaria baizik ez, eta honek ez zien, ezin zien, ezer askorik argitu. Enpresako arduradun nagusi Juan Manuel de Allende gudagizon-ohi abokatuak' don Hilarión Madrilerajoana zela adiarazi zien, ez besterik.
Ugazabak, enpresari eutsi ahal izaitekotan, langileetarik % 15 kaleratu beharra zegoela uste zuen. Legeak halakaturik, kaleratze-prozesu bat burutu behar zen, eta kanporatu bakoitzari ordaindu behar zitzaiona epaile batek erabakiko zuen. Ez zuen ezer eztabaidatu nahi, sindikatuko ordezkari nahi zuten haiekin, areago Labandibarrekin.
Iruñeko auzitegiko lan-epailea ezaguna zuen. Hiri hil zeneko arazoaz ebatzi zuena bera.
Izapide guztiak lehen bai lehen egin behar zituen. Abokatuak txosten luzea prestatu zion, eta arazoa Aste Santua baino lehen konponduta egonen zen. Epaileak beti berantzen zirela jakinik, lan-egiunea eteteko eskakizuna otsaila amaitu aurrez aurkeztu nahi zuen.
Egia esateko, Iñakiri ez zioten begi onik egin lankide guztiek, lanuzte egunean agertu ez eta biharamunean laneratu zenean.
Labandibarrek lazki aurpegira egotzi zion, ikusi zuen bezain laster:
- Borrokarik ezean ez diagu deusik irabaziko nehoiz. Hi atzo agertu ez hintzen, baina hemen orok batera egin behar diagu, zerbait erdietsiko badugu. Guk guztiok hik bezala egin badezagu, ezin zezakeagu. Banan-banan ugazabak mendean hartuko gaitik. Langileok bat eginik egin behar, bertzela gureak egin dik.
Iñakik ez zion ezer erantzuten jakin. Burua beheratu zuen eta bere tokira jo.
Egun batzuk geroago, aldageletako zazpi jantzi-armairutan "eskirol" hitza agertu zen margore gorriz idatzita, ondoan igitai eta mailu bana. Agerrek, irrikaitz, murrika eginaz, ea ulertu zuen galde egin zion, eta Iñakiri:
- " Eskirol hori guk guhaurek talango erraiten diagu, hots, zama eraman nahi ez duen idi auherrak bere ideari gaineratu nahi duenean, pelaka edo talangaka edo ibilten denari erizten zioagu. Hik, badakik, Iñaki: langile orok uztarri batean behar diagu, ez uztarri bakarrean; eta gurditik tira.
Ez zen, hala ere, hura, zera, egun haretan Iñakik jaso zuen berri txar bakarra.
Aurregunean gertatua zen, baina hedabideetan agertu zenean zabaldu zen herri guztian mugaz haraindiko herrixka batean tiroz hil zuten gizasemea Gorrotxa zela. Bost urte eta akats ziren, artean, han, ezkutuan, zegoela.
Egia zenentz inork ez zekien, baina herriko alkatearen beribilari su eman zioten egunean ihes egin zuela zen esaera. BMW berria zuen, aspaldi ez zela erositakoa, eta pilotaleku ondoan ipinutzia zedukan, maiz bezala, Burgos aldetik etorri berri zen gau batean. Suak hartu zueneko gau betea zen; inor ez karrikan, eta ia guztiz kiskalita zegoen unean, hala-beharrez edo, 'guardia civilak' hara aldian eta, ikusi zuten. Berehala itzaltzen saiatu ziren, lortu ere bai, baina ordurako berandu zen. Ez zuten inguruan inortto aurkitu.
Biharamunean, Gorrotxa ez zen lantegira agertu. Gaisorik zegoen-edo ere hedatu zen arren, gehienek ihesari emana zela sinestenago zuten. Mugaz beste aldean ikusi uste zuenik ere izan zen.
Iñakirekin aurreko igandean herriko enparantzan ele-mele egon zen, eta, betiko arazoez hitz egin bazuten ere, ez zirudien inora alde egiteko asmotan zebilenik. Aginarena aipatu zionean, Gorrotxak bere erara eraso zion: -Hi, txotxo, Hirigoien zeruan zagok, noski; ez dik hire arrosaren beharrik. Lurpean harrak jana zagok, zer Kristo! Agina 'guardia civilek' hautsi ziatela eta, goibel hago-a? Hori baino gehiago egin ukan ditek horiek hemen, behin eta behin, eta arrosak ipiniz ez dituk horiek zakur horiek kikilduko, arranopola! Kikil ez, kiskilak izan arren, horiek gizatxar horiek. Hi, txo, txotxolo hutsa haiz eta gero eta gero areago, txotxolo!
Gorrotxak egin zizkion hondar eleak haiek. Urte bi geroago gogoan zerabiltzan. Albistea ostatu berriko telebistan entzun zuten: "Muerto a tiros un terrorista vasco en Francia". Errifle batez, antza, urrundik tiro egin zion ustezko gizon beltxaran bizardun bat ei zen hiltzailea. Bekokian jo omen zuen. Beste lagun batzuekin zegoela esan zuen telebistako esatariak, baina beste inor zauritu ez zela.
Zurrumurruak arin hedatu ziren. Salataria Iñigo zela zioen sorberia izan zen lehena.
Umezarodanik etsai zirela esan beharrik ez; eta aitaren beribila harek erre zuelako usteak baino areago, susmoak jorik zegoen Iñigok' hiltzaileari diruz ordaindu ziola zioen zurrumurru larria ere han-hor-hemen zebilen, herri osoan zehar. Hilketa gertatu zen egunaren gau berean, muga zeharkaturiko ibilgailu beltz batean, bi gizaseme heldu ziren. Iruñera bidean zihoazela esan zioten ostatuko zerbitzariari, akeita bana hartzen ari zireino. Biharamunean, dena sorberia zen, han esan hor mesan.
Albiste latz harek bihotza hunkitu zion. Ezin sinetsi ukan zuen. Gorrotxa ez zen gizon gaiztoa. Aholarria zen, biraokoia zen, baina bere azal gogorraren barruan zintzoa. Gaztetto zirela, sendi guztia, negu hotz batez, etxeko ganbaran bizi zela gogoratu zitzaion, etxerik bagetua izan eta gero. Bordaxaharren bizitzen egon zena ere ez zegoen ahantzita. Behengoan jaio zen arren, Gorrotxak beti "ni gorengokoa naiz, ganbarakoa alegia" esaten zuen txantxetan. Aspaldian karrikako etxe berrian bizi zen.
Berriz ere landatua zuen agina tiki-tiki eginda agertu zen. Aihotz batez edo ebakia, adarxka guztiak hautsiak, arrosa zimelak lurrean zapal-zapalduta zegozen. Etxera bidean ez zuen 'kontrolik' aurkitu. Egun haietan, berriz, mendian gora eta behera, inoiz baino beribil gehiago ibili izan zen.
Goizean ez zen gelditu, lantegira garaiz iritsi nahi baitzuen.
Ez zen giro. Aspaldidanik lantegiko kideen artean ezinikusiak nabarmenak ziren. Zazpi langile kaleratu ondorean, lan egiteko erak berrantolatu behar ukan zituzten: ordubete luzatu lanaldia egunoro, goiz-arratsaldeko txandak gauez ere egin, eta ilean behingo igande batez, lantegia garbitzeko bost ordu gehitu. Iñakik ere, beste lankiderik gehienek bezala, ez zituen gogo onez hartu aldaketa haiek guztiak, baina besterik ezin eta etsi beharko.
Enpresaburuak lantegia gaurkotu nahi zuen, makina berri hobeak erosiz, eta dirutza inbertitu beharra zuela adiarazi zien. Ileko saria, beraz, izoztu behar izango zien, nahi eta ez, eskantitu alegia. Urtean % 3,4 gehiago ekoitzi nahi zuen eta helburua erdiesteko beste neurri batzuk hartuko zituela jakinarazi zien, abokatuak idatziriko gutun baten bidez, batzarrean bulegariak irakurri ziena.
Lanik bagetuak izan ziren sei gazteak, greba egunean lan egitera joan ziren haiek, lantegiko ate aurrean pankarta baten ostean jarrita zegozen. Zazpigarrena Labandibar izan zen. Zaharrena hauxe, hamabost urte baitzeraman, lantegia irasi zen lehenbiziko egunetik bertan lanean jardunikoa zen eta. Orduan berrogei urtera iristeke zegoen, baina beste seien aita izan zitekeela esatea gehiegizkoa ez.
Ugazaba agertu arte protestan gogor irautea nahi zuen, eta gazteei hala zirautsen beti.
Ugazaba azkenengo egunetan inork ez zuen lantegian ikusi. Etxea zeharo itxita zegoen. Leihoak ere bai. Emaztearekin Madrilera joana zela uste zen.
Biharamunean, 'guardia civil' andana bat agertu zen. Bost land-roverrak lantegiko ate nagusiaren aurrean gelditu ziren. Pankartarekin zegozen gazteengana zen eta sarjentuak bertatik alde egiteko agindu zien. Bost minutu baino ez, eta, osterantzean, eraso eginen zietela.
Labandibarrek zerbait esan nahi ukan zion baina sarjentuak, lakarkiro, isiltzeko agindu zion, borra eskuratzeaz bat. Berehalako baten, hiru 'guardia' hurreratu ziren eta pankarta besokada indartsuez pitzatu zuten, goitik behera zarratatu eta lurrera egotzi zuten. Gazteak beldurrez geldi, zirkinik ere egiteke. Alde egiteko agindu zorrotza sarjentuak berriro eta, seiak banandu ziren, sarrakioa sartuta, lauorrian. Labandibar geldi geratu zen. 'Guardia' batek metraileta gibelean ipini zion, eta bultza. Labandibar eskuak gora, bultzaka lekutik abaztorratu zuen.
Lantegi barruan lan zegitenak ez ziren ezertaz ohartu. Atean gertatu zena, ikusi ere egin ez zuten. Entzun ere ezer ez, barruko makinen azantzagatik.Baina egun haretan, batzarretik at, beste hizpide bat zebilen aho-mihitan, eta hauxe, zera, Gorrotxa hiltzera joandako hiru gizasemeen artean bat 'Estremeño' zela zioena zen. Urteak ziren, bost edo sei bai guttienez, Iñakik ikusi ez zuela. Azken aldian, Melillan zebilela zekien, ez besterik.
Iñakiri ere Zaragozara deitu zioten. "Urrutiko intxaurrak hamabi, bertaratu eta bi" erantzun zion aitak soldadu baino Ameriketara joaitea hobe zukeela eta, eztabaidan hasi ziren batean. Iñakik ez zuen 'zerbitzu' esaten zioten zerara joan nahi, eta udaletik agindu-gutuna jaso zuenean, anarterainoko nahibagerik larriena sumatu zuen. Aita gogor jarki zitzaion:
- Ameriketara? Hi baino lehenago hainbat joan izan duk, soldadu ez joaitearren; eta orai han zabiltzak, Amerika zabaletan, itzultzeko baimenik ez eta etxeratu ezinean; eta, hau itzuli nahi dutenak, zeren, bertze batzuek ez baitute itzuli nahi; eta, bertzenaz, ez dituk gutti itzuli nahi eta itzultzeko adina dirurik irabazi ez dutenak. 'Zerbitzura' ez bahoa ez duk etxera etortzerik izanen, hamabortz bat urtean, gutienez.
- Hamabortz urte laster doa, Ameriketan lasterrago. Diru apur bat irabazteko lain eta gero etxera berriz ere, eta...
- " Urrutiko eltzaurrak...", lehenago erran diadan bezala. Hik urtebete soldadu eta kito. Hala gizonduko haiz. Ez zakiagu, gainera, zer etor lekigukeen, ez gaituk bertze gudu batetik jare. Batek zakik, arranopola! – aita lakar mintzo zitzaion.
- Nik ez dut gudurik nahi, ez hemen ez han ez nehon. Aspaldi da ehizatara ere joaiten ez naizela.
- Berdin duk, ez dik axola. Arraioa! Gazteok zuzentzeko 'zerbitzua' bezalakorik ez zagok. Men egiten ikasi beharra dik gazteak, bizitzan bide onetik joanen bada. Gu ere hortik iraganak gaituk, bai, eta hala ikasi genian bizitza zer den. Soldadu joan ez dena ez duk ezertarako, ez duk gizon eginen nehoiz.
- Urtebete galdua da. Zer ikasi behar dut nik gudagizonengandik? Hiltzen ikasi behar ote dut?
- Hik asko ikasi behar duk, ze Kristo! Diziplina ikasi behar duk hik eta hi bezalako guztiek. Egungo gazteek ez zakitek gaiztakeriak baizen egiten. Zuzen ibiltzen irakatsi behar zieate. Herorri ere bai, arranoak ez badu! – aita ohi baino sutsuago mintzoz.
Aitak Bilbon egin zuen, lehenik; geroenean Iruñera eraman zuten arte. Ez zuen orduko haretaz txintik aipakatzen, noiz edo noiz, meatzaldeko herri ttikietara eroan zituztela edo esan ukan bazuen ere.
Meatzariak eta inguru latz haietako behargin xumeak, behin baino gehiagotan goseak jo eta, hala ere, lanean ezin eta egin egin behar.
Orduan janari bila hasten ziren, ezinbestela. Egun euritsu askotan, lokatzetan gomazko zata urratuak itsatsita erauzi beharrez bezala geratzen zirenetan, izerdiaz batera hodeietako ur hotzez blai-blai eginik ibili beharretan, meatza-zulotik ateratzeko indar nahikorik ez eta, lagun batzuen artean oratuta, haren etxeraino hil-agin garraiatu behar izandako gizonik asko hala hiltzen zen, biharamunera heltzeke. Eta protestak pizten ziren, ixkurdura latzak sortzen, eta, grebara deitzen zituztela eta, liskarrak ere ugari gerta ohi ziren.
Gudamutilak, soldaduak hots, beraz, harako: fusilak sorbaldatik behera, uhalari eskuak eutsiz, lerro-lerro bi zerrendatan eratuak...
Larrainetako aldatsean gora.
Harkaitz urratuen arteko arrakala sakonetan meatzariak, eguzkiaren azpian burua txapel beltzez babestua, mahuka bageko atorraxka arre izerdiaz orbandua jantzi bakar, galtza zabal zikinak eta espartzuzko espartinak oinetan, burdina-mokorren bila eta biltzen, pikatxoiaz jo eta jo aritzen ziren. Egun osoan, bizkarra makurtua, gerrialde mindua ezin zuzenduz. Ilean jasotako burdina zeinbat eta irabaziko zuten dirua hainbat. Etxekoei, seme-alaba ugari gehienetan, egunean lapiko bete indaba beltzetik anoa bana emaiteko lain, ozta-ozta. Etxeko langilea, ahultto edo makaltto egon eta lanari ekin ezinean gertatuz gero, zer janik ez. Orduan ziren minak eta zinak.
Neguko egun ilunetan, batez ere, negarrik asko, etxe kaxkarretako umeen artean.
Greba ez zen gauzatu, goizean goizetik herrixka 'guardia civilek' inguratua eduki baitzuten.
Mendian zehar, egun haretan lanera joan ez ziren behargin guti batzuk, meatza baterean bestera, propaganda egin nahiaz zebiltzan.
Aldatsean goiti gudamutilak zetozela begiztatu ondoan, ziztu bizian, ihes egin. Gehienak gazteak eta lasterka egiten ohituak. Inguruko baso-larreetan zehar sakabanatu ziren.
Behargin bakoitzak bere eskorga bete eta kamioiraino garraiatu behar zuen. Ez zen ibilten erraza. Burdina astuna, eta hara-hona ugariez gero, nekea, ahitura eta gorputzak gehiago ezin zuenean, plot eginda, leherrenak eginik gelditu beharra.
Gudamutil saldoa bertara zen unean, sarjentuak agindu eta inguru-inguru barreiatu, eta meaztegi osoa hesitu arteraino. Konpainia oso bat igo zen, eta herrixka guztia mendean hartua, aurki. Troka-zulo guztietan, iskiluak esku bietan, erne eta begira, zaindari antzo gudarako jantzidun mutilak non-nahi.
Umeak kuxkuxean, taldettoka, zer ikusiko. Emakume batzuk leihoetan, urduri begira. Ezer onik ez, bortzegi beltz handi, praka-alkandora nabar, kapelu lau eta fusil luzeko soldadu haiengandik. Gizonak zuloetan, lan eta lan, burua jasotzeke. Pikatxoien hotsa entzungai, ez besterik. Goialde harkaitzu haretan gauak laster iluna zabalduko zuela zirudien. Itsasaldetik hodei beltzak azkar zekartzan, gogor bultzatzen zuen iparrak. Eskorgak atzera-aurrera zebiltzan. Eguna luzatu ahala astiroago ibili ere eskorgak, meatzari nekatuen eskuez eramanak.
Greba egin nahi zuten gazteak basoetan ezkutuan zebiltzan. Herrira ezin eta, hurbilduz gero, gudagizonek atzituko zituzten beldurrez.
Inguruko aldamen guztietako muinaxka soiletan, fusilak esku bietan, gudarako gertu behar ziren mutilak erne eta zut, meatzariei so.
Arrastu zuenean, mendian ihesi gazteak herrixka aldera hurranduz jaisten hasi ziren. Gaua laster eta argirik ezean, txarto ibiliko zirela zekiten eta etxera behar. Hodeiak euria zekarren, itsasoa ilunpean zegoen. Beharko jaitsi, beharko etxeratu.
Meatzari gehienak, zaharrenak batik bat, lanari utzita zegozen. Hamabost orduko lanaldia, zinez, gizakirik sendorrena ere oiñatu eta etenik uzteko aski da. Giharrak hebaindurik, besoak alan, etxera bidean, astiro-astiro zihoazen. Pikatxoiak lepoetan. Leher egindako sarraski batetik jalgitako mamu batzuk irudi. Gaua gainean eta etxe barruko epela nahi zuten, atseden beharrean.
Umeak etxean aurkitu zituen. Anderea abaria prestatzen. Kandela batek sukalde-logela zen hura guztia argi mottel-mottelez argitu nahi zuen. Mahaian buztin gorrizko txalin biribil sakona bete baba. Aita eta hiru seme-alaba ttikiak, zalixka bana eskuetan, jaten hasi ziren.
Ama txapa beroaren ondoko aulkittoan eserita ogia zatika jaten. Seme nagusia, hamabost bat urteko, ez zen etxean. Beste lagun batzuekin basora ihes egindako haietarik bat zen. Laster agertu ezean, abari legea egiteke geratuko zen.
Gudari-saldoa bilarazi eta plaza antzeko zelai batean, mutil guztiak lerro-lerro, buruak goiti, enbor lerden batzuen antzera zut jarrita.
Sarjentua alde batera eta bestera, arranditsu, zebilen ibilian. Bet-betan, bidean aurrera ibilten hasteko agindu zuen, oihu batez.
Ter-ter-ter, mutilak bitan lerrokatuak, oinkada luzez, ibilteari eragin eta aldatsean beheti joan ziren. Iluntzerako, herrixka inguruko lekuan-lekuan, sakabanatuta zegozen 'guardiak' alde eginak ziren.
Grebak huts egin zuen. Ez zen inolako liskarrik ez antzekorik jazo. Eguna amaitu zen. Gau beltza berehala jausi. Euriari zerauntson.
Etxeño haietan ez zen ezeren zaratarik entzuten. Oro ilun, inon ez argirik. Karrika lehenago umez txil-txil egondakoak, hutsik.
Kantoi batean, hiru-lau zer. Itzalak alegia. Menditik jaitsiriko iheskari haietako bat bere etxerantz. Gauez norean-nora jakin zekien.
Ate ondoko ertzean, aldiz, haren begira hiru-lau zer haiek; eta mutila ateko maratilari esku eman zion uneantxe, hara!, hiru gizonezko haiek, bizkar aldean, hiru fusilen mutur gogorrez bultzaka. Eskuak gibelean lotu zizkioten. Ez zen hots fitsik entzun. Hiruren artean, besoei eutsiz, mutila handik hara eroan zuten. Laugarren 'guardia' ehun metro harago itxaraiten zegokien. Land-roverra bidean behera hasi zenean ez zen besterik entzun.
Aitak ez zion inoiz jaulki, baina han egon zena egia. Meatzari behartsu haiei kontuz begiratu behar ei zitzaien. Gehienak gorriak ziren.
Ez guti kartzelan egondakoak: batzuk lapurreta tikietan esku sarturik ibili izanagatik, beste batzuk ixkurduetan eta halako grebetan 'guardiei' jarki eta eraso egiteagatik. Sarjentuak, behintzat, halako onua emaiten zien beti: " El único minero bueno es el muerto".
Iñakiren aitak hala ikasi zuen. Behin, txantxetan gisa, ostatuan halaxe esan zuen: "Meatzari ona hila dena".Bilboko 'kuartelean' ilabetean egon zen, Iruñera aldatu bitarte. Inoiz ere basalde urrunetik inoratu bageko harentzat handia zen. 'Militar' izan nahi zuela ere otu ei zitzaion. Gainera, behin hiru izarreko jeneral batek ikustaldiño bat egitera heldu eta argiro hitz egin zien: " Dar la vida por la Patria es lo más importante que puede hacer un hombre. No olvidéis nunca que sois, soldaditos de España, el orgullo de nuestra grandeza nacional y factores de la más grande historia que en el mundo ha escrito la más grande raza humana ". Sabinek ez zion oro ulertu baina ongi hitz egindakoa zela eta gogo-gogoan hartu zuen. Semeak 'soldadu' nahi ez izaitea, haretaz, lotsagarri ez ezik gaitzesgarri zitzaion tint:
- Gizon izaitea zer den ikasi behar duk. Zer haiz, bada, beldurti? Gizonak ez dik beldur izan behar nehoiz. Gudura joan behar bada, joan egin behar duk, ze kristo! Baina ez aitonak egin zuen bezala galtzaileekin, garaitzaileekin joan behar duk!
- Guduan garaitzaile nor da? Atzeko etxeetan eroso-eroso geratzen dena baino ez. Borrokara joan eta hiltzen dena ez, ordea. Hau betigaltzaile. Gudua piztu eta dirua bildu egiten duena bai irabazle, baina bertze guztiak galtzaile – Iñaki aitari jarki zitzaion.
- Nahi eta nahi ez joan behar duk, ostia! – aitak larderiatsu – bertzela hamabortz urtean, atzerrira alde eginda, honatzeke egon beharko huke, eta, geroenean, berriz ere deituko diate eta arazoak arazoen gainean ukanen dituk, eta orok ukanen ditiagu, arraioa! Ameriketara bahindoa etxe honenak eginen likek. Hi etxerako behar haugu. Urtebete Zaragozan eta gero etxera. Han gizonduko haiz, kristoren odola!
- Ez dut uste ezer onik ikasiko dudanik – Iñakik aitari ihardetsiz.
- Ikasi ala ez ikasi ez dik axola. Egin egin behar duk eta kito. Soldadutzari ezin uko egin diokek. Hi baino lehenago ere, hamaika hi bezalako izan duk, 'zerbitzura' joan nahi ez eta ihes egin duenik! Eta, zertarako? Hemen agintzen dutenak 'militarrak' dituk, eta gaitz erdi, zeren, bertzela berriro bertze gudu batera baikoaz. Ostera! Norbaitek agindu behar dik, aditu duk, gero? – Sabin ez zen erraza bere eritzietarik alderatzen, eta semearen tematikeria ez zuen ondo hartzen. Aitonaren jitekoa zela uste zuen, izan ere, aitonak jaulkitako ipuinei egozten zien semearen gudagizonenganako ezinikusia.
- Urtebete osoa galtzeko baizik ez da 'zerbitzu' delako zeraldi hori, alperriko galera baizik ez.
- Aski duk elez!. Hik joan behar duk eta joan eginen haiz, neronek eramana edo 'guardia civilek' eramana; herorrek hauta, ostia! – aitak haserre bizian egin zion azkenik hitz.
Etxetik autobusa hartu behar zuen tokiraino aitak land-roverrean eraman zuen. Handik hara, Iruñeraino, bakarrik joan zen.
Iruñean beste berrogei bat mutil igo ziren. Pozik zihoazela zirudien, barre eta txantxa, Kastexonera iritsi ziren arte. Erribera eta Errioxa aldeko beste mutil batzuk sartu ziren eta trena aurrera joan zen. Zabaltza idortuetan zehar ordu bete luzez ibilita, izena inoiz entzuna ez zuen herri ttarro batera heldu zen.
Iñakik, leihorean, hainbat gazte gudajantziko begiztatu zuen, multzo mardul batean, lur gorriko muinoan zutik. Trena gelditu zenean, ateratzeko agindu zieten. Nork bere zorroa lepoan, ibilten hasteko, eta saldo batean guztiak muino haretaraino joan zitezen.
Ez ziren ehun metro baino harago, eta, bertatik bertara, muinokoak, egundalako oihu ikaragarriak eginaz, erasoka antzo, oldartu ez zitzaizkien, bada! Trenez heldu berri ziren mutilen aurka, han zetozen soldadu itxurako mutil aurpegi belztuak. Oldar betean, patarraka; arrapaladan makilak eskuetan. Beldurtu zen Iñaki, biziro, zer gertatzen ari zen ez jakin eta. Ihesari eman zioten iritsi berri guztiek. Alde guztietara nora ezean. Erasotzaileak gero eta hurrago eta izugarriago. Lurrean hartutako mokil gogorrak iraitziz eta aurtikiz jarraiki zitzaizkien. Gazte etorri berriak ihesari emanaz beti, arinik arin. Zaharketoak makilka eta ukaldika, nor harrapa eta joka. Ordu erdiren buruan, doi-doi, borroka amaitu zen. Iheskari guztiak, atxilotu bezala besoak loturik, trenera itzularazi zituzten. Bat edo bat odoletan ere bai, zauriturik noski, mokorkada gogorrak eta. Zorroak galdu zituztenak gehienak izan ziren. Iñakik ez zuen berea inoiz berreskuratu.
Berriro treneratu ziren. Elkarri begira eta isilik. Zer izan ote zen halako zer hura? Inork ezin ulertu, ezin igini. Zaragozara iritsita, atseden hartzeko aldia eman zieten.
Ikaran heldu zen. Harako lurralde nabar belartzarik bage, zuhaitzik inon hazten ez zen eihar eta errekastorik ez zebilen eremu agorrak bihotzean jo zuen, atzera itzuli behar gorriaz urdaileko mina sumatzeraino. Lehenengo aste osoan ezer jateke iraun zuen, sendagileak ohean egoiteko baimena emanda. Bihotzerrea zela uste bai, baina sendagileak gastroenteritisa esan zion, eta zer zen ez jakin arren, sinetsi behar. Astelehenean, goizeko seiak aldean, sarjentu batek oihuz eta garrasiz jaikitzeko agindu zion, eta irri-arra baten zutitu zen, ametsetan ote ez ote zalantzan. Sarjentu harek, bekoz beko, begirada zorrotz egin eta, zoro antzean, orro betean, erne eta irmo jarteko agindu zionean, zinez ohartu zen, lipar batez itzarri balitz bezala, ametsik ez zela, orroka ari zitzaionaren hatsa sumatu zuen eta.
Kanariarra zen – geroago jakin zuenez – eta ez zion ia ulertu; baina agindu bezala egin zuen. Zangoak ikaran, belaunak dardarka, burua goraturik begiez sabaiari so zegiola jarri zen, zurrun eta geldi, beso biak beherantz luze-luze.
Kaserna barruko sunda ezin nazkagarriago zitzaion. Mendian egurats garbiz ohitu eta hazia zegoen harentzat, hainbat gizonezko, garbiak batzuk teihuak bestetzuk, biltzen zen gela handi hura ziega antzeko bat izan zitekeen. Nor bere amaren seme han eta, haztura ezberdineko, hizkera, biziera, izaera ezberdineko gazte suhar eta motel, isil eta zaratatsu, oldarkor eta barekoi ziren hango eta horko eta hemengo haientzat, leku itxia zen, hertsigarria zen, etsigarri eta arbuiagarria zen. Orduan, inoiz baino areago, Bordaxahar gogoan, mendiko larre soropiletan, zakur gorria lagun bakar, ardien zaintzan ibilten zen egun gozatsu haietaz oroit. Haize hoxkirri hezeak aurpegia ferekatzen zionean, a zelako atsegina! Euria ere, ordudanik goiti, maiteago zuela ziruditson, laino zikinaren barruan, indaz inda, ia galdurik bezala ibiltea atseginago, ametsetan izanagatik ere.
Larrartek irakatsi zion olerki edo antzeko esamolde pollita gomutan, ahopetik mintzatuz, xaramelatuz...
"Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkidanean.
Zer ezkutatzen didan ez didanean ikusten uzten, zeren, orduan hasten bainaiz, ezkutukoan, nire baitan pizten diren bazter miresgarriak ikusten" leihorean begira jarri zen, eta ez zuen eraikin handi arre zabar bat baizik ikusi, eta begiak hedatu ahalako zabaltza idorra, han asago, hodeiertza marrazten zen ortziraino.
Lehenengo lau-bost aste haiek ez zituen inoiz ahantziko. Eta inoiz ere ahantziko ez zuen eguna' aitona hil zelako berria jaso zuenekoa.
Zaragozan zegoela jakin baitzuen, sekula jakin nahi ez zukeen hil-berri beltz hura. Inoiz ere negarrik ez egindako mutil lehorra zen arren, albiste harek malkoak erionarazi zizkion. Aitarekin ez bezala, aitonarekin betidaniko maite-lokarri sendo batez baturik zegoen.
Ez zuen inork hala ikusterik nahi, eta jatoki handiko horma baten ondoan jarri zen, negar egin nahiari eutsi ezinean. Aittona xaharra, haritz handi haren gerizpean eseririk, Santoñan atxilotu zuteneko eguna nola jaulki zion gogoratu zitzaion.
"Italiarrak heldu zituan lehenik. Haien arrandikeria! Janzkeraz nahiz ibileraz munduko 'dandy' edo, guk erran bezala, eslaio zirela ziruditean, galantik bazen galantak haiek; itxura baizik ez, berriz. Gu harrapatuak gintuan. Gudari soilak alde batera eta gudalburuak edo aginte zerbait izandakoak bertzera, eta oro lerrokaturik, batzuk txakalakortara eta bertzeak, ginen guztiontzat lekurik ez eta, karrika mehar batean pilatuak, eta hertsiak.
Harez geroztik neureaz bertzerik ez zakiat. Gauean italiar bik atzeman ninditean, besotik oratu eta kamioxka batera. Orduantxe nireak egina zuela banekian. Osterattoa"erraiten zioaten, umore beltzez, bizkaitarrek, hiltzera eroaiteko bidea zela bai baitzekiten. Eskuak bizkarraldean loturik ninderamatean. Ni bakarrik ez, bertze zortzi lagun. Elkarri begira eta txintik ez elkarri. Zaintzaile italiarrak aurreko aldean zihoazan, kabinan alegia; eta ezin gintiztean ikusi. Nik ez nian birritan pentsatu, behin burura etorri eta, di-da batean, jauzi egin nian. Lurrean dzartako gogorra jasan bai, baina berehalako batean jaiki ere bai. Hasi ninduan lasterka, ahalik lasterren,bidetik atzera eta pentze batean zehar sartuz eket egin nian, ihes bizi-bizian urrutiraino. Nire atzetik bertzeak ere berdin, eta bakoitza bere aldetik hango bazter ilunetan sakabanatu gintuan.
Lehena, eskuak askatzea zuan. Harri batez lortu nian. Gau betean ibiltzea ez dik erraza, ehe! Ohituak, bada, gu, berriz. Bertzetik, zera, susmoa diat, bai, susmoa, italiar haiek guk alde egitea ez ote zuten nahi. Anitz urtez geroago, muttilko, jakin genian, jakin, hango zer haretan zeinbat lagun hil zuten. Hirurehun gizon bai, hain zuzen, hantxe erho zituztenak! Odol hotzean hil, eta edozein bazterretan hobi handi bat egin, eta oro zulora aurtiki, Jainkoaren amorearren!
Hondarrean, nora ezean ibili eta gero, Bizkaiko Lanestosa zeritzon herrixka batera iritsi ninduan. Etxe bateko aitona atarian begiztatu eta harengana. Nolako itxura nekarren ohartu zeneko, zer nintzen igarri zidaan. Etxe barrura sarrarazi, sukaldeko mahai ondoan eseri eta aurrean katilu bete esne xuri eman zidaan. Egundaino esnerik onena izan nian; dzanga-dzanga edan nian, aho betean. Aurpegia garbitzeko ura etxe osteko iturrian hartu behar zian. Ogia gogor zegoan, baina haginak zorrotz eta gosea zorrotzago; goseak berak haginak zorroztu zizkidala uste diat.
Etxean bakarrik agure ileurdin potzorro isila. Semea, azaldu zidanez, gudari joandako gazterik hil berria zian. Gudu-lagunek lubakian bertan ehortzi ei zitean eta txapela ekarri, oroigarri, aita bakartuari. Ukuiluko hormako zulo batean ezkutatua zedukaan. Auzoko bertze senide batzuk alde eginak zituan, baina hura ez zuan etxetik nehora joan eta, noizbait etsaiak helduko ziren beldurrez bizi izan bazen ere, ordurako lotsarik ez, berak erran zidan eran " que sea lu que si li sincia a Brena" eta hil behar bazuten bere etxen nahi zian hil.
Etxe haretan egun batzuk egin nitian, baina laster francozaleak han-hor-hemen, iker eta iker, zoko-moko guztiak aztertu behar zituztela.
Hantxe atzeman banintzate bertan hil eginen ninduketela erran gabe zoak, eskierki. Aitona, edo hango hizkeran aitaita, hari arazorik ez erakartzearren, alde egin nian. Harik orain artean, beti gizon on hura gogoan diat, eta erran zidan azkena ere bai: "Esti, es el úntimu puiblu d'Euskadi, acá, Lanestosa, tolos diyas escurécesi lug pala muestra patria, piru a la mañana derreu de nuéu vien aclariandu; abora la muestra tierra si escurecerá, por tiempu, piru, daque diya, de nuéu si aclariará". Ulertu al duk, muttilko? Ba, guti gora-behera, nik bezala, gutti, baina bere herria, Isasti ere erraiten diotena, Euskadiko atzenengo herria dela, eguzkia han iluntzen dela egun guztietan gure aberriarentzat, baina biharamunean berriro argituz etortzen dela; eta orduan gure lurra ilunduko zela, luzaroko, baina, noizbait, berriro argituko duela. Hiru-lau egunetan aditu nion esaldirik luzeena".
Zaragoza ez zuen eguzkiak argitu egun osoan. Aspaldian ez bezala euria ari zuen. Galerri oparo haiei ortzitiko ur hura miragarri izango zitzaien, egunetik egunera hazten hasiko ziren, harez gero, eta sasoia etorri ondorean orituko. Haizea, aldiz, zakarto zebilen.
Goizean goizik ohitua zen arren, sarjentua oihuka iratzarriz agertu zenean, sarrakioz bertan esnatu zen, bat-batean. Hamar minutu zuten jaiki, garbitu eta mahai inguruetan esertzeko. Gosaria hartzeko hamar minutu. Barlara joan eta lerroetan eraz jarteko hamar minutu. Kasernatik antxintxika irtenarazi zituzten.
Mutil andana, lur ohiz idor ziren haietan zehar, asago, hodeiertzean, urkusi ahal zen muinaxka baterantz. Buztintsua zen lurra euripean laster lokatz eta, oinez oin zangoak ezin lurrari kenduz ibilten hasi ziren, lekuan-lekuan aztal-sagarretaraino lohian sarturik eta atera ezinez. Euri zaparrada haren azpian ziren guztiak busti, blai-blai eginik ere, aurrera joaiteko eta joaiteko aginduka sarjentua.
Iñaki ibiltari ona zen, menditarrik gehienak laso, eta euria maite, eta beste lagun batzuk nekeaz erortzen ikusi zituen arren, aurrera eta gero eta arinago zihoan. Sarjentua bera, nekearen nekez, ezin aurrerago joanda gelditu zen arteraino. Bertan gelditzeko agindu zien.
Geroago jakin zuenez, erori mutil haietako batzuk erietxera eraman behar ukan zituzten – bat larri antzean bihotzekoak emana – eta astebetean gaisorik egon zenik ere izan zela jakin zuen.
Ez zuen inoiz ongi igini zertarako ibilarazi zituzten hala, lehertu arte, gaintto soil bat besterik ez zen penttoka batera igo eta Espainiaren bandera bertan jostearren. Sarjentuak, goraino iritsi ziren gutiak bere aurrean bilaraz eta lerroturik, beti bezain arrandiaka, eskerrak eman zizkien, "logrado el objetivo" zutelako; eta halako gudu-ariketa hagitz beharrezkoa zela adiarazi zien, "por si alguna vez tuviéramos que desplazarnos a las tierras de Rusia, a luchar contra los comunistas invasores de nuestra Patria" zehaztuz.
Biharamunean, ohetik jaiki eta laster, sarjentuak Iñakiri deitu zion.
- Cuando uzté se presente a mí, ze cuadra y ze dirige a mi perzona en lo término militare adecuado, ¿me ha entendido? – gelara sartu zenean egin zion lehen hitza.
Iñakik ez zion oro ulertu, ia-ia, baina "si" erantzun zion.
- "Zi zeño; zi mi zarhento" – esan behar zuela agindu zion, oihuz, begiak gartsu.
- "Si mi señor sargento" – erantzun zion Iñakik, apal-apalik.
- ¿De ónde a venío uzté?
- De la montaña – Iñakik hala entzuna zuen maiz beste lagunakandik.
- ¿De la montaña? ¿De qué montaña? – beltzaran bibote luzedun zen sarjentuak.
- Euskadi que es dise nuestro aitona.
- ¡Que Euzcadi ni que oztia! ¡Me cago en Euzcadi; aquí eza palabra eztá prohibida, no la quiero oir nunca má! ¿Me entiende uzté? ¡Hijoputa vazco y navarro, no aprenden nunca! – sargertoa samindurik antzo, begietarik su-pindarrak zarizkiola.
Iñaki isilik. Beldurrak jo zuen. Baina gizon mehe beltxaran haren aurrean berehala azkartu zen. Amorrua barren-barrenean piztu zitzaiola sumatu zuen, urdailean halako zarrada batez. Begiz begi geratu ziren. Lepotik heltzeko gogoak buruan min eragin zion.
Heltzeko zori-zorian gelditu zen. Aitak sarri zemaika gisa egozten ziona burura etorri eta "ergelak badira ere, militarren aginduak bete beharko dituk, eta bete egizkikek" aditu uste ukan zuen gogo barrenean. Une batto baino ez zen, baina bihotza taupadaka inoiz ez bezala nabaritu zuen. Sarjentuak berriro:
- Vizto como corre le iba a deztina a ezcolta, pero vizto que no zabe ni caztellano, le deztino a cozina, por no mandarle ahora mimo a zelda de caztigo. Váya a cozina y prezénteze al cabo.
Etxean sukaldeko lanak amak egiten zituen. Gizonezkorik ez zuen nahi harek ondoan, sutan lapiko bete zerbait edo eltzekaria egosten edo ari zenean, oztopo baino ez zela zioen.
"Amama xaharra zaindu behar nuenetik zakiat nik janaria prestatzen. Harekin ez nian ezer ikasi, beti geldi eta isil zegoan, gaixoa. Ni, orduan nexkato, su egiten hasi, egunoro, lapikoa laratzean eseki, urez betea; indabak irakitean zurezko zaliz irabiatu; eta mahaia atondu ondorean janaria ipini; eta jan ostean lapikoa uraz garbitu, astean behin ikuzi ere bai, eta hala hasi ninduan sukaldatzen ikasten.
Gero, soroko lanak ere egin behar, noski. Lurra landu behar zenean, idien aurrean itaurreko sarri ibilitakoa ni, aitaita atzetik. Zerbait batu nahi bazen, aurretiaz ondo erein beharra zegoan, eta erein baino lehen satsa edo simaurra zabaldu ere bai. Eta idiakaz ezin zen alorretan laiakaz egin behar zuan.
Mutilak, inoiz edo behin, beste beharrik ez zen egun guttitan, eskolara joaiten zituan; ez asko ikastera, irakurten eta idazten eta askoz gehiago ez, baina zerttobait bazuan. Eliza ondoko etxean maisu bat bizi eta irakasteko tokittoa hantxe, ez zakiat nongoa zen, hemengoa ez, eta diru apurrik jasotzen zian hala. Nexkatook eskolara ez eta pentsatu ere.
Gainera, astean behin edo bi aldiz errekara. Etxeko guztien soinekoak ikuzi beharra zegoan, jantzi ugari ez baina. Ibaiko ur hotzean, harri baten gainean xarra-xarra igurtzika, gu belauniko, igurtziz eta igurtziz eta igurtziz zapi zikinak zuritzen genitian, zuritzen zuriak besteak ez. Eskerrak emakumezko batzuk elkartzen ginela eta isildu ez gu, jakina! Emeok ez gintuan beste askotarako. Bai, umeak, umesaldoak hazteko ere bai, eta etxean gaisorik edo zaharrik bazegoen gu sendagile eta erizain gintuan; eta, ortua zela baratzea zela, etxetik urrun ez gu inoiz. Ondo esaten zekitean orduko gizaseme baldarrek harako esamolde hura: " Anderezkoa eta oiloa etxetik urrun galdu doa".
Mutilak nora-nahi, guk, ordea, txistua noizbait urrundik entzuten genian. Santa Luzia zela San Antonio zela, goizean jaiki eta, hara! mutil gazteen aldrak, mendi-hegi guztietan gaindi urkustea zuan, irrintzi eta zantzo, haien algarak guk sapailotik aditzen genitian. Trikiti soinua urrun eta guk etxean dantzan nahi eta ezinean. Xorro banatan bakoitza bere jatekoa zeroaan, batean arrautzopila bestean urdaia, guk etxeko emakumeok goizean ederki atondua, ogia nork bere etxekoa onena, eta hara orduko oro egarri, aurki, iturrira hurreratu ordez artez-artez txosnara. Txosna esaten zioaten: arkupean zurezko oholtzarrak mahai antzo ipinita, upel batzuk inguruan, eta itzalpe egiteko hainbat abarrez eraikitako sabaidun bat zuan garai haietako txosna. Gero hamarretakoa egin behar. Lagun guztiak, belarretan eserita, zakuak azpian ipinirik, mauka-mauka jatean, pozarren. Ez zituan isilik egongo. Zahatoa geldirik ere ez. Harkaitz batzuen txokoan txistua entzuten bazen, beste alde batean trikitia joz erantzungo zioaten. Triska eta dantzan nor baino nor arinago, zaluago eta trebeago hasiko zituan, zein-lehenka; Bentabarriko Iñaxio lehena gehienetan. Hamabietan mezatara, orduan mendi osoa isilik. Gero, elizatik atera eta hango zarata, hango kantu kantari ari nahia, eta txosna inguruan, ardiak artaldean, eguzki beroari ihesi, abaroan bezala, oro egarriturik, ardo gorritik nahiz txakolinetik, hurrup eta klik!. Bazkari oparoa egingo ez zuenik ez zuan han. Mendian, gainera, zer nahi den ere janaria beti goxoago, aurki, hotzik izan arren. Arrautza egosiak, pamitxa handia, ziztor keztatu xamarra, xerra bat edo bi pla-pla eginda, eta amaitze aldera gazta ona, zahar zein berri. Sagardoa uretan hozten utzi eta gero, zein ondo sartzen zen! Kafea hartu behar zela, edo Larrartek esaten zuena: " Akeita, txola eta txokorra". Salabarriko ganbaran, mahai batzuk aulkiakaz, eta bertan hartzeko ohitura zuan. Zeinbat lagun batu ote zitekeen ganbara haretan? Berrogei bai. Bertsotan hasita, hango txalo eta hango algara! Bilintx ez zuan etorten, baina haren abesti politak aho betez kantatzen zitiztean... "Triste bizi naiz eta hilko banintz hobe..." ...baina han triste zegoenik ez zuan, inor ez. Aha, baina, emakumezkook halakoetara joaiten ez ginela hasi natzaik, eta bidetik alboratu nauk. Gure egunetan hala zuan; zure arreba oso bestela hazi duk. Gu ez gintuan, orduan, etxe barrurako baino on".
Bada, San Antonio eguna zen, hain zuzen ere, Iñaki kaboarengana joan behar ukan zuen eguna. Sukaldeak kasernako albo batean zegozen, janaritegi handi baten ondoan, eta barla zeharkatuz haratu zen. Sarguko atea ertirekirik aurkitu zuen. Deitzeke sartu zen, han ziharduten bost sukaldariei so eta kaboaz galdetu zien. Inork ez zion erantzun. Ozenttoago galdetu eta jaramonik ez haiek.
Beste behin ea kaboa nor zen itaundu zien eta bost mutil haiek txintik ez. Ez zioten begiratu ere egin. Iñaki zeharo harriturik geratu zen, geldi-geldi.
Halako baten, atzulatik itzuliz, kaboa. Nor eta, hara!, aspaldian ikusi bagea zuen eskolaldiko 'Estremeño'. Txirrindua ostu ziona bera.
Batak bestea ezagutu legez besteak ere bata ezagutu zuen. Biak ala biak txundituta. Elkarri begira.
- Hombre, vagcorro! ¡Qué hase tú por aquí? – kaboak irribarrez.
- Aupa, tú. Aquí me han mandao. – Iñakik, ahal zuen hizkeran.
- Hombre, algo ha aprendío. Ahora dime " mi cabo" o " zeñor", como debe un militar – estremadurar beltxaranak, beltzuri itxurak eginaz.
- Si señor. A la cosina me han mandao. Si señor.
- Bien, vagcorro, bien; aquí empiesa a pelar patata, y puede llegar a general – eta zoko batean lusagarrak zuritzen hasteko agindu zion.
Herritik aspaldian itzalia zen. Iruñean lanean hasi zelako zurrmurrua ez zen egia. Zaragozako kasernara gudagizon izaiteko, 'militar' alegia, asmoz sartu zen, hamazortzi urte zuelarik. Bi urte t'erdi zeraman. Ez zen sukaldeko lanetan batere pozik, berak esatea maite zuen eran itzultzeko "ni borrokan aritzekoa nauzu, ez emakumeen antzera dilistak egosten direneino subetean egoiteko"; baina, gora nahi bazuen, ez zuen aginduak betetzea besterik.
Egunoro berrehun lagunentzako bazkari-abariak antolatzea ez zen lan makala. Sutoki handietan, zortzizpabederatzi lapiko eskerge behar zuten, eltzekariak, batez ere, egostearren. Komandante bat buru zutela, aste osorako antolamendua egin ohi zuten: erosi behar zutena erosi, eta ilean behin kamioi handi batzuk etorri ohi ziren, zama-garraio, eta bostehuna kilo babarrun, bostehuna dilista, eta abar ekartzen zuten. Janaritegira zakuak garraiatzen hamar mutil, eta komandantea haiei begira.
Kaboak bazekien zaku batzuk beste ate batetik sartu bezala atera egiten zirela. Kalean furgoxka bat igurikitzen, eta, aldi bakoitz, bospasei zaku zamaturik joaiten zen. Ehun bat kilo babarrun, beste honenbeste dilista, txitxirioak zirenean berdin... itzuri egiten ziren.
Komandanteak behin azaldutakoa egia izaitera, 'militar' hilen seme-alaba zurtzen ikastetxe batera eramaitekoak ziren, osteko atetik, itzalgaizka, xixkaturiko zakuak. Kaboak ez zuen tutik esan nahi. Egia bazekien arren, komandantea salatuz gero, beretzat kalte izango zelakoan. Eta bestalde, zakuak eramaiten zituen ibilgailuak besterik ere bazekarren. Komandanteak ere bazekien, baina ezikusiarena egiten zuen.
Ilean behin 'txama' jasotzen zuen. Maroko-rean Melillatik itsasoan zehar iragaiten zen. 'Regulares' zeritzen haietako ofizial batek baimen-zorroan ekarriz, itsasoa eta muga guztiak zeharkatzea ez zen zaila. Sukaldeko langileak banatzaile zirela, ezkutuan ekarritako zama, kaboari aurretik dirua emaiten zionaren eskura laster zen. 'Mokordotto' bana bi mila pezetaren truke. 'Haxixik' gehien-gehiena, gudetxe barruan banatzen zen. Ilean-ilean berrogei bat mila pezeta irabazten omen zuen.
Sukalde handi haretako trukumula guztiak 'Estremeño', edo bertan abizenez ezaguna González, kaboaren begirapean zebiltzan.
Komandantea ez zen egunoro gudetxera joaiten, nahiz eta bertatik hamar bat minutura zegoen gudagizonen auzo batean bizi izan. Etxe bakoitzez osatu hirixka dotore baten antzeko auzune zabala zen, hiriaren erdirean kilometro batera, azken guduaz gero, eraikia.
Guztira ehun bat etxe, txalet edo etxalai esaten zieten tankerako, hots, ez handiegi baina txikir ere ez, eta inguruan bere loretegi eskeraz hesitu banadun. Han bizi ziren guztiak, guduan ibilitakoak, edo berauen ondoreangoak, eta komandante baino goragoko mailakoak. Ez zen handi horietakoa baina elizatto bat ere bazegoen, auzoaren erdian. Komandantea, hiri tiki haren alde batean eraiki zahar ez zen solairu bakarreko etxe edder haietako batean bizi zen.
Igandero bezala, emaztea haurrekin gurasoen etxera joan zen. Goizerean bertaraturik, aiton-amonen herrian egun osoa emanez pozarren neska-mutilkoak, eta gautu aitzin etxera berriro, amak gidatzen zuen seat zurian. Aitak ez zuen batere gogoko herrira joaite hura. Noiz edo behin, hala beharturik gisa, giarreben etxera, baina gehienetan, aitzakia batean maitzakia bestean, ez zen joaiten. Ilean bi igandetan Madril alderatzen zen.
Igande haretan, berriz, etxean geratu zen. Ekandu zuen eran, eguerdiko meza auzoko eliza ez arranditsu baina txanbelinean entzun zuen. Ez zuen etxean bazkalduko; Zaragozatik Iruñerako errepidearen ondoan zegoen jatetxean eginen zuen. Arratsaldeko laurak aldean, bazkalondo ez oso luzea eginda, etxera itzuli eta, beti legez, beribila tegi barrura sartu zuen.
Ez zen besteen antzekoa, beltza zen. Gehienetan adats ori luzeko lirainak nahiago zituen, baina, egun haretarako azal beltzeko gaxte garbia galdegin zion eta González kaboak halakoxea zuzkitu zion. Zaragozara Madrildik iritsi berria zen neska. Komandanteak, eginkizun oro zehazki xedatua zuen: uda beteko arratsalde luzea ez zen berehala gautuko, eta, emaztea haurrekin herritik itzultzen ziren arte, zeregin goxo lizun luzeaz naroki asetuko zen.
Ama-umeak arratsa baino lehenago etxeratu ziren. Aitona ohean gaixorik zetzan eta amonak bilobattoak agurtu zituenaz gero, ordu erdiko bidea zuten. Etxe aurreko espaloiaren ondoan gelditu zuen, utzi zuen bertan, itxi beribila eta, umeak aurretik jolas-jauzika, atea ireki eta sartu ziren ezkaratzera, eta logelara, eta hara!, neska beltz bat ohe gainean etzana, biluzik, zigarroa ahoan, sabaiari begira.
Harritu ziren erabat emazteki biak ala biak elkarri so, eta umeak isildu. Arnasari eutsi zioten. Begi-begira. Txundituta. Senarra dutxanari zen, ez zuen zipitzik entzun, umeen ahotsa etxe barruan izan arte. Sumindu zen emaztea, lehen uneko harriduraz gainetik, eta garrasika eraso zion. Senarrak entzun orduko, atera zen garbigutik, harengana berehala, eta besotik heldu zion, tint, eta zapladaka oldartu zitzaion, eta isiltzeko eta isiltzeko agitzen zionaz batera gelarean ateratu zuen, ukaldika. Haurrek oro ikusi zuten. Ama odola zeriola ikustean negar-garrasi lazgarriak egiten hasi ziren. Hartu zituen aitak, ume biak tarraz, eta haien logelara eraman zituen, eta bertan itxi. Neska larrubeltza, jantzi berri, bertarean alde egiteko eretia hartuta, etxetik irten eta arinik arin joan zen. Emaztearengana itzuli zen, eskuak ukabil, eta, konorterik bage utzi zuen arte, astinduz eta joz ihauli zuen. Zoruan erorita ere, oihuka eta, mutiri zerauntson, zoratuki bezala: inori ezer ez esateko; salaketarik inola ere ez ezarteko. Zemaika, gertaturiko guztia bertatik bertara ahanzteko agindu zion, pistola begitartean erakusteaz batera. Konorterik bage zetzala ohartu ez, nonbait.
Biharamunean, komandantea inoiz baino goizago agertu zen. Kaboa ikusi zueneko, besterik adiarazi arte, hurrengo igandeetan neskarik ez igorteko agindu zion. Ez zion, gertatu zenaz deusik aipatu ere egin. González kaboak gudagizonek ohi zuten agurraz eratzuli zion, eskuineko eskua lokian ipiniz.
Hamar-hamabi urte ziren eskolan ibili zirela. Francisco González Mendoza, hegoarekin batera bezala, Extremaduratik etorri berri orduan. Soinez ttikia, meheko horietarikoa, beltxarana eguzkiak gogor jaiten duen herrikoa izanik txunditzekoa ez zen, baina Iñakiri halako tankera arrotz xamarra iruditzen zitzaiona.
Elizaldeko etxe aspaldi hutsik zegoen batean jarri zen, aita, ama eta semea osagai zituen sendi ha bizitzen. Etxea elizarena zen, herriko apaizak utzi ziena. Aita baso-lanetan jardunez hasi zen etxerako behar zuen dirua irabazten. Ama, herrira eta zazpi-zortzi ilera, Iruñera hasi zen, handiki batzuen etxean neskame. Goizean joan eta arratsean etorri. Iruñeko kale nagusietako batean zegoen jauregiño haretan bizi zen sendi aberatsa, abizenari ohartuz gero behintzat, apaizarekiko zerbait zela herriko guztiek zekiten, edo zekitela uste, urrean.
Semea eskolan, eta bazkalorduan apaizarenera joaiten zen.
Harroputza zen, bere ttikian, beti labana bat eskuan, bai ogitartekoa jaten ari zenean bai jolasean ari zenean, eta liskarrik baldin bazen hantxe hura, bere labana eskuan, ageri-agerian. Iñakik ez zuen beste susmorik burutan, zera, harako kazkarro motz harek ez bestek txirrindua ostu ziona. Sukaldean, urte askoz geroago, elkar ikusi zutenean txirrindu hura, berriz ere, irudiz agertu zitzaion, galdu zuen egunean berean izan balitz bezala.
Ez zuen beste hizpiderik, nexkak eta zeraren ingurukoa. "Cuando a Paco se le hinchan lo cohone... cuidao con Paco", esaten zuen bere buruaz, haserretzen hasteko mehatxu legez. Inoren zakilik handiena zuela zioenean ahoko hortzeria osoa erakutsi nahi zuela zirudien.
Gaztettoak orduan baina, lagunek edo elaide zituen guttiek 'Estremoduro' gaitzizena eman zioten, harez gero; etorri zen lurraldearen izenaz jokatuz ala haren zakil gogorra adiarazteko zen ez zen, jakiterik ez.
Ez zuen asko ikasiko. Aitari laguntzera joan beharreko txutxuaz, sarri eskola bagerik, eta ez guttitan arkupeko bazterrean, ikasgelara sartzeke, bere antzeko beste batzuekin, erre eta erre. Ez zuten beste setarik haiek zigarroa erretzea baino. Inork ez zekien nondik eskuratzen zuen, baina, egunean-egunean DUCADOS pakete oso bat, batez beste, erretzen ei zuen. Aitortu ere halaxe aitor zuen harek berak, harro bai harro. Aitari kentzen ziola susmatzekoa zen.
Errekide egin zituenetarik bat: Gorrotxa, bera bezain errezale amorratua. Harik urte batzuetara, herrian alkate zenari bidalitako zemaizko eskutitzak, haiek edo eginak ote ziren susmoa zabaldu zen. Iñigok ere halatsu sinetsi behar zela esan zion behin aitari.
'Guardia Civilak' ikerketa burutu zuenean, harako eskutitz bat Zaragozatik bidalia izan zela ondorioztatu zuen, posta-zigilua Ebroko hirian emana zela eta.
Ordurako, herrirean aspaldi itzalia zen Paco, inork nora joan zen ez zekien, eta Gorrotxa, berriz, sorberia guztien arauera, beste aldera ihes eginda, Iparraldera edo alegia.
Carlos, endore zen bitartean 'Don Carlos María', bizitzan lehen aldiz beldurrak jo zuela esatea ez da handi. Mehatxua oso latza zitzaion, ez zuen ulertzen berak herriaren alde egindako guztia nolatan ordaindu ahal zioten halako moldez. Dirutza eskatu zitzaionak edo zitzazikionek jakin bazekiten dirutza handia eginda zegoena, azken urteetan batez ere, alkate izanik herrian eginiko eraiki-lan guztietan ehuneko zerbait beti jasotzen baitzuen. Ybarra jaunak ere diruz laguntzen ziolakoa, barra-barra hedaturiko ustea zen. Haien bien arteko garatzak ez ziren, aurki, dohainekoak.
Aspaldian pagadira igaiteke zegoen. Aurreko udazkenean zizaketa ibili zela jakina zen, baina, ez zen lehen bezain maiz basoan bakarrik ibilten. Herrian bertan ere ahalik eta gutienetan agertzen zen: Iruñera sarri eta, ahal zuen guztietan, Burgos aldera edo, herrian esaera zenari jaramon egitekotan.
Bankura joan zenean ez zuen ezer argitu nahi ukan, baina kalean esamesak ugari, eta banku-zuzendariak laster igarri zion. Bankuak behar zuen diru guztia eskuraraziko zion, baina arazoa ez zen hala konponduko.
Lehenengo aldiz, hamar milioi pezeta zuen eman beharrekoa. Non eta noiz-nola eskutitzean bertan ez zioten azaldu edo zehaztu. Sasoi haretan, Behigorku aldera ohi zuen, eta, halako batean, bidean papertto batzuk aurkitu zituen, eta egipide zehatzak eman zizkioten. Zer egin eta zer ez egin behar zuen, agindu, hain zuzen. 'Guardia Civilari' salatzeko aukera burutaratu zitzaion, baina paperean zemai zehatza zen: "Zakurrei abisu emanez gero, zuretzat kaltegarri; kasu, gero, nori zer erraiten diozun!".
Amorruz irakurri zuen. Ez zioten berari hala dirua ebatsiko. Gogoeta latzak zerabiltzan. Zerbait eratu behar zuen. Arasa batean pistola tiki zaharra zedukan. Aspaldi gordea; mehatxu hura jaso ondoan, berriz ere sakelan eramaiten hasi zen.
Igande goizeko ihintza lehortu baino lehen, uda beteko beroak laster kiskaliko zuelakoan, mendian goiti jo zuen. Beti bezain zalu, urteak aurrera ahala urratsak urritzen baina; Goikoiturrira lehen bai lehen iristeko asmoz. Bizkartzorro berria zeraman, hiru milioiak barruan, plastikozko hiru poltsatan. Bidean ohi bezala, mendizale batzuekin buru egin zuen, handik hona nahiz hemendik hara, eta elkarri agur egin bai, hitzik asko ez, ordea. Haietako baten bat izango ote zen, bada, xantaia egiten ziona? Zertara zihoan inork begiratzen ote zion, bidez bide zihoalarik, bazterren batean ostendurik? Guduan hain ausart eta beldurge jardun zuen txapelgorri hura, noizbait, lehen aldiz, zahartua izaitea beharbada, bihotzilik zegoen, oinak motel eta lurra ikaran zebilkiola. Bidean aitzina, eta pago oste bakoitzean norbait zelatan ote zegoen beti beldurrez zihoan. Sakelan eskua eta eskuan pistola; inor bide erdira ager balekio zer egin jakinen luke. Etxeko inori ez zion aipatu ere egin, zertara zihoan ez nora zihoan. Egia esateko, aste osoan emaztearekin hitz llabur batzuk besterik ez zuen trukatu, hizpide hutsala. Emaztea ohean luzaroan gaixorik zetzan. Asteari txit luze etsi zion, igandea noiz etorriko zain. Joan eta joan, azkenean Goikoiturrira, hara!.
Gaztetan, beste lagun batzuekin, han zuen pistolaz trebatzeko leku hautatua. Gudura joaiteko grinatsu ziren, edo, hobeki esate aldera, garaipena irabazteko gogotsu, zeren, Jaungoikoak, artzain bati agertu omen zitzaion egun haretan, hala agindu baitzien, hots, erlijioaren etsaiak mundutik betiko abaztorratzeko eta Espainian katoliko zintzoen errege ohoragarria berriz ere nagusi jarteko.
Goikoiturri bai leku gogoangarria! Hantxe, pago zahar lodi baten ondoan zegoen leze sakonera aurtikia, hil zuten lehenbiziko etsaia utzi zuten. Goiherriko gazte mardul bat zen, herriko jai nagusietako egun batean, ikurrina makilean dingilizka ekarri zuena. Inor guttik zekien, orduan, herrian, harako oihal zuri-gorri-orlegia zer zen. Carlosek eta lagunek bai, ostera. Mutila ezaguna zuten; jai-egun harez gero begitan hartua ere bai. Egun batean, tiroka trebatzen ari ziren batean, mutil ha mendian beheti zetorrela urkusi zuten. Mendizale azkarra, eskualde oroko gainik gain usu, eta hilko zuten egun ondikozkoan hala zebilen. Ikusi eta ezagutu ere berehala. Mutil hura zen, enurarik ez. Txapel beltza buruan, praka urdinen aztalen gainean galtzerdi zuriak agerian, jertse lodia lepoan bildua, eskuan zaharo zuzen goiko eustoki makurduna zekarrela zetorren. Ez zuten luzaz pentsatu. Harkaitz baten ostean ezkutatu ziren. Gudua haiek beraiekhasiko zuten. Gainera, halako mutilak nolabait salatu ahal izanen zituela eta, lekukorik ez izaitea hobe. Etsaia zuten eta hil behar.
Mutila hurbil eta tiro. Bertan tiroa desarratu zioten, eta hil. Odol-lats bat zerion bideko lur gorrian zetzan hilotzari. Pistolak eskuetan, erho berri zuten mutilari begira zegozkion. Txapelgorri zital haien begietarik gorrotozko distirak. Geldi bezain isil, gorpua bezala bost hiltzaileak. Zer egingo eta, lezera amildu egingo zuten. Odola edeki beharra ere bai. Lurraz estaliko zuten.
Lezea sakona zen. Harri bat iraitzi eta, lipar batzuk iraganik, hots bat aditzen omen zen, hondar beltzera helduz gero; ehun kana baino sakonagoa zela zen orduan esaera, inor ere inoiz sartu ez izan arren. Behin, izurri latz batek hil zuen behorra, besteri kutsa ez zekion, lezean barrura aurtiki zutela esaten zen. Harik bost urtera edo, Basakabiko atso eroak lezerean irteniko zaldi-irrintzi zoliak entzuten zituela esanez, herriko haur batzuei beldurra eragiten zien.
Bosten artean gorpua zuloratu zuten. Eskuak harri batean, bata bestearen gainean ipinirik, ezer ere ez zutela inoiz ere, inori ere ez, esango ' elkarri hitz eman eta hartu zioten. Zin egin zuten, Jaungoikoaren izenean, gertaera haretaz tutik esango ez zutela sekula.
Gudua hastear zela bazekiten eta inork ez zuen deusik jakinen. Izan ere, guduak halakoxeak izan ohi dira beti leku orotan, hots, gizonak barruan duen otsoa biziarazteko une beltz hondarge hutsak.
Goikoiturrira iritsia zen. Lehenik eta behin, ezarian bezala, albo guztietara so egin zuen, ea inor begiztatzen edo. Lezera ez zen hurreratu. Dirua hiru harriren azpietan utziko zuen, eta, handik ez urrun zegoen muino batean, zelatari jarriko zen. Guduan hala egina eta, azeriak oiloa bezala, arerio bat baino hoboro halaxe atzemandakoa zen. Lehenengo ordua mende iruditu zitzaion. Bigarrenean, ia loak hartuko zukeen, mendizale batzuk hurbiltzean zarata entzun izan ez balu. Iturrian hurrupada bana egin zutela ikusi zuen, otarteko batzuk zorrotitu zituzten eta jaten eseri zirela. Hamarretakoa egin ondorean, bideari jarraikiz, tontorrerantz ibilasi zirela ohartu zenean, haiek ez, berari xantaia eta zemai egile' haiek ez zirela eman zion senak. Luzetsita zegoen, baina ez zuen amoŕ eman nahi. Inork bera ikusterik ere ez nahi eta, lurrean erdi-etzanik zegoen, guduko borrokan gisa. Xantaiagileak, noizbait, agertuko, zalantzarik ez, dirua jasoko bazuten. Egonarria behar zuen, "egon zaitez, zagoz ekuru; etorriko zaizkizu eta" agindu zion bere buruari ahapeka, inku-minku mintzoz. Ez zekien: batetik, dirua eskatu zitzaionak, biziaren ordain eskatu ere, bestela hilko zutela zemai eginaz, talde baten izenean eraso ziolako xantaiagileak ugariak zirela eta, susmoak jorik zegoen; bestetik, bat bakarra izan zitekeela susmatzen zuen, zergatik eta jakin ez arren. Eguerdiko eguzki beroak izerdi eragin zion, haizekirria gora-behera, itzalpean egonagatik.
Lezea hantxe zegoen. Ez zuen burutara ekarri nahi, baina bertan igurikitzen luze eta oroikiak banan-banan zetozkion gogora.
Heldubada, artean, zuloaren sakon-sakonean erho zuten mutil haren hezurkinak egongo ahal ziren. Urteetan harako ekintza hura oroimenetik edeki nahi eta, azken urteko istilu harengatik, berriz ere, behialako zitalkeria gogorean edeki ezin. Hil zuten mutil gazte mendizale harek ez zuen, omen, anaiarik, arreba bi ez besterik, eta, beraz, ondoreangorik ez, ustez behintzat, hainbat urte joan eta geroenean xantaiaz mendeku hartu nahi zezakeenik ez, bada. Hil eta laster gudua hasi zen eta, mutilaren aita-amek ez beste senideek ez zuten inoiz jakinen zer gertatu zitzaion; non zegoen, ez hareanik. Tiro batez erho zuten unean, hantxe berarekin zegozen beste lagunek ez zioten halako halakokeriarik eginen; izan ere, lagunak ziren; eta, gainera, ezer inoiz inori ez esatea erabaki zuten eta hitz eman ere elkarri, zinez.
Aspertu zen han egoiteaz, gogoa ahitu zitzaion, lau orduz itxaraiten, eguzkia kinkan, txil egin zuen. Urruneko hodei ilunak arratsa iragarriz zetozkion. Zorroa lurrari kendurik, etxerako bidea hartu zuen. Zemaizko paperean agindu zion edo zioten eran egin zuen.
Dirua Goikoiturrin geratu zitzaion. Noizbait berreskuratu behar zuela eta behar zuela esaka ekinez gogor egin zion bere buruari. Bidea lehor zegoen, ibilaro ezinago ederra, eta ilundu aurrez etxean izanen zen. Sorogaingo lepotik, azken aldiz, Goikoiturri urkusteko burua biratu zuen, bizitzan azkenengo aldia izanen zitzaiola ez jakinki.
Iñakik Zaragozan begirada hotzak sumatzen zituen, behar ez zuen lekura sartu izan bailitzan. Kaboa egun oroz agertzen bazen ere, sarri ez zion txintik esaten, ez berak ez berarekin hitz egiten zuten sukaldeko mutilek. Lehenengo egunetik bezala, patatak zuritzen ziharduen. Gogoetatsu beti, egunak luze, noiz etxera itzuliko zain eta noiz ez jakinik. Zaku handi batzuk patataz beterik inguruan eta zurezko aulki batean eserita egun guztian. Etxeko sukaldean balego, behintzat, ipuinerean bat edo beste entzuten pozarren; aitonak lusagarrak esan eta amak patatak, eta bien artean anbiolako supita bat edo beste, eta hala kontu-kontari, eta kantari ere maiz, antzinako zer bat irakatsiko zioten:
"Ihes betea zilegi balitz, inon balego bidea, ni ez nintzake oinazearen menpeko mixerablea; oihu zekenen destinatzaile etsipenaren semea".
gogorarazi zion bere buruari, baina bera han, aitona Santoñan bezalatsu zegoen, harrapatua. Aitona betiko joan zen. Honela ere, aitona, artean, larrainean eserita irudikatzen zuen, ametsetan ohi legez, eta bera ondoan adi-adi entzule.
"Gu ez gintuan gudagizon, gure lurra suntsitzera honaindiratu zirelako eutsi beharrean izan gintzaizkiean, aitzi egin behar gorriz; eta aitzurra bertan behera utzirik iskilua hartu behar ukan genian, ezinbertzela, nahi eta nahi ez.
Ni Karrantzan hiru gauetan ganbara batean saralearen gainean lo egin eta gero, etxerantz ustean, bidez bide ibilian-ibilian, Arratia zeritzon haran batera heldu ninduan. Hara arteraino, gose bai gose, eta behin edo behin basurderen bat baino gehiago ikusi arren, ezin atzitu, eta etxeak baso bazterretan, eta etxeetara hurbiltzen beldur, eta gauez sagarrondorik edo halakorik aurkituta, gosea berdintzeko adina jan, eta lo egiteko gaua lagun, eta goiza iratzargailu, eta egun argiz arreta handiz ibili, eta hemen gau-lanetan ohituak ginelako eskerrak. Ai mendiok, gure mendiok, orduan ere bertze anitzetan bezala babesleku!
Beaskoetxea esaten zioten etxe batera iritsi ninduan. Agure ileurdin bat atean, sudurra gako, begi zoliak, hizkera leuneko gizona. Ni urrundik ikusi nindian, nik hura ikusi baino lehenago. Ikusi eta bertan, eiki, nondik nentorren igarri zian. Atari zabala hango harrizko etxe haretakoa. Noizbait zurezkoa izan ei zuan, sute batek kiskali zuenaz gero, harri landuz berreraikia. Egarria ondoko iturrian kendu nian.
- "Goseak ekarri zaitu?" – galdetu zidaan agurrik egin aurretik agure hak.
- "Bai, gose naiz; deusik eman ahal bazenit, otoi, eskertuko nizuke" – nik hitzetik hortzera.
- "Ezagun dozu euskereagaitik hemekoa ez zareana" – aldatu zian agureak hizpidea.
- "Etxetik urruti nabil, nafarra bainaiz, baina..."
- "Napartarra bazara ez zagoz etxeti urrun, gure geure hau zeure etxetzat hartu dagikezu" – agureak errana eta ni txunditurik
- "Eskertzekoa duzu, jauna".
- "Gosea bardintzeko beste, badago gure kamaran, bai, eta sartu zaitez. Bideak jota zatozela igarten gatx ez da eta".
Elkarrizketa etxe barruan luzatu zuan.
Bai, bizpahiru aste lehenago, azaldu zidanez, herriko baso malda batean zegoen etxe batera iheskari bi hel ei zitezen, asturiarrak edo zirelakoan zegoan, baina zehazki jakin ez. Okerreko etxera jo zezaten, noski. Etxeko nagusiak barrura sartzeko eta aigaria – han aparia erraiten ditek – andereak eman ziezaien. Apalondoan, logale zirela eta ganbaran lo egiteko lekua eman eta bertan loak hartu. ' Makis', muttilko, badakik, ni bezala ihesean zebiltzanak haiek eta, mugaz bertze aldera nahi. Nagusia, etxeko jauna alegia, jaun izen ohorezkoa halako bati ezarri ahal baldin balekio, ez zezan loak har, ez. Oheratu ere ez ei zedin egin. Basagizon txatxar hura, gau erdian, herrirajaits zedin, arin bai arin jaitsi ere ohitua izanik, eta laster zedin 'guardia civilen' baitan. Salatari zikina alaena! Ez zitezen berauek berandu, eta eguna argitu aitzin, hantxe, Etxetxikerra izeneko etxe oker haren inguruan. Lotan zeudenak zakurren zaunkada urduriek iratzarri. Ganbarako leihoxka batetik so egin eta hantxe!, zortzi-hamar 'guardia', buruan adardun kapela beltz distiratsua, kapusai luzea soinean, larruzko bortzegi belaunetarainokak, eskuetan fusilak zeduzkatenak. Sagua zuloan laso harrapatuak zitezen, ganbaran, nehondik nehora ihes egiteko zirrikiturik ezean. Bi mutilak, gaxteak biak, egundainoko istilurik larrienean. 'Guardien' buru zegienak, oihu lazgarriez, okatu eta okatzeko eta erauki erraiteko eta hala agin ziezaien. Esku-besoak gora irten zezaten. Etxeko nagusia ez zedin ageri.
Etxanderea etxe osteko horma bazterrean belauniko otoitz egitean. Zakurrak isil zitezen. Mutil iheskari biak hala ager zitezen, etxe aurreko atetik larrainttorantz. Besoak gora luzatuak. Oinutsik. Bet-betan, tiro hots batzuk, tar-tar-tar!, entzun, eta gizaseme haiek biak lurrera gorpu eror zitezen. Odol istil batean itoak zitezen. Hilotz. Etxeko atari zabalean agertu zireneko hil zitzaten. " Gracias por su colaboración" esan omen ziezaion kapitainak eta " Dios se lo pague" gehitu. Salatari joan zen gixon txatxar harek " Por Dios y por España lo que haga falta" erantzun ei ziezaion.
Kontuz ibili behar nian, beraz, bada. Gure mendiarteetan ere arerioak izan bazituan, izan, sos baten truke bertze nehoren bizia galtzeko gauza zirenak. Izan ere, haiek 'patria' aipatzen zuten arren, ez zitean aberririk, bihotzik ezean beraien buruetan ez zegoan dirua baizik, haien 'patria' bakarra.
Beaskoetxeko agurea bertzelakoa zuan, eta goizean, ibiltzeko urteak zama zituen arren, nirekin bide zati bat egin zian, erakusle, hurrengo etxe on batera irits nendin: "Zoaz hemeti, han urrun dakutsun etxe zahar haretaragino, harik aurrera, jo egizu trokaz beste aldera, eta laster baserri batera helduko zara. Uriondo dozu hori. Bertan danak zintzoak. Erakutsiko deutzue aurreragoko bidea. Zoaz arin. Muga oraindiñokarren, urrun baiño urrunago dozu eta". Menditik mendira, urrun egonik ere, hango bazter basotsuetan bizi diren baserritar usu isil haiek, uzkur haiek, elkarrekin hitz egiteko gai direla erran litekek. Hala geratu zitzaidaan, Beaskoetxeko jaun, bai hura bai baitzen jaun, ileurdin, gorgots bezain zintzo hura, mendiaren hegitik begira, ni landan zehar beherantz nindoalarik. Burua gibeleratu eta, gainttoan zut, hondar aldiz, hodei baten barruan bailegoan, begiztatu nuenean, erraldoi baten antz eman nioan.
Hala, batetik bertzera, etxerik etxe, etxera buruz nentorren, geurera erran nahi diat. Hamaika arro eta troka, mendiarte eta mehaka, landa eta muino zeharkatua heldu ninduan handik hona! Ibiltari zalua ni, gazte orduan, eta egunean hainbat kilometro egiten nian, hirurogei bat, bai, bana-bertze. Honaino. Etxera agertu nintzenean, nola nentorren ni, amak ez baininduen ezagutu!. Bizarluze, zikin-zikin, galtza-atorra bertze janzkirik ez, oinetan ibilian-ibilian zeharo urratuak nekartzan bortzegi gorrixta ilunduak, eta buruan txapel xaharkitua; halakoxe tankera edo karantz baldresa neurea, heldaio agertu nintzaioan eta amak ezagutu ez nerau!.
Gorritizahar ondoko estartetik irago nintzenean, baina, ezagutu ninduan bat izan zuan; laster joan salatari. Aha, baina, orduan herriko nagusia nor zen? Hire osaba, hain zuzen ere; alkate, endore, auzapez eta zer-nahi, hura jaun eta jabe. Eta ni etxen ikusi ninduenean... ez zian betarik huts egin... eta haren lagun txapelgorri zitalak atarian.
- "Non da zure semea?" – itaundu zioaten amari.
- "Zer zatozkidate niri galdetzen?; zuek jakinen ahal duzue non dabilen" – amak kementsu, semea etxean eta haiek hiltzera jinak zirela oharturik, aurki.
- "Hori gorriekin joan zela badakigu; eta etxera itzuli dela ere bai. Ireki iezaguzu atea etxea iker dezagun" – 'errekete' batek mutiri eta oldarkor.
Amak beta luzatu nahi zian, nik barrutik entzunez gero, ihesari eman niezaion. Eta halaxe gertatu. Ukuiluko lanetan ari nintzela, asots bakan bat aditu nian, zer zen eta entzutearren, ate ondora gerturatu ninduan, eta nor ziren argiro igarri, edo susmatu behintzat, egin nian. Astirik ez huts egin nik, behingo baten, bertze aldean irekita zegoen leihoxka batetik, meheegia izan arren, nola edo hala soina zeharkatuz – orduan neu orain baino meheago ere bai – jalgitea lortu nian; berehala ninduan ni, larrean goiti arinik arin, Muinaldez haraindian.
- "Etxe honetan atea beti zabalik egon ohi da, zuek bezalako zitalak nehoiz edo behin jiten badira ere" – ama ez zuan isiltzen dakiten horietarikoa, behin haserretuz gero, zer-nahi eta bi egotz ahal ziezaiokean aitzinean zuenari, bekoz beko.
- "Kasu, gero, zer diozun, andere! Guk ez dugu nehrengandik irainik jasan nahi, gero!, aditu?" – eta atea zabalaraziz, barrura zituan, hiru mutil, bederazka, eta bertze biak atean gelditu.
Ama, behingoz, kikildu zela uste diat; ni barruan atzemanen nindutelakoan, noski. Berandu zitean, berriz. Nire aztarrenarik bat ere ez.
Mendian ez ninduan gelditu, Lezesarriko atakara arteraino. Muga zeharkatu ahal nian, baina mugazainak ugari garai haietan han, eta Donostia aldera jo behar nuela otu zitzaidaan. Hirian, nolabait, babestuago edo egonen nintzelako itxaropenaz. Berrogei bat kilometro hegiz hegi, eta Sarara joaitekotan bertze hainbertze.
Halabeharrak, ordea, bertzerik opa zidaan: Loiola auzora iristear eta 'guardia civil' batek, ingurualde haretan ostera bat eginaz eiki, urrunttotik ikusi nindian. Itxura zarpaila nirea, galtzak urratuxeak sasietan zehar ibilirik, hiru eguneko bizar zikina aurpegian, eta susmo txarrak hartu zian. Ihesean zihoazenak orduan bazterralde haietan hainbat. Nire atzetik etorri zuan, ni ohartu bagerik, noski. Aspaldiko adiskide batzuen etxerako asmoz ni, eta kalera jo behar. Nire begirale maltzurrak laster gudetxera egin zian, antza. Iritsi nahi nuen etxea ez zegoan urrun.
Zubira heldu aitzin, hara han, nire aurrean land-rover berdilun bat, igurikitzen laso, eta bertatik bertara hiru 'guardia' jalgi zitzaizkidaan. Berriz ere gatibu!. Eta, hala ere, gaitz erdi, zeren, etxera nire bila jin ziren haiek atzitu ukan banindute okerrago anitzez niretzat. Bertatik bertara hil eginen nindutela ez zegoan enurarik. Eta, adiskideen etxera baino lehenago atxilotu nindutelako ere gaitz erdi, zeren, nire atzetik joan izan balira ni nerau eta bertze batzuk atxilo hartuko baitzituzketen. Gaitz erdi, bai, baina nire gaitza bertan ez zuan amaitu".
Aitona aditzen ari zela iruditzen zitzaion, kasernako sukaldean harako eginbehar haretan zihuarduen bitartean. Eguneko patatak zuritu behar zituen, ataza aspergarria noski, eta bazkalondoan ontziteria guztia garbitzen nahiko lan. Eltze erraldoiak ziren han erabilten, lapikoak ere halakoxeak, eta sardexka, zali, aizto, txalin, erratilu, edalontzi edo pitxerretan ehunka tresna ikuzi behar ohi zituen. Aska handi batzuetan, ur berotan xaboia eta lixiba erruz isurita, ontziak sartu, eta, eskuan mostratxa, igurtziz-igurtziz zer garbitua bazuen han. Egia esateko, soldadu izaitea beste zerbait zelakoan joan zen, aitak esan zuenetik berak jasan zuenera alde handia baitzegoen.
Ez zion, hala ere, gehiegi jaulkitzen aitak. Ez, bederen, ezer txarrik. Behin gudu-ariketak egitera Errioxako zertan batera eroan zituztela, eta, ardantza zaharretan zehar ibiliz, mahatsak mauka-mauka jan zituztela eta, urte haretako uzta osoa hala lorrindu ziotela eta, mahastidunak salaketa gogorra egin zuela eta, batailoi guztia zigorpeturik eduki zutela, gau osoan zutik herri txikir bateko enparantzan. Mutil guztien artean, ilean jasotzen zuten diru apurraz, uzta ordaindu behar ukan zuten, baina aitak barreka gogora zuen.
Herriko jendeak ongi hartu zituela gehitu ere bai; neskek, batik bat.
Egunak ziren González kaboa ikusi ez zuela, sukaldeko atetik sartzean haren ahots erlatsa entzun zuen arte. Oihuz, ohi bezain ozenki, agindutik agindura jauzika bezala, sartu eta laster han ziharduten guztiak, egitekoari utzirik, kanpora bidali zituen, Iñaki izan ezik.
- Tú quédate aquí, que este azunto no te incumbe – erauntsi zion, zerbait estali nahian legez.
- Yo lo que tú mandas...
- Aquí hay que desir "azuórdene mi cabo" . ¡A ver ziloaprende de una puta ve, vagcorro! – oihuka Paco; begiz begi elkarri.
Antza zenez, komandantea ez zen agertu bere bulegora, gaisorik edo, eta ohiko garraio-lana egin behar zen, zamak batetik besteraalegia. Zama berexia ekarri zuten, Melilla aldetik, eta lehen baino lehen lekutu beharra zegoen. Ez ziren oso luzatu. Sukaldeko mutilek azkar egin zuten lan, zer guztiak ongi zertuz gero, beraiek ere zer irabazirik asko ukanen zutela bai baitzekiten. Eguerdiaz gero, González kaboa gudetxeko land-rover batean Iruñerantz zihoan.
Komandantea eri-agiria eskatua zegoen. Zazpi-zortzi egun bulegora bagerik egin zituen. Anderea erietxera eraman behar ukan zuen.
Sendagileak ukaldi gogor batek burmuina kaltetu ziola jakinarazi zion. Zer gertatu zitzaion itaundu zionean, horma bat margotzen ari zela zurubitik erori eta kaskarreko larria nozitu zuela azalduz erantzun zion. Sendagile gazteak isil eta sinetsiarena egin zuen, senda-liburuxkari begiak edekitzeke. Ez zen emakume hura erietxean zegoen lehen aldia; beste bi aldiz zauriturik eramana izan zen.
Batean sudurra hautsia zuelako, bestean saihetsezur batzuk etenak zituelako oso egoera larrian heldu izan zen, birritan. Komandantea, isilune hura bete nahiz, beharbada, zehaztasun batzuk gehitzen hasi zen: eraso epileptikoak jasaiten zituela, oso noiztenka bederik; leku txarretan ez ibilteko edo arriskutsuetara ez igaiteko maiz aholkatzen ziola... istripurik gerta ez zekion. Txabuxa zuriko gazte bibotedun harek ez zion begiratu ere egin, burua liburuxkara makurturik, eskuan boligrafoa bira-biraka zerabilela. Savater komandanteak, berehalako baten, oro ulertu zuen, antza, eta jake barruko sakelatik zerbait eskuratu baikoz, ateratzera egin zuen. Sendagileak burua goratuxe zuen, zer egingo begira bezala. Diru-paper pila bat erakutsi zion, ehun pezetako paperak goma batez bildurik, eta mahai gainean ipini zuen. Gudarosteko sendagile teniente hak ez zuen zeinbatu; jaso, hartu eta txabuxa barruko zarpara sartu zuen. Ez zioten elkarri tutik irautsi. Liburuxkan zerbait idazten hasi zen. Boligrafoz, hizki traketsez, txukun antzo, astirotto, esaldi ez txit luzea bukatu zuenean izenpetu zuen, zirriborro biribil baten nahaspilan izen-abizenak ostenduz. Argiro zehaztu zuen eta komandanteari irakurtera eman zion, baimen eskean bezalatsu: "Zauri larriturik erietxeratu zuten emakumezko gaztea, Isabel Camacho de Savater izena zuena, egungo hamaika eta laurenetan zendu da. Ezbehar batean, zurubi baten gainetik erori zela esateko egiaztapen guztiak eginda, bertan jasan zuen ukaldi gogor bategatik burmuina maspildu ondorean, odoluria gaizkondu zitzaiolako hil da". Savaterrek, irakurritakoan, buruaz baiezko egin zuen. Jaiki eta gelarean atera jo zuen, sendagile gazteak burua mahaiari begira makur zuela.
Gudu-erietxe ha gudetxetik gertu zegoen eraikin modernoa zen, hamar bat urtekoa orduan, eta hirian zegoen bakarra ez izan arren, 'armadako' buruzagi guztiak, nahiesten zutelako igargarri, bertara joaiten ziren. 'Zerbitzua' egiten ari ziren mutilak, berriz, hagitz egoera larrirean batean edo gertatuz gero baizik ez zituzten "Generalisimo" esaten zioten haretara eramaiten; bestela, gudetxeko eritegian artatzen zituzten.
Nondik edo handik, González kaboak, komandantearen emazteari jazo zitzaionaren berri zehatza jaso zuen. Aspaldi zuen ametsa, nolabait, betetzeko aukera hantxe. Helburu zaharra zuena, Melillara aldatzea alegia, eskurago zekusan. Komandantearen baimena ez zuen, harez gero, hain zaila eskuratzen izango. Hurrengo ilean Afrika lehen aldiz ikusiko zuela amesten zuen.
Iñakik beribil berri batean zetorrela ezagutu zuen, gudu-jantzia aldatua ere, eta, bera ikustea nahi ez zuelako, González jalgi aitzin leihorean baztertu zen. Sukaldeko sarrera harro baino harroago egin zuen, kapela erantzirik, janzkera berria erakutsi nahiz. Sarjentu izendatua zen. Lehen mailako sarjentua; ileko saria, jakina, lehengoa halako bi; eta hurrengo ilaren hasieratik tokiberritua: Melilla.
- Ya ve, Ignasio María – erasi zion harropuzki – , porque tú aquí no ere Iñaqui, ere Ignasio María... todo lo vagco y navarro zoi María: Miguel María, Joze María, Angel María... maricone e lo que zoi; de aquí en adelante "zí zeñor misarhento" va a aprender a desir... si no te emplumo. Di que me va a ver poco: me voy pa' Melilla. De toda forma, zi te puedo haser cabo; al meno podrá ganar 100 pezeta a la zemana y putear al que quiera. ¿Cómo lo ve?
Iñakik isilean entzun zion baina ez erantzun. Egia esateko, hura guztia zer zen ez zekien, ulertu ere oro ez, eta, bigarren aldiz galdetu zionean ezetz erantzun zion.
- Tú te lo pierde, colega – berriro Pacok – un cabo ziempre e má que un puto zoldao razo. Y'un sarhento en ezto pago e la hogtia, má que un general... si tiene bueno contacto.
Txirrindua nork ostu zion galdetzeko irrikitan gelditu zen. Urteak ziren baina ez zuen ahanztekoa. Hala ere, 'Estremoduro' nolakoa zen jakinik, hobe zuen harako antzinako gertaera hura berriro ez gogoraraztea; ez zion, beraz, burutara ekarri. Gaxtettodanik bihurria bazen, zer ez zen izanen izardun sarjentu bilakatuaz gero. Berak ez zuen ikusi, entzun, ostera, bai, Zaragozan, harako ikasbidaia haretan, gertatu omen zen liskarra.
Gorrotxak ere eskua sartu zuela esan beharrik ez; garai haietan, larrua atorra baino hurrago eta, halakoxe adixkide minak haiek biak. Urte osoan ikastera, zinez ikastera, egun urri batzuetan baizik ez agertu arren, haiek eskolan beti elkarrekin. Batzuetan, goizeko autobusean Iruñera eta eguerdirako, hartzara, herrian; eta etxekoek eskolan egon zirela sinetsi.
'Joanamari' zeritzoten, eta Zaragozan erruz zebilelako entzuera zutenez, ikas-txango haretan nahi adina eta gehiago hartuko zutelako ustean joan ziren. Xedeak ere eginak: haientzat behar zuten guztia ekarriko zuten eta beste guztia salduz dirua irabaziko zuten. Gainera erretzekoa ez ezik, Zaragozan sudurretatik irensten zen hauts zuria ere ugari eta, Donostian edo hango inguruetako herrietan salduz dirutza batu ahal izanen zuten. Iñigori ez zioten deusik azalduko.
Hotela herrigunean bertan zegoen, eta, hiru izarrekoa bazen ere, kaxkar xamarra zen: zahar itxurako eraikin estu batean, burdina herdoiltsuko balkoiak karrika estu baten gainean, hiru solairu eta goiko teila gorrizko hegatz zurezkoa. Gauetan, taberna edo dantzaleku ugari izanik, karrika gaztez lepo bete ohi zen, iskanbila ere hainbestekoa, eta udako gau epel goxoetan inguruko etxeetan lo egiterik ez zegoen, goizeko eguzkiaren lehen izpiak argitzen hasten ziren arte, orduan isilaldia larrean ihintza bezala ihaurtzen baitzen.
Eguartean, berriz, egunoroko atazak burutzen zituzten kale-beharginak, dendariak, etxeko andere maratzak eta abar hasten ziren harrabotsa egiten, hala hitzaro nola motorren burrunba.
Gau haretan, GUAY izena argi gorriz idatzita zedukan taberna-zulo batera sartu ziren. Ez ziren okerreko tokira sartu, alajaina! Keak oro estaltzen zuen, laino zikina bailitzan, arnasa hartzea zaila izaiteraino. Gorrotxa aurretik, aluminiozko salmahai luze distiratsura hurreratu zireneko, zerbitzariak haiei begira zegozkien, arrotzak nonbait han; eta zer edan nahi zuten galdetu aitzin gora-behera so eginaz, haiek ohartzeke, poliziak edo ote ziren azterkatu zituela esan beharrik ez. Garagardo bana galdegin zuten. Eskatu eta bertan, dirua mahai gainean ipini zuen Gorrotxak. Zarata ozenak ez zien elkarri hitzik egiten uzten. Biak aulki garai banatan erdi-eserita, salmahaiari bizkar, baranoari beha eta adi zegozen. Sabaia hainbat argiontziz josia, zuriak batzuk oriak bestetzuk, hangoak gorriak horkoak urdinak, beilegi bat baino gehiago... begien lausogarri, artez-artez begiratuz gero. Gazterik asko ez ordu haretan; eta gehienak dantzan, xoro antxean higidura traketsak bezain zirtzilak airean marraztuz, ello irudiz burua lepotik makur-bihurtuz xorabio nahian bezala. 'Estremodurok' irriño batez so egin zion eta Gorrotxak era berean erantzun, begiz begi, txintik esateke. Garagardo kaña hustu aurrez, keinu bat egindako zerbitzaria hurbildu zitzaien, besterik edo gehiagorik nahi ote zuten galdeka. Baietz, Gorrotxak, eta erretzeko zerbait nahi zutela adiarazi zion. Tatuaiaz apainduriko besoa zuen zerbitzari lodi xamar hak, hizkeragatik euskalduna zela igarri zion. Baietz erantzun. Gorrotxak dirua erakutsi zion, 'porro' bana egiteko beste nahi zuela. Eta baietz zerbitzariak, eta erretzeko ez ezik 'xurgatzeko' ere zerbaitto ekarriko ziela, dirua nahikoa edukiz gero. Eta Gorrotxak baietz, eta zeinbatean ekarriko, eta berrehun pezetan gramoko. Eroslegai biek elkarri zeharreko so egin zioten. Garesti iruditu zitzaien. Ekar zezala agindu zion, orduan, hala ere, Pacok. Zerbitzaria ez zitzaien berehala itzuli, baina itzuli egin zen. Mahaiaren albo baten ondora hurreraratzeko keinuaz dei egin zien.
Inork zelatan eta zertan ari ziren susmatuko zuelako usteak jorik ere, bazterrera ziren, alde guztietara begira bezala begiak batera eta bestera zehartuz. Zerbitzari arlote itxurako zarpail harek, gelaño batera sarrarazi zituen. Gauzategia zen, garrafoiez, botilez eta abarrez betea. Hainbat sare-kutxa botila garagardoz bete, bata bestearen gainean metaturik, eta beste hainbeste bolita paitar kartoizko kutxetan, eta, gelattoa gauzez txil-txil zegoelako, ia-ia hiru norbait haientzako lekurik ez. Plastikozko poltsatto batetik hauts trinkozko'goxoki' bana ahurreratu zien. Pacok, adituaren itxurak eginaz, alde batetik eta bestetik so, sudur aldera gerturatu, mingainaz milikatu eta, alegia eta sumin-sumin egina, begiak zerbitzariari zuzen gelditu zituen, dzart!. Ez zela 'ore' ona, nahasia zela, usteldua zela, benetako 'joanamaria' ez zela egotzi zizkion, harrika laso, aurpegira. Zerbitzariak, haren behako larderiatsuaz lotsatua, zerbait esatera egin zuen; eta berehalako baten, Pacok, sakelatik labana ateratuz begitarte aur-aurrean ipini zion. Ikaratu zen guztiz. Gorritu zen biziki, ezuste latzagatik, eta listua irentsi zuen. Pacok, berriz, haren beldurrari ohartuta, bertan hilko zuela zemai eginda, zedukan guztia emaitera behartu zuen. Zerbitzariak, labana eztarrian, tutik esan ezin eta lauorrian, poltsan zedukan guztia eman zien. Labana eskuan beti, 'Estremeñok' hartu, berriz, berehala, poltsa bete droga. Ez arian bezala, toki ilun kirastu haretatik, taberna-zuloko gauaren ilunaz lagundurik, itzuri ziren. Ihesean. Gorrotxa aurretik, karrikan barrena, hotelerantz zalu-zalu egin zuten. Marihuana garbia zen, hutsa eta nahaskigea. Pacok jakin bazekien, tabernako mutil betaurrekodun zarpailak erakuts eta bertan; alabaina, ez zuen sosik ordaindu nahi eta hala egin ere. Saldu nahi zien 'orea' garbia zen, eta deus ordaindu bagerik eskuratu zuten. Gainera, hura guztia salduz, inoiz sinetsi ezindako dirutza irabaziko zutela zekiten.
Hotelera bezain laster, erretzen jarri ziren, ohe gainean, biak ala biak.
Iñaki, sukaldeko lanaz gain, ahal zuen guztietan, ohean etzanda geratzen zen, inoratzeke. Aitak sarri esanari muzin eginaz bezala, zeren, beti hala adiarazten baitzion, hots, 'zerbitzualdian' alperriko orduak eta orenak luze bezain ugariak izanik, gizona nagitzeko eta zeharo alpertzeko – auhertzeko haren hitzetan – guztiz egokiak, eta, beraz, kaltegarriak zirela.
- Hori dik 'zerbitzuak' gaitzik larriena, gizona auher bilakatzen duena alegia. Eta gizon auherrak gaizki egiten erraz ikas zirok.
Bertzenaz, han heuragi ikasi behar duk; hemen zer gerta litekeen ez zakiagu eta: bertze gerra bat pizteko arriskua bazagok eta, aladzipo! Hemengo gazteek ez ditek bururik. Hi habil xuxen, ez ibili bazterrak nahasten, hemengo batzuen antzera. Hik egik beti agintzen diatena.
Ez ahantz, gero, nagusiekin beti ongi heldu behar dela, beti!. Horiek gerra irabazi zitean, bai, eta berriz ere irabaziko ditek; horiekin, beraz diagu ongi ibili behar.
Hau guzti hau gogoan zerabilenean, Bordaxaharreko egun lasaiak zituen, guztiz ere, gogoan. Larrarte zaharrak irakatsiriko olerki labur hura xaramelatuz bezala jaulkitzen zuen. Laino itxiak ez zion urrutira ikusten uzten, eta orduan inoiz baino hoboro ikusten zuela iruditzen zitzaion, bere baitan, ametsetan laso, behialako oroitzapenak berrituz. Haizeak ardien txintxarrien hotsa, soinu polita, zekarkion, lainoaren barrurean harengana, hitzaro bat bezala, ikusterretik haraindian ele-meleka ari bailiran. Ilunabarra laster, eguzki amanderea bazihoan, eta udagoieneko egun epela izandakoa hotzak hartua zuen. Gaua langartsua izango zela igar zitekeen. Txabola ondoko lizarpean, xakur gorri gaxtea – beronen ama aspaldi hila – lagun bakar zuela, atseginetan zegoen, ardi larruzko beroki baten azpian, hala ere. Orrien firfira sumatu zuen, buruaren gainean, eta eskuan zedukan argiontzia izeki behar zuela ohartu zeneko gau betea zen. Txabola barrura sarturik, piztuta zegoen suari putz egin zion, txingar gorietarik garrak hazi ziren arte.
Ez zen logura. Bakarrik ohitua izan arren, lehen aldiz bakarmina sentitu zuela ohartu zitzaion. Hatsean kantari hasi zen:
Anitxen gisan baditüt bi amatto maitagarri: enea eta Euskadi. Biak paregabeko dira maitetasunez beterik, biak anitx maite ditüt eta haien besoetarik gogo hunez kanthatzen düt
Amak behin jaulki zion Mendiburuko alaba haren bakartasuna gomutan.
" Halakoxea zuan, izan ere, garai zaharretan, ez leku orotan noski, zeinbait etxetan bai, ez, egia esatearren, emakume askoren biziera, edo bizi eza. Nik lagun bat nian. Oraino dakusadala irudi diat. Beti eliza atarian bakarrik, zutunik horma ondoan jarrita, enparantza zabalari begira, egonean egonik zegoan. Ez zian adiskiderik. Nola izango zuen, bada, etxetik ateratzen ez baitzioten uzten! Nik haren etxea zein zen banekian; geuretik urrun baina ikusterrean, mendi lepo batean, hiru-lau etxe gehiago ondoan, alde batean Hergoiengo arroa, beste aldean Larregoitiko larre zabalez hedatzen zen haranttoa. Elizarako bidea mendixka baten hegi-hegian gaindi zihoan, aldapa xamurra eginaz, Inesen etxetik hamar bat minutuz.
Gu eskolara ez gintuan joan; noiz edo behin, beste egitekorik ez zenean, mutilak bai; gu, berriz, josten ikastera bidali izaiten gintiztean, ez luzaz, eta prakak edo soinekoa egiten, pitin bat, ikasi orduko, etxera berriro, etxeko lanetara. Inesen neba biak egunoro herriko ikastetxera jaisten zituan, oinez noski, nahiz eta haiek ziren lakoxeak zirelako ikasi gehiegi ez ikasi, lar ez. Jostuna behar zitean eta aitak alaba bakarra harako. Arratsalde erdian jaisten zuan, ilunabarrerako etxean egon zedin.
Ez zuan neska leloa, hogei urteko orduan, eta Karrikaburuko andereak irakatsi ahala ikasten zian. Isila oso, lan gogorretan zaildua, ttiki xamarra eta itxura ez baldarrekoa. Hizkeran leuna bezain urria, amarekin etxeko atazetan ondo ikasia, jostun ona izanen zuan.
Ordura arte, herrira ama zenarekin noiz edo noiz jaitsia izan arren, bera bakarrik inoiz ez. Aitak ez zioan etxetik inora irteiten uzten, igandeko mezatara baino ez ama bizi zeino.
Mutilak, garai haietan, igandeko mezaz gero, tabernara sartu ohi zituan, eta bazkalorduan etxean; arratsalde guztietan bolo-jokora zuan ekandua, gaua baino lehenago etxeratzen, eta halatsu jai-igande orotan. Basarteko Madalenara edo Ermualdeko Santaluzira erromes joaitea ere zilegi zitean, basajai ederra egite aldera; eta soldadutzatik bihurtu eta gero inguruetako jaietara ere urruntzen zituan, sarri baino sarriago biharamunera arte ez etxeratzeko. Aitak, beharbada, betilun hartuko zitian, haserre itxurak eginaz, bera ere gaztetan berdin egindakoa izanik, aurki; amak, aldiz, gosaria mahairatuko zizkiean, isil-isila, ateleka bagerik. Semeak horditto etorriz gero, errua, jakina, auzoko adixkide maltxurrena, beti.
Neguan, joan-etorria, luzea ez izanagatik, euripean sarritan, elur geruza mehea zegoen egunean, hotzetan eta, nekagarri gerta zekiokean, baina ez zuan hala harako neska zail harentzat. Uda baino lehen ikasi behar zian, soroko nahiz larreko lanak heldu aurrez, zeren, etxean esku guztiak behar izango zituela adiarazi baitzion aitak, josten ikasteari ekin zitzaionean.
Diru larregi ez zian eralgi nahi aitak, oro nahi eta merke harek, eta jostun-irakasleari hirugarren ilsaria eman zionean, alaba berriro itzuliko ez zitzaiola jakinarazi zioan.
- "Alabak badu etxen egitekorik. Egunoro-egunoro hona etorte honek ez dio astirik uzten beharrak egiteko, eta gu, atsoa hil zenetik, etxen lau, alajainkoa!. Eta ukuiluan ere beste hainbeste eta askoz gehiago; orori jaten eman behar zaio, eta dirua ez dator berez geurera, Jainkoaren odola! Etxen emakumezko bat behar dugu, eta alaba bakarra. Gure prakak josteko adina ikasi badu nahikoa. Besterik ez da, arranopola! Semeek baso-lanetan dihardute, bai, eta diru apurrak irabazten dituzte, eta gaitz erdi, arranoak ez badu!" – Inesen aita harroak.
- " Zer erranen dizut, bada, nik zuri; aita zarenez, nahi duzuna egin dezakezu, baina jakizu ikasle ona dela eta, ikastaro hau urtebetean bukatuko balu, galtzak josten ez ezik, soinekoak egiten eta abar ere, ikasiko lukeela zure alabak. Bere gogara jin ohi dela irudi du, eta ikasteari ez jarraikitzea damu" – Karrikaburuko andere jostunak aitari aholkuz.
- "Neure etxen neuk agintzen dut, agindu. Nik badakit, jakin, arranopola! neure alabari zer dakiokeen on eta zer ez. Etxerako behar dut, eta besterik ez, alajainkoa!".
- "Nahi duzun bezala, nik aholkua baizik ez dizut eman. Damutuko zaizu, baina".- "Ez neuri, Jainkoaren odolagatik! Neuri ez zait harean damutu inoiz" – Mendiburuko jaun burgoia mintzo zakarrez, ohi laso.
- "Horrek-e, sinesteak lan du! Zure alabak gehiago merezi lukeela uste dut, ikasteko buru ona du eta" – Karrikaburuk bere hizkera leunaz ten-tenean.
- " Mendiburun bururik ez dugu behar, eskuak behar ditugu: lan egiteke ezin burutu guk han, lurra zuhur eta elkorra, eta behiek egunoro jaten dute, idiek ere, geldi egon arren, bazka eske beti, eta aitzurra ez dabil berez bakarrik, eta guk geronek, etxekook ere, jan bagerik ezin bizi eta, egunoro jan beharra dugu. Jaungoikoak ez digu ezer emaiten doan, arranoak ez badu! Honetarakoxe eta gehiagotarako emakumezkoa behar dugu, alajainkoa!. Hiru gizonezko gagoz, berriz. Nork egingo ditu, bada, etxe inguruko lanok guztiok? Eta, nik badakit jakin, zera, beste antzinako haiek zekiten ha: " Emakumea eta zartagina sukaldean". Honenbestez esan beharreko guztia esanda dut, eta kito" – erraz sumintzen zen gizon ozar hura sumintzen hasita.
Karrikaburuko anderea, hala eta guztiz ere, ez zuan batere kikildu; hizkera leuneko emazteki kartsua, mintzo gozoz hitz sarkorrak egiten zekiena. Senarra gudatean hil eta gorpua batek zakik non ehortzi zutelako inoiz agertu ez arren, etxean beti haren irakaspenei eutsi ukan zieaten, zeren, herriko sendagilea izanik, etxerik etxe ibiliaz, hainbat sukaldetako berri jaso eta anderazkoen betebehar ezinbestekoa aldarri egiten baitzuen, bai – berak zioenez – etxe asko zutik iraunarazten bai euskaldunen askaziak bizirik iraun zezan.
'Don Luis' esaten zioaten; zaldi zuri baten gainean itzeragoz, etxerik baztertuenera iristen zenean, gaiso larririk bazegoen, haraxe sartzen zuan, tresna guztiak zisku batean, logela ilunera sarri, lagun zahar zein gazte hari bizia gaitzetik aterarazi ahal bazion, berandu baino lehenago egiteko asmo zintzoz. Sendatu ez ezik, etxe zaharretako sukalde belztu haietara garbitasuna eraman nahi zian, asmo berri xede zindo, garo usainari uzteke egurats gardena sar zedintzat.
Goiz batez, hala ere, Huntzorrieta etxeko ume berria sortzen laguntzetik zetorrela, bidegurutze batean, ongia baizen egin ez zuen gizon on hura bertantxe suntsitu zuan betiko. Hala zuan ustea, orduan, egia zen ala ez jakiterik ez. Alabari hala azaldu omen zioan amak, hamar urte geroago; eta aita bizi izan balitz zerbait ikas zezala nahi ukanen zuela ere adiarazi zioan; aitaren ametsa alaba bakarra sendagile, irakasle edo halako zerbait izaitea baitzen. Josten ikasi zian, guduaz geroko egun hits haietan bestela ezin eta, ongi ikasi ere. Amak egin bezala, urte batzuk geroago herriko hainbat neskatilari irakatsiko ziean.
Elkarrizketa ez zuan amaitu, gizon zakar biraoti harek nahi zuen bezala, eta modista esaten zioten andereñoak berriro:
- " Mendiburuko jauna: gaztetan ikasten dena geroko izan ohi da. Zuk lehengo pagadi zaharrean pinu-kume erneberriak landatu dituzu, gero haziko diren itxaropenaz, eta handitu bitartean hor ibiliko zatzaizkie zaintzen eta begiratzen, aldian behin, inguruko laharrak, oteak, irak eta bestelako sastrakak edekiko dizkiezu, txukun eta lerden haz daitezen, heldu-aroan pinuek emaitza ona ekar diezazuten.
Senideekin, seme izan nahiz alaba izan, berdintsu jokatu behar dute gurasoek, bizialdi osoan, gazterik zein zaharrik".
- " Nik jakin badakit, esan dizudana legez, noiz moztu behar diren pinuak, arranopola! Niri neroni esango didazu, bada, basoan jaio eta basoan hazia naizen honi, noiz-nola ebaki behar den zuhaitza, dirutu nahi baita! Pagatza zaharra ondo bai ondo dirutu nuen nik; eta pinu berriez, berrogei urte barru, herriko aberatsena izango ez banaiz, ez naiz inor izango" – Mendiburuk honela zioenean berrogeita hamar urte inguru zuen.
- " Berrogei urte barru, jauna, dirua baino areago alabaren languntzaren premia handiagoa izango duzu, Jaungoikoak nahi badu. Eta nahi dakiola Goikoari zu bizirik eta onik egoitea. Eta alaba ere zure ondoan edutea, maitekiro begira diezazularik".
Mendiburuko alaba ez zuan josten ikastera itzuli. Igande goiz batzuetan, ez orotan, mezatara jaisten zuan. Eguerdian, ohitura halakoxea, neska gazteak batik bat, elizalde haretan hara-hona ibiliz, zutibiliz, talde bat han beste bat hor ibilten zituan, elkarrekin hitzaspertu batzuk egite aldera, hitz eta pitz, herriko berrien zabaltzaile. Eliza atarian, Ines bakar-bakarrik. Ordu erdi bat edo egin izango zian; gero etxerantz, bidean goititto, bazkaria prestatzeko orduan iristearren. Mutilak enparantzan zegozen tabernetan. Arratsaldeko bola-jokoaz berba eta berba, nor baino nor ozenago, izpixo hitza – han apostu– aho-mingain guztietan.
Igande izan astegun izan, arrastiriko errosarioa entzuten zian, irratiaz; subeteko bere txokoan eserita Ines, bere bakarrean. Aita-semeak Hergoiengo bolatokira joanak. Apalordura arte ez zituan etxeratuko, eta ez beti aldarte onean. Jokoan birao bezainbat txikito ardo edanda heltzen ez zirenean, gaitz erdi; gehienetan, aldiz, horditurik ez txolin-txolin bai, eta orduan ez zuan giro etxe haretan. Aparia mahai gainean ez bazegoen ahakarra, mahai gainean hotzik bazegoen ahakarra, gazi bazegoen geza bazegoen berdin, erasian beti erasian, aita batez ere; nebak isilago geratuko ez zituan, baina. Gaixo Ines!.
Herriko jaiak San Migeletan izan ohi dituk, eta gure gaztaroan ere halaber. Guk etxean hainbat senide-ahaide biltzen genitian, bazkaritan, Abusuko aitaren lehengusuak eta amaren aldeko osaba-izeba batzuk guregana zituan, eta geurean ez zuan peitu trikitri edo txistu edo alboka edo zernahi, doinu egiteko gailurik. Mendiburun, ordea, oro isil-isila. Etxeko hiru gizonak alde eginak, Ines bakoitzik etxean. Mugaburukoak ahaide zitizten eta haiengana bazkaltzera aita-semeak; etxean abereak jaiegunetan ere gosez eta jaten eman behar eta honetarako alaba. Gu, orduan gazte, etxeko larrainean dantzan egiten nekatzeke ari izaiten gintuan, eta Ines urrundik guri begira, etxeko balkoian jarririk. Behin edo behin, gurekin etor zedin deitzera joan izan gintzaizkioan, baina aitak ez ziola etxetik inora joaiten uzten. Zeinbat aldiz gogoan izan nuen, orduan, gure amamaorde mintzula! Honek etxetik alde egin ez zezan nik zaindu, jagon behar nian.
Urteak dituk, bai, baina, oraindik ez zakiat Ines bizirik dagoen ez dagoen. Hil denik ez diat entzun, bizi denik ere ez".
Il osoa eta betea, han eman zuen Iñakik, sukaldeko lanetan beti. Aste batez, halarik ere, Aragoiko herri txikir batera eroan zituzten, ehun bat mutil, maniobra batzuk egite aldera. Hala zeritzeten zer haiek' eremu idor zabal batean, guduan bezala edo, aritzeko hara-honako batzuk baino ez zituzten. Ordu batzuetan, eguzki gupidage baten pean maiz, urruntto zegoen muino edo mendikume gorri batera joan behar eta, iskilu astunak beti eskuetan, hemen antxintxika han lurrean tarraz, behin belauniko jarriz beste behin nork bere burua lurrera ziplo egotziz, tontorttoan zegozen izugarri antzeko batzuei tiroka eraso behar zieten. Alegia eta gudua egin, hots. Gain soil harritsu haretaraz gero, berriro atzera etorri behar zuten, lasterka, oihu betean mutil guztiak, zein baino zein xoroago agertu beharrez edo, garaipen handia erdietsi ukan balute bezala.
Ergelkeria zeritzon baina Iñakik agindu guztiak bete zituen, eta gainttoraino iritsi zirenetarik lehenetako bat izan zen: azkarra, nonbait, mutila eta mendian gora-behera ohitua; nahiz eta hango bazter idor gorri haietan goitzen ziren mendiak mendi izenik merezi ez izaiteko adina sator-muilo antzeko lur hutsez egin mukuru baizik ez izan.
Egunak halatsu zihoazen, bata bestearen atzetik. Noizik noiz, izar askodun gudagizon maila handikorean bat jiten zenean, soilik, aldatzen zen, hein baten, gudetxe barruko egunorokotasun gogaikarri ha.
Emaztea zendu zenez geroztik, gutitan ikusi zuen, baina ariketa haietan jardun zuenean, beste buruzagi dominadun batzuen artean, komandantea begiztatu zuen. Inoiz ez zuen ondo ikasi baina ikur bat gehiago edo zuela ohartu zen, eta komandante baino goragoko maila batera igoa zela otu zitzaion. Beste mutil batzuek ere hala uste.
Zurrumurru latzak, berriz, berehala hasi ziren, han-hor-hemen, hedatzen. Emaztea harexek, ukaldiz eta sarritako ihauliz, hil zuela zioena ahoz aho zebilen. Sendagileak bestela idatzi zuen arren, emaztearen gorpu biluzian hainbat zauri eta ubeldura agertu zirelako esamesak, bazterrik bazter, hedatuz joan ziren. Azken egunetan besterik ere entzun zen, hots, semeak, ume koxkorra artean eta gezurra gordetzen jakin ez agian, noribait azaldu omen ziola, ezen, ama zoruan zerraldo zetzala aitak zanpa-zanpa egin ziolakoa.
Sabelean omen zekarkeen haur erneberria hil nahian egin ziola ere hedatu zen. Heriotza-agirian ez ei zen halakorik agertzen, sendagileak idaztean agerrarazi nahi ez zuelako, jakinaren gainean izanagatik ere.
Hala, egia zen ez bazen jakiterik ez; baina Iñakik bere begiz ikusi zuena ez zen gezurra eta ez zuen inoiz ahanzteko izango, harez gero.Igandea zenez, gudetxeko mutil guztiak, zaintzan edo txakalakortan zegozenak izan ezik, mezatara joanak ziren, gehienak nahi ez baina behartuta, jatoki ondoko elizara. Buruzagi batzuk ere bertan. Aldare ondoko jarlekuan 'gobernadorea' meza-buru. Apaizak, elizkizuna hasi aitzin, hari gur egin zion, burua apalduz.
Komandantea, ostera, ez zen. Aurreko gauean, norbaitek ikusi eta hala sinestera, Zaragozako emagaldu ezagun batzuk ibili ohiko 'pub' esaten zioten taberna-zulo margotsu bezain likits batean ei zebilen. Ordu ttikiak heldurik, 'gin-tonic' batzuk edan ondorean, alkoholaz basa-basa egina, mozkor arraildua alegia. Gudetxera konortea ia galdua, kordebagetua ekarri zuten mutilek ez zuten txintik esan.
Ganbara handiko gela batean, ohe gainean eratzanik utzi eta alde eginak ziren.
Hamaiketako mezaz gero, mutilak barla nagusian atsedeiten; batzuk taldeka ele-mele, beste batzuk egonean egonez ezer egiteke bazterretan eseriak. Orduan, antza, itzarri zen. Zaratak, aurki, iratzarri edo zuen. Hordialdi latza, ordurako, moteldua, noski. Burua, aitzitik, bere onera etorri ezina. Kaletarrez jantzia zen. Sakelan, aldiz, pistola. Leiho batera gerturatu zen eta mutilak barlan ikusi zituen. Batzuk hizketan, bestetzuk solas-molas, alai antzean, ziren guztiak atsedenean. Komandante itzarri berria leihorean haiei so zegoen. Barre-algara batzuk entzun zituen, irri-zafla batzuk. Ez zuen begi onez ikusi, antza, hango lasaitasuna. Ez, gudurako prest, beti prest eta gerturik egon beharra zuten gudagizon zangar nahi zituen haien artean. Noren lepotik ari ziren barreka eta, zaio gaiztoak eman ei zion, eta suz mindu zen, sost. Leihoa ireki zuen. Begirada zorrotza baizen mutiri oldarkorra egin zien, urrundik. Oihu latz batez, zut eta erne agindu zien. Mutil batzuk geldi geratu ziren, harri eta zur; beste batzuk ez zioten ondo entzun eta so egin bai baina ez ziren zutundu. Beste oihu gora bat egin zien, leihotik at burua ateratzeaz batera. Lurrean eserita zegozen batzuk zutitu ziren.
Harriturik han oro. Komandantea leihoan zoro antzo. Garrasika. Bat-batean, leiho zabaletik barlara pistola zuzendu zuen. Batzuk, berehalako baten, larri bai larri, sakabana hasi ziren; gehienak zer egin ez zekitela trikatu. Tiro bat entzun zen. Beste bat jarraian.
Mutilak iheska. Bat zerraldo erori zen. Burutik odola zerion. Berehala, leku zabal hura hutsik geratu zen. Lurrean hilotz bat baino ez.
Garrasi lazgarri batzuk entzun ziren. Barla hustu eta gehienak barruetan babes harturik zegozen. Zer gertatzen ari zen igarri ezinik, sarrakioa bihotzeraino sartua zutenak ere ugariak. Beste tiro baten hotsa aditu zen. Inork ez zekien zer egin.
Bulego nagusiko gela batean sarjentu gazte bat zegoen, orduan ekarri berria zuten telebista ikusten. Asots bat entzun eta leihora.
Laugarren tiroa desarratu zuenean, zer gerta eta barlara jaitsi zen. Gorpua ikusi zueneko, bere iskilua hartu zuen, eta leku guztietara zuzenduz, bere burua babestu beharrez bezala, aritzen hasi zen. Etsaiak bazter guztietan bailegozan. Ez zekien zer zen eta harritua.
Tiroak goiko leiho baterean zetozela ohartu baikoz, pistola harantz zuzendu zuen. Komandantea leihoan, oihuka. Bere zoroak zerabilen. Sarjentuak, mutil batzuk atzetik joanaraziz, gela haretara jo zuen. Lehia bizian igo ziren. Atea zartako gogor batez ireki zuen. Pistola aurrean, barruratu zen. Komandantea leiho ondoan bere burua egotzi ez egotzi zegoen. Sarjentua, iraiz baten, atzemaitera joan zitzaion. Mutilak atzetik. Komandantea kordokan, gibelera biratu ezin. Di-da baten harrapatu zuten, azpiratu eta bertan lotu.
Biharamunera arte gudetxe osoa itxita egon zen, ez inor sar ez inor jalgi. Zaragozako buruzagi nagusi bat etorriko zain; eta mutil guztiak bilkura batera deiturik jatokian multzotu zituzten. Agindu zorrotzak egin zizkien. Gertaturiko ezer ere inondik inora areto haretatik ateratu ezin zitekeela, eta ikusitakorik aipatu ere ez egiteko agindu zien zorrozkiro, mutiri antzera, larderiatsu. Inor haretaz deusik esaten atzemanez gero, gudu-epaiketa eginen ziotela zin egin zien, lazki. Beraz, agintari nagusi harek hitzez hitz Iñakik ulertu zuena hauxe: "Hemen nehork ez du ezer ikusi, ezer ere gertatu ez da eta".
Iñakik ez zuen hareanik aipatu, etxera itzuli zen arte guztian. Sarrakioa sartua ibili izan zen, harez gero, iletan.
Harako egun haretan, bada, gudariketa edo maniobra haiek egitera eroan zituztenean, komandantea berriz ere han ikusteak, eta kapitain izendatua gainera, harritu zuen. Harako gizakume haretaz barra-barra zebiltzan esames ikaragarriak adituta, halakorik ezer gerta ez legez han ibiltea ez zen erraz burutara sartzekoa, ez Iñaki lako batentzat.
Zaragozako aldia amaituta, etxera bidali zuten; guztira urtebete eta hogei aste egin zuen Iñakik Ebro ibai zabalaren albo batean zegoen kaserna handi haretan. Urtebete eta gehiago aita eta ama ikusteke. Noizean behin, Eguberritan edo San Migeletan, paketea igorten zioten, etxeko gauza batzuk bil-bil egindako pakete betea: alkandora zuri bat, amak josi zizkion praka berriak, jateko gazta zahar bat, sukaldean ondutako urdaiazpiko zati handi bat, eta etxe ondoko labean eginiko pamitxa; beste behin, etxean txerria hilda, lukainka-sokatto bat eta urdaia. Eskutitzak iloro elkarri, ezer askorik ez esateko. Aitak zekien irakurtzen, amak ordea ez. Guztia ondo; lanik bat ere egiten ez zuela; adiskide bakar bat ere ez; inoren aipamenik ez zuen egiten haren eskutitzetan.
Urtebete eta hogei asteak iragoz gero, etxerako bidea hartu zuenean, nora jo ez zekiela antzo geratu zen. Tren geltokian, hainbat nordinen artean bakartua, askoren joan-etorri arin galduen erdian geldi-geldia. Ekialderantz zihoan trenari joaitean begira, urrunean itzali zen arteraino. Beste alderanzkoa hartu behar zuen. Iruñera lehenik, ea aita igurikitzen zegokion; geroenean herrira. Maite zuen guztia herrian zuen.
Gogoan hainbat irudi, bata besteari jarraikiz bezala, nahas-mahas zebilzkion: ama baratzean agertu zitzaion; aitona, aspaldian hila, haritzaren gerizpean eserita irudikatu zuen; aita, urrun, Goikosoron, traktoreaz lurra iraultzean ari zeino. Larrarte zaharra bertsotan zentzuela iruditu zitzaion, larraineko harri baten gainean zutik, haran zabalari so, oihartzunaz lagundurik, herriko lagun guztiei bere egiaren bertso egiazkoak helarazi eta hedarazi nahi balizkie bezala. Aita haserre ikusten irudi zuen, ez baitzuen batere gogoko haren bertsorik:
- Horrek agure zarpazikin horrek-e txorakeriak baizik ez du kantatzen. Egunen baten preso hartuko dute, eta ongi eginen dute. Gazteen nahastaile hutsa bertzerik ez da. Beti odolez mintzatzen da, ez du bertzerik. Gudura ez zen joan, bada! Isil dadila, behingoz! Aitonak, berriz, aitari ihardetsiz erauntsi zion:
- Horrek egiak zakizkik erraiten. Bertze zeinbaitek estaltzen dituen egia biribilak horrek azaltzen ditik, oihartzunak heda ditzan. Gure egiak dituk horiek, anitzek entzun nahi ez dituztenak, hik herorrek ere entzun nahi ez dituanak, alegia.
- Zagoz, isilik. Hori politikeria bertzerik ez da. Gazteen burutara sartu nahi dituzuen ipuinak baizik ez, ostera! Zuek gudua galdu zenuten, eta kito. Orai ez dago atzera egiterik.
- Hi bezalako jendearekin ez, noski. Ongi moldaturiko jende ongibizikoi asko zagok – lehen aldiz aitonak gogor ihardetsi zion.
- Zu ere txoralda horren antzekoa zara. Zertarako egin zenuten gudua, ehe? Deusetarako ez.
- Guk ez genian gudua egin, guri egin zigutean!
- Berdin dio. Zuek galtzaile, eta kito!
- Irabazleak ez dik beti egia berea.
- Egia edo gezurra, ez dit axola. Garailaria beti garai.
Iñakik ez zuen ahantzi orduko elkarrizketa labur hura.
Irudiok eten bagerik gogoan, eta geltokian ez zuen inor. Aita ez zitzaion agertu. Beharbada, azken eskutitza ez zuen irakurri eta ez zekien zein egunetan iritsiko zen. Hamar bat minutuz, hantxe geldi, hara-horra-hona begira, zer egin ez zekiela egon zen. Zakutoa lepoan, ezer gutti zekarren. Amak aurreko ilean igorritako praka-alkandorak jantzita, aspaldi ez bezala buruhas. Artege zegoen egon, nor noiz etorriko ote zitzaion aiduru.
Hala zegoela, geltokiko bazter batean, bi gizon heldu, euskaraz egiten aditu zuen. Arrotz egin zitzaion, izan ere, urtebete eta gehiago zen etxeko hizkuntza zuen hura entzun ez zuela. Hurbiltzera egin zuen, une batez, gizon haiengana hitz eske, baina zerbait adiarazi nahi eta ezin hitz batto ahora ekarri. Mingaina motelduxea, nonbait han; aspaldidanik ez erabilitako sega herdoilak hartua bezala. Gizonek mutilaren aierua igarri, eiki, eta, bat-batean mintzatzeari utzi zioten. Ez zuten, antza, inork entzuterik nahi. Isildu egin ziren. Mutilezezaguna hurrera zitzaien eta haiek burua makur. Eguzkiak beltxarandu mutil luzanga hura polizia edo izan zitekeela... Azkenean, Iñakik hitz egin zien, euskaldunak elkartzen dituen hizkuntza zaharraz:
- Egun on, jaunok. Zera, etxera joaiteko autobusa behar dut hartu, eta zein ez dakit.
Burua erakori zuten, eta agure haietako batek erantzun; ez, harriduragatik, zalantzan hasi bage.
- Bai zuri ere. Norat joan nahi duzun – erantzun zion hitzetik hortzera gizonak.
- Duela urtebete eta gehiago utzi nuen etxera, hain 'justu' – Iñakik motz, nahi zituen hitzak ediren ezinez bezala.
- Guk-u, hori baino hoboro egin genuen, hirur urte guduan, hain zuzen – lehengo gizonak hartzara, ausartago erasan zion.
- Nik 'kuartel' batean ezagutu dut gudua zer den, 'gerra' alegia. Gizonaren gaizkia jalgiarazten duen hil beharra, horixe gudua. Eta guduari antzea daritzonik egoitea, gero, nehor! – Iñaki mintzo beroz.
- Zuk ez dakizu gudua zer den. Guk Herio bekoz beko ikusi genuen. – beste gizonak xakarto, hizpidea eten nahi ukan ziona legez – Baina, ez al duzu etxerat joan nahi?
- Bai, horixe; lehen bai lehen – Iñakik erantzun.
- Goazen, bada, autobusa hortxe dator eta. Nik, behinik behin, Belateko gaina ahalik lasterren gainditu nahi nuke – Almandozkoa zela esan zuen gizonak.
Adiskidea Iruritakoa, eta biok elkarrekin gudari joanikoak. Iñakik aitonaren zirkun-zarkunak jaulki zizkien, Iruñetik Belatera bitartean:
- Santoñan atzeman zuten, lehenbiziko aldiz. Gero, zera, askatu eta ihes egina, mendirik mendi, etxeraino iritsi zen. Herrian, baina, norbaitek salatu zuen eta berriro atzera alde egin behar ukan zuen, iheska. Zerara, Donostiara, eta bertan, bigarrenez, zertu, atzitu zuten.
Kartzelara eraman eta bortz ilabetez itxita eduki zuten. Epaiketa burutu ahal zedin arte. Handik langile-batailoi batera, Mirandara, eta bertan zazpi urte luze, lan-da-lan, gosez eta hotzez eta egarriz eta beroz, eta beti lotua, abere basati baten antzera. Gure etxeko abere guztiak, ttiki-handiak, hura baino jareago ibili ohi dira larreetan gozaro. Berak ongi zekien bizi zuen hura jaulkitzen, eta nik buruan hartu nion, bai hartu, zehatz hartu ere.
- Gu ere ez dakit nola gauden bizirik – Iruritakoak hitz egina.
- Azkar alde egin genuelakotz. Hemen, bertzela, bertze aunitz bezala lurpean geundeke, eta batek lekike non! – almandoztarrak.
- Aitonak ere hola zioen. Herriko sendagile zaharra hala itzaldu omen zen betiko. Gizon biziki zintzoa, on-ona zela zioen. Etxez etxe, adin handiko agure-atsoei beti laguntzen omen zien, ahalik ongien, gaixorik edo eri egonik, eta nahiz uda min nahiz negu gorri, edozein etxetaraino, bazterrik baztertueneko etxeraino joaiteko beti gerturik, gau eta egun. Zaldi zuri baten gainean ibiltzen omen zen. Don Luis erraiten zioten. Gure amak honelaxe. Aitonak, berriz – adixkide mina zuela eta – Koldobika zeritzon. Gaztetan Bilbon ikasi omen zuen, eta ikasteaz batera adiskide batzuekin, mendizaleak haiek, mendirik mendi ibiliz inguruetako herri eta baserri ugari ezagutu ukan zituen.
Hango euskara ere ongi ikasi omen zuen, Bizkaikoa erran nahi dut. Idazten ere euskaraz ongi baino hobeki harek, antza. Aitonak zioenez, bizkaitar haiekin Euskal Herria maitatzen ikasi zuen. Medikuntza bukatu ondorean, gure herrira bidali zuten. Gazte orduan, eta Karrikaburuko neskarekin ezkondu zenez geroztik, bertan bizitzen geratu zen. Bertze batzuk txapel gorriaz jantzi ohi ziren eran, hura txapel urdinaz. Aitonak hala ezagutu zuen eta, igandero, mezaz gero, elkarrizketa luzeak egiten omen zituzten. Amak, txantxetan, elizatik etxera bitartean ordubete behar zutela zioen – Karrikaburu Elizalde auzoan dago – isiltzeke, biak ala biak, txor-txor-txor, zaharrak berrituz eta berri berriak elkarri ekarriz joaiten baitziren. Noizean behin, Iruñeratzen zirela jakina zen herrian. Aitonak behin azaldu zidanez, aberria zer zen harek irakatsi zion, ordura arte hitz hura nehoiz ere entzun bagerik baitzen. Eta, behin, Biturira joan zirela, eta aberriaren eguna ospatzera joan zirela, eta orduan ikasi zuela Bituriari euskaraz Gasteiz zeritzona. Anartean, egin txangorik luzeena izan zuela zioen. Harekin adiskide harekin asko ikasitakoa zen gure aitona, beronek aitortzen zuenez. Bazuen sarri erraiten zer bat nik ondo buruan gordea dudana: " Euskotarren aberria Euskadi da". Nik, egia, ez nion ulertu lehenbizian, baina aitonak ederki zehaztu zidan, eta nago hori erraiten zuelako hil zutela Don Luis.
Arratsalde batez, Huntzorrietako umea jaioko zela eta, bertara igo zedin. Erditu ondoan, umea onik ama ere bai eta etxerantz zitzulen, zaldi zuriaren gainean, Errekailungo hariztian barrena. Astiro zetorren, uztaileko egun garbi haretan gaua berandutuko zen eta ilargia betea izanen, gainera. Bidexkarekin batera errekasto marmartia zeharka-meharka jaisten den basalde itzaltsu umel haretan hazten ziren haritz sendoei so eta so; zaldia bere gain, etxerako bidea ongi ezagun izanki, baratx-baratx hala zamari nola gizona. Harizti sarria zen, orduan, hangoa, eta harkaitz gotor batzuk ere han-hor-hemen elorri batzuen mindegi. Zarataño bat entzun uste zuela eta gibelera so egin zezan, basurde edo orkatx edo halako zer edo zer izanen zelakoan, baina ez zezan ezer ikus.
Aitonak ez zekien gehiago zer gertatu zitzaion. Huntzorrietakoek tiro hots bat edo antzeko zerbait entzun omen zuten. Ehiztariren bat izango zela bururatu eta bertzerik ez. Egun batzuk geroago, etxeko mutilek odola aurkitu zutela eta, aitari erraitera itzuli ziren. Aitak berehala jakin zuen odol hura ez zela basurdearena ez orkatxarena.
Zaldi zuria bakarrik etxera iritsi zen. Karrikaburuko andereak bertatik bertara igarri zuen. Bazekien herriko batzuei ez zitzaiela atsegin bere senarraren eritzirik. Apaiz zaharra bera ere haserre mintzoz mukertzen zitzaion, elkarrekin hizketan ari ohi ziren gutitan. "Zer aberri eta zer herri, guk 'patria' erran ukan dugu beti, betidanik eta betiko!" egotzi omen zion mokoka laso, behin, mezatatik jalgi eta arkupean ele eta mele egin zuten batean. 'Martintzar' gure apaiz zahar hura ez omen zen sendagile gaztearen txoil adiskide, elaide izanik ere.
Karrikaburuko atea luzaro itxirik egon zen; leihoak ere hala. Balkoian, herriko alkate berriak aginduta, oihal gorri-ori-gorria ipinia, beste etxe guztietan bezala. Zortzi egun ziren Don Luis itzaldu zela, onditu eta betiko suntsitu zela. Zaldi zuria saldu zuten. Etxean ama-alaba bakarrak.
Huntzorrietako aita bezain ehizazale amorratua seme nagusia, eta ziza biltzaile saiatuak biak ala biak. Inguruetako zoko eta moko guztiak hagitz ongi jakinak zituzten: non basurdeak egin ozkumea, non orkatx baten ohantzea, non onddoak biltzeko alderdirik onena; haiek basotar haiek ezagunik ez zen lekurik ez zen. Odolaren zantzuak bideko hautsaz estaliak ziren. Hautsean, berriz, oinatzak ageri.
Egun batean, aita-semeak, haiei jarraikiz Haritzeiharreta esaten zioten lekuraino heldu ziren. Aitak ez zion semeari lezera hurbiltzen utzi.
Kirats sarkor bat zerion zulotik alderatu zenean. "Goazen hemendik!" agindu eta berehala etxeratu ziren. Semeak ez zuen barru beltz haretatik ateratzen zen hil-hatsa sumatu, baina aitaren aurpegiari beha, zerbait bazegoela ikasi zuen, nehoiz ere, harik aitzina, aipatu ez baitzen.
Hau ziotsela, autobusa Belateko gaina zeharkatzen ari zen. Almandozko gizonak bere etxea begiztatu zuen, eta laster autobusetik irteiteko ingiratu zen, zutitu zen, eta Iñakiri:
- Egun baten, noizbait, oro jakinen duk, gazte, egia nahiz gezurra, baina berandu izanen duk; egia beti berankor, guretzat beti berandu.
Lainoak, harik guttira, gizaseme zahar aspaldian sendo izan zen haren irudia ezabatu zuen. Iruritakoak aditzera eman zionetik, gaztetan pilotari biziki ona izan zela jakin zuen; gero, kartzelaz kartzela ibiliaren ibiliz maskaldua zen hagitz. Aspaldian bakarrik bizi zela zehaztu zion, inoiz ezkondu ez eta, senide guztiak Ameriketara joanak. Etxalde polita zuela ere azaldu zion, Bidegain zeritzonak, larretan bai oihanetan naroa zelako, ongi bizitzeko lain emaiten baitzuen; baina, bakarka eta zahartua gizona, eta ezin burutuz bizi zela.
- Egunen baten, hori ere ukuiluan hilotzik aurkituko ditek; eta etxea sasiak janen dik – gehitu zion.
Ez nahi bezain laster, baina etxera heldu zen. Ama ez aita ez zituen itxaraiten. Sukaldera sartu aitzin, behako bat egin zuen ukuilu aldera: behiak larrean eta ukuilua hutsik; ate osteko zokoan traktore berri bat, aitak erositakoa zela uste zuena. Zakurra ere ez zitzaion agertu, ez batzarri egitera ez etxekoei arrotzaren etorreraz ohartaraztera. Leihorean landari begira jarri zen eta goiko pentzeluzean aita belarra sega-makinaz mozten urkusi zuen. Ama aldamenean zebilen, eskuarea esku biez batera eta bestera eraginez, belar-mahiak ihaurtzen eguzkiak berotuz ontzearren. "Aurten ere – esan zion bere buruari – bazagok belarra biltzean nahi adinako lanik. Auzoko lagunak etorriko dituk eta, egun batean gurea bertzean zurea eta geroenean bertzearena, negu osorako behar den saralea ganbaretan gordedukiz gero, baserritarrok pozik. Egiteko guztiak eginda, geurean ez bada bertze batenean monjor oparoa eginen ziguk eta aurrera" – bere buruari hatsaz mintzo zitzaiola, beheko sutoki ondoan eseri zen. Sua itzalita zegoen.
Larrarteko sukaldean halako otordu mardulak hainbatetan egindakoa zen. Segalariak urtero biltzeko ekandu zaharrari eutsita, beti ortziari begira hala ere, eguzkia lagun, belartza ederrak mozten zituzten. Larrarte zaharrak zioen eran, auzolanak lanik gogorrenak ere biguntzen ditu, are, sarri gozatzen ere ditu. Zein baino zein lehiaka jarduten zutenean, han ez zen inor geldirik egoiten. Izerditan blai, gerrialde edo gibelalde osoa zurrunduta, esku ahurrak baba odoltsuez beteak... baina atseginetan, eta aldarte onean beti elkarri zirika, nekearen nekez loak ere hartuko ez zituen arren. Biharamunean, beso-zangoetan hebaindurak, eta ahurretan ikorzirinak, eta berriro beste belardi bat moztu beharra. Euria aginduta zegoen. Mozturiko belarra bustiz gero, txarra. Lehen baino lehen batu beharra zuten.
Han ziren auzo guztiak, jo eta ke, zahar-gazte, mantarrak buru gainetan batzuk, eskuareak eskuetan bestetzuk, bil eta bil, ganbararatuz, ahalik lasterren, sarale usain onekoa. Barrura sartzeko lekurik ez zegoenean meta handiak egiten hasten ziren, alkatea zutik josia, baranoan-baranoan belarra ipin eta zapal, pilatuz, gora eta gora, behe zabal goi estu, meta eraiki arte. Gero, euria eginen bazuen ez bazuen berdin: egin zegiela euria, Jaungoikoak nahi izanez gero.
Alabaina, urte haretan ez ziren segalariak etorri. Makinak egingo zuen lan. Soro guztietan traktore berrien burrundadak aditzekoak ziren. Makina berri bat iritsi zen, ondutako belarra, lerro-lerro ipinia, jaso eta irensten zuena; gero, gibel aldetik fardel karratu bilakatua egozteko, gorotz eginaz bezala. Halakorik berriz! Makinatzar bakar harek, zazpi gizon-emakumeren lana egiteko gauza zenez, larre osoa berehalako baten batzen zuen. Fardela eramaitea besterik ez zegoen eta, uzta ganbaran, baserritarrok pozez txoraturik.
Auzolanaren beharrik ez zen.
Behiak pagadi aldeko landan begiztatu zituen, bazka ona zuten, nonbait, burua jasotzeke ari baitziren. Idiak, aldiz, ez zekusatzan. Ez ziren: aitak aspaldi saldu zituen. Ardiak Bordaxaharren inguruetako larre motz bezain mamitsu gozoetan alhan zebiltzala zekien.
Huts egin ez zutenak beleak eta mikak ziren. Han zebiltzan, zuhaitzik zuhaitz, lehenbiziko gerezi aleak noiz gorrituko zain. Iazko izugarriak ipini beharko berriro; nahiz eta iazkoak izanik, bele zaharrek eta mika karrankariek ezagun izan, eta izutu ez baina ihakin egin eta musika eginen zieten, txori maltzurrek lastozko kuso ezain haiei.
Pertza non zegoen bazekien, eta hurrupada batzuk esne hoxpil egingo zituen; aspaldidanik esne ona zer zen ahantzirik zegoen eta.
Etxeko esnea, behi beltzarena batez ere, beste ahokera batekoa zen, gudetxe zikin haretan emaiten ziotenaz oso bestelakoa. Hangoa esnea baldin bazen, edo baldin ur zuria bazen inoiz ez zuen jakiterik ukan. Ogia mahai gainean eta sudur ondora eraman zuen. Ez zen, ez, Zaragozan jaten zutenaren usaina. Biribil, harro, mamitsu, azal gorrixta, labetik harakoa zela eta beroxko, ezin zion uko egin zati bat ebaki eta jateko tirriari. Amak okin onaren esku onak zituen. Mauka-mauka jan zuen, goseak jorik zegokeenaren antzera.
Bere aulkian eserita, ogi kurruskuari hanginka, gudetxeko sukaldea etorri zitzaion gogora. Azkenengo asteetan, ez zuen ia ddeus jan ukan. Higuinak jo eta hango janariari uko egin zion. Diru poxi bat etxetik jasoa, eta honezaz denda batean zerbait erosten zuen eta hauxe jaten ez besterik.
'Estremeño' ikusi zuen atzenengo egunean gertatu zen. Melillarako asmoa baina, ez zitzaion heltzen bertara urruntzeko eguna berak nahi zuenean. Sukaldean beti eltze berezia prestatzen zuten, ororenaz besteko jatoki tikiago batean bazkaltzen zuten ofizialentzat.
Egunik gehienetan, gudamutilen menu berdina jan ohi zuten, baina, beti, haientzat bereziki sukaldatua. 'Estremeñok', ordurako sarjentu, ez zuen begiko haien izardun haien hanpuruskeria txirtxila, bazkalorduan erakusten zuten mizkin itxura mirigosa. Mutilei ardorik emaiten ez bazitzaien ere, ofizialek Cariñenako ardoa edaten zuten, batzuetan; Duero ibarreko ardo ona beste batzuetan.
Bazkaria bukatzeko, txola bana paitar edateke ez ziren mahairean jaikitzen. Gudagizon onkoi haiek ardoa zuten maite, SOBERANO eta VETERANO eta patxarana bezainbeste. 'Estremeñok' aiher zien. Agintari hanputsu haiei aiher zien hagitz. Zer egin eta mendeku egin. Halaxe otu ere otu zitzaion. Ohiz berak buruzagi haiekin bazkaltzen, eta bazekien zer egingo zien. Txandrio ederra asmatu zuen.
Asmatu eta egin ere egin.
Melillara joaitekoa zen egunean agitu zuen. Ez zen ofizialekin bazkaltzera agertuko. Sukaldean bere agindupeko mutilak lanean, eta ordu bietarako bazkaria prest zegoen. Mutilak jatoki nagusira sartzen, mahai inguruetan esertzen, janaria noiz ekarriko zieten zain.
Baina ofizialei aurretik eman behar zieten, eta eltzea bete arrain-zopa bero mahai gainean. Bazkaria jatokiratzeko agindua sarjentuak egin behar zuen, ordu-orduan, gudetxeko koronelak nahi zuen bezalaxe. 'Estremeñok' inoiz baino zorrotzago, baina inoizko begitarte arraiarekin, txantxetan gisa, halako baten, sukaldarietako bati:
- A ver, Gallego, vamo a darle un buen menú a lo zeñore ofiziale, ya que hoy e mi úrtimo día acá. ¡Y no quiero que naide de vozotro ze vaya de la lengua, eh! ¡Le rajo! Abre el puchero y dale el úrtimo toque. ¡Vamo, Gallego: zaca la picha y mea! Mutilak begiratu zion. Irriño bat ezpainetan, praka-irrikila ireki zuen, zakila ateratu zuen eta gernu egin zion eltzeari. Beste mutilak begira eta barreka hasi ziren. 'Estremeñok' berdin egin zuen eta sukaldari guztiek karkailaz, barrez ito beharrez. Iñaki bazter batean, bere bazterrean, harri eta zur bezain higuinez asea. Ok egin beharko zuela sumatu zuen. Nazka-nazka eginda, okaka asi zen.
'Estremeñoa' ohartu zitzaion. Irkaitza begitartean, Iñakiri:
- Venga, Ignasio, vagcorro, tíralo acá que eso hará buena zopa pa ezo fantoche ofiziale. Ya verá que zabroso le zabe. ¡Y no ze te ocurra desir na d'esto nunca, eh, Ignasio María! Iñakik ez zuen egin. Bazterrean gelditu zen. González sarjentua behingoan hurbildu zitzaion, eta larderiaz agindu:
- Ni una palabra de todo ezto ¿entendío? Lo que ze ve en ezta cosina ze queda en ezta cosina. Una palabra de todo ezto y ere hombre muerto ¿entendío? – eta sakelatik labana eskuratu eta erakutsi zion, zemaituki.
Iñakik ez zion inori tutik esan inoiz, beldurraren beldurrez. Izan ere, Gónzalez joan bazihoakeen, alabaina sukaldeko beste halako hainak ez, eta sarjentu baino hobeak ez ziren, izan.
Azkenengo unean, 'Estremodurok' apal baten osteko zulo batetik, botila bat paitar, ginebra edo, hartu eta zopari egotzi zion, gernuaren hatsa nolabait ezabatsi, edo estali nahian; eta mahairatzeko agindu zien, barrez beti, bai bera bai apotxarkeria haretan txarkide zituen morroi putilak.
Iñaki, ofizialak orotaz jabetuko zirela eta, beldurrak zegoen. Istilu larria erakoriko zela zeharo sinetsirik eta etsirik. Tint urduri jarri zen. Ezer egiteke zigortuko zutela, eta larri zigortuko, buru-burutan hartua zuen. Hamar minutuak laster joan ziren baina luzetsita zegoen. Laurenak joan eta hotsik ez. Halako baten atea ireki zen. Nor eta sarjentua. Ez zen sartu. Zerbitzariak hantxe bihurtu ziren.
Atea berriro ireki zen. Barruratu eta bertan, begitarte arraia erakutsiz, malmutz eta harroxko agertu ziren. Eltzea hutsik zekarten.
Baldia edeki eta ikusarazi. Barre-karkailaz hasi ziren, kar-kar-kar. Sarjentua, ordurako, alde egina zen. Harik hara, Iñakik ez zuen inoiz gehiago Paco González 'Estremoduro' edo 'Estremeño' ikusi.
Haizeak belar ontzen hasiaren usain gozoa zekarren. Iñaki, leihoa zabal-zabala, arnasa betean, haize guztia hurrupatu nahiaz laso, hatsartzen. Amak urrundik eta berehala semea ezagutu zuenean, eskuarea bertan behera utzita, urtebete eta gehiago ikusteke zuen semeaganantz arindu zen. Aitak saila bukatu arte ez zuen makina geldiarazi, semea agurka leihoan urkusi arren. Iñakik aldapa laster igo zuen. Ama beherantz zetorkion. Elkar besarkatu zutenean, amari malko batto baino gehiago isuri zitzaion.
- Mehe hator, gero, seme! – amaren lehen agurra.- Zuek zer moduz, bada? – Iñakik zer esan jakin ez eta hitzen bila.
- Hemen, badakusak, galtzak bete lan, ohi legez. Gose izango ahal haiz, bai, eta goazen etxera.
- Makina berria erosi duzuela dakusat – Iñakik urruntto zebilen aitari begira.
- Bai, beharko. Horrek zazpi gizonen lana egiten dik. Aurrerapen handia, zer esanik ez.
- Aurten, horretaz, Larrarte xaharra eta besteak ez dira jin belarra moztera – Iñakik berreneko tamalttoa agertu zuen.
- Ai, seme, Larrarte xaharra joana duk, betiko – amak albiste txarra eman zion.
- Ene, bada, eta nik ezer ez jakin. Noiz hil zen? Nola? – Iñakik oso maite zuen eta biziki goibeldu zen.
- Hiru aste direla zendu zuan. Ohean hilik aurkitu zian, Iruñetik jaugin ohi zitzaion ilobak.
- Berez? Gaisorik egon ez eta hil? Bat-batean gerta ote zen? – amari galdeka, sinetsi nahi ez laso.
- Hala hil zuan. Hilean bizian bezala, hots, bere etxean lasai antxean. Agian, azken hatsetan, bertso bat ere egingo zian – amaren esaera honek Iñakiri aspaldiko oroitza batzuk ekarri zizkion.
- Bai, eskierki. Nik badakit nola:
Jainko maitea, nago noiz deituko nauzun munduan zabaltzerat zerbait alaitasun ez dakit betidanik zergaitik naukazun gutarteko berri txar guzien oihartzun
Udako arrats epeletan Larrarte zaharrera joaiteko ohitura hartua zuen, gaxte-gaxterik, etxeko jaun handikote hari on erizten zion; eta bertsotan hasten zenean, pozarren egoiten zitzaion adi-adi entzuten. Antzinako kantu politak bazekizkien eta entzunaren entzunez ikasi ukan zituen. Zeinbat aldiz, bere baitan, xaramelatuko ez zuen harako hura, hots: " Errexiñula kantari eder libertatian denian, baina tristuraz higatzez doa kaiola baten barnian..."! Eta orduan ere, etxerakoan, hura berriz ere gogora etorri zitzaion... hainbat aldiz Zaragozan kantatzen zuena:
"Ai zer plazera, bost urteren buruan sorlekürat itzültzia!. Ene herria, etsitü nian zure berriz ikustia. Aski sofritüz nik anitxetan desir nükian hiltzia, ezpazüntüdan hain maite üken, oi Ama Eüskal-Herria!
Larrartek irakatsitako abesti haiek non ikasiko ote zituen, herritik hara inoiz aldendu ez zen gizon apal harek?
- Nik, puttil, lelo xahar hok mendian nagoela ikasten ditiat, haizeak ekartzen zizkidak – erantzun zion behin, entzulea ahoa bete hortz zegoelarik.
- Haizeak ekarririk? – Iñaki txunditua.
- Bada, artzain bat, mendi horiez bertze aldean, hainbat kantu eta bertso dakizkiena, eta usu etxola ondoan jarri eta kantari ari izaiten duk..." Badakit askoz ere hobe nukeela, nehori ez agertu ene dolorea..." hasten denean atsegina duk hari aditzen egoitea, orenak eta orenak joan arren. Ahots lakar xamarra duelako, urrundik jaso daitekek haren mintzo sakona; izan ere, berak dioen eran " odolaren mintzoa" duk eta. Entzuidak, muttilko:
"Lehen sartu zitzauzun ezpata zorrotza zure etxe nagusi jartzean arrotza halere ez zitzauzun gelditu bihotza; etxekoen eskutik duzu heriotza".
Zein egia larria hau! – gehituz isildu zen, goibeltto.
- Eta non dago artzain bertsokari hori? – galdetu zionean, Larrartek, une batez gogoetatsu, erantzun zion:
- Dagoeneko ez zagok nehon, mendi hegaletan gora joan zuan; baina oraino nik aditzen diodala iduritzen zaidak, eta haren kantu ezinago ederrak buruan ibilki beti. Ikas, muttilko, ikas hau:
"Batzuk herriaz oroit, euskaraz ahantzi; bertzek euskara maita, herria gaitzetsi; hizkuntza ta herria berex ez doatzi, berek nahi daukute konpreniarazi bata bertzea gabe ez daizkela bizi".
Eta artzainak erraiten zuen bezala: " mendian bizi arren dut ikustekoa gaztain aldaxkez jauntzirik pagoa...", zein egia larria den eta anitz euskaldunek ez jakin hori! Laino pean bezala galduak gabiltzak! Harek, bai, harek bazekian nehoiz erran ezin ziren egia hutsak erraiten. Eta niri haizeak ekartzen – amaitu zuen Larrartek.
Hala egon ohi ziren xahar-gaxteak harizpean, eguzkia urruneko tontorren ostean ezkutatu bitartean, lehengo ele zaharrak berritzen.
Hondar urteetan bakarrik bizi zen, etxeko zakur gorria lagun bakarra zuela, eta hala hil zen, bakarrik. Baratzera behar zuenean makila hartzen zuen lagungarri, oinez ibilteko urratsa urri, bizkarra makur-makur eginda, baina sasoia joan eta gero ere, ahuntza larrera bezala, baratzera gizona.
Txoriak zituen maite. Eta goizetan, txantxangorri bat leihoaren egian jarten zitzaionean haren poza! "Xoaxi, xoaxi, hemendik – esaten zion – ametsik ederrenean iratzarri nauxu eta..." baina beti irriñoz. Tikitatik txori bakoitza zein zen ikasi zuen. Urretxindorra kantuagatik maite zuen bereziki, berak erresiñula zeritzona alegia; belea, aitzitik, kua-kua-kua, ez zuen oso adiskide, gerezi garaian ale gorritu berriak jaten baitzizkion, eta artoa, soroan txori-mamua jarrita ere, ohartu orduko, xuritzen bazekien eta erauzten baitzion; txolarrea jale auherra zela zioen baina hala ere maitagarri, "muru gainean ttau-ttau ari denean"; baina udaberrian, behinbat, enarak berriro agertzen zitzazkionean, pozarren geratzen zen, petti-petti ziztu bizian hegaldaka zebiltzala ikusiaz, ukuiluko habia zaharretan laster kumeak jaiotzen ikusiko zuelakoan; kardantxilo bakanak sagarrondoetan pipirri-pijo-pijo-pi-pipirri ari zirela entzutean liluraturik geratzen zen adi-adi; ganbaran hontza begihandi egunaz lo eta gauaz esna egoiten zen eta soroko satorrak beti haren beldur, noski, eta Larrartek atseginez uzten zion etxeko xoko hura bere etxetzat har zezan; xoxoari kanta egiten zion: ". ..nola kanta nola xirula, nola kanta xoxoak..."; mika xuri-beltxak, aldiz... beleen adiskide zirela zioen eta...begitan hartuak zituen...
Agure zaharra ez zen inoiz eskola batera joan, baina irakurtzen, hala-hola, bazekien – idazten ez – nola ikasi zuen inork jakin ezina bada ere; eta ortziko hodei bat ikuste hutsaz ez bestez, biharamunean zelako eguraldia zekarkeen bazekien. Eta eguzkia non, ordua zein igarten ere bai.
Eta gizonari begiz begi antzemaiten zion nolakotsua zen. Haserre ikusi zuenik ez, aldarte oneko gizon zintzoa huraxe.
Aranondo ugari soroko munetan, eta adiskide biak, gaxtettoa eta xaharra, adarretarik har eta jan ari ziren bateko gertaera etorri zitzaion gogora Iñakiri. Goiriko Migel etxetik behi batekin zetorren, Zabalondoko bidean zehar, zezenarengana zeramala eiki, astiro-astiro bazterretako belar izpi gozo guztiak ahoratu nahi bide-zituen behi argalari sokatik ten eta ten. Migelmeheko esaten zioten agure txikirrak orduan hirurogeitaz urte edo zituen; jaio zenetik gizon gaisobera, gaxte-gaxterik istripu baten ondorioz herrenka zebilena. Eskuan zaharo batez behia aurrerantz eroan nahian, txitean-pitean, takada bat emaiten zion, ez gogorra, ipurtalde hezurtsuan.Goseaz, nonbait, behia eta, ahal zituen belar guztiak, mingaina sega, zarrast eta jan zihoan.
Bideaz beste muturretik, zer zetorren eta kamioi bat. Hango basabide haietan zehar ohiz ez bezalako tarranta handia, pagadi alderantz, enborrak zamatzera zihoana.
Halako haretantxe, Larrartek begiak luze eta, ondoan zegoen Iñaki mutilkoari bertatik bertara:
- Hoa, hoa azkar, Migeli laguntzera.
Iñaki geldi, harri eta zur eginda, zer gerta ez zekiela.
- Ea, mutil, hoa, arin, laster, laster... asa, laguntzera!.
Migel astiro baina bare-bare bazetorren behiarekin, baratx-baratx bidean behera... kamioia, berriz, bazetorren, abiadura handiz eta tarranta hotsa eginez. Iñaki biei begira... Larrarte urduri, zer gertatuko zen igarrita, aurki. Elkarrengana biak, batetik behia Migelekin eta ibilgailu burrunbagilea bestetik, gero eta hurbilago, eta hotsa handiago, eta behia, bat-batean burua goititu, izutu egin zen, eta Migelek sokari tiraka zeragoion geldiarazi ezinean; eta tarranta hura hurrandu zen unean, behiak bulkada bat eginaz ihesari eman zion, atzetik tarraz Migel zeramala, soka askatu zuen arte. Orduan, ohartu zen, ohartu, orduan, Iñaki, zergatik agindu zion joaiteko eta joaiteko arin laguntzera. Eta di-da baten, ariniketan hasi zen Migelengana.
Gidariak kamioia geldiarazi zuen, eta barruko mutilak, berehala, jauzi eginik, behia atzemaitera joan ziren. Migel lurrean zetzan, zauritu handirik ez, zangoetan mina bai. Ez zen larria izan.
Larrartek esan ziona beti gomutetan Iñakik:
- Ikusiaz ikastea duk hori. Hik liburukoa irakurtzen ikasi duk, baina liburuetan ez dagoena ere bazagok.
Esaldi horren haritik, txantxari txantxa ari zirela, behin honela egin zion zirika Iñakik, bertso eske:
- Nolatan ez dakizu idatz-irakurtzen?
Eta Larrartek, hitzetik hortzera, luzaro pentsatzeke erantzun:
txikitan eskolara ni joan ez nintzen; zu legez joan banintz orain ni agintzen gobernuan nengoke ez belarra biltzen.
Eta Iñakik barre egin zuen.
Baina egun haretan negarrari ezin eutsi ukan zion, Larrarteko aitona zaharraren heriotzaren berri jakinda. Amak abari oparoa prestatu zuen eta etxeko hirurok batera, aspaldidanik, aunatuak izan arren, oherako irrikarik ez, eta luzaro hitz-eta-pitz geratu ziren, larrainean ilazki betearen argipean. Zaragozarean etorri berriari zer galdetua bazuten, amak ala aitak, zer jaulkirik asko ez, ostera, egun luze haretan semeak. Hitzak bilatzen ere ibili behar, zeren, urtebete eta gehiago etxeko hizkuntzaz hitzik ez hotsik aditzeke izaiteak' belarriak moztu ez ezik mingaina bera ere lotu baitzion. Mendiko haizea ez zitzaion iristen gudetxeraino.
Gudetxeko hatsa kirats bilakatu zitzaion. Heldu zeneko lehen egunetan, etxeko behien esne gozoa edaten ohitua zen harentzat, hango zer hura, esnerean izena baizik ez zuen hura, edan beharrak zer-nolako naga eragiten zion jaulkitzen ari zitzaienean, amak, sinetsi ezin zuenaren antzera, burua higituz erruki erakusten zuen.
- Esnea kamioi batez ekarri ohi zuten, ehun litroko zazpi ontzi plastikozkotan. Irakiten hasi orduko mindu dela ohartu dira...
Sukalde-buru nor eta Paco 'Estremeño', eta esnea bere onera ekarrarazteko bikarbonatoa egotz diezaioten agindu. Honela egin eta ondo nahasiz gero, edateko itxuran dago. Hogei bat litroko pitxer bete ur egozteko agindu, berriz, Pacok. Itxuraz esnea da; etxeko behien esne eraitsi berriaren usain gozoa nehondik nehora ez. Gosaria, beraz, halakoxea, eta hala ere gudamutilak, gosea berdindurik, ase. Nik, harez gero, ez nuen behin ere hango esnerik mustatu. Eta, behin, esne-ontzi haietako batean zer agertu zen ez dizuet azaldu nahi; ez erraitea hobe. Urtebetean esnea edateke iraun nuen.
- Ai, seme, hik duk jasan hik urte latza! Etxean bezain hobe inon ez – amak semearena entzuna. Aitak, aldiz, zigarroa ezpainetik edeki bage, xakartoro:
- Bo, hori ez duk deus. Hik badakik hainbat mutili jaten eta edaten emaiteko zer behar den? Esneari ur xorta baño egozteagatik! Arraioa! Hi gaizki ohitua izan haiz, amazulo antxean. Gu 'zerbitzuan' izan ginenean esnerik ez zegoan, egun oroz patatak, eta babarrunak ez baziren txitxirioak, eta bertzerik ez, eta honela ere pozez eta ez gosez. Zer uste huen, bada; 'zerbitzua' esne-mamitan egoitekoa zela, ala? Eta eskerrak: hara joandako batzuk-u, beraien etxeetan jateko guttiago eta esnerik usaindu ere ez, eta ase izanen zituan. Goseak gizona egiten dik, ehe!
Etxera berri zen lehenengo egun haietan, halako elkarrizketa luzettoak maiz, baina Iñakik ez zuen batere gogoko aitaren burubide haietako askorik. Ama bestelakoa zen. Aitonaren erraina zelarik alaba zirudien; aita, berriz semea bazen ere, ez zen aitonaren izaite berekoa.
Bordaxaharrera igaiteko irrikitan zegoen. Biziki maite zuen; hango gaxtetto izan zeneko egonaldi gozatsuak gogoan, aitona artzain zegoela:
- Hau gure Aberria duk, muttilko. Ttipia duk, xaharra duk, ez duk batere aberatsen etxe handien heinekoa, baina geurea duk, eta zein begi, bihotz eta gogokoa dugun! Zein urrun, eta zein zerutik hurbil; zein lainopean goibel eta guretzat, berriz, abaro atsegingarri!. Nehor bidean galdurik baletor, hementxe likek non gerizpetu. Noiz edo noiz, ehiztariren bat edo bat agertzen eta tiro hotsak entzuten diren arren, hemen beti ardien txintxarrien tilin-tilina baizik ez duk. Gaueko haizeak hitzaroa baldin badakarkigu, adiskide zeinbaiten ahotsa dela bazakiagu, gure hizkuntzaz baita mintzo oihartzun zolia. Baina, beti baina!, ni haur nintzela, aitari entzuna zakiat, urrundik jiniko gudu izeneko batek su eman eta erraustu zian. Eta ene aitak berreraiki. Eta ni gatibu eduki nindutenean, bertze baten batek hartzara su eman zioan. Eta neronek berreraiki behar ukan nian. Eta hementxe gaituk, muttilko, izan ere, erranairuak dioen bezala: non ene xoko hemen ene goxo.
Nehoiz baino urrunago iruditu zitzaion, baina iritsi zen. Aldatsean goiti zalu ibili izaiten zena, zabaltza zelai idorretarik itzuli berri zenetik has, nekakor zebilen, burua ahul eta zangoak makal. Amak behin jaulki zionaz oroitu zen:
"Etxera iritsi zenean, etxekoek ez omen zitean berehala ezagutu. Bizarra egun askotakoa, aurpegi ihartuxea, ohi baino beltxaranago larrua, lehengo morrosko hura ederki zuan mehastua. Lana batetik, gosea bestetik, onik batere hango ixtegi idor haretan, eta adin onean dagoenari ere, han urtebetez bost urte higatuz-higatuz joaiten zaiok. Amak ez zian ikusi behin bakarrean ere hantxe egon zeino, aita behin harengana zuan. Amari atsebagerik ez emaitearren ongi zegoela erran omen zioan".
Aitonak berak, ordurako oroimena ahul, zaharrarren, hango urte luzeak usu jaulkitzen zizkion, eta beti:
"Donostian edo Larrinagan terreatu ez nindutenean, gaitz erdi. Gau batean zein bertzean, Santoñan ohi legez, askatasuna emaitera jiten ziren zaintzaile haien oin-hotsak, zapatatzar haien taka-taka-taka, aditzen nituenean, hezur-haragi guztiak ikara batean eta betean hasten zitzaizkidaan, alajaina!. Sarrailaren zarrast kirrinkariak, berriz, bihotzari irakin eragiten zioan. Hondar eguna ikusita zegoela uste izanik, irmo hiltzea bertzerik ez nian burutan hartzen. Azken baten, hala bizitzea hiltzea baitzen, apurka-apurka, gauoro-gauoro hiltzea. Sarrakioa sakon sartuta gu, Jainkoarren!. " Gaurgero ez da beste goizik" erraiten genioan elkarri.Kanpotiko berririk ez jasotzea, bertzalde. Barruan gu adiskide min gintuan egin, atzitu eta loturik geundenok erran nahi diat, nahiz eta, batzuk hangoak bertzeak horkoak ginelako, beti izaera, eritzi edo gogo berekoak ez izan. Batekoak zein bertzekoak han bat gintuan, goseak batzen gintian eta, beldurrak batzen gintian eta, noizbait hil beharrak batzen gintian eta. Harez gero, berriz, lanak edo beharrak batuko gintian, Mirandako udatokira eroan gintuztenez gero.
Uda mina zuan, beroa sargoritsua, hango ibai mardula nehoiz baino erkinago zihoaan, aspaldi agorte, eta gure begien aitzinean zabaltzen zen zabaltza oritik lurraren bafa suma zitekean, eguratsean goiti. Oihanbeltzeko bagoak non ote? egin nian nik neure baitan.
'Behargin-hesparrua' erraiten zioaten, eta ongi errana zagok, izan ere, han ginen oro behargin gintuan, beharra egitera behartuak hain zuzen; eta hesparrua ere zegokion izen egokia zuan, hesi batez hertsitako barrutegi batean barrutuak baikinen.
Ardi motz galtzu margoko ugariak, hango bazter soiletan barrena, galondo orixketan bazkatzen, gu baino askeago zebiltzaan, naroro, soroko hondar galbihi galduak marra-marra janez alhan. Haien txintxarri haien hotsa guretzat ahaire.
Gu, aldiz, batak porra, bertzeak pikotxa, ondokoak endaia edo aitzurra, jo eta ke jardun behar gorrian, bizkarra minaren minez makur, gibel aldeko gerria zuzendu ezinean genbiltzaan ibili. Bide bat ireki beharra genuela eta, hantxe guk lanari eguzkitik eguzkira erago eta erago. Eskerrak, noizik noiz, urketaria, txongila eskuan, eradaitera gureganatzen zela. Goikoiturriko ura bezain ona izan ailitz!, baina bertzerik egon ez eta, hura edan behar, egarriak hilko ez bagintuen. Klik egin eta aitzina, lanari eutsi beharra, bertzela han zegozan gure aingeru jagoleak, begirada gaiztoz, fusila eskutik utzi bage, zer egin beharra genuen agintzeko.
Hantxe, Garaioa erraiten genion hemengo mutil txatxu ergela, soldadu deiturik, iskilu zahar bat esku bien artean jasaiteko gauza ia-ia ez zena munduko norbait zelako uste harroan. Gure zaintzaileetako bat. Ezaguna nuelako, herrikide noski, behin hitz batto erraitera egin nioan. Etxekoen berri jaso nahi nik, eta harek, agian, zerbaitt jakinen. Eta, zer egin zidan harek purtzil harexek? Aurpegira tu egin egin zidaan. Arkulo zarpazikina alaena! Egunen baten, joan beharko nintzaiokek tu ha itzultzera, hala eta guztiz ere, ez, ez natzaiok joanen, ni hain matxarra ez nauk eta.
Hik badakik zer den hiru urtean han, negu nahiz uda, bero nahiz hotz, euri nahiz ateri, onean nahiz txarrean jardun eta jardun egin behar latz ha? Egun guztietan, bata ez bazen bertzea, gaisotzen ez zenik ez zuan. Ni nerau hiru astez sukarrak joa egon ninduan, lanari ezin ekin eta, gudetxe zahar bateko gela saskel batean ohean etzana; sendatzen edo goralditto bat izaiten hasi nintzeneko, atzera, beharretara. Gure artean zaragartsu ez zegoena zorritsu, eta eskuok artesi huts. Gu, lehendik ere lanean zailduak izanak eta, gaitz erdi.
Bortz urtean hamar urte higatu genian. Ni, berriz, bizirik jalgi ninduan, Eizmendi ez bezala. Hau, negu hotzean bustidura baten ondorioz, alborengoak hartu zian. Hiru egunen buruan erietxe batera eraman zitean, hil ala bizi. Ez zuan handik berez atera. Eta ni neu onik jalgi banintz, ihesari eman niolako izan zuan; bertzenaz, hantxe galduko ninduan betiko".
Aitak ez zuen Bordaxahar maite eta, aspaldian bertara ez eta, hegatzeko harlauza batzuk hautsirik, zulo bat egina zegoen.
Euriak barrua busti zuen. Iñaki, atea irekitakoan, sartzeko makurtu zen eta barrura orduko hango anabasaz ohartu zen. Itoginak halako lorrina egin zezakeela sinesteak lan zuen, baina hala zen. Udazkena baino lehen konpondu bat eman behar zion, neguan zutik iraunen bazuen.
Etxeko ardiak, aldiz, naro-naroro hantxe zebiltzan, aurrerago eta hobe ustean beti gelditzeke, jan eta jan. Erroiak ere han, haizerik haize.
Goikoiturri ondoko harri hotz baten gainean eseri zen, ekialdera begira, oskarbi zelako urrun-urruneko gailur zorrotz harkaiztsuak begietsiz, aspaldiko egonaldi gozatsuez oroitu nahi laso. Halako une atseginak betiko gogoan josita zeramatzan. (Nik, harekin hitz egitera joaiten nintzen bakoitzean, garai zahar haien oroimina hautemaiten nion)
Zaragozatik ekarritako oroikiak ere ezin ahantziz, ezin burutatik edekiz zegoen. Urruneko gudetxe kirastsu haretan ikusi zein entzun zuenik asko beti gogoaren barrenean biraka zerabilen, ameskaizto baten antzera.
'Estremeñoren' hondar eguna beharko zuen hura, luzatu egin zen, berak nahi baino areago. Ez zen honelarik ere, geldi egon. Batetik edo bestetik garatzak aurrera zihoazen, ondo zebiltzan antza. Azken boladan, gainera, kanabis bete zorro batzuk eskuratzen hasia zen eta dirutza polita. Melillara joanez gero – berak hala sinesten zuen – hura halako bost edo sei, gutienez, gehitu ahal ukanen zuen.
Komandanteak, antza, harako baimena eragozten zion, goialde haietan zituen harremanen haritik lotuz, nonbait.
Ikurroihal-gelan elkartu ohi ziren, goiko agintariak ez besteak, eta barruko arazoak edo izan litezkeenak aztertzen jarduten zuten.
González sarjentuaren lekualda-eskaria aztertu zutenean, komandanteak epea luzatzea erdietsi zuen, eta aldatze hura bost astez berantzea ere bai. Benetan, komandanteak ez zuen zio garbirik sarjentuaren eskaria oztopatzeko, baina ez zuen inoiz aukerarik huts egiten bera nagusi eta aginteduna zela erakustearren.
Sarjentuak mehatxu bezala hartu zuen. Lehendik ere ez zen giro onik haien bien artean, baina, harez gero, are zapuztuago zen zeharo, mukertu oso. Gora nahi bazuen – eta beretzat Melillara gora zen – nola edo hala komandantea bere aurretik egotzi behar zuela otu zitzaion, bere biderean kendu behar zuen, onez ala txarrez.
Lagunak zituen. Bat, sukaldeko lanetan ziharduen xaharketo merro bat hiru aldiz espetxean egondakoa. Lehenengoan droga-arazo bategatik: haren sorterrian saltzen omen zuela zioten esames hedatuek 'Guardia Civilaren' esku-sartzea erakarri zioten. Bigarren aldian, bere adiskide izandako baten gorpua trenbide ondoko sasien artean ostendua agertu zenean, hilketa hari leporatu ziotelako. Gudetxera baino lehen, hirugarren kartzelalditik jalgi berri zen, hildako drogazale baten sakelan aurkitu zuten paperean bere izena idatzita egon arren, epaileak ez baitzuen inolako harremanik ediren bi gizonezkoen artean. (Herrian zebilen zurrumurrua egiatzat joz gero, epaileari zemai egin omen zioten, goialdeko beste lekurean batetik, zeinbait erakundetatik alegia, susmagarri izan arren aska zezan, isilpeko 'zerbitzuetan' behar zutela eta; hots, Somoza estatuko estolda zikinetan lan egin zezan behar zutela eta). Gizonik egokiena zen, beraz, komandantea aurretik kentzeko. Pacorekin oso harreman onak eginak zituen.
Melilla aldetik zekarten erregai guztiaren ardura haren esku utziz gero, mozkin handiak irabaziko zituzkeen, eta honetarakoxe komandante hura oztopo baino ez zen.
Nolabait ere, komandanteak lagun handi onak zituela zirudien, zeren, emaztea azken aldian ihauli zuenetik (azkenean erietxean hil zen) bere mailako beste buruzagi batzuen begietan lehengo izen ona galduxea zuen arren, inoiz ere izen on-onik irabazita ez izanagatik, eta gudetxeko barlan hil zuen mutila hil ondorean ere, koronel izendatu baitzuten, kapitain izan eta gero.
Savater koronelak astero Zaragozatik Madrilera egin ohi zuen, ibilgailu ofizialean, beti bere egitekoen txutxuan; baina beste negozio batzuk zituelakoa zuten armakide gehienek. Hala zen. Pacok ondotto zekien zertara gerturatzen zen hiriburu nagusiko LA MORALEJA auzune aberatsera.
Hurrengo ostegunean zertu behar zuen. Gidaria prest zegoen. Xedea zehatz-zehatz eratu zuten. Koronelaren ohiko gidaria gaisorik zegoela-eta gudetxeko eritokian gelditzera behartuko zuten. Somozak land-rover berri bat hartuko eta koronelaren bila joan ondorean, Madrilerantz joko zuen. Hiru orduko bidea. Bide ondoko jatetxe ospetsu batean geldialdiño bat egin ohi zuen, eta kafean loarazgarria sartuko zion. Ordu erdian edo, eraginak loa erakarriko zion. Harik aitzinakoa nola egin bazekien: kartzelan egon zen azken aldian ikasi zuen, istripu itxura ukan zezantzat.
Savater koronela ibaian itorik agertu zen. Egun haretan ez zen Madrilera iritsi. Gudarosteko ibilgailu ofiziala uretan murgildua, gurpilaz goiti etzanik egon eta bost egunen buruan garabi batez erakori zuten. Gidaria, ozta-ozta bizirik eta onik, berez atera omen zen. Uretatik eta bertan, errepidean laguntza eske jarri zen. Erabat bere onetik ateratua bezala omen. Somozak ondo ikasia zuen, eta hala egin zuen, zoroarena alegia, ezbeharra, ez bestelakorik, izan zela irudituz. Gorpua ez zuten jaso epailea etorri bitartean. Urez handitua zegoen.Burua, ukaldi gogorragatik, porroskatua, zauri sakon latz batek sarraskitua.
Hirugarren egunera, hileta-elizkizun jendetsua ospatu zioten, Zaragozako katedralean. Koronela bazen nor Ebro ondoko hiri handian.
Gotzainak berak, sermoian ederki azaldu zuen eran: "Bizitza guztia esku zabalez eman zuen gizon zintzoa zen hildako Savater koronel jaun txit gorena, Espainiari eman bizitza guztian". Hil-kutxa aldare aurrean distiratsu ikurroihal espainiarraz gain-apaindua, sei gudagizonek eraman zuten, galaz jantzirik. González sarjentua bertan zen, hainbat lagunen artean.
Paco González, herrian 'Estremeño' batzuek eta 'Estremoduro' bestetzuek zeritzoten gazte merro itxurako hura ez zen, umetan, herrian agertu zen haren berdina. 'Joanamariak' zentzua igatuxe zuen arren, adimenez ondo baino hobeto zekien zer guztiak behar bezain egokiro eratzen. Gudagintzan ikasten hasia, egitantzea txit garrantzi larrikoa zela bazekien. Koronelari zer gertatu zitzaion berak eta bere lagun harek, Somozak, zekiten ez bestek. Honek ere kezka. Hein baten, ezbeharra eratu eta burutu zutenen artean lokarri, odolezko lotura antzeko zerbait, txirikordatua zen, ezinbestela. Batak nahi bazuen besteari txantaia egin ziezaiokeen. Onena, beraz, elkarrengandik urrutiratzea.
Iñakik ezbehar edo haren berri zehatzik ez zuen inoiz jaso, oro esames eta zurrumurru, omen-omenka hedaturiko susmo eta goganbehar baino. Ibilgailua bidetik atera eta ezponda batean zehar errekaraino jauzika amildu zela, eta irauli ondoan uretan murgildu zela zioenari, gidaria barruan ez zihoala zioen zertzelada gehitzen zionik bazen. Hileta-elizkizunaz gero beste hizpiderik ez zegoen, gudetxeko mutilen artean, txutxumutxuka ari baziren ere.
Komandanteak tiroz mutil hura hil zuenean, aitonak aipatu Eizmendi gaztea etorri zitzaion gogora. Barlako hormigoi hotzaren gainean hilotzik zetzana nor zen ez zuen inoiz jakin. Gorpua mutilaren sendiari eraman omen zioten, eta istripuz hil zela jakinarazteko agiri bat idatzi zion Zaragozako buruzagi orokorra zen Rodriguez jeneralak. ("Por la presente les comunico mi pésame y dolor por el fallecimiento de su hijo, el valiente soldado de infantería D. Javier Cuevas Lorenzo, tristemente acontecido en desgraciado accidente.
Dios guarde su alma etérnamente y les ayude a ustedes en este trance doloroso")
Gudu-epaile batek jazotakoa aztertu ondorean, ezbehar larria izan zela ebatzi zuen, alkohola edan izanaren ondorioz, nahibage gertatua. Komandantea, emaztea aspaldi ez zela hila izan zelako, burua nahasirik zebilela eta, zer egin ez zekielarik airera tiro egiten, mutila halabeharrez balaren jobidean zehartua gertatu zenean, itsu-itsuan aritu izan zela zehaztu zuen, epaia emaiteko idatzi txostenean.
Gertakaria sakon eta luze aztertu ostean, hiru asteko zehapena ezarri zion, eta Savater komandantea etxe barrutik inoratu ezinaz gain, hiru asteko lansaria jasotzeke geratu zen. (Geroago jakin eta lehenago aipatu bezala, harik ez luzarora kapitain izendatu zuten)
Gorrotxa hil zutela jakin zuen egunean, harako gertakari urrun haretaz oroitu zen. Bizia zein merke den! – oldoztu zuen, eta agina zegoen lekuan gelditu zen. Ttiki-ttiki eginda zegoen. Norbaitek zuhaixka gaztea aihotz batez edo aizkoraz eten zuen, eta lurrean, hainbat ukaldiz, tikitu zuen, puskatu, honela eginaz norbait edo zerbait hilarazi nahi balu bezala.
Nahibageak hartu zuen, baina beste bat landatuko zuela otu zitzaion. Ez zen edireiten erraza agin-kumea hango bazterretan. Uburun aldetik joko zuen, troka haien artean, inoiz edo behin, aginen bat ikusita zegoen, eta, adurra bere alde, txirpi edo aldaxkaren bat edo bat edirenen zuen. Patarrean gora, Haizkorrigainaren hegal malkartsuan zehar atarrapuzka igoko zen. Mendian bakarrik ohitua eta ez zion inori esango.
Gaztetto zenean Gorrotxa ere mendizalea zen. Bordaxaharren bizi zeino, hango erroitz haizkumez josietan gaindi elkarrekin ibilitakoak ziren. Inoiz erbiren bat ikusi ere bai. Eper xurixka bat ikusi zutenean nola goxatu ziren gogoan zuen. Ez zioten minik egin, noski, urrundik luzaz ikusi baizik ez. Alderantziz, hango bazter zokondotsu haietako izaki guztiak maite zituzten, maite pago lerden urdinxkak, maite sai hegalari leunak, maite haitzen horma zutetan hazi nekez hazten ziren elorri mehe, agin bakan, lore bitxiak... maite zituzten maite goietan biltzen eta ibiltzen ziren txori guztiak, erroi karrankariak ere bai.
Gero, geroago, Gorrotxak beste bide bat hartu zuen. Ez zen lehengoa. Karrika nahiago mendi haizetsua baino; Iñakik ez bezala.
'Estremeñorekin' elkartu zenaz gero, Iruñera nahiago zuen, oihanean barrena nora ezean ibiliz basurdeen lorratzen bila baino.
Aitak ez zion onik egin. Etxera berandu eta askotan hordirik heltzen zen. Lanetan gogorra zen, ez zen batere narratsa, saiatua beti eta sumarra, baina edaria zuen etsai. Semeak ez zuen harengandik eredu onik jaso. Bordaxaharren bizi bitartean ardora etsigita ere gogor aitzi eginaz bere buruari eusten jakin zuen arren, karrikan bizitzera itzuli ondorean barruko harra ezin mendean hartu ukan zuen, eta alkoholak, ttanttaka-ttanttaka, buruan zulo egiten zion. Hil ere hala hil zen: gau batez, etxerantz omen, bide bazterrean erorita geratu, lokatzetan itolarri, eta, land-roverreko gidariak ikusi ez eta bertan zanpatu zuen. Biharamunean, hilotzik aurkitu zuten.
Gorrotxa gaztea, berriz, aita zen bezain gozakaitz eta, maiz, Iñakiri ozarkeriaz:
- Behin bizi behar duk, Iña, ossstera! – zirautson.
- Horrela ez goazak nehora, Gorro – Iñakik sarri erasian bezala.
- Hi ez hoa nehora, hiii – iseka eginaz – Amaren gonapetik jalgiko ez haiz nehoiz, txotxotxolo. Zer duk uste, bada?
- Nik uste ez, jakin dakit. Neure begioz ikusita nagok – Iñakik aipatu ez baina haren aita gogoan.
- Zer ikusi duk hik, itsu horrek holako horrek? Arranoa! Oraino niri zer egin behar dudan esan behar ote didak, gero?
- Nik ez diat ezer erranen; heuk jakinen duk zer egiten duan ez duan, baina geero...– Iñakik
- Zer geeero eta zer geeero, kaiku hori! Haizez bete kaikua haiz hi eta! Aladzipo! – adiskide bazuen ere, Gorrotxak ez zion hitz gozorik egiten nehoiz, nehori ere bezalatsu.
- Bertzeren gaitzetan ezarri behar dituk begiak, ea antzeman nondik diren etorriak.
- Zer duk hori, atsotitzen bat edo? Atso xaharren antzera mintzatzen hasi behar ote duk, gero, txotxolo?
- Hire onerako ari nauk – Hiri adiskide minari gertatu zitzaiona gogoan beti.
- Ba, hoa hire on horrekin nahi duanera, eta utzi nagik. Hi ez haut ene ama, ossstera! – eta elkarrengandik aldentzen ziren, biharamunean berriz ere adiskide izaiteko.
Baina gau beltz haretan Gorrotxa ez zen etxera iritsi. Ama eguna argitu zuen arte semearen zain; noiz eta nola etxeratuko erpai egon arren, semea ez zuen ikusi. Biharamunean agertu zitzaion. Amak, jakin nahi biziz egonagatik ere, ez zion ezer galdetu. Erantzunaren ordain, purrustada bat jasoko zuela bai baitzekien.
Semea hil zutela inoiz ez zuen jakin. Amari ez zioten jakinarazi. Urterik asko bai, baina emakume harek zuen gaitza bizitzak eragin zion. Heriotza, hein baten, sendabide gertatu zitzaion. Senarrarekin ez zuen inoiz burutu; seme-alaba andana etxean eta aho guztiak ezin betez bizi behar hura hiletsia zen. Zeinbat aldiz esan eta esaten zion etxeko gizon soraio hari ardotan baino esnetan gehiago behar zutela etxekoentzat! Gaitza, aldiz, barrenean sar-sartua zuen gizon hordi harek ezin bere buruari eutsi eta, gaisotasun errukiez harexek mendean hartu eta zapal-zapal egina utzi zuen, hil arte.
Etxea kendu ziotenean biziaren zati handi bat edeki zioten. Ez zen bizitoki hutsa, ez zen bera eta bere arbasoak jaioriko leku maitagarri hutsa, ez zen sendi naroa hazi nahi zuen habia; hau guzti hau eta askoz hoboro zen harentzat bere etxea.
Gorrotxak ama sarri negarretan sumatu zuen. Ikusi gutitan.
Astean behin, Gorostitzagoikora, eta beti zerbaitez ziskua beterik itzultzen zen, seme-alaba orduan ume koxkor zituen haiengana.
Egunean-egunean, talo bana jateko beste bai, eta lapikoa bete babarrun aste osorako; goseak ez zituen hilko. Margarik atea inoiz ere itxiko ez ziola bazekien. Artaldeko arkumeak saldu eta jasotako diruaz ordaintzen zion; orbela eta ira lehorra batu beharra zegoenean, hantxe ama seme-alaba ttikiekin batera lan eta lan, eta aitona halako laguntzaile izkilimili ha ikusteaz gozaro. Negua zen, batik bat, gogorrena. Elurra jende txiroarentzat beti beltza.Halakoxea, beraz Gorrotxa. Ama zen bezain arrastaria premiak eta lazeriak arbintzen zutenean, baina aita bezain narratsa, hizkeran bezala izaeran.
Mendira elkarrekin joan ziren azkenengo egunean hala gertatu zen: adiskide bakoitza bere bidetik jaitsi zen, elkarrekin haserre.
Ziza batzuk bildu nahi zituela eta Iñakiri igurikitzeko esan zion.
- Orai zizazale bihurtu al haiz? – Iñaki harrituxea.
- Bai. Ziza batzuk batu behar ditiat. Egon hemen, laster nauk hemen. Hago pagope honetan, gesu baten, lasai-lasai – Gorrotxak agindu, bertatik alderatzean.
- Nora hoa, bada? Landa horretan ez zagok zizarik. Onddoak-eta pagadietan hazten dituk, motell, eta sasoia denean ez bertzetan; orai, zer aurkitu nahi duk?
- Hik ez dakik, neuk bai. Hago isilik, arrano hori, eta geldi hor – Gorrotxak beti bezain zakar ihardetsi zion.
Hala urrutiratu zen. Belarretan zerbait aurkitu zuela zirudien, Iñakik urrundik belauniko urkusten baitzuen. Batetik bestera ibiliz, han belaunikatu harago hurreratu, ordu erdi bat eman zuen, eta lagunarengana itzuli zenean eskuan plastikozko poltsa bete ziza zekarren.
- Zer duk hau? – Iñakik poltsa barrura behaturik.
- Hau ez duk jatekoa, txotxo, hau saltzekoa duk. Hau guzti hau salduz-u, ilabeteko saria jasoko diat. Eztiarekin nahasiz gero, jaten duenak egundainoko zerak ikusten eta amesten eta liluratzen ditik. Nik neronek-e, behin, muxtatu nian eta sorginekin dantzan ibili ninduan, egun eta eguzki zeru batean bezala biziz, bits baten gainean atseginik atseginenean. Halakorik! Alajainkoa! Honek mirakulu egiten dik, txotxo. Esnatu nintzenean, aldiz, zerak, buruko alak nitian latz; baina egindakoaren gozoa ez duk egitekoa, motellll.
- Eta hori biltzeko belaunikatuz eta narraz eta herrestan ibili haiz? Eta saltzeko?
- Bai, txotxotxo; hau salgai zadukaat, eta dirutza jasoko diat, eta gero 'joanamari' erosteko adina eta askoz gehiago edukiko diat, adituuu? Hik ez duk ezer ulertzen, ergel horrek! – Gorrotxak irainka egin zionean, Iñakik bere zorroa lurretik hartu zuen eta bideari jarraikiz aldenduz joan zen.
- Nora hoa, amazulo hori? Hoa pikutara! Ulertu nahi ez baduk, hoa apaiz! Eta marruska ezak hire zakila, ossstera!...– eta isiltzeke, beste alderantz jo zuen Gorrotxak ahopetik biraoka zerauntsola.
Zaragozan egon zen urte bete eta akatsean, zeinbat aldiz gogora zitzaion Gorrotxa!. 'El Curro' zeritzoten andaluziar totela hil zen gau haretan, batez ere.
Sukaldean ilabetea baino ez zuen egin. Iñakirekin hitz egin ukan zuen aldi bakanetan, elkar ezin ulerturik geratu izan ziren. Batetik, totela zelako esaldiak eten-etenka egiten zituen eta zer esan nahi zuen erraza ez asmatzen; bestetik, gaztelera antzeko zerbaitez mintzo baziren ere, hizkuntza bitan egiten zutela zirudien.
Nondik eskuratzen zituen ez zuen inoiz esaten baina beti sakelan erretzeko zerbait zedukan. Egunean sei-zazpi 'porro' erretzen ez bazuen, urduri jarten zen, arratserako ez zen goizeko mutila. Gau askotan, sukaldeko zoko batean loak zeharo hartuta geratzen zen, patata-zaku batzuen gainean. Behin baino gehiagotan, hilik zetzala iruditurik Iñaki izutu izan zen, hala ikusi eta. Goizetan bizirik jaikitzen zela eta ohartzen zenean lasaitzen zen. Jaiki eta lehenengo egitekoa, jakina, erretzea zuen.
Behin azaldu zuenez, amona batekin bizi zen (harek "ca l'agüela" esan zuen) eta zerbait jan nahi zutenean 'maria' salduz diru pixka bat eskuratu eta denda batean lusagarrak erosten zituen. Olibak zoritzen hasten zirenean, auzoko baten laguntzera joaiten zen, eta ordainetan olioa emaiten zion. Noizik noiz, erbiren bat ere harrapatzen omen zuen eta orduan amonarenean jai handia. Gosea zer zen bazekiela, baina berdindu behar zuenean zer egin ere bazekiela adiarazi zion, entzule zuen Iñakiri.
Gudetxean zegoen bitartean, berriz, jateko nahikoa zedukan, eta honela ere beti jangartzu; ez zuen askorik jaten, egun batzuetan ia ezer ez. Esnea, lehenengo aldiz, guderostera sartu ondoan edan zuela zioen. 'Zerbitzuan' pozez zebilen, berak zioena haintzat hartuz gero, eta etxera itzuli beharrean gudarostean geratuko ote zen zalantzan zegoela zioen. (Harek armada esaten zuen, ezer ez egitearen ordainetan jan eta edan eta erretzeko nahi adina emaiten zion l'agüela patria zela ere, txokarritan, zeritzona)
Egunoroko 'anoa' nondik edo handik lortzen zuen. 'Estremeño' handik alde eta Melillaratu zenetik, aspaldian, sukalde osteko gauzategian ohiz ikusten ziren sartu-irten ugariak xoil urritu ziren, baina beste nonbait, gudetxerean ez urrunegi, mutilek non eros zer saldu aurkitu bide-zuten, eta andaluziarra, eskierki, han nonbait, egunean behar zuen zer erregarri hura eskuratzeko era egindakoa zen.
Igande batean, atseden eguna harturik, Zaragozako zulo beltzetan barrena ibili zen eta ez zen, gauean behar bezala, lo egitera itzuli.
Goizean ere ez zen agertu. Buruzagiek ez zuten ezer jakin, ohartu ere ez, hiru egun geroago ibaiaren uretan gorpu bat, igerian zetzala, aurkitu zuten arte.
'Guardia Civilak' hilketa nola gertatu zen argitzeko luzaz aztertu zuen. Txostenean ez zen, hala ere, hiltzaile nor edo nortzuk ziren inoiz argitu. Itxura guztien arauera, buruan burdinazko haga batezko ukaldi gogor baten ondorioz hil eta, honik laster, ibaira egotzi zuen edo zuten. Urak ez zuen urrutira eroan, uhaldeko bazterrean hazi haltz baten sustraietan atxekita geratu baitzen.
Batailoiko buruak gorpua mutilaren herrira eraman zezaten agindu zuen. Mutilaren amonari heriotzaren berri eman zioten, nola gertatu, ordea, aipatzeke. Igorri zioten agiri ofizialean, uretan ito zela jakinarazi soilki. Amonak ez zekien irakurtzen. Postariak gutuna eskura eman zionean, paper batean zirriborro bat idatz zezan agindu zion, gutuna jaso ukanaren baieztagarri. Lurperatu zuten unean apaizarekin hobigilea baino ez zegoen.
Zaragozalditik bihurtu zenean, ez zuen Gorrotxa ikusi. Iñigo karrikan ikusi zuen. Egia esateko, ez zioten elkarri abegi on-onik egin, hotz-hotzean. Iruñerean herriratu berri zen.
Zaragozan sarri ibili izan zela jakina zen. Iñakik lodittoago eritzi zion; ttattarra lepoan, praka-jaka arrez jantzia, alkandora zuriaren azpian gerrialdeak gixenagoa zirudien. Sudurpeko ile luzeak beltzuntze modu bat emaiten zion. Iñaki, aldiz, gudura joan zen baino argalago itzuli zen, beltxaranago ere bai.
- ¿Qué hay, Iñaki, ya has vuelto? – zuzendu zitzaion Iñigo aspaldiko adiskide eta lehengusu zuenari agur eginaz.
- Zer duk, euskara ahantzi al zaik? – Iñakik hitzetik hortzera.
- Bueno, olvidar no, simplemente no lo hablo más allá de lo estrictamente necesario.
- Zer diok? – Iñaki haren hizkera ulergaitzaz harrituxea.
- Así es, primo. A mí el vascuence no me da dinero. ¿Y tú qué tal? ¿Cómo te ha ido en Zaragoza?
- A, ba; ni ongi.
- No has aprendido mucho, por lo que intuyo, al menos a hablar. Bueno, pues, ya nos veremos, más a menudo – Iñigok hau esateaz batera bostekoa luzatu zion, agur antzean.
- Ongi, bada. Izan ongi – eta Iñakik eskua eman zion.
Aurrera zihoala, Iñigo zein aldatua zegoen eta, gogoetatsu Iñaki; eta aitonak behin jaulki ziona gogoratu zitzaion.
"Luis zian izena baina nik Koldobika erraiten nioan, harek gogoko zuen bezala. Zeinbat ikasi nuen nik harengandik! Sendakuntza ez ezik, harek asko bai asko ere zekian. Hitzetan ere gizon egokia zuan; euskaraz hari entzutea atsegin hutsa. Hemengo nahiz hango hizkeraz ongi jantzia zuan, eta beti erraiten zuena, hots, " euskaldunok bat eginik egon behar dugu, garen garena legez, ekiz ere bizirik iraunen badugu, Herri bezala; eta euskarak batzen gaitu".
Baina hemengo zeinbatek ez zian begi onez ikusi nehoiz hain jasoa eta landua zen jaun handi hura. Jakiteaz harro egon behar diagu,Iñaki; ez, ez jakiteaz; eta hemen bat baino gehiago bere ez-jakinkeriaz harropuzten duk. Euskaraz ez jakiteaz harro dagoen euskalduna baino ezer zentzugeagorik, taiugeagorik nehor? Huhu handiko putz handi asko zagok gure artean, handi-uste ez, handi-ustel hutsa dena.
Eta gaitz hau ez duk egungoa; behialako euskaldun dantzari ospe handiko gipuzkoar batek ederki asko idatzi zuenez, bere garaiko ama edo aita batzuk, semeak Salamancatik atzera, euren hizkuntza atzendu eta galdua zekartelako, anitz ikasiak zirela eta, harro bai harro agertzen zituan; ez ikasi zutenagatik, Iñaki, ahantzi zutenagaitik baizen, harro haiek gangar haiek!. Karriketan ditiagu, Iñaki, hor, gazteak, ez dituk entzuten? Birao eta aiñen, gizon agertu nahi eta txatxu irudi, erdara hezurretaraino sartua ditek, guk Mirandan negu gorrian hotza genuen bezala. Nire adiskide Koldobikak zioena: "dirua dugu etsai".
Nik ez zakiat, Iñaki, Koldobika nork hil zuen, baina nork iradoki zuen susma nirok, eta ez zuan elizatik urrun. Eta oraino herrian baten batek badakiela ere uste ukan ahal diat. "Herritik alde egin behar zuen" erran zidanak bazakik zerbait. Eta zergatik egin behar zuen alde, nehori kalterik nehoiz egin ez zion gizon on harek? "Bazekien zer gerta zekiokeen" erantzun zidanak ez dik hitz gehiago egin nahi.
Koldobikak "Jaungoikoak ez bestek du bizia kentzeko eskubidea" egotzi zioan behin, aurrez aur, gure Martintzarrek "Jainkoaren etsaiei aurka egin behar zitzaiela", sumin-sumin egina, gudua piztuko zela ulertzera eman zion batean. Harik hona artean, berrogei urte joan dituk, eta oraino nehork ez dik deusik aitortu. Beldurra ote? 'Don Martin' aspaldi handian joan zuan, ez zakiat zerura ala infernura, baina Jaungoikoari eskua kendu baldin bazion, ez zioan aisa azaltzeko izanen, han Goietan, ororen Egile goren-gorenari.
Koldobika hil zuenak bazekian jakin, gure sendagile gazteak bizia maite zuela: Herio zian arerio bakarra. Honegatixe maite zian maite aberria, bizirik nahi zuelako hain zuzen. Honegatik maite zian maite txoria, ez kaiola batean, itxia eguratsean bere gain eta jare baizik.
Hil zuenak edo zutenek bazekitean jakin, Koldobikak ez ziola nehori gaitzik opa, bere buruari ere bezain zintzo zitzaiola beti nori-nahi.
Gogoratzen diat, Iñaki, behin adiarazi zidan zer sarkor bat, hauxe: "Ni ere ez naiz sortu ainguru umila, nitan da gizonaren kitzika kiskila; betidanik harekin borrokan nabila; gisa baterat nahi nuke banintz hila: zerurat joaiteko bakearen bila" Santimamine egunean ez zuan herrian. Irratiaz Iruñean gudagizonak kaleetan zebiltzala entzun zuan, eta niri osaba Pantxoak jakinarazi zidan unean bertan, gudua piztua zela ikasi nian. Ez nian etxera itzultzeko aukerarik. Saran geratu ninduan, bazen-ezpazen. Gaitz erdi! Bertzela Koldobikaren ondoan nengokean, leze beltz batean edo batek zakik non.
Goizean, urtero antzera, lagun aldra polita bildu zuan, han goian, baseliza ondoko zelaittoan, hainbat baserritatik igorik. Mendi-baso guztietako zidorretan zehar, urrundik urrun, lagun ugariak zituan urkusten, gorantz; gehienak mutilak, gazte eta ez hain gazte, trikitriak aurretik, txistua joz batzuk, irrintziak mendiz mendi entzungarri zirelarik. Meza eman behar zuena, ordea, ez zuan hantxe. Ordua heldu zenean, batak bertzeari so eta galde, apeza non ote zebilen ez jakinki. Hire osaba ere, Iñaki, ez omen zuan igo egun haretan meza entzutera. Gaisorik edo ote zen zitean batzuek galdetzen.
Laster isildu zituan txistuak. Albisteak zalu-zalu ibili ohi dituk, eta orduan haizeren batek ekarriko: " Gudua hasi da". Meza bagerik, handik behera, nor berera, arin bai arin jaitsi zituan. Mendirik mendi ez zuan haizearen firfira epela baino entzuten. Igoerako irrintzi eta zantzoak isildu zituan.
Anitz etxetan gaua luzea izan omen zuan, zer egin ez jakin eta. Ezbaia latza zuan: ihes egitea ala etxean geratzea, bizi ala hil, hil ala bizi, zer egin? zer ez egin?.
Biharamunean, apeza elizaldean agertu zuan. Ez bakarrik. Inguruan hogei bat mutil zitian, oro burua gorri, iskiluak eskuetan, larru beltzezko gerri-uhalez apainduak. Ez zituan herrikoak, ez oro, bizpahiru izan ezik. Etxez etxe hasi zituan. Mutil gazteak behar eta, bat edo bi etxekal; gauerako gudu-taldea osatu omen zitean. Meza gaueko hamarretan emanen zian. Eliza lagunez betea, emakumezkoak albo batean, gizonezkoak bertzean. Karrikaburuko anderea hantxe. Senarra, ostera, ez. Gaiso bat ikuskatzera joana, nonbait, eta gauean, artean, etxera itzultzeke. Meza luzea izan omen zuan, nehoizkorik luzeena. Biharamunean gudura joanen ziren mutilen alde otoitz eginaz, gaueko hamabi orenak arte. Goizean goizik, Iruñera bidean zituan. Martintzar haiekin.
Igandeko meza eman zian. Arkupean, hasi aitzin, herriko atso-agure guztiak igurikitzean zituan, gazte guti. Umeak jolasean, ohi bezain alai. 'Don Martin' irribarretsu agertu zuan. Astiro, burua goi, batzuei eskua emanka, bertzeei eskugaina eman eta potak jasotzen. Meza herriko mutilen alde emanen zuela adiarazi ziean. Predikua, berriz, lehenbiziko aldiz, erdaraz eginen zuela. Ez zuan egokia ez zuzena bertze hizkuntza batean egitea – hala erran omen zian – hain une larri haietan Jainkoaren eta Espainiaren alde bizia emaiteko odola gerturik zedukaten haiek guztiak erdarak batzen baitzituen. Mezaz gero, gizonezko batzuk, ez beti bezainbertze, ostatura zituan; emaztekiak, aldiz, igandeko bazkari berezia atondu beharko, noski, eta bakoitza bere bidetik etxera. Igande haretan ere, herriko sendagilea zen Luis ez zuan agertu. Karrikaburuko atea itxita zegoan.
Gehienek herritik alde egina zela uste zitean. Bilbora edo nonbait han. Donostian zebilelako zurrumurrua hedatu zuan. Zaldia agertu zenetik, andereak zer gertatu ahal izan zekiokeen susmatu omen zian.
Huntzorrietako Patxiko mezatik irtetean ikusi zuenean, harenagana jo zian. Hitzik egin baino arinago alde egin zioan. Ez zian, antza, emakume harekin hitz egin nahi. Mari Migela harri eginik geratu zuan. Biharamunean, hala ere, kementsu, Huntzorrietaraino igo omen zuan. Patxikok zerbait bazekiela ziur zegoan. Ordu biko bide luzea baina hantxe agertu. Atea zabalik, zakurra katean, behiak marrumaka ukuiluan, etxean gizakirik ez. Patxikok Goikolarretik begiztatu omen zian. Ez zuan etxera hurreratu. Senarraren berri baten bila igoriko emakume ha, bakarrik, itxaraiten geratu zen. Ordubetea, eta etsiak jo zuen arte, hantxe. Zakurra, zaunka eta zaunka luzaz jardun ondorean, isildu zuan. Etxera itzultzeko bertze bi oren, eta Mari Migelak, atzera, igo zen bide beretik beherantz Karrikaburura jo zian.
Patxiko ez zuan etxeratu, emazteki beltzez jantzitako hura handik joaiten urkusi zuen baino lehenago. Ez omen zian ezertaz hitz egin nahi emakume harekin, zer jakin nahi zuen ondo jakin bazekielako. Hurrengo igandeetan ez zuan mezatara jaitsiko, ez hura ez etxeko nehor.
Mari Migelak ez zian amoŕ eman. Igande arratsalde batez, berriro Huntzorrietara. Ordukoan, Patxiko etxean atzeman omen zian. Atean aurkitu zian. Harrera hotza, begirada zorrotza, hitz bat ere ez zioan egin nahi baina hantxe zegoan...
- "Nire senarra hemen izan zen nik ikusi nuen azkenengo egunean. Ez zen etxera itzuli. Nik jakin nahi dut" – Mari Migelak
- "Nik ez dakit deus" – Patxikok, motz.
- "Hemendik bizirik jalgi zen ala ez?" – emazteak temati.
- "Bai. Guk ez genuen hil" – Patxikok gehiegi erran zuela baina behar zian erran.
- "Hil da? Nork hil du? Non dago?" – entzun nahi ez zuena entzunik, anderezko janzkibeltz goibela, ezuste mingarriak jorik, guztiz aztoratu zuan, zurbildu zuan tint, erabat atsebagetua.
- "Nik ez dakit. Ez dut jakin nahi".
- "Zuk zerbait badakizu. Nik jakin nahi dut" – Mari Migelak gogor.
- "Nik hemendik joaiten ikusi nuen, bertzerik ez".
- "Zer ezkutatu nahi duzu? Zeren beldur zara? Noren beldur zara?"
- "Ni ez naiz nehoren beldur" – Patxiko urduri mintzo.
- "Bai, zu beldur zara, lotsa zara. Baina nik jakinen dut. Ez dut etsiko. Noizbait argituko da, hilik ala bizirik" – erran ondoan Mari Migelak jaistera egin zian.
- "Hilik dago, bertzerik ez dut uste; baina nik ez dakit gehiago. Eta nerau ere hilik egon nintekeen hemendik susmorik barreiatuz gero.
Otoi, ez etorri hona behin gehiago ere" – ahots lakar bezain ikaratiaz erauntsi zioan Patxikok, urrutiratzen zihoan emakume hari.
- "Noren beldur haiz?" – galdetu zioan, urrunttotik, negarra begietan zihoanak".Huntzorrieta, egun, sasiak jana dago. Huntza hegatzeraino hazia; atea haize bolada batek erauzi zuen; barruan zegoen burdinazko guztia ijitoek hartu eta eraman zuten. Aitonak gertakari zahar hura jaulki zion egunaren biharmunean, Iñaki haraino igo zen, etxea nola zegoen jakin-minarekin. Urteak ziren han inor bizi ez zela. Barrura sartu zen, amaraunak esku biez urratuz, zurezko mailadian gora baratx ibiliz, sukalde beltzeraino. Sabaia kedarrez estalia zen, lur-urritzezko basakanak ere halabertsu, argi izpi bakarrak leihotik barrura sartuak. Handik laster irtenda, etxera bihurtu zen.
Beharbada, mamu edo antzeko izugarriren bat agertu zelako, alde egin zuen askazi osoa handik, herrian noizbait entzuna zuen bezala.
Huntzorrietakoak ez ziren igande edo antzeko egun mezadunetan baino askoz gehiagotan herrian agertzen; elizara behar zenetan, bai, ohikoak haiek guztiak. Hiru iletan, ordea, agertu ez. Apaizak bazuen susmorik. Mezetan laguntzaile zuen mutil bati, inori ezer aipatzeke, basaburu urrunean zegoen etxe bakarti haretara hurbil zedin agindu zion, ea Patxikorekin etxekoak onik edo ikuste aldera.
Mutilak hala egin zuen. Itzuli zen bezain laster, Martintzarrengana; Huntzorrieta itxita zegoela; inor ere ikusi ez zuela; deitu eta erantzunik ez, zakurrik ere ez ate ondoan... barruan hilik egon ezean han inor ez zela. Martintzarrek mutilari agindu zorrotza eman zion: inori ezer ere ez adiarazteko:
- Etxe hori antzinadanik sorgindua zagok, mutil. Ez duk harrigarri, bada, etxekoek alde egin ukana. Herrian, berriz, ez zaiguk batere ongi jiten beldurraren sortzerik, eta, honetaz, fitsik ez erraitea hobe, ez hik ez neronek ere. Aditu duka, mutil? Fitsik ez. Oro Jainkoaren esku ahalguztidun guztiz zabalean zagok.
Mamurik ez zuen han ikusi, baina Zaragozan behin baino hoborotan ikusi uste ukan zuen. Sukaldeko lanetan mailaz goratu zuten, zortzi il eta bi aste lusagarrak zuritzen jardun baikoz. Harik aitzina, lapikotzarrak sutan egosi bitartean, berrehun lagunentzako bazkaria barruan, begirale lana egin behar ukanen zuen. Paco Melillaraz gero, beste sarjentu baten agindupean, eta ordura arteko sukaldari guztiak edo etxera bidaliak edo beste gudetxe batera aldatuak izan zirelarik. Koronela istripuz ito eta hilik gertatu zenez geroztik, han ezagutu ukan zituen mutil fardelak bertatik onditu ziren.
Sukalde-buru berriak, berriz, aurrekoa oihukoia bazen, are ordekoa zaratatsuagoa. Oihurik oihu zeragoien, zerbait egiteko agindu behar zuenean. Bere gaztean, besteak baino zahartxeago zela zirudien, eta, geroago jakin zena egia izaitera, halakoa zen, hiru urte atzeratuago egin baitzuen 'zerbitzua', unibertsitatean ikasketak luzatzeko baimenak eskaturik.
Aita epaile omen zuen, eta 'zerbitzua' egitearen ordez semearen alde ordaindu nahi zuen arren, beronek ez zion onartu, gudagizon i zan gogo baitzen. Umetan barnetegi-ikastetxe handi batean hezitakoa zen; jaio eta bizi Sorian, baina urte luzeetan Burgos hiriburuko eraikin zahar haren barruan hazi zen. Hango aldia bukatu eta COMPLUTENSEan hasi zen, legeiztia ikasten. Ametsa, noizbait, beteko zuen, legegizon izaitea alegia, baina gudarosteko buruzagi izaiteaz bat nahi zuen. Gudu-Zuzenbidea ikasi zuen, beraz. Egunen batean, ametsa halakoxea, jeneral izaitera heldu behar zuen.
Sukaldera sartzen zen bakoitzen, bertako guztiak zut eta erne jarri behar ziren. Ez zuen inor lasatzerik nahi; orduz ordu, bakoitzak bere egitekoa tinel bete beharra zuen. Ez zuen soinekoetan orbanik ikusi nahi, oro garbi nahi zuen. Goizetan, lehenengo atazak banatzen zituenean, zazpi mutilek, ezertan hasi aurrez, sukalde guztia eheaz eta xaboiz ikuzi behar zutela eta, talde bat eratzen zuen, horretarakoxe, ordubetean eginkizuna bete behar zuena. Bete ezik zigorra zezakeen jaso, talde osoak, eta ez zen behin bakarrik zazpi mutilak, egun osoko atxiloaldia jasanez, zehatuak izan zirena. "Gudarostean zerbitzu egiten duenak Espainiari zerbitzu egiten" diola jakin behar zuela adiarazten zien, behin eta behin.
Iganderoko meza entzun baino lehen, barla zabalean mutil guztiak lerrokatuta jarri behar ziren. Bazkaria gertutu behar zutenek, meza goizeko zortzietan entzuteko behartuta, gero lanari ekitearren, txandaka eratzen zituen, igande bakoitz; eta arratsalde osoa zil zuten, noranahi joaiteko. Iñakiri egokitzen zitzaionean Zaragozako kaleetan zehar ibilteko aukera ez zuen huts egiten. Bakarrik ohitua, bakarrik nahi zuen. Igande guti ukan zuen, baina hala ezagutu Ebro uhaintzandi haren ondoan eraikitako hiri handia.
Haizea zebilenean, hegoa izanki batez ere, ez zen giro. Zakarkiro jaiten zuen, ibiltea bera ere eragozteraino. Euririk inoiz egin zuenik ez zuen gomutatzen, eta soldadu izaiteari utzita etxeratu zenetik, euria maiteago zuela zioen. "Idorra ikusi duenak euria du maite" esan zion behin aitonak eta zuzen zegoela zeritzon.
Igande haren osteko goizean sukaldea ikuzteko jaiki behar ukan zuenean euria xarra-xarra ari zuela ikusirik pozak hartu zuen.
Zazpietan hasi behar zuten. Zazpi mutilek bertan zut eta erne. Sarjentuak, banan-banan ikertu zituen, ea alkandora-praketan orbanik edo zetarik edireiten zuen.Ffits-mits batto aski zuen, ahakar gorriaz, zabarrari esets ziezaion. Gainera, zortzietarako oro zeharo ikuzia utzi behar zuten, ez zen, beraz, beta huts egiterik. Taldeko buruak ez zuen erratza hartu behar, ez eta eskuzko beste zereginik burutu ere. Agindu baino ez. Iñaki ez zen honetarakoa.
- Goicochea, queda bajo su mando este grupo de trabajo. Cumpla su misión con la mayor diligencia – aginduz mintzatu zitzaion.
- A sus ordenes, mi sargento – ondo ikasiaren antzera erantzun zion Iñakik.
- A las ocho horas de la mañana de hoy deberá presentarme informe oral de la labor realizada. No he de advertirle de la importancia de su responsabilidad en este cometido que se le ha encargado, al servicio siempre de la patria.
- A sus ordenes, mi sargento.
- Le he de advertir, Goicoechea, que se debe pronunciar órdenes, con su acento esdrújulo bien resaltado. Procedan. Rompan la formación e inicien su labor cotidiana – sarjentuak berriro agindu zorrotzez.
Iñakik ez zuen jakin zer-nola erantzun behar zuen, baina beste ezer esateko unea baino arinago joan zen atetik bulegorantz. Mutilak lanari berehala ekin zitzaizkion. Biharamuna zen. Lanerako gogorik inoiz ez eta astelehen goiz hotzean are ahituago. Eta Iñaki agintari izan beharrean.
Zorua, baldosazkoa, belauniko jarrita ikuzi behar zuten, erratzez txukun egortu ondorean. Segovia aldekoa zen matxar itxura baldarreko bat bazen zazpien artean, neketan ohitua ez zena, eta hauxe lanari utzi zion lehena. Zigarro bat erre behar zuela eta, bazterrean eseri zen. Iñaki alperrik eskatu zitzaion lanean aurrera joaiteko, eginkizuna bukatu ondoan erreko zuela. Lana sarjentuak agindu zien bezalaxe egin ezean, zigorra jasanen zutela eta, beldurrak jo Iñaki, baina ez segoviarra; lehenago ere ziegan egondakoa zen, nonbait.
- A mí tu no me mandas, vascorro – ihardetsi zion ozarto, begi sukoiez behaturik.
- El trabajo hay que terminar, si no castigo tenemos – ahal zuen eran Iñaki, mordoiloz baina onez-onean, agindu beharrean, eskatuz bezala.
- ¡Que le den por culo al trabajo! Yo no estoy aquí para limpiar suelos – segoviarra – sino para defender la patria, como ha dicho él.¡Hijoputa; defender la patria esta manada de vividores!.
- Si no hasemos lo que ha mandau, castigo tenemos, seguro; ala pues, hay que haser – eta hau entzun zutenean beste mutilak barreka hasi ziren.
- ¡No sabe ni hablar castellano y quiere ser general! – ozenki Errioxakoa omen zen batek, besteen algarak eraginez.
- ¡O trabajar o me lío a ostias, eh! – Iñaki sumintzen hasia, ordu betea laster eta ataza bukatzeke.
- ¡Ma cago en Dios, la primera ostia que tú sueltes será la última; te rajo aquí mismo! – segoviakoak hau esateaz bat sakelan zedukan laban txikir bat atera zuen, eta Iñakiri erakutsi.
Errioxakoa tartean sartu zen. Labana gordetzeko agindu zion, bestela arazo larriak izango zituztela eta. Iñaki ez zen kikildu. Gainera zertorkiokeen zigorrak beldur handiagoa zemaion. Segoviarrak, labana eskuan, aurpegiera barbaila, begietan su, liskarra nahi duenarenantza, behako gaiztoz zipoka egin zion. Errioxarrak ukaraitik oratu zuen. Labana kendu zion. Iñaki aurrean urduri baina tinko.
Zortziak jo aitzin, hantxe agertu zen sarjentuak istilua bete-betean aurkitu zuen. Zut jarri eta, berehalako baten, zut jarteko agindu zien. Mutil guztiak, di-da baten, haren aurrean zut eta erne jarri, burua gora, kokotsak irtenik, begiak sabaira. Errioxarrak labana zaku batzuen artera egotziz altxatu zuen, sarjentua ohartzeke. Honek Iñakiri, suak hartua bezala:
- ¿Qué ha ocurrido aqui, Goicochea? Ustéd está al mando de este grupo, infórmeme de inmediato.
- Yo para que trabajen les he dicho y no querer haser caso. Y éste sacar navaja me ha hecho – hau entzunda segoviarra okerretara begiratu zion, zeharka, zemai baten antzeko begirakune batez.
- Ustéd es responsable, Goicoechea, de cuanto haya acontecido aquí. El mando le confiere tal responsbilidad. De conformidad con lo dispuesto en las leyes militares, queda ustéd arrestado. Se procederá a trasladarle a prisión. En cuanto a ustedes, señores, el incumplimiento del deber ordenado es causa de una sanción que se ejecutará a la mayor brevedad posible: quedan exentos de todo permiso durante esta semana – sarjentuak biziki haserretua.
Hala sartu zen lehenbiziz, Iñaki, espetxera. Errua zer zen ez zekiena, legeak halaxe zuzendua, gudagizonen artean zuzentza nolakoa zen dastatu zuen.
Iñaki ziegan zetzan. Lur hotzean, leku ilun bezain meharrean; gizona bere bakarrean. Orduan zuen, inoiz ere baino askoz barrurago sartua Bordaxaharreko haize garbiaren usain hezea, hango landa leunetan alhan ziren geri-elien txintxarri hotsa, pago lerdenen orrien fir-fira. Ziegak ez zedukan leihorik. Hango ilunbe kirastu haretan, anartean inoiz sumatu ez zuen goibeldura sakonak bihotzerre eragin zion.
Aitonak behin esan ziona laster burutaratu zitzaion: "Noizbait heu ere kartzelara sartuko haute". Orduan, ez zion igini zergatik zioen hala:
"Ni sartu ninditean; gure aitona karlistaldian borroka egin zuelako, Santa Kruz apezarekin edo ez zakiat norekin, atxilo har zezaten baino arinago ihes egina Baigorrira zuan eta bertan hil; hi ez haiz gaitz horren peitu izanen. Eta ez ahantz legea beti haien esku dela, noiz alda noiz bete noiz urra haiek ditek ebazten. Eta, beraien patria goretsiz sartuko haute kartzelan, hik haiena maitatzeko beharra legearen legez ezarri baitute agindu; a, la Patrie! bertze aldeko horiek dioten eran, o la Patria! haraindiko eta honaindiko bertzeek; eta askatasuna ahotuz hire askatasunaz bagetuko haute, haien legeak ez baitu beraietaz bertze nehoren askatasunik opa. Beti ukanen ditiztek, noski, inguru-minguru, herriko arlote batzuk, txotxongilo antzo dantzan, bata buruan kapelu handiz jantzia gerizgarri, bertzea ortozik nahi ez eta ugazabak oparitu larruzko zata edo betse etenak harrokiro erakuska, zein baino zein burua gorago. Indarra nagusi, muttilko, gure mundu basati honetan, eta otsoa bildotsez mozorrotua inauterietan bezala. Eta alperrik izanen duk "zer egin dut" galdetzea, ez baitik nehork erantzunen, ez duk abokaturik hire alde, ez epaile zuzenik ebazle, ez kartzelazain onberarik elaide. Eta hitaz zer erranen du jendeak eta zer jaulkiko du jakileak? Aha, bo, " legea hautsi zuen", " ez zuen burua behar bezainbertze makurtu erregearen aitzinean", eta " xorieri mintzo zen" erranen dik batek, eta ondoko batek " mintzo zen errekari", eta hirugarrenak, ororen garaitik jakitun ezinago jakile baten antzo, "zoroa zen" erranen dik, eta handikiek bezala tikikiek, aberatsen atzetik txiroek, gudamaite ankerren alboan apez santugaiek " bai" erantsiko ziotek. Edo zehazki erraiteko "sí" batzuek eta "oui" bertzeek erranen ditek, batean erregea lege eta bertzean legea errege".
Oroitzapenok bat-batean sarraila baten hotsak eten zituen. Lehen gaueko abaria zekarkion. Atezainak, plastikozko txalin sakonean, txitxirioak mahaiñoaren gainean ipini zizkion, ondoan ogi zati bat eta urez beteriko edalontzia. Ezer gehiago nahi ote zuen galde egin zionean, txunditu zen Iñakik, saiheska so, galderaren galdezka ihardetsi zion. Mutil zaintzaileak sakelarean, papertto batean bildua, pilula bat atera eta erakutsi zion. "Honek oro ahantzi eraginen dizu" adiaraziz beste eskuaren ahurra zabalik eskaini. Iñakik ez zuen harean hartzeko zirkinik batere egin. "Dirurik ez badadukazu, beste era batez ordainduko didazu" gehitu zuenean, eserita zegoen aulkitik jaiki, mutilaren aur-aurrean zut jarri, eta, begiohilez, begiez hil beharrez, hitzik batere egiteke, handik alde eragin zion, bet-betan. Atea gibelean itxi zuen, sarraila hotz baten ondoan giltzarrapoak krak! egin eta urruntzen zihoazen urratsak gero eta motelago aditzen joan ziren.
Ez zuen deus abaldu, ez lorik egin gau osoan. Goizean goizik ez jaikitzea, besterik ez zen on hango morroilopean. Etxeko zakurra hobeki zegokeela otu zitzaion. Larrainean jare, eguzki epelean, hezurren karruskatzen, Lagun hala irudikatu zuen, etxe aitzinean.
Ziegan sartu-itxia, Iñaki, astebete hura inoizko luzeena, etsita bezala zegoen, baina bere mendialde lanbrotsuko baso-larreetan bizi izaniko une atseginak beti gogoan lagungarri. Hango belardi uxtarretan sakabanaturik etxeko behi zuri-beltzak ikusten zituen ametsetan; behor gizenak, moxalak ondoan, irrintzi zolika aditu uste ukaiten zuen, zintzarri hotsak haizeak hara-hona zerabiltzalarik.
Zaragozako lehortean erreka hutsak lupetz gogortu bilakatuak ziren arren, Goikoiturriko iturburua, agian, inoiz ez agortua, artean ur hoxpil gardenaren emaile oparo izanen ahal zen. Usoak laster iragaitekoak izanen ziren. Pagadiko orbeletan gaindi ibiliz, gaua baino arinago, Bordaxaharrerantz zekusan, amets haietan, bere burua. Amets hutsak: udazkeneko orrien margo askotarikoak ez zituen urte haretan ere ikusiko.
Harik astebetera ez zuen inor ikusi, ez inori entzun, ez inorekin mintzatu ere. Baina, lehenengo egunetan bihotzilik egon izanagatik ere, igandeko mezatara joan zedin atea ireki ziotenean, ez zuen poztu nahi batek ere hartu; lasaitu ederra hartu ez zuela ez dago esaterik, baina isil-isila joan zen.
Aldarea oihal gorri-ori-gorriz apaindua zegoen. Aurreko jarleku nagusietan jeneral bat edo antzeko norbait eseria, aldamenetan dominadun beste gudagizon ugari. Aitarena egin baino lehen Espainiaren ereserkia entzun zen, koruko piano baten soinuaz joa. Egun handia zen, antza, itxura guztien arauera. Geroago jakin zuenez, urriaren hamabigarren eguna zen. Meza inoiz baino luzeagoa. Apaiz eta mezamutilen artean, aldare baranoan, zortzi lagun, gotzaina edo maila bereko jaun bat ororen gidari. Harrigarria zinez, bukaera: eliza barruan, alderetik barla aldera eta gero barla inguru osoan, biribil bezala eginaz, elizgizonak aurretik, urrekarako janzkera hanpurus apain-apainez jantziak, gudanagusien atzetik berrehun bat mutil lerro-lerro, oro batera bezala, oinkadaka bakoitz, zango-izterrak belaunetik gora erakoriz, Jeskukristoren gurutze larri distiratsu bati jarraikizko ibilketa. Gudu-soinuak joz banda zeritzoten musikari taldea, galazko soineko dotorerik ederrenez kriketua, isildu bage zihoan, palio delako baten ostean, lau mutilek eskuz eutsi paliopean Espainiaren ikur handi bat zeramaten bitartean. Bukatzerakoan, barla erdian eraikitako arratzalde antzeko goi-mahai batera igorik, gotzaina edo zenak, hitzaldi sutsu bezain fazakeriaz betea eginaz, heriotza amaiera ez dela adiarazi zien entzule zituen guztiei, eta beti hiltzeko gerturik egon behar dela, Espainiaren eta Jainkoaren alde, bata bestea bage ezin litekeela eta – irautsi ondoan – Gora Espainia! oihu eginaz bukatu zuen; eta lerroak eteteko agindu zuen, jaia ospatzearren.
Bazkaria egun haretan berezia izanen zen. Sukaldean, egun guztietan ohi bezala lanari eragonez mutilak izerditan, su gaineko eltze biribil handiak prestatzen, ogiak zatikatzen, lusagar gorriak zuritzen... Ordu baterako oro atondua behar zuten eta erlojua ez zen gelditzen. Gainera, egun berezi zelako, elizgizonak bazkaritara gonbidatuak ziren eta goiko solairuko beste jatoki tikiagoan gudetxeko nagusiekin janen zuten. Bazkaria ere haientzat berezia. Sukalde ondoko beste sukalde tikiago batean ohi ezeko janari hobea gertutu behar zutelako agindua jasoa zuten. Honetarako, sakaldari bat ekarri zuten, Zaragozako jatetxe on-on batetik, oro behar bezain gozagarri gerta zekiekeen. Arrain-zopa hartuko zuten, aurretik zizka-mizka batzuk ere emango ziztzaizkien, eta legatza lehenengo jakia, bigarrena haragia izango zen, azpizun errea hain zuzen, eta azken jakia, berriz, izozki-pastel zati handi bana. Ardoa Errioxatik ekarririkoa. Kafea eta koñaka bazkalosteko solasaldian hartzeko aukera ere izango zuten, eta nahi zuenak, elizgizonek ez ohi zuten eta, txokorra erretzea ere edukiko zuen.
Sukaldari-buru ziharduenak laguntzaile batzu aldean, eta segoviar mutil matxarra, besteak beste. Haserre zebilen. Besteentzat jai egunaeta berak hantxe lan eta lan egin behar, eta behartuta. Buruzagientzat, gainera, a zelako bazkaria! Berak inoiz ere mustatu ez usaindu ere egin ez zuena bezalakoa. Eta apaizak ere jale, berak sarri zer janik ez zuela eta herrian apaizarengana eske joan eta esku hutsik itzuli beharra. Bere buruaz mintzo eta sius-miuska, inork deusik adituko ote zion ahopeka zerasana. Gixon susmotia zen, izaitez, eta lapurreta bategatik kartzelan hiru ilez egonaren ondorioz kontuz ibilten txarrean ondo ikasia zen.
Halako batez, sukaldean bakarrik geratu zen, besteak, hara edo horra joanak, eta orduan bai, mendekua hartzeko eretia! Aspertuko zitzaien, behigoan, apaizei bezala gudagizon harro zorrotz zital haiei guztiei. Ez zuen astirik huts eginen, ez abagune hura ere. Inork ez zion ikusi, lipar batean, baina harik ez luzarora berak, adiskideen artean, harroxko aitor eta hedatzen zuen, eta barre egiten ere bai, halako egite hagatixe oilar baten antzera.
Iñakik ez zuen inoiz jakin zer gertatuko zitzaion segoviar hari. Baina sarjentu berria hil zeneko albistea laster iritsi zitzaion.
Goizoro legez, gudetxera bidean zetorren, ez, aldiz, ordura arteko simca beltzean, erosi berri zuen morris motako ibilgailu gorri arinago batean baizik. Kalean, hara!, lantegirantz zihoan behargin bat, oinez, espaloi batetik bestera zeharka, eta morrisa ez zen gelditu! Gizona aurretik eroan zuen, talka izugarri batek airean, baloi baten antzo, itzulipurdika erabili ondoan. Lurrera, dzanp, erori zen, harri bat bailitzan. Bertan hil zuen. Beribila gelditu ez eta gidariak, irri-arra baten, eskutokia biratuz alde batera zuzendu nahi ukan zuen. Ez zen bertan trikatu, eta horma gogor bat jo zuen. Zunpa latza egin zuen, ikaragarria. Gidaria morris barruan, kaiolatua bezala geratu zen hilotz. Burua odoletan, aurreko leiarra hautsia, gorputz osoa dangada lazgarri harek dzapart egina.
Goiza artean argitu bagea zen. Epaileak gorpuak jasoteko agindu zuenean, eguerdia ordurako, albistea hiri guztian barreiatua zen.
Beharginak behar ez zuen lekuan zehar egin zuela zioenaren atzetik, gidaria loak hartu zuelako ikusi ez eta gelditzeke porrokatu zuelakoa ere zioten esamesak zebiltzan. Abiadura lar handiz ibili izanaren ondorioa zela esaten zutenak ere ugari.
Iñakiri 'zerbitzua' bukatzeko sei egun zitzaion peitu. Etxera noiz irrikan zegoen. Orduak ere luze. Ohe gainean zetzala, aitonaz oroitu zen, anitzetan bezala. Nola egongo zen hura espetxetik atera edo heriotzara eramanen ote zuten jakin ezinean zegoen une ezinago latz haietan?
"Handik ateratzeko txirrintaz nengoela erraitea ez duk gezurra; eta epaile baten aitzinera eramana izan nintzenean, nolabait, ateratze era bat izan zitekeela uste ukan nian. Zein oker nengoen! Ni zutik eta bekoz beko gixontto merro bat, sudurraren azpian marra beltz bat bezalako ile-xerrenda, une larri haretan izan ez balitz, barregarri zuena; betaurreko biribil beltzek begi babarrunak bezain beltzak estaltzen zizkioten, ezkela zela, nehola ere, ezkutatu nahiaz. Esku-higiera oldarkorra gogoaren barruan odola bor-borka irakinez zuelako zantzu. Hizketan ere, ontsonean ez zegoenaren arin egin beharragatik farfaila zuan; nik erdaraz aise ez ulertzea, gainera. Eta hala mintzo zakarrez:
"Ustéd se sublevó contra Dios y contra España. Se unió a las fuerzas separatistas y comunistas, bajo órdenes del ilegítimo Gobierno de Euzcadi, y combatió al Glorioso Ejército Nacional, durante su avance victorioso en el frente de las Vascongadas. De conformidad con lo dispuesto por la Ley, debo condenarle y le condeno a cadena perpétua, que cumplirá en régimen de prisión en la cárcel de Larrinaga de Bilbao, y si las autoridades lo dispusieran sería trasladado a Batallones de Trabajo".
Arraioa! Nik ez nian txintik atera, ezpainen artetik hasperen bat bertzerik. Ez ninditean hilko, behinik behin; eta lurpetik ateratu ezin den eran, espetxetik, noizbait, jalgi ahal izanen ninduan. Bizialdi osoko itxia luze bai luze, ordea! Eta, hara, nik ' sublebatu' edo halako zerbait egin nuelako! Zer arraio ote zen, bada hura? Eta noren 'kontra' eta Jainkoaren! Arraioak ez bazuen! Jaungoiko oroahalduna, zeruetan dagoena, mundua eta unibertso osoa bera egin zuena... eta ni nerau, eketa hau, Hari aitzi egitera jaikia!. Espainia, berriz, zer zen? Gu hemen, etxen, geurean lasai bizi gintuan, Gorostitzagoikotik Bordaxaharrera eta, zaharo bat eskuan, ardien atzetik beti. Zer gehiago behar genuen guk, bada, ongi bizitzeko? Uda beteko beroan Goikoiturrin hurrupada bat ur hoxpil; arratsaldeko ordu geldietan pago baten itzalpean ortzi urdinari begira; goseak jo eta eltzeko babarrunetik txalin betea urdaileratuz asetzen gintuan, urdai xati bat edukiz gero gu errege baten mailako bazkaria edo aiharia eginda ez gintuan urrikalgarri.
Espainia zer zen, bada? Ni behin Sarara joana ninduan, behor batzuk saltzeko asmoz, eta etxean atzeman ez nindutelako gaitz erdi, zeren, herriko bertze laur adiskide, orduan 18 urteko, Larrarteko seme bat bertzeak bertze, harrapa eta Afrika zeritzonera eraman baitzituzten, Espainia han zegoela eta. Haietako bakar bat ere ez zuan itzuli. Larrarte mairuek lepoa mozturik hil omen zuan, orduko zurrumurruak zioenez, Etxebeste bonba batez leherturik, eta bertze bien berririk ez zuan jaso nehoiz ere. Iriarte, ni orduan bezala, Iruñera baino beherago nehoiz joan bagea zuan, nahiz eta mendian zehar gau-lanetan hura bezain zalu gutti izan. Behin, herriko plazatik Donibane Garaziraino hamar bat orduz egin omen zian, gau betean gehienik, giriseilu bat ezkerrean makila eskuinean, xaldiko batzuk eroanez. Afrikan ere hura ez zuan geldi egonen. Harginena mutil isila zuan, ehiztari amorratua, jaten hasi baikoz idia apoa eta guzti janen zukeena. Gure egunetan, gazte gu ere, bortzok gintuan beti lehenak mutil-dantzan hasterakoan. Urteak joan dituk, bai, baina haiek ez zitian adinak eraman, Espainiak eraman zitian betiko.
Atzera Bilbora, beraz! Larrinagako kartzela handira ni. Ez nian makala, ez, geroaldia. Ez diat uste nehon kartzela politik dagoenik, eta harako hura ez zuan bertzeez bertzelakoa: hainbat leiho bai baina oro burdin-hagaz langaturik, inguru osoa burdin-sare gora batez hesiturik, hormigoi gotorrezko horma sendoz eraikitako hiletxea zuan hura; margoz egoeraz bezain iluna, hitsa. Zenbat lagun ote zegoen han barru itxi haretan metaturik? Batek zakik! Ni sarrrarazi ninduten gelan, metro karratuko, bat eta erdi, gutienez. Lo egiteko ohe antzeko batzuk, bata bertzearen gainean sabairaino, eta garbitzeko zein bertzerik egiteko iturri ondoan zuloa. Hantxe bizi beharra!Hantxe hil arte bizi beharko!
Gauak egunak bezain luzeak. Argi-txirrintta ikustean pozarren jaikitzen gintuan, bertze egun bat hoboro genian eta. Bertze bat eta bertze bat eta oro berdin; goizetik arratsera bitartean zein gauerik goizera bitartean antzekoak egun-gau guztiak.
Ateko leihatila irekitzean, egunean behin, jateko zen zerbait ekartzen zigutean, lapiko bete babarrun, zuri nahiz beltz, gehienetan, urdai zati batzuk eta guzti. Edateko ura baizik ez, noski. Urdailaren betegarri ere ona ura. Igande edo santu-eguzari zela jaten emaiten ziguten salda erpilagatik genekian: txitxirio salda, ziriolekin, haragi puxka banaka batzuk zeduzkana. Nehoizko oturuntzarik onena haxe! Atea irekitzean, berriz, ez zuan beti hats onik sartzen. Ilunabarrean, behinik behin, ez zuan ohikoa atearen irekitzea; sarrrailaren hotsa entzutean, horregatik, bihotza borborka hasten zitzaiguan, zer edo zer gerta zitekean, nehor lo bazen berehala itzarri, eta norbaiten izena entzun orduko oro zutik.
- "Va a ser ustéd liberado. Recoja sus cosas y sígame" – erraiten zioan kartzelazainak, eta gu ginen guztiok pozez gainezka.
Il batzuk joan zituan, bai, gu haretaz guztiaz, zertu, ohartu eta jakitun izan ginen arte.
Barru-barruan itxiak izan arren, txoriren bat edo bazebilan guri kanpotiko berririk ekarri ohi ziguna. Hala jakin genian, jakin, askatu zituzten batzuk, halako giza-piztia zitalen eskuz hilak izan zirena. Gure gelakide gintuen Agerreta halako batean erho zitean, odol hotzean, hilerri ondoko horma baten alboan hiru tiroz. Gorpua han bertan ehortzi eta kito. Halako piztitzarrak alaenak! Etoikeria haiek guztiak beti gogoan bizi gintuan; hura bizi izaitea baldin bazen, egunetik egunera hiltzea baino ez baitzen gure biziera etsigarri hura.
Nehoiz beldurra zer zen ikasi banuen orduan ikasi nian. Ate hots xoil batek gorputz osoa ikaran jarrarazten zidaan, bihotza soinetik irten nahian bezala taupadaka, zango biak dardarka gela osoa ikaran hasten zitzaidan eran".
Noizbait hura gibelean utzi zuen, ez nahi bezain goizik, eta, urrunean mendi bat ere begiztatu ez zuen arren, etxea asago irudika zitzaion. Etxe zuri zabala, harantto antzeko arro ttiki baten barruan, larre hezeez inguratu eta babestu antzean. Eguzkiari begira eraikia, gibel aldeko goialdean muino bat zaintzaile itxura eginaz laso iparrari hesia du; atzerago, urrunxko, goititzenago den tontorneguan elurtsua ohi denak haize hotza igorten dionari aur egiten baitio. Muinoaren gain-gainean harizti sarri bezain bere zabalean ttikia, udaren azkenean orri-orbelez nabartua ikusi uste zuen, magaletako larre heze belartsu haien gaineko zapel baten antzera. Etxe aitzineko larrainetik goiti doan estarte harritsuan zehar, elizarantz, ama urrats sendoka herrira bidean doala zekusan, itzarri dagoenaren amets gozoa bailitzan, muinoaz haraindiko beste aldean behera oren batez herrigunera iristeko zalu-zalu baitoa eskuan makila daroala.
Etxearen goialdean balkoi luzean aulkia ipini eta eseririk aitona, inora joan ezinik aspaldi, begiak urrunerantz, zerbaiten edo norbaiten zain bailegoan, nahiz eta, orduan il batzuk baziren, izan, aitona betiko joan zela, bidetik Herioa haren bila etorri eta zortzi egunera, ohean gaisorik bizitza osoan etzanda egoniko aldirik luzeenaz gero, mundUtik eroana izan. Muinoaren altzoan, magal zabalean larreak zapalda batzuetan zatikatuak, sailez sail bata bestearen gainean bezala, munarik muna mendeetan eraikiak izan zirelako egiturak irudi.
Goikosoro, Errekabazter, Zelailuze, Goikoxelai, Larreguren... Errekasto ondoko uhalde itzaltsuan ardiak abaroan, eguzkia kinkan gorri, negua noiz itzuliko begira bezala. Laster zen, ametsetan bezain arin, Bordaxaharren.
Bordaxahar apurtua aurkitu zuenean min-mindua geratu zen. Aspaldi hutsik eta utzia zegoen, ama haraino igaiterik ez eta atea giltzarrapoz itxia. Negu gorriaz gero, urtero, udaberria iritsi aurretik, ardiak eroan aintzin, beti igo ohi zen, nola zegoen eta ikustearren, elurrak hegatza inoiz edo behin zanpa eta lur jo eragina izan baitzen.
Gorrotxaren gurasoak, seme-alabekin, bertan bizitzen egon ziren urte bi eta erdi haretan sabaia berritu zuten eta, elurtza handia izanagatik ere, ez zen erraza goitik behera erortzea.
Txabolara heldu baino ehun bat metro lehenagotik ikusi zuen. Atea erroetarik erauzia zegoen. Norbaitek giltzarrapoa kraskatua, eta inguruan, lurrean hondakinen antzera barreiaturik, tresna batzuk han-hor-hemen, burdinazko katiluak zulo bina edo hiruna eginak, ura hartzeko txongila tiki-tiki egina, murko bat ere honelaxe... Barrura sartu ez sartu gelditu zen. Hura guztia zer ote zergatik ote jakin ezin eta jakin nahian. Harri eta zur, inoiz gertatu ez zena gertaturik. Barruratu zen. Ohe ziren ohantze zahar zurezkoak zeharo apur-apur eginak ziren. Ohol guztiak, aizkoraz edo antzeko zerbaitez zatikatuak bezala. Apalak hormatik erauziak, eta bertan zegozen gauza guztiak lurrean, haize-erauntsi egundainokorik gogorrena han barruan jo eta jo ibili izan bailitzan. Su-tokia abarrikatua zen, Ezin zuen ulertu. Zergatik hura? Nork egin ote zezakeen halako triskantza? Atsebage handiak jorik, etxera itzultzea besterik ez zitzaion otu.
Amari ez zion ezer esango.
Gorrotxa hil zuten aste haretako sorberia hedatu ahala, oro ilunago zeritzon. Batzuek Paco Gonzálezen izena irrati batean entzuna izan zela zioten bitartean, beste batzuek ez zuten sinesten ahal Iñigoren salakuntzaz hil zutenik. Carlos, alkate ohia, berriz, aspaldi, burutik egintxea zegoela zioten esamesak gero eta ugariagoak. Iñakik ez zion inori Bordaxaharren gertaturikoa azaldu. Ez zuen uste inolako zerikusirik zukeenik; baina osabaz zer esaten zen jakitun zenean, behiala laguntza eske etxera etorri zitzaiena gogora ekarri zuen.
- Lagun eske hatorkita? Etxe honetara? Etxe honetakoxe jauna Juan Bautista Goikoetxea Agorreta zuan, edo harek nahi zuen eran, Goikoetxea eta Agorreta'tar Jon Ugutz; zazpi urtebete eta hoboro espetxean egon zena, edo eduki zutena, xuxen azaltzeko. Zerengatik? Herria maite zuelako. Harek ez zian bertze gaitzik, ez bertze errurik ez hogenik. "Aberria" erraiten zian eta aberria zian maite, oroz gain.
Eta hil zen arte maite ukan zian – egotzi zion begitartera amak, aitona espetxean eman zituen urteak gogoraraziz. Aitona bizirik jalgi bazen ere, zazpi urtebete eta geroago, zutik ibili ezinean zebilen, eskuko makila beti lagun. Eta lehenago irten behar zuen.
- Aha, baina, gure herriko alkate jauna, neure neba bera, beti burua goi, harro eta putz beti, ez amoŕ eman nahi, ez erruki ez barka.
Aitona aterarazi ahal baina ez, ez zian nahi ukan. Barruan gura zian. "Peligroso separatista. Se cambió el nombre de Juan Bautista por el nuevo de Jon Ugutz, nunca antes oído en esta tierra. Sacó una bandera roja, blanca y verde en las fiestas del pueblo. No se ha arrepentido" idatzi zian ene neba alkate jaunak udaltxetik igorritako txostenean – gehitu zion, hitzetik hortzea, maiz buruan erabili esaera zehatza.
- Utz dezagun hori – Carlos alkate izandakoak zakarto eten zion arrebari esaldia. Hire semeak ez nain begirunez hartu, hor bidean goiti ikusi nauenean. Ni ez naun neure gogoz etorri zuengana; larriak ekarri nain.
- Zer duk horren larri? Dirurik bage geratu haiza? – Margarik zorrotz antxean.
- Ez horixe. Mehatxupean bizi naun. Hauxe larria. Nik herriaren alde egindakoa egina, eta orai biziaren truke dirua eman behar dudala eta zemaika neroni, eta nondik datorren ere jakin ez! – Carlos hizketan inoiz baino motelago, urduri.
- Hik herriaren alde egin ote duk? Noizdanik? Hik heure burua baizik ez duk maite eta!...
- Hago isilik, mihiluze hori! – nebak haserre. Zer nahi dun, nik hil nazatela nahi duna? Hemen behar dinat neure burua babestu. Ez naun luzaz egonen; 'guardia civilek' hau guzti hau bazakiten eta laster harrapatuko dinate niri xantaia egiten didana, nor nahi den ere.
Gerta bitartean, non hemen baino hobeki. Nehork ez din uste ukanen ni hemen nagoenik. Xantaiginek bazakiten, eiki, etxe honetan hainbat laguni urgatzi izan zaiola, baina nire susmorik ez dinate ukanen. Sarri, etsaien artean babesik hoberena.
- Etsaiak gu gaituk, noski – amak gehitu zion, pindartua, begietarik txinpart aurtikika legez.
- Ez dinat hori erran. Astebetez hemen ezkutaturik, eta gaizkilea atzeman dezatenean neurera itzuliko naun. Hemengo aldia ongi ordainduko dinat.
- Ordaindu! Hik beti oro diruz heindu duk, dena sosez neurtzen duk. Hemen askori lagundu zioagu, bai, eta ez inoiz diruaren truke.
Aittonak esaten zuena: "Jaungoikoagatik ez bada, Aberriagatik izan dadila, baina euskaldunak euskaldunari lagun egin behar dio ".
Ijitoak ere hemen beti ongi hartuak izan dituk. Gudate handian judu batzuk horko gela horretan lo eginda joan zituan hemendik alde, alemaniarren atzaparrei ihesean. Guk errukia zer den bazakiagu, beste zeinbaitek ez bezala.
- Hire semeak nahi ez badu, zer? – Iñakiren osabak, elkarren arteko solasaldi laburra bezain kirri-mirritsua gomutan.
- Etxe honetan Jaungoikoa duk nagusi – erantzun zion arreba zuen Iñakiren amak.
Astea luzatu zen; hiru aste eman zuen Gorostitzagoikoan. Inoren ez ezeren berririk ez zuen jaso. Xantaia egilea ez zuten atzeman.
Bizkitartean, dirua eskatzen zitzaion beste eskutitzik ere ez zen iritsi. Egun argiz etxe barruan; gaua heltzean ortu ondoko bazter batean eserita, arnasa pixka bat hartzen zuen, inoren ikusterrean ez zegoelarik. Aspaldian etxera eskean jin ohi ziren behartsu edo txiroentzako gela txukunean egiten zuen lo; eta ia egun osoan, leihatila batetik sartu argi izpi batez lagundurik, zerbait-norbait urrunean begiztatu nahian landari so. Kanpoan inoren hotsa edo zaratattoa entzuteaz bat, ea nor ote, ea zer aditu, beti beldurrak airean.
Herriko inork ez zekien non zegoen. Herritik alde eginda zegoena hedatuz joan zen. Semea Iruñetik itzuli zen egun berean, non ostendurik zegoen jakinik, etorri zitzaion. Izebaren etxerako sarrera ona zuen, betidanik, eta deitu bagerik sartu zen, eta sukaldera zuzen, eta izeba Margarik berehala aita zegoen gela esku-imintzio batez adiarazi zion.
Aita-semeak elkarri begiratu eta agur hotz bat elkarri. Gela barruan luzaro egon ziren.
- Ordaindu beharko, aita – esan zion Iñigok. Bertze erarik ez duzu; horiek ez dabiltza txantxetan.
- Ez zadukaat hainbertze dirurik, seme; ez, behintzat, esku-dirutan – aita urduri zegoen.
- Bada, pagadia saldu beharko duzu, dirutu behar duzu, lehen bai lehen.
- Zein pagadi diok, seme? Behigorku? Ez eta hurrik eman ere.
- Beharko, aita, beharko; bertzela hil eginen zaituzte; horiek honetarako gai dira – semeak atzera – ; dirutza batuko duzu, eta gero, nahi izanez gero, pinuak landa ditzakezu, pagoak baino arinago hazten direnez, hogei bat urteren buruan, berriro dirutu ahal izanen duzu eta.
- Dirua oraitxe behar diat. Hik dioan hori guzti hori egiteko beta behar duk, hori ez duk goizetik gauera egiten. Gainera, premia gorrian gaudela jakin balezate ez liguketek erdia ere emanen, galdu-gordean saldu behar genikek. Eta saltzen duenak galtzen dik – aitaren esaldi urduria.- Zuk eta biok dakigu, ez bertzek.
- Zuk eta biok? Eta eskutitza idatzi dutenek, eta berauen aialdeko batzuek ere bai, ziur aski, eta herriko batek baino gehiagok dakiela eginen nikek – aitaren izua agerian.
- Zuk egizu nik diotzudana – semeak esan orduko, aitak ihardetsi zion:
- Hi, aiko, hemen nik agintzen diat. Zer duk hizketa hori aitari?
- Nahi duzun bezala, baina ordaintzen ez baduzu zuretzat kalte – hau esanik semea logelatik atera zen.
Iñaki hartu nahi zuen bitartekari. Ez zen erraza, baina, elkarren artekoa. Pagadia saldu nahi zuela jakin eragin zionean, ez zuen ondo hartu ilobak.
Pago lerden urtetsu ugariko baso zabala zen, mendi hegalaren barrenean nabaxka batean hedatzen zena. Itzaltsu zen, heze zen, eguzki-begi ttiki batzuk han-hor-hemen; orbela zeharo ihaurria eta lurraren estalgarri; harkaitz urdin goroldiotsu batzuk landatuak bezala, eta haien artean ibiltari ziren piztiek-eta hatzez marrazturiko inda beltzak; udazkeneko azken orriak ori-gorritzen hastean zuen maiteena Iñakik. Basurdeak ere orduan ikus-ehiago.
- Zer nahi duzu, osaba, nik zure garatzetan sartzea edo? – Iñakik gogoan-beharrez.
- Garatza! Hau ez duk garatza. Pagadia saldu beharra diat, bertzerik ez. Dirua eskuetan behar diat, lehen baino lehen – Carlosek haserretu nahi ez, baina haserretzen hasia.
- Guk etxen hartu zaitugu, baina ez dugu bertzerik jakin nahi. Negozio beltzen batean ari bazara hor konpon. Har ezazu semea lagun – Iñakik.
- Semeak pinuak landatu nahi ditik.
- Aha, seme hori aitaren ondoreango ona, haritza ezpaletik; eta pinua pinu eta dirua diru. Horrek seme horrek zu ere salduko zintuzke, zuk zerorrek eginen zenukeen antzera, beti, noski, diru truke.
- Hago isilik, aholarri hori! – osabak sumin-sumin eginda.
- Et, aginduak hemen zuk ez, ehe! Geurean zagoz eta!. Nola jabetu zinen, bada, Behigorkuz, aha? Orok dakigu.
- Hori orai ez duk zertan gogoratu; egindakoa eginda zagok eta ez zagok atzerakorik. Hau ondo eta ni onik gertatuz gero, hiri zati bat emanen diat – osaba baretu nahiz hasia zela.
- Nik zure dirutik ez dut zatirik ez apurrik nahi – ihardetsi zion Iñakik bertan.
- Aiko, entzuidak: nire bizia zagok hemen kolokan; ez duk diru konturik; arren, bada, arren, lagundu egin behar didak – osabak urduri baino urduriago Iñakiri.
- Aittonaren bizia ere kolokan zegoen, eta zuk zer egin zenuen? – Iñakik bukatu aurrez...
- Egia duk, aitor diat; damu diat damu; baina hori aspaldi izan zuan, hori ez zagok orai konpontzerik.
- Hemen dena da aaaspaldi, atzo ere aaaspaldi da, baina, aldi berean, lehena orainaldi, zeren, aspaldiko lehen haretan hildako batzuk orai agertzen hasi baitira; eta lehengo gerrak eta oraingo herrak berdintsu – Iñaki, hitz guttikoa izanagatik ere, isildu nahi ezean.
- Hirekin ez zagok atarramendu onik! Aitonaren etorkikoa haiz: temati hutsa, burua harria baino gogorragoa – Carlosek gehiago ere aurpegiratu nahi ukanen zion, honela ere isildu egin zen. Bere baitan, susmorik ez, baina txantaia egiten ziona Iñaki izan ote zitekeen ez ote, zalantza larriz joa zen.
- Bai, horixe, alkate jaun txit goren hori: ni nerau aitonaren etorki ber-berekoa nauzu, zeharo! Eta harro nago. Harek gudua galdu zuen; zuk, berriz, bakea galdu duzu – Iñakik osabari eruntsiz, ekaitz baten burrunba hotsean bezala.
Isildu zen. Ez zion deus ihardetsi. Lehenbiziko aldiz, bizialdi osoan, aspaldi herriko nagusi larderiatsu menderagaitza zen Carlos Maria de Chapartégui, makur-makur eginda, garaitia emanik erauki esan behar gorrian bere burua okatua sumatu zuen.
Luze iraunen zuen eztabaida amak eten zuen. Bazekien halako ika-mika haietarean ezer onik ateratu ohi ez zela. Neba ongi ezaguna zuen, bestalde, eta bazekien ez zuela inoiz egiazko damurik izan, eta odol berokoa izanik, aukera izanez gero, berriz ere berdin eginen zuela, gaztetako indarrak aspaldi joanak bazituen ere.
Ez ahal da atzera etorriko, agian – amak bere gogoaren barrenean zerabilen gardia – garai haietako elkarren ezin-ikusi lazgarri hura, bestela herriko bat baino gehiago hilko lukete orduan hainbat lagun hil zuten berberek edo ondoreangoek. Eta amak ez zuen Iñaki aitonaren bidetik joan zedin nahi. Urte latzak izan ziren orduko haiek aitonarentzat ez ezik senide guztientzat ere bai, zeren, etxean ekoizten zuten gehiena kentzen baitzieten; eta lanik asko eginda ere, zer janik ez nahikoa ororentzat, eta sarri gosea atean, otsoa neguan bezala. Urte luzeetan, ukuiluko behiak ere bahiturik zeduzkaten; batutako esnerik gehiena udaletxera eraman behar zuten, musu truk, eta norentzat zen ez da esan beharrik. Lauorrian bizitzea zer zen orduan zuten, hango bazter guztietako etxerik gehienetan jakin, beldurrak beti airean, egun argiz bazen areago zen gau ilunean. Gainera, hegoa sapatsu zebilenean, esaera zen, egia ez bazen ere, kiratsa zeriola esaten zuen zurrumurrua hedatu zen. Haritzeiharretan, batik bat, sarraski-sunda nardagarria omen zerabilen, haizeak hara-hona, eta, leze-zulo sakonetik jalgitzen zelako susmoa guztiz barreiatua zen. Beredin urte zen, ordurako, herriko sendagile gazte Luis zena betiko suntsitua izan zela, eta inon ere aztarrenik agertu ez.
Amak ondo ezaguna zuen. Umetatik zen kaskagogorra Carlos, neba. Behin, auzoko mutilkoak jolasean ari zirela – kukuka egiten zuten ilunabarretan, udako gau epeletan batik bat, eta lagun bat, "kiriketan koroketan, eperra xokoetan, aingura konketan, bazarete?" esandakoan, beste adiskideen bila hasten zen; han-hor-hemen ostenduta egonik, nork edo nork kui esan ohi zuen, eta bilatzailea hara, eta beste alde batetik kui eta beste aldera bilatzera... eta batto edirenik eskuz ukitu behar zuen, eta hau galtzaile; eta hurrengo saioan berau bilatzaile izango zen, eta hala nekatu arte, edo amak etxeko leihotik etxerako dei egiten zien arte, lo egiteko ordua zela eta – Carlos horma baten ondoan lurrean etzanda ostendu zen; ez zen erraza izanen han kausitua. Bilatzailea hara begira horra begira zebilen, kui batean eta kui bestean, eta inor ediren ez. Une batez, pixagaletu eta horma baten ondora; gernu-txorrota albait urrunenera isuri nahian behar bezala zuzendu zuen zera, eta iturri baten antzera, xurruxta egin, eta gero jolasera bihurtu zen. Gau betea, izarren argirik ere ez, eta itzal bat ikustea ezinezkoa bazen ere, hara! auzoko Antontto ediren zuen, uki egin zion eta pozik. Baina, han agertu zen Carlos sumin-sumin egina, bilatzailea ukabilka zapuztu behar zuela. Zer zela eta? Aha! Gaixo bilatzaile pix egin ziona! Ez zuen ikusi ere egin eta Carlos busti-busti egin zuen, nahi bagerik noski! Carlos, ostera, nahita egin zuelakoan, haserre bai baina isilik eta geldi jokoa ez zuen galdu nahi eta. Xurruxta jasan bitartean ez zuen zirkinik ere egin, ez txintik esan ere, jolasean galtzaile ez izaitearren, jakina! Gernuz blai geratu zen arren bera edirena ez izan nahi. Gau haretan auzoko Battitta muturra handitua oheratu zen, Carlosek ukabilez kazka gogorra baitzuen.
Neba ondo ezaguna zuen Margarik. Bazekien inoiz ere garbaia zer zen ikasitakoa ez zela. Eta gudua irabaziz gero zer damurik ez, noski. Galtzaileekin ez zuen harremanik nahi. Semeari ere hala irakatsi zion: "Aberatsen ondotik zerbait eskuratu ahal duk, behartsuagandik, ordea, beharra baino ez".
Alkate zela – berak bere buruari sarri 'caudillo' esaten zion, auzapez izanki – herriko esamesak zerasanez, ilean behin-edo Burgos aldera egin ohi zuen, norbaitekin jardutearren, eta, hala, negozio batzuetan sartuta omen zegoen.
Zezenetara urtero joaiten zen, Burgos hiri nagusiko plaza handira; azken beribil beltza erosi zuenetik Bilbokora ere bai. Itzalaldeko txartela erosten zuen; jarri ere, alde haretan probintzia osoko agintari nahiz handiki ugari jarten zen eta haien aldamenean jarri nahi.
Hango giro dotorea maite zuen, bera basotar jatorriko zorribiztua agertuagatik. Txapeldun ikusten zutelako edo, plazara sartzen zirengehienek gora-behera so egiten zioten, batek edo batek irriñoa ezpainetan, eta buru-imintzio batez agur egiten ziotela irudi zuen.
Bakarrik ohituta, herriko adiskideekin ez zuen, antza, inora nahi. Plazako hainbat gizon-emakumezko apaineder haien artean eroso, nonbait, bera ororen ikusgarri. Halakoetan, gainera, gudu-dominak paparrean esekita agertu ohi zen. Ez zion oso polit erizten baina, azken urte haietan, ezpain gaineko ile-lerroa hazi zuen. Bibotea garai haretan gizonezko gazteetan puri-purian erakusten zen.
Zezen-plazako harmailetan, emazteki lakrikun askoz gain, gehienak gudagizonak ziren.
Urte bateko igande arratsaldean, bostetan ohi legez, eguzkia kinkan ororen kiskalgarri. Bandak musika goratuz ereserkia jo zuen.
Plazako goialdean zegoen palko nagusian bibotedun gizon txikir bat agertu zen, zutik eskuineko besoa goi-aurrera luzaturik, eta plaza osoko ikusle guzti-guztiak berehala zutitu ziren, besoak luze, buruak goi, begitarte beltzuntze, eta hura gizon txikir hura eseri zenean han ziren guzti-guztiak txaloka hasi ziren hari begira, eseri aurrez. Carlos ere zutitu zen, eta txalo egin zion. Ez zen hura berak nahi zuen erregea, baina erregea itzuli arte hura zen buru eta jaun eta jabe; hari egin behar zitzaion men. Guduaren garailaria zuen eta gur egin behar zion. Hura eseri eta berehala, lehenengo zezenak irten zezan, hasi ziren bandakoak soinua jaiten.
Zezena bakatik biribilbarrura zenean, izu betean hasi zen, inguru-minguru, ihes egiteko atakaren baten bila bezala. Padar batetik ikusle zegoen toreatzaileak axaxa egin zion, kapa gorri-oriaz, eta zezena berehala, sudur-zulo bietatik ziztuka, burrustu zitzaion, indarka, adarrez oholari aitzi talkada gogorra eginaz. Burua zoratu balitzaion eran, jaurt eta jaurt, inguru guztiko ohol guztiak erauzi beharrez erasoka zeragoion, beste alde batetik hots egin zioten arte. Zaldi mandotzar bat agertu zen, ate zabala une batez irekirik, eta zezenak ikusi zueneko esetsi egin zion, egundainoko jokada ikaragarriz. Zaldia larru lodiko mihise handi baten antzeko babesak estalia zuen, eta adarrek ez zuten zulatu. Indar larriz eraso ziolako, baina, zalditzarra aldaroka hasi zen, eta lurrera hankaz gora erori. Une honentatxe zezenak, amorruaren amorruz, adarka egin zion, eta sabel azpitik odol-zurrusta mardula isuriz zaldia, bertatik bertara bezala, hondarrean hil-zorian, azken hatsak burua goiti nahian egotzika-egotzika, bizia istil gorri likits batean ihaurriz ito zen.
Zaldiaren gaineko itzeragaile gizenkote apaindua azpian ia zanpatua zetzan, jaiki ezinik eta larri, zezenaren eraso izugarri hak sarrakioa bihotzeraino sartua. Plazako ikusle gehienak zutituak ziren eta garrasika, zezenari erhaile sumin izan nahi hura gaiztoetsiz.
Aharra betean ikusleak oro, besoak goraka, iroi eta oihu batean. Zanpatutako gizonak, ahalak eginaz, zaldiaren azpitik erauzi zutenean, babestokira hanka egin zuen, herrenka, eskuan aztamakila iltze zorrotzeko tiniduna zeramala. Esku-zarta zaparrada bat entzun zen plaza betean. Zezena, hildako zalditik beste aldera joanarazia, bare xamartua zirudien arren, barru biribil haretatik ihes egiteko zirrikituren baten bila eta bila zebilen, artean. Zaldi hila narraz atera zuten, atalde nagusitik lekora, zezen sepatsua beste aldean, adigeturik, kapa gorriez plaza-mutilek zerabilteino. Marmarra ez zen isildu. Harrizko mailetan eserita zegozen emaztekiak, batik bat, izu lauorrian, ikusitako sarraskia begietatik edeki ezinik. Txuliatu behar zuen zezenkaria biribil erdira joan zen, ezkerreko besoan kapa gorri tolestua eta ezpata, eskuineko eskuan txanoa. Hauxe eskuan, besoa gora eta, erdi-erdian zut, inguru guztiko ikusle orori eskainka bezala, bere gorputza kiribilduz biratu zen, eta, bira osoa egina, txanoa aireari aurtiki zion. Lurrera behekoz goiti erori zen. Txaloak burrunba laso hedatu ziren; kapaduna ortziari begira, lepoa luze, begitarte beltzuri, bere burua erakusten ari zen bitartean. Carlos liluratua zegoen hain ospe handiko gizon kinkili haren itxura segaila goialdeko harmaila urrunetik ikusirik. Eta minutu batzuk gerottoago hila izan zitekeena gogora zitzaion. Kapa zabaldu zueneko, zezen beltza begira jarri zen, susmoti, zer eginen hausnarrean bezala. Azterka hasi zen, sudurra lurrari uki, eta bat-batean, gibeletik akuilu-eztenak jo antzo, jaurt egin zuen. Kapa gorria eskuma aldetik zabaldu zion. Zezenak izterren ondo-ondotik, irristadan, adarrak aurretik eraso zion. Kapa buru gainean zehar irago zen, bizkarralde osoan, buztaneraino. Piztiak burua zeihartu zuen, eskumaldera adar bat okerrarazi, eta gizonaren belaunpean jokada gogorraz, airean gora irauli zuen. Mutil laguntzaileak berehala ohartu ziren eta, egoera larriaz jabeturik, urgatzi egitera jo zuten, ahalik lasterren. Kapa biez zezena txuliatzen hasi ziren, lurrean oinazetan buruz behera zetzan zaurituagandik aldenarazi nahi eta beharraz.
Zezenak nora jo ez zekiela zebilen arren, oihatuki eraso eta eraso zeragoien. Garrasi lazgarriak entzuten ziren, burrunba betean, harrizko mailetan zutitu ziren ikusle guztiengandik. Zauritua hiru mutilen besoetan eraman zuten. Konorterik bage. Odolik ez zerion.
Lurrean jo zuen kaldu gogorrak kordegetu zuen. Hila zirudien; Carlosek, behintzat, hala eritzi zion. Ikusle batzuk lekuak husten hasi ziren, nazka eginda edo. Zezena, berriz, oholen ondoko bazterrean urduri, ahorean bitsa, etsaien artean harrapatua legokeen piztia izu baten antzera, bere burua hil arte zaintzeko gerturik. Zezenketako buru zen 'caudillo' ha palkoan zutik. Jendea, zapi zuriak eskuetan erabilkatuz, zezenari bizia barkatzeko eskatzen hasi zen. Agintari nagusiak uko egin zuen. Beste txuliatzaile gazte bat agertu zen, ordezko, zezena hil beharko zuena. Kapaz hasi zen. Batera eta bestera zezena, jaitera egitean, ibilarazten zuen, aurrez aur batean, biribilean gero, zezenari bizkarrez jarrita bestean. Musika-taldeak turutaz hots zoli bat egitean aldendu zen, ziria jostera jiniko bi mutilei leku egitearren. Lehenak esku biez josi zizkion, idunetik hur; bigarrenak esku bakarraz biak josteko teke-meke hasi, eta zezenaren suminak izutua, iskin egin zuen eta alde. Ikusleen marmarra berehala zabaldu zen eta txistu hots ugari entzun ziren.
Bigarrenez ekin zitzaion eta orduan, bai, bi ziriak batera josi zizkion, bizkar zelai nabarrean paper gorri-ori-gorrizko estalkia zuten makilatto eztendunak dilindan geratuz. Zezenak, minaren minez, triskan eta gainetik ezin kenduz batera eta bestera, nora ez jakinki, ziharduen. Hiltzeko unea laster zuen. Harmailetan isilaldi luzea egin zen. Toreatzaileak kapa gorriarekin batera ezpata zorrotza eskuetan zerabilen. Abere amorratua orroka eta marroka, ahotik habuina zeriola. Gelditu zen. Aurrez aur bata eta bestea, elkarri begira. Ezpata begien aitzinetik aurrera luzatu zuen, eskuineko besoaz, eta, belauna pitin bat higitu ondoan dzast!, zezenaren gainera jaurt eta josi egin zion. Bete-beterik, zen bestean eta eskutokiraino sartu zion, sastada batez, bizkarraldeko haragi xamurrean barrena.
Zezenak adarka egin zion, erasokor, bere burua zaindu beharraz, baina ez zuen jo. Berehalako baten, odola bor-borka hasi zitzaion isurtzen bizkarretik behera, tanta mardulak lurrera eroriz. Halda-maldaka hasi zen, erori ez erori, oinaze lazgarriak erakusten zitueino.
Hanka batek oker egin zuen, kordoka, eta danba batez gorputz gizen hura hondarraren gainera erori zen. Ez zen guztiz hila. Azken totxada egin behar zion. Puntzeta zorrotza eskuan, dzast!, garondoan josi zion eta bertan hil zuen. Jendearen txalo egin beharra! Plaza zantzoz bete zen. Lehengo zapi zuri ugariak ugariago airean. Txuliatu eta hil zuen mutil harentzat bi belarriak eta buztana sari eske.
Zezena herrestan eroan zuten, lurrean odol-lorratz gorri batez bidea marraztuz. Ikusle guztiak zutik esku-zartaka, ikusitakoa ikusita pozarren. Amaiera bikaina zela zen ororen iruzkina. Carlos, txokorrari azken xurgadak eginda, plazatik jalgi zen.
Bere burua beti 'tradizionalista' agerrarazten zuen, txapel gorria aspaldi haretan beltz bilakatu bazuen ere. Hizketan motel xamarra zelako ez zen jendaurrean sarri mintzatu-zale baina, hasiz gero, Jaungoikoa eta Lege Zaharrak beti mingainean. "Nosotros siempre hemos estado con Dios y por eso Dios nos dió los Fueros desde siempre. Y hay que defender a Dios y nuestro Fueros y subir a Montejurra" esaten zien urtero herriko lagunei, udaletxeko areto nagusian zutik.
Azken urteetan, aldiz, ez ziren heuragi herritik Jurramendira igaiten ziren gazteak, urtetik urtera gutiago, eta alkatea ez zen pozez.
Beste batzuk, zahartu ahala, aspaldi utzita zegozen; Oihangurengo gizona, esaterako, zuela bi-hiru urte igaiteke zegoen, eta ez zen hoborotan igoko hain maite ukan zuen mendi sasitsu haretara; ez, ezin zuelako, hain zuzen, nahi ez zuelako baizik, aspaldi handixkoan etsia, nonbait. Hala adiarazi omen zion Carlosi elkarrekin egon ziren batean, eta harez geroztik haien artekoa zeharo mindu zen, imakikan biak ala biak.
- Ez genian gudua irabazi honetarako – egotzi zion bekoz beko Migelttok.
- Gorriak zangopean jarri genitian, behintzat; hauxe asko eta aski – ihardetsi Carlosek.
- Gorriak etxean ditiagu, orai! Hainbat oinaze eta min, hainbat hil eta deusetarako ez! – Oihangurengoak haserre.
- Deusetarako, deusetarako... Jaungoikoa, behintzat, nagusi diagu oraino... eta hemengo foruak bizirik... eta – alkateak.
- Jainkoa? Elizan apeza eta emakumezko xahar batzuk baizik ez. Jaungoikoak ez dik gure laguntzaren beharrik, lehen ere ez zian, bainagu gudura eraman gintiztean, haren alde gure anaiak hiltzera... Foruak? Non ditugu gure antzinako Lege Zaharrak eta gure Erresuma zaharra? Apurrak utzi zizkigutek, mahaiaren azpian zakurrari egin ohi bezalaxe. Batzuk, berriz, bai, ederki aberastu dituk – Migelttok gero eta beroago.
- Et, et, geldi hor; hago isilik. Nik, behintzat, bizitza osoa zaramaat bizia emaiten – Carlosek maiseorik aditu nahi ez eta.
- Nik anaia gudu-landan utzi nian, hik badakik ongi nola, eta hemen nagok behiak zaintzen, zata zaharrak oinetan, eta, dagoenekoz, lehengo txapel gorria belztu egin zaidak. Gure sukaldera ez duk sartu oraino erdara, baina herriko karriketan umeak erdaraz entzuten ditiagu, hik agindu bezala.
- Nik ez nian agindu hori, gure gainetik heldu zitzaigun agindua zuan, eta erdaraz ikasirik hobeki zabiltzak, soldadutzara joanez gero ez baitute isekarik jasanen, eta...– alkateari hitz-jarioa eten zion.
- Bai horixe! Gure hizkuntza betikoa galtzera utzirik, beti hobeki bizi uste izan dutenak bazituan eta badituk, hainbat, gure bazterretan; nagok, ordea, ni, horretan ere makur eta oker ibili garela: gure geurea den hori zertarako nahi dugu hil? Ez al da gure hizkuntza gure Lege Zaharren heinekoa, geure izena eta izana emaiten diguna, eta Jaungoikoak euskaldunoi Babelen mintzarazi ziguna? – Oihangurengo gizonak hala entzuna zuen umetan eta beti gogoan zuen.
- Horiek guztiok txotxokeriak baizik ez dituk. Hemen bizi behar duk, bizi; eta ongi bizi nahi duenak dirua behar dik, eta horrek guztiak ez dik dirurik ekartzen – Carlosek bereari eutsiz zeragoion.
- Bai, hori duk hik, beti ukan duana, amets eta gose: sosa. Horregatik joaiten haiz, sarri joan ere, Burgos alde horretara – gizona isildu ez – diruari jarraikiz. Uda osoan hor egoiten haiz, etxe ederra eraiki omen duk, lur sail zabalak erosi omen dituk...
- Hago isilik, nahi ez baduk...– Carlosek sutua.
- Nahi ez badut zer? Ni isiltzeko? Zerendako? Gezurrik erran ote duta? Hori eta gehiago erraiten duk herrian. Nork jaso zuen Irazabalgo pagoak ebakirik Frantzian saldutakoen mozkina? Herri-basoa zuan, herriarena, zuhamuak, beraz, ororenak. Hik herorrek eraman hituen, kamioia Zaragozatikoa bazen ere – Oihanguren ez zen isildu, eta alkateak amorru biziz ihardetsi nahi zion, baina basotar ha indar handikoa zen, gaztetan ukabilka inork mendean hartu ez zuena, guduan beti aurrena ibilitakoa, eta, urteak gainean izan arren, inoren beldur ez zena.
- Isiltzen ez bahaiz, behingoan, oraintxe bertan... – makila eskuan jaso eta zemai egin zion.
- Ni ez nauk heuk isilaraziko, ez behingoan, ez oraintxe bertan, ez neurean, ez eta nehon nehoiz ere. Eraitsak makila hori, hemendik bizirik joan nahi baduk. Kasu, gero! Oraindik hemen zadukaat zizpa. Hi eta hire zurrikoak ezagun ditiat. Hamaika hil utzi nitian neroenek, eta bat gehiago hiltzeagatik ez nauk infernura joanen!– Migeltto ez zen inoren aurrean kikildu izan inoiz eta ez orduan ere.
- Ni ez ninduan gibelean geratu, bada, norbait hil behar genuenean, ehe! Zer uste duk, gudua herorrek irabazi huena, ala? Ni nerau hasi eta buka ekin nintzaioan, bada; eta beti aitzinean, eta aitzinera beti. Ahantzi zaika? – Carlosek, bere senetik aterata legez, zerauntson, suturik.
- Hik ederki irabazi duk, bai, sakela ongi bete duk, guduaren aitzakiaz; lehengo arlotea aberastu duk leher. Baina ez Jainkorik ez Forurik. Eta etsaia etxean – atzera oihangurendarrak ozarkiro.
- Hirekin ez zagok gauza onik. Ez duk ezer ulertzen – esan eta Carlosek alde egin zuen.
Atariko horma batean esekita guduan erabili zuen zizpa zedukan. Aspaldidanik, noski, herdoildua, eta alabak behin hodian lore gorri bat ipinita zegoen. Krabelina zen, zimeltxea ordurako, baina eihartua ez. Aitari ez zitzaion batere eder, eta alabari ahakar egin zion.
Orduan neskatila gaxte baina, eskolan hasi baikoz, eta buruz ernea zelako, hemen zer entzun han zer aditu, bere eritzi bereak sortzen hasia zen. Aitaren odolekoa izanik ere, edo, biak odol berokoak zirelako beharbada, pitean-pitean elkarri erasiaka, eta ez gutitan haserretzen ziren.
Guduan irabazi domina batzuk, han urte luzeetan edukitakoak, alabak berak bertatik kendu zituenean, bazekien aitak ahakar gorria eginen ziola, baina, ordurako, ez zen haren beldur ez haren lotsa. Harizkiz egin mahai biribil baten gainean Gernikako Arbolaren ondoan egin zioten argazki zuri-beltza eduki ukan zuten – guduko jantzidun, 'tertzioko' ikurroihalean San Andresen gurutze gorri astalkari itxurakoa – baina, behin, hautsa kentzen ibili zen batean, alabak hartu zuen eta berriro ez zuen ipini; lore-ontzi polit batez apaindu zuen. Ontzia zuria zen, krabelinak gorriak, osto-zurtoinak orlegi hezeak.
Ateleka latza egin zion. Ez zuen jo baina, besotik indarka egin bai, eta Maria Irachek min hartu zuen. Aitarekin hitz egin zuen hondar eguna izan zen.
(Iñaki Oihangurengo neskarekin maitemindua zen, gaxtaroko zerak alegia, baina neskatilak ez zion begi onik egiten. Gainera, aitak ez zuen inola ere nahi ukanen; izan ere Gorostitzagoikokoak, aitona buru, ez zituen begi onez ikusten, gorriak ez baina abertzaleak zirela eta. Oihangurengo gizon sendoa ez zen inorekin gozoa. Ez etxekoekin ere) Amak alaba monja nahi zuen. Alabak ez zuen elizarako joran handirik, are serora izaiteko deirik jaso ere ezago. Nahi ez baina joan behar ukan zuen. Aitak etxetik alderatu nahiaz, Donostiako ikastetxe batera bidali zuen. Herrian hala esaten zen, behintzat.
Harez gero, Iñakik ez zuen beste behin ikusi.
Ordura artean, Iñaki eta hura, noizean behin, bidean eta, elkar ikustean, hitzaspertu batto egiten ohituak ziren. Aspaldi zela, ordea, ez zuten elkar ikusi. Zaragozatik itzuli ondorean, lehen baino maizago igaiten zen Oihanguren aldera, aitzakia aitzaki, baina neska ez zebilen han. Gasteizko komentu batean ikasten omen zegoen, Bilboko aberats baten etxean neskame ziharduela ere omen, urte batzuetan herrira bagerik eta inork jakin ez. Haren berririk, ez Iñakik ere. Herriko jaietan ere agertu ez.
Bordaxaharrera bidean Oihanguren ondotik gora behar zuen. Txabola berrituko zuen, ez zuen lor jota utziko. Ardiak udaberrian hango bazter gozoetan atseginez alhan, eta berak, bitartean, apurtutako guztia konponduko zuen.
Agian, joan-etorri haietako batean, Maria Irache ikusiko zuen, eta zerbait esango zion. Elkar ikusi bageko urte luzeek ez zioten, agian, elkarrenganako zer hura motelduko, berari moteldu ez zioten era berean.
Jakinen ote zuten, bada, Oihangurengoek txabola nork zaparreatu zuen? Galdetu behar ziela burutara zitzaion. Bide batez, Iracheren berritto bat jaso ahal bazuen, hobe. Batzarri on-onik eginen ez ziotela bazekien, jakin, baina. Jende gogorra zen, aita batik bat, hizkeran ere zakar xamarrak, eta ez zuen erraza izango haiengandik deus askorik jakitea.
Guduan ibilita, lehengo izaera oihes xamarra areagotu zitzaiola esan zitekeen, eta aitak, bederen, ez zion begi onez hartuko.
Ausartu zen. Ama bakarrik etxean. Oihanguren etxe zaharra zen oso, herriko zaharrenetako bat omen; eta etxanderea nahiko lan hango gela zein etxaki guztiak garbirik edukitzeko, handia batetik zuloz betea bestetik, etxea orduan zaharberritu baten beharrean zegoen.
Hala ziharduela, hurbildu zitzaion Iñaki, baratx antxean, ele-meleren bat edo egitearren bezalatsu:
- Egun on, Juana Maria, zer moduz bizi gara?
- Gu ongi, Jainkoari eskerrak; zu, ez dakit – erantzun zion, erratza zerabilela.
- Aspaldi handian elkarrekin hitzik egin ez eta, hemen gaindi sarri ibilki, noizik noiz, hitzaspertu bat ongarri zaigulakoan...
- Aspertzeko astirik ez dago hemen, alajinkoa. Nik neronek, behintzat, geldi egoiteko astirik ez dut – emakumeak.
- Bordaxaharrerantz noa. Egun, oinez. Eguna luze eta esturarik ez, astiro-astiro igoko naiz.
- Ongi da. Zoaz, bada, zure bidetik – Juana Mariak elkarrizketa moztuz.
- Etxeko jauna non dabil, ba? Aspaldi ikusi ez. Ongi al dabil? – Iñakik jakin nahi eta luzatu nahiaz.- Egurretara joana. Ongi gabiltza hemen oro, Jainkoari eskerrak.
- Aha, hara!, pozez eginen nuke, bai, unealditto bat harekin. Irazabalgo oihanera joan da, beraz?
- Ba, hor nonbait, ibiliko ahal da, hor goian.
- Bordaxahar aldera joan da aspaldi? – Iñakik mingaina luzarazi nahian edo.
- Ez dut uste horraino joan denik.
- Pago ederrak bai han. Gero etxera ekarri beharra! Dena dela, nor edo nor ibili izan da, hor zehar, egurretan edo, ez dakit – Iñakik borda erabat eraitsi eta porroskatua aurkitu zuela aipatzeke.
- Hor egurretan nehor ez. Nik ez dut ikusi hemendik goiti. Hor land-rover batzuk bai, lehengo baten – andereak.
- Bai, bidean lorratzak atzeman ditut, norenak, aldiz, ez dakit – Iñaki luzatuz.
- Hor 'guardia civilak' ibili ziren – Juana Mariak lehorki.
- Aha, bada; horiek gero eta usuago bazterrotan. Ez dakit nik zer duten. Bordaxahar alde hori maite dute, aurki.
- Horiek ibiltzen diren lekuetan lapurrik ez dago, arraioa! – etxandereak amorruz bezala.
Iñaki isildu egin zen. Ez zion ezer ihardetsi nahi ukan, haserretuko zelakoan; baina gehixeago jakin-minak zegoen.
- Ardiak han lasai dabiltza. Aurten ere udaberri ona doa. Larrea motza baina gozoa hantxe – Iñakik hitzez aurrera nahi.
- Gureak hemen hobeki dabiltza, etxe ondoan – Oihangurengoek pentze zabalak zituzten etxeaz gaineko maldan.
- Ardi bat, hala ere, itzaldu zaigu; otsorik ez dut uste dabilenik, baina zakurren bat, beharbada – Iñaki atzera.
- Otsorik? Hori frantsesek ebatsi dute, arraioak ez badu!. 'Guardia civilak' hor ibili dira, etxolarik etxola, haien atzetik.
- Noren atzetik? – Iñakik, urduritto.
- Frantsesen atzetik, ohoinak halakoak frantsesak. Hor alanbreak ipini behar dira, eta 'guardiak' non-nahi.
- Gure etxolara ere sartu ote ziren, bada?
- Beharko, harrapatuko bazituzten, alajinkoa! – etxandereak sutsu erantzun zion.
Iñakik jakin nahi zuena ikasia zuelakoa zuen, honez gero. Emakume haren hitzetan frantsesak nor ziren zehazki ez zekien arren, lapurrak, eta txabola sarraskitu zutenak nor bazekiela uste zuen. Lorratzak ageri. Elkarrizketa bukatu nahi zuen eta andereari:
- Ongi, Juana Maria; banoa gorantz. Ea maizago hitz egiten dugun elkarrekin, pozez bainoa zurekin mintzatu eta.
- Ongi ibili – gehitu zion erratza une bakarrez ere gelditzeke.
Bordaxaharrera heldu zenean eguartea zen. Oskarbi zegoen eta haize kirria zebilen, giro ona. Maria Irachez ezer galdetzera ausartu ez zela gogora zitzaion. Hurrengo batean. Lehenengo langa gainditu zuen, amarekin hitz eginaz. Aita ez zuen bidean ikusi.
Hobe.
Gizon gozakaitza zen, hitzetan labur bezain lakarra. Guduan latza izan omen zen, inor fusilatu behar bazen, ez zen huraxe gibelean geratuko. Hala egin zuen, eta berak hala herriko ostatuan jaulki ere, Ataunera sartu ziren egunean.
Lizarrustin behera zihoazen. Pagope itzaltsua uztailaren azken aldian gozagarri zegoen, eguzkia oskarbian nagusi bakar, eta berrogeita hamar txapelgorriek, mendian ohituak gehienak eta izerdi patsetan hala ere, herrira lehen bai lehen iritsi nahi zuten, ostatuan sagardo hoxpila edateko gogoz. Ez zuten uste inork aurka eginen zienik. Gudua hasi berria eta borrokarik larrienak Bidasoa aldean ari ziren.
Bide luzea egin ondorean, herri barreneko lehen etxeak, uhaldean ibaiari begira geldituak bezala, begiztatu zituzten.
Hara artean inor ez zuten ikusi. Oihanean zehar zihoazen, sakabanaturik, arro estuan ahalik zabalen. Halako batean, lagun batek "¡alto!" egin zuen oihu. Oro geldi. Bat-batean, harkaitz baten ostetik gizon gazte bat, beso biak gora, agertu zitzaien, ilunbetik mamu bat agertu izan balitz bezala. Baserritar hutsa ez zela ohartu ziren, berehala. Inguratu zuten, iskiluak hari artez, eta lurrean etzaiteko agindu zioten. Fusilen ahoak bizkarrean, izu lauorrian mutila, ikara baten. Nor zen galdetu, eta zer zen, eta nondik zetorren eta, tarrapataka, galdera baten ondotik beste bat eta beste bat egin zizkioten. Gasteizko apaizgai-etxean ikasle zela jakinarazi zien, apaiz egiteko xedez bertaratua, eta gudua hastean gurasoenean zegoela. Sakelan diru txanpon batzuk eta liburuxka ediren zizkioten. Euskaraz idatzitako dotrina zahar bat zen liburu hura. Gudataldeko burua, Abartzuzako tenientea, hurbildu zen, eta liburuxka eskuan harturik, aurretik-atzetik behako eginaz bat, debekatua zegoen 'propaganda separatista' zela adiarazi zien ingurukoei. Apaizgaiak zerbait esan nahi zuen baina fusil baten hotza garondoan sumatu orduko, isil eta geldi-geldi geratu zen. Aurpegia lurrean, ahoaren ondoan harri bat, iskilu baten zuloa lokian sumatu zuen. Negarrez hasi zen. Bertan hilko zutela uste zuen. Negarretan hasi baikoz, tenienteak lazkiro lagunei:
- Este elemento es un cobarde separatista, como todos los curas de aquí. Hay que fusilarlo.
Ezetz esan nahi zuen mutilak, lurretik burua jasorik, baina ezin izan zuen. Berehala, batek oinpean hartu zuen eta zanpaka burua lokatzean aurizki zion. Tenienteak besoak bizkarraldean lotzeko agindu zien eta zutitu eragiteko. Mutilak, besoak gibelean, oker zegitela esan nahi zien baina ahoa zapi batez lotu zioten. 'Tertzioko' guztiak han, begira. Mutilak, ahoa zapi batez hertsiki itxia, ezin ezer esan eta esan nahi, eta begiak zabal-zabalik inguruko guztiei so egin nahi zien, laguntza eske bezala, zerbait egin zezaten galdatu nahi bailien. Pago baten ondora eraman zuten. Zutik egoiteko agindu zioten, baina berehala, makalaren makalez, lurrera erori zen.
Burua lokatzean, belauniko, besoak loturik, begietarik malko lodiak zerizkiola, bertan hilko zutela bazekien. Otoitz egin nahi zuen baina ahoa lotua eta ezin. Hiruren artean berriro zutitu zuten, eta zemaika geldi eta zut irauteko agindu zioten, mutiri, ozarki. Ezin zuen zutik jasan. Itolarrian zen. Hil-etsian.
Tenienteak hiru nahitari galdatu zuen. Bertan hilarazi behar zuten.
- No podemos andar con hostias. Estos todos son rojo-separatistas, no creen en Dios. Hay que darles un escarmiento. Cada uno que dejemos vivo detrás nuestro será un enemigo. Con blandenguerías no ganaremos la guerra; ya nos lo dijeron en Pamplona. Empezemos, pues. ¡Tres voluntarios!.
Berehala, hantxe zegozen guztiak zut eta erne jarri ziren, gerturik. Hilko zuten mutila, bik beso banatatik oratuz, zutik behartuta, negar isil baten, malko larriak masailetan behera zerizkiola. Aitzinean, hiru gizaseme fusilak mutilari zuzenduak, esku biez gogor oraturik, begien ondoan. Lipar bat baino ez zen izan. Tenienteak eskua goian eta, dzart! beheratu zuen. Hots bakar bat entzun zen. Hiru balek mutila jo zuten. Batak bekokian eta burua lehertu zion, beste biek bihotzaren ondotik zulo bana egin zioten. Odolez pelatua zen, istil batean. Pagondoa odol zipriztinez gorriztatu zen.
- Dejémoslo aquí mismo, para que lo vean. Pronto sabrán todos que les ocurrirá a todos los traidores a España – agindu, eta tenientearen atzetik herrirantz berribilten hasi ziren.
Bala buruan Oihangurengoak sartu omen zion. Ehiztari trebea zen eta besoan dardararik batere harek. Ostatuan sagardoa edaten ari ziren bitartean hala zirautsen entzule zituen lagunei.
Herriko karrikan ez zuten inor ikusi, ostatuko ugazabaz besterik. Egarriak itorik heldu baziren, laster zuten egarria kendu. Ostatu zahar haretan ase arte jateko ere aurkitu zuten: bakailao handiak sabaiko hagetatik dilindan; eta saiak sarratsa ikusirik klakaka hasi bezala haiek mauka-mauka. Zahagi batzuk, ez aspaldi Errioxatik ekarri ardoaz beteak izan zirenak, laster hustu zituzten.
Ostataria, txapel gorria buruan, poz antxean zebilen. Ez zuen, agian, diru askoren usterik, orduan, baina, behin gudua edo zena zelako hura amaiturik, lehengo era onean eta hobean bizi izaiteko aukera ukanen zuelako ustea bai.
Gaua bertantxe emanen zuten. Zer jan zer edan edukiz gero nahikoa. Oihanguren, berak esana egia izaitekotan, inoizko oturuntzarik oparoena egin omen zuen, harako Ataungo haretan, eta "zerria baba artean bezala" lo egin zuen, omen, eta anitz urte geroago ere, egunharetaz eta beste batzuetaz gogoratzean, ahotik arrapo zeriola, mintzatzen zen.
Harik aitzinako bidea luzea izanen zitzaien. Tinienteak, hala ere, laster etxean ziratekeela adiarazi zien, gudua bukaturik; eta garailari gainera:
- A la vuelta nos daremos otro buen banquete en este pueblo, ¡celebrando nuestra victoria!. Pronto no quedarán ni rojos ni separatistas.
¡El fantasma de Euzcadi habrá muerto para siempre! ¡La vergüenza del clero separatista habrá desaparecido para siempre, como traidor a la gran patria España, obra magna de Dios! ¡ Hoy ya Guipuzcoa es de España!.
Buru gorriko mutil zangar haien arteko oihu bat jalgi zen, eta orok Oihangurengo morroskoaren "muera Euzcari" entzuteaz batera barre-zantzoka eta karkaila egin zuten.
Oihangurendarrak halakoak ziren. Sua barrenetik zerien.
Agian, Maria Irache ez zen halakoxea izanen. Iñakik begiko zuen. Aspaldian etxetik norabait joana zen eta haren ikusterik ez, ordea.
Semerik ezean, Migelttok nahiago zuen Oihanguren, bera hiltzean berarekin etxearen etorkia betiko galtzea; ez zuen beste inoren jabego izaiterik ikusi nahi, ez eta pentsatu ere.
Urte batzuk ziren Larrarte hutsik zegoela. Berrehun bat urtez gero, etxe eder ha betiko hil-aginik zegoen; horma batean, goitik behera, arrakala egunez egun zabaltzenago zen. Iñaki aspaldi handian hango aldetik ibili ez, eta behin, ikustalditto bat egitearren, bertaratzea otu zitzaion.
Hango sukaldean ikasiriko bertso batzuk burutan zerabiltzala hurbildu zen. Xenpelarrenak omen ziren bat baino gehiago irakatsi zizkion, Larrarte xaharrak, eta haiek gogoko zituen, baina, orotarik maiteen zituenak mendiaz beste aldeko artzain bihozpera harenak.
"Mendian bizi arren dut ikustekoa, gaztainaren aldaxkez jauntzirik pagoa" zioen bere baitan, Sagastibeltzako estartean zehar aitzina zihoanean, beti amets eta gogo, bere buruari mintzoz: "Alabaina, bazuan bat, nork asmatua ez jakinik ere, oroz gain maite-maitea zuena: txoriei mintzatzen zitzaien gizon bakarti arlote harena, hain zuzen. Hil zen egunean nehor ez ei zuan haren hiletara agertu, kutxa eraman beharra zuten lau gazte haiek ez bertze nehor, eta meza eman behar zuen apaiz bakarra, noski. Bera bezalako bat izanen ahal zuan, eiki, halako gixon zurtz eta bakana. Baina ez, ez zuan izanen, zeren, Larrarte bakarrik bizi arren, adiskide ugariz lagunduta joan baitzen azken bidaian, eliza bete-beterik egon zuan eta; bizi ere, lagunez inguratua bizi izan zuan, bere bakarrean, eta non nahi ere biziki maitatua zuan. Zuhaitzei hitz egiten ziela esaten zian.
Etxe ondoko haritz zaharra, etxekoa bailitzan diagu maitatzen, eta aitonak noiz edo noiz hitz eta pitz egiten zioan. Larrartek ez zian nehoiz ongi erdaraz ikasi, baina behar ere ez, txorien mintzoa ulertzeko nahikoa zekian eta. Hontza ganbaran urtero habia eginik, begi biak zabal-zabalik so geratzen zitzaioan, zer zirautson ulertzen ziola adiarazi nahian bezala. Hotz handiak erasotzen zionean txantxangorria sukaldeko leihora agertzen zitzaioan, eta ireki ondorean subetean ibili ohi zuan hegan, beroturik pozarren legez.
Udaberriro ukuiluko sabaian habiak eraikitzen lan eta lan jarduten zuten enarak maite zitian, gehien bat, Larrartek, "kantetan onak ez izanagatik ere". Bele beltzak, ostera, kua-kua-kua hasten zirenean, hitz gogorrak esanaz handik aldera zitezen oihuka ohi ziean. Behin, hala jaulki zidanez, tikitan basoilar bat ikusi zian, baina harez geroztik gehiago ez zuela nehoiz ikusi, eta ikusteko gogoz, egun batean, bera eta biok, Latsibiko basora joanen ginela iradoki zidaan, baina urteak joan urteak etorri, ez gintuan nehoiz egin eta, orai, joaitekotan, bakarrik joan behar nikek, Larrarte ona Goiko Basora joana baita betiko".
Halako irudiak zituen gogoan Iñakik, eta ahopeka mintzo eta mintzo joan zen aitzina, bere buruarekin hizketan, Madarieta ondoko aldatsean goiti. Inoiz baino urrunago eritzi zion egun haretan; baina, azkenean, etxe zuri ate biribil erdiko arkuduna urkusi zuen, urrutitto. Tipi-tapa zebilen, mendian ohituak ibilten diren eran, oinkada luzez, makila laguntzaile. Bidearen albo bietan harlauzak zutik, horma eginez. Larrain zabala zuen etxea zen hura, harri gorriez inguruan hesitua bezalakoa, harlauza zabalak lurrean zelai-zelai ipiniak.
Ondora baino lehen, zarata batzuk entzun zituen, etxe barrutik edo ateratuak. Norbait bazen han. Harritu zitzaion, eta gelditu zen, une batez, ea zer aditzen. Garrasi batzuk entzun zituela uste zuen. Aitzinago eta, bai, emazteki baten ahots zolia entzun zuen. Atea zabalik zegoen. Leihoak ere oro zabalik. Oihuak gero eta ozenago, ondoratu ahala. Norbait agiraka ari zen. Gizonezko baten ahotsa ere bai.
Gelditu zen; ez zekien zer egin. Nor ote Larrarten? Inor han bizi zenik ez zuen jakin, hara artean. Larrain ondoan gelditu zen. Deitu ez deitu zegoen. Bazirudien biren arteko iskanbila zegoela, etiketan noski.
Larrainean oilo batzuk zebiltzan, kakarazka, eta katu beltz bat atariko zoko batean lotan. Norbait hizkatzen bai, zerbaitetaz ihardukiz, eta erdara gogorrean egin ere. Zaragozatik itzuli baikoz, inoiz ere entzun bageko biraoak aditzen ari zen. Etxe barrutik, iheska bezala, txakur txuri-beltz txikir bat atera zen. Arrotza aurrean ikusi orduko, txau-txau-txau hasi zitzaion erasoka, oldarkor, ausiki nahi eta aiher gorrian. Iñaki geldi.
Isildu ziren barruko oihuak. Leiho batetik emakumezko bat agertu zen. Ukuiluko atean zintzilik harizko edo burdinbigunezko kordel mota batzuk, euliak edo sar ez zitezen antza, eta haien artetik gizonezkoa jalgi zen. Hara!, 'Estremeñoren' aita eta ama.
- ¿Qué hay, hombre? ¿Busca algo? – aitak Iñakiri, atari barrutik.
- No. Solo a visitar vengo. El de Gorostitzagoikoa soy.Yo ya te conosco; tú eres el estremeño – Iñaki harri eta zur, artean.
- Asín e, jóven. Ahora vivimo aquí. No hemo mudao. ¿Uzté vive lejo? Viene zudando, ha debido d'andar largamente.
- Ya te he dicho, en Gorostitzagoikoa.
- No zé ónde eztá ezo; vamo, ni lo he oío; y ademá, como zi no lo hubiera oío, no lo podría desir nunca.
- ¿Llevás mucho tiempo aquí, o qué? - Iñakik jakin nahian.
- Medio año, no má. Aquí no hay má que humedá. Ya le he dicho a la parienta: en cuanto ze pueda no vamo d'acá. Ézto e malo, pa vivir y pa tó. M'iho lo ha comprao, pero pa mi no é – Extremaduratik aspaldi etorri gizona hitz-jarioan.
- ¿El hijo tuyo no está en Melilla, pues? – Iñakik Zaragozarean hara joana zela zekien.
- ¿Y uzté cómo zabe ezo? ¿Ha eztao en Melilla de zervisio? M'iho está allá, pero viene a menudo acá; vamo, le mandan a trabahar por aquí, por el norte, viene y ze va. Y le pagan bien, zegún él dise. Ya é comandante. Vamo, que no-há salío buen zoldao. ¿Uzté a qué ze dedica, jóven?
- Yo en la fábrica trabajo. Además, en casa ya tengo bastante tamién. O sea quee, Paco anda bien, pues – Iñaki berriro.
- Zi, no-há zalido bueno. La parienta ya le dise: tú no te meta en lío, de política y ezo ná, tú a lo tuyo, y zi puede llegar a heneral, mehor.
Cuanto má arriba má dinero. Y zi hay guerra, que vayan lo que tengan que ir, pero él si é heneral que ze quede en la ofisina. Dinero gana, lo que quiere y má. El ha comprao la caza, con zu dinero – semeaz aita harro mintzo.
- Ya me gustaría verle, si viene por aquí otra ves – Iñakik, gainera, elkarrekin egon zirela jakinarazi zion.
- Viene sin avizar, hoy eztá mañana no eztá. No quiere andar mucho por el pueblo; él e má de siudá, en ezto pueblo pequeño donde no hay ná él no está a guzto. Ademá, tiene mucho trabaho. Hase un mé eztuvo en Franzia, trabahando. Ya zabe uzté, lo ofisiale deben de ir a donde le mandan.
Hau entzunda Iñakik ez zion gehiago esan. Leihora begira goratu zituen begiak eta andereari agur keinu bat zuzendu zion. Eskuz itzuli zion. Harik gibelera baino lehen gizonari "bueno, pues, señor, hasta otra; ya estaremos" esanaz agur egin zion. Urrats batzuk eginik, eta atzetik ozenki, gizonak:
- Oiga, hóven, zi ve un burro ahí abaho donde lo perale, mándele p'aca. Eze, cabrón, come lo arbole y lo que ze le ponga por delante.
Déle con el palo.Andereak leihorean, oihuka senarrari:
- ¡Deja en pa al burro! ¡Tú zi que ere burro, má cabrón que él; zi le diere de comer, no comería lo arbole!
- ¡Cállate, muher, que tú zi que ere burra; pa lo que trabaha mucho come eze cabrón! ¡Igual que tú, que no hase má que gritar! Iñaki bere bidetik joan zen. Buru makur zihoan, gogoetatsu. Madarietako hurriztian astoa munako belarrak jatean ikusi zuen, Ez zion jaramonik egin, eta aurrera jo zuen, lehen baino arinago, eurenera lehen bai lehen iritsi nahi bailuan. Larrarte gibel urrunean utzi aitzin, azken begirada bat egin zion, burua biratuz. Laster zen etxen.
Biharamunean, astelehenakin, lanera joaiteko goiz jaIki zen. Sei-seietan tokian zegoen. Gazterik hasita, Zaragozara gudu-zerbitzura egitera joan zenean izan ezik, ez zuen egun bakar bat ere huts egin. Greba egin-zalea ere ez zen izan inoiz, eta behin egin bazuen arren, Labandibar sindikalista lantegitik kanporatu zutenez gero ez zen greba aipatu ere egiten. Azken urteetan, hamarna ordu egunoro eman behar zuten, ekoizpena handitzeko, eta etxera ordez bazkaltzera ostatura joaiten zen, arratsaldean bigarren txandara itzultzearren.
Enpresarioak bilera batera deitu zion. Lankideek ez zuten asko jakin, baina hurrengo urtearen hasieran, lantegi berri bat eraikita, Logroñon ekoizten hasi nahi zuelako berria bazterrik bazter zebilen. Pabilioi handi bat erosia zuen, hiriburu haretako olalde batean, "zona industrial" zeritzoten alderdian. Langile batzuk kontratatu behar zituela adiarazi zion enpresarioak bulegoan, itunartu alegia; eta herriko batzuk hara igorri nahi zituela ere jakitera eman zion.
Iñaki Logroñora nahi zuen. Urte asko lanean, langile trebea zen, hasi behar zuten langile gazteei irakasteko egokiena zelakoan hara igorri nahi zuela jakin eragin zion. Lansaria, berriz, handituko ziola.
Logroñon, guztira, hamabost langile hartuko zuen. Iñaki eta beste hiru eroan nahi zituen, mutilak trebatzeko. Urtebetean, gutienez, Ebro ibai handiaren uhalde bietan eraiki hiri barrenetik kilometro batera zegoen lantegi berrian egin beharko zuten.
Iñakik ez zuen joan nahi. Nola utziko zuen ama etxean bakarrik? Ez, ezetz erantzungo zion, saria handiagoa izanagatik ere.
Hurrengoan, ondo pentsatuta, argi eta garbi esango zion. Beste hiruekin, elkar hartuta, ezetz esatera joanen zitzaion.
Jaun Hilarion – honela esaten zion Iñakik – ez zegoen bulegoan. Madrilen zegoela erantzun zion bulegarietako batek. Gainera, izapide batzuk burutzera joana zela, Logroñoko lantegia ireki ahal izaiteko. Lantegiko langileen buru' hura bera jarri nahi zuela, gainera, jakinarazi zion Iñakiri. Txunditu zen oso, bertan; eta ezetz adiarazi zion, ez zuela, ez buru ez hanka, Logroñora nahi. Iñakik ez zuen inoiz inoren agintari izan nahi. Zaragozako gudaritegian bizi zuen egoeraz oroitu ere zen berehala. Bulegariari telefonoz deitzeko esan zion. Lehen baino lehenago, jakin eragin ziezaion jaun Hilarioni, ezer egin edo burutu aurrez. Bulegariak ezin zuela erantzun zion.
Haserre Iñaki; baina bulegoko harek errurik ez zuen.
Hurrengo astean, Gómez-Agote jaunak berriro bulegora deitu zion. Iñaki bakarrik joan zen. Ezetz esango zion.
- Mire, ustéd, Goicoechea: necesito hombres como ustéd para poner en marcha la factoria de Logroño. No hay otra opción. Si ustéd no quiere ir allá, ustéd se queda en casa.
- Mire usté, don Hilarion: yo tengo la madre en casa, y el ganao y todo, no puedo dejar abandonao. Yo aquí bien estoy, en el pueblo – Iñaki gorgots baina urduri.
- Ustéd debe decidir, señor Goicoechea: o a Logroño o a casa. No le queda otra opción. Yo le ofrezco un buen sueldo, que ustéd no puede desdeñar. Le hago, además, empleado-jefe de la factoria. No encontrará nunca mejor oferta – enpresarioak bere tenean.
- Yo a Logroño no puedo ir. Ni con sueldo ni sin sueldo, yo en casa tengo bastante con la madre y. La casa no puedo dejar. Ahí está Huntzorrieta vazío, cayendo el tejao – Iñaki ere tematsu.
- Vuelva ustéd mañana, con las ideas más claras, y verá que lo mejor para ustéd es aceptar mi oferta – eten zion, bat-batean, hitza enpresarioak.
Halaxe atera zen bulegotik Iñaki haserre; enpresarioak' lantoki-buru izango zela eta lansari hobea emango ziola, behin eta berriz adiarazten zion bitartean. Ekoizpen-arduradun nagusi izendatuko zuela gehitu zion, eta haren menean hamabost langile gaztek jardunen zutela, lan-ikasle antzera lehenengo urtean. Iñakik etxerako bidea haserreturik hartu zuen.
Hausnartu beharra zuen. Lanik bagetua izanez gero zer egingo? Etxean lana erruz, baina basetxetik bizi ahal izaitea zaila, gero eta zailago: batetik, esnea merke saltzen zelako, gero denda handietan garesti erosi behar bazen ere; bestetik, nekaziek ez zutelako lantegietako langileek zuten zahar-saria jasotzeko gizarte-asegururik, eta hil artean lanari ekinaz bizi beharra gogorra zen, txit gogorra; eta gainera, baserrietan oporrik inoiz ez. Ondo baino hobeto hausnartu behar zuen, beraz.
Hautatu behar latza. Ama ezin etxean bakarrik utzi; eta urrun zegoen Logroño bezalako hiritzar bateko etxe arrotz batera moldatuko zenik ez zuen uste. Erdaraz ere nekez; eta ha lako eskualde berotsuan laster higatuko zen, aisa zimeldu eta behin-betiko eihartuko zen, oihaneko pago lerden zahar bat errorean erauzi eta hango munaxka idorretara alda baledi legez.
Alperrik ulerrarazi nahi ukan zion. Gómez-Agote jaunak beti bere xedeetan gogor ihardesten zion:
- Yo comprendo su dificultades, señor Goicoechea, pero ustéd debe entender las mías. Yo me debo a la empresa que, aun siendo mía, es también de ustedes los trabajadores. La competitividad nos obliga a sacrificarnos a todos, por igual; debemos anteponer nuestros estrechos intereses personales, aun cuando importantes, a las conveniencias objetivas que nos requiere el mercado, tan cambiante y, a su vez, intenso, al que todos estamos sometidos. Ustéd, no puede entenderlo, señor Goicochea, pero la realidad del mundo actual es así.
Iñakik ama alargunaren egoera makala aipatu zion. Azken egun haietan, gaixo xamartu zela sumaturik zebilen. Urteak gainean, eta urteetan egindako lanek joa, nonbait. Aita zendu zenaz gero, eta aitona batez ere, lehenago txontxor zebilen emakume ha apalduz joan zen.
Iñakik, burutatik ezin kenduz, etxera zeharo kezkaturik jo zuen.
Land-roverra berez zihoala esan zitekeen, bidea joan-etorri ugaritan zehazkiro ikasia, nonbait. Euria ziri euria miri ari zuen.
Geldiro zebilen, ohi legez, eta luze ikusi ez arren, Iñaki lasai zihoan, bere gogoen barrenetan murgildua.
Beste bihurgune bat eta agina zegoen lekura helduko zen. Bigarren zuen hura berak bertan landatua, eta poliki bazihoan goratzen.
Esku-tokiari bira egin zuen eta, bat-batean, bidearen albo bietan 'guardia civilak'. Galga sakatu zuen. Aurrean bat, ezkerreko eskua gora, eskuman pistola. Land-roverra gelditu zen. Harritu zitzaion Iñakiri 'guardiak' han egoitea. Bidean goiti eta beheti sarri ikusten zituen, baina. Beldurtu zen, zer izango eta jakin ez. Adige zetorren, gogoan hainbat zer eta gogoetatsu; berehalakoan, amets gaiztorean bat izan zitekeela uste zuen. Ez, Beste behin 'kontrola' ipinia zuten. Geldi-gelditua zegoen. Leihatila zabaltzeko agindu zion, esku imintzioz, 'cetmea' artez erakusteaz bat.
- Bájese del vehículo – agindu zion zakarki, larderiaz.
Iñakik atea zabaltzera egin zuen eta...
- Cuidado con lo que hace. No intente nada sospechoso. Cualquier movimiento y me veré obligado a usar el arma reglamentaria. Salga despacio – aginduz agindu, suak hartua bezala 'guardia' gazte bibotedunak.
Iñaki, baratx, atera zen eta...
- Póngase contra el vehículo. Las piernas extendidas, las manos sobre el capó, la cabeza mirando al suelo. No haga ningún movimiento, que le pego un tiro – gero eta sutsuago teniente-ikurra zuen gudagizonak.
Hala jarrita, Iñaki beldurretan, zirkinik egin nahi ez zuela, kapo gainean itsatsita bezala zegoen. Burua bi besoen artean, makur etalurrari so. Begiak itxiak zituen. Izertzen hasi zen. Zangoak ikaratzen hasi, dardarka.
- Revisen todo el vehículo; a ver si encuentran algún arma o algo similar que nos pueda dar cierta pista – agindu zien taldekideei.
Iker eta azter hasi ziren, jarleku azpietan batez ere, zeramatzan paper guztiak hartu eta ikuska, gehienak aseguru-paperak baino ez ziren; atzeko aldean aizkora bat aurkitu zuten.
- ¿Qué es esta hacha? – tenienteak galde egin zion, aizkora zeraskuskiola.
- Esa hacha es para ir a haser la leña. Ayer la dejé cuando vení del monte – Iñakik burua goratu ezinik.
- Esa hacha estaba en la cabaña de allí arriba. Pudo haber sido utilizada por un criminal – hitz sartuz beste 'guardia' batek.
- Ese hacha es mío, yo tenía en la txabola de Bordaxahar, para picar las mokotxas, para haser el fuego.
- A ver, ¿qué me dice ustéd de chabola, de brodazar, de mocochas y de todo eso? ¿Ustedes no saben hablar bien? ¡No me extraña, desde que van a las iscatolas no aprenden nada! – tenienteak haserre bizian bezala.
- Este sujeto es el que pone las flores en el arbolito que estaba ahí – gehitu zuen lehengo 'guardia' berak.
- ¡Ah, éste es! Pues no quiero ver otra vez esas flores, ¿me entiende? Por cierto, ¿a quién se las pone ustéd? – tenienteak.
- A unos amigos se las pongo; ya murieron y – Iñaki lasaiago mintzo baina beldurra aldetik edeki ezinez.
- ¿Cómo murieron?
- Pues, el jues dijo que en asidente murieron. Yo nó se más – Iñakik ez zuen gehiago zehaztu nahi.
- Este elemento pone una flor por el asesino que murió en Francia; ya sabe, el que salió en la televisión – tenienteari esan zion aurreko 'guardia' berak.
- ¿Es ustéd amigo de esos?
- Yo nó se quién disé. Yo amigo de mis amigos soy siempre – Iñaki berriro urduriago.
- Era del pueblo ¿no? ¿Le conocía? Nosotros también le conocíamos, y sabíamos dónde estaba. Ya es inútil que le ponga flores, está muerto y bien muerto. Pero no quiero ver una flor más, ¿me entiende?. Si veo otra flor procedo a su detención inmediata. ¿Está claro? ¡Y no me lo diga en vasco, dígame sí o no!
- Sí – erantzun zion Iñakik.
Hogeita bost minutu izan ziren, baina Iñakiri orduak iruditu zitzaizkion. Irratian entzundako albiste larri bat gogora zetorkion: mendian arratsalde osoan eman ondorean, ilunabarra zela, etxera bidean, Astigarribia auzoko bihurgune zorrotz batean hil zuten. Mutila, uste baino arinago gaupeturik, azkar zihoan, erosi berria zuen beribil urdinean. Etxekoei apalordurako itzuliko zela esanda, usu igaiten zen mendi maite zuen haretarantz jo eta, goien zegoen etxearen ondoan beribila bazterrean utzita, ohi bezain zalu, bizkor baino bizkorrago igo zen. Gauak atzeman zuen. Goizean lanera behar eta apari legea egin ondoan ohera ohi zen. Gau haretan honelaxe nahi zuen, eta bide estuan beheti azkar zihoan, beharbada azkarregi. Ez zuen inongo argirik ikusi. Bihurgunera iritsi eta bertan, ezuste larri, gauaren ilunetan gizon bi edo hiru. Moteldu zuen, ez zen gelditu.
Auzokoek tiro hots batzuk, tarrapataka bezala, entzun omen zituzten. Beribilak bazterra jo zuen. Talka izugarria, eta bertan irauli zen.
Burutik odol zurrusta bat zerion, 'guardia civilak' gerturatu zirenean.
Irratiko esatariak 'gobierno civiletik' igorri mezu bat irakurri zuen: "Se confirma por este Gobierno Civil el fallecimiento de un varón de 35 años, en un control rutinario de la Guardia Civil en el barrio de Astigarribia. El sujeto circulaba de noche, a gran velocidad, e hizo caso omiso a la órden del mando benemérito para que se detuviera. Previendo que podría tratarse de un terrorista, los miembros del Cuerpo se han visto obligados a emplear sus armas, en defensa de sus propias vidas".
Albisteak zirrara sakona eragin zion eta Iñakik luzaz zerabilen gogoetan. Une haretantxe ere bai. Bertan hilko zuten ez zuten enura lazgarritan zegoen. Burua goratu zuen. Tenienteari begiratu zion. Lehenago dardarka zegoena, bere onera etorria zela iruditu zitzaion.
Beldurra herrak zuen gainditua orduantxe. Hil behar bazuten, zutik eta harro zela egin beharko zuten.
Tenienteak begiradari eutsi zion.
- Siga su camino – agindu zion hitzetik hortzera.
Iñaki land-roverrera sartu zen. Ez agurrik ez keinurik. Etxera baino lehen, ibilgailua gelditu zuen, atera zen, bazterrera eta gernu egin zuen. Ezin eutsi ukan zion, eta urduriaren urduriz egin beharra. Amari ez zion ezer azalduko. Baina, orduantxe beste zer bat erabaki zuen: biharamunean, berriz ere, bi loreak ipiniko zituen, moztua zetzan aginaren gainean; eta ahalik lasterren, sasoia etorri eta gero, beste agin gazte bat landatuko zuen. Ez zen kikilduko. Haien mehatxu eta zemaiak ez zituen haintzat hartuko, ez, behintzat, ez zuten gibelaraziko.
Bide batez, lantegirean zekarren arazoa ahantzi zitzaion. Gauean, osterantzean, loak ez zuen hartu. Logroñora ez zuen joan nahi, inola ere, ama bakarrik utzirik, etxea bertan behera utzirik. Huntzorrieta zuen gogoan.
Inork ez zekien Huntzorrietakoak nora alde eginak ziren. Edo, hobeki esatearren, baterean batek jakinen ahal zuen.
Karrikaburuko anderea, behin ez, birritan edo hirutan joan izan zen, galdutako senarraren azterrenik bilatu asmoz. Luis, herriko mediku gaztea, izan zen atzenengo etxea hura omen, harik aitzina haren zantzurik ez.
Ondoko herri batean bertako maisu edo haurren iraskale izandako baten azterrena ibaian onditu omen zen. Ibaiak irentsi izan balu bezala. Huntzorrietatik behera lats memel bat jaisten zen (eta da), uda berotsuenetan urik bagetua. Beherago, Oihanguren ondotik jaisten zenarekin bat eginda errekasto marmarti bilakatzen zen (eta da).
Andere tematia, harizti barrenean joan zen batean, ehiztari batekin buru eginik, gazte ezaguna zuen, berriketan hasi zen.
Bazter haietan ugariak basurdeak eta gazte ha basurdetara joana. Sasietan abaro, harkaitzen arteko belartzetan janari, zer nahi eta haxe zuten han piztia basati haiek. Ehiztariak etsai bakarrak.
Hitzaspertu llabur bat baino ez zuten egin, eta bakoitza bere aldetik joan zen. Karrikabururantz Mari Migela, beti antzo, bere oroitzapenekin zihoan, isileko hizketan bezala. Burua makur, Huntzorrietan inork ez baitzuen hartu, ez onez ez txarrez, atea beti itxia.
Burua makur zihoan, bestalde, nonbait, agian, lokatzean lorratz bat edo, noizbait, edirenen zuelako uste osoz. Halatan zihoala, ehiztari gazteak aipatu leku batzuen izenak buruan zerabiltzan: Oiharbide zen bat; beste bat Gorostiola; ez urrunxko Haritzeiharreta, aipatu zuen hurrengo bat ere burutara eta Lezeta zen... Hau gelditu zitzaion. "Leze bat nehon ote, bada?" – egin zion galde bere buruari hitzik egiteke.
Hainbat urte joanik ere, herrian, artean, sendagile izandako haren aztarrenik ez, baina zurrumurru guztien xirripak leze berera isurtzen bide-ziren.
Herrikoa izanagatik ere, ez zituen hango bazterrak zeharo ezagutzen, emakumezkoak ez ziren hango oihan beltzetan maiz ibilten eta.
Ehiztariak edo artzainak, berriz, zoko-moko ibilita, ikazkinak ere halaxe, lezerik inon bazen jakinaren gainean izanen ziren, noski.
Halako baterean batengana joko zuen, zerbait ikasi asmoz. Norengana baina? Senarra, Luis sendagilea herrian maite zutenak anitz; zerbait jakinen zutenak, ordea, gutiago, eta are gutiago, zerbait jakinda ere, ezer aitortu nahi ukanen zutenak. Orduan, alkatea eta ingurukoak herrian jaun eta jabe ziren, eta berauekin ondo egon beharrak beredin ahori isildu eragiten zion. Apaizarengana joaitea burura zitzaion.
Amultsuki hartu zuen. Zertara zetorkion igarri zioneko, aitzitik, begitartea aldatu, zuritik beltzera bezala, eta, hitz onez, gozo antzean, zer egin behar zuen onua egin zion:
- Senarra Jainkoaren esku dago; Honek emaiten diguna Honek kentzen digu. Gizakiok ezin ken diezaiokegu gure Goiko JaunOroahaldunari esku, ez onerako ez txarrerako, Berak nahi duena izan behar da beti. Inoiz Luis agertzea nahi albaleza, agertuko litzateke, eta hala bedi. Orain zoaz bake-bakean, eta bizi zaitez beti Jainkoaren uste onez.
- Berori zerbaiten jakitun balego, lerraidala nahi nuke. Herriko zeinbaitek, agian, zerbait ikus edo entzun ahal zuen. Huntzorrietakoek ongi ezaguna dute bazterralde hori guzti hori – andereak haritik ten edo egin nahiaz bezala.
- Nik ez dut deus egiterik mundu honetako arazoetan. Jainkoak du esku. Egin dezagun biok otoitz haren arimaren alde; bertzerik ezin – apaizak atzera.
Biharamunean, goizeko lehen argiarekin batera, apaiz zaharra, aspaldi ez bezala, mendira bidean ikusi zuenik bazen. Ez ei zen berehala heldu baina noizbait heldu zen. Huntzorrietan harritu ziren. Hango mendialde garaian halako sotana beltzeko gizon sentona, urtetsua, ez zen ohikoa, noski. Sukalderaino sartu zen, eta ezer baino lehenago, jateko zerbait eman zion etxandereak, bideak jorik iritsi baitzen.
Bazkaltzen ere geratu zen, geroago jaistekotan. Bazkalondo luzea egin zuten. Jaisteko behorra etxean, baina apaizak ez zuen nahi; ez zuen nahi inork handik, Huntzorrietatik jaistean ikusterik.
Urteak ziren, ordudanik, etxea hutsik zegoela. Iñakik ikusi zuen azken aldian gain-beheratua zen. Norbaitek, behin, senide guztiak ondoko herri batean autobusaren begira edo, ikusi omen zituen. Etxe gaineko larrerean goiti, bidexka luzea baina, mendian zehar joan omen ziren, guraso biak seme-alaba guztiekin, zorro bana lepoan. Inork ez daki nora baina betiko. Maizterrak ziren eta etxea bertan utzi zuten. Abereak, ostera, alde egin aurrez, auzo bati saldu zizkion etxeko gizonak, merkezurrean. Autobusean Donostiarantz omen ziren. Jakiterik ez dago, baina garai harentantsu, inguruko beste herri batzuetako gazte batzuk Ameriketaratu zirela jakina da, eta berauekin batera, Huntzorrietakoak omen.
Etxea hutsik, inguruko larreetan ardiak bazkatzen. Belarrietako koskak ikusita Oihangurengo ardiak zirela ageri zen. Iñakik laster ezagutu zituen, eta Juana Mariak egia osoa esan ez ziola ohartu ere laster, hots, "gureak hemen hobeki dabiltza, etxe ondoan" esan baitzion. Itxura guztien arauera, hango belai gozoak oihangurendarrek beretuak edo zituzten.
Agian, egunen baten Maria Iracherekin hitz batto egiteko aukera balu, gehixeago jakin legike.
Ez zuen, hala ere, horregatik soilki harekikoa nahi. Urteak aurrera zihoazkion eta, gaztetto-zaroko oneritzi edo hura, nolabait, birribindua zuen; lehengo egun ameskoi haiek berriro gogoan, sarri bai sarri. Egia esateko, neskatilak ez zion, behin ere, abegi on-onegia egin, baina honek ez zuen inoiz erabat iraungi barruan izioriko sua. Sanjoanak noiz iritsiko erpai, neskatila ikustearren, elkarri txintik esan bage amaituko baziren ere. Ausartu behar zuen, bada, berriz ere, noizbait, Oihanguren aldera hurbiltzera, ea behingoan neskatila izan zen haren berririk jaso ahal zuen.
Urteak ziren, herrira agertu ez eta, Frantzia aldean neskame zebilela zioten esamesak hedatu zirela. Ez zuen, bada, hara behar: Gorostitzagoikoan, nahi izanez gero, lekutto bat ukanen zuen. Sendi bien arteko harremanak aspaldi etenak ziren, alabaina, maite-indarra beti nagusi izan ohi da, eta etxe batetik bestera zihoan inda mehar sasiz betea zegoena, hartzara, garbitu ahal zen.
Frantzian baldin bazegoen, Parisen agian, herriminez egon zitekeen, harako hiritzar, omen, haretan neskatxa bat bakoitzik etxeko giroaren ametsetan ahal zen. Urteen urtez, hirira egina izanen zen, noski, baina, "ahuntza beti larrera" amak esan ohi zion atsotitza egia izaitekotan, basaburu haretan sor eta gaztetan hazitako neskatila harek haranaren goi alde larretsu hura beti maite behar zuen. Bera ere Zaragozan egondakoa izan arren, beti etxearen minez zegoen, egon, Ebro ondoko hiri handi aberatsean. Paris Zaragoza baino areago omen, handiago bezala aberatsago ere bai, eta bizitzeko leku hobea, nonbait han; alabaina, ez, inola ere, neska bakarrarentzat egokiena.
Goizean, beraz, Iñaki etxerean jalgi zen, Bordaxaharrerako txutxuan, Oihangurenera zihoan estartetik aurrera jaiteko.
Gogoan beti aspaldidanik ikusi bageko neska hura. Baldin, Parisen bizi bazen itxuraz ere aldatuxea egonen ahal zen. Hala izaiten beti, hots, hiritartuz gero, hala janzkera nola hizkera bera ere aldatzen, eta urrun egonez areago, beste hizkuntza bat ikasi beharra eta, areago. Gainera, halako etxe aberats batean neskame izaitea beti erraza ez, etxe handikian etsi behar eta, maiz, ezin. Nagusiak nolakoak. Etxandere handi-usteko burgoia izanez gero, gaixo neskame gaxtea: zeinbat burrufada jasan behar, zeinbat arbuio eta esmoilkeria! Maria Irache ez zen kikila. Ez zion inori burutik behera egiterik utziko, ez andere ez jaun izanagatik ere.
Aita zuen gizon latza. Inoiz gutitan elkarri hitz eginda eta Iñakiri ez zitzaion inoiz begiko. Beltzuntze beti, begitarte arrairik inoiz ez.
Alkatearekin haserre zenetik, lehen baino are gutiago jaisten zen, eta herrian hura ikustea ez zen ardurazkoa, azoka egunetan ere guttitan agertu ohi zen. Adiskiderik asko ez, antza.
Alaba ere ez zuen adiskide. Donostiako ikastetxe batera bidali zuenean, bide onera itzularaziko zutela uste zuen.
(Ikas-barnetegia zen. Berrehun bat ikasle bertan ikas eta bizi, eta asteburu batzuetan izan ezik, beste egun guztietan kanpora ezin zitekeen. Goizean goizik jaiki, berehala jatoki handian gosaldu eta bertatik meza entzundakoan ikasgeletara; ordu batean bazkaltzeko ordubetea, eta ordu bietatik seietara ikasgela barruan; atseden hartzeko aukera, zortzi orenak joa arte; abaria egin aurretik errosarioa eta hamar-hamarretan egoile guztiak oheratzen ziren. Larunbatetan berdin. Igande goizez, batzuk gurasoenera joaiten ziren arren, gehienak ez ziren inoratzen. Ez urrutira, bederen. Guti batzuk, igande arratsaldean Donostiako itsasaldera hurbiltzen ziren, osterattoa eginaz. Egunak hala eta asteak halaxe, urte guztian berdin.)
Maria Irache lehenengo urtean han egon zen. Inoiz ere ez zen etxeratu. Ama birritan joan zitzaion, aita behin ere ez, ikustaldiño bat egitera.
Ez zuen urtea ondo amaitu. Serora-buru nagusiak, lehen egunetik, ez zuen begi onez hartu. Neskatila arina iruditu zitzaion, pirrina eta egoskogorra iruditu. Izan ere, honelakoa zen. Igandeetan etxera joaiteko aitzakiaz, sarri, Donostiako kaleetan zehar ibili-zale eta, etxera bagerik hiriko hainbat tokitara hurbiltzen, zer ikus zer eros – diru poxi batzuk amak igorten zizkion – eta adiskide egiteko asmoz. Egin ere laster egin zituen, batzuk arrak besteak emeak. Barnetegitik at beste biziera bat bazela ondo ikasi zuen. Bai eta berak beretzat nahi zuen biziera serorena ez zela hausnartu eta erabaki ere.
Asteleheneko gosaritan, Goiherri aldeko baserri batetik etorri ikaskide baten alboan eserita, elkarrekin euskaraz hasi ziren. Ez zen lehen aldia. Atzetik serora bat, eta hizkera mordoilo zeritzon hura entzun zuen bezain laster, ama nagusiarengana joan zen, salatari.
Nagusiak, bi neskak gosaltzen ari ziren jarlekura hurrera, eta, ezer irautsi baino lehen, dzirt eta dzart!, zaplada bana eman zien, ustebagean harrapatu ikasleei. Mahai inguruan zegozen guztiak begira eta isilean gelditu ziren. "No quiero volver a oír ese lenguaje en esta casa. Esta es la casa del Señor; y el Señor no quiere oír más idioma que el que es de todos los españoles. En vuestras casas pueden hacer lo quieran, pero aquí se cumple a rajatabla la ley del Señor. Vosotras dos quedáis castigadas: el próximo domingo quedaréis en arresto" – ikastetxeko zuzendari nagusi zen serora, amorruz aurpegia gorritua, totelka mintzatu zen arren, larderiaz bezala harrokeriaz ohi zuen era berean ari zen, furfuria betean. Maria Irache zutitu zen, irri-arra baten, biratu zen samin-samina, eta serorari behako latza.
Zutitu egin zen. Zaplada ez zion bihurtu, ia-ia. Oro begira. Zer gerta gertatuko. Oinkada azkarrez jangelatik hanka egin zuen. Ez zen mezatara agertu. Egun osoan logelan egon zen; eta bertan alde egitea erabaki zuen.
Etxera ez zen itzuliko. Aitak ez zuen hartuko. Etxera ez zuen nahi baina beste lekurean bat bilatu behar zuen. Igandean, nola edo hala, itzuri eta astelehenean ez zen ikastetxera itzuliko.
Serora nagusiak haren asmoen susmoa hartu zuen. Ez zen halako zerbait gertatu zitzaion lehenbiziko aldia. Igandean erne egongo zen.
Beste gelakide bati zehatz agindu zion: Maria Irachegandik ez alderatzeko, eta barrutokitik jalgi-edo nahian susmatuz gero, berehala, bere bulegora eta jakinaraz ziezaion.
Igande goizean, logelakideak esnatu aitzin, argia izekitzeke, oherean jaiki eta, hotsik bat ere ez egiteko oinutsik, bere pildak poltsa batean bilduak, atera zen. Ordu haretantsu ogi-saltzailea jiten zela zekien, eta ibilgailua atari nagusitik sartzean, kale zabalera irteiteko eretia izanen zuela uste zuen. Arturratu baino lehenagoko une batez, atari ondora zen eta, saltzaileak atea zabaldutakoan, traska!, gegetegin zuen. Handik hara, kalez kale, eguna argitu bitarte.
Serora zuzendaria laster zen polizia-etxean. Iheskariaren berri zehatza eman eta bilaketan has zitezen. Ordurako, baina, Maria Irache adiskide ez aspaldiko baten etxean zegoen.
- Ihes egin dinat. Han barruan ez zagon giro. Euskaraz entzun orduko, zapladaka etorri zaigun. Horko serora nagusi horrek ez din onik euskaldunenganako. Egunoroko mezan, ez zion ahanzten ez, 'caudilloaren' aldeko otoitz bat egitea, ez hauxe!. Egun gaitzitu natzaion, erabat.
- Egon, lasai, Iratxe, hemen ongi hago. Lehenengo eta behin, gosaldu behar dinagu, bai, eta gero gerokoa – etxeko alaba adiskide berri zuenak haren egoeraz ohartu eta urgatzi nahi.
- Ni ez naun itzuliko. Itzuliz gero, horrek sorgin horrek ni makilaz astinduko nindiken. Bertze behin ere, txorakeria bategatik oloak gogorki eman zizkionan, Oihartzungo bati; zergatik eta, koaderno baten aitzinaldean itsatsita ikurrin bat ikusi ziolako. Aha, baina haiek kaperako aldarean Espainaren gorri-ori-gorria ederki zutikatua. Ez zionan, ez, makilkada biguna eman, bertze behin, neskatxa gaixo bati mutil batek igorritako eskutitza aurkitu zion batean. Esku luzeak eta intxa sakona ditin . Gorrototsua sorgina! Eta gorrotagarria! – Maria Irache guztiz ozpindurik mitzatzen.
- Bare hadi, Iratxe. Zer egin asmatuko dinagu. Oraingoz hemen geratuko haiz. Dena dela, kontuz ibili beharko dun, ehe, zeren, hire bila ibiliko baitira. Etxe barruan beharko.
- Bai, eta mila esker eman behar dinat, hire etxean hartu naunalako. Orain berean, ez dinat etxerik. Baina, zer etxe eta zer etxeondo izan zaidan niri serora horiena kartzela baino ez baita niretzat izan eta! Astean sei egunez atera ezinean. Igandeetan, berriz, askotan, hau dela hori dela, zehatua izan naun: batean, aitortzeko txandaren zain geundela, ondoko kide batekin ele-mele entzun eta atzeman gintuelako; bertzean, bazkari txarra eman zigutela eta jan nahi ukan ez nuelako; eta honelatsu bertze batzuetan – Maria Irache oro jaulki beharrez bezala, hitz eta hitz.
- Serora horiek ez ditun zerura joango. Jaungoikoak deitu zielako omen horiek hor, baina horiekin ibili izan den askori erlijiorako grina epeldu ez ezik hoztu ere izan zaion. Hi, Iratxe, ez haiz izan aurrena. Gure lehengusina bat ere hor egon zunan. Neska zintzorik eta onik baldin bazen huraxe. Zeruko txalo bat. Sinesten zuenik bazen, harexek sinesten zinan. Bi urte egin eta etxera itzuli zunan.
Ilunabar batean, behartsu zarpazikin zahar bat ager omen zedin. Egun osoan jateke eta goseak hilik. Gure lehengusinak atea ireki ziezaion, sar zedin barrura, sukaldera eta lapiko bete janari eman omen ziezaion. Hantxe, ezustean, serora nagusia ager. Zer ari zen eta galdeka, haserreturik. Gizonezkorik barrura sartzea guztiz debeku omen. Txirorik ez bat ere. Gainera, janari guztia behar zutela, barrukoak heuragi zirela eta. Agure gosezto hura bultzaka abaztorratu eta kalera bidal omen zezan. Gure lehengusina, zur eta lur, begira. Txiroa kale gorrian utzi eta atzera nagusia, eta berriz ere, agiraka. Harik ilabetera, Santiago eguna. Egun handia, noski.
Eguerdian meza, gotzain jaunak emana. Mezaz gero, ekandua hala eta, bazkaria. Hara non ager hiriko alkate jauna eta aialdekoak, oro gizonezko noski. Sukaldean, ohikoak eta beste zereginetako serora guztiak lan eta lan. Bazkaria egunaren neurrikoa behar! Mahai inguruan, etxeko serora nagusiaren ondoan aipatu prakadun horiek guztiak. Lehengusinak esan zidanez, harako bazkari oparo hura bezalakorik ez zinan inoiz ikusi. Izeba-osaben ezteietan ere ez. Bazkalondoko hitzaldian zein baino zein suharrago mintzatu omen zitunan gotzaina lehenik eta alkatea gero, Santiago santu ospetsua are ospatuago beharrean: batak' mairuak hilez Espainia kristautu zuelako; besteak' kristautu ez ezik Espainia itxi ere egin zuelako.
- Ez nain harritzen hire lehengusina handik jalgi izanak. Arnasa, han barruan, hatsa dun, kiratsa dun. Ok eragiteko modukoa – Maria Irachek bere barrua hustu nahi zuela zirudien. Etxe haretan luzaro egon zen. Harik hara, beste bide bat hartu zuen, eta urte batzuk geroago mugaz beste aldera ihes egin zuen.
Iñaki Oihanguren aldean zebilela, Gorostitzagoikora aspaldiko bat iritsi zen. Bidean gora beribil gorri bat. Ez zen land-rover edo antzekoa. Etxeko larrainera helduta, bertan gelditu zen. Leihora burua agertu, eta berehala iloba ezagutu zuen, beribil barrutik ateratzean.
- Bai, neu naiz, izeba. Hemen nago, aspaldiko – Iñigo beribil erosi berrian etorria.
- Zer duk? Zerk ekarri hau hona, onak ala txarrak? – izeba lehortto galdeka leihorean.
- Onak ekarri nau hona, izeba. Nola bizi gara, bada?
- Hemen betiko antzean. Zer moduz aita? – izebak albiste berriak ikasi nahi zituen.
- Bueno, han dago, buruko gaisotasunak sendatzeko egoitza batean, lehengo zoroetxe zen horretan alegia – Iñigok.
- Buruz ez ondo, noski. Inor ezagutzen du?
- Ez, izeba, ez du nehor ezagutzen, ni neu ere ez nau ezagutzen – Iñigoren erantzunaz bat izebak etxerako imintzioa egin zion.
Atari barrura eta mailadian gora sukalderaino sartu zen. Izeba suaren ondoan, lapiko gorriluna artatuz, babarrun beltzak bor-borka, eguerdirako prestatzen. Antzinako sukalde kerdartsu haren ordez, berritua oso bestelako zen, garbia oso, argirik ezean ere, zuritua zelako argitsuago askoz. Irratia piztua zegoen. Hormako egutegian, nekazari bat: soin handi, beso luze, sudur luzeago, txapel beltza buruan, idi-uztarriaren aurrean. Hizki larrizko "BANCO DE VASCONIA" idazkuna ikusgai. Ekainaren 7a zen.
Iñigok musu bi eman zizkion. Izebak mahai gainean kafea bete katilu bat eman zuen.
- Akeita ona beti etxe honetan, izeba.
- Aita, beraz, burua galduta zagok.
- Bai, hola erran daiteke. Egoitzan gurpil-aulki batean eserita daramate, hara-hona, baina, ez da bertze ezertarako. Burua zutik edukitzeko gai ere ez da – Iñigo zehazkiro.
- Aiko, lehengo burgoikeriak zertan amaitzen diren. Aspaldi handiko ene neba ez zuan ibilten, ez, burua zutik ezinean.
- Bizitza guztia gerra ukan zuen. Azkenean, izeba, ez gara deus.
- Hi, berriz, ondo bizi haizela zirudik.
- Ba, bai, izeba, eta berri ona dakartzut. Ezkondu nahia. Boda, beraz, izeba.
- Hori ez duk berri txarra. Norekin edo? Zeren, hiii, zera, ez haiz ibili bakar batekin, ene belarriek aditu izan dutenez – izeba ez zen etxetik urrutira joaiten, honelarik ere, norean edo harean, haizek erran-merran guztiak ekarri ukaiten zizkiola zirudien.
- Bueno, egia da, baina honekin egiaz ezkonduko naiz, behin eta betiko, heriotzak banan gaitzan arte. Como Dios manda, izeba – Iñigok txantxari gaina hartu nahian, izeba isekan hasiz gero, lotsa guztiak ateratuko zizkiola bazekien jakin eta.
- Ailedi egia! Ezaguna dugu? Herrikoa ote?
- Ez, Zaragozakoa da. Bueno, ez da nehoiz herrian izan. Hango hotel bateko nagusiaren alaba, hain zuzen.
- Diruduna, beraz. Ez zagok gaizki. Hi ere heure aitaren jitekoa, ehe! – Margarik kitzika egin zion.
- Izeba!
- Aberats usteko askoren atzean ibili zuan, bai, baina, atzenean hire ama gaixoarekin.
- Utz dezagun, izeba!. Zera, gure ezkontza Zaragozan ospatuko da, eta urrun dagoenez gero, zuek etortzerik edukiko ez duzuelako, pastel batzuk bidaliko dizkizuegu; Iñakik erretzen ez duelako ez diogu purorik bidaliko, baina, argazki handi bat bai horman eseki ahal dezazuentzat. Ezteiak, berriz, hiriko hotelik onenean ospatuko ditugu. Bazkari ederra izanen da, tripada beraz. – Iñigo pozez edo jarioan.
Halako zertzelada guztiak, zehatz-zehatz azaldu zizkion, haiek izeba-lehengusu haiek ezkontzara joaitea nahi ez zuela, nolabait, zuritzearren.- Ondo duk. Guk, ezkondu ginenean, hemen etxen ospatu genian. Bazkaria ere ederra izan zuan: oilo-salda, bildoski errea nahi adina jale guztientzat eta onkia: gozoki handi bana. Oro Larrarteko Maribeltxak prestatua. Esku ona zian. Sukaldari ona, benetan. Erriberako ardo gorritik edan ahala edan eta gero dantzan eta kantuan ilunabarrera arte. Hemengo irrintziak goiko tontorrean entzun ei zituan – izeba ere hitzetan, behar zenean, jakile zela adiarazi nahian bezala.
- Gu biharamunean ezkon-bidaian Madrilera joanen gara. Bueno, astebetez han ibiliko gara. Hagitz hiri handia dela erraiten dute eta ikusi nahi dugu, bai.
- Gu ez gintuan inora joan; biharamunean, idiak uztartu genitian eta lusagarrak ereiteko lurra landu genian. Halaxe behar, gero, ehun egunen buruan, jaten hasiko baginen. Nik, etxe honetara sartu nintzen egunetik beretik, egun bakar bat ere ez diat eman lanik egiteke. Ez zaidak, hala ere, damu; jaio eta ezkondu arteko etxean ere lanik egin bagez ezin bizi – Margarik.
- Azkenean Iruñean geratuko gara bizitzen. Doloresek ez du herrira nahi, ez du hona nahi, badakizu: kaletarra izaitea – Iñigok ere ez zuen herrira nahi baina estakuru ona zuen emaztearena.
- Kaletarra, eta hemen erdaldunak ez ohi dik ondo etsi, hots, lur honek ez ei dik ondo hartzen; hezea ei duk, hemen beti euria egin ohi ei duk; Iruñean ez zakiat, hor euskaldunen hiri buruzagia izan zen horretan, aittonaren hitzetan, agian Zaragozan bezala ezariko duk, ohituko eta bertako egingo – egotzi zion, bat-batean izebak ilobari begitartera.
- Bueno, izeba . Gu ez gara, tira zuek bai, gu, berriz, ez gara lehengo euskaldunak. Mendi hauetan leku politak badira, bai, baina, mundua zabalagoa da. Hirietan dagoen erosotasuna ez dago hemen, zera, bizitzeko eta behar den guztia... – Iñigok nola esan ez zekiela.
- To, lehengo euskaldunak ez garela? Euskaraz ari gaituk eta! Mundua bai zabala, baina, dirudienez, gu ez gaituk mundukoak, ez mundu honetakoak behintzat, antza guztiak direnez...
- Bueno, izeba, hemen bai, baina, hor herrian eta, hirian zer erranik ez, ez gara gehiago euskaraz mintzatzen.
- Aha! Hori duk. Euskara ardiekin hitz egiteko.
- Tira, izeba, zuek ez zarete nehoiz aldatuko.
Izebak ez zion gehiago esan. Ezkon-txartela hartu eta begira geratu zen. Irakurtzen ez jakin; baina neska polita zela iruditu zitzaion.
Bikote ezinago ederra egingo zutela burutaratu zitzaion, deusik aipatu ez zion arren. Argazki hura, gainera, harek ikusitako lehen margozko argazkia zen. Iñigoren gorbata gorrixta nabarmen jo zuen begiz. Ama aspaldian hila eta nor izango amabitxi – etorri zitzaion gogora berehala, itaundu ez zion arren. Ez zuen gehiago jakin nahi. Aita zoroetxean zegoela jakinda nahikoa zekien, ordurako.
Iñaki etxeratu zenean, Iñigo joana zen. Amak ez zuen betarik huts egin berria emaiten. Hitz gutitan oro azaldu zion.
- Ez gaitiztek ondoan ikusi nahi. Ezkonduko dela esatera etorri zaiguk, eta gonbidaturik ez gagozela esatera ere bai.
- Bo, deitzen ez duten lekura zakurrak doaz. Gu nahi ez bagaituzte, guk haiek ez ditugu behar – Iñakiren ihardespena.
- Horixe. Alabaina, horren aitak gure laguntza behar zuenean guk hemen hartu genian.
- Holakoxeak dira horiek: " behar haut eta hatorkit, behar ez haut eta hoakit". Horren aitak ez zion lagun egin nahi ukan gure aittonari, gartzelatik ateratzeko. Guk, ordea, beldurrez jota jin zenean, hementxe babes eman genion. Politikagatik hilko zuten beldur zen eta guri babes eske etorri zitzaigun eta guk, txotxolook, eman ere bai, merezi ez zuenari.
- Tira, seme, ez esan hori. Jaungoikoaren umeak gaituk, oro gaituk.
- Hori osaba hori, deabruaren seme ote den nago ni. Eta seme horren semea odol berekoa. Beti urguilu zoroan – Iñaki haserre antxean, osaba zoroetxean zegoela ez jakinik.
- Euskalduna ez dela esan ez zidak, bada! Halakorik! Hamaika entzuteko jaio ginela zioean hire aitonak eta egia! Anderegaia erdaldun hutsa, esan beharrik ez; eta senargaia, berriz, euskaldun kukua – Margarik zer zioen bazekien.
- Zer gara gu, bada, bertzela? Hori zoroa da! Baina ni ez nau ustebagean atzeman, ehe! Nik banekien, lehendik ere, nondik duen horrek koxka.
- Osaba, aldiz, zoroetxean zagok – jakinarazi zion amak, mintzaera aldatuz.
- A, bai? Egia erranen dizut, ama: ez zait harritzen. Hori osaba hori, umetan otto erraiten nion hori, bizian bezala hilko da. Guduan ez omen zen nehorengako erruki ez gupida izan. Nork egiten ote zion mehatxu, nork xantaia? Ez ote bere buruari mehatxu harek berak egin? Dirua galdatzen ziotela zioen, eta 'guardia civilak' beti adiskide ukan zituenak ezin zuen nehola era jakin nondik zetorkion zemai lazgarria? Hilko zutela eta hil eginen zutela zirauskun, eta etsaiak beti atzean ikusi uste zuen, eta? Beharbada, berak, ber-berak guduan eta, zera, erho zituenak mamu bilakatu zitzaizkion. Harra buruan zedukan. Luis nork hil zuen, bada?
- Hori inoiz ez diagu jakingo – amak erantzun.
- Guk ez, Oihangurenen bai, ordea.
- Utz dezagun hori – eten zion hizpidea amak. Hire lehengusu hori hagitz aldatua sumatu diat. Aurpegia eiharrago, hizkeran zantar, urtekide hau baina hi baino higatuago ikusi diat.
- Ez zait harritzen.
Iñigo, karrera bertan behera utzi eta gero, 'zerbitzua' egitera deitua izan zen eta Melillara egokitu zitzaion, zozketan hala beharrak bertara igorria, nonbait. Urrun eta ez arriskurik bageko leku haretara joan aurretik, aitak norbaitekin hitz egin omen zuen eta, herrian hala zen esaera, zerbait ordaindu ondorean, zotz egindakoen zerrendan semea lekuz aldarazi zien. " Zazpi pago lerden" esan ohi zen herrian aldaketa haren ordain.
Afrikako hiri zantar haretan, zeina, alderean alde, gudajantziz bizi ziren gizonezkoz lepo baitzegoen; emakumezkoak bitarikoak ziren han, batzuk gudagizonen emazteak, eta hauek beti egun argiz kaleetako denda, taberna eta loretegi ugarietan ohi ziren; bestetzuk, bide galdua harturik zuten ematxar lizunak, eta hauek gauetako argiz atera ohi ziren karriketara.
Iñigok ez zuen alde egin nahi, atseginetan bizi zelako; ez zuen, alabaina, gudagizon ere izan nahi, eta aitaren ordainen bitartez Zaragozara bidali zutenean ez zuen gaizki hartu. Urtebetea laster joango zitzaion. Hiriburua, ezaguna lehendik, maite zuen, handixkoa zelako, dantza-leku bat baino gehiago zelako, eta neska ederrak zirelako. Iruñea bestelakoa zuen. Noizbait askazia eratuko bazuen, Iruñera bihurtuko zen, baina, orduan Zaragoza maitale zuela esan zitekeen.
Hiri handi haretantxe Iñaki, gudetxean azken ilean, berari urtebete iruditu zitzaiona. Iñigok bazekien lehengusua han zebilela baina ez zuen honekin zer ikusirik ez inork ikusterik nahi. Beste gudetxe batean zegoen. Biak ibilitako kaleak, nonbait, ezberdinak. Iñigo, hala ere, 'la vasca' zelako jendearekin elkartzea atsegingarri eta, maiz, Ebro aldean zebiltzan menditar euskaldunekin batzen zen. Tabernaz taberna, haiek kantu eta kantu, edalontziak bete ardo eskuetan: "Que no somos de aquí, que somos de Bilbao, por eso llevamos chapela a medio lao". Giro hura maite zuen, bai, Iñigok.
Larunbat gau batez, hiri erdiko taberna moderno handi ireki berri batean abesten ari ziren unean, komandante gazte bat sartu zen.
Berehalako baten, isiltzeko agindu zien oihuz, eta oro isil. Bazterreko kadiran eseri-etzanda zegoen bat, ardoz basa-basa eginda loak hartua, bat-batean esnatu zen eta, zer gerta ez jakinik, garrasika hasi zen. Komandanteak, esku imintzio gogor batez, isilarazteko agindu eta ondoko batek ahoa estaliz isildu eragin zion.
- Están todos ustedes arrestados – jakinaraziz mintzo lakarrez zuzendu zitzaien.
Iñigo, bertan eta, zerbait esatera egin bezala higitu zen. Komandanteak gerriko pistolari eutsi zion. Han zegozenak geldi, txunditurik, zer zen eta ulertu ezinda.
- La policía militar les escoltará hasta el cuartel. Cualquier movimiento en falso le puede costar la vida a alguien – komandantearen atzetik gudazain batzuk agertu ziren.Fusilak eskuetan, tabernako guztiak inguratu zituzten. Kalean ibilgailu batzuk eta bete ondoan gudetxera jo zuten.
Komandantearen aurrean zut eta erne jartera behartu eta, gaueko hamarrak aldetik ordu bietara, hantxe geldirik egon ziren.
Komandantea, txitean bulego bateko leiho ostetik begira, pitean beste ondoko batetik so. Ordu bietan, aurrera agertu zitzaien eta, haserre sumindurik laso:
- ¡Ustedes no tienen dignidad! ¿Qué celebraban cantando? ¿El asesinato del general? Esta vez, librarán, pero si vuelve a suceder serán procesados por la vía penal y acusados de apoyo al terrorismo. ¿Han entendido? Inork ez zion erantzun. Isil. Komandanteak berriro, latz:
- ¡Contéstenme! ¡Si, señor!
Mutilek, aho batez, "¡Si señor!" ozenaz erantzun zioten. Iñigo ez beste zortziak ez ziren higitu. Zirkinik ere ez.
Gaueko hirurak aldean oheratu ziren. Biharamun goizera arte, ez zuten jakin zer gertatu zen. Egunkari bateko aitzinaldean, hizki handiz idatzirik zegoena irakurri eta. Komandanteak aipatu zien jeneral hura Madrilen tiro batzuez hil zutena izan zitekeen. Berria zehazten zuen idazkiak' dibisio-buruzagi nagusi bat, aurreko guduan merezimenduz hainbat izar eta domina irabazitakoa, Madrilgo bere etxetik gudu-ministerioan zuen bulegorantz zihoala, kale bazterreko espaloian geldirik zegoen beribil beltz baterean iraitzi bost edo sei tiroren ondorioz, zerraldo erori eta bertan hilotz geratu zela zioen. Hau gertatu eta behingoan, beribilak ihesari emanez, tirogile ha edo haiek Castellana daritzon etorbide beti ibilgailuz txil-txil egina ohi zenetik, hainbaten artean nahasiz, onditu eta itzaldu omen, norantz jo jakiterik ez baitzegoen.
Goiz haretantxe, harean ere, gudetxeko mutilen artean zirrara lazgarria eragin zuen berria, ordea, ez zen egunkarian agertu. Hil-beribil beltza atetik sartzerakoan, leihorean ikusi zuten bezain laster, norbait hil zela jakin, edo susmatu behintzat, zuten.
Atzulako atea itxita zegoen. Sarjentu batek hara inor ez sartzeko agindu zuen. Komandantea laster bertaratu zen. Egunaren lehenengo argi-izpiak, leiho zikin batean zehar, etxe barruko ibilgu zabalera sartzen hasiak ziren. Oin-hots azkar eta ozenak, isilaldi haretan ozenagotzen zirela, horma beilegiz margotu haien arteko oihartzun lodiak hedatu ziren. Atea zabaldu zenean, lau gudazainek, maindire batean bildua, besoz beso, zerbait zeramaten. Barlan zegoen beribil beltz luzean sar eta etzanik ipini zuten, emekiro. Ibilgailua ibilten hasi eta joan zen, albo bateko atari zabaletik kalera, eta errepidean aurrera hirirantz.
Zurrumurruak laster berria barreiatu zuen. Eskuturreko zainak ebaki eta bere buruaz beste egin zuen mutila, azkenengo bidalgaien saldoan etorritako soriar bat zen. Inor gutik zuen ezagun.
Aurreko egunean, komandantearen bulegora sartzen ikusi zuenik bazen. Ate ondoan, ohiz, bi mutil gudazain egon arren, sartze haretako egunean ez zegoen inor. Ikusi zuenak esanda, inguruko guztiek' soriarra deitu ere bagerik sartu zela zekiten. Ez zen hala ohikoa. Buruzagiak ez beste inor egoiteko tokietara sartzea debeku ezin urratuzkoa zela jakina zen; agindu zorrotzez itxiriko tokiak ziren. Ez zen, antza, sartu zen lehen aldia. Beti ordu bertsuan, hots, ilunabarreko zortziak irian; komandanteak bere etxera ohi zuen baino ordubete lehenago. Madrilen harako jeneral hura hil zuten ilunabarrean, komandantea mutilaren zain zegoelako hizkirimiri batzuk han-hemenka zebiltzan, mutil guztien mingainez mingain.
Bulego barruan zer gertatzen zen ez zen erraz jakitekoa, erraz asmatzekoa bai, ordea; edo susmatzekoa bederen. Komandantea gudetxetik atera zenean, bere beribil beltzean ohi laso, goiko solairutik, leihorean urrundik, ikusi zuen mutilak soriarra noiz gelaratuko, eta, halako arrats guztietan egin ohi zion eran, ordainaren zati bat galdatuko zion.
'Ruiz el loco' esaten zioten gaitzizenez. Kartzelan luzaz egondakoa, bere gaztean, soriarra 'club' batean ezagutu zuen. Gudetxean berriro ikusi zuenan, txantaia egiteko amarrua asmatu zuen. Llera komandanteak bekatua zein zuen laster igarri. Soriako mutil biguna haretarako eta harentzat berebiziko izango zela otu zitzaion, eta 'El loco'-k hala eratu zuen. Soriarrak diru pixka bat irabaziko eta berak ordainaren erdia jasoko zuen. Komandante gozozale lizunak, irritsean gozatu nahi bazuen, gogara ordainduko zuen.
Soriarra ez zen agertu. 'El locok' berantetsi eta, susmo txarrak hartua ere bai, gelatik behera jo zuen, bulegora bidean. Zaintzaileak izan ezik, beste mutil guztiak, edo nor bere ohean alperretan etzanik edo inguruko kaleetako tabernatara edo antzeko tokietara joanak ziren, eta, beraz, ez zuen inor gutirekin tupust egin. Bulegoko atea itxita zegoen. Mailadi batzuetan behera eta barla ondoko atari nagusian zaintzaile bi. Soriarraren zantzurik ez. Beharbada, komandantearekin, beribil barruan, joana izanen ahal zen. Ezarian bezala begira eta begira aritu zen, norbaiten bila bailebilan, eta hala zebilen. Ez zuen soriarra inon ediren. Oheak zegozen gela nagusira itzuli zen.
Biharamunean, leihorean urrundik, maindire batean bildua zerbait zeramatela urkustean, susmoak jo zuen 'El Loco'. Ez zen belutu berria, aho-mihitan, bere belarrira iritzi zaitzaion arte. Atzula barruan, odol lehortuzko litx baten gainean hilotza aurkitu zuen mutila, bertantxe konortea galdu eta lurrera erori zen, ziplo. Beste bigarren batek ikusi eta oihuz gorpu haren aldarri egin zuen, bere onetik aterata bezala, asalduaren asalduz. Mutil multzo bat hurreratu zen. Laster baten, albiste gaitza gudetxe osora barreiatu zen.
Leihorean urrundik ikusi zuena ikusita, 'El loco' ez zen bere ohe gainetik egun osoan jaiki. Heriotza haren errua berari egotz zekiokeen beldurrez edo, norbaiten erpai bezala zetzan. Lasai eta begiak inora begira bagekoaren antzera. Halako egun haietan txantaia egiten zion, ordainaren zati bat, esku-diruz jaso eta kentzen baitzion; baina inork ez zuen mutila hiltzen ikusi, eta ez ziezaioketen, beraz, inola ere berari errurik egotz.
Inori egoztekotan, aldiz, komandanteari berari. Aspaldi jakina zen, esamesak halakoak eta, komandante asturiar harek guduan hainbat lagun hil zuena. Ez zen, bada, oso harritzekoa Soria aldetik bidalitako mutil lirain haren heriotzaren gibelean komandante hura izana.
Buruzagien artean, begi onez batere ondo begiratzen ez zionik asko zegoen. Llera komandantea gorrotagarrizko izaera larderiatsuko gizon ankerra zen, izan ere, inor ankerrik bazen ankerrena.
Iñigo bertara zen eta egun berean ikasi zuen lehen gaitzizena, harena zen, hots, ile urdineko komandante behakune zorrotzeko gudamaitearena: 'Eljoputa'. Harik luze bage, gudetxe haretatik beste norabait bidali zuten.
Urte batzuez gero, orduko jazoera haiek eta beste askoz gehiago, han jaulki hor entzun hemen bapikatu, ahotik ahora ibilian-ibilian joaiten ziren, egiak gezur bilakatuz usu eta ez gutitan gezurrak egia bilakatuz.
Baina herrian hedatu zen sorberia bestelakoa zen. Iñakik ez zuen sinetsi nahi. Osaba Carlos burua galdua zela jakin zenetik, sua lastategian bezain arin hedatu zen, isilka-misilka, haren semea errudun zelako hizkimizkia. Bordaxaharren, mehatxuzko agindua jaso baikoz utzi zituen diruak, luzaroan zuloan inork hartzeke egon eta gero, semeak beribil bat erosiz xahutu zituela susmatzen zuenik ere ba omen zen. Iruñeko lagunen artean ederki ospatu zuten, esaera zenez.
Osaba etxean babestua eduki zuteino, semea behin baino ez zitzaion ikustera jin, eta aita-semeak haserretu zirela joan zen Iñigo. Egun haietan herriko horma batean beste pintada bat agertu zen. Ez zen, beraz, atsedenik ez babesik osabarentzat, ez behintzat herrian, eta harik laster, Burgos aldera ihes egin zuen. Urrunago eta lasaiago biziko zela uste zuen. Ez zen hala gertatu, ordea. Zemaia Burgosera iritsi zitzaion. Etsaiak atzetik zihoazkiola eta etsita.
Iñakirekin ez zuen inoiz harreman onik, eta zer jazoten zitzaion, benetan, ez zekien.
Azken eskutitzak min handia egin zion. Buzoira eskua sartu bezain laster, bihotza pil-pilka hasi ziotzaiola sumatu zuen. Ez zen berehala kikiltzen, baina zemaia gero eta hurrago susmatzen zuen.
Pistola beti besapean zebilen. Lehengo handi hura ez, beste tikiago bat erosi zuen galtzarbeko sakelan eramaitekoa. Kalibre tikiagokoa baina behar zuenerako nahikoa Inork bera hil nahi izanez gero, berak hura aurretik eroango zuen. Gudatean eta, hala, batzuk aurretik kendu zituen. Zaharra izaitea, beste oztoporik ez zuen aitzakia. Noizbait hil behar, bai, eta bera ere bazihoan.
Herriko gazte batzuk izango zirelakoan zegoen. Guztiak ezagunak, umetatik ezagutu ukan zituenak, arauz. "Kapitalismoa akatu"elizako arkupeetan idatzi zutenak, nonbait.
Eskutitza ireki ez ireki, zalantzan egon zen. Jasotako hirugarren zemaia, azken urte haretan eta, zer egin ez zekiela, alkate berriarengana jo beharko ote zuen. Ez ziren elkarrekin inoiz hitz egindakoak, batetik zahar-gazte, bata zahar bezain bestea gazte baitziren; bestetik, bera karlista eta udaletxeko agintari berria, aitzitik, bere esanetan "gorri separatista amorratua". Halakoekin hitz egitea ezertarako ez zela uste zuen. Seta gaiztoko erizten zien.
Ireki zuen, azkenik. Makinaz idatzitako eskutitz laburra zen. Bost edo sei lerro baino ez. Goialdean bere izen-abizenak gaizki idatzita ikusi zituen: "Carlos Txapartegi Ollokieta". Ez zioten "jauna" ez agurrik edo antzeko hitzik. "Egun batzuen buruan, dirua erran lekuan utzi ezik, zure kontrako ekintza gogorrari ekingo diogu. Ondorio latzak izango dituzu. Kasu! : ez zaitez joan, nehola ere, guardia civilengana, zure lagunak izan arren, bertzela txarrago izanen da eta. Ez ahantz eta eramazu dirua plastikozko poltsa batean. Ez egin bertze lelokeriarik. Bueno, oraikoz aski". Amaieran ere agurrik ez, ez egunik ez nondik bidalitakoa zen.
Dirutza zen. Biharamunean, aurrezki kutxara sartu aurrez, etxeko zaborra biltzeko erabili ohi zuten poltsa bat zeramala, euritakoa itxi zuen. Xirimiria zinotson. Baina bere burua, nolabait, ezkutatzeko zeraman. Beribila etxeko tegian utzi zuen, oinez joan eta bankura sartutakoan, zuzendari ezaguna zuenaren bulegora jo zuen. Ez zion aditzera eman, inondik ere, zer zitzaion gertatzen, elkarren ezagunak izan arren, halako egoeraren berri inork ez jakitea nahi zuen eta. Dirua eskuratu behar zuela, besterik ez. Lehen bai lehen, gainera. Asko zela, eta egun batetik bestera hainbesteko dirutzarik eskuratzerik ez zuela adiarazi zionean urduritu zen.
- Biharko ezin da, etzirako agian bai, etzidamurako hobe. Hau dirutza hau batzea kutxak ez du bertatik bertara egiterik – sukurtsaleko zuzendariak.
- Egin beharko, bada. Egizu behar duzun guztia lehen bezain lehen. Horren premia gorrian naiz – Carlosek.
- Mailegu bat nahi baduzu, zerbait egin ahal dugu – bankariak.
- Ez, neronen dirutik nahi dut. Sal itzazu berehala akzio guztiak eta dirutuz gero eskuan nahi dut. Dagoena orai berean eraman behar dut, gainerakoa biharko behar dut, eta egizu behar duzun guztia eta gehiago – urduri zegoen Carlosek atzera.
- Horren premiazkoa bada, egin eginen dugu, baina etzidamu arte iguriki behar izanen duzu, nahi eta ez. Madrildik ekarri behar baita zuk nahi duzun besteko diru kopuru handia. Asko galdetzea ez bada, itaun al dizezazuket zertarako behar duzun horren laster horrenbestekorik? – zuzendariak.
- Hori niri neuri ez bertzeri doakiona duzu.
- Jakina. Hemen laguntzeko gagoz, eta nire esku dagoen edo legokeen guztia egiteko gerturik nago, eta egin eginen dut, ez izan zalantzarik. Zu zarena zarelako, guztiz ere.
Atzerako bidea hartu zuen, eta etxe barrura sartutakoan semeari telefonoz deitu zion. Iruñean zebilen. Karrera bukatu nahi zuen eta, urte biz gibeleratua bazen ere, azkenengo ikasturtean ziharduen. Bukatu eta laster gudu-zerbitzua egitera joan beharko zuela bazekien.
Aitaren deia ez zitzaion ustebagekoa, ia egun oroz deitzen zion, eta hitz egiten hasi bezain laster biziki urduri zegoela sumatu zuen.
Larri dagoenaren hizketa trakestua antzeman zion, zerbait esan nahi eta zer esan ez dakienaren antzekoa. Aitak ororen berri eman zion.
- Galdegin didaten dirua han goian utziko diat, suge horiek agindu bezalaxe; baina, 'guardiak' jakinaren gainean zagozak. Nire atzetik igoko dituk, mendizale hutsak bailiran, eta bertan, eskuak saltsan, atxilotuko dituztela badiat uste – zehaztu zion semeari.
- Ederki egina, aita. Baina, hemendik alde egiteaz hausnartu behar duzu; zenbat eta urrunago hobe, bertzela horiek zital horiek ez dizute bakean bizitzen utziko. Burgosen seguruago izanen zara – Iñigo telefonoz beste aldean aholku egile.
- Hori eginen diat. Honik aitzina, hobe dikeat. Etsaiok hemen ditiat, herrian berean, doilorrak alaenak! – aitak sumin-sumin.
Gehiago ez zuen jakin nahi Iñigok. Bordaxaharreko zokondo guztiak ezagunak zituen, gaztetto zela, Iñaki lehengusuarekin, bertan emaniko egun-gau politak gomutan. Aspaldi haraino igo bagerik zegoen arren, hurrengo astean joanen zen. Mendizale antzean, noski; bizkarraldean motxila, eskuan makila, buruan txapel beltza, oinetako sendoak jantzita.
Zaragozan ezkontza ospetsuro egin zuten, ezteiak ere bezainbestekoak. Iñigoren aldetik hamar bat adiskide izan baziren, Doloresen aldekoak, berrogeitik gora senide, ahaide eta adiskide elkartu ziren gonbitean. Nabarmenak, berriz, ezteietan ohi baino areago, emakumezkoen janzkiak. Zein baino zein apainago, batzuk luze bestetzuk motz, askotariko gonak, margozko kapelu handiak, zapata distiratsuak... zer ez zen han ikusgarri. Hotelean jaia gau osoan luzatu zen.
Katedralean ezkondu ziren. Zaragozako goitzainak prediku gozoa egin zien, hitzetan leun-leuna, esamolde argitsuz josia, etorkizunerako aholku egokiz bete-betea. Aita bertan ez izana tamalgarri zuen Iñigori atsegin handi izan zitzaion, gotzainak aita goretsi zuen unean, batez ere:
- Él no puede hoy recordar todo lo que hizo al servicio de Dios y de España, pero nosotros siempre recordaremos el heróico valor de aquellos que se alzaron un día, detrás de esta bandera, contra los enemigos de España, que por ende lo son de Dios – esan zuenean Iñigori malko bat isuri omen zitzaion masailean behera.
Zaragoza utzi eta Madrilera, ezkon-txango luzeaz bezain atseginaz gozatzera, hoteleko nagusiaren beribil berrian joan ziren, ' guardia civil'-ohi bat gidari. Astea izango zena bi aste bilakatu zen. Aste eztitsu bi.
Aita Burgosen zegoen, ordurako, hobeki esan behar bada, zetzan. Ez zuen inor ezagutzen. Burua galdua zuen. Azken egunetan, aulkian eserita burua dingilizka bezala zuen, ezin eutsirik. Begirada zuria, ezpainak oker, ez ikus ez mintza ez entzun. Hil-zorian zegoenean, Iñigori Madrilera mezu bat igorri zioten. Egia esateko, ez zuen nahibage latzik sumatu. Hurrengo astelehenean Burgoseratuko zen.
Iritsi zeneko aita hila. Gorpua erretzea erabaki zuen.
Aitak, beti, herriko hilerrian eraiki panteoian ehortzia izan nahi zuen eta hala esan izan zion, behin baino gehiagotan, semeari. Honek, hil eta gero, ez zion jaramonik egin. Ez zuen herrira eraman nahi ukan; izan ere, harez gero, nor zuen herrian adiskide? Inor gutti: zaharrak aspaldi joanak ziren, gehienak; gazteak, berriz, adiskide ez.
Amaren hilobia han zegoen, aspaldi handian lorerik bage.
Gorpua labera sartzaieran, semea erne zegoen, adi-adi begira, beltzuntze, bere baitan "batzuk ez dira garaiz hiltzen" oldozten ari bailitzan. Ez zen joanen, ez joan beharrik, herriko hilobira loreak ipintera. Errautsak, Burgosko ordoki idorrean sakabana litezen, haizeari emanen zizkion.
Iñakik inoiz ez zuen nahi ukan, osabaren antzera, bere herritik at bizi ez hil. Errioxara behartuta joan ala ez joan erabaki behar zuen, eta hala egin zuen. Urte batzuk lantegian, gaxtetarik, eta egun batetik bestera, zirt edo zart egin behar eta, lantegira urruneko beste herri batera eramanen zutela, eta etxean ama bakarrik utz ala lanari utz hautatu beharra. Enpresaren ugazabak azken aukera eman zionean, "ultimatuma" alegia, haren hitzetan, argiro egotzi zion aurrez aur, aitonak behin irakatsi zion era berean: "Ni txiro hilko naiz, baina Euskadin". Gómez-Agotek ez zion deus ihardetsi.
Enpresa berria eraikita zegoen, langileak bertara lekualdatu nahi zituen eta ez zion beste aukerarik emanen. Legearen ariora, urtekal hainbat diru eman behar zion, ordainetan. Bulegoko armairu batetik burdinazko kutxa astun bat atera eta, diru-paperak ondo banaka zeinbatutakoan, eskutik eskura, goma batez bil-lotua, sorta bat eman zion. Iñakik ez zion hitzik egin, jaso zuen, eta bulegoko ateaz beste aldetik itzaldu zen.
Axpaldi elkar ikusi ez eta egun batzuk geroago, Labandibar karrikan zihoala, buruz buru. Elkarri agur hotza egiten zioten, aspaldi haretan, baina Iñakik land-roverra geldiarazi zuen.
- Aupa, Labandibar – egin zion agur.- Zer dugu, bada? – hotzik sindikalista ohiak.
- Lantegitik kanporatu nau – Iñakik hitzetik hortzera.
- A, bai?
- Zutaz oroitu izan naiz – Iñakik, apurka-apurka, barruko zama arindu nahi bailuan.
- Zer dela eta? Zu ez zara, bada, nehoiz langile txarra izan. Ni ere ez nintzen baina, langileriaren aldekoa bai neu, eta...
- Bai, badakit. Ni Logroñora eraman nahi ukan nau Gómez-Agotek, eta neronek nahi ez – Iñakik atzera.
- Gómez hori, ez al zen bada, zuretzat "jaun Hilarión"? Horrek Logroñora zu ez; zu ez ezik lantegi osoa ere eraman nahi du. Eta eroan egingo du. Honi, badakizu birmoldaketa erizten diote. Han langileak merkeagoak, jakina.
- Zu gurekin izan bazina, behintzat, zerbait egin ahal ukanen genukeen; baina neu bakoitzik, ezer ez naiz– Iñaki tamala agerian mintzo; damu ere ageri, izan ere, Labandibar kanporatu zuenean, ez zen ezer egiteko gai izan, lankide zuen haren alde.
- Aha! Orain bai? Orain nitaz oroi? Ni kanporatu nindutenean zuetako nork zer egin zuen nire alde?
- Egia diraustazu, Labandibar. Ez pentsa damu ez zaidanik, anitzetan.
- Orain berandu, motell, belu, belu! Langileen arteko herraz eta gerraz, lehiaz eta norberekeriaz ondo dakite onura hartzen enpresario horiek guztiek. Gu elkarrekin ez bagoaz ez gara deus. Behargin merke eta otxan-otxanak nahi dituzte, beti, enpresarioek, hemen eta inpernuan berean ere. Hau orain eta beti. Horiek ez dute dirua besterik maite.
- Hori ere egia duzu, Labandibar. Aitonak erraiten zidana: " Horiek aberria sakelan zadukatek".
- Aberririk baldin balute – labandibarrek gehitu zuen.
- Tira, bada, adixkide, hau noizbait aldatuko da – agurtzerakoan Iñakik.
- Guk zerbait egin ez bageneza ez – erauntsita alderatu zen.
Iñakiren land-rover zaharra aurrera joan zen. Ostatuaren ondotik irago zenean, ez gelditzea erabaki zuen, ohiz egiten zuenaz bestera, eta etxerantz jo zuen.
Labandibarrek esandakoaz gogoetatsu. Hiru edo lau urte lehenago lantegitik egotzia izan zen, eta harez gero lanik bage zegoen.
Orduan, berrogeita hamar bat urteko zela, inongo lantegitan ez zuten hartu nahi langile. Herrirean at joan zen, Donostia aldera, eta, itxura guztien arauera, ez zuen asturu onik ediro. Leku guztietan langile gazteak nahi omen zituzten, berrogei urtez beherako edo, eta Labandibar, urte luzez lanari eragonik ere, atuna edo bestela esanez haztura handikoa beraz, lan berrietarako, zaharregia zen, antza.
Iñakik ez zuen besterik buruan, hots, lanik begetua izanez gero, zer egingo, nora joko, zertatik biziko zen. Etxean nahiko lan, bai, baina, behi batzuk eta ardi batzuk ez zituen aski, biziera behar bezalakoa aitzina eramaiteko. Lehengo garai haietan, behi bat eta berrogei ardi etxean edukiz gero sendi osoa bizi ahal zen, hamar bat oilo landetan aztarka eta txerri gizen bat urte osorako haragi emaile gehitzeaz bat. Soroan artoa eta babarrunak ederki hazten ziren, elkarrekin, bata bestearen lagun, eta uzta ona bilduz gero, ia urte oroz bezala, gosea ohiltzen zen. Udazkeneko egunak, gaztainadi zaharrean, bil eta bil emaiten zituzten, eta, ez beti baina urterik gehienetan, neguan gaztaina janez asetzeko lain etxeratzen zuten; harriz eraiki hesi biribil baten barruan gorderik, morkotsak ustel eta aleak zurezko matxardeaz batutakoan, danbolinean erreak gauetako abari ezin hobea egiteko. Urte zahar haiek, baina, joanak ziren.
Albitzarriko gaztainondo lodiak aspaldi eiharturik, barru-huts, adarge, antzinako zuhaitz lerden haien gorpuzkin hilak baizik ez (Egun, ez da hango gaztainondoen hondarkina baino).
Ez zen ibiliko, lantegiz lantegi, herri baterean bestera, lan bila, kurrikulum bat hemen beste bat han utziz, eskale baten antzera. Jakin zuen, gainera, hainbat tokitan eskaintzen zituzten lanaren ordaineko sariak urriak baino urriagoak zirela. Egunean hamar bat orduko lanaldiaren ordainez, astean bost egunetan, ilean jasotzen zen soldata ez zen, etxerik askotan, lauzpabost kideko sendian ilabetea ondo, esatearren, bukatzeko adinbeste. Ez zen joango inorengana, diru eske joango ez zen era berean, lan eske. Lur-sail handiagoa balu, bederen, artaldea handituko zukeen; urtean artxumeek, hamarna mila pezetaz, hor nonbait, salduz gero, diru poxi bat eskuraraziko liokete. Behi batzuk behar lituzke, haragitarakoak, ez esnetarakoak, zerbait gehixeago irabazteko, eta honetarako pentzeak ere behar.
Azken urteetan, etxean berrikuntza handiak egin zituzten. Aita hil ondorean, teilatua, hondatu xamar zegoelako, osoki berritu zuten.
Zurezko egitura onik zegoen, haritzezkoa baitzen iraunkorra oso, buztinezko teila zaharrak, ostera, urteen urtez eta hotz-bero handien eraginez kaskalduak ziren. Lau hormei, alderean alde, zuritu ederra eman zioten; eta barruko gela guztietako hormak, zuriz nahiz urdinez, margoztatu zituzten. Ukuilua bera zeharo garbitu zuten, kareaz zuritu ere bai, eta antzinan eginiko zurezko askak hormigoiz egin zituzten, lur hutsa zen zorua ere hormigoiztatu zuten; eta, gainera, gorotz-meta barruan zegoena landara eta etxetik urruntto atera zuten, honela txukundu bai eta osasun aldetik beste garbitasun bat eman ere egin zioten.
Besterik ere irago zitzaion burutik. Ez zen erraza izanen, baina Gorostitzagoikoa eta Oihanguren batu ahal balitez, larre, pentze, soro eta baratzetan zer nahi eta zeinbat nahi eta gehiago ukanen lukete. Artalde ederra osa liteke bien artean; gainera Huntzorrietako lur-sailak ere gehitzea lukete, eiki. Agian, urte batzuk lehenago saiatu izan balitz; ordurako, baina, berandu gerta zitekeen; joango zen, beste behin, ea, behingoan, etxean ediren ahal zezakeen, nahiz eta azkenengo urteetan elkar ikusteko eretirik behin ere ez ukan.
Oihanguren aldera hurrandu zenean, eguzkiaren lehen izpiekin batera, zakurra baino ez zuen atarian aurkitu. Oinez zihoalako, etxeko inork ez zuen urkusi eta, lehenengo zaunkadaz oharturik, etxeko jaunak leihora zenean Iñaki ezagutu zuen bezain laster, andereari irteiteko agindu zion, ea arrotzak zer nahi zuen.
Gizaseme zaputza zen txit. Karrikan inoiz edo behin inork ikusten bazuen, zerbaiten bila edo jaitsia zela bazekien, azoka egun batean edo antzekoan ohiz, ez bestetan. Gudatean zitala zela zioen esaera guztiz hedatua zebilen; Ataungo gertaeraz gain, beste hainbatez ere ba omen zen esatekorik.
Herriko mutilen artean gudura joan zen gazteena, ehiztan ia umezarodanik ibilia, laster zen 'tertzio' zeritzoten taldeko ausartenetan lehena. Begia norengan ezarri eta bala bertan. Hala erakutsi zuen, harro, arrats batean, Goikolandako aitaita zaharra tiro bakar batez hil zuen haretan.
Agindua mendiko tontorra hartzea zen. Arro barrurrean gora igo ziren. Berrogeiak ter-ter-ter, giza-lerro bi eginik, etsaia zanpatu behar eta grinaz beteak. Gaua goian emanen zuten, lasai asko, gurendaz gozatu ondorean, noski. Aldats gogorttoa zen igo beharra. Hasierako ibilera arina geldotuz hurreratu ziren, azken maldako harkaitz sakabanatuen babesetan ostenduz-ostenduz. Etsaiak, agian, ustebagean harrapatuko zituzten. Gaua laster, uda beteko beroan eguna luzea izan arren, eta haien usterik ez zuten, agian, izanen etsai beldurtiek.
Mendian gora, gainerainoko hondar malda soila zen, ez harkaitzik ez zuhamurik, are zuhaixkarik guttiago, eta gizonak soina makur-makur eginaz, burua lurraren abaroan bezala, igo beharra zen. Hogei bat metro, zorrotz, eta gainean izanen ziren.
Tontorraz beste aldera iheska etsaiak irudikatu zituen. Bihotza lehertu beharrez ari zitzaion, biriak ito larrian, begiak sutan. Hamar metro baino ez eta etsaiak mendean hartuko zituen, eta bertantxe hil ere eginen zituen. Fusila prest zeraman, tiro egin aginean. Ez zen deusik entzun. Azkenengo oinkadak eta goian. Hantxe zegoen. Harri baten antzo. Etsairik ez inon. Beste arro aldera begira jarri zen eta inor ez. Tontor ondoko harkaitz beltz baten gainean, makila luze baterean esekita, oihal bat haizeak biziki astindua ikusi uste zuen.
Gudakideak iritsi aurrez hara, eta, zarraast!, oihalari tenk eginaz erauzi zuen. 'Tertzio'-ko buruari eman zion.
- Bravo, Oyanguren. Esto es un trapo de los separatistas; tú lo has conquistado heróicamente, por lo que remitiré un informe al mando, para que te concedan alguna medalla, por tu mérito.
- Ya, pero, a nadie hemos matao; yo no ando pa'coger trapos, ¡al énemigò hay que matar! – Migeltto sutsu.
- Creo que alguien le ha avisado de nuestra ofensiva y ha huído, antes de enfrentarse valientemente – 'tertzioburuak' mutilei begira,inoren susmorik edo bailuan.
- Si álgunò ha véndidò al énemigò, aquí mismó hay que mátarlò, ehe. ¿Quién ha sido, pues?
- No, Oyanguren, no me refiero a ninguno de nuestros hombres. Todos somos uno para todos, un pensamiento único al servicio de Dios y de España. Pero en estos caseríos de estas montañas tenemos muchos enemigos. Uno de ellos nos ha traicionado. Hay que dar un escarmiento. ¿Ves aquél caserío, Oyanguren? ¿Ves al viejo que está sentado ante la puerta? Aquél es el traidor que ha dado aviso de nuestra subida por el barranco, y el enemigo ha tenido tiempo de huir.
Hau zirautson eta bukatu baino arinago, fusila Goikolandako aitaita harenganantz zuzendu zuen. Aulkian eserita zegoen, bi eskuez makila bati zeutsola, arrats gorriko eguzkiaren azkenengo izpien beroaz atseginean. Hots bakar bat entzun zen, oihartzunak mendiarte osora zabaldu zuena, eta liparño baten ondorean, urruneko agure zahar hura lurrera erori zen. Fusila eraitsi zuen. Bere kideei begirada harroarekin bihurtu zen.
- Hombre, Oyanguren, joder, yo no te he ordenado nada; hay que tener disciplina. Pero, bueno, has dado en la diana, has cazado una buena pieza. Hoy cenaremos jabalí – adiarazi zion buruzagiak, eta barre-algaraka hasi ziren, entzule zituen 'errekete' guztiak.
Guda osteko egun alaietan harako zer hura, gertaera hura, Migelttok berak maiz jaulkitzen zuen, lagunarte patxadatsuan, harro baino harroago. Beti ehiztari onaren ospea, egiaz irabazia, areagotzen zuen.
Halakoxea zen. Azken urteetan basoan bakarti zebilen. Iñaki urrundik ezagutu zueneko, etxe osteko atetik jalgi zen. Ez zuen auzo zuen harekin hitz egin nahi. Artasoroan barrena, haitzurra lepoan, aldendu zen. Etxeko anderea, Juana Maria, jaitsi zen.
- Zer dugu? – agur hotzez hartu zuen Iñaki.
- Hemengo aldi. Egun on dizula Jaungoikoak – Iñaki amultsu agertu guran.
- Jainkoa beti gure alde izan dugu, zorionez.
- Zera, aspaldian, aspaldi bai, ez dut ikusi Maria Irache...– ausartu zen behingoz Iñaki, eta amak eten zion.
- Ikusiko ere ez, berehalako baten.
- Non dabil, bada? Eskolan elkarrekin ibili eta...– ez zuen bukatu.
- Ez dabil hemen – amak lehorki.
- Tira, bada, emaizkiozu goraintziak. Urteak dira baina... – zerttobait adiarazi nahi zuen baina ezin.
- Etor ledinean eman niezazkioke.
- Urrun al dago, bada? – Iñakik hoboro jakin nahi zuen. Parisen zegoelakoa egia ez baitzen.
- Batek daki – neskaren amak su batek hartu eta gorritua erantzun zion.
- Amak ez badaki, nork dakike? – Iñakik jakin-minez areago jota leun-leuntto erasan zion.
- Bada, horren amak ez daki. Jakin ere, deusik ez; eta jakin nahi ere fitsik. Agian, zakurra hil eta gero amorrua hila izanen da – luzatu zen etxeko anderea, beti beltzuri.
Iñaki isildu zen. Ez zuen ondo igini, ez zuen zer esan nahi zion ulertu, baina han gelditu zen; elkarrizketa bere laburrean motz.
(Urteak ziren, alaba ihes eginda zegoela. Adiskide haren etxean zazpi-zortzi astez egon eta gero, adikisde biak mugaz beste alderatu ziren. Poliziak, beribil bat lehergaiz kiskalita agertu zenaz gero, norbaiten atzetik zebilela, zerbaiten aztarrenatik haria luzatuz, neska biak bizi ziren etxera jo zuen. Aurreko gauean, irratiaz albiste latz bat entzunda, baina, biak etxetik alde eginak ziren. ' Guardia Civilek' atea danbada gogor batez zaparreatu zutenean, gozieko bostak ziren. Etxea hutsik. 'Guardiak' tarrapataka sartu ziren, kasaila gorrian, iskiluak aurretik. Gelaz gela, ate guztiak apurtuz sar eta ikus, eta azter eta 'cetmeak' artez, eta tiroka hasteko gertuki. Bizitoki osoa azterturik, ez zuten inor tupustean hartu. Inor ez.
Irratian hedatu albistea egia izaitekotan, 'guardiek', atzetik luzaz jarraiki eta gero, neskaren lorratzak herriko etxe zahar batera zihoazelako, etxea inguratu zuten. Barruan bilatutako neska. Atea porroskatu eta bertan, neska ohean iratzarri berri eta guztiz ustebagean atzeman zuten. Neskak bere pistola hartzera egin omen zuen. 'Guardia' batek besotik oratu zuen. Ondoan zegoen beste batek pistola buruan ipini zion. Garondoan tiro egin zuen.Hantxe bertan hil zuen. Neskaren lepoalde osoa odoleztatu zen. Ondoan zegoen beste 'guardiak' lagunari, behingoan, "Así no" oihu egin zion. Hilotza zoruan utzi zuten.
'Guardia' guztiak kalera atera ziren. Epaileari deitu behar zioten. Hau etorri arte ezin zitekeen, legearen arauera, gorpua jaso. Ordu bi joan ziren eta epailea agertu zen. 'Guardia-taldeko' buruak lagunduta etxera sartu zen. Neska hila gelako zoruan zetzan, ahospez.
"Se ha producido un forcejeo entre mis hombres y la terrorista, de resultas de lo cual se ha producido un disparo fortuíto que le ha ocasionado una lesisón en la cabeza, como consecuencia de la cual ha fallecido" – azaldu zion sarjentuak eta epaileak idatzi txostenean honelaxe agerrarazi zuen, hitzez hitz. Albiste hau entzunda, Maria Irache adiskidearekin etxetik itzuri zen.) Ez zeroan besterik buruan, Oihangurendik etxerakoan. Gorrotxaren errautsak herriko mendirik garaienean haizeratu zituzten. Berehala sakabanatu ziren, bolada batek ziztu bizian barreiaturik. Hala nahi omen zuen harek berak. Ez zuen, eta hala esan ukan zuen sarri, lurpean harren janari bihurtu nahi, askatasunez ibili baizik gainik gain haizearekin. Irrintzi zoli luze batzuk goratu ziren, ahairez ahaire, errauts bihi ñimiñoekin batera. Gazte saldo bat igo zen tontorreraino, azken agur egitearren. Inguruko herri batzuetatik ere beredin lagun igo zen, bide-zidorretan gora, bakarka bat baino gehiago, taldexkaka gehienak. Haize-kirri hoxpila zebilen, asago hodei arre illunak zemaika zetozen, baina lau aldeetaranzko ikuspegi zabal-zabaleko eguna zen.
Gaztetto zirenetik adiskide, nahiz eta Gorrotxa Iñakiri naro hitz gogorrez oldartzen izan zitzaion eta elkarrekin ondo-ondo ez moldatu.
Ahoa, edo burua, berotzen zitzaionean ez zen giro harekin. Bihotza, berriz, handia zuen bere erkinean. 'Porroak' zuen hondatzen, zuen maskaltzen, eta hala zegoen, zahardin, aurpegi mehar eta iruntsia, Iñakik ikusi zuen azken aldian. Hondar aldia izan zen. Beste aldera ihes egin zuela jakin zuenean, ez zen txit balditu. Hil zutela jakitean, ostera, min handia hartu zuen. Bizitza latza izan zitzaiola zekien.
Haizeak' errautsak eraman zituen ber, zurrumurruak ekarri zizkion Iñakiri. Hil zuten egunean, Maria Iracherekin egon ei zen. Egia ote zenentz, zalantza larriak jorik jaitsi zen mendirean. Ez zen egia, beraz, neska komentu batera joana zelakoa. Frantzia aldean neskame zebilela zioena ere ez zen egia, osoa ez behinik behin. Beharbada, hala elkartuko ziren, egun batez, herrikide biak.
Gorrotxa nork hil zuen argitu behar zela zioten. Herriko gazteen artean, errua Iñigori egozten zionik bazen. Antzinako mendeku goseak eragindako salaketa baten ondorioz, non zegoen, nondik nora zebilen antzeman omen zion tiroa desarratu zionak. Ehiztari ona izandakoa bide-zen iraitzi ziona, zeren, berrehun bat metro urrundik egin eta bekokian jo baitzuen. Egunkarietan ez zen ezer askorik zehazten, baina, basetxe zahar baten inguruan zerbait egiten zebilela, erho zuen nordin bakarrak motor batean alde egin eta Biarritzera buruz errepidetik ziztu bizian jo omen zuen. Argitzeke, ordea, gizonezkoa ala emakumezkoa zen.
Ez zuen sinetsi nahi lehengusua hain ankerra zenik. Osabaren antzekoa zela jakina zen, baina hainbat urtez Iruñean ikasten eta, geroago, Zaragozan bizitzen, eta beti bizi oneko jendearekin ibilten, eta enpresan lan-maila goraxko batean jarduten ari izan zelako, gaitza zen eskurik odolez zikindu zuela sinestea. Egia esateko, berak ez zuen odola ikusiko. Tiro iraitzi ziona beste bat izanen zen.
Atzerritarra, beharbada.
Elizaren aurrean itxaraiten zegokion. Aspaldi ikusi ez eta zerbaiten berri zekarren susmoak hartu zuen. Land-roverra gelditu eta leihoa zabaldu zion. Burua ateratuxe zueneko, Iñigok agurrik ez eta hitz egin:
- Ya quería estar contigo – egotzi zion berehala.Erdaraz mintzatu zitzaion eta, Iñakik malmutz ere bazekien:
- To, erdara ikasi duk? Hik zerbait nahi duk; dirurik ez?. Ezkondu eta emazteak ere egaberan utzi al hau? Lan eske ez haiz etorri, ezta?
- Bueno, dejate de ostias. Tenemos que hablar. Y si hablo en castellano es porque me siento más cómodo – Iñigok xakarto eten zion.
- Bai, to! Horixe. Hi beti erosozalea izan haiz, erosokoia erranen nikek. Hire aita hil ondorean ez hatzait etorri ezeren eske, ez ezer emaitera ere.
- Ya sé que le tuvísteis un buen tiempo en el caserío. Ya os lo pagaré con creces, en cuanto cobre mi parte de la herencia. El muy cabrón no hizo ningún papel y ahora tenemos que andar entre jueces. ¡Menudas prendas son éstos! Creía que iba a llevarse con él el dinero al cielo. Bueno, a lo que vamos.
- Et, et. et ; astiro-astiro; guk ez diagu harean eskatu, ehe; zuen diru hori ez diagu nahi, eskuak belztuko lotsaz. Zerura joanen al zen, bada, gure alkate-ohia? Nik ez nikek lepoa eginen. Sutan erretzen ez badago... Zer nahi duk? – Iñakik bazekien lehengusuak ez zuela ddeusik egiten irabazteko asmorik ezean. Honetantxe ere aitaren seme.
- Necesito dos testigos, para justificar este documento que me acredita como heredero único de la herencia. Tu hermana ya me ha dado su consentimiento.
- Ondoreango bakarra hi? Primu bakarra herori? Noizdanik? Eta hire arrebak, eta hire anaia? Hilburukoa ote da agiri hori, edo hik faltsutu duan zerbait ote dea? Eta nik gezurra erran dezadan nahi duk, jakina – agiria begi aurrean baina Iñakik ez zuen irakurtzera ere egin.
- El juez me ha dado su conformidad y aceptará vuestros testimonios. No habrá problema. Ya me costará algún dinero pero el juez estará de mi parte – azaldu zion eta irakurri zegientzat berrerakutsi.
- Enda... zera, ni gezurtia izanen nauk. E? Mauka ederra! Hi aberats, ni gezurti, ederki horrela! Etxepareko jaraunsle bakarra hi herori, eta ni nerau gezurti guztizkoa eta sekulakoa! Ez zagok gaizki!
- Tu hermana me ha dicho que sí...y le daré unos dos mil duros... que le vendrán muy bien para comprar otro apartamento en Salou. Tú si no quieres... peor para tí – Iñigok zemaika antzo irautsi ziola ulertu zuen Iñakik, eta haserre:
- Badakik zer? Hoa pikutara. Nik ez diat hire diruaren ez ezeren beharrik, ez premiarik ez nahikunderik. Nik ez diat gezurrik erranen hire mesederako. Emakumezkoekin hik beti esku ona ukan duk, bai; nire arreba, odolez Chapartégui duk, ni, ostera, Goikoetxea nauk, ehe. Eta aiton-semea ez nauk baina aitonaren biloba bai. Nire aitona kartzelatik atera zenean esku hutsik heldu zuan, baina ez zioan nehoiz ere, egundaino, bere herriari muzin egin. Etxera orduko txistua jaiten hasi zuan, eta dantzan hasiko zatekean biak batera ahal ukan balitu. Harek gezurretan ez zekian. Neuk ere ez – Iñakik inoiz baino arinago hitzetan, oro bet-betan esan nahi bailuan.
- Peor para tí. Ya encontraré quién me apoye. El dinero abre muchas puertas, y muchas conciencias. A tí la chapela no te deja pensar, pero otros muchos hace tiempo que se quitaron la chapela de la cabeza – Iñigok iharduki zion, begietarean su-txinpartak lehertzen zitzaizkiola irudi.
- Hi herorren aitaren ondoreango on-ona haiz; diruagatik ama ere salduko huke hik, ala Jaungoikoa! Hoa, hoa, bide horretatik, hi bezalako lagunik asko aurkituko duk, buruan txapelik ez eta bihotzean txanpona dutenik asko. Halakoek gudua ekarri zigutean eta holakoek ekarriko liguketek, beraiei on balekie.
- Kasu, gero zer dioan, ehe, caguendios! Lotu ezak mingain hori, cashero paleto horrek alu horrek! – Iñigo sumindu zen hagitz eta mehatxu gogorra eginaz oldartu zitzaion, sutsuro, leihotik barrura eskua sartzera egiteaz bat.
- Et, et! Kontuz zer dagian hik, ehe, ez uki ni, nehola ere, aladzipo! – eta ukabila erakutsi zion.
Iñigo berehala aldendu zitzaion, karrikan aitzina haserre gorrian. Iñaki ez zion aipatu, baina Gorrotxaren hilketan zerikusirik ba ote zuen, itaundu behar ziola eta zalantzan geratu zen. Ez zen unerik egokiena; hurrengo batean eginen zion. Gainera, karrikaren beste aldetik emakumezko bat zetorrela ohartu zen. Ez zuen inork haien arteko ikamika entzuterik nahi.
Karrikaburutik elizara bidean zetorren emakume hura, guztiz beltzez jantzia, Iñakirengana hurreratu zen. Haurdanik ezaguna zuen eta beti oso maite zuen. Ez zen ohiz ikustekoa baina mezatara joaiten zen, igande oroz bezala beste zeinbait egunetan ere. Egun berezia zuen. Senarra behin betiko itzaldu zen eguna, anitz urte lehenago. Harez gero, haren aztarrenarik ez inon. Lezeta zeritzon basaldea nontsu zegoen ehiztariak azaldu zionean, ez zuen bi egun utzi bertaratzeke. Lekua harritsua eta troka ugari dagoen alderdia delako, edozein ibiltarirentzat zaila bada, are zailagoa mendian inoiz guttitan ibilitako emazteki kaletar harentzat. Basurdea nekez ibiliko zen itzina erdail, erroitz eta sako-miloz bete haretan barrena, behin baino gehiagotan sartu zen leze baten bila. Azkenean, ediren zuen. Lezea han zegoen. Aho beltz, hotz, izugarria zen. Norainokoa zen ezin igarri. Sakon-sakona zela nabari zuen. Ez zen ezeren zantzurik ez lorratzik ez hatzik ediren; baina senarra hantxe zetzala-eta zegoen.
Urteak joan ziren baina urtero lore bat emaitera joaiten zitzaion. Leze-ahorean barrura botatzen zuen arrosa gorria, zarata nimiñorik ere egiteke, sakonerantz erortzen zen.
Iñaki ikusi zuenean:
- Egun on, Iñaki. Zer moduz ama? Aspaldian ez diat ikusi eta gaixorik edo dagoela entzun diat.
- Bai zuri ere. Egia duzu. Aspaldi honetan ez dabil ongi – Iñakik erantzun.
- Tamala! Ea hobetzen den. Emaizkiok goraintziak; ea egunen baten ikustaldiño bat egitera joan nakiokeen. Zaindu ongi, Iñaki, zain ezak ama, bertzerik ez duk eta – Karrikaburuko andereak aholku.
- Bai, andere, eginen dizut.
- Badakik, Iñaki, zein egun den egun? – andereak, gibelera, zerbait jakinarazi nahian legez.
- Ez, ez dakizut. Zein da, bada?
- Egun, hirurogei urte nire senarra gugandik zerura eraman zutela. Hire aitona onak, eiki, zerbait erranen zian, hi orduan jaio bagea baihintzen, jakina.
- Bai, andere, zerbait badakizut, aitonak errana, noski. Luis eta aitona adiskide minak zirela badakizut. Biek ala biek aberria maite zizuten.
- Bai horixe, Iñaki. Horregatik hil zitean gurea eta horregatik atxilotu zitean hire aitona. Ez zitean bertze gaitzik, hori gaitza baldin bada!
Adiskide batek erran zuen eran erraiteko: "Ez dakit aberria onak zirelako maite zuten, ala aberria maite zutelako onak ziren". Ez zioaten nehori minik ez kalterik egin nehoiz, ez nahita bederen. Anitz igandetan, mendirako iskia zitean, mendirik mendi ibiltzea maite zitean, eta aberriari agur egitera igaiten zirela zitean haiek erranairu. Haien bihotz handia! Eta beti gure hizkuntza ahoan; zein atseginetan ohi zituan, hitz eta pitz, hango nahiz hemengo ele zaharrak bezala berriak elkarri jaulkitzen.
- Bai, egia. Aitonak errana dakizut, andere, Luisek irakatsirik ikasi zuela idatz-irakurten, euskaraz. Umetan ikasterik ez eta, gazte xamartua zelarik, ikasteari ekin zitzaiola. Gudua piztu zenean, amaitu zen. Harez geroztik, ez idatz ez irakur, mintzatzea bera ere debeku!
Behin, espetxetik itzuli eta hainbat urte geroago, Iruñera joan behar ukan zuen batean, aspaldiko adiskide batekin buru egin ei zuen, kalean, tupustean; eta, hitzetik hortzera, noski, elkarri agur egin zioten, beraiek zekiten hizkuntza beraienaz, jakina. Ondotik, halabeharrez, gizaseme meheko bat, apainkiro jantzia, burua bisera erraiten dioten kapelu zapal batez estalia, eskuan makila distiratsu bat zekarrena, eta, bat-batean, burua bihurturik, begirada mutiria haien bi adiskide haiengana, eta darauntse:
"Oigan ustedes: aquí no se puede hablar esa jerga. O hablan ustedes en castellano o les denuncio ahora mismo, y van a la cárcel. ¡Esto es España, y aquí no hay más lengua que la castellana!"
Aitona isilik geratu da. Ezinean. Hari ihadesteak lekarkiokeen galbidea ezaguna du. Baina, hizkidea, ordea, ez da isiltzekoa! Berehalako baten, asko pentsatu aurrez, begiak begiei, gogor mintzatu zaio:
"Oiga, tú, yo luché la guerra, con la boina roja, y hablo mi lengua, porque es mía, y si tú no quieres oir marchate por donde has venido.
¿Has oído? A mi tú no decirme que no hablo, porque te doy unas ostias que te alampo. ¡Yo luché por el Rey, y por Dios y por los Fueros! Así que a mí tú no decirme nada..."– eta ukabila erakusteaz batera mintzatu zaio.
Beldurdu da, antza, belarrimotx mehekoa, aitona biak gudari-ohi zangarrak direlakoan edo, eta bertzerik erran bage badoa. Aitonari adiskideak honela:
- "Hau dugu hau, Juan Bautista, jende zitala alaena! Gure etxera sar eta geurea dena ekendu nahi zigutek. Eta nik zeren alde egin nuen borroka eta gudua, bada? Hau bai eza eta baia neurea! Horrelako txatxu ergel horiekin joan nintzela oroitzeak berak min emaiten zidak. Ez zegoan, baina, bertze biderik, Juan Bautista, bertzenaz hilak gintuan. Orai damuak ez dik deusik aldatzen, joan gintuan eta etorri gintuan, eta hemen gaituk bizirik, eta geroak erran beza".
- "Isil hadi, behigoan, Martin, hor 'guardia civil' bat zatorrak eta" – aitonak diotso.
- "Ez nauk isilduko ni. Horiek-e 'civil' horiek nolakoak diren ongi zakiat. Sardinzaharrak!Hemen bertan nagusi zutena beraiek hil zitean; eta gero, hainbat herritan egin ukan dutena ere ongi zakiat; horiek deusik ez on".
Gure aitona arriskuan dago. Euskaraz entzunez gero, isunaz gain hartzara atxilo izaiteko zorian. Martinek badu zeri heldu, izan ere, 'tertzio' bateko mutila izan zen, eta salatua izan baledi lagunen bat aurkituko luke, nonbait. Aitonak, bada-ezpada, aurrea hartu dio eta erdaraz adiskideari, ozenkitto:
- "Bueno, Martin, habrá que ir pa'cása. Ya éstaremos otra. A ver si voy otro día a tú pueblo, a lá ferià".
Martin entzule, eta gibeletik 'guardia' iragaiten dakusa. Badoa espaloian zehar. Ez doa, hala ere, arin; zerbaiten susmo edo duela eta, zerbaiti adi bezala dabil. Bi menditar itxurako gazte, orduan gazte, diren hauek zeri daragoioten edo zertan ari diren jakin-minaz. Atzera dagi, bihurtu da eta adiskideengana dator.
- " Buenos días, ¿Qué hacen ustedes aquí? Enséñenme sus documentos".
- "¿Que documentos quieres tú? Yo tengo carné aquí del requeté" – Martinek praketako zorrotik paper bat atera eta darakutso.
'Guardia Civilak', alde batetik eta bertzetik begiratzen dio, eta eskutik eskura itzulitakoan, aitonari so zorrotz eta:
- "Bien. Enséñeme ustéd los suyos" – gure aitonari dirautso.
- "Yo aquí tengo txartel de la iglesia" – Iruñean bizi zen apaiz adiskide batek eman zion, arazorik izanez gero eraskutearren.
- "Ya veo que son ustedes de la montaña. Les recuerdo que aquí está prohibido hablar otra lengua que el español; en sus aldeas podrán emplear su dialecto viejo pero en la calle ¡siempre en cristiano!. Quedan advertidos" – eta alde egin dagi, itxuragatik 'guardia' dela aitonak igarri dion bibotedun luzangak.
- "Kristoren odooola! Hauen gizatxar hauen-e mendean egon beharra guk, arranoak ez badu!" – dirautso haserre adiskideak aitonari.
- "Goazen, beraz, hemendik lehen bai lehen, Martin; bertzenaz, ez gaituk etxera nehoiz iritsiko".
Hala egin omen zuten, berehala, elkarri azken agur eginda.
- Bai, Iñaki – Karrikaburuko andereak berriro – horrelakoak eta askoz gehiago ikusitakoak gaituk. Orai, mezatara noak; eta badakik herriko apaiz berria nolakoa den, beraz, erdaraz eginen ziguk, entzule guztiok euskaldunak izanik ere. Jaungoikoari, antza, gazteleraz egin behar zaiok, ulertuko badu. Lehen latinez egiten zitzaioan, eta, nahiz eta ezer ere jakin ez, guk egin behar latinez; orai, aldiz, gureaz bertze hizkuntza ikasi beharra diagu, zerura joan nahi izaitekotan.
- Aipamenik, behintzat, eginen ahal dizu, senarraren urteurrena dela eta – Iñakik.
- Aipatu? Aipatu ere ez, noski. Hainbat urtez egunoro 'caudilloaren' alde otoitz bana bai. Bertze nehor ez zegoan munduan, antza.
Jaungoikoaren seme bakarra hori. Orai, hondar urteotan ez dik aipatzen, erregea baizik.
- Gure etxean, behintzat, gogoan dizugu beti, eta egun berezi honetan, amak eta biok otoitz bat eginen dizugu, haren arimaren alde.
- Eskerrik asko, Iñaki. Hire aitona zenaren izaera zintzo bera duk, eta anitz urtez. Goraintziak amari – anderea eliza barrura jo aurretik.
Amak ez zuen oro gomutatzen. Behialako gertakari batzuk, alabaina, berrirotzen zituen, egun batean bai bestean ere bai, eta aitona sarri ahoan. Etxera heldu zenean inork ezagutu ez zuela zioen.
"Etxera iristeko, hainbat egun eta gau eman behar izan zian, ibiliz eta ezkutatuz, batean belar-meta baten azpian lo eginaz, beste batean sasipe burua ostenduaz inork ikusi ez zegientzat. Janaria basoan ez duk erraza aurkitzen, eta gosea lagun txarra duk. Hotzak, berriz, gauak, eta sua egin ezin. Mendietako etxolak abaro hartuz, aitzina egiten zian. Gauez ibili behar zian, gehienbat, goiko hegietan gaindi; egun argiz eginez gero, norbaitek ikus eta salatua izaiteko arriskua ekidite aldera.
Behin, besterik egin ezinean, arkume bat harrapatu beharra izan zian, gosea hil nahi bazuen. Artaldean zegozen batzuen artean batto.
Artzainak barkatuko ahal zion! Harri traketsez eraikitako txabola txar batera sartu zuan, sua piztu eta arkumea, nola edo nola, erre egin zian. Haxe bai arkume-jana egundainokoa! Sarritan, gero eta gero, gogora ekarten zian, hango oturuntza hura. Sardexkarik ez, noski, eta behar ere ez orduan. Mauka-mauka jan zuela esan beharrik ez, esan bage zoak. Osorik ez zian jan eta hurrengo egunetarako gorde zuena leporean zintzilik zekarran. Artilea, berriz, gauetako hotza moteltzeko egokia.
Halako baten, landan gora zihoala, alboko inda batetik gizakume bat urkusi zian. Makila eskuan, artzaina zirudian. Agertu ez agertu zalantzan geratu zuan. Bidean galdua zetorrelako, nondik nora jo behar zuen galdetu behar zioan, hari ez bazen beste nori edo nori.
Agertu zitzaioan, beraz. Artzainak harriduraz hartu zian, lehen unean, hurbiltzen ikusi ez zuela eta. Elkarri agur egin zioaten, aitonak aurrenik euskaraz, artzainak era berean erantzunez.
- "Bidean galdurik nator, jauna – aitonak artzainari – eta etxera nahi, ahalik azkarren, gaua gainean dago eta".
- "Nora nahi duzu, bada?".
- "Ni eguzkiari aitzi eginez nator, sartaldetik sortaldera ".
- "Gure arbasoek-e egin omen zutenaz bestera, beraz. Non galdu zenuen bidea, ba? "
- "Hemendik urrun. Orai mugaz bertze aldera nahi nuke ".
- "Ez zara urrun. Hor duzu muga. Tontor horretantxe. Ikusten? Zein egokia dugun, ehe, muga hor, euskaldunek behar dugunean ".
- "Ez nuke nahi nik mugarik nehon" – ihardetsi zion aitonak.
- "Baa, baina oraintxe hor behar duzu, eta hortxe duzu, eta zein ondo etorriko zaizun, bizirik iraun nahi baduzu, itxuraz ".
- "Egunen batean muga oro etenen da, marra hutsa baizik ez da izanen, belarrean margotua, eta, haraindian bezala honaindian askatasunean biziko gara".
- "Bai, egunen batean, izanen da, bai; baina, zu, oraintxe, bada-ezpada ere, zoaz tontor horretara eta irago zaitez beste aldera. Hortixe ikusiko duzu, urrunxko, eta ezkila entzunen duzu, eta, frantximentak badira ere, abegi ona eginen dizute, euskaraz ere ongi dakite eta" – artzainak aitonari.
- "Horiek gu bezain euskaldun dira, ez frantximentak haiek ez kokoak gu. Mugak eteten gaitu, hizkuntzak batu ".
- "Zu zoaz arin, ez egon hemen berriketan, bestelaaa, harrapatuko zaituzte. Ez da ala? Iheska zatoz, ezta? Besteak zuek baino gehiago izan dira, gailendu zaizkizue. Orain, alde egin beharra, ez duzue besterik. Mundua mundu deino hala izan da beti ".
- "Zu, argi dakusat, hemengo aldean zagoz. Mugaz honaindian, ardiok bezala" – aitonak atzera, inora joaiteko gogorik ez bezala.
- "Ni halabeharrak hemen ipini nau; beste aldean ipini izan banindu, mugaz haraindian nengoke. Han zein hemen, bost axola niri. Bizi beharra dago, bai, eta hementxe nago" – artzaina ihardetsiz.Hala zihardutela, urrundik 'guardiak' igaiten begiztatu zituen artzainak aitonari ohartarazi zioan:
- "Zoaz azkar. 'Guardiak' han datoz. Atzemanen zaituzte ".
- "Horiek tontorrera baino lehen ni bertze aldean nago, zuk erran didazun bezala baldin bada" – aitona aztoratuxea. Ezin ulertu izan zian, inoiz, euskaldun askoren ezaxolakeria.
- "Egongo ez da, bada! Hor egon da beti. Napoleonen garaian bezala orain ere hortxe, alemaniarrak karriketan badabiltza ere ".
- "Nola alemaniarrak? Lehenago frantximentak direla erran duzu, orain..."– aitona harrituta.
- "Orain naziak sartu dira sartu, Bidasoaraino – eten zion artzainak urduri – eta mugari gaitz erdi, bestela orain gu ere alemaniarrak ginateke; bo, gaitz erdi edo on erdi, nondik ikus, zeren, alemaniarrak izaitea ez baita gaitz. Hizkuntza ikastea, bestela guri berdintsu zaigu".
- "Zer egiten dute horiek hor?" – aitonak ez zekian, ez zian haien berria, azken urteetan espetxean egonik.
- "Horiek-e' oro beretzat nahi dute, mundu guztiaren jabe nahi dute. Dena eta ez dena aurretik eraman nahi dute. Oraingoz hor gelditu dira, baina ez dut uste nahikoetsiko dutenik. Zeinbat eta gehiago eduki, gehiago nahi horiek ere beste hainbatek legez. Eta indarretan horiek baino indartsuago inor ez. Men egin behar diegu, eta kito. Horien azpian ere bada bizirik".
- "Horien azpian ez nehoren azpian ez dut nahi nik bizi. Neure gain bizi nahi dut, ez azpi" – hire aitonak.
- "Ba, azkar ez bazabiltza, ez zara luzaro biziko. Zoaz, zoaz, arin, hortxe datoz eta" – artzaina gero eta urduriago zegoan.
- "Nora noa, beraz? Bertze aldean naziak, eta harrapatuko naute. Nik askatasuna nahi dut ".
- "Zer da hori? Non dago horrelakorik? Hori haizea da, muga guztien gainetik dabilena; inork atzi eta lotu ezin duena. Haizeaz beste inor ez da jare, mundu honetan".
- "Bada, horren antzekoa nahi nuke nik, muga guztien gainetik eta nehoren mendean ez" – aitonak urrunera begira, ea 'guardiak' non zebiltzan.
Hasi zuan, artzaina hantxe geldi utzirik, lasterka, tontorrera buruz. Gazte eta mendian ohitua izanki, laster iritsi zuan. 'Guardiek' ikusi zitean. Iheska zihoala ohartu eta, fusilak prestatu zitiztean. Gain-gainean zegoela tiro hots batek mendialde osoan azantza izugarria ozendu zian. Guduan ibilitako hire aitonak berehala bere burua lurrera egotzi zian. Han ez zegoan marrarik, baina bertze aldean bazegoela bazekian. Bizirik zirauan. Beste tiro batzuk entzun zitian, baina, ordurako, mendian beheti, apatx-aurtikika, jaisten zuan.
Lehengusuaren etxera heldu zenean, atea zabalik aurkitu zian. Eup! egin zian oihu. Deitzeke sartu zuan. Oles, etxekoak! egin zian.
Sukaldean bazkaritan senide guztiak elkarrekin. Gizon hura agertzean, oro hari begira. Ez zitean, berehala, ezagutu. Alemaniarretarik bat ote? Ez: ilea beltza; euskaraz egin oihu. Bizar sarria aurpegian, zikin-zikin, prakak urratuak, jertsea laharrez edo oteez zirtzildua, osoki zarpail-zarpail egina. Izerditan heldu zuan, begitarte guztia lokatzez zipriztindua. Ezin sinetsita etxekoak.
- On dizuela janak, ahaide maiteok. Nola gira? – hau entzundakoan Jaun Bautista zela ezagutu zitean. Orduan, han zituan besarkadak eta elkarri musuak eman beharrak, han ongi etorriak eta eskerrak! Bazkari hoberik ez ziotela inon eskaini inoiz, esaten zian beti aitonak.
Eskuak garbitu ere bagerik jan zuela zioean. Bazkaldondoan, praka zahar batzuk eta atorra zaharrago bat jantzarazi zizkioaten, eta zein janzkera dotorea! Zatak berriak zirela, larruzkoak.
Alemaniarrak sartu zirelako guztiz kezkaturik bizi zituan.
- "Bai gaitz larria heldu zaigun eskualdunei!. Batetik eta bertzetik gure lurra kendu nahi digute. Bi zakurren ausikiak jasan behar ditugu. Eta, guk, hala eta guziz ere, ez diogu nehori minik egiten, ez egin nahi, ez diogu nehori gaitzik opa. Geurea maite dugulakoz gaituzte begitan hartu. Guk ez diogu lurrik kendu nehori, zeren kendu behar digute guri, beraz?"
Aitona Saran luzaz egon zuan, etxearen barruan ostendua, hona Gorostitzagoikora itzultzerik ezean".
Iñakik, amaren ahotik beste behin edo behin, harako edaspen hura, berak kondaira ziotsona, entzuna izan zuela gogora etorri eta artzain ha nola amaitu zen ikasita zegoelako, behin, mendi haretara igo nahi ukan zuen.
Aitonak berak behin jaulki zionez, muga ondoan hitz egin zuen artzain ha 'guardiek' hil zuten. Albistea Sararaino jaitsi omen zen.
'Guardiak' tiroka hasi zirela berak entzun bazuen entzun.
Iheslaria atzeman ez zutelako, artzainarengana jo zezaten, antza. Ihesean joan zenari lagundu ziolakoan, harrapatzera joan zekizkion.
Artzaina lasai zebilen, ardiak belardian alhan, eta ez zuen, ez asko ez gutti, uste izanen bera harrapatzeko asmoz zetozkiokeenik. Ez omen ziezaioten txintik esan. Fusilak aurretik gerturatuz ikusi zituenean, beldur zedin. Besoak gora zitzan. Harri baten gainean eserita zegoen eta zutitu zedin. 'Guardia civil' biak aurrez aur jar zekizkion. Hitzik ez. Tiro bat eta berehala beste bat, eta artzaina bertan zerraldo eror zedin. Odola ahotik zerion. Belartza gorri zedin. Ardiak, lehen hotsa entzunik urduritu arren, han zitezen, gelditzeke, jan eta jan.
'Guardiak' hilotza hantxe utzi eta herrira jaitsi ziren. Biharamunean, jende saldo handi xamarra igo zen, epaile batekin beredin 'guardia civil', eta herriko beste lagun batzuk. Epaileak gorpua jasotzeko agindu zuen. Gurdi batean etzanik ipini zuten. Mando batek herriratu zuen.
Iñaki mendi haretara igo zen egunean, aitonak esandako lekuan harria ikusi eta bertan eseri zen. Tontorra aurrean zuen, ikusi ez arren.
Larre motz baina gozoko landa haietan ardiak ugari, beti bezain bare, burua lurrean, altzi-belarra ihaurri eta ixpiak jan-da-jan, inon ere geldirik ez. Iñakik harritto bat aurtiki zuen eta, xarataño bat aski, haietako bat beldur eta oro honen atzetik antxintxika has zitezen.
Artzain aspaldian hil zuten ha, nor zen jakin nahi eta, mendirako bidearen ondoan, zabarraren zabarrez, eraitsi-agin zegoen etxe zatar batera hurreratu zen. Itxuraz han ez zen inor bizi. Baina, han, zokomiran zebilela, mutil zarpailxko txikir bat bertara zen, land-rover zuri zahar batez.
- ¿Qué hay, tío? ¿Qué andas por aquí? – agur egin beharrean galdeka, Iñaki ikusi zueneko.
- Zu hemengoa zara? Etxe honetakoa?
- Si no me hablas en español, tío, no te pillo; ya sé algunas palabras en vasco, pero no paso del "ayó" y del "moskea paretan dago". ¡Es que, es muy difícil, tronco! – 'porroa' lau erien artean bil eta ezpainetara bustitzera hurranduta.
- Digo que a ver si eres de esta casa – Iñakik erdara mordoiloz hizkera moteleko mutil ha zertan ari zen begira.
- Bueno, tío, ser no soy de ninguna parte, pero este es mi 'palacio'. Vivo, o algo así, tío, en este cortijo desde que me independicé.
- ¿Aquí vivía un pastor hase muchos años, o así? – Iñakik galdeka erasan zion.
- ¡Jo, tío, cómo se nota que eres cashero: no haces más que preguntar, tío? ¿Quieres un porro? ¡Esto sabe dabuten! – mutil bizarlohi harek hizketan bixi-bixi.
- No quiero. ¿Dónde vivía aquel pastor aspaldi? ¿Sabes o?
- Yo lo que he oído, tío, no sé más. ¿Tú que eres de la pasma, o qué?
- ¿Qué sabes tú del pastor aquél? – Iñaki harira joan guran.
- Yo lo que sé es que había uno aquí que llamaban "El Casetas", hace muchos años, y que le mató un rojo que se escapó a Francia por el monte. La casa se quedo así, tío, y yo he venido hace unos años aquí.
- ¿Y que le mató rojo te'an dicho? – Iñaki txunditurik bezala mintzoa ozenduz.
- Así me han dicho, tío, hace muchos años. Yo cuando he venido no había nadie, ni luz ni agua ni nada, sólo pájaros y sagutxos. Esto estaba en la ruina, tronco. ¿No ves las ventanas todas rotas?
- ¿Cómo se llamaba el pastor?
- ¡Yo qué sé, tío! Creo que esta casa y él llamaban "Icaceta" y creo que era contrabandista. Otros me han dicho que era txibato de lapasma. No sabía ni hablar español, ¡vaya tío!. Ya sabes uno de esos casheros que viven fuera del mundo. ¡Dicen que sólo hablaba con las ovejas, tío;¡vaya pedrada que tenía el muermo! – mutilak 'porroari' hondar hurrupada emaiteaz bat.
- Bueno, si no sabes más, me voy – eta mutilarengandik aldenduz joan zen.
- Bueno, tío, ya me podías dar algo por la información, ¿no? No sé si eres de la pasma; pero yo te dije todo lo que sabía. Yo estoy dispuesto a colaborar, ya sabes. De algo hay que vivir.
Iñakik ez zion jaramonik egin. Bideari aitzina jarraiki zitzaion. Txima zikinari igurtzika begi-begira geratu zen mutil haserreak, marmar zegoela, erremuskada egin zion. Iñaki ezentzunarena egin eta bihurgunean itzaldu zen.
Aitonari lagunduz bizia bera ere gaizketu zion artzain haren amaiaz jakinaren gainean zegoen. Gorriek erho zutena gezurra zela ere bazekien. Hoboro jakin nahi eta, hara! bidean beheti agure batekin buru egin zuen. Bide luzean elkarrekin eta bidaide gogaide esaera egia bihur.
Herrian gutitan ikusten zuten. Muga ondoko gora-behera guztiak, ordea, ederki asko omen zekizkien. Ez zen inor guti harantz-honantz iraganen, hango gain orotan gaindi, harek jakiteke. Urrundik urkusi ezin zena harexek ikusi. Gauez ere ikusi, eta indaz inda ibili behar zenean, haraindira zein honaindira, ez zen haburikatzen.
Txapel handi baten azpiko gixon ttikia zen, egun askotako bizar argalaz aurpegi ia osoa estalia. Berrogeita hamar bat kilo gihar maskal beti jertse lodi baten barruan bildua, zango mehe bien gainean zutik ezin eta aurrerantz makurtuxea. Bekain lodi bien azpiko zulo sakonetan begi illun-illun bi, bekuruntze beltz xamarra baina sarkor-zorrotza emaiten ziotenak.
Fermin Ikatzetako esaten zioten, etxeak izena hori baitzuen. Zaputza zen, mukerra zen, motzako eta inorekikorik nahi ez zuena. Pezeta bat sakelaratuz gero, nekez ateratuko zitzaion, Iñakiri agure bidaide harek adiarazi zionez. Ardiak, bestalde, beti ugari Ikatzetan eta non eros inork jakin ez; saldu ere, mugaz beste aldean garestiago omen eta bertan saltzen omen zituen, gauez mendian zehar iraganarazi eta gero. Orduko esaera egia izaitekotan, ardirik gehienak, eta geri ez ziren beste kabale, abere eta antzekorik gehienak, giputzen alderdietan ostutzen omen zituen, ebasten alegia, eta beste aldean ongi baino hobeki dirutzen omen.
Mendialde haietan 'guardia civilak' beti eta non-nahi. Ez omen zuten (esamesak hala behintzat) laguntzaile txarra Fermin, haiek 'El casetas' esaten zioten hura. Gainera, ba omen zen, nafarra izanik, euskaraz zekien 'guardia' bat, astean behin Ikatzetara igaiten zena.
Negu minean ere ez zuen hutsik egiten. Elurretan beldurrik bagekoak biak, eta gauza garrantzi handiko batzuk garraiatu behar zituztenean, behin baino gehiagotan elkarrekin mugaz gaindi ikusiak izan omen ziren, Ferminen atzetik 'guardia'. Inork ez zekien egia zenentz, baina susmoa ibili bazebilen, hots, eta iskiluak ekarten omen zituztela zioen. Ikatzeta gordetegia omen zen, herritar batzuen susmarretan.
Uztail beteko gau batez, hainbat gizaseme igo ziren, banaka gehienak; eta ilargiz lagunduta, goiztiria baino lehenago, Iruñerako bidean kamioixka bat jaistean ikusi zuenik ba omen zen.
Fermin ez zen gudura joan gogo, inola ere. 'Zerbitzura' ere joan ez zen bezala. Bere burua baino buruzagirik bat ere ez zuen nahi. Ez zen inoiz inoren ez ezeren alde, bizia galbidean are gutiago, ezer egitekoa. 'Guardia' etorri zitzaionean argiro eta garbiro adiarazi zion, hitz urriz ohi laso, zorrozki: "Nik ez dut erregerik, ez jainkorik, ez forurik. Ni neu naiz, eta kito".
Gudua hasi baikoz, beraz, mendiaz haraindira alde eginen zuen. 'Guardiak' era berean egiteko asmoa zuela eta, arrats apalean, basabide ilun batetik bertze aldera irago ziren, elkarrekin. Egun batzuk baino ez ziren izanen. Mendialde haretan ez zen borrokarik gertatu. Agorrileko lehen egunetan, Ferminek bere ardiak berrikusi zituen, joandakoan utzitako larre berean.
Egun haietan, hango bazter belartsuetan, inoiz baino lagun gutiago ibilten zen. Gudua amaitu eta lehenbiziko urteak ziren. Ez zen mendizalerik ikusten, aurreko urteetan bezala. Muga ondoko gain eta tontorretan, aldiz, 'guardia civilak' ugariago. Fermin Ikatzetakoa urrundik ikusten ohitua eta ez zitzaion batere harritzen, harako hainbat ikustea; alabaina, haien batera eta bestera arin urduri ibili behar ha ezin ulertzen zuen. 'Guardia' gehienak, gainera, egara haietan aritu berri eta ezezagunak guztiak. Gazteak ez ezik zahar edo adineko xamarrak zirenak ere beretzat arrotz. Ez zioten begi onik egiten. Itxuraz baldarra, txapel handi xikin beltzak, bestalde, gixon betilun haren itxura areagotzen zuela eta, 'guardia' gazteak tekutsu, nonbait. Behin edo behin, hurbildu izan zitzaizkion 'guardiak' haserre aldentzen ziren, erdaraz ia hitz bat ere ez zekien artzain zarpatsu muker harengandik. Galdetzen zioten orori "si" erantzuten zion, ez besterik. Luzeena, behin: "yo aquí bien estoy", "¿qué hace usté aquí?" galdetu zionari erantzun zionean. Txitean-pitean, ez maiz, beste alderean zetozten gizaseme ileori garaixkak hurbiltzen zitzaizkien, eta 'guardia civilak' haiekin berriketan, barre eta algara sarri, egoiten ziren. Urrundik ikusten bazituen ere, Ferminek bazekien harako mutil lerden kapela biribildun haiek alemaniarrak zirela, lehengo urteetan, Biriatu herrian egon zen bitartean, usu ikusi ukan baitzituen. Besoa gorantz luzatzen zutenean, beldurgarri zitzaizkion. 'Guardia civilak' haiekin hitz eta pitz jardun ondorean, elkarrengandik alderatzerakoan, halako beso-agurka egiten zietelako, gudazaleen arteko lagun-keinu edo antzeko zerbait zela pentsatzen hasi zen. Behin, hala ikusita, 'guardia' gazte batzuk hurreratu eta besoa luzatuz agur egin zien. Berehala, barreka hasi haiek, artzain ttiki illun haren keinu ha ikusirik, eta era berean atzerako eman zioten.
Guduaz gero, hainbat ardi eta bestelako abererik asko, mendietan jare jaberik bage, geratu omen zen: batzuk alde eginak, beste batzuk atxilo hartuak eta ez guti hilak ere izan zirelako, hango bazterretan ibili ohi ziren menditarrak. Ferminek ongi jakin zuen, orduan, bere artaldea handitzen. Behor eli ederrak ere iraganarazi ukan zituen, eta Azkain aldean edo Ainhoan, azoka non zen, garesti saldu.
Ikatzeta, hala ere, beti bezain lander zegoen; etxe oskola baino ez zen, harkaitz baten gainean duela hainbat urte harriz eraikia. Teilatua noizbait, ez harik luzarora, goitik behera eroriko zelako itxura baldarragatik, beldurgarri zen. Honela, behintzat, iruditu omen zitzaion Juan Bautistari, ihesean zihoala handik goiti, mugaren bila igo zen egun oskarbi haretan.
Iñakik zerbait argiro jakin nahi zuen, hots, mutilak adiarazitakoaz bestela, artzain arlote hura hil zuena ez zela gorri bat izan, ez zela bere aitona izan hain zuzen. Ez zuen inola ere sinetsi nahi aitona odol hotzean inor hiltzeko gauza izan zitekeenik. Agureak, bidean aurrera, zekien guztia eta ez zekienik asko ere azaldu zion, eta artzain arlotea nola hil zuten ere honela.
Herrian bestela hedatu zen arren, mendietan txoriak ere oro so direlako, urrundik gertatu zen hura begiztatu zuenik bazen, eta urteetan isildurik ere, azkenik egia, olioa uraren gainera bezala, agertu zen. Tiro bakarrak hil zuen. Hur-hurretik egina.
Garai zahar haietan, gudua aspaldi amaitua ez eta, hainbat 'guardia civil' gazte ekarri omen zuten, ez mendirik basorik ez zegoen urruneko lurralde berotsu batzuetatik. Patarretan goiti eta beheti ibiltea zuten, batik bat, unagarri ez ezik nardagarri ere txit. Hezetasun sarkorra ez zuten batere maite. Euri jasa ez bazen langarra zen, euri xirimiri ez zenean euri zaparrada zen, eta haiek beti arranguraka.
Hotzeriak jota sarri, eta bularreko estuak ez zien bakerik emaiten. Mendi alde haietako etxeak, aldiz, urrun ez zegoena urrunago zegoen eta are urrunago bestea, eta, ez gutitan, basoaren erdi batean ostendua, eguzkiaren begitik alderatua bezala. Menditarrekin hitz egiterik ez zuten. Hizkuntza arrotza baino ez zekien heuragi gizaki bazen bazterretan, eta besterik zekien askori ulertu ezina.
Muga zorrozkiro zaindu behar omen zuten. Frantziarantz ihesi zihoazenak harrapatu beharra zen, gehienbat, eginbeharrekoa; baina handik sar zitezkeen etsaiak ere ez ziren urri izanen eta, haiekin kontuz ibili behar, zeren, Frantzia beti Espainiaren arerio amorratua baitzen.
Fermin 'guardia' zaharrek ezaguna zuten. Haren atzetik bide-zidor luzez ibilitakoak baziren, lainopean galduta gertaturik batez ere. Ez zioten elkarri ele ugaririk egiten, baina bidari hoberik ez. Bidean nora-ezean eta nora jakin ez, eta Ferminek sardinzaharrak tapa-tapa, bide onetik 'kuartelerantz' joanarazten zituen. Biharamunean ederki ordainduko zioten. Ikatzetan, honegatik, ez omen zen inoiz peitu ardo oneko botilarik, ez labetik harako ogirik, ez galirinik ez besterik.
Harako 'guardia' gazte etorri berri haiek' artzain itxurako saskel hura beste gizon batekin hizketan ikusi zuten. Beraiek haienganantzzirenean, gizon ha lasterka joan zen. Iheskari izanen ote zen senak eman zien. Atzeman behar zuten. Ikea zorrotza, haiek nekatuta, itzuriz zihoan haren atzetik joan nahi eta itolarrian, ezinean. Muga hurbil eta mugaz beste aldera orduko, ez zuten atzemanen. Itzurlea gainttoaz beste aldetik itzaldu zen. Tiro hots bat eta gero beste batzuk, oihartzunez oihartzun barreiatu ziren.
Artzaina eserita gelditzea harritu zitzaien. Lasterka zihoanaren laguntzailea zela eta, goganbehartsu hurbildu ziren. Ihesari emaiten lagundu ziola urrundik ikusi zuten; ez zegoen enurarik. Itxura zatar haren azpian, isilpeko espioi bat ezkutatzen zela argi zegoen.
Harengana jo zuten. Harri baten gainean jarrita, geldi-geldirik zegoen, zaharoa bi eskuez oratua, burua makur, txapel beltz zikin biribil handiaren azpian ostendu nahian bezala. Pistolak aurrean hurrreratu zitzaizkion. Ez zioten txintik esan. Batak bertan tiro egin zuen.
Besteak ez zuen egin. Ikatzeta buruz behera erori zen, zanpez, zerraldo, hila.
Etxea hutsik geratu zen. Harik urte batzuetara ez zen kerik igaiten hegatzeko teilen arterean.
Behin, aspaldi handian, bazter haietan ikusi bagekoa zen 'guardia' zahar bat (agureak ezaguna zuen eta kale-jantziz ikusi arren ezagutu) etxe zaharrean kuxkuxean zebilela ohartu zen. Ez zen lehen aldia. Beste behin, land-rover zuria jaisten ikusi zuenean, nor zihoan bazekien. Urteetan herrian 'guardia civil' izandako hura, Ferminekin erbesteratua alegia, gudura joan gogo ez eta Frantzian urte luzez bizi ondorean, atzera bihurtua zen.
Ikatzetan, antzinan, maiz egondakoa eta, artzain zaharrak non zer zedukan ondo jakinaren gainean zegoen. Ganbarako harri batzuen arteko zulo batean, bila zebilena ediren zuenean, berak uste baino diru gehiago, askoz, zedukala ohartu eta txunditu zen. Ukuiluko azpigarri trinkotuzko geruza lodiaren azpian bilatu zuen. Haitzurraz eta harpaz, simaur idorra erauziz lana zuen, baina zerbait kausituko zuela bazekien, jakin. Lurrean sakondu zuloan, txanpon ugari zedukan zakua agerian, izerdia besoaz lehortu zuen, pozarren, irriñoa ezpainetan.
Astebeteko lana nekagarria izan omen zitzaion. Aho-mihitan, baina, zebilen esaera egiazkoa baldin bazen, txaponetan zein paperetan, bai espainiar bai frantses, etxe zatar haretan batu eta hartu eta eraman zuen diru kopurua ez omen zen erraz zeinbatzekoa. Harez gero, Iruñean bizi omen, eta agureak ziotsonez, aspaldi ez zela, hil zen. Madrilen hain zuzen.
Fermin herriko hilerrian zetzan. Hilobian ez omen da inoiz lorerik. Iñakik ez zion gehiago galdetu nahi eta agureari agur eginda, hilerrirantz joan zen.
(Eliza ondoko baratze polita da. Hainbat harri biribil lurrean josirik, han-hor sakabanatuak, eta harri landuzko lauza leunez estaliriko hilobi ugariak, elkarren ondoan, lorezko baratze margotsu batean, hilartitzek ez bestek urratu isilaldi betean)
Batean, Iturrurdineta, bestean Lazcaray familia, ondoan Haizkibel, ezkerraldeko batean Olloquiegui irakurri zuen, baina ez zuen Ikatzeta ediren. Hilobien artean ibiliz, horma ondoko zokoto batera heldu zen eta bertan. Ez zen izenik, Fermin baizik. Harlauza hutsa zen. Agureak esan bezala lorerik ez.
Hilobitik aldendu zen unean, haize-kirri mehea zebilen, Iñakiri hotz pitin baten xirrara eragin ziona, eta buruan zerabiltzan irudi antzinako haiek, bat-batean bezala, erauziz edeki zizkiona.
Azoka eguna zen. Herriratu zenean, karrika-kale guztiak jendez beteta. Ostatuan sartzeko lekurik ez. Enparantzara hurrandu zen eta, han-hor-hemen, abereak erakusgai: alde batean behiak, beste batean behorrak, zerriak ondoko batean, ardiak ere ugari... eskualde zabaleko abereak eta abeltzainak multzoka, plaza betean. Iñakik ez zuen ezer erosiko. Etxean behar zuten guztia zedukaten. Ikusi, bai, eginen zuen, eta merke-garesti zegoen ikasi ere bai, salneurriak eta jakin nahi zituen. Ororen gainetik, adiskideekin egon nahi zuen, guztiz ere.
Egia esateko, adiskide batzuk aspaldi joanak zituen. Hirigoien hil zen lehena izan zuen. Gazterik zendu zen, gazterik kutsatu baitzion gaitzak burua. Drogak, zurean sitsa laso, txulo eta txulo egiten izan zion, tai bagerik, eta burmuina kaltetu zion. Azken urteetan mintzatzeko ere mingainean debeku latza nabarmen zuen. Lanera bai baina gaitza barruan, gero eta sarkorrago. Gorrotxa erho zutela urte batzuk irago arren, artean, inork ez zekien nork hil zuen, eta noren salaketaren ondorioz gertatu zen ere ez zekien. Maria Irache non zebilen jakiterik ez zuen. Iñigo lehengusua, inoiz adiskide, aspaldidanik etsai bilakatua zuen. Labandibar ikusi zuenean harengana hurbildu zen.
Lantegitik berri onik ez. Behin esan zion eta zeharo asmatu zuen.
- Zer esan nizun, bada, Goikoetxea? Lantegia herritik at eramango zutela. Hortxe duzu. Lehen, hiru langile bidali zituzten Logroñora; gero, hemengo ekoizkaiak han hasi ziren ekoizten; orain, hemen geratu ziren langile guztiak Logroñora. Hau guzti hau jakina zen.
Hurrengo astean itxiko omen dute. Hiru behargin baino ez dute hemen utziko, azken garbituak emaitearren. Non dago aldea? Aha; han-a, Logroñon lansariak urriagoak. Hemen langile bakoitzak han halako ia bi gehiago jasotzen zuen. Hori bertzerik ez da. Hara joan dira, bada, zu ez bertze guztiak; eta zu etxean.
- Hilarión, berriz, herriko jaietan hemen dabil, alkandora zuri, txapel eta gerriko gorri eta prakak zuri, apain-apain – Iñakik erantsi.
- Bai, horixe, gizon apaina da; eta herriko hainbatek begi onez ikusten bide-du, edo zuen, erranen nuke nik. Orain, badirudi, jendea begiak zabaltzen hasia dela. Horrek ez du hemen luzaz iraunen. Etxea salgai ezarri duela entzun dut. Horrek Madril du gogoko. Gizon hauundiak dira eta-aa gure herria tttiki-tttikia. Erosi duen azkeneko beribila ez da gure karriketan sartzen.
- Ez da harritzekoa: horrek-e' sakelak kuin-kuin beteak ditu.
- Jakina. Zer uste duzu zuk egiten duela horrek Norvegian eta Alemanian eta hor nonbait? Nondik uste duzu ekartzen ziola Hirigoieni 'porroa' egiteko ekaia? Lehengaia non eros bazekien eta badaki horrek. Behin, Bartzelonatik zetorrela, 'guardia civilek' geldiarazi omen zuten, eta beribilean zekarren guztia kendu omen zioten. Lantegian, aldiz, lasai asko agertu zen. Horrek-e bazekien eta badaki nori egin behar dion hartu eta eman.
Elkarrizketa luzea egin zuten. Zeresanik asko elkarri eta Iñaki jakingale zen. Ostatura sartu ziren. Lagunez lepo zegoen, hitzaro marmartsu ozena besterik ez zentzuen. Txikito bana ardo beltz edan zuten, arrautz egosi erdi bat, antxoila eta pipermin batez eginiko pintxo bana ere jan zuten, ahatada baten. Honetaz eta haretaz elestan luze joan zitzaien.
Hala, Iñigoren azkena jakin zuen Iñakik, Labandibarren ahorean. Emaztea utzia zuen. Dibortzioa eskatu zitzaiola eta Iruñetik alde egina Burgos aldera joana zela zehaztu zion, halako berriketan beti ondo jantzia ohi zegoen Labandibarrek. Alaba bakarra eta beste haur batez izorra zegoelarik, emazteagandik banantzea erabaki omen zuen. Beste neska batekin bat eginik zebilela emazteak bazekien, eta bien artean hauta zezan galdatu zion. Neska berria, esaerak zioenez, Burgosko gudagizon baten alaba ei zen, diruz, gainera, ondo hornitutako sendi batekoa. Elizaz dibortzioa gebendua bazen ere, diruaz debekua nola saihestu bazekien Iñigok, eta gotzainaren bitartez, urtebetean edo emaztearekiko legezko lokarri guztiak eteteko ustea zuen, nahiz eta honetarako dirutza ederra eman behar ukan. Berriro ezkontzerik ez zuen ukanen; baina legez neskarekin elkarte-modu bat egin zitekeelako, ondasunen erdiak emaztegai berriarekin banatu eta gero, elkarbizitzan hasi ziren.
Urtebete baino gehiago zen Iñigorekin hitz egin ez zuela. Azken aldian haserreturik alde egin zion. Labandibarrek, alabaina, zerbait bazekien. Aitaren oinordeko bakarra izendatu omen zuen, itxura guztien arauera, epaileak. Behigorkuko nagusi berria, horretaz, Iñigo.
Burgosen aitak erositako etxalde eta eraikitako etxe berriaren ugazaba zen.
- Ez duzu ikusi nola dabiltzan kamioiak gora eta behera? Bada, pagoak ebakitzen hasi dira. Enborren garraioan dihardute.
- Laster, beraz, pinuak haziko dira Behigorkun – Iñakik Labandibarri.
- Zalantzarik ez. Hori ukan du beti asmo Iñigok. Pagoek ehun bat urte, edo gehiago, behar dute dirutzeko; pinuek, ostera, berrogei bat eta nahikoa. Horren aitak-a lehengo lege zaharreko gizona, pagoak maite zituen, baina semeak ez du dirua bertzerik maite.- Aita-semeak berdinak, bata bertzearen eta bertzea bataren antz-antzekoak. Hondarrean, aita Burgosen hil zen eta semea bide beretik doa. Horiei hemengo hezeak ez die onik egin.
- Aitak, hala ere, azkeneko urteetan larriak ikusi omen zituen. Hemendik eket egin zuen arte ez omen zen bakean bizi. Ametsetan ere etsaiak ikusten omen zituen. Entzuera izan nuenez, hilko zuten mehatxua jaso zuen, hainbateko bat ordaindu ezik. Eskutitza hartu zuela badakit. "Kasu, nehori ez erran hontaz deus" zirautson, eta "beha zer gerta zaion Bizkaian, zu bezala, gerran ibili eta diputadu zen horri " gehitzen zion, " burniaz hil duena burniaz hilen da " erranairua azken agur baten antzera. Hiruzpalau egunez etxetik ateratzeke egon zela badakit.
- Bai, gure etxean babespe egon zen, garai batean. Amak eta biok ez bertze nehork ez zekien. Orai zuk ere badakizu, baina ez nehori erran. A, eta Iñigok ere bazekien, zeren, harako egun batean gure etxera jin baitzen, aita ikustera. Iñigok, beraz, bazekien jakin – azaldu zion Iñakik, honetaz ezer ez zekien Labandibarri.
- Ez zen, beraz, leku txarrean egon. Zuen etxean egon zitekeenik ez zuen askok uste ukanen. Orduan, mehatxuen ostean Gorrotxa zebilena hedatu zen. Gainera, gau batez, norbaitek elizako horman pintada bat egitean ikusi zuela zioenik bazen. Nehor gutik, ordea, daki, nik dakidan bezala, 'guardia' batzuek Gorrotxa lotu eta baso aldera eroan zutela.
Gaueko ordu tikiak ziren, etxera bidean lau-bosten artean harrapatu zuten, lurrera egotzi, eta berehalako baten, eskuak gibelean loturik eta burua plastikozko poltsa beltz batean sarturik, land-rover batera indarka sartu eragin zuten. Bospasei kilometro egin omen zuten bide batetik aitzina, eta leku batean gelditurik, ibilgailu barrutik ateratu, lurrera ahozpez egotzi zuten, eta zanpaka ekin zitzaizkion, nor baino nor butoiago, lazkiro oinkatuz, errebeski. Goizean, ibai ondoko sasien artean esnatu zen. Zorabioak joa zetzan. Ez zuen deusik gogoratzen. Nik aurkitu nuenean aurpegia ubelez josia zuen, odoluriz betea. Ezin hitzik egin zegien. Geure etxera eraman nuen.
Sendagilea agertu zeneko, bere onera etorri xamartua zen, baina saihetsezur bat hautsia zuela erran zigun eskuz ukika azterketa egin zionaz gero. Gomutara zetorkion zer bakarra alkate-ohiari eginiko zemaia omen zuen. Zer zekien honetaz, eta halako itaunak egiten izan zizkiotela, ukabilka jo eta jo zegiten bitartean. Gorrotxak ezer ez zekiela egietsi zutenean, bertan behera egotzita utzi zuten, zauritua, guztiz hebaindua, ia hil-aginean. Orduan ere, geroago legez, Iñigok salatu zuelako hizpideak barra-barra zebiltzan, zer gertatu zen nehor gutik jakin zuen arren.
- Nik, behintzat, ez nekien – Iñaki harriduraz mintzo.
- Nik ez nizun orduan ezer erran; lantegira sartu eta ezjakinarena egin nuen; gainera zure osaba-lehengusuak tartean zirenez gero, zer erranen nizun, bada, nik zuri?
- Osaba nuen bai, baina ez zen nehoiz gurekizkoa izan, gure etxekoak bertzelakoak gara. Lehengusua, berriz, ez dakit zein etorkitakoa den, aitaren eitekoa da txit.
- Baina osaba zuen etxean ostendua eduki zenutela erran didazu – Labandibarrek itaunkoi.
- Bai eta egia. Amaren neba zelako. Geurera laguntza eske etorri zitzaigun: hilko zutelako uste latzak jorik zebilen, burutik ia egina.
Etsaiak gibelean ikusten zituen. Gure aitonaren etsaia izan zen harek-e' guk urgatzi egin geniezaiola nahi zuen, edo behar zuen.
- Ez zuen, bada, merezi. Nehor gaiztoa izan bada huraxe gaiztoa. Herriko sendagile zen Luisi zer gertatu zitzaion ez zitzaion-o, harexek jakin bazekien, eta deus argitzeke joan da mundutik. Huntzorrietakoek zerbait zekitelako ihes egin behar ukan zuten, herritik batek daki nora. Ameriketan omen – Labandibarrek zerbait zekiela adiaraziz.
- Etxea, behintzat, hutsik dago, bai; etxaldeko sailak, aldiz, Oihangurengoek hartu bide-dituzte. Eta, zer dakizu Maria Irachez?
- Gorrotxa hil zuten egunean harekin izan zena, bertzerik ez.
Halako berriketan ari zirela, 'guardiak' ziren bi ezagutu zituen eta, Labandibarrek isiltzeko imintzio bat egin zion, eta Iñaki isildu zen.
Egun handia ohi zen beti herrian zeia-eguna. Baserritarrek biziki maite zuten, ilean behin, azken igandez, elkarganatze jendetsu ha. Gauzak erosteko eguna izan ohi zuten, nahiz zela etxerako nahiz zela abereentzako edo, orobat, beraientzako zerbait beti erosi behar eta. Saldu ere egin ahal zuenak zer-nahi saltzen zuen; eta etekinezko diruaz erosten. Iñakik zintzarri berri batzuk erosi zituen; traktorerako, bide batez, bentzina bete ontzi ere bai; eta zakutto bat gal-irin ere etxeratu zuen.
Bidea hobetu berria zen. Alkitranezko geruza nahikoa lodia ihaurri zuten eta inoiz baino eroso bezain leunago zegoen. Aurreko asteetan kamioiak gora eta behera ibilten izan ziren, enbor garraioan, eta lekuan-lekuan bidea hondatu zuten, zulogunez josia zegoen, behera egina. Aldatsa ez zen zelaitu, baina igo-jaisteko askoz hobeki zegoen.
Agina landatu zuen bihurgune itxia zabaldu behar zutela eta induskailuak, bazterrak irauli zituenez, zuhaixka erauzi zuen, hautsi zuen, ohartu ere bagerik. Ez zuen atsebage txikirrik hartu hazixea zen landare gordina, apur-apur eginda lokatz anabasa lohian ikusi zuenean.
Beste baten bila joan beharko; eta biharamunean Torrontegieta aldera igoko zela otu zitzaion, hango alderdi malkartsuan aginak berez, ez sarri bakan baizik, hazten baitziren. Hirik eta Gorrotxak hainbeste irabazi zuten.
Kamioiak nondik zetozen Labandibarrek irakatsi zion. Behigorkuko pago enborrak zeramatzaten. Gehienak, harean ere, Balentzia aldera: hango leku batzuetan haltzairu-lantegi handiak ziren eta bertara. (Pagokia zur ederra da, zurixka, marra ttiki-ttiki luxe, mehe, ugari-ugarikoa; uretan urtebetez murgildu eta gero, ohol guri polita delako hainbat errediza, tretxu, girten eta abar egiteko berebizikoa da. Mozkina, beraz, ona)
Basoa soildu zuten. Iñakik, aspaldian hango aldean ibili ez eta ikusteko gogoa piztu zitzaion egun batean, osabaren pagadi gizena ikustera igo zenean, zelako sarraskia egin zuten egietsi zuen. Ez zuen sinetsi nahi. Lehengo oihan itzaltsu zen hura basohil huts bilakatua. Lurra oro lokatz; zuhaitzik ez landare xumerik ez zutik; narragailuak eginiko zauriak agerian. Behinola aitonak esan ziona oroituz itzuli zen, ahopeka bere buruari zirautsola:
" Hauek ez ditek lur hau maite, eta, hau gure lur hau, halarik ere, geure Amalurra diagu. Eta, bizkitartean, beraien ama maite ez duten hauek nola izanen dira, bada, amaizunarentzat hobeak? Osabak otoitz bat egiten omen zian, Behigorkura igaiten zen bakoitzean. Pagoak besartetan hartzen omen zitian, ea loditzen ziren neurtzearren. Dirua behar zuen haretan, batzu-batzuk ebakitzea erabaki zian eta, bihotzez mindurik zegoela zirudian. Minak, ordea, ez zioan eman, itxurak zirenez, moztu beharrak, dirua' zemai egiten zion edo ziotenei eman beharrak baizen.
Semeak, pagadiaz jabetu eta ez luzaro, oro ebakitzea erabaki duela zirudik. Honek seme honek, gainera, ez dik aitaren erroa, ez dik basoa maite, are lurra guttiago. "Basoan hazia kalera jaitsia eta bertan nagusia" zuan aita; kaletar eskuxuri hutsa, berriz, semea. Egunen baten, aitonak zioen eran, hauen esku balego, guk bizi izan dugun geure hau guzti hau, arrotz eta ezezagun bihur lekigukek. Amalurrak hobitik deiadar bipila eginen ligukek, bere haurrek ehortzia izan baitateke.
Hauek dirua baino ez ditek ikusten. Aita biltzaile zuan bezain semea xahutzaile duk. Maiz ohi omen duk honela. Laster pinuak hazten ikusiko ditiagu. Hogei bat urte eta lehenbiziz argalduz gero, enbor ez oso lodiak izan arren, dirutza jasoko dik, paper-lantegira saldurik.
Hogei bat urte geroago, pinudia oso eta bete bipilduz, soil-soilduko dik eta bertze diruketa bat egin dikek. Burgos aldean esne-mamitan bizi ahal izaiteko zer gehiago behar duen, beraz! Eta, aitonak zioena egia, hots, hauek honelako hauek ez dutela nehorentzat onik".
Etxean ama gaixorik aurkitu zuen. Urteak gainean, eta urte latzak jasandakoa zen emakume ha, mehetuz zihoan, makalduz eta, azkeneko egunetan, gaisoberatuz.
Ez zion aipurik egin, atsebagetu nahi ez zuelako, Behigorkun ikusitakoaz. Gainera, neguko eurite mardulek lur asko maldan beheti eroan zuten, narraz, luizi handiak eginki. Baso-malda, lurra urez mordindua eta, zeharo errekatua zen lekuan-lekuan, luparia handiakeginak, uharrek larrutua eta arrobatua. Itsuski negargarria, hots.
Neba zoratu eta guztiz sats eginda hil zela jakin zuenetik ez zuen onik ukan. Bien arteko harremanak ez ziren inoiz gozoak izan baina, odol berekoak izaitea eta amari zainak zeutson. Nebaren berekoikeria ez zuen batere maite, alabaina, azkenik, beti barkatu egiten zion, txurizkatu egiten zion. Hondar urteetan ez zuten elkar ikusi, eta hobe; honela ere, amak jakin zekien, Iñigok esan ez arren, antzinako Carlos burgoi haren hondarkinak baino ez zela Burgosko zahar-egoitzan bizian hila zetzan neba zeharo zargaildua, arrautsa.
Sendagileari deitu behar zion. Aspaldi ez zela, etxeko ezkaratzean telefonoa ipinia zegoen, eta herrira bagerik egin zuen.
Ez zen berehala iritsi. Euria ari zuen, eta bide aldapatsuan gora ez zen erraza. Leihotik ikusi orduko Iñakik ezagutu zuen. Ama ohean zetzan gelara zen eta, aztertzen hasi zitzaion. Luze aritu zen. Bukatu eta, han ikusle isil zegoen semeari, keinu batez gelatik ateratzeko adiarazi zion. Larri zen.
Onik zegoen bitartean, etxe beteko anderea zen. Baratzekoak ez ezik, ukuiluko ataza guztiak, eta sukaldekoak zer esanik ez, eta zernahi ere bere eskuez egiteko zein eragiteko gai eta gauza zen emakume maratza, dulabre, askotarakoa zen. Azken urteetan, aldiz, ez zen lehengoa. Iñakik telebista erosi zuenean, ohi baino luzaroago geratzen zen sukaldean; baina ez honegatik betiko lanei uko egin geldirik egoiten ez zekien emakume harek. Semeak ez zuen askotan ikusten. Amari, baina, ikustea atsegin zitzaion, batere ulertzen ez zuen arren. Aitona hil zenetik neguko arrats luzeak aspergarri. Beheko sutondoan ez zuten danbolina esekitzen gaztainak erretzeko, urte batzuk bai baitziren gaztainak biltzeari utzi ziotela. TELEDIARIO ikustea zuten orduan ohitura hartu, eta amaitutakoan ohera.
Udako ilunabar epela izanez gero, haritzaren ondoan eseriz ordu-irago, gau erdira arte egongo ziren berriketan, zaharren berritzen eskierki, aita hil zenez geroztik.
Neguarekin ez zen hobetuko. Ama, sendagileak adiketan eman zionez, zahartzaroan sartuz geroko gaisotasun bihurrezinak joa zegoen; luzaro etorriko zitzaion, baina emeki-emeki etorriko. Antzinako zer batzuk gogoratzen zituen; oraingotsu beste batzuk, ordea, berehala ezabatzen oroimenetik.
Sendagile gaztea, harez gero, sarri igaiten zen. Hurrengo astean itzuliko zela, eta atarian agur egin zion Iñakik.
Gau iluna zen. Neguko euritsu horietarikoa. Haize boladarean bat edo beste entzungarri bazen ere, euriaren hotsa zen, batik bat, entzuten ari. Bategatik edo besteagatik loak ez zuen ondo hartu, baina azkenean, nekearren, lo geratu zen.
Goiztirian, seiak irian, zarataño batek iratzarri zuen. Euriari ez zinotson, antza. Haizea geldi zegoen. Ukuiluko behien katea burdinezkoen kirrizkadak entzuten hasi ziren. Ateko zakurra isilik zegoen. Motore baten hotsa. Ibilgailu bat etxe ondoratua zela ohartu zen. Zakurra zaunka hasi. Ohetik jaiki zen. Leihora, eta landara begira, eta harri eta zur gelditu zen guztiz. Land-rover batzuk etxe aurrean. 'Guardia civilak'. Berehala jantzi zen. Gelatik ateratzera egin zuen eta, danba!, atea ukalditzar batez kraskatu zutela aditu zuen. Berehalako baten, sei-zazpi 'guardia' ataritik gora igaiten. 'Cetmeak' aurretik, oihuka, garrasika, di-da baten, Iñaki inguratu zuten.
"Al suelo" egin zion oihu buruzagi batek. "Al suelo, cabrón" beste batek, pixtan. Zoroak ziruditen. Zazpi edo zortzi sartu ziren. Iraiz baten, ezkaratz osoa mozorroz bete zen. 'Guardia' guztiak aurpegia oihal beltzez estalia, begi-zuloak baino ez agerian. Iñaki, lipar batean, zoruan ahozpez etzana zen. Eskuak gibelean lotu zizkioten. Ukarai-bilurrez. Biren artean jaso zuten, behingoan, hots baten, tarrapatan eroaiteko. Land-roverrera sartu zutenean, ia zorabioz zegoen. Zer zen jakin ez. Berehala bidean behera hasi ziren. Abiadura handiz. Ibilgailuan, burua makurrarazita zeramaten. "Te hemos cogido, cabrón. De ésta no sales vivo" erauntsi zion oihu lazki ondoan zihoanak, ahoa belarrira hurreraturik. "No le dehe que levante la cabesa a ese hihoputa" beste batek aurreko jarlekutik. Arturratu baino lehen, 'kuarteleko' ziega bateko zoruan botata, bertan behera utzirik zetzan.
Ordubetea egin zuen. Ordu amaiezinak iruditu zitzaizkion. Ez zen bere onera etorria. Buruko alak sumatu zituen. Ilunbean ezer ez ageri. Une batez, ametsetan ari zela otu zitzaion. Ez zentzuen tutik. Ukuiluko txintxarrien hotsik ez. Etxean ez zegoela ohartu zen. Sua ez zegoen pizturik eta hotz. Hainbat oroitzapen etorri zitzaion gogora. Bat-batean lurpean bizirik zegoela eman zion irudimenak.
Aitonak, behiala, esan ziona egia bilakatu zen: " Hi ere, noizbait, espetxera sartuko haute. Euskaldunen halabeharra duk". Ama gaixoa etxean bakarrik zegoelako hagitz kezkatua zen. Labandibarrek Gorrotxa bahitu zutela azaldu zuenekoa, berbertatik irudikatu zuen.
Hura hil-zorian, erreka bazterrean utzi zuten bezala, bere burua latz oso latz porroskatua zekusan. Amets gaiztoa ote ez ote. Burutik egina ote. Burua lehertzeko zorian. Gogoeta lazgarriak edeki ezinik. Bertan hilez gero, inork ez zuen ezer jakinen; leze batera egotziko zuten. Minaren minez hilko zuten sarrakioak jota zegoen. Izua begietan.
Berehala, lau 'guardia civil' sartu zen. Jaikitzeko agindu ziona, begira eta bertatik, galdeka ekin zitzaion, mutiriro:
- Por cada pregunta que le haga quiero un verdad. Una respuesta falsa será fatal para ustéd. ¿Entendido? Sabemos a qué organización pertenece. ¿Ustéd amenazó y chantajeó a don Carlos Chapartégui? Iñaki isilik geratu zen, hitzik egin ezin larrian. Eta 'guardia' berak berriro:
- Conteste a mis preguntas de inmediato. ¿Quién le transmitió la órden para efectuar tales amenazas y chantajes? Beste 'guardiek' astindu bat eman zioten Iñakiri, erantzun zezan. Ezin zuen. Bertantxe, ukabilkada bat sumatu, gibelean min eragin ziona. Ez zuen hitzik egin, minagatik zotuku bat egin arren, ikara baten antzo.
- Se está ustéd poniendo tozudo, y no le conviene. Va a hablar quiera o no quiera, y va a transmitirnos la verdad. No se lo repetiré.
Hable y responda la verdad. ¿De dónde le llegó a ustéd la órden para amenazar a don Carlos? Era tío suyo, ¿no?. Sabe que murió víctima de la presión psicológica efectuada contra él. Sabemos que ustéd estaba detrás de las amenazas, y que ustéd recibió de él el dinero del chantaje. ¿Qué hizo con el dinero obtenido?
Atzetik 'guardia' batek buruan zanpako bat eman zion. Burua makurtu zuen. Zerbait erantzun nahian edo, hitz bat egitera egin zuen, baina mingaina nahasi bide-zitzaion eta ez zuen ahal ukan. Beste ukaldi gogor bat jasan zuen, buruaren gainean.
- ¡Hable de una vez, cojones! – oihu egin zion garratz teniente-ikurrak zituenak – ¡se me está acabando la paciencia! – zoro legez oihuka – ¿Quién más actuó con ustéd en esa operación criminal? ¡Dímelo, cojones, o te mato aquí mismo!.
Iñakik, burua makur-makur eginda zegoenez, ez zion begiratu. Gibelean beste ukabilkada mingarri bat jaso zuen. Burua goititu zuen, minaren minez. "Yo no" esatera heldu zen. Bat-batean, belarrondoko gogor bat eman zion, aurrean zuen tenienteak, bere onetik aterata bailegoan.
- Tú sí; y quiero toda la verdad – erasan zion berriz ere, samatik oratu zueino, irato behar zuelakoa eginaz – y lo quiero ahora. No tengo más tiempo. Te mando destripar, aquí mismo, como no me digas todo lo que sabes. ¡Pues no tengo pocas ganas de matar un vasco! ¿A quién entregaste el dinero robado? Sabemos que don Carlos lo depositó allí arriba en la caseta del monte. ¿La caseta es tuya, no? Iñakik ondo ulertu zuen Bordaxaharraz ari zitzaiola, eta "sí es" esatera ausartu zen.
- Sí es ¿qué?. ¿Fué una venganza por que don Carlos llevó a la cárcel a tu abuelo? ¡No; tu abuelo era un rojo y separatista que se fué a la guerra y perdió! don Carlos no hizo sino que se cumpliera la ley: cárcel para los traidores a la Patria. ¡En mala hora le conmutaron la pena de muerte que se había merecido! ¡No sé cómo no actuámos contra él! ¿Lo tuyo fué por venganza?
Buruaren gainean ahurkada gogor bat jasan zuen; eta Iñaki ia zorura erori zen. Beste 'guardia' batek iletik eutsi eta ten egin zion, gorantz, eta zutiarazi zuen, behingo baten. Hirugarrenak giltzurrunean maxikunka eraso zion, beste behin. Minagatik uzkurtu zen. Ez zioten tautik esaten utzi. Hirurek batera joka inarrausi zuten. Ukaldi gogorka. Lurrera egotzi zuten arte. Zanpaka egin zioten, hirurek, nork baino nork butoikiago. Tenienteak burua zapaldu zion, zapataz ingatu zuen. Oinazeagatik kordebagetu zen.
- Lo sabemos todo. Aunque ustéd no nos lo diga, nosotros sabemos quién estaba detrás de esos hechos de terror. El tal Gorrochategui era el cabecilla, el jefe del comando suyo. Ya pago su culpa. Ahora le toca a ustéd, y le aseguro que le caerá todo el peso de ley. No me obligue a que le aplique aquí mismo la pena que no le aplicaron a su abuelo. ¿Quiénes forman parte del comando?Konorterik bage zetzala ohartu ziren. Tenienteak agindu eta batek ontzi bete ur ekarrita burura isuri zion. Bertan utzi zuten.
Ordubetegarrenean, lehengo lau 'guardiak' berriro agertu ziren. Iñaki esna zetzan. Zoru hotzean, oinazearen oinazez, jaiki ezinik. Oka egina zen.
Bere aginpekoei begira, burdinazko barrak ekarteko agindu zien. Batek, gelatik atera eta, atzera sartuta, barra luze batzuk ekarri zituen. Tenienteak bat hartu zuen. Biren artean zutitu eragin zioten. Zutik ia-ia egon ezinean zutik. Ez zion zirkinik egiteko unerik utzi eta, danba!, barrakada gogor bat emanaz, sorbaldan oinaze lazgarria eragin zion. Iñakik ezin jasan ukan zuen eta bertan konortea galdurik erori zen, zerraldo, arat. Gelatik eraman zezaten agindu zien eta gudetxeko botika-gela antzeko leku tiki batera sartu zuten.
Biharamunean hantxe esnatu zen, ohatila baten gainean zetzala.
Oinaze batean zirauen. Lepauztaia etena zuen. Gernua egin zuelako, ohatila bustita zegoela ohartu zen, gorriztatua. Gernuaz batera odola jario zitzaion, antza. Leku garbi itxurakoa zen, leiho batekoa. Kristalaren osterean, norbait begiratzen ari ote. Mina jasanezina.
Saihets aldean jasotako ukaldi baten ondoriozko odol-gernuaz maindirea gorriz bustia zen. Ez zen pittin bat ere higitu, eta minak geldiarazi zuen.
Han eduki zuten hiru edo lau egunetan, ez zuen inor ikusi. Ama gaixoa burutara zitzaion. Ameskaizto zitekeen, soinaren alde guztietan suma min guztiak ez balira. Leihotik sartzen zen argi epelagatik lurperatua ez zegoela otu zitzaion. Higitu ezina zuen. Zirkin batto egin orduko, sastada mingarri bat sumatzen zuen. Garrasi egiterik ere ez. Ez zekien zeinbat egun zen han zegoela.
Laugarren edo bostgarren egunean, 'guardia civil' batzuk agertu ziren. Ohetik jaikiarazi zuten, eta gelaxka haretarean eroan zuten, oinazeengatik zutik ibili ezinez. Jan bage eta gosez kalikatua, ahoa lehor. Begietarik beheti minaren minezko malkoak zerizkion. Lehen eguneko gelara eraman zuten, eta azpian botata utzi.
Tenienteak oihu egin zion. Garrasi betean, zoratua bailitzan. Izenak jakin nahi zituela eta erasan eta erasan. ' Komandoa' nortzuek osatzen zuten eta itaunez itaun, lehenengo egunean bezalaxe. Burua uretan sartuko ziola eta irato eginen zuela zemai egin zion.
Plastikozko poltsa beltza erakutsi zion. Iñaki ikaran. Labandibarrek azaldu zion hura zen. Gorrotxari egin omen ziotena bera. Hura bizirik atera zen, baina beharbada bera ez zen bizirik irauteko gai izanen eta, guztiz izuturik zegoen. Ukaldika hasi zitzaizkion. Buruan jo eta jo. Konortea bagetu aurrez, tenienteak gelditzeko agindu zien. Poltsaz burua estali zioten. Bertan behera utzi zuten. Plastiko beltzezko poltsak zulotto bat zuen, arnasa har zezan. Ordu erdiren buruan, atzera tenienteak:
- El otro día se entrevistó ustéd con un tal Lavandíbar. Nos lo ha comunicado todo. Si ustéd no confiesa, no nos importa, ya lo sabemos, sabemos todos lo que queremos saber. En todo caso, si quiere que el juez le sea más, como diría yo, asequible, le conviene colaborar con nosotros. Ya sabe, el juez, actúa conforme a nuestros criterios. Una confesión le podría liberar de una pena mayor. Y le proporcionaríamos un tratamiento más adecuado a las circunstancias.
- Yo de comando no soy – ausartu zen, behingo batean, Iñaki mottel-mottel, izu lauorrian, ahots hari mehe batez. Alak ez zion mintzatzen uzten.
- Si persistes en tu cabezonería, no conseguirás nada bueno – tenienteak setatsu – ¡dime, cojones, quiénes sois, y punto! ¿Dónde guardas las armas, hijoputa? Yo no quiero saber más.
- Yo no tengo arma. La escopeta para casar ya ni anda. El padre era casador, yo no – bazirudien Iñaki bere onera etorten hasia zela, baina oinazeak ez zion hitz gehiago esaten utzi.
- ¡Qué burros son estos vascorros; no aprenden ni a hostias! – beste 'guardia' batek – y encima no saben ni hablar. Ondokoak ukabilkada latza eman zion, eta Iñaki odoletan. Ezpaina urratu zion. Hagin bat kolokatu ere bai.
- Hoy mismo, o mañana, te enviamos ante el juez y serás único responsable del comando. El Juez te empluma sin duda; y de aquí al cementerio; no sales de la cárcel. O sea, que queríais secuestrar a don Carlos. Y acabásteis matándole a disgustos. Un hombre que lucho toda su vida por la ley y el órden, al servicio de la Patria, y acabó sus días en un centro psiquiátrico, por culpa vuestra. ¡Y tú, sobrino! Mereces acabar en el río, como aquel otro – tenientea haserre antzo.
- El tío solo quería el dinero – Iñakik esan, eta di-da, ukabilka ondoan zituen 'guardia' biek. Burua makurtuz babestu nahi zuen arren, berehala masaila biak ubelduraz bete zitzaizkion.
Biharamunean, ohatilan iratzarri zutenean, burua handitua zuelako, oinazez erdi-zorabiaturik sentitu zen. Buruko minari lepauztai etena gehiturik, eta goseak eragindako alak urdailean jasangaitzak zituen. Bi 'guardiek' beso banatatik oratuz, oinak herrestan, karrakailduz, zutitu ezineko giza-zaku baten antzera, garraiatu zuten, atzera, itaunketa egindako gelaraino. Zoruan utzi zuten, bertan beheratua, ahozpez. Pertz bete ur hotz aurtiki zioten. Edaten ere ura eman. Beste perzkada bat eta gorputz osoan hotzikara sumatu zuen. Jarleku batean eserarazi zuten. Burua erabat handitua zuen, ubeldua zuen, putzorrotua.
Tenienteak paper zuri bat erakutsi zion.
- No tiene ustéd más que poner su nombre y apellidos en este folio. Lo demás ya lo tenemos redactado nosotros. Una firma le puede ser de utilidad para salvar la vida. No hace falta que le explique qué les ha acontecido a algunos que no quisieron firmar.
Iñakik ez zuen ezer idazteko indarrik. Boligrafoa hartzera egin zuen, eskuak dardarka. Zirriborro bat egin zuen. Sinadura baten antzeko zerbait. Ez zuen harean irakurri. Ikusi ere egin ezin zuen. Tenienteak hatz bat hartu zion, lodia, eta tinta batean bustitakoan, paperean sakaraziz, zikintzera behartu zuen, hatz-marrak uztearren. Hauxe egindakoan lehengo 'guardiek' ekarritako gelañora itzuli zuten. Epaile batengana eramango zutela uste zuen.
Eguna oinazeakatik erdi-esna eman zuen. Ohatilan etzana. Gernu egiteko gogoa sumatu zuen, baina higitu ezin. Eutsi nahi ere eta ezin.
Lastaira edo zer hura busti-busti egin zuen. Zorua bera ere bai. Loak hartu zuenean, gau erdi, sarraila baten hots kirrinkariak iratzarri zuen.
Minak ez zion besterik burutan erabilten utzi, baina aitona irudikatu zuen. Zeinbat aldiz aipatu ukan zion harek sarrailen hots ikaragarria! Halakoa entzuten zutenean ba omen zekiten nor edo nor hiltzera eramanen zutena.
Askatasun hitza haientzat heriotzaren esanahikide zen. Hala ikusi omen zuen azkenengo aldiz bere adiskide minetako bat.
Gizon onez ezaguna zen hura, gazterik ikasle sakona eta olerkien egitea atsegin zuena. Gau batez, sarrailaren kirriz-karraz entzundakoan, lo zetzan gelara gartzelazain bat sartu eta izenez deitu zionean zoru hotzetik jaiki zen. Ez zuen ezer hartu; esku hutsik sartu bezala irten zuen; eta lagunei agur eginda joan zen. Aurpegian irribarrea zeraman. Atea itxi zutenean barruan geratu ziren haiek ez zekiten deus. Urte batzuk geroago, jakinen zuten. Gau haretan eraman zuten lagun hura, gau haretantxe hilerriko hormaren ostean hil zuten. Zazpi bala sartu zioten. Horma ondoan zutunik, apal-apalik baina burua makurtzeke, hiltzaileen aurrean, zerura begira zegoela erho zuten. Ez zuten hilerrian bertan ehortzi. Aitonak zioena legez, hura eta haren antzekoak "askatasun haizeak dituk; lur hau maite zuten arren, haize itxiezinak dituk, lur guztien gainetik hegan ibiltzen ikasiak eta hegan dabiltzanak".
Ametsak eta ameskaiztoak nahasten zitzaizkiola ohartu zen. Sarraila ez zuen inork ireki. Ziegazain zitalik ez zen sartu beraren izena aldarrika. Aitonak behiala jaulkitakoa ametsetan jaugin zitzaion. "Hura gure adiskide olerkari hura hil zutenetik gurean ez duk aberririk" irautsi zion behin, eta betiko gogoan zedukan. Burutara, berriz, ama etorri zitzaion. Etxean bakarrik utzia zuen. Gorrotxaren errautsak haizeratu zituzteneko oskarbia ikusi uste zuen. Nork hil ote zuen hura, eta halako galderak burutara. Eta, oroz gain, zalantza latz batek jo zuen: nork salatu ote zuen bera. Hil-zorian zegoen eta zergatik, eta norbaitek gezurrez salatu izanagatik. Osabak berak egin ote zuen? Labandibarrek ote? Maria Irachek zer ote zuen harekin guzti harekin? Iñigo aspaldian herrirean at bizi eta, semea izanik, nola? Ez, ezin zen. Zazpi edo zortzi egun, eta gau, luze-luze haietan zer oldoztu eta hausnarturik asko ukan zuen. Epaile baten aurrera eraman zutenean, ez zen batere lasaitu. Buruan zerabiltzan zer guztiak bor-borka ari zitzaizkion.Aulkian eserarazi zuten. Epailea agertzean zutitu behar ukan zuen, eta berez ezin: gorputza jasan ezinik. ' Guardia' batek oratu eta gorantz bulkatu zuen. Lipar batez isiltasuna izan zen.
Epailea gizonezko merro itxurako bizardun bat zen. Ez zion Iñakiri begiratu, begiak paper batzuetara so beti. Eskuartean zerabiltzan paperak nahas-mahas higitzen zituen, zerbaiten bila edo bailebilan.
- Veo aquí que ustéd se confiesa autor de diversos hechos súmamente graves, por los que debe ser imputado y condenado. Veo que, todo cuanto confirma en su declaración ante los agentes de la ley es perfectamente probado, y así consta en las diligencias perfectamente efectuadas por ellos. En definitiva veo que el dictamen a aprobar dice que : "El señor Ignacio María Goicoechea Chapartégui, alias "Iñaqui" participó en las amenazas y extorsiones ocasionadas al Sr. D. Carlos María de Chapartégui y Olloquieta, a las órdenes del jefe del comando, un tal "Gorrocha" ya fallecido, y que el citado acusado se apropió del dinero de la extorsión que la víctima depositó en un lugar denominado Bordasar. De resultas de estos hechos terroristas el Sr. D. Carlos María enfermó y por último falleció ". Estudiado con sumo detenimiento este dictamen, le declaro culpable. Debo condenarle y le condeno, con arreglo y ajustamiento a la ley, a diez años de cárcel por cada uno de los delitos terroristas que en él se contienen a saber: 1o. Pertenencia a comando de banda armada. 2o.
Amenaza y extorsión. 3o. Apropiación indebida de dinero ajeno. Aplico, además, la agravante de daños posteriores a la víctima con resultado de muerte.
Iñaki guztiz harritua zen. Zirkinik egin ezina. Epaileari begira zegoen. Isilik, ahoa itxia. Gogoa beste nonbait. Guztiz adigetua zen.
Begirada galdua. Epailea paperei begira zegoen. Berehalako baten "llévenselo de aquí" agindu zien 'guardia civilei'.
'Guardia' biek besotik oratu eta gelarean kanpora eroan zuten, xixta-pixta. Ibilgailu beltza, espetxera bidean hasi zen unean, leihatilatik so eta oskarbi ostin-ostina zegoela ikusi zuen. Hodeirik bat ere ez. Urrunttoago, galerri oritu zabal-zabala zekusan, ertzerik ez zuena.
Etxetik oso urrun zegoela ohartu zen, orduantxe.
Iñigok urrundik begiratu zion, aspaldi joandakoa ez zen Gorostitzagoikoari. Burgostik bertaranztu zenean, Iñakirenaz jakinaren gainean zen. Lehengusua atxilotu eta bera bizi zen hiriko kartzelara bidali zutenetik, izeba gaixorik eta bakotxik zegoela eta, laguntzera joan behar ziola gogora zitzaion.
Bidea laster egin zuen. Erositako alfa romeo berria oso azkarra, eta handik honako errepidea ona. Batez beste, orduko ehunean jin zela adiarazi zion izebari. Izebak ez zion deus ulertu.
Izeba haserre zegoen, azken egunetan Iñaki etxeratu ez zelako. Iñigok baretu nahiaz, semea Bordaxaharren ardiak zaintzen zebilela eman zion adiketan. Oherean jaikitzeke zetzan eta egoera txar-txarrean. Iñigo berehala ohartu zen. Kezkak jo zuen, biziki. Lehen baino lehenago, urgatzi behar zion. Lau-bost egunetan jan ez edan bage zetzan. Ohea guztiz sats eginda. Berak bakarrik, ahal zuen eran, izeba ohetik jaso zuen, eta berehala jaten, edaten eta garbitu bat eman zion. Beste ohe batean eratzan eta bertan lotan utzi zuen.
Ukuilura jaitsi eta abere guztiei jaten eman zien. Gosez hamikatuak ziren eta mauka-mauka ekin zitzaizkion irentsiari. Gorotzaren kirats nardagarriak ia zorabiatu egin zuen, baina, hilik aurkitu ez zituen bizidun guztiei janaria eman zien arte, ez zen gelditu. Oilo batzuk hilotzik zetzaten. Ate ondoko zakur zaharra hil-aginik.
Berehala sendagileari deitu zion, izeba aztertzera hel zedin; eta berehala lehengusinari ere deitu zion. Donostiarean etxera ordubetez edo eginen zuelakoan deitu zion, baina ez zegoen bertan, Saloun baizik. Biharamunera arte, beraz, ez zen iritsiko.
Gauean lo egiten geratu zen Iñigo bertan, izebaren zaintzaile. Sendagileak hala aholkatu zion, buruko gaisotasun sendaezina gero eta larriago baitzen. Goizean hobeto zegoela zirudien. Xuxpertua nonbait. Halako zerak zituen, aspaldixko, gora-beherak alegia: orain burua argi orain ilun. Eguarte beroan atariko itzalpean, aulki batean eserarazi zuen. Egurats garbiak on eginen ziolakoan.
Izebarekin ez zen erraza hitz egiten, baina, antzinako oroitzapenak, taukian-taukian, atzokoak bailiran etorten zitzaizkion burutara, eta burutik ahora laster:
"Hi, Iñigo, hi ez hintzen hemen orduan, baina hire aita guduan ibili zuan eta ez zuan izan, ez noski, gibelean gelditzen ziren haietarikoa.
Behin, hau nik entzueraz zakiat, herriko mutil bat ihesean ikus omen zezan. Umezarodanik elkarren ezagunak eta hala ere ez adiskide.
Hire aitak, urrundik ikus eta zer eginen zuen asmatu edo igarri egin ziezaion. Harek mutil harek ez zezan, antza, gudura joan nahi, inor hil nahi ez zuelako, eta zubi baten osteko bide-zidor batetik aitzina, hanka egiteko asmoa zezan, beraz. Nola edo hala itzuri nahi zezan.
Aitak, susmo txarrak harturik, ilunabarrean erne eta adi, haren mutil haren ibilerak begirapetu. Iretargiaren argiaz lagundurik,ilbete alegia, mutilak zubi aldera jo, eta hire aitak ikusi. Zubiaren gainetik iragan, eta hire aitak ikusi. Beste aldera egin, eta hire aita zubira.
Eskuan zeraman granada ireki zezan. Azkarra hire aita, beso indartsuak; harri bat izan balitz bezala, granada aurtiki ziezaion. Zubi gainetik berrogei metrora bai iritsi granada ha. Lurra ukitu bezain laster, danba!, dzapart eta lehertu egin. Mutila zidorrean zehar, ttipi-ttapa zihoan, eta ez zezan ezer ikus, gibelean eztanda gogorra sumatu arte. Lehergaiaren indarrak mutila airean iraitz zezan.
Lurrera erori zenean, zartako latza jasan. Gorpua bertan gelditu. Guztiz leher egina. Odolez lohi-lohia. 'Tertzioko' beste kide batzuek urrundik oro ikus zezaten. Beste askok eztanda entzundakoan, etsaiaren bonba bat zela uste eta euren burua babestera egin zezan. Hire aita zubian lasai zegoan. Ilunean, zidorrean zerraldo zetzan hilotz hari so. ''Tertzioko' buruak, gertakariaren berri jasotakoan, aitarengana eta besarka zezan. Lagunek oihu eta "vivaka" hire aita goretsiz.
Herriko alkate izan zenean, Iñigo, hire aitak harro bai harro hedatzen zian gertakari ha, zeren, haregatixe " ausardia handiko domina" eman baitzioten.
Mutil haren etxean mina minaren gainean. Apezeneko mutila zuan. Mutil ona, hemen esan ohi dena legez esateko, atso bat hiltzeko gai ez zena. 'Erreketeek' eroan zitean. Ez zian gura, baina nahi eta ez joan behar. Lehen egunetan, gibelaldean ibili ei zuan, janaria prestatzen eta halako egiteetan. Behin, herri batera sarturik, 'tertziokoek' gaxte batzuk nola hil zituzten ikusi eta nazka-nazka egina, atzeratu ei zuan. Aste osoan jan bagerik egon ei zuan. Orduan bertan, norabait alde egitea erabaki zian, antza. Izan zuen lehen abagadunean egin zian. Hire aitak, baina, antzeman zioan. Herrira ekarri zutenean "Por Dios y por España" hil zela zabaldu zuan.
Apezenekoak doluan pozarren, esateko. Ezbehar larria zitean baina zerbaiten alde hil zelako atsegin gazia. Geroenean, hire aita itzuli zenean, egia jakin zenean alegia, haien atsegin poxi hura atsebage latz bihurtu zuan. Hilerrian ipinia zioten harri landu goresgarria, gau batean, hauts eginik agertu zuan. Hire aita ez zuan urrun ibiliko. Halako jende eulia behar ez zela zioean, harropuzto. Apezenekoak urteetan herrian ia-ia agertzeke bizi izan zituan. Hire aita, berriz, herriko nagusi".
Iñigo entzule. Izebak antzinako zerik asko zekien. Aita gizon latza izan zela lehendik ere bazekien arren, gertakari honen berririk ez zuen. Apezenea berak beti hutsik ezagutu ukan zuen, eta, behin entzun zuenez, etxekoak aspaldian herrirean kanpora joanak ziren, Ameriketara hain zuzen. Aurrena semea joan omen zen, Nevadara artzain, eta urte batzuk geroago gurasoak eta bi arrebak bertaratu.
Iñakiren arreba biharamunean iritsi zen. Saloutik goizean ibilasi eta arratsean Gorostitzagoikoan. Senarrarekin jin zen.
Beribilean bide luzea eta, Zaragozan gelditu ziren, nonbait bazkaldu behar eta.
Iñigok ororen berri zehatza eman zien. Iñaki, berak zekienaren arauera, Burgosko espetxera bidali zutela jakinarazi zienean, atsebage larriak jo zuen haren arreba. Ez zuen inola ere uste izanen neba atxilotu beharko zutenik. Zergatik ez zekien, baina adiskide gaiztoak ukan zituelako gertatu zitziola ziur zegoen: neba, izan ere, ez zen ezertan sarturik ibili ohi ziren horietarikoa. Ziur zegoen, baterean batek, aburu gaiztoa sartuko ziola burutara nebari. Hainbat urtetan espetxeratua izanez gero, nebak ez zuen atarramendu onik ukanen.
Iñigok lasaitutto bat eman nahiaz, Iñakiren alde zerbait eginen zuelako hitz eman zion. Burgosen maila handiko lagunak zituela eta, zerbait erdietsiko zuela. Zin egin zion, ahalaz, haren neba, hurbilagoko kartzela batera eraugitearren, 'gobernadorearekin' berarekin hitzegingo zuela, behar izanez gero. 'Gobernadorearen alaba ezagun baino areago zuela, hitz erdika, adiketan eman zion.
Ez zion besterik galdatu lehengusuari, hots, ahal zezakeen guztia egin zezan Iñaki hurbilagoko kartzela batera ekarria izan zedintzat.
Iñigok hitz eman zion. Iñaki ez zen leku itxi batean luzaro egoitekoa. Burutik egingo zitzaiola beldur zen.
Ez zuen igini ahal, nola eta nolatan erori zen neba halako zoritxarrean. Gaxterik, Gorrotxaren adiskide zela otu zitzaion. Ez zen mutil ona. Beharbada, honexek kutsatuko zion. Asmo gaiztoez limurtuko zuen, nonbait. Eritzi gaiztoko mutila zela bazekien, jakin ere.
- No comprendo, Íñigo, cómo ha podido caer en semejante desgracia. ¿Por qué se ha metido en esos problemas, viviendo bien como vivía? Seguro, que algunos malos amigos le han engañado. El tal Gorrocha aquél habrá sido uno de los que le han embaucado.
Iñigo isildu zen. Ez zion harean erantzun.
- Este hombre no ha sabido nunca vivir – sartu zuen hitz senarrak – ¡no ha hecho más que trabajar y trabajar! Y ahora le meten en la cárcel por su mala cabeza. ¡Algo habrá hecho, cuando le ha condenado! Ya intentaré yo hablar con mi colega, a ver qué se puede hacer.
Bueno, venga, vamos a comer un poco mientras tomamos dicisiones con prudencia. Íñigo, quédate a cenar antes de volver a Burgos; que tienes largo trayecto: no te conviene partir con la tripa vacía.
Iñigok ezetz, eta berehala alde egin behar zuela, etxera gau erdira baino arinago iristearren. Izebaren logelara hurrandu zen, lotan zegoela ikusi, eta agurrik egiteke joan zen.
Loaldi luzeak egiten zituen. Loak hartua zetzan. Alaba gelara sartu zitzaionean ere, ez zen esnatu. Margari ez zen buruz onik.
Bakarrik bizitzeko ez zegoen, inola ere.
Alabak senarrarekin hitz egin zuen eta biok Saloura eramaitea ebatzi zuten. Han hobeki zainduko zuten, zerarren. Etxetik urrun bai, baina alabarekin, suhiarekin eta bilobarekin ondo biziko zen. Eguraldia han hobea. Hemengo hezetasunik ez han. Biharamun goizean alde egin zuten.
Gorostitzagoikoa hutsik geratu zen.
Margari alaba-suhiekin urrunera bidean zihoan, Iruñetik hara. Iñoiz ere ez ikusitako landa idorño oparoetan zehar, leihatilatik so eta so, hango zabaltza amaiezinaz liluratua. Isil-isilik zihoan. Harritua, nonbait. Mendikumerik ere ez zegoen lurralde nabar haretatik nora ez zekiela, erabat txorabildua.
Beste errepide batetik, beribil beltz bat Larrarterantz zetorren. Aspaldi zen 'Estremoduro' herrian agertu ez zela. Gaua egundu aurretik eta, herri barrenera sartzeke, gurasoak bizi ziren etxerako bidean gora jo zuen.
Larrarte ilun zegoen. Atea itxia, aita ohean, ama, berriz, telebistaren aurrean. Usterik ezean heldu zen eta ez ziren gutti poztu aita-amak, semea, urtebete eta erdian eurenganatu bagerik, ikusi zutenean. Bizar lodiaz estalia, aurpegia beti bezain beltxaran, ezpainetan zigarro gorria sutan, amultsuro hurreratu zitzaien. Aitak berehala:
- ¿Qué tal mi teniente?
- A zu órdene mi zarjento padre – erantzun zion semeak barrez, txantxari txantxa.
- ¡Ya tenía gana de ver a m'iho! ¡Eztá má delgao que nunca! – amak poza ostendu ezinik.
- ¿Qué tal viven uztede? Le veo mehorao.
- Tu padre vive meHor queun rey. ¡No hase ná, ento'eldía! Ante, iba a la fuente roja, ahora, comonohánpuezto el agua en caza, ya ni va por agua. Tengo que haselotóyo.
- ¡Venga ya, muHer, que ziempre eztá conlomimmo! Y no hase má queverlatelevizión, tó el zanto día delante dezeaparato. No zé pa'quenoloregalazte, m'iho – aitak emazteari aitzi eginaz, haserre.
- Bueno, papá y mamá, haiga pa, y záqueme uzté algo de comer y de beber que vengo con unahambre de perro. Me he metío 200 kilometro de una ve, dezde Burgo y nesezito dezcanzar – Pacok ez zien egia osoa esan, baina.
- ¡Menudo cochaso que te ha traío! Ezo valdrá un paztón – aitak leihotik begira.
- Pue, ahora le voy a dar a uztede una buena nueva, y e que, dezde mi trazlado a Madri y mi acenzo militar, he podido haser alguna inverzione murentable, lo que me ha permitío comprar un chale en Benidor, en la cozta del mar Mediterráneo. Elprózimoverano, pue, le llevaré una zemana a dizfrutar de aquel benino clima – 'Estremodurok' harrokeriaz puzturik azalduz, hizkera bera ere txunkundua.
- ¡Qué alegría, m'iho! Podremo zalir deztebujero donde no hase má que llové. Ya tenía gana de ver el mar – amak.
- Zí, porque aquí no hay má que gente rara; yo ni le puedo entender: ¡paresequeladran, máquehablá!
- ¿Y qué disen por aquí? – jakin nahian semeak aitari.
- Ná; yo no hablo con naiden; ez mehó; ezta gente no no mira bien. Aquí aparesió un día unamigotuyo, que vive por ahí en el monte, preguntando por dónde andaba; que estuvo contigo en el zervisio.
- ¿Ah, zi? Pue en una temporada no volverá por aquí. Ze ha ido a vivir a otro sitio lehodeaquí – Pacok zerbait bazekien, noski.
- Venga, m'iho, come la hudía que te he calentao – amak mahai gainean txalin bete babarrun zuri ipinirik.
Berriketan luzaz jardun zuten. Gaueko saioa telebistan ikusten ari zireino, Pacok, herriko zer guztiez galde eta galde, azken urteko berririk gehienak, bat-batera, irentsi nahi zituela zirudien. Beredin, hala ere, ez zuen jaso ahal ukan: batetik gurasoak herrirean urrunxko zegoen etxean bizi eta herrira gutitan jaisten zirelako; bestetik, hizkuntza arrotza eta oro ulertu ezin zutelako. Ume bati, behin, zerbait entzun zioten eta herriko mutil bat kartzelara eraman zutela edo ulertu omen zuten. Umeak, jolasean eta, zer nahi esan eta zer esan jakin ez sarri, eta, beraz, zer haretaz gehiago jakiterik ukan ez zutela adiarazi zioten; baina Pacok gehiago bazekien jakin.
Telebista ikusten gau erdira arte geratu ziren. Ereserkia entzun eta gero, emanaldia bukatua, oheratu ziren. Biharamun goizeko lehen argi-izpiekin alde egiteko asmoa zuen, herri barrenera sartzeke. Jaiki eta bertan irratia piztu zuen. Albiste batzuen artean, esatariak, arrandia pittin batez, aurreko astean mutil bat espetxeratua izan zeneko berria eman zuen: "En el día de ayer fué trasladado a prisión el miembro de la banda terrorista detenido tras árduas y precisas investigaciones llevadas a cabo por miembros del benemérito cuerpo, que han dado como resultado la desarticulación definitiva del comando, una vez fallecido en extrañas circunstancias su jefe máximo. El juez que resolvió con presteza, dictaminó su ingreso en prisión conforme a la ley. El convicto es responsable de la muerte del que fuera alcalde del pueblo durante los años posteriores a la contienda civil". Izen-abizenak entzun aurrez, Pacok bazekien nortaz ari zen esataria. Aitari ez zion ezer esan. Amak, berriz, abizena eta entzunik, zerttobait aditu bide zuen eta, semeari begira:
- Anda con cuidao, m'iho, que éstos son capasedecualquiercoza, ¡zon zalvahe, y no quieren ni ver a lo militare! Mañana mimmo tevá Madri, que allí eztá má zeguro; y en cuanto ze pueda no vamo a Benidor.
Larrainean elkarri agur eginda, beribilera sar eta eseri zen. Ez zen herrian zehar joanen.
Goiz euritsua zen. Eguzkia jaiki arren ez zen ageri. Ortzi osoa hodei bat, illun, trinko, astuna. Larrarte inguruko landa hezeetan ez zen abererik; aspaldian zintzarri hotsik ez zen entzuten. Bide bazterretan behera ur-xirripa handixkoak.
Beribilez laster egin zuen, errepide nagusirainokoa, eta Burgos alderantz jo zuen. Hiru orduz helduko zen. Madrilera bidean, Iñigorekin hitz egin nahi zuen.
Goiztu baino lehen, Labandibarrek, beste lagun batekin, Sarako herriko etxea ikusi zuen. Seat zuria pilota-plaza ondoan utzi zuen. Kalean inor ez. Berehala elizara joan zen, laguna beti alboan. Atea erdirekirik aurkitu zuen. Barrura baino lehenago kanpandorrearen goialdean zegoen idazkunari so egin zion, argirik ezean ia ez zuen irakurri, baina lehendik ere bazekien zer zioen: "Oren guziek joiten dute, azkenak hiltzen".Apaiz gaztea aldarean, erratza eskuan, garbitzen. Etorberriak, sarreran eginiko oin-hotsengatik, bertan zituela ohartu zenean, erratza zoko batean utzi zuen. Eskuak elkarri emanez agurtu ondorean, sakristiara sartzeko egin zien. Mahai baten baranoan eseri ziren.
- Bide luzea egin duzue, bainan arazoa, zinez, gaitza denez gero, merezi ukaiten balu nahi nuke.
- Bai, gaitza. Hemen odoletan ito nahi ez badugu, zerbait egin behar gorrian gaude – Labandibarrek.
- Elkar joka ordez, elkar maitez egin behar dugu hemen aitzina – apaiz saratarrak.
- Erraza ez da, bada. Gu beti hil ala biziko egoeran bizi gara. Gure historia luzeko hari mehea eten nahi dutenak heuragi eta ez makalak; eta guk haritik ten eginez gero ere, eten dadin arriskua bada – Labandibarrekin etorri lagunak hitz sartuz.
- Guraizeak bai, horiek, zorrotzak. Guhaurek, berriz, ez dugu asmatu, oraino, gure mataza harilkatzen, hari mehe batzuk batuz gero gure lokarriak sendotzekotz. Gure arteko barne kateak sendotu behar ditugu, gainean kanpotik ezarri dizkigutenak hautsiko baditugu.
- Etxekoak, maiz, gaiztoenak – Labandibarrek bazuen zerbaiten susmorik.
- Bo; eta, zer egin ahal dugu? Ni apez naizen aldetik, egiaren alde egin behar dut; eta maitasuna ororen gainean ezarri, Jainkoaren hitza agindu baitut. Harek "maite ezazue elkar" erran zaukun "nik zuek maite zaituztedan bezala". Ez dugu, honelarik ere, beti ontsa egin.
Ainitz odolik isuri izan da Jainkoaren izenean, eta deusetarako ez.
- Eta zeinbaitek gehiago isurtzea nahi du – Labandibarren lagunak.
- Gorrotxategi hil zutenak ez ziren urrundik jin – Labandibarrek atzera – hemen gaindi ibiliko zirela erran beharrik ez da. Guk egin dugun bide beretik iritsiko ahal ziren, noski. Eta Iñaki Goikoetxea salatu duena ez da urrutikoa.
- Zuhorrek zerbait badakizu, agidanean.
- Horren gibelean norbait bat dago, eta, ene susmoz, ahaide du.
- Nik ahal dudan guzia eginen dut, jakina, erran gabe doa, mutil hori, errugabea izanki, aska dezaten – apaiza mintzo.
- Zuk harreman onak eta zabalak dituzu, hala elizaren bitartez nola bertze agintari zeinbaiten bitartez, Goikoetxearen alde egiteko. Hau bertzerik ez dizugu galdatzen.
Ez zen askoz gehiago luzatu hango elkarrizketa. Labandibar eta laguna, norabait alde eginaz urrundu ziren. Apaiza eliza barruan geratu zen.
Gaztea zen, baina urte batzuk bazeramatzan, eta Sarako herritar gutiz gehienek biziki maite zuten. Hizketan leuna, buru argia eta irribarrea beti ezpainetan, ororekin mintzatu ohi zen, zertaz nahi ere, beti irakasle baten antzera baina apal-apalik beti. Herriko edozein etxetan abegi ona egiten zioten, beraz.
Hizkide izan zituenei ez zien aipatu, behiala, etxean altxatua Gorrotxa eduki zuela. Ihes eginda jin zitzaion, laguntza eske. Ohi bezala etxean hartu zuen, nondik zetorren nora zihoan galdetu ere egiteke. Ilunabar batean izan zen. Mendian gaindi, kilometrorik asko egin eta han agertu zitzaion, izerditan, bideak joriko mutil aunatu itxurakoa. Jateko zerbait eskatu zitzaion, lehenik; gaua emaiteko ohe biguna ere eskaini zion. Elizetxean bizikide zuen apaiz zaharra eta honen arreba ez ziren salatari izanen. Gorrotxak leku bat behar eta berehala eskaintza onartu zion.
"Etxe honetan nagusi Jainkoa da" irakurri zuenean, behin Iñakiren aitonari erranairu bera entzun ziola gogoratu zitzaion. Apaiz zaharrak "eskualdunak eskualdunari lagundu behar diola" adiarazi zionean, irrriño goxo batez eskerrak eman zizkion, nonbait lehen ere entzuna baitzuen.
Egun batzuk egin zituen Gorrotxak apaizen artean. Apezetxetik ateratu behin ere egin ez zuen, egun haietan. Nora joanik ez zuen.
Etxeko andere zaharrari lagunduz ordaintzen zien, batean erratzeztatuz, bestean bazkaria prestatuz, sutarako egurrak tikituz ere bai.
Txarrena otordu guztien aurretik otoitz egin beharra. Telebista ikusten ere zuten etxekoek, alabaina, frantsesez eta txintik ulertu ez harek.
Apaiz gazteak, Gorrotxak baino lauzpabost urte gehiago zuenak, laster jakin zuen zein etxetara bidali behar zuen. Eguerdi batez, Baionarean itzulirik, alkandora-galtza berriak ekarri zizkion, zapatila zuriak ere bai; eta arrats apalean beribilean eramanen zuela jakitera eman zion. Ongi bazkaldu zuten, laurak elkarrekin. Apaiz zaharren arrebak, jakin-mina zer den, nora joaiteko asmoa zuen galdetu zion.
- Ez dakizut, andere. Baina ez nauzu hemen betiko egonen, ongi baino hobeki banagozu ere. Anitz esker eta anitz urtez izan dadila.
- Eskerrak zuri, mutil, biziki laketgarri izan dugu zure egonaldi hau, eta bertze behin, behar edo nahi izaitekotz, hemen gaitukezu, Jainkoak nahi badu, erran gabe doa.
- Otoitz egin dezagun, beraz, orok bat, bakea gurekin izan dadin, eta zuk ere, gazte, bakea goza dezazun luzaz – apaiz zaharrak arrebari hitz kenduz. Ez zen isildu – Bai, adinean sarturik girenontzat bakea da nagusi. Gerla handiak ikusi ditugu, hemen berean, eta herra handiak sortzen ere ikusi dugu, hemen gure artean. Zerengatik? A, usu deusengatik ez. Zerendako? Deusetarako ez. Hor duzu, hilarrian mailuz eta zintzelez landua: "Frantziarentzat hilak". Eta, bizkitartean, zerendako hilak?; eta heiek hil zituztenak ere hilak, zerentzat hilak? Argeliarentzat hilak? Alemaniarentzat hilak? Edo Espainian bezala, Jainkoarentzat eta Espainiarentzat hilak? Batzuk hilak eta bertzeak hilak, eta, bizkitartean, alde batekoak zein bertzekoak Jainkoaren semeak eta alabak, oro, beraz, haurrideak. A, bainan gizakien handinahikeria! "La Grandeur"! Eta zeren jin ziren alemaniarrak honat, eta zeren frantsesak Algeriarat, eta zeren jin izan zauzkigu Eskual Herrirat guhauren lurra ekentzerat, guhauren hizkuntza suntsitzerat... Jainkoak guri emanak edeki beharrez? Apaiz gaztea mintzatu zen. Leunkiro, ohi laso, zaharra bare-baretsua izanik ere berotzen hasia baitzen:
- Jainkoak giren guziok maite gaitu, gure onekin eta hogenekin, gure makurkeriekin eta zuzentasunekin.
Gauean Baionan lo egin zuen, gainera, ezagun zuen baten etxean, Maria Irache bizi zen etxe berean, hain zuzen. Abegi onez hartu zuen, aspaldidanik elkar ikusteke eta herriko berriez asetzeko gogoarekin baitzen Oihangurengoa. Hiru gelako etxea zen, eta gau haretan inor ez bazegoen ere, beste hiru mutil eta neska batekin bizi zela adiarazi zionean, harrituxe zen Gorrotxa. Nora joanak ziren galdetzera ez zen ausartu. Hurrengo astean, ondo bidean, itzuliko zirela eta ordura arte nahi zuen gela har zezakeela iruzkindu zion.
Haietako batek zer egin eta nora joan behar ukanen zuen aginduko ziola ere eman zion adiketan.
Aste oso batean ez zen etxetik atera. Leihora hurreratzea ere komenigarria ez zela adiarazi zion eta agertu ere ez. Zerbait behar izanez gero, egunoroko janaria esaterako, Maria Irachek egiten zuen. Txit irakurri-zale ez zen arren, bizpahiru liburu irakurri zuen. Zazpi pakete zigarro erre ere bai.
Zortzigarren goizean, harrabots bat entzun eta berehala ohetik jaiki zen. Maria Irache atetik sartu zen, kalerean zetorren, eta inoizko arinen, urduri-urduri, mutila zegoen logelaratu.
- Goazen, Gorrotxa, hemendik ahalik azkarren alde egin behar diagu.
- Banoan. Zer egin behar dut?
- Hire guztia hartu eta etor nirekin. Etxea hustu behar diagu.
- Nora goaz?
- Oraintxe neronek ere ez zakiat.
- Hire lagunak ez dira etorriko?
- Ez, harrapatu ditiztek. Kaiara iritsi baino lehen, goitik tirokatu eta bertan erho omen ditiztek.
- Nork?
- Nork, bada! 'Guardia civilek'. Goazen, goazen, laster.- Badugu zerez?
- Bai, beribil bat zadukaagu.
Ahalik arinen jaitsi ziren. Eskilaretan behera ziztu bizian. Kalean ibilgailua ateak zabalik eta barrura. Bazterretan inor ez eta inork ikusi ez zituela eta hobe.
- Zer gertatu da, bada? – Gorrotxak jakin nahi zuen.
- Segada bat. Atzitu ditiztek. 'Guardiek' bazekiten jakin ere, handik lehorreratuko zirena. Untxiak bezala ehizatu ditiztek.
- Batek edo batek zakurkeria egin zinan, beraz. Zaunka egin erran nahi dinat – mutilak gertaeragatik kezkatua.
- Bai – Iratxek lehorki.
Bide luzettoa egin zuten. Gorrotxak, arduraz, atzerako-ispiluari begira eta begira, atzetik inor ba ote zetorkien ikusi nahi baitzuen.
Harik ordu erdira, basetxe batera heldu ziren. Hutsik zegoen. Antzinan utzita izandakoaren zantzu guztiak zituen ageri. Inguruan ez zen beste etxerik, ikusterrean. Muino baten magalean, landa sastrakatsu baten erdian, ez handi ez tiki, harrizko eraikin zaharra zen.
Barrura sartzeko, Iratxek ateari zatxekion giltzarrapoa giltza batez ireki zuen. Ukuilu ilunean ez zegoen ezer, lurra orbelaz eta galtzuaz estalia. Goiko solairura igo ziren. Sukaldea kedarrez belztua. Mahai bat eta lau aulki, beste altzairurik bat ere ez. Beheko sutokian errauts hotzak. Leihoa zabaldu zuten, zerbait ikusiko bazen, eta, argindarrik ez zegoenez, argiontzia sabaitik dilindan alperrik zegoenez, gautu arte argibide bakarra hura leiho huraxe.
Jatekorik ez zedukaten. Urik ere ez etxean. Lo egiteko ohantzerik ere ez; zoruan egin behar lo, honegatik. Eguna luze egin zitzaien.
Gaua ere bai.
Goizean, jaiki orduko, Iratxek etxetik alde egin behar zuela adiarazi zion. Jan-edateko zerbait ekarriko zuela. Landan ez agertzeko agindu zion. Ez zekien, antza, etxe hura, garbi ote zen. Zelatari edo espioien ikusterretik at ote zegoen esan nahi zuen.
Gorrotxa hala geratu zen. Etxe barruan itxia bezala. Eduki ere, zer irakur edo zer ikus edo zer egin ez zedukan, ez libururik ez telebista edo irratirik, ezer ez. Luzaz leihotik begira, baina inork bera ikus ez zezantzat erne, eta beldurrez. Ezin pentsamenduetarik edeki haien, ezagun ez zituen haien atziketa. Segada batez eradoki bazituzten, norbait zelatari eta salatari. Satorra, honetaz, barruan. Bera ere galbidean egon litekela hausnartu zuen.
Iratxe ez zen itzuli. Gautu zenean, goseak jo eta hamikatua zegoen arren, ohera zen. Loak ez zuen berehalakoan hartuko. Ate-leiho guztiak gotorki itxi zituen, aurkitu haga guztiez, burdinazkoak batzuk egurrezkoak besteak. Saguttoa satartean bezala zekusan bere burua.
Egun berria argitu aurrez esnatu zen. Asots bat entzun uste zuen. Leiho ondoratu. Ez zen deus ikusgai.
Goseak gogor jota zegoen. Gaua baino lehenago, zerbait jan ezik zerbaiten bila atera beharko. Neska itzuliko zela uste izan nahi zuen.
Eguna ilundu zuenean, etxeko atea langa batez itxi zuen. Bide zidor batetik aitzina muino batera iritsi zen. Bertotik argi ttitta batzuk begiztatu zituen. Etxeak ziren. Haietako batera jo behar zuen, zerbait janen bazuen. Belai batean zehar jaisten hasi zen. Etxe zuri batera iristerakoan, zakurrak usnatu zion eta zaunkaka. Honelarik ere, hurrandu zen. Ez zekusan inor. Orak, gero eta gero oldarkorrago, eta tai bage zaunkaka zeragoion, eta esestera egin zion, eta jaurt egin. Gorrotxa gelditu zen. Makila bat eskuan. Trik eginda, zakurrak zer eginen. Behingoan, abistu bat entzun zuen, fiu-fiu-fiu!. Or amorratuari deika. Gizonezko bat agertu zitzaion.
Gizon urtetsua, txapelaz estali ile pizar urdindu batzuekikoa, bospasei eguneko bizarraz aurpegi ximurrez betea ezkutatua bezala zuena.
Ardoa gogotik edan zuen, egarria berdindu arte. Ogi-gazta zati ederrak jan ere bai. Gaua etxean emaiteko aukera eskaini zion baina uko. Ez zion azaldu gizon hari nondik zetorren; mendian galdu zela baino ez. Bakarrik bizi zen artzainak ez zion gau betean alde egiten utzi nahi, baina Gorrotxak berriro bere etxera itzuli behar zuela adiarazi zion, non zegoen zehazteke.
Etxeko atarian eskerrak eman zizkion. Elkarri bostak emanda, estartetik aitzina jo eta bertantxe, artzainak gibelerean:
- Ez, mutil, hortik ez haiz jin. Hori ez duk hire etxerako bidea. Mendian galdu haizela erran didak, bainan, to! hi ez haiz mendian ibili: karrikako zapatak dituk; oski garbi-garbiak. Belaian beheti iritsi haiz. Mintzaira bera ere ez duk hemengoxea. Badakik? Urzoari bezala erranen diat: Espainiako mendiak oro elurrez beteak dituzu, gaur ostatu behar baduzu, gure etxeon baduzu. Hemen ez duk irriskurik ukanen. Gera hadi.
Gorrotxa geldirik geratu zen. Lipar batez gogoetan. Gau ilunean elkar ikusi ezinean, atari barrenetik argi pittin bat jalgitzen zen arren.
Gorrotxak, gibelera so:
- Eskerrik anitz, gizon; baina ez dizut kalterik erakarri nahi. Bertze egun batez, behar ukanez gero, zuregana itzuliko nauzu. Gaur banoazu – erantzun zion eta alde egin zuen.
- Ba, mutil, bertze batean hemen izanen nauk. Ez hadi bidez oker, ehe! Etxe honetan eskualduna beti etxeko; bainan, bada bazterrotan, etxea irekiko ez dianik. Leiho barrenetik jiten ikusiko hau, noharroin edo eskale haizatekeela uste ukanen dik, arrotz ala herri berdin izanen zaiok, eta ez dik atea irekiko. Honelako zer batzuk, nor ez baitira, badituk, bai, aladzipo, bazterralde hotan.
Gorrotxak eskua goratuz agur egin zion. Belaian goiti hasi zen, lehenttoago ibilitako zidorretik etxerantz. Heldu zeneko gau erdia zen.
(Harik astebete baino ez, etxeko atarian zegoela, bertan hil zuten.) Arrebak, ikustalditto bat egitera etorri zitzaionean, ama Saloun zegoela jakinarazi zion. Amak ez zekien non zegoen.
Barrutua zegoenetik ez zuen beste ezagunik ikusi. Hamar ilabete zeraman espetxean.
Adiskiderik ere ez zuen bat ere egin, elaide bat edo beste baino ez. Hauetako bat gelakide zuen Burgosko denda batean lapurretan atzitu zuten drogazale gazte bilbotar luxanga bat. Etxetik aspaldi alde egina, arlote antzera ibili izan zen, non zer harrapa sarri, eta 'koka' erosi beharrean zegoenetan, han pixka bat ostuz hemen beste pixka bat ebatsiz, lortzen bazuen, laster irazi egiten zuen, egunetan jateke geratzen bazen ere. Ez zen hitzik askoko gizona, eta, gainera, Iñakik ez zion ia ezer ulertzen, totela izaiteari, drogak burmuinean eraginiko kaltearen ondorioz, mingaina bera itsasten zitzaiona gehiturik, hitzak murduskatuz mintzatzen baitzen. Hanka luzexkak, besoak ere honelakoxeak, argala bezain makala, Iñakiren aldean bildria zen, erkina zen, azkenengo iletan berau ahuldu, mehartu eta zeharo kaskaldu izanagatik ere.
Beste gelakide beltzaran kizkur ha nongoa zen ere ez zuen inoiz jakin. Agertu zen bezain bat-batean itzaldu zen. Ordezkorik ez zuten sartu, eta bi lagun baizik ez, harez gero, laurentzako ei zen gelan. Bi metro zabal bider lau metro luze zen gelan, beraz, nahiko lasai eta asero zegozen. Lekuz bai.
Gogoz eta, ordea, Iñaki beti larri zegoen. Sartu zen lehenbiziko egunean bezain atsebagetua, burua nonbait galdua. Leiho estu bat zuen ihesbide bakarra. Harean begira ez zen ortzia besterik ikusten, gehienetan oskarbi.
Lepauztaia sendatua zuen, zegoeneko. Eteniko saihets-hezurra ere halakatua. Bihotzean, ordea, min zuen. Min etsia. Ama ikusi ezinak, batik bat, emaiten zion min. Etxean utzi zuen goizalde haretan gaixo larri zetzan, eta, arrebak esandakotik zekienez, harez geroztik ez zuen onera egin. Nahibage sarkor batek mingaina lotu zion. Hitz bat ere egiteko gai ez zela ohartu zen.
Burutatik ezin kenduzko galdera zerabilen, beti : zergatik zegoen preso? Zerk eraman zuen bera egoera haretaraino, eta nork, batez ere, nork salatu ote zuen itaunkatzen zion, behin eta berriz eta berriz bere buruari. Ezin zuen erantzunik ediro.
Gauak eta egunak han berdintsuak, baina leihorean barrura argi izpirik sartzen ez zenean, halako zirrara ikaragarria sumatzen zuen.
Gauez zerbait, ez zekien zerbait gerta zekiokeela eta zegoen uste gaiztoak jorik.
Hura gau izartsua zen. Ilbetea. Loak ez zuen hartu eta Iñaki leiho ondoan, zutik zirrikitu batetik begira bezala zegoen. Ez zen erraza jakiten, baina gelakideak, nondik edo handik, egun haretan ere behar zuen 'irina' eskuratu ahal ukan zuen. Paper baten gainean ipini,lerrotu eta sudurretik irentsi zuen. Ez zen oso belutu eta loak mendean hartu zuen. Zurrungaka zetzan. Halako baten, garrasi betean esnatu zen. Zororen antzera, begi handituak lehertzear bezala, ohetik jaikitzera egin eta ezinean zorura erori. Aratinik dardarka betean.
Iñaki beldurtu zen tint. Zer egin ez zekien. Zoru hotzean, intzirika ari zen. Zango-besoak astinduz eta inarrosiz zapart egin-aginik bezala. Iñakik ate joka dei egiten.
Laster, atean sarrailaren zarata zizkolatsua entzun zen. Bi espetxezainak sartu zirenean, bere onera etorten hasia zela zirudien. Une batez, honela ere, begitartea ubeldu zitzaion. Borrak eskuetan, hurrera eta ohean etzan eragin zioten, indarka. Begiak handi, ahoa ertirekirik, dardarka hasi zen, ikara baten. Ele batzuk egozten zituen, inork ulertu ezinezkoak. Biraoka oldartu zitzaien eta zaintzaileek gogor estutu zuten. Tuka eraso zien. Batek ahoa esku-ahurraz estali zion. Hatsanka hasi zen.
- Este se nos queda aquí – adiarazi zion zaintzaile batak besteari.
-¿Dónde, ostias, están esos hijoputas sanitarios? ¡A ver quién se hace cargo luego del muerto! – besteak haserri gorri.
Iñaki zutik leiho ondoan, adi eta geldi. 'Guardia Civilen' gudetxean berak jasan zuena gogoratu zitzaion. Hil-hurran egon zen gau haretako une lazgarria ez zitzaion inoiz ahantziko. Iratoko zutela uste zuen.
Erizain bat agertu zen arte, ohean eratzana loturik eduki zuten, ukarai-bilurrez. Ez zen lehen aldia. Xiringa mehe batez txertoa sartu zion eta, hamar bat minutuz igurikita, eragina hasiz lasatzen-lasatzen hasi zen. Begiak itxi zituen. Zerbait esan zuela uste ukan zuen baina Iñakik ez zion tutik ulertu. Hiru etorleak joan ziren, berriz ere loak hartu zuela ikusi ondorean.
Gau haretantxe ere, harako beste askotan bezala, leihoaz haraindira so, Iñakik zutik iraun zuen.
Gorostitzagoikoak zutik zirauen, baina hutsik. Atariko zakurra, zakur iletsu gorrixta, Lagun zeritzotena, zaharraren zaharrez gaixo, erdi-itsu eta, ama joan zenez geroztik, etxerean inora bagerik gosez hila zen. Arrebak ez zuen eraman nahi ukan; nola bada, eramanen zuen Saloura, halako abere higuingarri kirastun ezkabiztoa, etxean lekurik asko ere ez eta. Ez zen luzaz egon sarratsa ate ondoan, saiek laster goitik behera jaitsi eta, larruaz beste guztia janez, berehalako baten garbitu zuten.
Udazkena zen eta haritza biluzten hasia; orbelak larrain osoan ihaurririk, lur gaineko harlauza guztiak estaliak ziren. Ezkur ugari, negua, beraz, hotz eta luzea izanen zen, esaera zenez. Eihartu adar lodi bat lurrean erorita zegoen; egur ona sutarako baina bertan ustelduko zen.
Etxe osteko Goikosoron ardi batzuk zebiltzan. Oihangurengo artaldeko arkazteak ziren. Iletsu eta negurako ederto jantzita, ez ziren arrats iluneko euriaren beldur. Aiñubekolarren, berriz, asunak gero eta gero barreiatuago, eta ez ardirik ez beste bizidunik han.
Eguzkia ez zen sarri sartzen. Sagastibeltzeko sagarrondo zaharrak mihuraz beteak. Hurrengo udaberrian bat baino gehiago eihartuko zen.
Labandibarrek hala ikusi zuen, mendian zehar jauginik, bertara hurbildu zen behin batean. Etxe aitzinean begira luzaro egon zen. Atea ireki nahi baina ezin. Isilik beti, gogoetatsu, eguerdiko eguzki zuri gaixoa kinkan. Norbaiten zain edo balego legez, harri hotz baten gainean eseri zen. Makilaren gainean esku biak, buruan txapel beltz handia, jertse lodia soineko, panazko galtzak ere lodiak, galtza barrenak galtzerdi zurien barruan, bortzegi larruzko sendoak oinetan, beti haran aldeari so.
Eliza beste aldean zegoen, muino baten gain-gainean, ororen agerian, beti bezain harro, ezkil-dorrea luzea baitzuen. Beti bezain geldi, harri sendozko horma mardulak baitzituen gotorgarri. Labandibar elizari begira jarri zen, aspaldi ohartzeke zegoen eta antz zaharkitua eman zion, hegatz teilaz gorrixtatua goroldio ugariz estalixea.
Iparra zebilen, hotz; goizeko ihintzaz geroko behe laino zikina ibarretik erakori nahian bezala, baina ahul eta, mendiarte estuan, artean, etxe batzuk lanbroaren azpian, ostenduta, haregatik.
Ez zen herrira jaitsi. Jaugin zen bide beretik alde egin zuen, mendian goiti, mugaz beste alderantz. Ibiltari ona eta laster egingo zuen.
Bordaxaharren ondotik irago eta aurrera. Ez zen gelditu. Goikoiturrin ur xurrutada batto eginda, antxintxika hasi zen. Haizea aurka zuen. Hotza, gainetan elurrik ez izanik ere.
(Ez askotan baina noizean behin, basaburu haietako etxe hutsetara hurbiltzeko ohitura hartua zuen. Iñakirenera besteetara baino sarriago. Zutik eta onik zirautela ikusi nahi balu bezala. Huntzorrieta antzinadanik erdi-eraitsia zegoen; Larrarte, hustu zenetik ia urtebete eta, lehendik ere zabartua are zabartuago zegoen, huntzak horman gora eta hegal zati bat hautsia; Apezenea ez zen, ordurako, etxe izandako baten aurria baizik. Iñaki atxilo eraman eta gero, gau batez, ukuiluko bizidun guztiak ateratu zituen, eta, beste bi mutil lagun, bidean goiti joanarazi zituen... mugarantz.)
Sarako elizetxera heldu zenean, dorreko erlojuak sei orenak jo berriak zituen eta iluna zen. Apaiz gaztea etxean zegoen. Ez zuen uste inork ikusiko zuenik etxera sartzean. Inor izanenean, Plazidako anderea izanen zuen ikusle bakarra, etxeko leihorean oro ikusten baitzuen.
- Ongi etorri – lehen hitza apaizak, sarguan.
- Ainitz esker. Hotzak nator eta su pixka bat ikustea on nuke, oraintxe.
- Bai, horixe; sar zaitez, bada, sukalderat.
Su ondoan apaiz zaharra. Gorputza makur, esku zuri leunak garren gainean berotu nahiz, eta arrotz berriari begiratzeko burua biratu zuen. Irriño batez agur bezalako bat egin zion. Hitzik ez. Aspaldixko zen, orduan, buruz eritua eta mintzo-debeku zuela. Lehengo hizlari gozo-beroa moteldua zen hagitz, eta azkenengo asteetan mintzuldua zen. Apaiz gazteak hala adiarazi zion, eta Labandibarrek eskua emanaz agurtu zuen. Gor ez zegoen, baina entzumena oso urritua, ikusi ondo ikusten zuen arren. Esan omen zion hondarra, gazteak ez zion oso-osorik ulertu, baina:
- Behin - eta geroago ez zidan gehiago erran - " Euskal Herriaren heriotza ikusteko sortua zela" edo antzeko zerbait erranik loak hartu zuen, eta biharamunaz gero ez hitzik ez elerik. Gizon ona izan da beti, bai, zintzo askoa, eta bere herri honen maitatzaile suharra...– eta honela hasi zitzaion Labandibarri, apari legea egin bitartean.
Algeriako guduan ibiltera behartu zuten eta bihotzean min etsia zuen. Ez zen urtebetean egon hango basamortu idorrean, baina harez gero, etxera itzulia, hango idorra, eta hango odol isurtze lazgarria guztiz ere, beti ametsetan gaizto. Lehenbizkaiko belardi hezeetan gazterik ohitua, ezin hango lur gorrizko etxola pirtziletan bizi zen giza-mota hari egokitu izan zitzaion; baina, ezin, are gutiago, gizaki xume goseti saskel haiei egin zizkieten sarraski mutiri hilgarriak onets. Gudagizon ero piztia bilakatuak, bazterrik bazter, sua eskuetan bezala sua begietan, gizonak erhaiten ikusi zituen, umeak nahiz emakumeak, zaharrak nahiz gazteak, haurrak ere haurrak, nola hiltzen zituzten, nola gorpuak sarraskitzen zituzten ikusi zuen, eta egundaino ez zitzaion bihotzeko min hura sekula sendatuko. Jaungoikoaren ume haiek, errurik bat ere ez zuten haiek, hala, zorotoro, odol hotz eta zitalenean erho beharrik ez zutela uste ukan zuen beti; ez, areago, Frantziaren izenean, ez besteren izenean ere, haien lurraz eta haien aldeaz jabetzeko. Ez zen, bada, isilik egoiten dakiten horietarikoa. Behin, eta behin baino gehiagotan, pulpitura igorik, harako triskantza hura ekarri izan zien gogora meza entzule buruzuriei. Lotsaz ez bazen beldurrez, ikusitakoa burutik ahora inoiz eraugin nahi ez zutenei, atzendu nahian gorderik nahi zuten guduan jardun izandakoei, Algerian hil zituzten gizaki gaixoen izenak hilerrietako hilarrietan zizelkaturik egonen ahal zirela gogoratzen zien, Sara eta beste herri guztietako harrietan alemaniarrek hil zituztenenak bezalaxe.
Ez zen isiltzekoa, ez, Lapitzeko seme haserretia, baina betiko isildu zen. Apaiz gazteak hala jaulki zion Labandibarri:
- Orai, xoriekin mintzatzen da, xoilki. Txantxangorri kantaria biziki maite du, negualdean gure leiho hegira abaro eske datorkionean.
Xoxoarekin hitz eta pitz egoiten dela berak dio, behialako Birila haren antzera. Ez da xoro, hala ere; adimena argi du; eta Larrunenpottokak ikusten dituela uste dut.
Baina herrikoek ez zuten, aspaldi, begi on-onez ikusten. Egia erregarria omen, eta nagi esaten zien, maiz, mintzaldietan, hilikiak zirela egozten zien, bertatik bertara; urguilu zoroan bizi zirela esaten zien. Eta herrikoek ez zuten, hitzok entzunaz, ontzat emaiten haren predikua; batek baino gehiagok mezetara joaiteari utzi ukan zion.
Luze joan zitzaien, baina Lanbandibarrek zerbaiten berri nahi zuen. "Zaharrak berri" – adiarazi zion apaiz gazteak. Aste batzuk lehenago, Iruñera joana zela, apaiz adiskide onak zituela eta haien bitartez Iñaki Goikoetxeaz zerbait onik lortuko zuelakoan, baina hitz onez gain deus gutti.
- Horrek-e, zera, garbi erakusten du, hots, Iñakik errurik ez duena. Ez alde batean ez bertzean du laguntzarik. Alderdi bateko balitz beronen aldekoen laguntza jasoko luke, bertze alderdiko balitz, berriz, bertzeen laguntza, baina, nehorena ez delako nehoren laguntzarik ez du – Labandibar haserre mintzo.
Apaiza, hala ere, ez zen etsia. Donostiara joanen zela, gotzain zegoen gizona zinez bihotz handikoa zela eta, ahalaz bederen, ahaleginak eginen zituela.
- Bai, zinez gizon on eta zintzoa hori gotzain hori, adimen handikoa gainera, baina eskuak lotuta ditu horrek; horrek-e nahi eta ezin ukanen du. Bildotsa da hori otsoen artean. Iñaki gartzelatik aterarazi nahi badugu, bertze bide batzuk hartu beharko. Epaileren batekin edo bertzerekin hitz egin beharko genuke. Nik, behintzat, sindikatuan diru apur bat bil nezake, zerbaiten ordaindu beharrik balego-ezpalego ere. Horrakoek, epaileek alegia, ez dute eskurik higitzen sosen hotsik aditu ezean, baina zerbait egin ahal ukanen dugu.
Hizkideak ez zuen gaizki ikusi, eta, gotzaina ararteko izanik, epaile batengana joko zuela adiarazita, gaueko ordu biak zirelako oheratu behar zela eta, bukatutzat eman zuen elkarrizketa. Aitagurea otoitz eginaz azkendu zuen. Sua errautsaz estali, eta lotara joan ziren.
Biharamun goizean, Labandibar, eguna arturratu aitzin, etxerean oinez aldendu zen. Apaizak gosaltzean geratu ziren. Zaharrak errauts bizitik sua berpiztu zuen, eta ondoan jarri zen, ohi laso, garrei begirik kendu bage. Gaztea laster Donostiara bidean.
Uda Donostian zen. Alde zaharreko karrika guztiak turista arrotzez beterik. Iñigo ez zen atze bat hango tabernetan: udaro ez ezik ahal zuen bakoitzean ere, asteburu nahiz aste nagusi, donostiaratzea atsegin zuen. Gazterik ere, sarri; eta Burgosen bizi zenetik, itsasoaren ikuspegia behar zuela zirudien, kresal-usaina gozagarri zitzaion, bere gazian. Batzuetan emaztearekin eta alaba bakarrarekin etorri ohi zen, baina ez gutitan bera bakoitzik. Inoiz edo behin Biarritzera ere gertura ohi zen. Frantziako xarma edo maite zuela eta Biarritz halakoxea zuen, hots, Frantziaren miraila.
Muga zeharkatu behar zuenean, Ibardin aldetik nahiago. Izan ere, bertan mugazain zegoen 'guardia civil' bat ezaguna zuen. Telefonoz deitzea baino ez zuen, eta mugazain harek zer egin behar bazekien.
Alfa Romeo berriaz laster egin zuen. Autopistan berrehun kilometro orduko abiaduraz ez zen bide luze. Kapoa ondo zamatua ekarri zuen, uztailaren hamazortzi haretan. Aurreko astean, Melillatik Madrilera eta hiru egunen buruan Burgosen jaso zuen. Kilogramo asko ez baina oro garbia, merke erosia eta, ondo bidean salduz gero, etekin oparoa.
Inorekin baino lehenago, bazkaldu behar zuela eta Miraflores aldera jo zuen. Aurrez alditik eskatua ez izanagatik ere, mahai bat berehala atondu zioten, bionbo baten ostean, bakarrik eta inoren begipean lasai bazkal zezan. Bazkalondoa ez zuen luzegatx egin, arratsaldeko bostak aldean Intxaurrondon nahi baitzuen. Hitzordua bertan zuen eta ez zuen inola ere huts egin nahi.
Bostak hamar gutitan heldu zen. Etxe garai batzuen arteko kale estu batera sartu zen, eta bertan alfa beltza ipinutzi zuen. Ez zen berandutu eta gazte sendokote bat agertu zitzaion. Adats luzeko tximadunak ez zirudien arren, kapitaina zen. Zaragozan bizi zirenez geroztik, ezagun eta adiskide zirela ageri zuten.
Elkarri berririk asko ez eta kaporean Iñigok kartoizko bi kutxa handixko eman zizkion. Azalean, "Señorío de Campoluengo" idazkuna eta azpian "Denominación Duero" irakur zitekeen; zortzi urteko ardo gorria zelakoan eraman zuen, teniente koronelak agindurik, paperezko poltsa batean diru mordo bat Iñigori eskura eman ondorean.
Seiak jo aitzin Ibardinen zegoen. Mugako etxolan zaintzaile bakarra. Beribil beltza ikusi zueneko bide erdira ateratu zitzaion, eskua bekokira eta agur eginaz batera iragaiteko keinua egin zion. Beribila, une batez, gelditu zen. Eskutik eskura Iñigok paper batzuen artetik zerbait eman zion eta kutxa tiki bat ere bai. Berehala aurrera jo zuen. Zazpietan Biarritzen nahi eta abiadura azkartu zuen.
Donostia bezain turistez betea iruditu zitzaion. Kalez kale, ibilian-ibilian, hara so horra so, nagi antzean, nora ezean bezala zebiltzala burutaratu eta irrikaitz bat egin zuen. Bera ez zen haiek lakoxea. Han ikus zitekeen guztia maiz ikusitakoa zen, eta, bestalde, berak Biarritzen ikusi nahi zuena gauean ikusiko zuen. Bera lan egitera etorri zen. Atseginetarako aldia abalduz gerokoa.
Gizona zain zegokion. Zazpi eta laurenak ziren.
- Creía que ya no vendrías – egotzi zion agurraren ordez bizardunak.
- Me he retrasado en la muga; ya sabes, siempre hay que quedar bien con los chicos – Iñigok eskua luzatzeaz bat.
- Aquí, macho, hay que seguir al segundo los tiempos, hay que tener cuidado con los otros. Esos nos andan detrás. Ya sabes lo burros que son. Esos no creen ni en Dios ni en Marx, asi es que debemos extremar las precauciones. Me ha dicho la jefa que hoy te dé parte del dinero...
- No, ni hablar, o todo o nada – Iñigok eten zuen, haserretua.
- La otra parte en Donostia la semana que viene – mutil baldar itxurakoak.
- ¿Váis a pasar otra vez por Pasajes, o qué? ¡Vosotros sí que sois burros! Pero ya cambiaréis. El dinero es muy goloso. Otros antes que vosotros ya se han caído de ese burro al que llamáis Iraultza, y ahora bien que viven en los madriles – Iñigo zirika mintzatu zitzaion.
- Lo nuestro no es iraultza lo nuestro es Revolución, con mayúsculas, los de la iraultza son los otros que siguen creyendo en un dios Aberri que sólo existe en su mitología.
- Bueno, pues, la Revolución con mayúsculas; y con marihuana se lleva mejor, ¿no?. Pues si tu jefa quiere la carga entera, yo quiero todos los francos – Iñigok beltzuri eginda.
- No se hable más, no tengo todo el dinero, porque la jefa temía que podía ser descubierto y no era cuestión de arriesgarlo todo a una carta. En Donosti, el día de San Ignacio; ya sabes, nuestro santo patrón... aunque el mío sigue siendo Lenin, en fín – betaurreko lodien ostean bi begi beltz negarti agerian zituen gazte potzorro mozolo itxurakoak.
- Vosotros hoy con esta carga podéis hacer un buen agosto, y ya venderéis a Lenin más tarde...y al fin, venderéis hasta a San Ignacio...
Dame todo el dinero que tengas y lo otro en San Sebastián. Pero no paséis por Pasajes, porque mis amigos de Inchaurrondo están con ganas de salir de caza; y esos tienen veda libre todo el año – Iñigok kutxak eman zizkion, beribil urdin ttiki batera sartu zituen eta agurrik ere bage elkarrengandik alderatu ziren.
Inork ikusi ez zituela uste bazuten ere, etxe zuri baten osteko landatik, emazteki batek bi solaskideak urrutikuskin batez begiztatu zituen.
Iñigo Biarritzeko 'club' batera hurbildu zen. Gazte bat zuen bertan aiduru. Telefonoa horma batean esekita zegoen. GIN TONIC bat galdatu zion, salmahaiaz beste aldean zerbitzari ziharduen neska ileori ziratsari. Hurrupada bat, eta telefonoz emazteari deitu zion.
Donostian zela eman zion adiketan. Gautu zitzaiola eta, etxera biharamunean iritsiko zela gehitu zion, gauez errepidean nahi ez zuela eta. Eguraldia kaxkar xamarra zela, euri xirimiria, iparraldean ohi legez (emazteari "en el norte" esan zion) eta berehala ohera joanen zela.
Gaua luze izan zitzaion. Goiz erdian itzarri zenean, buruko min pittin bat sumatu zuen arren, erlojuari begira eta jaiki zen.Eguerdirako, etxean nahi zuen. Kilometro asko zuen, baina beribil berria azkarra zen, eta hiruzpalau orduan iritsiko zela uste zuen. Ez zen Ibardindik iragoko. Mugara laster heldu zen, 'guardia civilari' paper bat erakutsi zion eta aurrera jo zuen. Burgoseratu zeneko ordu biak ziren. Uste baino beranduago, baina bazkaldu etxean egingo zuen.
Atea zabaldu eta sukaldera sartu eta, hara!, emaztearekin alaba, eta aspaldi ikusia ez zuen lagun bat, 'Estremoduro' hain zuzen.
Bizarluze, beti bezain beltxaran, beltzuri; kaleko jantziz, burua biseraz estalia, jeans praka urdinekin. Ez zen aulkirean jaiki. Iñigok bostekoa luzatu zion. Elkarri hitzik asko ez.
Larruzko diru-zorro handixko batetik paper batzuk atera zituen. Batzuk pezetak beste batzuk liberak ziren. Mahai gainera banan-banan egozten hasi zen. Bi multzotan banandu zituen. Zeduzkan guztiak mahairatu ondoan, multzo bateko oro Madrildik etorri aspaldiko lagunari eskura zion.
- Ezta partida correzponde a la última entrega de material. Te quedan por pagarme la do anteriore que te envié – aurpegiratu zion, hotz-hotzean Paco Gonzálezek.
- Te pagaré todo, en cuanto reciba... – Iñigo mintzatzen hasi eta, hitzetik hortzera etenda.
- Todo ahora. Lo quiero todo ahora mimmo. Vamo al banco y zaca lo que me debe, ya mimmo. Zi no, me llevo ese alfa negro resién estrenao que te ha agensiao con la parte mía – hitz lehorrez, zakarto koronelak.
- No me jodas, Paco; somos amigos de toda la vida. Te pagaré todo lo que te debo y más; te doy mi palabra.
- ¿Tu palabra de vagco o de navarro o de qué? Ya te conosco, Chapar, y no me fío. Tú vendería a tu madre. Bueno, ya lo hisiste. Y no me diga nada, que lo zé todo, incluído lo de tu primo que eztá en la cársel de ahíalao.
- Bueno, Paco, ¡ya te vale!. No te metas en temas de mi familia – Iñigo mintzoa leunduz, emazte-alabei zeharka begira.
- Dame las llave del alfa, y en pa. Pero la prózima carga, a tocateja.
- Bueno, Paco, llévate el coche, si quieres, pero así no vamos a ninguna parte. No son formas. Un hombre de tu nivel no puede actuar así – Iñigo lotsati antzean.
- El alfa y la mita de eze montón; la parte reztante zi la cobra te la mete polculo. La prózima carga llegará de Melilla en la prózima maniobra de lo lehionario. Habrá que repartila en las Vagcongada. Zi tú no puede, tengo bueno contacto nuevo, en zectore de la alta alcurnia. Alguno que fueron del PCE de ante, quieren ahora redimir zu pecado huvenile y colaboran mu activo con nuestro zervisio.
- Ya hablaremos, Paco; yo también tengo mis amigos en San Sebastián – eta atea zabaldu zion etxerean irten zezan.
- Ezpero que ezo no zea una amenasa – Pacok ber-bertatik eten zion.
- ¡No, por supuesto que no, Paco! Quiero decirte que mis amigos de Inchaurrondo también son muy activos. Además tienen apoyos en buenos palacetes.
Atea itxi eta Iñigok birao latzak egotzi zituen. Alaba begira zegokiola ohartu ez eta, bere gelara sarturik, sumin-sumin egina, hormari zapladaka hasi zen. Gelako leihotik bere beribil beltza joaiten urkusi zuen.
Alfa Romeo berria azkar joan zen. 'Estremeño' ez zen Gaztelako hiri lehorrean geratu, eta arrats apalean Madrilgo bere etxean zegoen.
Egun beroa zen, beste asko bezalakoa, lehorra. Galsoro zabalak, ikusi ahala hedatuak, hodeiertz guztietaraino. Aitak erosi lur-sail haiek guztiak nekazari batek lantzen zituen. Erositako azken traktore handiaz bost egunetan, abantzu, iraultzen, lehengo agria zaharraz hamar-hamabi egun behar zituenak.
Etxea solairu bikoa zen. Beheko aldean beribiltegia zegoen, metalezko ate handia aurrealdean; eta albo batean gauzategi bete hainbat kutxaz, trastez eta abarrez zegoen, beste ate batetik sartzen zen leku handia. Goiko solairuan bizitokia. Kanpoko mailadi luzean gora, burdinazko balkoi batera igo eta zurezko atea ez oso zabala; ezkaratz tiki bat eta ondoan sukaldea; hiru logela, eta egongela handixko bat, mahaitto baten gainean telebista zegoen lekua.
Iñigoren etxetik hamar bat minutura, horma gotor garai batez inguratua Burgosko espetxea. Urrundik ikusgai.
Ate nagusian zehar hil-beribila jalgi zenean, goizeko zortzi orenak ziren. Ibilgailu beltza bakarrik joan zen. Iñakik, leihorean, urrun zihoala begiztatu zuen, azken aldiz. Hara arteko atzenengo egunak latzak izan ziren, gelakidea hil zen arte.
Gauean, ohe gainean eseri zen eta besoa zapi batez estukiro lotzen hasi zenean, zer egingo zuen Iñakik galdetu zionari ez zion erantzun. Iñakik bazekien. Bazkaritara joandako unean erkuratuko zuen, eiki. Ohiz, sudurretik hautsa irensten zuen, baina egun haretan, xiringa nork edo nork eskuratu zion eta, zainetik sartuko zuen. Iñakik, aurreko aldian gertatu zenaz oroiturik, zerbait esateko gogoa zuen, baina jaramonik egingo ez ziola zekien. Hala egiten zuen beti. Iñakik ez zion hitz askorik egiten, eta egiten zionean, maiz baino maizago, purrustadaz ihardesten zion. Burko azpitik xiringa ateratu zuen eta ukaraiko zain lodi bati sist egin zion. Iñaki beha zegokion, leiho ondorean, zutik, isil-isila. Xiringa-andel barruan zegoen isurki guztia zainera eta husturik, lokarria askatu zuen. Ohe gainean etzan zen, maindirea estalki bakar, eta lotan bezala begiak itxi zituen.
Gau beroa zen, eguna bezain. Iñaki ez zen berandura arte leiho aldetik baztertu, eta etzatera egin zuen unean berean, loak hartua zetzan kidea, ikaretan hasi zen, kantitu zen erabat, gorputza lehertu izan balitzaion eran. Izu lauorrian laso. Aho barrutik okakarra zerion. Begiak itxita, ahoa larri, papar alde osoa okaztatu zuen. Goragale ikaragarriak zegitzan. Ikusteaz, Iñakiri bihotza laztu zitzaion.
Geldi zegoen; begiak betean, so; zer egin ez zekiela. Berehala burdinazko atean joka deitzeari ekin zitzaion, jo eta jo, oihuz eta heitaka. Gorputzak dzapart eginen ziola zirudien. Ohe gainean inoizko dartadak zegitzan. Sarrakio sartzeko modukoak. Mandirea okakinez sats egina zen. Ahotik odola zerion. Iñaki oihuka.
Gauezko oihartzunek oihu haien hotsa zabaltzenago zuten. Laster iritsi ziren, eta ateko ikus-zulo estutik barrua, alderik alde begiratuz, zer gertatzen ari zen aztertutakoan, sarraila ireki zuten. Atea ertireki zuten. Pistolak eskuetan sartu ziren. Iñaki zutik guztiz gorriturik sumatu zuten. Alboko ohean ikara betean bestea. Ohearen gaina okaz nazka-nazkatua zen. Ezpainen artetik odola zeriola oharturik, egoeraren larria ikusi eta sendakinari deitu behar ziotela konturatu ziren. Bi zaintzaile bertan, eta hirugarrenak medikuaren bila egin zuen.
Ez zen hil. Ziegatik senda-gela tiki batera eraman zuten.
Iñakiri, gertatu guztiaren nondik-norakoa argitu nahiaz edo, egun bitan ziega ilunean eduki eta itaunketa luzeak egin ukan zizkioten.
Espetxeko zuzendariak berak gogor erasan zion, ea xiringa nork-nola eskurarazi zion, ea droga hartu zuen egunean norekin hitz egin zuen, ea zergatik ez zuen salatu txertatu baino lehenago, ea... nahiz eta Iñaki, guztiz kikil-kikil egina, ezer ez zekiela eta ez zekiela esan eta esan, egia zioela; eta ezeren errurik bagekoa zela jakin bazekien.
Lau egun joan ziren, eta onik zegoelakoan, atzera gelara ekarri zuten, sukarraz jorik ekarri arren. Iñakik ez zion txintik esan, hitzik bat ere ez. Sendakinak loarazteko pilularen bat, edo antzeko beste, emana ziola zirudien. Begiak zabal-zabalik zituen, deusik ez zekusala irudi zuen baina. Noiz edo noiz dardara lazgarri batzuk egiten zituen, bihotzak dzapart egin bezala. Zaintzaileak orduro edo agertzen zitzaizkion. Sukarretan zetzan. Sendagilea arrastirian sartu zenean, ikara baten zirauen. Xiringa batez, sendakari bat izan zitekeen zerbait sartu zion, besoko zain batetik, eta lasatuxe zen. Gau guztia lotan eman zuen.
Iñakiri Hiri gogora zitzaion. Etxera bidean, herriko jaietan ordu tikiak, karrika kantoi batean ok egin zueneko hura gomutatu zuen.
Egia esateko, gau haretan gehiegi edan zuten, bai Hirik bai berak; baina ok eragin ziona belar gaizto hura izan zen. Burua makur-makur eginik, urdailean zedukan guzti-guztia iraitzi behar zuela okaka hasi zen. Istil nazkagarrian moxal kakazto hura ikusita, etxeko zakurrak edenezko zerbaitt jan eta geroko okakarra ikusi uste zuen, eta, zakurrak ohi bezala, Hirik berriro irentsiko zuelako ustean, besotik heldu zion eta bertatik alde eragin. Etxera arte lagundu zion. Ez zuen sartu nahi, aitak ez amak hala ikus ez zezaten.Atarian, lurrean etzanik ez zuen, hala ere, Iñakik utzi nahi, eta gau haretan berera eraman zuen. Gorostitzara baino arinago loak hartu zuen. Orduan, ez zedukan land-rover hura, eta lepoan ezin eraman, eta etxera iristerik ez, eta bide ondoko borda teilatua errea zuen batean eratzan zuen, eta bera ere ondo-ondoan etzan zen, eta hantxe lo egin zuten. Agorrileko gau epela zen eta gaitz erdi.
Zazpigarren egunean, sendakina berriro agertu zeneko, ohe gainean ez zetzan mutil gazte eihartu bat, hilotz bat baizik. Zaintzaileak goiztirian atea ireki eta bertatik, argia pizturik, Iñaki lo eta ondoko ohean zetzana azken hatsetan ikusi zituen. Leihorean barrura eguzkiaren izpi xuri bat sartzen ari zen. Sendagileak eskuturreko tintina neurtu zion. Begia zabaldu zion eta zirkinik ez. Erlojua ahora hurrandu zuen eta gandurik ez. Aurpegi osoa handitua bezain ubeldua. Bihotza gelditua zuen.
Biharamunean eroan zuten. Beribil beltz luzea espetxetik urruntzen hasi zenean, garizko uhin gora-beheratsuko itsaso lehor orizta amaiezin zirudien ordoki haren gain urdin zabal-zabalean, eguzki kiskalgarri bat garretan gal-gal zekiola esan zitekeen. Eguerdirako Bilbon izango zen.
Egunak geldiro zihoazen; urteak, aldiz, lasterrean luzaro. 'Zelda' esaten zioten leku estu hura, zulo zen, zulo beltz ilun sarkorra, gain zabaletan ohitua zen menditar harentzat, batik bat. Gogoa arin joaiten zitzaion, hegaldaka legez, gainik gain, irudiz irudi, gaztetasuna galduz-galduz zihoakion era bertsuan. Lan eta lan ohi zuen gizaseme zailduak' txarto har eta eraman ahal zezakeen ezer-ez-egite nekagarri hura: egun guztietan, eguzari nahiz astegun beti berdin, zereginik ezeko egon beharra. Ezer ez eginaz ahitua zela ohartzen zen, unatua zela eta hebaindua.
Ihes egitea gogoratzen zitzaion. Aitonak egin bezala. Zaila zen. Hesia oso garaia; leihotik behera ezinezkoa; zaintzaileek oro ikusten zuten. Egunen batean, espetxetik atera eta ibilgailu batez beste norabait eroanez gero, agian, ereti egokia eta, jauzi eginen zuen eta ihesari emanen.
Behin herrira etorri zen abeslari harek kantatu zuenaz oroitu zen, bat-batean, hitzak nolabait atzenduxeak zituen arren:
"Ihes ederra zilegi balitz urra ahal baledi katea ni ez nintzateke ontzi bageko itsasgizon ahalgea"
Donostian, aspaldi handian ikusi zuen itsaso zabala irudika zitzaion, mugarik inon ez baitzuen, ez gaindiezinezko harresi gotorrik.
Beldurttoa sumatu zuen, itsasoa, izan ere, beldurgarritto zitzaion. Mendi goienetako landa zabaletan gaindi aseroago ibilten zen, haizea lagun, oskarbi osotoro, urrutiko munduaren ertzak eta erpinak ikuski.
Ziegan bakoitzik egon zen lau-bost ilean, hainbat amets egin ukan zuen, ohe gainean esna zetzala. Ardiak Bordaxaharren baranoko larreetan aske irudikatzen zituen. Ez zuten ezeren kezkarik. Gau epelean sarobe inguruko harkaitzen artean, pagoen adar luzanga azpietan, belar xamurraren gainean jarrita, lasai-lasai hausnarrean zegozen, gogoetatsu gisa. Honelaxe egongo zen bera, aitonaren ondoan, haritz handiaren azpian. Ama ere pozik entzule.
Ama gogora etorten zitzaionean, goibeldura latz batek hartzen zuen. Herio ankerra gogoratzen zitzaion. Laster urtebetea ama ikusi ez zuela, eta bizirik ikusiko ez ote, beti bihozminez zegoen. Bihotzeko min sarkor hak hotzikara eragiten zion. Pentsamendu lazgarri haiek burutatik edeki behar eta ezin zituen.
Etxea eraitsia irudikatzen zuen. Inor bizi ez zen txorietxe bilakatu eta luzaro bagerik lur joko zuen. Inoiz espetxerean atera ahal izanez gero, harriz harri berreraiki beharko. Ez zekien inoiz ere irten ahal ukanen ote.
Zazpi urte bete behar zuen. Epaileak hala jakinarazi zion. Ez zitzaizkion berehala joanen. Zaragozan ' zerbitzuan' egon zen urtebetea mende iruditu zitzaion. Han, berriz, kalera jalgi ahal zen, inoiz edo behin hiri barrenera hurbiltzen ahal izan zen; aldirietako herri koxkorretara ere, gudariketa txatxu batzuk egiteko txutxuan, eroaiten zituzten; eguzkia egunoro ikusten zuen...
Ez zion zirrara ttiki eragin epaile beltzuri haren hitzak: "Culpable". Zeren, baina, ote? Ezin asmatu inola ere. Osabari zemai egitea berak? Ez, inondik inora ere. Sekula ez zion osabari mehatxurik ez zemairik ez antzekorik ere egin. Inori ere ez berak zemairik, inoiz ere ez. Epaileari adiarazi nahi ukan zion. Beronek, ordea, ez zion aurpegiari begiratu, ez entzun, ez jaramon nimiñorik egin, ez; eta berehala "Llévenselo de aquí" agindu zien 'guardia civilei', eta berauek, besotik oratuta, behingo baten eraman zuten. Hegazka eraman ere. Oker zegoela adiarazi nahi zionerako, baina ia-ia kordebageturik zegoen. Epailea alde egina zegoen, ordurako.
Epaile haren irudia ez zitzaion inoiz ezabatuko. Janzkera beltz baten barruan mozorrotua legez, buruan kapelu ezainarekin bere barregarrian lotsagarri zitzaion, itxura goibeleko zer baten antzeko gizaseme matxarra. Haren esku ttiki xuriak, haren ahots mehea, haren mintzaira mirigosa... Nolatan egon zitekeen bere bizitza bera ere haren gixontto haren bihotz zekenaren mendean!... eta ezin zuen ulertu, ezin igini.
Atxilotua izan baino lehenago ihes egin ukan balu... baina zer eta nolatan bururatuko ote zitzaion berari, ezer gaiztorik egiteke, atxilotuko zutenik, errurik batere ez zuena bera? Ihes eginik ere, beharbada, Gorrotxari bezala gertatuko zitzaiokeen. Beharbada, ordurako hilik egonen zen.
Nola utziko ote zuen, bestalde, ama etxean bakarrik, bera, ihes eginaz, beste norabaiturik? Eta, zergatik ihes egin beharko ote zukeen, oro bertan behera utzirik, deus egin ez bazuen? Amak inoiz baino beharrezkoago zuenean hanka egin? Aita bizi izan balitz, bederen... 'Guardia civilek' aginari lorerik ez ipinteko agindu ziotenean, jaramon egin balie, eskierki, ez zatekeen espetxean egonen. Haiek salatu zuten, noski. Orduan itzuri izan balitz! Haien buru zenak mehatxuka esan ziona ez zitzaion ahantzi:
- Si vuelvo a ver una flor más en homenaje a esos terroristas, ustéd será detenido. ¿Me entiende? – larderiatsu egotzi baitzion.
Egun haietan, txitean ez bazen pitean zen, han ibili izaiten ziren, bazterrik bazter, basaburuko etxerik goienetaraino eta arro azpiko uhaldeetako etxe ziztrinetaraino joan-jin, zokoka batean mokoka bestean, eihizako zakurrak ehiziaren bila bezala, norbaiten edo zerbaiten atzean eta hotsean, han kusan hor kusan. Land-roverren lorratzak non-nahi. 'Guardia civilen' itzal iluna zuhaitz bakoitzaren ostean ikus, edo susmagai behintzat.
Gainera, etxe batzuetara iritsirik, etxejaunak edo etxandereak paper batean izenpetu behar zuten. Idazten ez jakin eta zirriborro bat egin behar. Zertarako zen ez jakinik ere, uko egiterik ez. 'Guardiek' euren lana, nolabait, egiaztatu behar zuten. Batzuetan, zerria hildako astean ohiz, zerbait eman ere behar zitzaien. Eskatzeke ere eman behar. Etxe batean ziztor, beste batean lukainka, hurrengoan haragi zati bat, haragoko beste etxe batean arrautzak emaiten zizkieten... eta 'kuartelera' pozik. Garaian garaikoa eta zaku bete lusagar ez bazen, zaku bete sagar zen, baina esku hutsik gutitan. Amak ere, ez gogo onez, zerttobait emaiten zien. "Eta bakearen alde Agur Maria" esanki sukalderatzen zen. Oihangurendarrek, herrian hedatu ohi zena egia izaitekotan, bildots bat baino hoboro oparitzen omen zieten sardinzaharrei; eta bildotsik ez zenean oiloak ere usu, eta esnea zegoenean esnea, edo bestela gazta eder bat bagerik ez ziren aldenduko handik txapelokerrak.
Osabagatik atxilotu zutela ezin ulertuzko zuen. 'Guardia civilen' adiskide ona zela zekien. Beharbada, harek, harexek salatua izanen zen. Zerengatik, ordea? Egun batean aitonarena aurpegiratu ziola gomutatu zuen. Aitonaren etsai zitala zela bazekien.
Beharbada, beragan, aitonaz mendeku hartu nahi ukanen ote zuen? Baina, osabari nork egiten zion txantaia?
Gizon ona ez zela orok jakina zen. Urtero Jurramendira eta ez zen hura atzenengoa igaiten. Ulain egunetan ohi bezain goizik joan zen.
Alkate zelarik, makila zeraman. Ederki jantzia, burua gorri, alkandora zuri, galtza urdinekin. Larruzko uhalak alkandoraren gainean,eta paparrean' guduan irabazitako ikur, gurutze eta dominak apaingai nabarmen. Ikusgarria gizona, txapel zabal-zabalagatik, batez ere.
Goian, meza entzun ondorean, gazte batek oihu egin zuen. Inor gutik zekien zehazki, baina aurreko egunetan, antza, susmorik bazen eta, zera, liskarrik gerta zitekeena ahotik ahora zebilen. Oihukaria erregezale, eta ez maite orduan nagusien nagusi zen 'caudillo' doilor Madrilen jaun eta jabe zegoena. Beste gazte batek aurka egin eta makilkada gogorra eman zion. Irri-arra baten, borroka latza hasi zen.
"Saltzaille" oihuka alde batetik, "koldarrak" bestetik oihuka. Izardun gudagizon batek pistolaz tiro iraitzi zuen. Hodeietara egin.
Borroka ez zen gelditu. Harrabots haren barrenean, soraio, liskar betean jo eta su eragoileak. Elkar hil beharrez ari, ez entzun ere.
Garrasiak eta birao latzak tontorrean. Meza entzundako gehienak, maldan behera jaisten hasiak.
Herrian ez zen askoz gehiago entzun. Arratsaldean, Jurramenditik itzulita, alkate adiskideekin, ospe handiz, ostatuan arrandiaka gudateko zerak berriztatzen, urtero legez. Apaiza ere tartean, inoiz baino alaigo. Lizarran oparo bazkaldurik etorri eta patxaranak askoren mingaina askatu ez ezik arindu ere egin zuenez, ez zen kanturik peitu, ez eztabaidarik ere gizonezko odolbero haien artean.
Oihangurengo Migeltto, lehen aldiz, ez zen haiekin. Etxera baino lehen, arratsa ilundua, bederatziak irian, apaizak otoitz bat egin behar zela adiarazi zien eta oro isildu ziren. Ostatu betean oro isil, apaiza mintzo.
Ez zuen azken Aitagurea amaitu eta, bazterrean erdi-etzanda hordittorik zegoen batek oihu:
- Ez duzu ongi egin, Carlos María, arraioa, mutila hil duzu eta! Alajinkoa eta Kristoren odola! Zuk hil duzu, ehe, caguendios.
Carlosek ez zion ontzat hartu esana eta, begirada zorrotzaz eraso zion. Apaizak isiltzeko agindu zion. Ardoak hitza hartu zuen eta isildu nahi ez, ordea.
- Zuk ere ez, aita beltz, Jaungoikoari zera, eskua kendu diozu, arraioak ez badu. Mutila horrek hil, alajainkoa, eta zuk lagundu diozu.
Kristoren odola. Horrexek du errua, zuk, zera, erruondoa duzu, arima beltz horrek!
Apaiza azkenengo hitza beretzat hartu nahiaz, leun-leun mintzatzen hasi zitzaien, ostatuan isilik zegozen entzule soraioei:
- Anaiok, entzuidazue, otoi, bihotz-bihotzez mintzo natzaizuen honi. Egun handia izan dugu, nola ez, egungo hau, urte oroz izaiten den bezalaxe. Badakigu, jakin ere, orok, ezbehar latz bat gertatu zaigula, nehoiz ere gertatu behar ez zena, hain xuxen. Ezin has gaitezke, nehola ere, elkarrekin borrokan, anaion artean nehoiz ez, Jaungoikoak nahi ez baitu. Gure etsaia deabrua da, eta deabrua ez da nehoiz igaiten Jurramendira. Zorigaitzez, gazte burubage batzuk igo dira, gure bakea erroz gora ezarteko xede gaiztoarekin. Gainera, nondik etorriak? Aha! Gure Jaungoikoa eta gure Espainia aspaldi ahantziak izan diren herri batetik, hain xuxen. Foruak nahi bai baina ez dago forurik Jaungoikoa bazter utziz gero, ez eta Espainia maite ukan ezean ere. Carlos gure alkate jaunak, beraz, asturu gaitzean, gure bakea eten nahi duenari aitzi egin behar ukan dio, ezinbertzela.
Mutila hil da, baina Goiko Jaunaren esku dago. Eta gure Jaun orohalduna lekuko izan dugunez, Carlosek egin duena Harek bultzatua izan da. Orain, bukatzeko, mutilaren arimaren alde Aitagure bat eta oro bake santuan nor bere etxera joan gaitezela.
Herrian hedatu zen sorberia egia osoa bazen, ez zen apaizak esan zuen bezalaxe gertatu. Carlosek mutila hotz-hotzean erho zuena zen egia, beraz. Hildako gaztearen anaia bat hantxe. Ezin zuen bizirik eraiki. Guztiz samindurik, zemai latza egin omen zion eta aspertuko zitzaiola zin egin zuen, amorru gorritan.
Beharbada, txantaia osabak erho zuen gazte haren anaiak egiten zion.
Agian, espetxetik at egonez, Labandibarrekin, igarri ahal izango zukeen nor ibili zen osabaren atzetik. Labandibarrek, nondik edo handik, zantzurik jasoko zuen.
Labandibar gogoratu eta susmo dongea bertan. Beharbada, ez zion barkatu inoiz, lantegitik bidali zutenean lagundu ez izana. Azken aldian berradiskidetu zirela zirudien. Labandibarrek salatu ote zuen? Labandibarrek egiten ote zion osabari txantaia? Labandibarrek ez zuen batere gogoko, ez, osaba. Gorrotxa hil eta hurrengo ilean, errautsak mendian sakabanatze aldera ekarri zituena Labandibar izan zen. Motxila barruan, ontzi batean igo zituen. Gainean hainbat gazte, isil eta uzkur. Lurrean ikurrin bat zabaldu zuen. Errautsak gainera egotzi zituen. Lau eskuk hartu eta, ikurrina inarrosiz, errautsak haizek eraman zituen.
Labandibarrek, ohi ez bezala, hitz batzuk egin zituen:
- Ez da lehena izan, ez da azkena izanen. Bizia zuen maite eta bizia eman du. Zerbaiten alde bizi nahi zuen eta zerbaiten alde hil nahi zuen. Bizi zen eta hil zuten. Nehork ba ote daki zergatik hil behar duen? Guk, Gorrotxak bezala, bizi nahi dugu, ez dugu hil nahi. Gure gogoan bizi deino bizi da.
Ondo gogoan zituen hitzok, ziegan zegoen bitarte osoan. Labandibar ere maiz gomutan.
Hasieran higuingarri zitzaion arren, iletan aurrera eta, janaria engara bagerik jaten hasi zen. Beharko: hamar bat kilo galdurik, erkin-erkindua zen eta. Zaragozako sukaldean ikusitakoa ikusita, sarri zaio dongeak emaiten bazion ere, jan egiten zuen. Gosea bera jaki, esaten zion bere buruari. Egunoro sagar bat; katilu txikir bete esne zuri; ogia ere zuria bezain ona; egoskaria bazen edo bazen erraria, nahikoa jaten zuen. Ase inoiz ez.
Gaua gogaieren ama omen. Ziega ilun haretan beti gaua.
Noizbait aterako zen. Bordaxahar, aspaldi aurri huts gainak behea joa, berreraiki beharko zuen. Gorostitzagoikoa egin beharko zuen bezala. Bera bakarra zen. Bere bakargoan lagunik ez zuen. Hiri betiko joan zitzaion. Gorrotxa ere egun madarikatu batean, errairik ez zuen hiltzaile bihozkogorren batek erho zuen. Nork lagunduko zion etxea eraikitzen? Iñigori dirua galdatuko ziona otu zitzaion, eta, txismist baten antzera, ezinezkoa zela adiarazi zion, mintzo ozenez, bere buruari, ameskaizto baterean itzarri berri legez. Ez zion deus galdatuko; ez zion, jakina, deusik emanen eta.
Il batzuk joan ondorean, behin, arratsa edo zenean, ateko sarraila entzunik, aterean barrura lagun bat ekarri zioten. Gelaratutakoan, ukaraiko bilurrak askatu zizkioten. Atea, hartzara, itxi zuten. Sarberriak ez zion agurrik ere egin. Begiratu ere ez. Ohean etzan zen; bere burua ohe gainera egotzi zuela esatea hobe. Hebaindua zegoen zeharo. Nekeak berehala loarazi zuen.
Biharamunean, esnatu eta gosaritan, ama gogora etorri zitzaion. Ez zuen gosari izkia amaitu. Bihotz barrenean halako hotzaldi bat sumatu zuen. Hainbat ilez ezer jakiteke; hila izango ote zen, bada? Hil izan balitz, bederen, albiste emanen zioketen. Gorpua ikusteko eskubiderik ere ukanen ez ote zuen? Noizbait, ateratu eta gero, hilerrira joanen zitzaion loreak ipintera. Larrarte xaharrak irakatsi zion kantu amultsu batez oroitzen, beti ilunabar zuen ziega haretako ordu luzeetan, amaren oroitzapenak gogo-barrenean...
"Erresiñola kantari eijer libertatian denian bena trixtüran higatzez dua kaloia baten barnian gü ere ama hola guntüzün, tirano hauen artian zure ametsa kontsolagarri, tristüra handienian".
Geroko zuen lagun bakarra Labandibar zela senak eman zion. Ezin, inola ere, buru-burutan har zezakeen harek salatua izan zuenik.
Baina, non ibiliko ote zen? Ez zen inoiz erraza izan haren lorratzik edireitea. Inon ere geldi egoitekoa ez zen. Agian, egun batez, kalera berriro jalgiz gero, lagun eginen zion. Bordaxahar berreraiki artean, ardi batzuk, eta behi bat, eta soroan artoa, eta baratzean piperrak, eta zer-nahi eta behar zen guztia haziz, bizitza aurrera ateratuko zuen, lehen bezala.(Ni, Iñaki Goikoetxea Txapartegi zahartuarekin hitz egin nuen bakoitzean, espetxealdi luze haren berriaz jakin-minez beti, eta beti ikasi ezina nintzen, zeren, urteen urtez, antza, orduko urte luze haietako gora-behera guztiak hain zitzaizkien ezerezak, ezen, ahantziak bezala baitzituen, nonbait, gogoaren barreneko txoko ttiki batean, oso urritan ateratzeko moduan gordeak. Urte haietaz guztietaz, bada, ezer askorik azaltzerik ez dago. Egia esateko, honelakotsu zerbait edo antzeko, gertatu izan zaio, anitz laguni, hainbat urtez bere burua beldurraren mendean edukitzearen ondorioz. Ahantzi izan zaio edo ahantzi ukan du. Ahanzturak, baina, jasandako mina sendatzen du?) "Oso latza izan da"– esan zion Iñakik. Zazpi urte eta berrogei egun egin zituen. Espetxeko atean inor ez zuen itxaraile. Ez ama, ez arreba ez inor zain. Zazpi urte baino zaharrago atera zen. Zisku handi bat ezkerreko besotik esekia eta eskuinean paper batzuk, besterik ez.
Bizar luzeak aurpegi zati handixko bat estaltzen zion, beti bekain lodiko gizaseme iletsu xamarra izanik, azala zuria bazuen ere.
Begitarte ilunari ilunago eritzi zion bila joan zitzaion apaiz gazteak.
- Zu zara Iñaki Goikoetxea, ezta? – egin zion hurbildu eta bertan.
- Bai. Zu nor zaitut? – Iñakik ezezagunari.
- Zure bila etor nadin agindu didate eta hementxe nagokizu, zuri laguntzera etorria. Beribila han dadukat eta, goazen; etxera nahitua izango zinen, honez gero. Jaungoikoari eskerrak kalean zara eta onik. Urte askotarako izan dadila – apaiz gaztea beti mintzo. Iñaki isilean atzetik, ondo-ondoan, beribiltto zuri baterantz.
- Orain Gasteizeraino, eta bazkalostean zure herrira eroango zaitut. Bazkaldu aurretik, Jaungoikoak nahi bezala, katedralean otoitz bat egingo dugu, bai, eta gaur, behintzat, aspaldidanik, zure basoko etxean lo egiteko abagadune ederra izango duzu. Baserritarra zarela ondo jakinaren gainean nago, bai. Ni, ordea, kalean jaioa nauzu. Gasteizen bertan jaioa, hain zuzen. Baserriak oso maite ditut, baina.
- Oraino ez didazu erran, bada, nor zaitudan – Iñakik eten zion.
- Bide luzea dugu aurretik, bai, eta badukegu zertaz mintzo. Ni nor nauzun galdetzen didazu eta harako olerkari handi harek behin erantzun zuena datorkit gogora. Gaur, gainera, Pizkunde eguna dugu, bai, eta ez dirudi honek halabeharra, Jaungoikoaren nahia eta guraria baino.
- Jaungoikoaren nahia izan ote ni hor barruan zazpi urte eta berrogei egunetan preso egoitea?
- Ez, ez horixe. Jaungoikoak ez du inoren gaitzik nahi. Gizakiak ez bezala. Gizona gizonarentzat otso, badakizu. Zu barruan nahi zintuena ez zen Goiko Jauna, beheko jaun batto baizen. Jaun edo jaunxkila edo jauntto.
- Ni gezurrez sartu ninduten, gezurragatik – Iñaki haserre.
- Bai, badakit. Baina, urrezko gakoak ate guztiak ireki doaz, eta oraingo honetan ere, diruaz sartu zintuzten era berdinean diruaz ateratu zaituzte – apaiz gazteak zehaztxeago.
- Ez dut ezer ulertzen. Zer diru eta zer diru?
- Nik dakidaneraino, baterean batek salatu egin zintuen, zuk errurik ez, eta, badakizu, epaile jaunttoek ez dute eskurik higitzen mahaipetik dirurik ez badago. Eta guk hau ondo baino hobeto dakigu, bai, eta zure ateko maratila irekitzearren diru pittin bat, guttienez, mahaipe nahiz eskupe, eman beharrean izan gara. Egia esateko, iaz garestiago genuen, bai, eta honegatik aurten erosi zaitugu, merkeagozurrean, eta geurtz, are merkeago izango zintzaizkigun. Zazpi urte, beraz, bete behar izan duzu, eta berrogei egun gehituki.
- Nork ordaindu du nigatik? – Iñaki jakin-minetan.
- Jaungoikoak. Gu guztion epaile nagusiak – apaiz gazteak irriño bat eginaz batera.
- Hori ene aittonak sinetsiko zuen.
- Zureak eta nireak Jaungoikoa eta Lege Zaharrak zituzten sinetsi.
- Eneak ez zuen Jainkoagatik nehor hil. Zureak? – galde egin zion zeharka behatuz.
- Nirea bide bazter batean hilik agertu zen. Ez zuen inor hiltzera joan nahi eta hil egin zuten. Lurra lantzea besterik ez zuen maite, eta maite ez bazezan ere egin behar, hamaika seme-alabei jaten emango bazien. Lurra hantxe gelditu zen, baina gure amona herritik abaztorratu zuten, haur guztiekin batera. Jaungoikoari eskerrak, Gasteizen nordin onik asko ere bazen, bai, heuragi gaiztoren artean, eta maskelu bete aza egosi jan bagerik ez ziren oheratzen. Lege zaharrekoak haiek, larre motxean ohituak, nonbait. Goiko Epaileak sarituko zituen, mundukoek egin zutenez bestela.
- Goikoa ez dakit, beheko hauek, ordea, badakit nolakoak diren. Tu-aurtikika mintzatzen dira. Ni, errubage hau, zazpi urte eta berrogei egun eduki naute atxilo – Iñaki sumindurik.
- Bai. Egin ez zenuen zeragatik. Zure osaba zenari txantaia egitea egotzi zizuten, bai, badakit – apaiz gazteak mintzo leunez eten zion.
- Zer gehiago dakizu?
- Gurenda handia dela odol bagekoa – erantzun apaizak.
- Ez dizut ezer ulertu – eta, hau esanik, alboko leihorean urruntto, Gasteizko lehen etxe handiak begiztatu zituen.
- Zure aitonak ez nireak ez zuten inor hil nahi, honegatixe, bai, ziren handiak, onak eta zintzoak; lurreko gizonak, baldin zerurik bada bertan egongo ahal direnak. Ez ziren guduko gizonak, gu geu ere ez garen bezalakoak. Nor bere buruarekin bakean bizi izaitea garaipen handia. Haiek izan zirelako gu gara. Jasaiten jakin zuten, bai, eta geroak ez du esango "herri bat izan zen" , herri bat garela esango du.
- Eleak bai ederrak zuk – Iñakik – baina oraino ez didazu erran nork ordaindu duen ni jalgi nadin.
- Horrek ez du axola handirik. Gainera, asko ikasi duzula eta nago, hizkeraz ere bai; ikasi ere egingo duzu, bai, gorrotorik bage bizitzen – apaizak, eta berehala Iñakik eten:
- Ni ez naiz gorroto.
- Horixe entzunda pozarren nago. Gorroto dena ez da bere buruaren jabe, eta gu geure buruaren jabe izaiteko jaio ginen. Beldurrak mendean hartzen ez bagaitu aske izango gara.
- Nik askatasunari "Bordaxahar" daritzot.
Iluntzean iritsi ziren. Haritz handia hantxe bizirik. Gorostitzagoikoa itxita zegoen. Atea irekitzeko burdinazko makila bat erabili behar ukan zuen, giltzarik ezean. Hotz zegoen, lizun-sunda sarkorra sumatu zuen. Ukuilura jo, lehenik, eta hutsa ikusi zuenean, hotzikara batek soin osoa astindurik, kiritu zen. Malko batto isuri zitzaiola ohartu zen, eta jertse-besoaz lehortzera egin zuen.
Sukaldera igo eta, zurezko mahai zahar hautseztatuaren gainean ziskua utzirik, leihoa ireki eta zabaldu zuen. Gauak ez zion goiko larrea ikusten utzi. Logelara zen eta ohe zaharra hantxe, negurako ohi zuen burusi lodia estalki. Sagutto baten hotsak entzun zituen, ganbara-bidean goiti zihoala. Zortzi urte lehenagoko belar ondua berak utzi bezala zegoen. Hontza ez zuen ikusi, agian gauezko ehizaldira joana zen, eta goiztirian itzuliko zen. Saguzahar bat, berriz, itzarri zegoen eta di-da baten hegaldaka hasi zen, ziztu bizian, zulo batetik landara irten zuen arte.
Apaiz laguna sukaldean geratu zen su egiten. Beheko sutokian ez zegoen errautsik edo ikatz bizirik: zazpi urtez gero ezina; baina, poxpolo batzuk aurkitu zituenez, laster izio zuen. Etxeak berotu bat behar zuen.
Mahaiko hautsa zatar batez garbitu eta gazta bat zatitzen hasi zen. Botila bat ardo zekarren motxila baterean, ogi biribil bat ere eskuratu zuen. Abari lege xumea egiteko nahikoa.
Iñakik ez zuen gauza askorik jan, jangar zegoen; etxea hilik ikusteagatik goibel zegoen; ez ama ez beste inor, ez bizidunik bat ere etauxkur-uxkur zegoen.
Ez zuen loak hartuko. Gau osoa beilan. Bere aspaldi handiko ohean etzanik ere, arrotz zen sentitu. Gaua luze, eta etsita.
Goiztiriko garoa belarretan lehortu baino lehen, kanpora atera zen. Ez zuen lehen entzuten ziren txintxarrien hotsik entzun. Bele baten karranka zuen lehenik entzun. Larraineko harriak laharrez ezkutaturik. Orbelaz estalita lurgaineko harlauzak. Etxearen ondoko beratze zaharrean asunak erruz haziak begiztatu zituen.
- Baduzu zer eginik, gizon – erasan zion apaizak, beribiltto zuriaren ondoan zutik, Iñaki jaiki berri eta soraio antzean sumatu baitzuen.
- Bai, hau guzti hau lehengoratu beharra dago hemen, hala, lehen bai lehen, gainera – Iñaki beltzuntze.
- Ba, horretan ohituak gara gu: erortzean berriro jaikitzen ohituak, esan nahi dut.
- Nondik hasi, hauxe lehenbiziko arazoa. Bakarrik. Ama ez dut hemen, aittona oroitzapen den gerora joana... – Iñakik ahoskera motteldu zuen.
- Bakarrik, bai. Zein hitz polita den hau, baina zein latza ere den sarri.
- Lehenik eta behin garbitu ederra eman behar diot honi guzti honi, bai: oro laharrez, oro asunez, sasiz eta amaraunez, hautsez betea dago eta. Noizbait-i, hautsetik eta hutsetik hasi beharra dago, bai, eta oraikoan ezin dugu bertzerik. Gogorik baldin banu, pittin bat guttienez, aittonak abesten zuen hura egingo nuke nik oraintxe:
"Jaiki, jaiki euskotarrak, laster dator eguna Sortaldetik ageri da argi gozo biguna bere aurrean bildurtuta ihes doa iluna"
- Bizi berri bat eman behar diozu, bai, eta ekin, zakizkio lanari, lanaren beldur ez zara eta. Ni Sarara noa; baina noiztenka zuri laguntzera etorriko naizela hitz damaizut, Jaungoikoak nahi badu – apaiz gazteak beribilera sartzaitean.
- Bai, zuk nahi duzunean. Etxe hau, honez gero, zuretzat zabalik egonen da beti – eta eskua luzatu zion Iñakik, azken agur. Joaiten hasi aurrez, baina hondar galdera:
- Oraino ez didazu nor zaren esan edo erran; eta alde egin dezazun baino lehen, jakin nahi nuke.
- "Ni nor naizen asmatu" zioen olerkari harek. Nire elaide batzuek "Gasteizko Gaztea" esaten didate, eta nire zaharrean ere berdin esango didatela uste dut; izan ere, idazle ospetsu batek esan omen zuen eran, gu, antzina-antzinadanikoak izanagatik, beti gazteak gara.
Auzoko zeinbait lagunek "Gorri" esaten dit, ilea gorria dudalako edo beste zer edo zer delako den ez baitakit. Adiskide min batek "Aberri" ezarri dit goitizen.
- Horixe bai politta! Aittonak irakatsi zidan hitz ederra. Honik aitzina, adiskide bik erranen dizu horrela – eta eskua goratuz agur egin zion.
Biharamun goizean goizik, Bordazaharrera igo zen. Erabat eraitsia zegoen, lur joa. Teilarik gehienak puxka-puxka eginik, pagokizko haga beltzekin nahasiak, oro lau hormen artean zabor meta handi batean purupilkatua. Agiri zuen, batek edo batek, su eman ziona.
Urteetako utzikeriak gainerako kaltea eragin zionik ezin uka. Hura ere berreraiki beharko zuen.
Amaz oroitu zen. Arrebak behin jakinarazi zionez, Salouko egoitza batean zedukaten. Arrebari, nola edo hala, deitu behar zion ama ekar zezantzat. Etxean nahi zuen.
- Aquí está bien atendida – adiarazi zion telefonoz arrebak.
- Aquí en el telefono del ostatu estoy, no te entiendo bien. ¿Qué me has dicho, pues? – Iñakik.
- Que aquí la tienen bien atendida en la residencia, aunque es muy cara. En Salou todo es cada día más caro. ¡Menos mal que yo tengo una buena pensión y con la de Pepe nos arreglamos para casa! – arrebak ozenkiago.
- Pues, que venga a casa yo quiero. Aquí donde mejor está. Así que, traela pa'qui, cuanto antes.
- Hombre, Ignacio, aquí el clima es ideal para ella. Además tú no puedes atenderla correctamente. Requiere de muchos cuidados, ya no está como antes. Es muy dependiente – arreba luze mintzo.
- Aquí bien va estar. Yo ya le pondré la comida, si hace falta.
- Como tú quieras, Ignacio; ahí contigo, por lo menos, no tendremos que pagar todos los meses una fortuna. La próxima semana te la llevamos, una vez que concluya el mes que ya está abonado – arrebak amaitu zuen.
Iñaki ostatuan bazkaltzen geratu zen. Ostataria adiskide zuen, sei bat urte zaharrago, gizon aldarte onekoa, pozkorra. Iñaki itzuli zenetik, ia egunoro bertan bazkaltzen zuelako, lehengo adiskidantza xaharra berritua zen haien artean. Berriketan beti biak.
Batak espetxeko berri, besteak herriko berri, bazuten, ukan ere, elkarri berririk asko jaulkitzean hizpide. Nork jakinen, bada, harek gizon harek baino gehiago herri eta eskualde osoko gertaerez eta gertatu ez zirenez. Hala, beraz, jakin zuen Iñakik, haren ahotik, Iñigo lehengusuak herrian zedukan aitaren etxea saldu zuela.
Elizalden zegoen etxe dotore askoa zen Iñigo jaioriko Etxeparea, herritar gazte gehienek "Etxepa" esaten ziotena. Aurreko mendearen hasierako guduan, karrikako etxerik gutiz gehienak bezalaxe, errea izan zen. Hogei bat urteren buruan, berriz ere, berreraiki zuen, Iñigoren tokabilaso edo zenak, eta harez geroztik beti hor zegoen, aurpegi zuri, haga beltz haritzezko batzuk horman sarturik eta agerian, zutikakoak zein zeharkakoak, sakape zabal-zabal baten azpian, txapel gorri handi baten azpian bailegoan.
Eroslea nongoa zen ez zekien eta ostatariak ez zion, honetaz, ezer askorik azaldu, baina, behin tabernara sartua, erdaldun hutsa zela adiarazi zion Iñakiri. Hiru edo lau seme-alaba gaxte zituela uste zuen, besterik ez ostatuko gizon jakileak. Elizarako sarrera handiko sendia zela uste zuen, joan ere, igandero mezatara joaiten ziren eta. Aita-ama biak seme-alabekin jaunartzera, apal-apalik, beti haiek aurrenak.
Apaiza ere berria zela. Iñakik ez zuen ezagun.
- Sotanaz jantzirik zatorrak – ostatariak Iñakiri.
- Hor datorren hori duk, beraz. Nongoa da, bada?
- Iruñetik-i' bidali digutela uste diat. Dirudienez, ez zakik euskaraz, meza guztiak erdara hutsean egiten ditik eta.
- A, bai? Noizdanik hori? – Iñaki txunditu zen.
- Jin zenetik. Lehengo apaiza hemendik bertze herri batera igorri omen zitean, hala, Errioxa aldera edo, eta haren ordain hauxe diagu.
- Ene amak maiz erraiten zuena, beraz, heldu zaiguk. Harek, umore onez, "Jesukristo Burgoskoa zela uste dutenetariko bat duk hori" erraiten zuen, halako apaiz zerutiar horietaz. Jainkoarekin erdaraz hitz egin behar dela sinetsiak dituk, latinez ez bada gazteleraz. Gurea ez omen duk, antza, Jainkoarekin berriketan egiteko hizkera duina – Iñaki inoiz baino berritsuago.
- Aizak, Iñaki, Behigorkuko pinuak hazi eta hazi ari omen dituk. Horiek-e ' laaaster ditik dirutuko – txiribogina irribarrez.
- Bai, ehe! Egia erraiteko, ez nauk bertaratu; bihar joanen nauk, ea nola doazen, goiti, ikustera.
Halako hizketan zihardutela, bazter bateko apal goraxko batean zegoen telebistan, "Comunicado del Ministerio de Gobernación de España" irakurri zuen esatariak. Ministroak zerbait esateko zuela eta, TELEDIARIO zelakoa hainbat jendek ikus-entzuten zuenez, axola handiko zer bat izanik, eguneko albisteen artean hitz egin zezan une luze bat eman zioten.
Ostatuan, musean lau, jabea Iñakirekin, eta zoko batean hiru mutil zegozen. Ministroari begira jarri ziren, oro isilean, zer esango eta."Como ministro, no puedo sino desmentir toda referencia a cualquier circunstancia de malos tratos supuestamente infringidos a detenido alguno en dependencias policiales de España. En España ni se tortura ni se trata de manera incorrecta a ningún ciudadano, sino, más bien, se le trata bajo estricta supervisión judicial y conforme a la legalidad vigente".
Iñakik adi-adi zentzuen. Gorritu zen oso. Estutu zuen eskuan edalontzia. Eta, bet-betan, telebistari aurtiki zion. Hautsi egin zuen. Oihu latza egiteaz batera - "hijoputa halakoa"- iraitzi zuen. Ostatariak, behingo baten:
- Geldi, Iñaki. Zer dagik? Hago. Ostera!
- Holako putakume horrek zer dio? Gezurtia halakoa!Mecaguendios!
- Egon lasai, Iñaki. Telebista hautsi duk eta!
- Nik neronek jakin bazakiat zer den hori, horrek ardiseme horrek erran duena. " No se tortura en España" erran ez dik, bada, gezurti nakaitz horrek halako horrexek. Harrapa ahal bazaitzat harrapa, gezurrontzi kakazto alaena, buhadera zikina!
- Lasai hadi, gizon – agindu zion, besoa lepo gainean ipinteaz batera, zokoko mutil batek.
- Bai, Iñaki, bare hadi, bare. Ez hadi sumin. Horrek-e ' ez dik adituko. Telebista puskatu didak, gizon! Ostera!
- Ordainduko diat. Niri bihotza puskatu zidatean. Hil-zorian egon ninduan. Eta torturarik ez dela' entzun beharra, ostera! Putaseme alua! Hatsa ere gezurra dute horiek patari horiek!
- Horiek-e ez ditek egiarik erraiten, mozkor egonik ere. Hori, gainera-a, ministro izan baino lehen epaile izan zuan. Kontuz, gero, halako jendilaiarekin! – lehengo mutilak Iñakiri.
- Epaile, ministro... horiek orkume likitsak en likitsak baino ez dira.
- Eta horien eleekin iji-ajaz eta irriz ibilten direnak ez hobeak, ehe!– mutilak Iñakiren harira eginaz.
- Zazpi urte eta berrogei egun preso egoitea ez ote tortura? Zer da, bada? Ziperra ez bada zer, nik 'guardia civilen' eskuez jasan nuena?
Oraindik gogoratze hutsaz alak ditut. Sarri bai sarri, amets gaiztoak ukaiten ditut, esna nagoela ere bai. Harako zulo haretan egon ondorean ni ez naiz lehengoa: biriketan bertan ere min dut, arnasa hartzeko zailtasun handiak ditut. Nik zazpi urte bete nituen, barru-barruan, alabaina, hamazazpi galdu ditut biziz. Eta zergatik?
Telebista hauts eginda zegoen. Pantaila pitzatua eta barruko erraiak kiskalita."Hori bai gezurrontzi zikina. Telebista ez 'alubista' duk hori"– esanaz uko egin zion ostatariak, Iñakik zeinbat ordaindu behar zion galdetzean. "Hor dena zuri-beltzean emaiten ditek: nagusia beti zuri, morroia beti beltz"– gehitu zuen irkaitzez baina barruko aiher gaixtoa agerian.
Besterik ere bazedukan eta eskutik eskura eman zion. Paperezko poltsa bat zen. Itxia. Egia esateko, txiriboginak berak ez zekien nork ekarria zen. Mutilko batek salmahai gainean utzi zuela, eta Iñaki Goikoetxeari emaitekoa zela adiarazi zion. Ez zuen ezagun.
Iñakik ireki zuenean diru paper batzuk aurkitu zituen. Diru askotto zen. Ezin asmatuz geratu zen. Paperen artean papertto puxka bat eta idatzia: "Lehenbiziko behia eros dezazun". Harritu zitzaion. Norena ote eta, igarri ezinean. Behi bat erosteko adina diru, bai, bazen hainbestekoa. Aitonaren anaia bat hala hasi omen zen, espetxealdia amaiturik, etxera itzuli zenez geroztik.
"Ene anaia bat ere hor nonbait guduka ibil zedin. Gazte suharra, abertzale zintzoa, gure Euskal Herria erasotua ikusi orduko, han joan zedin, bipil eta kementsu, bertze anitz bezala, mendian goiti, etsaiei aitzi egiteko asmoz.
Loiolan izan zedin. Gudetxe handi ha inguratu eta barruko gudagizon matxinoei iskiluak bertan behera uzteko agindu ziezaieten. Amoŕ eman hauek. Erauki erranik, aske eta onik jalgiaraz zitzaten. Bertzela hango sarraskia izugarria izanen zatekean.
Handik zortzi astera, eraso latza egin zezaten, alde honetatik 'errekete' malmutzek. Anaia bertze aldean ez zedin kikil. Galdutako bala batek, hala ere, aurpegia alderik alde zeharka ziezaion. Odoletan eraman omen zezaten. 'Erreketeak' Donostiara sar zitezenean, erietxean atzeman zezaten. Ezin alde egin nehora. Aurpegian zuloa itxia ordurako, baina mintzatzeko gauza ez. Mintzuldua zegoan, badakik muttilko, mintzoa balak uldu zioan.
Erietxetik espetxera. Gudu-epaile batek ebatzi behar zezan. Urtebete egin omen barruan, eta epaile harek ebatzi: bizitza osoko zigorraldia.
Honako hau ekidin nahi izanez gero, Errusiara joan beharko, hango lur hotzetan gudu egitera.
Anaia urrun joan zedin. Lagun zarpailez bete-beteriko tren edo bultzi batzuetan, ardiak hiltegira eraman laso, hala, joan eta joan, noizbait hel zitezen. Gosea berdindu beharrean, edari mingotsak eman omen haiei, hotzak hilko ez baziren. Joan zitezen eta joan zitezen, eta urrunalde haretan, nora ezean, etsaia ikusteke beti. Bidean-bidean, lagun bat hemen bertze bat han, hiltzen eta hiltzen joan zitezen.
Ez odoletan, hotzetan baizik. Anaia, muttilko, ni bezain gogorra ez, gogorragoa zuan, eta eutsi harek hotzari, larriaren larriz. Lokatz beltzean ibili behar omen haiek, hango ordeka ezin amaituzkoan. Lurra eta ortzia baizik ez ikusi hantxe, egunetan eta egunetan. Herririk ez bertzerik nehon. Gauetan otsoen uhuriak, bertze hotsik bat ere ez. Lokatzetan ezin ibiliz omen zebiltzan. Oinak itsatsiz, lohiari kendu ezinez. Nekearen nekez, ahituak hil zitezen, lur beltz euskorrak erasanik hilak.
Behin, nehora heldu eta, buruzagiak agindu zorrotza: gibelera!. Beraien hatzen atzetik itzul zitezen. Bide bazterretan utzi hilotzak, aurpegietan irria, hantxe ageri, utzi bezain zurrun, loak, betiko loak hartu eta. Buruzagiak, muttilko, Napoleon edo ez zakiat nor, aipaka egin omen ziezaien. Negua etsairik latzena omen. Errusiarrik ikusi ere ez.
Zorionez, anaia handik bizirik itzul zedin. Donostiara zezaten eta ohorezko domina eman ere bai. Etxera iristeko diru apurrik ez, ordea.
Oin-soinetakoak baino ez. Eskuak hotzik eta hutsik ekarri Errusiarean.
Bizi behar eta Bilbora jo zian. Burdina aurkituko zuelako ustean, nonbait, muttilko.
Otxarkoaga zeritzon auzo batean, txabola antzeko etxe ziztrin batean, bizi zedin. Goseak ez zezan hil hango urruneko alderdi karroinduetan, eta ez Bizkaiko bazter epeletan. Lehenbiziko egunetan, baserri-edo batzuetan zer janik aurki zitzan. Egunean ogi zati bat edukiz gero, hura pozez. Lanari beldurrik ez, ostera; eta, patata batzuen truke, edozein beharretan ari zedin. Asturiastik ikatza trenez zekarten. Bilbon anitz etxetan behar zena, lantegi handietan halaber. Orduan ez zegoen su egiteko bertzerik, egurraz gain. Norbaitek banandu behar eta, hala, han joan zedin gure anaia, asto bat erosia, etxez etxe ikatza saltzen. Esku zuririk ez harek. Etxe ondoan, baso baztertto batean, ortu bat ere egin eta etxerako apurrak handik biltzen has zedin: porru batzuk, babarrun edo han erraiten duten bezala indabak, ilarrak ere bai... leku ttipian gauza askorik ez. Astoak ere jan behar zezan.
Jende txiroa hangoa, behartsua guztiz. Buhameak gutiz gehienak. Haiekin erraza ez, baina, apoita gorrian bizi arren, anaiak adiskide onak zegitzan. Diruz ezedukiak haiek, bihotzez, honela ere, aberatsak. Nehork ez omen ziezaion, behin ere, zorrik ordaintzeke utz, adi duk, muttilko? Ijitoak izanik ere, jende zintzo askoa. Egun batean ez bazen bertzean, han ager omen zedin, haien buru edo nagusietako bat eta, arazorik baldin bazen, harexek konpon zezan. Nehoiz ez borrokarik hango gizonezko ala emakumezko nehorekin. Umeak, kaleetan ortozik, praka urratu zikinak zagoetan, eta hotzari aur egiteko zuloz josi jertse ziztrin zoldatsua, eta buruan zahia edo sabeloia edo zer nahi den lohi. Eta, hala ere, beti irriñoa ezpainetan. Umeak ume Aragoin ere!
Ikatza salduz, beraz, polliki-polliki, anaiak diru poxi bat aldera zezan. Aldapatsuak hango bazterrak, bideak halakoxeak eta, euria eginez gero, lokatza nahi bertze eta gehiegi. Asto gaixoa, a nolako zamari apal bezain urrikalgarria hango bideetan goiti, zakuak bete ikatz bizkarrean! Asto maitagarri hari Kubala zeritzon, nik ez zakiat, muttilko, zeren. Zahar ez zedin baina hil bai, ahitua astoa, behar baino arinago. Diru poxi bat irabazirik, azokan asto ez mando baizik erosi anaia gureak. Astoa mando, eta geroenean, mandoa kamioi bilaka zedin. Ez egun batetik bertzera, ehe! Hala urteak egin zegitzan.
Bizi zen lehengo etxexkila hari teilatu berria eman ziezaion. Beharko, itoginek itoko ez bazuten! Atarirainoko bidea, harriztatu ere bai, bertzenaz, euri ondoko lokatza sarri ibiltzeko debeku. Basoko ortua handitu: hamar botxo patata edo ereiteko lain! Arrautzak mendixka aldean zegoen basetxe batean eros zitzan; eta, Bilbo itsasotik hur egonik, eiki, sardina zaharrak eta bakailao gazia, noiz edo noiz,erosteko aukera ere bai. Orduan, eros omen zezan artilezko koltxoi edo lastaira berri bat, eta gauez, bederen, atseden har, zorriek eta kukusoek bakean utziz gero, noski.
Txabola batzuk estarte antzeko bi alboetan eraiki zitzaten. Gaintto batean, txabolei so bezala, zurezko eliza bat ere eraiki. Ezkil-dorrea eta guzti. Buhameak igandeetan mezatara, muttilko, inguruko basetxe bakanetan bizi ziren baserritarrekin batera.
Umeak, oinutsik, ibil zitezen. Zer asmatu eta, hala, gure anaiak egin behar egitekoa! Behin Bilboko nasan, urrutiko itsasontzi bat zapatez eta antzeko zerez zamatua, eta kamioia bete zezan. Eta igandean elizara eraman. Ez uste, muttilko, negarretan zebiltzanik, handik hara, hango ume gorri haiek guzti haiek, oinak oskietan. Apaiz handikote bat omen zedin, dirua nondik edo handik jasoa, gure anaiarekin batera harako zer hura guztia asmatu ukan zuena. Apaiz xahartto ha ez zegoan goseak, itxura guztien arauera, potoloa gizona; baina eskua beti emaiteko zabal, eta, honegatik, hagitz maitagarri zedin, eta ijito-kume haiek biziki maite omen zezaten, eta nolatan ez! Gure anaia ere, halaber, maitatua.
Emakumezkoek zerbait ikuzi behar eta, ur-aska bat ere eraiki zezaten. Ijitoen astoek edateko ur garbia errekasto batek zekarran, eta errekasto hari ura har ziezaioten, aska haretara eramaiteko. Ez beti ur garbirik, baina gaizperak ez haiek, eriehiak ez, nonbait, eta han zebiltzan zarpailki, baina lehen baino garbixeago, behinik behin.
Halaxe, bada, muttilko, has zedin aberasten. Handik urte batzuetara, ikatza ezezik bertze gauza batzuk saltzeko dendatto bat ireki zezan.
Bilboko kaira heltzen ziren itsasontzietarik hainbat gauza ekar eta sal, txitxirioak zirela dilistak zirela, sasoi baten laranjak eta bertze baten intxaurrak edo gaztainak edo bertzelakoak, azukrea ere noiztenka. Ezer ere ezereanik has, eta geroago jaio ziren seme biei kamioi berri bana erosi arte. Zohietan zoegi eta irinetan ez ero, halakoxea gure anaia.
Lehenbiziko buhame haien txabola haietarik ez urrun, adreiluzko etxe txapitulu batzuk, kaxkarrak, eraikitzen has zitezen. Hainbat langilegai berri etorri eta nonbait bizi beharra, premia, haiek ere. Eraiki ahala bizitzera geratu, eta laster emazteak beredin seme-alaba ttipirekin ager zitezen. Malda osoko landa bat laster baten etxettoz estal zezaten. Etxe baten gainean bertze bat eta bertze honen gainean bertze bat eta hala. Zer zen hura! Egunetik egunera etxeak eta etxeak eraiki eta bizitokitzen. Mendi zeharra, lehen belardi garbia zena, zeharo etxeztatu arte. Pagadietan pagoak bezala han etxeak.
Bertan bizitzera joaniko jendea, xumea baino areago behartsua, jan beharrean eta ez beti ahalean. Orduan pezeta han bakanki zebilen, ibili baldin bazebilen. Gure anaiaren dendara bai baina ordaintzerik ez. Papertto batean koxka bat egin eta astea bukatutakoan ordainduko, ahal izanez gero. Ordaindu ez zionik asko, muttilko: ezintasuna. Huraxe ere guduak ekarria, gosea alegia. Apoita gorrian bizi behar eta ezina.
Anaiaren semeak, ene ilobak alegia, kamioi banatan zebiltzan. Garraio lanetan, egunean hamar ordu baino gehiagoz, eta halaxe bizimodua aitzina zezaten. Aita geldirik ez, ez arraioa!; berau ezer egiteke egonean egoitekoa ez zedin eta. Dendarekin batera taberna bat, hara!. Hartu zuen anderea ere bere neurrikoa: maratza, askotarakoa eta bizkorra. Han oro behar, eta oro ere gutti, bizi nahi bazen.
Etxeko anderearekin, beraz, txiribogin.
Batetik eta bertzetik, bai, lehengo arlotea, gure anaia hain zuzen, jantzi zedin galaiz. Ez zitzaioan, honela ere, muttilko, kea burura igo, ehe, ez hauxe ez! Apala zen, idi baten antzekoa, bai apala! Gazterik hil zuan, hirurogei urtetan gazte baldin bada, zeren, harek-e berrehun urtez bizitzea irabazi baitzuen, eta berrehun urtean, nahi zukeen oro ezin burutuz, beti bizkor eta zalu ibiliko. Ezina ekinez egina erran ohi duk, bai, eta maiz honela izaiten duk. Ongi bizitzeko ez duk bizizale izan behar, bihotz handia behar. Guduan bezala, iskilua baino bihotza beharrezkoago. Guduan, baina, bihotza, usuegi, gaiztotu egiten duk.
Ez pentsa, muttilko, gure anaia guduzale zenik, ez eta hurrik eman ere. "Errusiara zertarako eraman ote gintuzten?" galdekatzen zioan beti bere buruari, eta aditu nahi zion nori edo nori. "Espainiarren harrokeria ergela baizik ez zen hura, Napoleonen frantsena bezainbertzekoa" erraiten zian ozenki, ez baitzuen ahoan bizarrik gure anaia harek. "Gainera, alemaniarren morroi eta peko ginderamatzaten, nehoizko Alemaniarik zital eta higuingarrienaren alde jokatzera behartu baikintuzten" erranaz sumintzen zuan. "Gu, euskaldunok, ez gara horretarako jaio, ez nehori lurrik kentzeko, ez nehoren morroi izaiteko, ez gudua nehora eramaiteko; eta honela eta guztiz ere, gaixo gu, beti Frantziaren eta Espainiaren artean bizi beharra. Ailedi Euskal Herria itsaso zabalaren erdian uharte bakar bat!" egiten zian heiagora haserretzen zenean. Eman zioten domina ez zuan, ez, urrezkoa, baina urrezkoa izan balitz ere, berdin-berdin iraitziko zukean itsasora".
Honelako oroitzapenak zerabiltzan, gogoaren barruan, etxe aurreko larrainean laharrak mozten ari zeino. Ama noiz ekarriko zuten zain zegoen. Urduri txit, aspaldi handian elkar ikusi ezinean egonik eta.
Amak ez zuen ezagutu.
- Nor zaitugu zu? – galde eginaz agurtu zuen, aspaldidanik ikusi zuen lehen aldian.
- Ama! Ni nauzu, Iñaki – harri eta zur eginik Iñaki, negarra begietan.
- Iñaki? Zein Iñaki? – berriz ere Margarik galde, semeari begira.
- Zure semea nauzu!
- Nik semerik ez dut. Alaba dut hau.
- Madre, éste es tu hijo, Ignacio o Iñaki, como quieras; esta casa es tu casa – Iñakiren arrebak.
- Casa? Zein casa? Yo no saber deus. Zu nor zaitut? – ama guztiz nahasirik.
- A ver, madre, yo soy tu hija y éste es tu hijo, y ésta es tu casa, Gorotizagoicoa – Iñaki isilik-isilik amari begira biziki goibel.
- Aha!, Gorostitzagoikoa! Bai, gure etxea. Zein etxe itsusi dagoen! Eta zakurra, non da Lagun?
- Lagun aspaldi joan zen, ama – Iñaki pollitto-pollitto.
- Aha!; eta aittona nora joan da?
- Aittona, ama, oroitzapen den gerora joan zen – Iñakik, negarrari ezin eutsiz, ahotsa dardartuki.
- Vamos a dentro, madre; en la cocina estarás mejor, que aquí hace frío. Ya sabes cómo es ésto – eta besotik heldurik atarirantz egin zuen alabak.
- Cocina? No voy. Ni hemen ongi nago. Zu, ekarri ardiak larretik, jetzi behar ditugu eta.
- Ez, ama, ez dago ardirik. Hango haiek Oihangurengoak dira, ez gureak.
- Oihanguren? A, bai hari gaiztoko jendea! Gureak non dira, ba? – amak beti galdeka.
- Gureak saldu genituen.
- Saldu? Zeren saldu? Adarmotz ere saldu duzu? Aha!, gizon txatxarra zu, oro saldu eta ez jakin zeren! – haserre antxean amak Iñakiri.
- Ya ves Ignacio lo que hay. Si quieres que se quede en casa tienes que hacerte a la idea de que tendrás que cuidarla bien – arrebak sukaldera sartutakoan.
Iñaki guztiz goibeldurik zegoen. Ama ezezaguna zuen. Ilunabarrean, arrebak alde egin zuenean, ama betiko bere ohean lo zetzan, eta luzaro begira egon zitzaion. Gau luzea izan zen. Birritan edo hirutan jaiki eta hurbildu izan zitzaion ea nola zegoen ikustearren.
Zurrungaka zetzan, lo betean. Arturratu arte ez zen itzarri, ez Iñakik iratzarri nahi ere. Ohean hobeki zegoen.
Eguartean jaiki zen, berez jaiki; eta sukaldera agertu, eta su ondora, eta bazkaria prestatu behar zuela zioen. Iñakik ez zion surik pizten utzi. Zizeilu zaharrean eserarazi zuen. Txintik ez elkarri. Leihoa zabalik eta beti goiko sororantz begirada hitsa. Ordubetean hala.
- Ardiak non dabiltza? – galde egin zion bat-batean, bazkaria berotzen ari zen Iñakiri.
- Ez dago ardirik, ama. Laster batzuk erosiko ditut eta zuk zainduko dituzu.- Bai zera! Ni zahartu egin naiz. Ez dut ardirik nahi. Behi bat erosi behar duzu – ama beti ekina.
- Erosi eginen dut, bai.
- Ez dago Txuriko ukuiluan? Nora joan da, ba? Saldu ote duzu?
- Ez, ama, Txuriko zahartu zen eta...Bordaxaharren dabil – Iñakik gezurra esan zion.
- Aha!; otsoek jan ez ailezate! Behi ederra zen, bada, bere gaztetan; zahartu bada, harakinari saldu behar diozu.
- Ez, ama, hemen ez dago harakinik. Zahartu bada ongi zaindu behar dugu, esne emaile handia izan baitzen, gazte zela, noski.
- Eta zu zer zara, gazte ala zahar? Nola duzu izena, gizon? – amak ez zuen ezertto ere gogoan gordetzen.
- Ni Iñaki nauzu, ama – eta mintzoa motteldu zitzaion.
Eguna halatsu joan zitzaien, ele-mele baina halatsu. Gauak, harik aitzina, luzeak izaiten ziren. Ez beti lasaiak, hala ere.
Noiz edo noiz, amets gaiztorean batek iratzartzen zuen. Garrasika sarri, aladurak eraginiko oinazeaz bezala. Halako lokaitzak, atxilo eduki zuten garai haietarik, maizegi jasaiten zituen. Espetxean ere halakoak zituen, eta behin baino gehiagotan ' guardia civilak' inguruan zeduzkan, oihuka eta garrasika zegiotela, eta "si no cooperas y nos dices la verdad, envenenaremos a tu puta madre y la tiraremos al río, como hicimos con aquel otro que tú sabes" egozten zioten aurpegira, tuka legez, pistolaren mutur hotza lokian sumatzen zuen bitartean. Iratzarririk, ameskaizto hutsa zela ohartuta ere, gela arre soil haretan zegoeneko irudia zetorkion, eta oro bertan gertatu bezala zekusan. Etxean zegoela berretsi nahian argia pizten zuen, eta hartzara, loak har zezan, etzaten zen.
Amak gau osoa lo batean emaiten zuen. Egun argiz, sukaldean edo larrainean eserita. Eguzki epela zenean, laster lokartzen zen. Iñakik txakur golli bat ekarri zion. Kumea, artean, baina bixkorra. Harekin ongi zebilen, jolasean. Galtzarrean hartzen zuenean ere, pozik ama. Parlantzuan beti biak. Semea bailitzan mintzatzen zitzaion. Lagun izena ezarri zion. Egia guztia esateko, antzinako Lagun zela uste zuen. Ardi batzuk, hamar bat baino ez, ekarri zizkionean amaren poza! Arkazteak ziren, ahari gazte batekin. Taldeño bat oilo lumagorri ekarri zion, eta baratzean ibilten zirenean ama oilozain. Iluntzerakoan, ukuilu barrura sartzen ziren, eta, ota gainean lotara igorik, gauetan azeriaren beldurrik ez. Txitoak zituen oiloarentzat, habia moduko zerbait atondu zuen. Laster oilanda-oilasko gizen batzuk edukiko zituzten.
- Aittona non dabil, zu? – amak galdeka.
- Aittona aspaldian joan zen, ama. Zeruan dago – Iñakik erantzun.
- A, bai. Zeruan ze berri? Jaungoikoa nagusi orain eta beti! – amaren esaera zaharra.
- Bai, ama. Etxe honetan ere Jaungoikoa nagusi, aittonak erraiten zuen bezala.
- Bai horixe! Aittonak egiak erraiten zituen, bai horixe! Eta zu nor zaitut, gizon? – amak berriro.
Iñakik ez zion erantzun. Elkarri begira geratu ziren, isil-isilean. Elkar ezagutzen ez zuten.
Gauak luzeak eta egunak luzeago egiten ziren. Herrira edo jaitsi beharra zuenean, ama larrainean uzten zuen, txakurrarekin, oiloekin eta arkazteekin. Ama zainduko zutelakoan biltzen zituen. Lehen bezain lehen itzultzen zen, eta ama pozik larrainean, inguruan zituen lagunekin ele-mele.
Azoka egun batean behia erosi zuen. Ez zen luzaz ibili karriketan, ohi legez, eta kamioi batean behiarekin eguerdirako etxean zegoen.
Larrainean ama ez.
Behingo baten, barrura sartu zen, eta ukuiluan ere ez zegoen. Sukaldera eta bertan. Zoruan zerraldo. Ustebage ikaragarria. Ahoz gora lotan laso. Arnasa sumatu zion. Astindu bat egin eta iratzarri zuen. Non-zertan zegoen ez zekien eta semeari begira, begi biak zabal-zabalik. Zutiarazi zuen eta zizeiluan eserarazi. Bere onera etorri zenean, beti bezain galdetzaile:
- Zu nor zara, ba?
- Iñaki nauzu, ama, zure semea. Ongi al zaude?
- Bai, ni ongi, eta zu? Zu ez zara ene semea. Zuk hemen zer dagizu?
- Hau gure etxea da, ama. Zure sukaldean zaude.
- Ni nago sukaldean. Zu ez sukaldean zaude. Etxe polita bai hau! Gose zara? Laster afaria dut – ama haserre antxean.
- Ez, ama, lasai. Ez naiz gose. Bazkaria nik prestatuko dut, bai, eta biok janen dugu – Iñakik aurpegian txalotto bat emanaz batera, laztan-laztan.
Behia ukuiluan lotu zuen, eta besotara bat belar ondu eman zion, ganbaratik eraitsia. Izorra zen, laster erditzekoa. Adar zuri meheak zituen errape handiko zuri-beltz esne ugariren emailegaiak. Aste batzuetan amak ez zuen ikusi. Oherean jaiki ezinik egun batzuetan, eta beheko ukuilura jaitsi ezinik beste batzuetan. Ikusi zuen lehenengo aldian, harriturik antzo gelditu zen, ate ondoan:
- Hau ez da Txuriko! Nor zaitugu zu? Nondik etorri zara? – galdera eta galdera amak.
- Ez, ama, hau nik ekarri nuen. Beltxuriko daritzot, zer daritzozu zuk?
- Ez, ez, hau ez da Txuriko. Hau maite dut, ez.
- Maittagarria da, bada; politta bezain otxana. Honek esne ugari emanen digu – Iñakik amari laztanki.
- Ez dut nahi. Zer dagi etxean honek? Kanpora!
- Ama, egon lasai. Hau gure behia da. Etxekoa dugu.Hala ari zirela, bidean goiti beribil baten hotsa entzun zuen, eta Iñaki larrainera jalgi zen, amarekin. Land-rover bat zela eta, 'guardia civilak' ote hasi zen bere buruan, beldurrak jota. Zarata zaharra zuen, erlatsa bezalakoa, eta laster igarri zion: etxeko ibilgailu galdua zen. Atxilo eraman zutenetik, ez zekien non zegoen aitak utzitako land-roverra.
Han zekarren. Zekarrena nor ote eta, hara! Labandibar.
Jertse lodi bat lepoan, alkandora koadrodunaz jantzia, larru beltzezko bortzegiak lokatzez zikinak zekartzan. Mendian gaindi ibilitakoa zela ageri zuen. Begitartea beltzezko marra batzuez zuen likistua, bekokitik behera, buruko izerdiaz txapel beltzaren tindua isuriz lohituxea. Makila eskuan hurbildu zitzaion eta besarkada estuaz elkartu ziren.
- Atxilotu hindutenean hartu nian. Bertzela, hau katxarro zahar hau ere, atzemanen ziaketen. Behiak eta ardiak nik saldu nitian.
Zakurra berez hil zuan. Dirurik edo bertze baliokorik baldin bahedukan etxean, haiek ostuko ziaten, nik, behintzat, ez nian deusik aurkitu – Labandibarrek kontu emaile baten antzera hitz egin zion, zeren, Iñaki 'guardia civilek' eraman zutenean, etxea hutsik geratu zenez gero, ahal ukan zuen guztia bertatik ateratu baitzuen, abereak eta guzti.
- Ongi egina. Abere jendea, bederen, ongi eraman huen, bertzela, gaixo ardiak eta behiak eta, goseak hilko zituzkeen. Bitxi askorik ez, aldiz, etxeon. Baliokorik bat ere ez. Hik ez huen aurkitu, egon ere ez zegoelako, arraioa! – Iñakik aspaldiko Labandibarri amultsuro.
- Geroago, bertze behin etorri ninduan. Ate-leiho guztiak itxirik zegozan. Oihangurengo ardiak larreetan.
- Badakik: gudate orotan batzuk galtzaile bezain bertzeak garaile, eta horrako horiek beti garai jarririk – Iñaki, hala ere, ez zitzaien gorroto, izan ere, Oihangurengo Maria Iracherekin maitez mindua zen, artean.
- Hire aitonaren ikurrin xaharraren bila ibili ninduan, baina ez nian ediren – Labandibarrek.
- Ez, hori 'guardia civilek' hartu zitean, nirekin batera atxilotu zitean, eta niri zemaika egin zidaten batean, ene begien aitzinean su eman zioaten. Liburu batzuk ere erre zitiztean, Azkueren hiztegia bertzeak bertze, eta hauxe mingarrienetarik. Aitonak gordeta zeduzkan paper zahar guztiak, berriz, arrebak erre omen zitian, berak errana zakiat, beldurraren beldurrez, senitarteak oro preso hartu beharko gintuztelakoan edo.
Hi, Labandibar, hik utzi al hidan dirua ostatuan?- Ez, nik ez. Nik hementxe dakarrat. Behi-ardiena hementxe. Land-roverra ez nian saldu nahi. Ontsa ezkutatu nian, eta gaur gauean oinez joan nauk, hartu eta hementxe dadukak. Abereak bertze aldean ongi dirutu nituela uste diat. Eta mugalariek ez zidatean sosik hartu nahi, hi espetxeratua hintzelako eraman eta saldu beharra nuela erran nienean.
- Nork, ostera, utzi zidan niri, berriz, dirua ostatuan? – Iñaki hartzara jakin-minak jorik harrituki mintzo.
- Agian, hi espetxetik aterarazteko dirua eman zuenak berak.
- Nor ote? Hik badakik? Erraidak, bada, otoi, Labandibar.
- Nik jakin zerbaitto bazakiat, den-dena ez. Epaile jaunxkila garesti izan zela bazakiat. Diru askotto eman behar ukan zioaten, hire zigorraldia murritz zezan. Eta epailea katolikoa zela gaitz erdi! Holako epaile putzandi horietarikoek-e, Jesukristo bera berriz ere gurutzera zigortuko liketek, diru apur baten truk. Hiregatik, apur bat baino gehiago galdegin zian, hala ere, ustelak alaenak!
- Erraidak hoboro, otoi – Iñakik, gehiago jakin nahitua, irrikatan zirautson.
- Auzitegiko epaile jaun txit gorena elizaren barruan atzeman zitean. Igande guztietan bertara ohitua. Apaizak, meza bukatu eta berehala, sakristiara deitu zioan. Eliz-gelan hiru apaiz omen zitian begira. Paper bagerik ez haiek. Hizketan hasi aurrez, haietako batek hamar aginduak ez, hamaika agindu jainkozko irakurri omen zizkioan, banan-banan eta ozendo. Hi erruge hutsa hintzela eta hi gaitzik nehori egin bagekoa hintzela eta hala. Hi lantegian ibili hintzenean ere, ez grebarik ez lanuzterik ez halako deusik maite ez huela, argiro azaldu omen zioaten hiru apaiz haiek. Eta hire osaba zena zuen etxean gorderik eduki zenutela erran ziotenean, ez omen zuan gutti txunditu epaile harroputz ha. Nik azaldua zekitean, eta oro aletu haiek hari gixonxkila hari. Honela eta guztiz ere, ez omen zuan berahalakoan beratu, harako epaile jaun txit goren ustekoa. Ezer ezin zuela, eta atzera egitea zaila zela, eta halakoak. Ordubetegarrenean, han zihardutean. Legeak urratu behar eta ezin zuela nehondik nehora, eta zigorraldiaren erdia, gutienez, bete behar huela, eta 'Guardia Civilari' atsegin izanen ez zitzaiola, eta abar. Epaile kaskagogorra aitzaki-maitzaki. Hamaika aginduak irakurri zizkionak, orduan, sotana barruko zarpatik, diru-paper multzo bat atera zian. Eskutada bat mahai gainean. Epaileari aurpegia gorritu omen zitzaioan. Ez lotsaz, ez. Isildu omen zuan. Multzoaren gainean bertze multzo bat ipini zioan. Ez zakiat urrutaka hasi ote ziren. Baina amaian, errosario otoitz eginaz bukatu omen zitean, lau apaizek eta jaun epaileak.Urrezko gakoak ate guztiak ireki omen daroaz. Dirua, motell, epailerik gogorrena ere biguntzeko gai ohi duk.
Hau guzti hau, nik dakidala, hi askatu baino zazpi aste lehenago gertatu zuan. Hire hainbat urteko zehaldia ebatzi zuen epaile berak murriztu zian, hainbat diru urtekal jaso ondorean. Sententzia-agirian ba omen zian, legeari atxekirik, hire zigorra laburtzeko era bat, eta honixe eutsiz, egin beharreko guztia egin zian, eta hi aske. Legelariak, badakik, legearen zirrikitu guztiez jakinaren gainean, eta zirrikututik espetxera hinduenak zirrikitutik atera hinduen. Diruz oparo ordainduz gero, jakina.
Sarako nire adiskideak erran zidanez, hiru apaizak beribilean kantari iritsi zituan Gasteizera, " txipli-txapla, pun, Gabon gaua pozik igaro daigun". Bazekitean, bai, hi erru bagekoa hintzela, hogen bagekoa, hots, bekatugea; eta hitzetan leunak bai baina tematiak ere bai, egia eurena denean, batik bat. Nik, sinestuna banintz, hauek apaizok, zinez, Jesukristoren " bidaliak" direla sinetsiko nikek.
- Noizbait, beraz, Sarara joan beharko diagu, bada! Eskerrak emaitera, noski – Iñaki hunkituxea zegoen.
- Herorrek-e, han, baduk ahaiderik, ezta?
- Bai, egia. Aittonaren lehengusuak eta.
- Bada, horixe – Labandibarrek ez zuen gehiago zehaztu nahi ukan.
Elkarrekin bazkaldu ondoan, mendiko bidea hartuta, Labandibar zalu onditu zen. Maldetan gora eta behera ohitua izaitea. Laster elkar ikusiko zutelako hitz eman zioten elkarri.
Euritsu egundu zuen. Saran ohikoa. Sotana beltz ttiki baten gainean, txapel bat begiztatu zuen, karrikan ttipi-ttapa ibiltari.
Aterki handi bat zabal-zabalik. Lehenbizkai auzo alderantz zihoala zirudien. Lainoaren barrenean sarturik itzaldu zen. Ez zen galduko, bada, lainopean zebiltzalarik. Iñakik urrundik ez zuen ezagutu, aittonaren lehengusu zaharrak bai.
- Hori bere ttipian gizon handia duk, mutil. Hemen luzaz bizi izan zuan, eta noiztenka itzultzen duk, zeren eta herri hau biziki maite baitu, herri hunek bera biziki maite duen bezalaxe. Ehun urteren buruan ere, horren aipamenak izanen dituk, bai, Kantabriako partean! Jainkoaren aitzinean, ez bertze nehoren, zapela erantziko dik. Horri zapelak ez ziok zaramatikarik ezarri, zer nahi ere ikastekotz eta jakitekotz. Zazpi hizkuntza omen zakik; hemengo zeinbait' eskuara bakarra ere ikasteko gai ez delarik. Jakintsun zapeldun handia duk, bai, zinez, saratar hori.
Iñaki eta ahaide nagusi hura elizara bidean zihoazen. Hilerriko harlauzetan lore sorta ipini berriak ziren. Harrietan zizelka irarri izen-abizenak ikusmiran geratu zen. Ez zuen ondo ulertzen batzuetan idatzita zegoen zera, batean "ma tante" bestean "notre père", baina politak iruditu zitzaizkion, lauburu biribil-biribilak zituzten harri leunki landuak, guztiz ere. Aitonak esanaz zekien elizaren barrena ezinago ederra zela, aitzinaldea ez ezik, albo guztietan esekita bezala eraiki zur landuzko balkoi luzeak ere ederrak.
Jarlekuetan atso batzuk, otoitz erasian, Errekailungo arroan zehar Huntzorrietarean behera dabilen errekasto marmartiaren gurgura zentzuela eritzi zion Iñakik. Hotz zegoen, ilunaz gain. Han-hor-hemen pizturiko kandela batzuen argi motel dardartia ez zen nahikoa, barrualde handi hura guztia argiztatzeko. Sabai urrunari begira, burua goiti, begiak zabal, ahoa handi zegoen, apaiz gazte bat hurbildu zitzaion unean.
- Hemen duk, mutil, gure apez maitea. Hizketan leuna bezain eginetan antzatsua bere gaztean, antzina xaharreko bertze ospe handiko hura bezalakoa. Hunek ere bazakik anhitz moldetan mintzatzen dela Eskual Herriko herri nahiz eskualde orotan; alabainan, ontsa ikasia zagok ororekin mintzatzen. Pilotari ona, bertzalde, eskua zabal-zabala; gure nortasunak asko zor zakok huni, zeren, gaxteenei betiko gure ohidura xahar maitagarrien irakasten lan gaitza, bertzeek erran bezala eskergea, egiten baitu, bai plazan bai Jainkoaren etxean bai herriko ikastolan berean. Hau, apez den ber, auzapez ona izan litekek, bai naski!
Eskua luzatu zien, agureari lehenik Iñakiri gero. Adeitsu hartu zituen, ohi legez, ezaguna bezala ezezaguna.
- Eskerrak emaitera jin nauzu – irautsi zion Iñakik, agurtu eta bertan.
- Ez dago zeren, adiskide. Eta, mintza gaitezen hika, otoi. Euskaldunen artean honela behar beti, agure maitagarrioi zuka egin behar badiegu ere – apaiz gazteak ahaide nagusiari irribarrea zuzentzean.
- Egizue nahi bezala, ni hemen iragaitzez nago eta ez luzaroko. Gazteek behar duzue hau gure hau guzti hau aitzinatu, eneak egiter dago eta sortuko dira berriak. Ez dakit, bainan, gure amentsak arrazoi garbiz egiaztatuko duzuenentz. Ez dukezue erraza, guhaurek ere ez ginuen era berean. Egia erraitekotz, ez dakit egungo eskualdun gazteak zein urguilu zoroan bizi diren, beti kanpotik datorkiguna hobea delako uste ustelean. Zimino bilakaturik direla erranen nuke, bertzeen keinuak enkeloki halakotu nahiz, ihakineztatuz bezala. Gaiten gu eta diraugun beti eskualdun – Iñakiren aitonaren lehengusu zaharra ongi-ongi mintzatuz.
- Zein predikari ona galdu zuen Eliza Amak zu bezalako etxejaun eleder bat artzain geratu zenean. Baina artzain jakintsuen beharra ere badugu, orotan bihozperak, nehoiz ezin erran izan diren estaliriko egien oihukari izan daitezen – apaizak agureari sorbaldan eskua ipinteaz batera.
Iñaki entzule irribarretsu zegokien. Elkarrekin bazkaldu behar zutela eta, apaizetxera igo ziren, hirurak hizketari uzteke. Bazkalondoa luzea ukan zuten.
- Konpainia on batean, euskaldunik baizen ez den lekuan gaudela, ekarri du solasak, izan da perpausa, ez duela deusek ere hainbat kalte egiten gure Herriaren arimako, eta ez gorputzeko ere, nola gure arteko banantzeak, gure artean piztu ohi diren herrak eta ezinikusiak, erran nahi baita, aiher gaiztoek – irautsi zien, beti bezain leunkiro, beste bi solaskideei Sarako Iñakiren ahaide xaharrak.
- Ni ere, zuek bezala, euskalduna naiz eta maite dut herria, eta oroz gainetik gure hizkuntza garbia; baina gure hizkuntza hau jo duerroraino gaitz txarragokoak gaitz guztiak baino – ez dakit gure jendea zeri buruz doan – : euskara itotzea hartu du gogoan, ezagutza bageen urguilu zoroan. Ospetsu nahian, gurerik deus ez duen hizkuntza mihian! Garenaz bertze zerbait nahi dugu izan? Ez, baina nik ez dut etsiko: egungo ergelkeriak ez baitu betiko odolaren mintzoa isilaraziko!– gehitu zuen apaiz gaztea, artzainekin ohitua, euskara goxoan bezain jostarian mintzoz.
Iñakik isilean adi-adi zentzuen, lilura betean, hainbat urtez beste hizkera arrotz bat baizik entzuten behartua egonez gero, bere berea zuena ia atzendu eta arroztua izanki. Honetaz eta haretaz mintzatzen ari – huntaz eta hartaz ahaideak esan zuen eran esateko – Iñakik, une batez, Huntzorrieta, Larrarte, Apezenea... eta abarren egoera negargarria ekarri zuen hizpidera, eta Lehenbizkaiko agure xahar maitagarriak, ahotsa goratuz:
- Baina ez dugu utziko izen zehatzik izenbagetan galtzen. Ez dugu utziko gure etxea arrotz guztiei saltzen. Zuk erran duzunez, gure etxeak hustuz badoaz ere, lehenago noizbait bazuten bizidunik, ez dugu onartuko haien ordez jar dadin nagusi arrotz-hiztunik. Zu, Iñaki, nihau bezala eta oro bezala, hilen zara, zure arima galduko da, zure askazia galduko, baina zure aitonaren etxeak iraun behar du zutik! Apaizak, haritik hara, hitz egin zuen, besteek ongi-ongi ulertu ez zuten era bertsuan:
- Egia erran duzu, bai, baina "irrintzi gorriz jauzika dator menderatzaileen zaldia".
Arratsalde luzea zen, alabaina eguzkia Larrun ostean itzaltzera zihoan.
- Iparraldetik haizea dator; hegoak, berriz, ekaitza dakar. Itzal gaiztoak isurtzen dira, mendi hegaletan behera. Argi apalak badoaz, laster doaz itzaltzera – esanaz etxera itzultzearen beharra adiarazi zien Iñakik.
- Bai, lehen urrez zegoen oro, eguzkiak jantzia, orain laino mehe batek estalia. Egun zaharrak joan, eta berriak etorri: honela izan da beti: gaur poz bihar oinaze. Honelatsu txoriak, uda ondoan, negua du galarazezina. Baina guk burdinazko nahiz urrezko katea bihur behar dugu lore-sorta – apaizak lagunei.
Iñakik ez zuen deus esan baina, bere baitan, apaiz apal haren hitzak zein guztiz bestelakoak ziren ohartu zen, bere herriko apaizenetarik. Arto-sail heze berdeak Burgosko galsoro orietarik ziren bezain ezberdinak.
Land-rover zaharrak Iñaki etxeraino eraman zuen.
Ama ohean etzana, eta, agur maitakor bat egin zion arren, amak ez zion erantzun. Azken garai haretan, mehaxtu zen oso, makal-makaldu, ohe barruan endurtua bezala zetzalarik.
Goizean herriko sendagile berria heldu zen. Aztertu zuen. Jaikiarazi eta, zutik ezin ibiliz, atorra lasai baten barruan makila mehe bat irudi, sukalderaino eroan zuen. Iñakik ilundura ezin azalduzko batez behatzen zuen, halako emakume sendokote dulabre, maratz eta zernahitarakoa izan zena nolakatua zen sinetsi ezinda.
Iñaki gau osoan ez zen oheratu. Ukuiluan orbel-metaren gainean jarrita egon zen, behia noiz erdituko zain. Geldirik ezin egonez zegoen, aldaka-maldaka. Lehentxa zen eta urduri zegoela ageri zuen. Gau beteko lau-garaian, indarka hasi zen, eta txahal sorberriaren burua jalgi. Iñakik ten eta lagundu zion. Osoki aterata, ahoz aho, putz eginaz arnasa eman zion, eta azpigarriaren gainean, txahalttoa haren amari aurrean ipini zion. Lurrean milikaka ekin zitzaion. Aspaldidanik etxean jaio zen lehena.
Eguartean, esnatu eta jaikirik, ama ukuilura jaitsarazi zuen. Maillo-maillo jaitsi ziren biak. Ukuiluko atetik txahalttoa ikusarazi zion.
Amak ez zuen txintik esan. Lau hanken gainean zutik jarri berria zen, zalantza-balantza artean. Margari begira-begira kumeari, hitzik egiteke. Iñakik ondoan besotik zeutson. Bat-batean, ahoz zirkin bat egin eta:
- Polita – esan zuen.
Harik hil zen arte, egin zuen azken hitza hura izan zen.
Negua laster iritsi zen. Izotz ondoko eguzkiak ez zuen berotzeko indarrik aski; laiotzetan, egun osoan belar gaineko ihintz eihartua, antzigarra alegia, urtzeko aski ez, eta eguteran, eguerdira arte epelik ere ez. Ardiak, beroki iletsua ukanik ere, haize hotzagandik aldendu nahian bezala, emeki-emeki, beherantz eta beherantz, etxearen aldameneko larreetara hurrantzen hasiak ziren.
Bordazahar inguruko landetan, negutu zenetik has, ez zen giro. Hotzaren gainean hotz, eta karroina non-nahi. Txabola, artean, eraitsia.
Iñakik ez zuen hura berreraikitzeko ez astirik ez gauzarik erdietsi, eta hurrengo udaberrira arte bertan behera utziko zuen.
Etxeko supazter txokoan atsegin zen. Ama zizeiluan isil-isila. Eguna egunaren atzean, eta bere laburrean luze egunak. Xintxuketan bazuen lanik eta, argiak baimentzen zioeino, halako puskila-muskila batzuk eginaz, egunik gehiena betetzen zuen. Aizkorari girten berri bat egin zion, pagokiz. Horma guztiak karez zuritu zituen. Azken uztan bildu lusagarrei zilak moztu zizkien. Arrats apaletan artoa zuritzen nahiko lan, eta gaztaina batzuk erretzen ere zer eginik bazuen; nahiz eta hondar urteetan gero eta gutiago eta gutiago bildu, gaztainondoak urritzen zihoazen eta. Behia goiz-arratsean jetzi behar zuen; eta txahalari esnea eradaitea pozgarri. Egunetik egunera handitzen zen, loditzen eta bizkortzen ere zen. Etxeko beste lanak, atazak alegia, berak egin behar zituenez, hala jatordu guztiak nola garbiketa zein janzkien ikuzketa, egunak bete-beteak zituen. Ukuilutik sukaldera eta sukaldetik ukuilura, eta egunean birritan sarale eske ganbarara; beste biderik ez, elurrak lurra azpian hartu zuenez geroztik.
Ama aitonaren eserlekuan zegoen, beti isil-isila. Aitona, aldiz, ez zen azken egunetara arte isildu. Iñakik gogoan zuen azkenengo agur hura: aitona ohean utzita, "agur" esan zion eta haren erantzuna:
- Bai, sekulako.
Biharamunean, esna zegoela, eskua goratzen zuen, eta adar batetik gereziak biltzen eta biltzen balihardu bezala egiten zuen, batu ahala ahoratuz, jan eta jan antzera.
- Zertan ari zara, aittona? – galdetu zion arren, ez zion erantzun.
Gaztetan gerezizalea omen zen. Sagarrak ere erruz jaten omen zituen, baina gerezi aldian ez zuen besterik nahi. Hala esaten zuen berak eta amak behin eta berriz berresten zuen, hitz egiten zuen garaietan. Iñakik hala ikasi zuen eta halatsu gogoratzen: Ez zen berehalakoan etxeratu. Herriraz gero zer gerta zekiokeen bazekien eta kontuz ibili behar. Alkate orduan ezarri berriak ez zion barkatuko "Euzkadiren" alde borrokatu izana. Behin baino gehiagotan, Gorostitza inguruetan, barrandan ibili ei ziren haiek ez zuten asmo onik izanen. Etxeko atariraino ere iritsi ziren behin, amonari galdeka: "Non da Juan Bautista?" Eta amonaren erantzuna beti berdina: "zuek jakinen ahal duzue". Haiek ez zuketen bizirik utziko harrapatu ahal ukan balute.
Gauez ongi ibilten ikasitakoa, ordea, gure aitona, eta, gau bete batean, etxera agertu zen. Etxekoen ustebage larria! Elkar besarkatu beharra, orduan hantxe!
Gerezi aldi zen, eta, hala, aitona muna gainean zegoen zuhaitz zaharrera igaiteke ez zen geratuko. Batu ahala jan eta jan, urdaila ongi bete zuen eta txibizkeria ase. Hura ez zen gerezijale hutsa, hura gerezigale zen. Goiztirian, arturratu baino arinago, mendian goiti atzera, jin zen bide beretik alde egin zuen, etxeko guztiei musu bina emanik, hurrengora arte agur eginda. Ez zen, hala ere, esku hutsik etxeratu, zorroa bete gauza heldu eta etxekoek bazedukaten nahiko azukre, akeita ere ilabete osorako, ondutako bakailao zati handi bat ere ekarri zuen, eta abar. Etxekoez bertze nehork ez omen zuen ikusi.
Bidea laster egin zuen, gazte izaitea zer den, gero! Ilargi betea, gainera, eta eskuan zeraman linterna edo eskuargia piztutzeke iritsi zen.
Lehengusu zaharrak soroan ari zirela eta, berehala lanari ekitera egin zuen. Haiek bazekiten gauean nora joana zen eta nondik jina.
Txantxetan ere ohituak haiek eta batek:
- Gerezi onak Itsasun.
Aitonak aldarte onez zirtolari:
- Itsasoan bakailao ona.
Lehengusua isildu ez:
- Bakean lo ona beti.
Bertsolari antzera haien artean txokarritan:
- Bakean omen gu baina lorik ez.
Beste anaia batek, bazterretik, hitz sartu eta:
- Utz ezazue "espaiñola" bakean, eta lo egitera joan dadila.
Aitonak, ziria atera nahian, ihardetsi zion:
- Hemen lo egitera joanen den "espainolik" ez da, eta joan daitezela "frantsesak" pikutara!.
Eta, oro batera mintzatuz, lehendik ikasia bailuten, saratarrek:
- Joan bitez!.
Ordurako alemaniarrak alde eginak ziren. Aitonak bazkaritan lehengusuekin soroan baino benago hitz egin zuen:
- Ez dakit nik zer darabilten buruan, bururik baldin badute behintzat, alemaniar zoro horiek. Oro dute sarraskitu eta guztiz sarraskiturik amaituko dute. Zeinbat mila lagun hilik deus ere ezetarako! Mundua mendean hartu nahikeria ezinago zoroak joak dira, eta, zertarako, berriz? Guk ez dugu nehor mendean hartu nahi!
A, baina, frantsesak ere ez dira garbi, ehe! Gu hor borroketan ibili ginenean, Endarlatsa alde malkartsu horretan, 'frantximentak' zein pagu, zein lasai, " begira nago begira", gu elkar hiltzen nola genbiltzan eta pozarren haiek ikusle. Gu ikustearren sosik, liberak alegia, ordaindu zuenik ere ba omen zen, Biriatu aldean edo. A, baina, baina, alemaniarrak Hendaiaraino sartu zirenean, ez ziren hain pagu ez hain lasai, orduan negarra begian eta "morts pour la Patrie"!. Frantses elezuri hutsak, aizunak alaenak! Lotsaz beteriko historia, ahalgez betea erran nahi dut, 'frantximent' haiena. Eta ez dut aipatu ere egin nahi "Garaziko Lehoia" eta halako jendilaia gure etorkikoa berekoa. Anitz Etxekalte izan dugu gure artean, eta izanen ere ahal dugu. Gu saldu egin gintuzten anai-arreba haiek, Egiptoko gertaera hura ez bide-zuten ongi ikasia Biblian, oraino dilistak jaten dituztela eta nago. Leringo kondearen sasikume koldarrak baino ez ditugu. Gure aldean oraino jaun eta jabe, arranoak ez badu! Ziria da gaiztoa zur berereangoa.
Eskerrak zuek bezalako haurride bihotz handikooi! Ni ihesean jin nintzenean, galtzarra zabalik besartetu ninduzuen eta hementxe bizirik.
Donostiako adiskide baten kamioxkari ere eskerrak. Oihartzunera iristea ez zen erraza: bide guztiak gudajantziz apainduak, han-hor-hemen ikusgarri; txapel gorriak batean, kapela ziztrin kaki koloredunak bertzean, txarolezko hiruadar beltzak ere non nahi, eta nahi ez den lekuan ere ugari. Bazterretan hilotzik zetzan gorpuzkin bat edo bat baino gehiago ikustea ere ohikoa. Ez zuten damurik, ez errukirik, ez kristauren bihotzik. Guk oso maite genuen apaiza hala hil zuten. Itsasontzi batean Euskal Herritik kanpora zeramatela uste, baina norbaitek saldu, etoia behar, gero!. Atzera ekarri zuten. Bertan harrapatu zuten. Hura bakarrik ez, bertze anitz ere bai. Eradoki eta laster hilerrira eraman zuten. Txapel gorriak ziren ala alkandora urdinilunak ziren berdin, horma baten ondoan zutitu zuten, begiak zapi batez estali zizkioten, hiltzaileak ikus ez zitzan, eta bertan hamaika tiro! Hura bakarrik ez. Bertan erho zuten, piztia zital haiek, eta Jainkoaren izenean erho zuten! Eta zergatik? Euskal idazle zelako, euskaltzale zintzoa zelako, euskalduna zelako! Eta hiltzaile haienganik urrun ez zen ibiliko apaizen bat edo bertze. Pistola gerrian dabilen apaiz txapelgorri bat baino gehiago bada, oraino. Zer erranen luke Jesukristok horrelako bat ikusiko balu?
Nola edo hala, Oihartzun jo genuen. Muga zeharkatu beharra, ordea. Horratx! Muga guretzat askatasun ikur! Etxe berri batean babestu gintuzten. Noizbait eskerrak emaitera joan beharko hango sendi guztiari. Zakurrak zaunkaz ohartarazi eta, hara, 'guardia civil' batzuk etxearen baranoan. Ohikoa zen. Ia egunorokoa. Zoko-moko zebiltzan, ea zerbait edo norbaiten bila bailebiltzan, itxurak eginaz. Noiz edo noiz, oilo zaharren bat edo emaiten zieten eta pozez haiek. Katilu bana esne bero edan bagerik ez ziren joanen etxe haretatik. Egun haretan esnea kafearekin hartu zuten, etxeko andere zaharrak atarira atera eta eskuetara emana. Paper bat izenpetu behar zuen etxekoak eta ohi legez egin. Paperean idatzia zer zegoen ez zekien, baina 'guardia' haiek, etxerik etxe nondik nora ibiltzen ziren buruzagi edo halako bati erakutsi behar ziotela eta, paper hura lan-txartel bat edo omen zen. Ni ganbaran lasai nengoen. Lau belarrimotz haiek bidean beheti, tapa-tapa joaiten begiztatu nituenean, motxila hartu eta ganbaratik atarira. Etxeko mutil gaztea ondoan, harizti baten barrura zalu. Endarlatsa garaitik ikusi genuenean arraitu nintzen hagitz. Malkarra lekua, otadi sarria, ibiltzeko nekagarria, baina orai baino gazteago biak. Ilunabarra laster, eta ibaiaz bertze aldera txipa-txipa eginak iritsiko ginen. Bai amets ederra! Geroago jakin genuenez, aurreko egunean mutil bat itorik agertu zen. Bizkarraldean bi bala-zulo omen zuen. Nor zen ez jakin eta Irungo hilerrian ehortzi omen zuten, izenik bageko hobi batean. Behobiatik norbaitek 'guardia civil' batzuk ikusi omen zituen, haitz baten gainetik ibai aldera tiroka zihardutela. Tiroketa amaitu eta bertan, barrezka hasi omen ziren zihardutenak. Itua, nonbait, jo zuten, eta pozarren, algaraka, barre-zantzoka harroputz.
Gu ere halaxe erhoko gintuzketen, aurrez usnatu ukan ez bagenitu.
Ibai ondoko etxe zahar batean, lau kaletar itxurako gazte beribil baten aurrean bezgiztatu genituen. Gurpil, antza, txulatua, eta bertan gelditurik, alegia eta konpontzen ari zirela. Itxaron behar guk. Sastraka batzuen ostean eserita, ordubetean. Mutil haiek, aldiz, beti leku berean, konponketan. Gaua ilunxkoa, zegoen argi bakarra etxe haretakoxea. Mutilak beribil inguruan, ez arian bai arian, eta gurpila konpondu ez, antza zenez. Laster antz eman genien: ez ziren konponketan ari, zelatan baizik. Ez genuen, honetaz, handik zeharkatzerik.
Harrabotsik ttikiena eginez, mendian goiti hasi ginen, beraz, gure lorratzetik atzerantz. Bertze leku baten bila, beharko, eta gaua ez batere lagun onik.
Mendiz mendi norabait heldu ginen. Baina, hara! nik susmatu ez nire laguntzaileak, ostera, bai, eta berehalakoan: " hoa azkar bide horretatik aitzina, ni bertze alderantz noak. Mugazainak gure gibeletik zatozak. Nonbait gure ibileraren berri jaso ditek, eta banandu behar diagu. Hi hoa, eta nik okerreko bidetik joanaraziz, galdu eraginen zieat". Halaxe egin nuen, hantxe bertan azken agurra eta ni ahalik azkarren aldendu nintzen. Bi egun eta bi gau, eta azkenean artzain itxurako bat ikusi nuen, lehenbiziz, gizaki bakar. Hari eskerrak, bertzela ez nintzen nehoiz iritsiko, ez onik, bederen.
Ni honaino, zuen etxeraino bizirik eta onik iritsi nintzen bai, eta, eskerrik anitz eta anitz. Baina, hementxe ere ez ginen lehenbizian arriskutik at, eta galtzori larrian bai, zeren eta inguruetako lehoikumeak gure gosez baitziren, eta ez zuten guti harrapa eta Gursera bidali ere, alemaniarren atzaparretara. Hemen ere, gizona gizonarentzat otso, eta, areago, euskalduna euskaldunarentzat otso, Jainkoarren!. Etxe barruan altxaturik egon behar, beldurraren beldurrez, eta ez lotsaren lotsaz, badakizue. Zelatariak batera eta bertzera. Non nor harrapa! Juduen bila eta, bide batez, mugaz harainditik hona jinak ginen batzuen usnan. Gaixo juduak! Eta gu, zer ginen gu? A, gorriak omen ginen! Jainkoaren ukatzaile malmutzak gu! Katoliko sutsuak gure etsaiak, arraioa! Gu, berriz, Jaungoikoa eta Lege Zaharrak beti goiasmo genituela genbiltzan. Guduan ere bakegizon izan nahian, eta, hala ere, gudagizon bihurturik nahi eta nahi ez. Zein ongi bizi ginen gu gudura bagerik, alabaina gure herrian bertan gudua irazeki ez ziguten, bada! Zer egin behar ote genuen, beraz, guk? Geure burua hil behar ote genuen? Eta, hemen alemaniarrik, dagoeneko, ez dago; baina, han, han diraute, garaileak izan zirenak, egindakoagatik ez garbairik ez errukirik, beti jabe, eta jaun agertu nahi, jauntto harroak baizik ez direnak. Hala erho zuten, Iruñean berean, 'Guardia Civileko' buruzagi nagusia, matxinoen alde jo nahi ukan ez zuelako. Nork erho eta haren beraren gizonetako batek, 'guardia civilak' alegia. " Viva la libertad" egin omen zuen azkenengo oihu; eta bertan tiro egin zioten eta bertan hil zuten. Bere kide eta agindupeko 'guardiek' hil ere. Saldukeria zitalik bada, hura zitelena. Eta, hala ere, gu errudun, gu gaizto! Gu gorriok gaiztoak ginen. Hemengo jende batzuek ez gaitu, oraino ere, begi onez ikusten. Gezurraren indarra! Hala egin zuten Gernikan, gure Gernikan: lehen bonbez lehertu zuten, orai gezurrez dzapart eragin nahi diote. A, txapelgorri ergel txatxuak, Gernika erre ondoan, zuhaitzarenzaintzaile jarri omen ziren! Aizunak halakoak! Leringo kondekume eroak bai eroak!
Gerezi aroa joan zen. Iñaki belarra mozten lanpetua zebilen. Negurako beharko zuen, eta, hiru-lau eguneko eguzkiz ondo onduz gero, ganbararatzen zuen. Behia eta bigantxa, eta hirurogeitaz ardiak elikatzeko belar asko behar zuen. Ganbara goraino bete eta, larrainaren ondoan meta bat eraiki ere bai. Erribera aldetik galtzua ekarriko zuen – eliku ona eta negu gordinerako egokia – kamioia bete ehun bat fardo. Lana gogorra baina lanean zaildua gizona, eta gauerako hebaindurik geratzen zen arren, biharamunean, oiloekin batera jaikitzen ez ohi zen nagi. Lantegira joan behar zuen garaian ez zuen errazago.
Herrira jaisten zen bakoitzean, tamal handiz ikusten zuen. Hantxe zegoen, hutsik. Ainube aldeko horma hezea huntzak hartu zuen, behetik goraino. Hegatz hegalaren zati bat, uralitazkoa, eten eta lurrera eroria zen. Leiho ttiki askotako leiarrak hautsiak agerian.
Zortzi bat urte ziren, ordurako, itxita zegoela. Langile guzti-guztiak, azkenean, Logroñora joanarazi zituzten. Logroñora ala etxera, lanik bage, eta ondorioz lansaririk jasoko ez zuketela. Iñakik ez zuen nahi ukan, baina beste lankide batzuek, nahi eta nahi ez, bizitzeko dirua behar eta, lantegiaren atzetik joan ziren, sorterritik alde.
Gazteak gehienak, eta herria ttikia, eta haien hutsunea, berriz, handia. Adiskide mina zuen Alontsoneko Xabier, besteak beste, hondar urte haietan ez zuen ikusi. Lanean adin berean hasi ziren, biak hamabost urte betetakoan. Lohitako garbia jantzi, eta mailu bana eskuan, tauki-tauki-tauki! egunean bederatzi orduz, iltzeak jostea zuten ataza. Goizean ez bazen arratsaldean, eta larunbat batzuetan ere bai. Biak ala biak nekazari-kume izanik ere, ahurrak oilaurrez, ikorzirinez bete-bete zitzaizkien, babak, alegia, hatzen artean eta mindurik ibili ziren, lehenbiziko asteetan. Azala laster gogortu zitzaien.
Kamioiak, gauzak eta makinak eramanez, aste batzuetan joan-etorrian ibili ziren. Pabiloia hustu zutenean ugazabak katea batzuez ixteko agindu zien eta hantxe dago, utzi zuten era ber-berean. (Gaur den egunean lantegi zaharraren hondarrak baino ez dago) Aldiaren aldiz are lorrinduago. Itxura zarpaila hagitz. Horma batean margore beltzez idatzia, hizki handiz, "Obrero despedido, patrón colgao" irakur zitekeen, nahiz eta hezetasunak urteetan belzturiko horma zikinean idazkuna ia-ia ezabatua izan.
Iñaki aldamenetik iragaiten zen bakoitzean, ezin zuen ekidin aspaldiko oroitzapenik burutaratzea. Hirigoien hil zen egunekoa, mingarriena. Ugazabak Logroñora joan ezean, etxera bidali zuen eguna ere gomutan. Ondo egin zuen ez joaiteaz; edo, agian, joan izan balitz ez zuketen atxilotuko eta ez zioketen osabari egin mehatxu, zemai edo txantaia berari leporatuko; edo batek jakin zer gertatuko zatekeen. Eta nor geratuko zen Gorostitzagoikoan? Ordurako, ziurrenik, txorietxe bilakatua; laharrek jandako beste beredin etxe bezala, goiak behea jota.
Zelaia zeritzoten Joxefermin Iriarte mutilzahar txotxoloa ere, Logroñora zenetik, ez zuen ikusi. Hitzetan urria bezain totela, edo, beharbada, honegatixe urri, harekin elkarrizketa luzerik ezin zen. Alabaina, on puxka zen, inori kalterik egitekoa ez. Erratzak eta zapiak eskuan jarduten zuen, bazter guztiak garbitzen, hautsa egorten, lantokia txukun egonaraztearren. Zerrak, batez ere, hauts ugari harrotzen zuen, eta Zelaiak hantxe zuen, batik bat, lanik gehiena. Bizi zen etxea ez zegoen lantegirean urruti eta beti garaiz mutila lanera. Ederra etxea, herriko etxerik politenetakoa! Joxefermin joan zenez geroztik, aita-ama zaharrak bakarrik bizi ziren.
Harek mutil xahar harek zuen akatsa' ardoari guztiz emana izaitea zen. Behin, gau batez, etxeraino iritsi ezinik, lantegi osteko hormaren abaroan loak hartu zuen. Hotza gaua eta zirimiria egiten hasi zuen. Ostatuan, ordu batzuetan edan eta edan, eta ardoak gaina harturik, sarri legez, sats eginda jalgi zen, etxera nahian. Karrikan erori zen, baina jaiki egin zen. Aurrerago joan eta beste behin lurrera, eta ahaleginez jaiki ere beste behin. Hirugarrenean, ordea, dzart! harri bat jo zuen, buruz jo ere, eta bertan, konorterik bagetua gelditu zen. Odola erion zitzaion eta, honela, odoletan, aurkitu zuten Iñakik eta besteek. Lokartua zetzan. Berehala erakori zuten, eta etxera eraman zuten. Aita ohean, baina ama, semea noiz etxeratuko zain, sukaldean urduri, berantetsia. Amak zauria sendatu zion.
Biharamunean, lantegiko atean sei-seietan agertu zen. Buruan xapi bat itsatsita zeraman. Hamar orduak inorekin tutik esan bage eman zituen, beti erratza esku bien artean.
Lantegia egoera negargarrian zegoen. Antzinako eraikin kalamastra bat irudi. Ez zuen luze iraunen, ez, zutik.
Iñakik, iragaitean, ez zuen abiadura moteldu, beti astiro xamar ibilki ere, eta aurrera jo zuen gelditzeke. Halako eraikin hondatua ez zuen ikusi nahi eta nahi zuen ikusi. Urteak egin zituen barruan, eta orduko antzina-minaz joa zen. Orduak eman zituen barruan, ehunka ordu, eta ez oro izerdi eta neke; lagunekin jardunean, solas-molas, txantxari txantxa maiz, giro onez beteriko orduak ere zituen gomutan.
Etxera lehen bai lehen nahi zuen. Iritsi eta amarengana igo zen. Utzi bezala lo zetzan, ohearen barru-barruan, uxkurturik. Aspaldidanik inorako ez zen zerbait bilakatua.
Ohea bustirik zegoen. Ama besoetan hartu eta beste ohe baten gainean ipini zuen, emaro, minik ez egiteko era leun, samurrean.
Maindire-burusiak eta oro erantzi ondorean, aldagarri berri garbiak jantzi zizkion, eta hartzara oheratu zuen, esnatzeke. Egunoro egin beharreko ataza zuen eta ondo egiten ikasia. Honegatik ere, mingarri eta etsigarria.
Aspaldi elizara joaiteari utzia zen, baina nonbait Nor goren bat edo egon zitekeelako sinesteak, noiz bai noiz ez, jo ukaiten zuen, bihotz-gogoaren barrenean. Ez zuen ama hala ikusi nahi. Gauza bat baino ez zen. Bizidunik hatsa besterik ez. Ez zuen, beraz, iginten, gero eta gero ulergaitzago nolatan iraunarazten zuen Nor goren harek, inon bazen, bere ume zen gizaki hura hala.
Sendagilea, astean behin igaiten zen. Ikus, azter eta beti bat zetzala berretsi ondorean, alde egiten zuen, hurrengora arte. Besterik ez zuen egiterik.
Apaizari deitzea otu zitzaion batean, zalantzan eta, elizara baino lehenago atzera egin zuen. Ez zion deituko. Azken baten, amarekin hitz egiterik ez zuen ukanen, otoitz batto eginen zion, eta amak ulertu ere ez, baldin entzun ahal ukanen bazuen. Ez zuen deus entzuten, itxura guztien arauera.
Ikusi ere, ez zuen ezer ez inor ikusten. Begiak beti zabalik, larri-larri, baina itsu.
Eguberria ospatzen den astean zen. Larrainean beribil bat gelditu zen unean, leihorean arreba urkusi zuen. Ez zetorren bakoitzik. Ibilgailu barrutik haren senarra jalgitzean ezagutu zuen; aspaldi handidanik ikusi bagekoa. Ez zitzaien atarira ez leihora agertu, harrera egite aldera. Etxeko ate nagusia beti zabalik zegoen, eta deitzeke ere sartuko ziren.
Solairura igo bezain laster, sukaldera bagerik, amaren etzangura hurreratu ziren, arreba aurretik senarra ondoan. Iñaki bertan zen.
- ¿Qué tal Ignacio, cómo va la madre? – arrebak agur antzean.
- Ya ves; ai está. Todo el día dormir hase – Iñakik, beltzuntze.
- ¡Hombre, cuñado, cuánto tiempo! Ya ves que hemos venido a visitaros, ya que hoy es Natividad, el día en que nació Jesús en Belén.
Hay que celebralo – arrebaren senarrak Iñakiri eskua luzatzeaz batera.
- Yo aquí ya tengo bastante con selebrasiones.
- ¿Ya acude el médico a examinarla? – arrebak berriro.
- De ves en cuando ya viene.
- ¡Pues debería acudir todos los días! En esta situación es lo mínimo que se le debe exigir – arreba haserre antxo.
- Milagros no va haser.
- Hombre, Ignacio, no has aprendido, por lo visto. En fin, que venimos de muy lejos y hay que tomar un aperitivo, cuando menos, antes de comer; ¡vaya hambre que traemos!– ezkon-anaiak berriro.
- Yo hambre no tengo, bien ya he desayunao.- Bueno, Ignacio, ya prepararé yo la comida y hoy celebramos juntos este día.
- Haste lo que quieras; yo con las alubias que sobraron ayer bastante tengo – Iñaki ihardukior.
-¡Hombre, cuñado: que hoy es Natividad; el día más grande de la Humanidad! Dios envió a su hijo al mundo y lo que procede es celebrarlo por todo lo alto. ¡Menos mal que hemos pasado por San Sebastián y nos hemos proveído de todo lo necesario para esta gran celebración! – eta zisku handi batetik plastikozko poltsa batzuetan zekartzan gauza batzuk ateratzen hasi zen, eta botila bat txanpain, botila bi ardo beltz, eta guzti. Mahai gainean ipini zituen bitartean, Iñakiri ikusi eragiten zion, batean itsaski batzuk, bestean bildoskia, eta ahurrean ontzi bete txitxardin (ezkon-anaiak "angulas del Cantábrico" adiarazi zion mintzaira leunduz) erakutsi zizkion. Iñakik ez zion ezer esan. Ez eta inolako imintzio edo keinurik ere egin.
Arrebak bazkaria prestatu zuen eta hirurek elkarrekin jan zuten. Ia laurak ziren, botila txanpaina ireki eta edalontzi bana edan zutenean. Une batez, ama esnatu zenean, salda pitin bat eman zioten, ahora; eta laster zen berriro lokartua.
Bazkalosteko solasaldia luzettoa izan zen.
- Zer daritzozu, Igancio ardo honi? Ardo polita, ehe! Aho-sabaian halako kutsu sarkor bat uzten du, basoko igali-usainekoa, zeina biziki gozoa den bere garratzean... – eta edalontzia sudurraren ondoan bira-biraka eta usainduz zerabilen.
- Ea, Pepe, utz ezazu ardoa eta jan pastel zati hori, behingoz, mahaia jaso dezadan eta harraska egiten has nadin, zeren orduak aurrera badoaz eta etxerako bidea hartu beharko baitugu – emazteak.
- Ene, andere, utz iezaguzu zure nebari eta bioi une hau gozatzen; urteak izan ditugu elkar ikusi ez dugula eta bazen garaia bizitza onaz, lipartto bat baizik ez bada ere, gure mundualdi nekagarri hau gorets ahal dezagun, beti ere Jaungoikoari eskerrak.
- Ea, senartto, ez aipa iragana den aldi samingarri hura, nire neba honek ez baitu batere maite horretaz oroitzea; ahanztea hobe baitu, bai berak eta bai berarekin batera jasaile izan garen senide guztiok.
- Bai, andere maitte hori, horretaz xuxen zara: iragan joan da, etorkizuna aurrean dugu. Jaungoikoak daki, jakin ere ongi, zein ahalegin handiak egin nituen nik neronek nire ezkon-anaia maitagarri hau kartzelan egon zen bitartean ahalik eta ondoen artatua izan zedin. Dirutza xahutu behar bai, nik, epaile-buru jaunari Burgosko jatetxerik onenean bazkari ezin hobe bat ordaintzeko, baina oro asmorik onenaz, hots, Ignaciok zehaldia bete bitartean etxean bezain ongi, eroso bezain lasai, beti erazko artamendua jaso zezan, bai.
Legearen barruan beti, jakina.
Iñaki entzule zegoen. Ez zuen txintik esan. Arrebak zeharretara begira eta:
- Así es, Ignacio; no sabes qué gran esfuerzo económico hubimos de hacer para favorecer tu estancia en Burgos. Menos mal que Pepe tiene gran predicamento entre sus colegas, ya sabes, y consiguió que el propio juez y algún otro fiscal interfirieran en favor tuyo, lo que sin duda redundó en una mejora de las condiciones de vida en el centro peniteciario al que te habían destinado . ( Horrela duzu, Ignacio; ez dakizu zein ahalegin larria egin behar ukan genuen diruz, Burgosko zure egonaldia hobetze aldera. Eskerrak Pepek bere jardunkideen artean guztiz begiramen ona duela, badakizu, eta bai epaileak berak bai fiskalen batek ere zure alde esku sar zezaten erdietsi zuen, ondorioz zu bidalia izan zinen zehatetxeko zure egoeraren hobepena ekarri zizun.)
Ilundu aitzin, senar-emazteak Donostiarantz joan ziren. Gauean, Iñaki sukaldean bakarrik, danbolinean gaztaina batzuk erre, jan eta katilu bete esne edanik, betiko antzean oheratu zen. Ukuiluan zegozen bizidun guztiei bazka emaiteke ez, ordea. Zortziak irian, egunoro legez behiari eraitsi zion, pertza esnez bete zuen, eta ur hotzean sartuta biharamunera arte utzi. Gehiena kamioiak eramango zion, bestea beretzat eta amarentzat. Oheratu baino lehen, ohitura eta, zakurra lokarritik askatu zuen, gauez etxe baranoan ibil zedin.
Basurdeak, azeriak ez zirenean, batik bat, zituen izterbegi: txatan-txatan, soroan bezala baratzean bertan ere, induska eta induska kaltea baino ez zioten egiten. Goiko mendietan elurra zegoen eta, janaririk ezean, etxe-atariraino hurbiltzen ziren, lotsagaldurik. Goseak zekartzan, jakina.
Gauerdi garaian edo, zarata bat entzun zuen, behingoan iratzarri zuena. Beldurturik bezala erdi-zutitu zen, ohean agondu zen, eta argia izeki zuen. Amarengana jo zuen berehala. Lo zegoen, kikil-kikil ohearen barrenean. Zer zen, bada, entzuniko asots ozen ha?
Ametsetan entzuna, eiki. Beste askotan bezala, amets gaiztorean batek eragina.
Atxilotua izan zen eguneko azantza zen. Ziper mingarri larriak jasan zituen gelako atea ixtean, behin eta behin, entzunarazten zioten danbada zen. Lau egunez lo egitea eragotzi izan zioten. Ez zen batere xamurra lo egin ezin hura. Harez geroztiko gau askotan mahuma agertzen zitzaion, eta maiz lokaizturik esnatzen. Amets gaizto haietan, maiz, tortura jasandako gela hits haretan zihardutsoten lau 'guardia' haien begitarte izugarriak zekuskiela itzarten zen, burdinazko makilez joka eta joka ari zitzaizkion munstro batzuen antzera.
Bata zuen, guztiz ere, irudikatzen sarri, mintzairaz 'Estremeñoren' eitea antzeman baitzion.
Goiztirian, esnea batzen ari zela, arrebak esan zionaz gogoetatsu eta, gaitzituxerik zebilen. Etxea saldu eta amarekin batera, Iruñera bizitzera joaiteko aholku eman zion. Kaleko bizitoki tiki batean ongi biziko zirela eta erosoago, eta sendakinaren beharrik edo beste zerbaiten beharrik izanez gero, oro esku-eskura ukanen zutela, eta halakorik. Gorostitzagoikoa bertan behera uzteak, pentsatze hutsak berak, min handia eragiten zion, ezin jasanezko min bihotzeko min etsia.
- Aquí no hay futuro, Ignacio. Hoy en día no se puede vivir en estos viejos caseríos alejados de todo: no tienes un supermercado cerca, no tienes un cine o un teatro para poder disfrutar un poco, no tienes posibilidad de ir a un restaurant con los amigos a cenar... esto no es vida para tí. Véndelo todo y ve con la madre a un piso céntrico. Hoy en día la vida en la ciudad es más cómoda y más satisfactoria, te hace sentirte más realizado. ( Hemen ez duzu etorkizunik, Ignacio. Gaur-egun ezin bizi daiteke honelako basetxe zahar urrunekootan: ez duzu saltoki handirik hurbil, ez duzu zinetokirik edo antzokirik pitin bat gozatzerako, ez duzu adiskideekin abari bat egiteko jatetxera joaiterik... hau ez duzu bizitzeko era onik. Sal ezazu dena eta zoaz amarekin batera kaleko bizitoki batera. Gaur den egunean hiriko biziera erosoena duzu, asebetegarriago duzu, zu zeu nortzen zarela nabaritzen duzu.)
Ez zuen, ez, inondik ere, hala eginen. Hurrengo udaberrian, zuhaitzak orritzen hastean, Bordazaharra berreraikitzen hasteko asmo hartu zuen.
Negua sasoirik onena zuen, zuhaitza lo, eta mendian, laharren artean aurkitu zuen agin aldaxka bat bideko bihurgunean birlandatu zuen. Hogei urte ziren Gorrotxa hil zutela; Hiri hil zela hogeita hamar. Beharbada, haregatik atxilotu zuten. Ez zekien, eta ezin igarri ere zuen, inoiz, zergatik gertatu zitzaion berari, zer zela eta ez zela eraman zuten preso, eta zazpi urte eta berrogei egunez espetxe barruan itxia eduki zuten. Alabaina, agin berria landatuko zuen. Hildako adiskide min haiei zor zien.
Etxeko sagarrondoak inausi zituen. Sagar-urte ona izanen zelako susmoaz zebilen, eta, ahal izanez gero, sagardoa ekoitziko zuen, etxerako lain baino ez. Ondo zahar batzuen ordezko aldaxka gazteak landatu zituen. Dolarea txukun ikuzi zuen, behar izanen zuenerako. Upelak ere halaxe.
Negua ez zen luzeegia izan, ez hotzegia. Laster hasi zen etxeko haritz handia orriberritzen. Pagoak berankorragoak eta, artean, orrila ez zen haientzat. Zein eder zegoen landa guztia loreez ihaurria, sagar, madari, aran, gerezi... zuhaitzak ere lili xuriez txil-txil! Kukua entzun zuen lehen egunean, amari berri emaitera hurreratu zitzaion. Ez zen berri txarra, baina amak ez zion deus entzun. Lo betean zetzan. Ohean mukurutto bat baino ez zen.
Eguzkia epel eta ardiak goiko belaietara igoarazi zituen. Handik hara, Bordazaharreko landetara eramaiteko asmotan zebilen. Ahal bezain laster, eraitsitako txabola berritzeari ekinen zitzaion. Asmoa halakoa zuen.
Halako egun batean, ama hil zitzaion.
(Egia esateko, Iñakik ez zidan inoiz zehaztu zein egunetan hil zen. Kukua ez zuela entzun eta bedatsearen argi berria ikusi ere ez zuela adiarazi zidan. Berarentzat aspaldi hila zen. Izan ere, ohean zetzala, bihotza ibili arren, gorputz huts baizik ez zen, izan. Zer bat baino ez.)
Luze joan zen haren gaisoaldia. Espetxean egon zen zazpi urteetan, ez zuen ama ikusterik ukan. Urte haiek, gehienak, zaharren egoitza baten barruan eman zituen, etxetik oso-oso urrun. Iñakiri gogorra izan zitzaion ama nola zegoen ez jakitea eta ezin ikustea. Ziegako leiho ondoan, asko-askotan amaz oroitzen zen. Soroan haitzurra eskuan irudikatzen zuen, edo sukaldean suari egurra emaiten, edo baratzean piperren jorraketan, eta beti lanean. Jorraia maite zuen: beti eskuan zerabilen, belar gaiztoak edeki eta edeki, porruak haz zitezen, babarrunak gora joan zitezen... beti lanaren pean. Bizkarra makur-makur eginda zebilen, azkenengo urteetan, behinik behin, urteen ez ezik nekaduraren ere zamagatik.
Iñakik aita hil zen eguna gomutatzen zuen: ama soroan, traktoreaz lurra landuz. Aita, aurreko asteetan, ohetik jaiki ezinik zetzan.
Traktore gainean atzera-aurrera ama lanean. Biharamunean patatak erein nahi zituen. Eguerdi garaian, soroa landu ostean, etxera, eta aita logelan azken hatsetan aurkitu zuen. Lagundu nahi ukan zion, burua goratu, eta arnasa hobeki har zezan, ahoa irekiarazi zion.
Galtzarrean hil zitzaion, beso bien artean. Berehala ohartu zen, zurbila ikusita. Berak ahal zuen bezain ondo jarri zuen. Lasai antzean.
Negarrari eutsi zion. Bizitzan larriegi ikusitakoa zenez, begiak agor zituela zirudien, malkorik ez zitzaion erion. Sendagilearen bila herrira joaiteko asmoa otu bai baina, alperrik izanen zelako, haren ordez, apaizagana jo zuen.
Biharamunean, gau guztian lorik egiteke ere, gorpua hilkutxan sartuta zegoela, sorora zen, egunsentian, eta, botxoz botxo, lusagarrak erein zituen. Uzta onik izanez gero, urte osorako bilduko zuten. Haitzurra ukuiluko ate ondoko gakoan eseki zuen, hamaikak irian.
Arratsaldean elizara eraman behar zuten, eta, etxe haretan lehenbiziko aldiz, beribil batez eramango. Ordura arte, hileta guztietan, auzokoek lepoan hartuta eramanak izan ziren. Ama beltzez jantzi zen.
Hileta-elizkizunak amaiturik, etxera itzuli zen, seme-alabak lagun. Ahaide guztien dolu-mina jaso zuen; ororekin hitz egin zuen; herriko anderezko batzuen min-agurra jaso zuen, eta hitz-aspertu luzerik bage etxera. Ordura arteko hiletetan, etxean ahaide urrundik jinentzako oturuntza antolatzea zen ohitura. Batzuk gauean lo egiten geratuko ziren. Egun haretan ekandu zahar ha amaitu zen.
Bakoitza bere ibilgailuz bere etxera. Ama sukaldean bakarrik geratu zenean, aitaren hutsunea sumatuko zuela eta, negarrari emanen ziola uste bazuen ere, Iñakik ez zuen behin ere negarretan ikusi.
Egunoro legez behiak jetzi behar ziren, oiloei artale xeheak eman behar zitzaizkien, txerriari arratseko ozalea askara eman, eta amak egin zuen. Iñakik lagundu zion. Biharamun goizean jaikitzen lehena izan zen, eta sua berpiztu zuen, gaueko ikatz biziari putz eginaz.
Lapikoa bete babarrun beltz txapa gainean ipini zuen, su motelean, geldiro-geldiro, egostearren. Eguerdirako egin-eginak izango ziren.
Alderantziz izan balitz, aita negarrez urtuko zatekeen. Gizonezko gogorra irudi zuen, honela ere barrua bigun, halako egoera goibeletan, behinik behin.
Ehun egunen buruan, patatak erruz batu zituen. Ereindako batetik hamar bat ale hazi. Txikirrak ugari baina handiak ugariago. Inoiz ez lako uzta. Ama ez zen betilun. Zindoak gainera, ez ustelak. Ganbararatu baikoz urte osorako, eta hurrengo uzta arterako ere bai.
- Aita pozik egongo zatekean honelako patataketa ikusiz gero. Sorozalea zuan, beti izan zuan; bere soroarena hain zuzen. Bere soroa besteenak baino hobea beti. Bere sorotik hara ez zuan ezer harentzat.
Ez zuan ezertan sartzeko zale, ez elizara joan-zale ez herriko etxera zale. Erlijoan edo politikan harean nahi ez zuela esan nahi diat. Hori bai, elizara egun handietan joaiten zuan, herriko nagusi eta nagusi-usteko batzuekin egoite aldera, batez ere. Guk arrana erraiten genian, aittonak ttattarra zeritzon, baina hire aitak igande nagusietan ez zian gorbata etxean uzten. Han joiaten zuan, meza nagusira, gizonezkorik gehienak joaiten zirenera, ttattarra beltza lepoan, alkandora zuria, milamarrako galtzez txukun, larruzko zapata beltzekin, eta txapel beltz handia buruan. Hiriko aberatsen antzera. Nahi bai, bizitza osoan nekazari arlote izaitetik atera ezin izan zen haxe aberats-guran beti. Iruñera urtero zezenetara: hauxe egiten zuen guztia. Alde honetarik ene nebaren egite berekoa. Bata gorotz usaina soinetik kendu ezinik eta bestea alkate eginik harro bai harrotua; eta biak ala biak artobero usaindun hutsak. Elkar ezin ikusiak biak.
Hire aitak, hala eta guztiz ere, ni ez nindian inoiz astindu. Honetan, behintzat, gizon egokia zuan. Hire osabaren emazteak ez likek berdin esango, beharbada – amak lehengo egunak gogoan.
- Aitak ez zuen aittona haintzat hartzen, beti gutti edo ezer gutti esten zuen. Purrustadaz zerabilen. Guduan irabazleen alde egin ez zuelako.
- Hire aitak hori zian: berak maite zuen bakarra dirua. Dirua eta diruarekin zetorrena. Aittonak ez zian hautatu etsairik, etsaiek hautu zitean bera. Baina, aittona beti bere lekuan egon zuan, gal ala irabaz, beti bateko gizona zuan. Herria maite-maite zian, bai, eta Euskal Herria oroz gain; aita, aldiz, hemen jaio zelako zuan euskaldun, baina Burgosen sortu izan balitz kastillano hutsa izango zatekean, eta gaiztoenetarikoa. Espainol gar-garbia, aittonak esaten zuen eran. Behin – gogoan diat – Iruñean ez zakiat zer jazo zen, mutil bat tiroz edo hil zutela uste diat, non eta zezen-plazan bertan, poliziek hil ei zitean. Izugarrizko istilu latzak omen. Gau oso bat kaleetan inoizko borrokarik beldurgarrienak gertatu ei zituan, Iruñean ez ezik beste hainbat lekutan ere bai. Poliziek hainbat lagun zauritu ei, hilik ote ez ote nagok, zezen-plazakoaz gainera. Gudua berriro sutuko zela uste zuenik ere asko bazuan. Iruñetik hamar bat kilometrora dagoen herrixka batean Espainiako militarrak, zera, gidagizonak edo halakoak ei zegozan, esku sartzeko zorian, hiria, guduan bezala, hartzeko gogoagaz alegia. Haiek eskurik sartuz gero, badakik, sarraaaskia non-nahi, triskantza baten gainean beste bat eta gehiago eragiten haiek beti. Bada, aita guztiz sumindurik zegoan. Irratiz entzun eta entzun, eta gizona bere senetik aterata bezalaxe. Zezen-plazan hil zuten mutilak zerbaiten errua izango zuela; poliziak esku gogorra erabili behar zuela; agian, gudagizonek beste behin Iruñea zanpatu beharko zutela; eta hala ziharduan, haserre gorritan; hire aitak orduko haretan, legea gogorki eta lazki betearazi behar zietela gazteei, izan ere, aitaren gardiz, gaiztoak gazteak zituan eta.
- Bada, aita oker zegoen... Mutil ha poliziek hil zuten, erru bagekoa zena. Eta zer agindu zien buruzagiak poliziei? zera : ¡"No os importe matar"! Hala erho zuten erruki bagerik. Zezen-plazan ehunka lagun ikusle. Galena eragin nahi zuten, bertzeren larruz min eragin eta jendea beldurrarazi nahi zuten. Berriro, nehor higi ez zedin, guduan bezala, oro geldi oro isil gera zedin; haiek beti nagusi, noski!.
Gudagizonak halakoxe piztia maltzurrak dira eta! Ez dute bihotzik, ez errairik. Odola maite dute, bai; eta aita beti haien aldekoa! Aita haien pean, behe-behean, ohitua, nonbait. Gu Gorostitzagoikokoak gara, aita, ordea, Behengokoa zen.
- Bai, horixe. Aita oker zegoan, oso oker eta makur. Baina nork zer hari esan haserre zenean? Ez zian berea baizik ikusten. Eta inor begitan hartzen zuenean, aiher zitzaionean, betiko aiher. Aberatsen begitik ikusten zian, soroko zataduna izanagatik ere. Bada, beste gudu bat piztu izan balute, hire aitak badakik noren alde joko zukean, militarren alde, hain zuzen. Irabaziko zuketelakoan, noski. Iruñea odolez itoko zuketean. Eta aurreko gudatean eta gudostean egin bezala, bide bazterrak hilotzez beteko zituzketean. Eta aita harro itzuliko zuan etxera, garaileekin noski. Eta lusagarrak neronek erein beharko nituzkean.
- Aita eta osaba, halaxe, alderdi berean egonen ziratekeen. Hamaika ikusteko!
- Erokeriak hori dik. Guduak, beti, adiskideak etsaitzen ditik, eta etsaiak ez beti adiskidetzen. Osaba, egun haren biharamunean Iruñean zela uste diat, eta aspaldiko lagun batzuekin batzarrean. Lehengo fusil zaharrak koipez igurtziz eta igurtziz jardungo ahal zitean, gaztetan egin bezala mendira jo eta 'tertzioak' antolatzeko grinaz. Inor hil behar izanez gero, haiek beti prest. Hori bai, ehe : inor fusilatu aurrez meza entzungo zitean. Arauak beti arau! Aita irratiaz zer entzun eta hura sinetsi, eta gezurrak zakurrak hezurrak bezala irensten zitian. Logroñotik milaka gudagizonez beteriko kamioiak Iruñeratzen hasiak zirela entzun zuenean, mahaiari eskukada gogorra eman zioan – ez zakiat haserreagatik ala pozagatik.
Goizean irratiak ezetz esan zian, albistea ez zela zuzena, eta sanferminak hala amaitu zituan. Beste gudu bat ez zitean piztu, zorionez.Halako oroitzapenak sarri etorri ohi zitzaizkion Iñakiri Burgosko espetxean egon zen zazpi urte eta berrogei egunetan. Ama hil zitzaionean ere hala oroitu zen.
Osabari txantaia egin ziolako salaketa bategatik, atxilotu zutenean, ez zuen usterik asko ukan hainbat urtez ziega heze batean edukiko zutenik. Salaketa haren ondorioz epaile batek, 'Guardia Civilaren' txostenari jarraikiz, kondenatu zuen. Nork salatu zuen, ordea, ez zekien. Txantaia oso larria izen zen, eta osaba' honengatixe burutik egina hil zen, urte batzuk geroago. Mehatxua egin zionari diru mordo larria eman eta gero hil zen.
Hainbat aldiz, buruan gora eta behera, hara eta hona erabili arren, hainbat gogoeta, hainbat susmo, eta hainbat zer eta zer ez, erabili arren, inoiz ez zuen asmatu ahal ukan nor izan zitekeen haren salataria. Hala eta hala hausnarrean beti, burua bera gal beldurrez.
Hainbat egunetan oherean jaiki ezinik egon zen. Gauetako amets gaiztoek buruko alak eragiten zizkioten, eta guztiz goguldurik, ahul eta ezertarako eza zela uzten zuten.
Handik atera zenean arnasa hartzeko ere inoiz baino estuago, bularrean lotura gogor batek estutzen bezala. Aldatsean goiti, batez ere, arnasestuan beti, espetxealdiaz gero. Bordaxaharrera iristeko bideari inoiz baino luzeago erizten zion, aldapatsuago eta are malkartsuago erizten zion. Gogorren jo zuen 'guardiak' hala zirautson, bular aldean joka eta joka ari zitzaioeino:
- ¡De ésta no sales vivo, cabrón, hijoputa vasco, o navarro, me da igual¡; ¡Te rompo hasta el corazón, como no cantes ahora mismo como un jilguero, hijoputa! ¿Tú le amanezaste al alcalde, sí o sí? ¿Quién te ayudó a llevarte el dinero que os dio? El pobre hombre está muerto, por culpa tuya ¿y de quién más, hijoputa? Habla cabezaburro vasco. Te arranco hasta el hígado. Cada puñetazo es un año de vida menos que te queda, y no voy a parar.
Harako zemai lazgarriak maiz zituen gogoan. Ziper gogor haiek jasan ondoreango ondorioak orduan sumatzen zituen. Ez zuten atxiloturik hil, baina zauri sakonak utzi bai, hilko zen arteko zauri sendaezinak.
Espetxetik jalgi eta ama berriro, aspaldi handidanik, ikusi ahal ukan zuenean, bizia galdutako sentsazio latzak jo zuen. Ezin elkarri deusik esan, ezin hitzik egin, odolaren mintzo bagetuak ziren, ama-semeak. Atxilotu zuten gauean ama etxean bakoitzik utzi zuten, bakar-bakarrik, eta semea nora eraman zuten jakiteke. Iñigo laguntzera agertu zitzaion arte hala egongo zen. Ez zuen inorekin elekatuko, zakurrarekin egiten ez bazuen.
Etxeko Lagun zaharra gosez hil zen. Ama, harez gero, urteetan bizirik hila bizi izan zen.
Apaiz berria ez zen herrikoa, ez eskualdekoa, urrundik bidalitakoa baizen. Ama hil zela jakinaraztera joan zitzaionean, eliza barruan belauniko zegoen. Bakarrik, sogor antzera, sabaiari begiak zabalik. Iñakik sarreran oinkada-hotsak egin zituelako norbait zetorrela ohartu bezain laster, zirgit egin zuen, kordoka bezala, ezusteko larrirean batek joa izan balitz laso.
- Hábleme, por favor, en español, si no, no puedo entenderle – egotzi zion Iñakiri lehen agurraz batera.
- La madre ha muerto. Ai que haser entierro.
- Ah; le transmito mis condolencias. Me dispongo, en efecto, inmediatamente, a organizar todos los trámites pertinentes. Todo queda en manos de Dios nuestro Señor.
- La misa en vascuense ai que haser, la madre no sabía bien castellano, y – Iñakik apaizari.
- No va a ser posible, ya lo lamento, señor Goicoechea. No obstante, su señora mamá, aun de cuerpo presente, no ha de escuchar la celebración, ya que su alma va camino hacia el Señor.
- Yo mamá no tengo. La mío es ama. Y si no sabe castellano no se puede haser misa – Iñakik bazekien zer esan nahi zuen baina ez zekien nola esan.
- En todo caso, se ha de celebrar la Santa Misa; ya buscaremos la fórmula que permita adecuar el idioma conveniente. De todas formas, Nuestro Padre puede entender cualquiera lengua, y no es menester mezclar los sentimientos mundanos con la Verdad que Él nos transmite en su lenguaje divino – apaiz gazteak Iruñeko apaiz-ikastegian landutako hizkera leunean zirautson.
Elizako zerak bukatutakoan, hilerrira ziren. Ama hobira sartu eta azken otoitza egin zuen. "Que Dios la acoja en su seno" esanda, bakoitza bere aldetik joan zen. Iñakirekin arreba eta honen senarra, alaba ere hauekin.
Gaua baino lehen, Gorostitzagoikotik Donostiarantz alde egin zuten. Biharamunean, Saloura joatekoak ziren. Iñaki bakarrik geratu zen.
Ukuilukoei jaten emaitera joan zen, lehenik; zakurra askatu zuen, gero; eta abari izki bat egin ondorean, oheratu egin zen. Ez zuen lo handirik egin. Gogaieraz gogaiera, loak ez zuen ordu tikiak arte hartu. Goizean, berriz, zortzi-garaian, ukuilura zen, oilarrak jo eta bertan, eta egun guztietako lanari ekin zitzaion.
Iñigo ez zen agertu. Beharbada, ez zuen jakin izeba hil zenik. Urteak ziren herrira ez zela. Donostian, berriz, sarri; eta hantxe elkar ikusi zuten, igande eguerdi batez, lehengusu-lehengusinek. Iñakiren arrebak urrundik ezagutu zuen, Iñigok ez, edo ezezagutuarena egin zuen. Kai ondoko jatetxe batean ziren.
- ¡Hombre, primo, cuántos años sin vernos! – hurreratu zitzaion bitartean.
- ¡Ah! ¡ Hombre, tú eres la prima... de verdad que son años ya que no nos vemos! – Iñigo lehen uneko ezustean.
- Ya sabes que ha fallecido nuestra madre.
- ¡Ah! Pues no, no lo sabía. Ya lo siento. O sea que ha fallecido la tía Margari. La verdad es que ya ha llevado vida dura: primero durante la guerra, después lo que vino y por último lo de Iñaki.
- Igancio ya está en casa, pero ha salido muy dañado de la cárcel. ¡Él se lo buscó, con esas amistades que tenía, que si el Gorrocha, que si el Landarbide... con esa gente no hay nada bueno! Esos le metieron en líos, total para nada. No ha sacado más que disgustos. ¡Con lo bien que vivía con su trabajo en la fábrica y en el caserío!
- Hay que estar siempre del lado de la ley, de lo contrario no ganas más que jaleos y malas consecuencias. Esa gente no es más que fanática, creen en no sé que patria chica. No hombre no: aquí hay que estar con los grandes, no se puede jugar a chiquita, como en el mus – lñigok zirautson.
- ¡Y que lo digas! Yo ya le dije que abandonara Gorostizagoicoa, y se fuera con la madre a vivir a Pamplona. Pero mi hermano es un burro atado a la tierra, si le sacas de su monte ya se pierde. Acabará muriendo sin haber aprendido a vivir.
- Bueno, Iñigo, habrá que ir a comer, ya me suena el sorri en la tripa. Dejémonos de charlas y hagamos algo por la vida – eten zien elkarrizketa Iñakiren arrebaren senarrak.
- No es mala idea. Yo me voy, que luego quiero acercarme hasta Biarritz. Ya sabéis, los negocios son los negocios – Iñigok agur egin zien eta alde.
Mugara bidean Irun, eta bertako lagun baten zain gelditu zen. Handik ez urrun, tailer bat zuen. Bostak aldean elkartzekoak ziren. Ez zen belutu. Hitzik asko bagerik, kapoa zabaldu zuen eta kartoizko kutxa batzuk ateratu zituen. Guztira, milioi bana pezeta. Melillatik ekarria, edo han zehar zehazki esateko. Droga ondo salduko zuen, Kantauri itsas hegi osoan.
- Ésta, ya sabes, es ZONA ESPECIAL NORTE. A nada que te muevas, lo vendes todo en cuatro días. ¡Vaya pastón! – Iñigok tailerraren ugazabari.
- Espero que sea más pura que la anterior remesa. Me enteré por el periódico que en algunos pueblos de la costa tienen serios problemas, porque dicen que anda droga adulterada. Por lo que me comentó el sargento, hay varios chavales que han caído ya. ¡No vaya a ser quese nos acaben los clientes y con ello el negocio! – irundarrak, ahoan irri.
- De vez en cuando una limpieza, es norma de la naturaleza: los más débiles siempre pierden. Como dicen estos fantoches aberchales : naceran otros nuevos – Iñigok.
- Bueno, de momento, ayer ya cayó otro, al otro lado. Según he sabido, lo cogieron según iba por una carretera. Le hicieron parar el coche y le metieron una somanta de palos entre cuatro que lo baldaron. Le metieron en el capó como un saco y se lo llevaron. Me parece que ese no aparece más hasta el infierno. En Francia, además, no les interesa escabar agujeros para encontrar fantasmas que no son francaises. Seguramente ahora ya le estarán comiendo los gusanos, en algún pinar de las Landas. Bueno, pero a nosotros eso no nos importa, nosotros a lo nuestro. Yo duplico este dinero, tú duplicas ese que llevas y así hasta Melilla. De todas formas, ve con cuidado, porque ahora anda la erchaña por estos lares, y esos no están en este negocio, por ahora.
- Ya les he visto en tres sitios. Si se meten donde no les llaman, habrá que darles un toque – Iñigok esana.
Biarritzera oztoporik bage heldu zen. Hitzordua arratseko zortzietan zuen. Betiko lekuan. Etxe zuri baten osteko muino batean, harizti ttiki bat zegoen lekuan, emakumezko bat begiztatu zuen. Zutik zegoen. Beribil barrurean jalgi zen. Beste aurreko hitzorduetan mutil lodikote bizarduna etorri ohi zitzaion, baina ez zen agertu. Hamar minutuz igurikitzen eta berentetsi zuen. Muinoko emakume itxurakoak eskuz keinu bat egin uste ukan zion. Begira gelditu zitzaion. Ez zekien deitzen ari edo zer ari ote. Bat-batean, muinotik behera hasi zen, larrean barrena. Gertura-gertura han hurrandu zitzaion, eta, hara! ezaguna zuen. Zera, Oihangurengo Maria Irache zen.
- Ekarri beharrekoa dakarzu? – egin zion agurrik ezean, lakarkiro.
- Bai. Ordaindu eta emanen dizut – Iñigok ere lakar.
- Zer ordaindurik ez dago. Oraintxe zuri begira lau pistola duzu, tiro egiteko prest. Utzi zama hemen berean eta alde egizu. 'Club' horretan zure zain laguna duzu. Gaua ontsa eman dezazuela – adats luzeko neskak.
- Nik ez dizut ezer emanen dirurik ez bada – Iñigo haserre.
- A, eta alfa-romeo hau odolez zikintzea zein itsusi! Ez egin gogorrarena, Txapar, orok ezagun zaitugu eta. Zuk erabaki: edo gau ona edo hementxe amaitu bizia. Proba bat nahi baduzu, esku-imintzio batez aginduko diet, eta gurpil bat txulatuko dizute. Nahi duzua? Gainera, ez du inork ezer entzunen. Harro zure aita zen harro. Nire aitak zioenez, zurea ez zen besamotz, gorriak hil behar zituenetan. Badakizu, nirea eta zurea elkarrekin ibili ziren, Espainia handi egin nahian, Jainkoaren izenean, noski. Ea, bada, Txapar, utzi hemen dakarzun guztia eta gau on – Oihangurengoak.
- Zuk zeure aita saldu duzu – Iñigo suminduta.
- Bai, noski, eta zuk? Zuk zer egin duzu? Zure aita eta nirea inoiz ere jaio izan ez balira, mundu hau anitzez hobea izanen zatekeen, hauxe bai! Zer saldu zuten haiek? Euskal Herria saldu zuten! Beren burua saldu zuten, azken baten. Zurea burutik egina hil omen zen, ezta? Nirea burutik egina bizi da, bizirik baldin bada – emakume gaztea, hotzean bezala mintzo arren, bero-bero.
- Zamaren erdia utziko dizut, bertzea nik behar dut – Iñigok.
- Bai, erdia hementxe eta erdia hortxe. Eta ez zaitez ager inoiz hemen. Guk ere zama hori behar dugu, hemen batzuk erosi behar ditugu eta dirurik ez dute nahi. Ez dugu astirik, ehe. Kontuz, gero!
- Ongi da, baina hau guzti hau jakin behar duenak jakinen du – Iñigok mehatxu egin zion.
- Bai, noski; zure adiskide 'guardia civilak' gure atzean ibiliko dira, bai. Ezagunak ditugu. Tira, orain ez dugu astirik. Zu gau honetan esne mamitan egon zaitezen bitartean, gu biltzar ttipian hitz eta pitz jardunean arituko gara. Bakoitza bere zoroak daroa. Nork bere bizitza – eta neskak beribileko atea danbada batez itxi zion. Iñigok beltzuri latza egin, baina ordurako neskak larrean goiti egina zuen.
Lapurra osturik bezala zekusan bere burua, guztiz sumindurik. Biraoka, beribil barruan. Gurpilak errez, alderatu zen handik eta 'club' zegoen kalera, azkar asko, jo zuen. Haserre gorri. Aldi berean, beste ibilgailu bat agertu zen, kutxak barruratu eta beste bide batetik alde egin zuen. Neska muinora igo zen eta beste aldetik itzaldu zen, gautu aitzintxe.
Gaua betea zen land-rover batzuen hotsa entzun zuenean, eta berehalako baten ohetik jaiki zen. Ameskaizto bat ote zen ez zen, baina, bazen-ezpazen, leiho ondoratu zen. Larrainean, behialako gau haretan bezalaxe, 'guardia civilak'. Berriz ere, halakorik! Beldurtu zen txit, eta ikaratu, eta bere burua, berriz ere, harrapatua zekusan, zanpatua; eta halako batean bere burua leihorean behera egozteko asmoa otu zitzaion. Etxe osteko leiho baterantz ihesean eta ireki zuenean 'guardia civil' bat ikusi zuen. Inguratua zegoen.
Itzuri egiterik ez. Sagua satartean bezala, zakurren atzaparretan.
Etxeko atea itxita zegoen. Ukaldi gogor batzuk entzun eta leihotik at burua agertu zuen, ezinbestela. Tiro z egioketela beldur zen.
Hamar bat fusil ikusi zuen berari so. Eskuak goratu zituen, beso biak leihotik at, eta geldi. Unea urte iruditu zitzaion, baina ez zen hotsik entzun. 'Guardia civilen' buru zenak, gora beha eta atea irekitzeko agindu zion. Beheko atarira jaitsi zen eta barruko langa kendu zuen. Buruzagia sartu zen, besteak ate ondoan jarri ziren eta:
- Traemos órden judicial de inspeccionar esta casa. Ustéd vaya por delante mío, por donde yo le ordene. Mis hombres revisarán a fondo toda la vivienda. No haga ningún movimiento brusco ni sospechoso.
Iñaki, isilean, aurretik ukuilura sartu zen. Han joan ziren, zokomiran, beste sei-zazpi gizon iskiludun. Azpia orbelez ihaurria eta nahas-mahas hasi ziren, hazkabarratzen, zulo edo halako zerbaiten bila bezala. Azpigarria gahullatu zuten, batean eta bestean, eta ezer ez. Orbelaren azpian lurra baino ez. Aska barruetan ere aztertu zuten. Ukuilu guztia, bazterrik bazter, aztertu ondorean, lehenengo solairura igo ziren, sukaldera lehenik, logeletara gero, eta ezer kausitu ez haiek, antza. Ganbarara igaiten hasi zirenean, ohol zaharrek zarata eginik eta esna-esna zegoen hontzak hegan ihes egin zuen. Halako baten, tiro hots bat entzun zen, eta 'guardia civilen' buruak, leihora bizkor, zer gerta ikusi eta, geldi! agindu zien ozenki. Batek hontzari tiro bat desarratu ziola eta haserretua. Hontza lurrean hilik zetzan.
- Tenemos una denuncia, referente a la construcción de un "zulo" en esta casa. Cuanto antes nos dé información veraz de esta circunstancia mejor para ustéd. Si no, puede pasarlo mal, realmente mal. Ya sabe como son nuestros jueces: lo dejan todo en nuestras manos – kapitainak Iñakiri.
Iñaki isilik geratu zen. Ganbaratik jaitsi eta etxe osteko baratzean, eskuargiez argituz, zoko-moko hasi ziren bilaketan. Simaurra zegoen meta aurrean trikatu zen batek kapitainari begiratu zion, galdezka bezala, eta ezetz egin zion eskuz. Simaurra ez zuten kafatu.
Egur pila, ostera, hankaz gora ipini zuten, adaki guztiak eta lurrera botaz.
- No se lo advertiré dos veces: colabore con nosotros, y díganos dónde está el zulo. Si no colabora le llevaremos detenido. Creo que ustéd ya sabe lo que significa esto. No persista en en su empecinamiento. Y no nos haga perder más tiempo. ¿Dónde está el zulo? – kapitaina zen harek mutiri, Iñakiri begiz begi, beldurtzeko moduan.
Iñaki ez zen beldurtu. Gezurra zela zekien. Han ez zegoen zulorik, eta:
- Aquí no ai zulo más que el del gernu de las vacas – erantzun zion irri-arra baten, aurpegiari begira.
- ¿Qué es el gernu ese? A ver, llévenos al lugar, inmediatamente.
Iñakik ukuilu osteko horma ondora joanarazi zituen.
- ¿Qué es ésto? No le tolero una broma. ¡Será hijoputa! Esto no es un zulo...
- Esto es zulo; no ai más aquí – eten zion Iñakik, haserre.
- ¡Me parece que ustéd no entiende nada! – oihu egin zion kapitainak – ¿Sabe lo que es un zulo? Me parece que ustéd es tonto. ¿No sabe que se está jugando la vida? Veremos lo que nos dice el juez. Hoy no hemos encontrado nada, pero volveremos.
Kapitainak, beso-keinu gogor batez, alde egiterako agindua adiarazi zien. 'Guardia' guztiak land-roverretara sartu ziren.
Etxetitu zirenean goiztiriko sei orenak ziren, irian.
Iñaki egun luzeetan beldurra soinetik edeki ezinean egon zen. Bere burua, berriz ere, haien eskuetan zapi zarpail baten antzeko ikusten zuen. Gogotik ezin kenduzko egun latzak jasan zituen atxilotu zutenean, eta halakorik, beste behin, jasan baino nahiago hiltzea, bere burua hiltzea nahiago. Ez zuten ezer ediren, baina zeren lorratzean zetozen? Behin eta berriz galdetu arren, Iñakiren buruak ez zion behin ere erantzun.
Hurrengorako zerbait prestatu beharko. Ez zuten hartzara atxilo eramanen. Bere buruaz beste eginen zuen.
'Guardiak' ez ziren luzaroan itzuli. Azkenengo urte haietan, bestalde, aspaldiko garaietan ez bezala, etxerik etxe ibilten ez ziren. Basaburu goienetan, behintzat, ez ziren agertzen. Esames batek egia azaltzen bazuen, itsaso aldeko herri tiki batean, segada eginaz, halako basabide bateko bazterrean lehergailu bat ipinirik, eztandaz hainbat 'guardia' hil zuten. Honen ondorioz, itxura guztiak zirenez, mendi aldeetako bide estuetan zehar ibilten baziren, ahalik eta urrienetan ibilten ziren, beste haren antzeko segada baten beldurrez.
Labandibarri jaulki zitzaionean lasaiago zegoen
- Leihotik ikusi eta behera jaisteko agindu zidanean, hots, atea irekitzeko, ez zakiat zeren, baina, Bereterretxe etorri zitzaidaan gogora, badakik, zera, Espeldoikoa alegia: etsaiek etxea inguratu eta atea irekitzeko esan zioaten eta laster itzuliko zela, eta... azkenean hil egin zitean.
Labandibar, aspaldi agertu ez eta, igande arratsalde batean han hurbildu zitzaion.
- Igandeetan mugazainak adigetto ibili ohi dituk, bazkalostean, itxurak direnez, patxaran ttantta bat baino hoboroxe edaten ditek.
- Egunen baten... atzemanen haute – Iñakik hasperen eginda.
- Ez ditek erraza ukanen. Horiek gehienak-a, lur zelaietako kumeak dituk. Mendian goiti eta beheti zaluago ni.
- Bai, baina, tiro egiterakoan mutilak dituk horiek guztiak. Ez ditek errukirik nehor hil behar bidean. Eta nor-nahi hiltzeko karta zuria ditek, gero, horiek, ehe!
- Hi, Iñaki, gogoan duk etxera ekarri hinduen apaiz ha? Bada, Gasteiztik bidali ditek. Nora ez zakiat, baina Hego Ameriketara edo bidali dutela entzun diat. Gotzainak, agidanean, ez zian maite, presoen alde egin lanagatik, batez ere. Hi askatzeko diru eske ibili omen zuan, eta hauxe gotzainari atsegin ez. Gotzainari norbaitek erranen zioan. Sarakoaren adiskide mina duk, bai, eta bien artean hire zer hura atondu zitean. Legegizon batekin hitz egin eta gero, oro zehatz-zehatz eratu zitean: Bizkaiko apaiz zahar ez baina garerdiko axeri xahar bat lagun harturik, hi gartzelara bidali hinduen epailearengana, eta lege guztiak ondo-ondo ikasirik, hiruren artean setiatu zitean.
Epailea beraien eritzira biltzeko biderik leunena dirua zela bazekitean, jakin haiek ondo. Dirua nondik edo nola edo eskuratu zuten nik ez zakiat, baina mordoxka bildu zutela bai. Nik ere zerttobait eskuratu nian, ehe. Non eta Logroñon, hain zuzen.
- Logroñon? Nola da hori?
- Hire lankide ohiak txintxo ibili zituan. Banan-banan, orok zerbait eman zitean. Zelaia emaile handi. Hire alde zer nahi eta gehiago eginen duela, eta hi beti gizon ona izan haizela, eta errurik bagekoa haizela ziur dagoela, eta honelakoak erran ahala, zorrotik diru-paperak ateratzen. Zelaia bai ona gizona! Xabier ere ez zuan xuhur geratu – Labandibarrek lantegi zaharreko langile haiekiko harreman onak zituen, artean. Dirua behar zuen haretan haiengana jo zuen, eta bai haiek diru puxka bana eman, Iñaki espetxetik ateratzen urgatzi nahiaz.
- Nola dabiltza, ba, han, lantegi berrian?
- Erreta zabiltzak. Gero eta lan gehiago, eta saria gero eta urriago. Horiek biok etxe batean elkarrekin bizi dituk, merkeago-zurrean.
Ugazaba ikusi ere egiten ez dutela. Agerre hango neska batekin ezkondu omen duk.
- Herrira itzultzeko irrikatzen egongo ahal dituk. Arazgetu ondoan, bada ere – Iñakik ez zituen ahantziak aspaldiko lagun haiek, ikusi bage urteak izanagatik ere.
- Ez diat uste. Hi, Iñaki, zer da arazgetu hori?
- Ai, txo; nik aittonari ikasitakoa duk hori: jubilatu, txo!
- Bada, arazgetu baino lehenago ez, behintzat. Hango lurrak hartu ditik. Gainera, hango haize lehorra osasuntsua omen, hango eguraldia bikaina eta ez hemengoa bezain hezea omen, hango piperrak eta guztiz onak omen... eta ardoa, mutil, ardoa nehongorik onena omen duk. Nik-i, behin edo behin, erran ukan diat, bai, erran, ardoak Euskal Herriari 'guardia civilek' baino kalte larriagoa egin diola, eta honetantxe zirauat, ehe.
- Hik heuk ez duk jasan, nik bezala, 'guardia civilen' kaltea.
- Bai, bazakiat, Iñaki; baina nik zera erran nahi diat, euskaldunak sarri txatxu bihurtzen garela, ergel huts bihurtzen garela, ardoagatik.
Ez duk ikusten jaietan herriko gazteak nola dabiltzan?
- Hii, Labandibar, gu gazte ginela antzekoak gintuan, ehe.
- Bai horixe; eta horregatixe dirautsat : aita-semeak tabernan dagoz... ama-alaba jokoan... eta beti berdin gu, ostera!
- Bai, hori egia duk.
- Eta droga hor zabilak. 'Porroa' han-hor-hemen zabilak. Eta zer onik ekarri digu horrek, e? Ezer ere ez. Kaltea eta gaitza, ordea, erruz; non nahi den ere, horren ondorioa larria eta latza. Ez duk gogoan Hiri? Gorrotxa ere hala hasi zuan. Eta nork irabazi du droga salduz? Hire lehengusu maitteak, Iñigok.
- Iñigok droga saltzen? Egia erraiteko, ez naik harritzen. Aitaren etxea ere saldu zian eta. Pinudia saldu zuela bazakiat. Behigorku Iruñeko batek erosi omen zian. Orai droga salduz aberastuko duk, aberatsagotuko, erran nahi diat. Ederki ibiliko ahal duk hori Burgos aldean, harro bai harro, hango handikien artean, beraren aita ibili izan zen era bertsuan. Ahuntzaren umea, antxumea, eta hazitik bihia. Aita nolako, semea halako, eta horretan egi-egia.
- Ba, bai, Etxeparea saldu zian, eta, gaur den egunean, herrian ez dik horrek-e hareanik. Tira, hi hau bakarrik, lehengusu.
- Bai, baina hori ez duk, berriz ere, Gorostitzagoikora sartuko. Gorotz-usaina ez zian maite eta hemen behiek bekorotz. Hemen garo meta hortxe zagok, eta garoaren lurrina usaintzen ohittuak eta nahittuak gaittuk. Gure aittonak errainairu bat bazian, hots, euskaldun orok abarkak ate ostean zintzilik daduzkagula, baina batzuek oski gorriekin agertu nahi eta grinatsu zabiltzak. Nahiz eta oin orori oski gorri ez eman.
Nik halako serora bat ezagutu nian, Burgosko erietxera eraman ninduten batean. Saihetsezur batzuk eten zizkidatean, 'guardia civilek' itaunketetan. Erietxean nengoela, bertako serora zahar bat etorri ohi zitzaidaan sendatzera. Hizketan hasi zenetik, gure eskualde honetakoa edo izan zitekeela nabaritu nioan. Erdaraz egin arren, haren zer kutsua gurea bezalakotsua zuan. Trebetasun pixka bat egin genuenez, elkarrekikoa nahiko leuna alegia, behin nongoa zen galdetzera ausartu ninduan. Eta nafarra zela. Eta zein herritakoa nik, eta 'montañakoa' harek, eta euskaraz ba al zekien galdetu nionean mutturra okertu zian, eta eratzunik ez. Eta gelatik alde egin.
Biharamunean, nik jakin nahi, eta agertu zenean "egun on" egin nioan agur. Eta harek erantzun ere ez. Mutturturik, berriz ere. Nik zer bat susmatu nioan, euskalduna zena alegia. Otoitz egitera eramaiten gintiztean, eta hantxe harako serora hura, belauniko, kapera barruan. Ni ondoan jarri nintzaioan. Etxen ikasi bezala "Agur Maria graziaz betea..." hasi ninduan eta aditu zidanean, begi-begira niri.
Egin zidan beltzuri hura ez diat ahanzteko. Begi bietatik sua zeriola zirudian. Hurrengoan, sendatzera etorri zitzaidanean, nik bertatikbertara: "Ustéd, vascongada tiene que ser". Ihurtzuri batek jo izan balu bezala gorritu zuan, txismist baten antzera ihardetsi zidaan: " No; ni soy, ni ser quiero". Ez zuan bertze behin ere eneganatu.
- Sanpedrorena egin zian, beraz, serora atso harek. Ez duk bakarra munduan. Hire lehengusari, aitzitik, ez omen zaiok nabaritzen gure hizkeraren kutsurik; urte asko Zaragozan eta Burgosen eta, badakik, gaztelera ongi ikasi ez baina euskara ahantzi; eta arrandiaka ibili ahal duk. Zelaia txotxolo gaxoa ere, hala omen zabilak. Logroñoko tabernetan dirua barra-barra xahutzen dik. Ezagunak eta ezezagunak gonbidatuz eta, hala ibili gaxoa. Kaskoan bururik ez eta on puxka gixona. Iluntzerako hordi arraildua sarri bai sarri. Zer bertzerik nahi dute, bada, taberna zulo haietako malmutz batzuek?: sosik utzi bage nahi adina ardo edan. Xabierrek etxeratu behar ukaiten omen dik, etxekide baitu. Eta Zelaia, hizketan egin nahi eta ezin, han omen zoak, pozarren antza: "Ai ene, Xabier, yo no aprender ongi castillano pero ya olvidao tengo vascuence, y viva Dios". Gixona ona bezain gogorra, badakik, eta biharamunean lanera tinel-tinel joan ohi omen duk. Han ere garbitzaile, erratza eskuetan, bertze lanik ez dik egiten, baina. Hau ez duk, bada, aitaren semea.
Aita gizon gorgotsa duk, behin ere hordirik nehork ikusi ez duena. Seme bakarra izanki, eta horratx, Zelaia.
- Eta herorrek nola dakik hori eta gehiago? Txoriren bat edo bat ba ote duk herorrek berri emaile?
- Bat ez, batzuk. Eta abeslari onak.
Txantxangorria leiho hegian zegoen, goizean eguna hastean. Iñakik harako txori ttiki etxekoia maite zuen. Enarak ere urtero jiten ziren eta ukuiluko sabaian, hagen artean habiak egiten zituzten. Bizkor-bizkor ibilten ziren, kume jaio berriei janaria ekarri eta ekarri. Gaztetatik halako txorien guztien ikus-zale zela eta, baserrietako beste mutilak ez bezala, ehiztari izaiteko gogorik bagetua zen.
Ez zuen txoririk hiltzea batere maite, inondik inora. Oilasko bat jateko hil behar zenean ere, amak egitea nahiago zuen.
Txerria urtero hiltzen zuten, aita bizi zeino. Aita urde-hiltzaile trebea zen, eta urteko asterik onena huraxe, zerria hiltzen zuten astea.
Etxekoak ez ezik inguruko auzotar batzuk bildu ohi ziren urde-jaia egiteko. Urte guztirako jana behar zen eta berrehun bat kiloko jansoa nahikoa zuten. Aitonak ez zuen ikusi ere egin nahi, eta halako hilketa egin behar zenean, inork ez zuen aitona inon ikusten: alde egina zen. Urdearen azkenengo intziriak aditu eta gero berragertzen zen. Anaiari gertaturiko xelebrekeria bat behin baino hoborotan jaulki ukan zion Iñaki bilobari, bai eta beronek gogoratu ere.
"Anaia guduaz gero itzuli eta Bilbora joan zenean, sarri erran ukan diadan bezala, muttilko, basoaldean zegoen auzo baztertu batean jarri zuan, nonbait bizi behar eta han. Otxarkoaga zeritzon auzoa; izen hau, noizbait otsorik ibiltzen zelako edo ezarriko zioaten, eiki; baina anaia han ez zuan nehongo otsoren beldur. Egia erraiteko, hura nehoren ez ezeren beldur ez zuan.
Hango errekasto baten ondoan, etxe ttipia eraiki eta gero, sendi bat jar zedin bizitzen. Galiziarrak omen. Aita-amekin batera sei edo zazpi ume. Aita langile saiatua, ama ere, Bilboko handiki batzuen etxeetan garbiketak eginaz, etxera diru apur batzuk eramaiten saiatzen izan zedin. Umeei jaten eman behar eta janaririk asko ez etxean, urri bai urri; eta gure anaiarengana. Dendan zerbait erosteko behar hainbat txanponik ez, baina anaiak zorretan emaiten ziean. Aitak etxe-eraikintzan, egunean hamabortz bat ordu lan eginaz, etxeko guztiei babarrunak eskaintzeko ozta-ozta. Amak irabazten zuenaz, pittin bat aurreztu edo gerokotu ahal zezan. Umeak, oinutsik kalean eta, etxe ondoan jolasean, egun osoan, alaba nagusia, orduan hamabi bat urteko zela, zaintzaile. Diru mordoxkattoa batu zutenean, urdekume bat eros zezaten. Non edukiko eta etxe barruan, sukalde ondoko bazter batean, oholez eginiko esparruño batean, hantxe txerritegia.
Etxeko hondakinez ez zitean gizenduko, eta basoan belar biltzen umeak, txerriñoari jaten emanen bazioten. Errekastoan eradaten zitean, zeren, erran bage zoak, muttilko, etxe haretan urik ez baitzegoen.
Haz zezaten, nolabait, zerria, gizendu ez ordea, eta hil beharra. Gure anaia, dendari jauna alegia, gaztetan urde-hiltzaile ibilitakoa zenez, abere koipetsu ha hiltzera joan zedin. Guk beti egin bezala, gakoa esku batean eta bertzean aizto luze zorrotza. Galizarrek, baina, bertzela egiteko ohitura, nonbait, eta gakorik behar ez zela. Aita amarekin aurrean eta ume koxkortuenak, hamar-hamaika urtekoak, atzeko hanketan. Alaba nagusiak belarriei eutsiko ziean. Galizan edo alde haretan hala egiten omen zitean eta halaxe. Hamar bat arroa, doi-doi, urdeak, eta arina. Hilketa etxe barruan egiteko lekurik ez eta ate aurreko zelaittoan. Urdea lurrera egotzi, irauli eta aiztokada batez odolustu behar zezaten. Esparruñora aita-ama sar zitezen, ora zezaten urdea, buztanetik batak belarrietatik bertzeak eta kanporantz. Umeek hanketara egin zezaten eta intzirika hasi orduko, lotu-lotuta zerria. Halako baten, baina, ai ene! indarka has zedin, gidailez ostikoka, besoak ere dzirt-dzart batera eta bertzera, eta urdea askatuko ez zuan, bada! Umeak lurrean, aita eta ama ezinean, zerria horzka eta haginka, eta gure anaia – gizon lasaia gero!ñ – hantxe geldi, egonean; zer egin eta barre egin. Urdea aska zedin. Itzur zedin, aita atzetik zihoakiola. Arina txerria, baina hamar bat metroz lasterkatu ondorean, itobeharrean, ito agin ia-ia, trikatu egin zedin, tenk!. Anaiak aitari:
- ¡Tranquilo, gallego, ya volver hará!
- ¡Pero, vasco, que escápasenos hasta Bilbao! ¡Hay que atraparlo, canto antes¡ !Non podemos deixarlo que váyase¡
- Ese no va lejos, gallego, ¡no tiene un duro, y! Urdea geldi-geldi, arnasbeharrean. Ume ttipia negarrez. Ama aieneka. Han zoak, gure anaia, gakoa eskuan, maillo-maillo, abere ikarati harengana. Hurreratu zaiok, astiro-astiro; luzatu ziok gakoa okozpetik, eta, sast! sartu ziok gakoa. Urdeak intziri larriak egin, gibelerantz ten eta ten, eta gakoa sartuago. Anaiak indarra badik, eta tarraz ekarri dik. Galiziarrak buztanetik oratu eta aurrera, eta ate ondoan umeek soka batez hankak lotu zizkiotek. Sartu ziok aiztoa, sastada gogor batez, bere luze osoan, eta odol zurrusta bat isuri zaiok. Guk hemen, muttilko, odola bildu egin ohi diagu, noski, odolkiak egitearren, baina galiziarrek ez, antza, eta odola errekastora joan duk.
Urdea intziri betean, auzo guztian entzuteko eran. Odolez hustu denean, isildu duk, azken teinkada batzuk egin ditik, hanka-besoez, eta betiko zurrundu.
Ordurako, auzo guztiko umeak oro hantxe zirela erraitea ez duk gezur handirik. Garrasiak entzunik, jakina. Ira lehor batzuk gainean ipiniz, urde-azala ziligarratu zitean. Lurrean bertan erditik bi egin eta urdailak atera zizkioaten. Txolet handi batean etxeko andereak errekastora eraman eta ikuziko zitian. Ur hotz-hotzean, eskuak hotzez sumindu arte, hozmindu zitzaizkion arte.
Gauean jansoa – honela erraiten ditek, muttilko, Erronkarin urdea hila denean – hotzetan utzi behar zuan, kanpoan zabal-zabalik, haragia gogor zedintzat. Gizonak ez zezan nahi etxetik lekorean utzi, nehork ostu edo ebatsi edo lapurtu edo egin beldurrez, antza. Etxe barruan bero handirik ez, baina hotza behar zezan. Andereak errana egin, eta ate aurrean, kalean, eseki zezan, bi makila esola moduan ipinirik. Gizona ez zedin lasai. Loak ez zezan har. Negu hotzeko gau beltza.
Goizean jaikita zegoan, atea ireki eta urdea hantxe zegoan, utzi bezalaxe, hotzez gogortua, noski. Nehork ez ziezaien ezer ñapurtu. Edo bai: katuek edo' giltzurrunak ostu omen ziezaizkien. Errekastoan garbitu esteak betez, ziztorrak egin zitiztean. Urdaia eta bertzea gatzetan sartu eta oholezko kutxa batean hamar bat egunez eduki zitean. Urdaiazpiko biak, dilindan, sukaldeko beroaz ontzu egin arte, eta gero zerraka-zerraka janen zitean. Hango sukaldearen apaina! Sabaitik zintzilik, urdai zati handiak, gerruntza luzeak, ziztor-lukainka sortak eta ontzu biak. Ez zituan goseak hangoak, ez eta zera ere! Anaiari zor ziotena ordaindu nahi eta sorta batzuk ziztor eman nahi ukan ziezaizkioten. Anaiak ez nahi, ordea. Zeren, muttilko? Anaia gurea ez zuan milika, ehe, ez jale maleta edo antzekoa, ez eta hurrik eman ere; baina harako zerrikiak ez zituan usain onekoak. Anaiak errana: haiek zer haiek nork janik ez; berak ez zitian janen, ez eta goseak jorik egon ere. Urdaiazpikoa ondu aurrez, muttilko, errekastoan zaku batean ezkutuan eduki zitean, haien ohitura halakoxea eta. Errekastoa nondik zetorren ez zakiat, baina goiko baserrietan behiek bekorotza, ezta? Urte haretan, umeak zapata berriekin jantzi zitezen. Niri, behintzat, muttilko, anaiak honela jaulki zidaan. Harek ez zian nehoiz gezurrik erraiten".
Halako anitz aitonak, eta Iñakik, oroitzean, garai zahar haietako biziera latza, trauskila eta gozakaitza irudikatzen zuen. Bilbon ez zeninoiz izan. Aitonak esanetik zekiena, hauxe: munduan zen hiririk itsusiena zela. Zikina zela, oso; beltza nabarmen, eta zeharkatzen zuen ibaia, zabala bezain lohia, kirastuna, Bizkaiko behi guztien gorotz edo minda-bilbide balitz bezalako errestalia irudi.
Ez zen behirik, hala ere. Lantegitzarrak ziren, antzinako ola haiek baino anitzez larriago ziren, lan egiteko toki erraldoiak ziren. Eta antzinako olagizon fier eta dulabre eta matarraska haien antzekoak egungo langile maratz, egilor eta nekagaitzak. Burdina lantzen zuten olagizon betartebeltz haiek antzinako haiek, itelik onena jaten omen zuten, beharko ere! Bilbo inguruko hainbat ola berritan, aldiz, gizon zarpail andana batzuk biltzen ziren, su-labe gorien aldamenetan, goizetik gauera bitartean, txanpon batzuen truke, bizitzaren zatirik gehiena, bero larriz izerditan urtzeko. Eta urrundiko itsasontzi handiak kairatzen zirenean, han ziren, gizonezkoak ala emakumezkoak, zahar eta gazte, non zer harrapa. Erreskada luzean, ter-ter-ter, gizonak, zama astunak lepoan, ontzitik nasara garraioan aritzen ziren. Ehun kiloko zakuak bete azukre edo txitxirio, edo beste zer edo zer, jaso, eraman eta pilan-pilan ipini. Zaku bakoitzeko erreal erdi bana irabaziz gero, pozez. Astean zazpi egunetan, halako joan-etorri ugari eta ugari egin baikoz, aste osorako babarrunak edo dilistak edo txitxirioak erosi ahal bazituzten, haiek etxeko errege. Neska gazteak ere sarri hurbiltzen ziren, urrundiko itsasontzien etorreran.
Bakailaoa ekarten zuten ontziak urrundik ikusitakoan, nasa lagunez lepo betetzen zen. Gazitutako bakailao handiak eskuetan etxeratzen zirenak egun bateko, gutienez, jaia. Batzuk, piltzika-piltzika, etxeranzko bide luzean jan eta jan, eta heldu orduko amaren zein emaztearen ahakar bizia jasan eta jasan. Urdaila, behingoz, asea, ostera! Bilbo zatarra zen. Aitonaren anaia bizi zen hiritzar arre, hits, eta goibel haretara, urte guti garrenean, milaka nordin etorri eta etorri izan ziren. Gau hotz umeletan, kale ziztrinetan gora, sakabanatzen ziren, etxe erlauntza moduko haietara sartzen ziren, zurezko bidezorro bana lepoan, trenez bizpahiru orduko bidaian helduriko gizaseme nekatu itxurakoak. Gazte edo garerdiko gizon zailak ziren, gehienak, zaharren bat edo beste izan ezik, aurpegi eiharreko beltzaranak ere asko, eguzkitan orduak eta orduak jasaniko azal zimurrekoak; eta gutiz gehienek gaua non eman ukanagatik ere, guti batzuk kale gorrian geratzen ziren, ostatu-etxean lekurik ez eta.
Goizeko lehen orduekin batera, goiko eta bazterralde guztietako etxandi, etxexka edota etxola baino ez ziren haietarik, inurriak irudi, nasarantz jaisten ziren. Eskuak sakeletan, hotzari gogor eutsiz, kapelu zapalak buruan belarrietaraino sartu-sartuak, kaleetan behera arin-arin, eguna hastean lan egin beharreko tokian egoitearren. Eguartera bitartean latz berotuko ziren, lepalde sendoko zamari indartsu haiek.
Gauaren isiltasuna laster zen urratzen, tailerretan mailuen zarata hotsez, arrain-saltzaileen oihu zoliez, kamioi tiki-handien tarrantada ikaratsuez... eta iritsi berri zen itsasontzi erraldoiaren turuta garratzez. Ibai aldeko kale guztiak, inurri maratz ugariren hara-honako bizkorrez, higitzen hasten ziren. Zubirean zubira, azpitik, gabarra zabalak, zamaz kuin-kuin beteak, ur zikinen gainean, ibaiaren albo baterean bestera zebiltzan, ipurditik kea eta purrustada eta arrolio beltz-beltza zerizkiela.
Eguerdiko hamabiak irian, geldialdi baten antzeko une bat egiten zen. Asots gehienak isiltzen, denda usain onekoetan inor gutti, gabarrak ere ur lohiaren gainean geldirik. Nasan bertan, euririk bageko egun epeletan, behargin izerditsuak, taldeka nahiz banaka, lurrean eseririk, etxerean ekarritako metalezko ontziñoetan zedukaten anoa jateari ekiten zitzaizkion, gose larriak eraginki; batzuek ohiko babarrun gorriak edo beltzak, bestetzuek txitxirio gorgorxkak, ogi zatiño bana ere gehienek, eta... botilaa erdi bat ardo zedukana itsuen artean ezkela bezain nagusi. Otordu ha ez zuten luzea, ordu erdikoa, guti goiti-beheti. Arratsaldea bai luzea, ostera. Uda beroetan, batez ere; negu hotzetan, argirik ez asko eta, ilundutakoan nor bere etxera, eta ilean lansaria askoz urriagoa, noski.
Etxean txapa beroa. Ikatza merke xamar, nasako hondakinetan bildua; eta oro behar, zerrategietako egur apurrak eta txirlora erosiaz nahikoa. Sukalde ttikian lau bat bizidun, guttienetan, eta hamar bat ere sarri. Elkarri bero emanez, ez zen giroa txarra. Gaua zen eta gaitz erdi, bestela Bilboren gaineko ortzi beti hodeitsua ke beltzez estalia izanik, munduaren azkenengo egun latz-izugarria irudi zitekeen. Inork ez zuen ikusten, baina ke-zunda sumatzen bai, etxe barruetan bezala kale zatarretan.
Lanetik etxera bidean, tabernetara sar eta, berandu arte geratzen zirenak ez ziren guti. Kale ilunetan argi izpi bat baino gehiago, taberna-zoko haiek eguneko nekearen arintzeko leku zituzten; ordu askoren ondoreango nekea ardo ozpinduaz asetzeko toki. Tailerrak, dendak, zeharraldeetan eraikitako txabolak ugaritu ahala, txiribogak ugaritu ziren. Gehienak ardangela ziztrinak, beste batzuk egunoroko bazkari merkettoa emaiteko jatetxe erdipurdikoak, eta ziren guztiak ilunabarreko ordu geldoetan txikitoak saltzeko leku itxi, arnasbeharreko eta ardo-zundatsuak. Izenak bai ospe handikoak: bata Bar Coruña bazen, bestea Bar La Paca zen, eta ondokoa Bar El Riojano, eta aurrekoa Bar Athletic, eta handik harakoa Bar Tolo... non egarria berdindu bazen, nonbait. Halako batera sartzea, eta Bilbon ohikoxea zen behe-laino barruan ibiltea antzekoa. Honegatik, beharbada, barruan, musean edo briskan ordu batzuk emaiten zituztenek, betazpian beti zigarroaren ke-hodeia irago arren, kalean bezain ongi ikusten zuten, eurek berek zeduzkaten kartak, eta ondoko aurkariarenak ere maiz. Jokaldiak amaitzen, berriz, iskanbilak ozendu, oihuak ugaritu, eta, usu bai usu, liskarrak sutu ere egiten ziren. Hamar-hamaikana txikito ardo edandakoaren ondorio, besterik ez.
Han ibiliko zen, lan egin bidean lan, baina jaia zenean jai, aitonaren anaia. Denda itxi ostean, etxera bagerik, tabernara. Akordeoi ttipia esku bien artean, ardandegirik ardandegi, txikito baten atzetik beste bat eta beste bat, eta jai-jai!, zantzo eta irrintzi.
Hainbat urte geroago, zahartu baino lehenago, orduko ke mikatz haien ondorioz, biriketako minbiza sortu zitzaion. Arnasa hartu ezinik beti larri zegoen. Bihotza handia zuen hari, birikak txikirtu bide-zitzaizkion, endurtu eta azkenan itxi zitzaizkion. Hala hil zen, Bilboko erietxe berri bateko gela garbi batean. Ibaiari begirako leihorean barrura sar euri zirimiriaren usain hezea ozta-ozta sumatzen ahal zuelarik zendu zen. Guduak hil ezin ukan zuena bizitzak hil zuen.
Otxarkoagan bizi zen osaba-aitona haren joan-jinez oroitzean, etxe aurreko larrainean, haritz handiaren gerizpean, jarlekuan eserita zegoen. Artoa zuritzen ari zen, beribil luzexka bat hurrantzen begiztatu zuenean. Arrotza zen. Larrainera baino lehenttoago gelditu eta neska bat zetorrela oharteman zuen. Gazte, antzagatik.
Egun batzuetako bizarra mozteke zuen, eta Iñakik, eskuaz mazela-okotsak igurtzi zituen. Alkandora urdiniluna soinean, prakak margo berekoak, eta artilezko galtzerdi zuriak abarketan agerian. Neska beribiletik atera zen, Iñakiganantz jo eta, ondoratu aurrez galde egin zion:
- Hola. ¿Ustéd es Iñaki?
- Yo soy. ¿Y tú quién eres, pues?
- Yo soy la hija de Iñigo Chapartégui. Me llamo María Pilar. ¿Ustéd es primo de mi padre, no?
- Aha. Yo primo del padre, sí. ¿Qué quieres?
- Mi papá quiere transmitirle sus condolencias por el fallecimiento de su mamá.
- ¡Qué dises, no te entiendo, y? Yo mamá no tengo, ama ya murió, ya más de un año.¿Tú papá tienes, o qué?
- Ya veo que ustéd no entiende bien el español – Iñigoren alaba harrituxea zegoen.
- ¿Yo español? ¡Qué dises tú, o! Dile al padre que en Gorostitzagoikoa siempre hemos hablao nuestra lengua. ¿Y tú a qué has vénido, pues?
- Papá está muy enfermo, y quiere saber si un día puede venir a verle – neskak erantzun.
- ¿Yo a verle, a dónde? ¿A Burgos yo? Ya esté allí siete años y cuarenta días. Más no vuelvo. ¿Y por qué esté? ¿Tú sabes por qué? Yo no sé toavía.
- No; quería decirle que si él podría venir un día a visitarle a ustéd.
- Que venga, si quiere. Yo aquí estoy.- Bueno, pues ya le llamaremos por teléfono, cuando hayamos de venir.
- Aquí telefono ya no anda, ni telévisión ni nada, la radio pongo pa'oir el parte, y nada más. ¿Y cómo has llegao tú hasta aquí?
- Yo soy abogada, y administro los bienes de papá. Hemos vendido ya todas las propiedades familiares en el pueblo, y he venido a formalizar los últimos trámites al respecto.
- Bueno pues, ya puedes ir. Hasta otro – Iñaki jaikirik.
Gazte beltzarana zen; adats luze beltzean halako bitxi antzeko distiratsu bat zeraman. Eskuetan eraztun batzuk, jakearen mahuka laburttoek ukarai bietan zeramatzan urrezko ziruditen apaingarriak ere ederrez nabarmenak zituen. Jeans prakez jantzia, oinak takoi handidun oski margotsuetan. Iñakiri neska pertxenta iruditu zitzaion.
Beribila atzera, bihur eta bidean beheti ibilasi zen. Iñaki begira geratu zitzaion, urrundu eta itzaldu zen arte.
Iñigo gaisorik zegoela eta gogoetatsu. Ez zion zer zuen galdetu; behar zion galdetu. Noizbait, antza, ikustera jinen zitzaion, eta orduan jakinen zuen zelako gaisotasunak jo zuen. Urteak ziren elkar ikusi bageak, eta bazuen halako txirrinta bat, lehengusu zuen hura ikusteko. Azkenengo aldian, haserretu zirela ez zuen ahantzi; berriz ere Gorostitzagoikora sartuko ez zela. Honela eta guztiz ere, ez ziokeen harrera txarrik eginen.
Ez zuen asko uste, baina urteak aitzina zihoazen. Burua soildu xamarra zuen, txapel beltzaz estalia, ileak urdinduak. Une batez, antzina hil zen Larrarte gogora etorri zitzaion, bera ume zela hura zahar zen, itxura baldar xamarra, txapel beltz zikinaren azpian burua soil eta ile gutiak urdin. Txoriekin mintzatzen zen. Eta une batez, bertsotan inorekin egiteko aukerarik ez zuela ohartu zen.
Larrarte hutsik zegoen. Aldameneko larre antzinan belartsuak pinu hazi berriz josiak. Urte batzuetan 'Estremeñoak' bizi ziren, baina, Iñaki bertara hurrandu zen azken aldian, etxea utzita zegoen. Leihoak adreiluz erabat itxiak, ate nagusia ere burdinazko xafla batzuez gogortua. Han ez zen bizidunen zantzurik. Txoriak sar zitezen ere zulorik ez.
Aurreko udaz geroztik, ez ziren Benidorm-erean itzuli. Semeak hitz eman bezala, aita-ama xaharrak eguzkiak berotzen duen lurralde batera eraman zituen, hemengo hezetik itzurita. Ama beti biriketako minaz gaisoa eta, eguzki aldeko haize lehorrak on eginen ziolakoan pozez alde egin zuen; aita, berriz, hainbat urtetako lanaren ondorioz, aurki, gerrialdean minbera beti, eta, hemen zein han, eserita beharrago zutik baino, sukalde beroan nahiago, halarik ere. Harez gero, ez ziren gehiago herriratu, eta hilak ziren ez ziren inork ez zuen herrian jakin.
Pinuak hazi ahala, etxea hein berean hondatzen, eta, bizirik ez den etxea are berez hondatzenago dela jakina da. Iñakik, hala ikusi zuenean, min hartu zuela esatea ez da handi. Madari onak han eta Madarieta zeritzoten zuhaiztira hurbildu zen, eta zutik zirauten ondo guttiak mihurak irentsita bezala aurkitu zituen. Hauek ere, sarri, pinuen pean hilko ziren. Paco 'Estremoduro' etorri zitzaion burutara.
Ezin sinets zezakeen bera salatu zuena Paco izan zitekeenik. Zaragozan elkarrekin egon ziren, eta arazo ez oso garbietan sartua zebilela jakina zuen, alabaina, susmorik asko izanagatik, bera salatzeko ziorik ez zuen, inola ere. Gainera, zer irabazi behar zuen Pacok, bera atxilo eramaiteaz?
Urteak ziren elkar ikusi ez zutela; izan ere, gudagizon sartu zenez geroztik, Paco inork ez zuen herrian ikusi, ez herri barrenean behintzat; gurasoak bizi ziren Larrartera, behin edo behin, agertu izan zen arren, ez usu eta beti gauez.
Gauez ohitua zen. Gaztetan, eskolara ez eta aitari laguntzen hasi zitzaion, baso-lanetan; aita etorri berri zeneko garai haietan hala ibili izan baitzen, batean pinuak landatzen bestean pagoak mozten. Laster, baina, aspertu zen eta gogaitu, Paco orduan nerabe eta lanerako gogotsu ez. Aitak agirika egin egiten zion, alperrik ordea. Gaua heltzen zenean etxetik alde eta, ordu batzuk geroago, ez zen esku hutsik bihurtuko. Goizean, jaiki eta etxeko sukaldean sabaitik dilindan untxi edo erbi bat edo oilasko gixen bat ikusten zuenean, aitak ez zion ateleka eginen.
Ordudanik zuen, bai, Larrarte ezaguna. Gau beltz batean, Paco, eskuan argiño bat baizik ez, bide-zidor batean goiti bertaraino igo zen.
Zakurra etxearen aurreko atean. Etxe ostetik sartu zen. Leihoa oso estua zen, alabaina, Paco, arrain baten antzera – mutil lodia ere ez zen – nola edo hala barruratu zen. Etxeko gizona, orduan bakarrik bizi zena, goiko solairuan lotan zegoen. Zaratarik bat ere ez zuen egin. Ukuiluan ahuntzume eder bat aurkitu zuen, ilunpean eskuko argiaz lekua argiztaturik. Ahuntzumea harrapatu zuenean, marraskatto bat egin bai, baina ahoa itxi ziolako, ez zuen besterik egin. Kordel batez lau hankattoak lotu zizkion. Leihotik ateratu behar zuen eta hala egin. Lurrera erori zenean, pitika guztiz urduri, loturik eta askatzeko ahaleginak oro eginaz, ihesari eman nahi eta ezin larrian. Paco leihoan zehar jalgi zen eta ahuntzumea lepora. Bertaratu zen bide berean behera antxintxika hasi zen, lehen baino lehen etxera nahiaz. Inork ikus ez zezan, kontuz-kontuz jaitsi zen. Iritsi zen, sukaldera argirik izekitzeke, eta ahuntzumea berehala aiztoz hil zuen. Lepoa moztu zion. Odola plastikozko pertz batean bildu zuen. Azken teinkadak egin zituenean, larrutu zuen, larrua osoki eta zulorik bage eratzi zion. Goiztirian, aitak sabaitik esekita aurkitu zuen. Hamar bat kiloko giberri gihartsua zen. Ez zion semeari inoiz galderarik egin.
Nahibage handia Larrartek hartu zuen. Ahuntzume emea zen eta hazitarako nahi zuen. Ondo gizendu eta ahuntz ederra izanen zelakoan, ukuiluan bera bakoitzik zedukan, taldetik at. Nork ostu zion ez zekien, noski, baina susmorik bazuen. Egun batzuk lehenago, inguru haietan Paco begiz joa bai baitzuen. Halatan, bada, 'Estremeño' ikusi zuen hurrengoan, aurpegira egotzi zion, berak ez bestek zekien era umoretsuan.
- ¿Qué me dises, pues, Estremeño, el cabrito de Larrarte está bueno, o qué?
- Hombre, verzolari, yo no zé que me dise uzté.
- Tripada buena, habéis hecho, pues; aunque tú flaco estás – Larrarte zaharrak zirika.
- Yo zi eztoy flaco, pero uzté no eztá má gordo. Ahora que yo, a uztede lo vagco no le entiendo ná.
- Pues, en tu lengua te estoy hablando, ehe. Y al hijo dile que la escopeta de casa en casa tengo – ziriaren gainean ziri.
- Ya ze le diré – erantzun zion 'Estremeñoak', esan nahi ziona iginirik.
Harik aurrera, beste bide bat hartu zuen, eta sakelan beti dirua eduki zedukala lagun guztiek zekiten. Iruñera autobusez joaiten zen.
Astean behin ez bazen, aste birik behin bai. Sarritan autobusetik jaitsi eta gerturik bazuen lagun bat igurikitzen. Berrehun gramoko pakete baten truke diru-paper batzuk emaiten zizkion, eta atzera autobusez herrirantz. Ekaia garbia zenean ederki dirutzen zuen, berak ordaindua halako hiru irabazteko adina. Askotan Irunera. Taberna ugari bertan, eta ugariago tabernetan gazteak. Ilunabarrerako zama guztia saltzen zuen. Kontuz ibili behar zuen, hala ere, zeren, muga ondoko herri tarroxka haretan kaletarrez jantzi poliziak ere beredin ibili ohi ziren zeinbait tabernatan, disko-barretan batik bat, eta dantzatokietan ere esan beharrik ez.
Inoiz ez zuten atzeman. Behin, alabaina, 'kontrol' batekin tupust egin zuen, eta orduan, kapoan zeraman zer guztia zertuko ziotela eta, beldurrak jo zuen. Ez zioten kapoa irekarazi. 'Guardia Civil' batek leihatila ondora zitzaion eta, begiz begi jarri ondorean:
- ¿Tú eres extremeño, no? – 'guardia civil' gazteak Pacori, eta harriturik berau, ezagutu zuelako.
- Zi, zeñor; de Trujillo, ezáctamente.
- Yo te he visto en alguna parte. Puedes proseguir, adelante. Pero actúa con suma prudencia, por estos lares toda precaución es poca, sobre todo si somos conocidos. A propósito, ¿no te gustaría entrar en el ejercito? Ya sabes: la Patria nos necesita – 'guardia civilak' irriño bat egiteaz batera.
- Ya me lo eztoy penzando. Creo que me decidiré a entrar. Yo también partisipo de eza idea de Todo por la Patria – Pacok erantzunez irautsi zion.
- Es lo más importante. Sobre todo en este territorio hostíl, donde no se les ha inculcado el amor a la verdadera Patria, la Grande, laÚnica. Tú ya me entiendes – 'guardia civilak' leihatila ondoan.
- Claro que zí. Eztos hihoputa vagcorro ze creen que tienen otra patria. ¡Hay que zacarles a hoztia de aquí! ¡Zi no quieren zer egpañole que ze marchen de Egpaña, cohone!
- Así es, muchacho. Y aquí estamos nosotros, para defender esos valores, con valor, valga la redundancia. Si no fuera por nosotros esto sería una guerra – 'guardiak' bere eritzietan sendotuxerik erantsi zion.
- Creo que me aliztaré loantepozible. Ziempre me han guztao lo valore del ehersito egpañol – Pacok alde egin nahitua.
- Bueno, ahora sigue con lo tuyo, y decídete pronto. Saludos, paisano.
Egun hura erabakigarria izan zen: Pacok, etxera itzuli orduko, aitamei zuen asmoa azaldu zien. Hurrengo astean Iruñeko gudetxe nagusira joan zen eta Espainiako gudarostera sartzeko eskaera egin zuen. Zaragozara lekuratu zuten.
Urteak ziren Iñaki Zaragozan behartuta egon zela. Hara heldu zeneko Paco González bertan zen. Iñigo ere Zaragozan zela, aldiz, ez zuen jakin. Iñigok ez zuen lehengusuaren berririk nahi. Hiri berean egon arren ez zuten elkar ikusi. Paco eta Iñigo, alderantziz, hango hiritzar haretako giro lizunetan ohikoak ziren. Soldadu ugari zebilen alderdietan ez zen beti gauza onik: liskarrak, esaterako, sarri; eta gau beteetan karrika lohi kiratsu haietan, 'kokainaz' zoro-zoro eginik, ezin ibilian zebilen bat baino gehiago, ahospez erori eta zoru hotzean hil-agin aurkitzea ez zen bakana. Halako hilotz bat ikusten zutenean, Iñigok eta Pacok beste alde batera egiten zuten.
Iñaki ez zen ia, egun guti batzuk izan ezik, gudetxetik atera, urtebetean. Gaisorik ere luzaro egon zen, beste lagun batzuk bezala, han eman zieten janari ustel bategatik, antza. Heldu eta egun batzuetara gertatu zen. Kanpamenduko jatoki handi batean bildu zituzten, berrehun bat mutil, eta bazkaldu ondoko orduetan, gutiz gehienak, urdaileko oinazeek jorik artatu behar ukan zituzten. Batzuk laster sendatu ziren; ez, ordea, Iñaki, ez beste asko. Erietxean aste bi egin eta gero ere erabat sendaturik ez.
Pacok ikusi zuenean, lehenik harritu zitzaion, gero Iñaki han, Zaragozan, Iñigorekin ibilten zen hirian, egoiteak ekar liezaiokeen arazoaz ohartu zen, eta hantxe berehala Iñaki bere begipean edukitzea erabaki zuen. Ez zitzaien batere komeni, ez berari ez Iñigori, Iñakik ezer ere jakin zezan, ez beraiek ibilten ziren lekuez eta adiskideez, ez beraiek esku artean zerabiltzaten garatzez, edo berak esaten zuen eran esateko negozioez.
Iñakik ez zuen ezer ikusi, baina zurrumurrurean bat edo beste entzun bai, eta zeinbait susmo ere hartu zuen. Gehiago ere ez zuen jakin nahi. Ez jakitea hobe zela uste zuen, eta halaxe egin egin zuen. Ez zen inoiz inoren arazotan sartzeko zale. Honetan aitaren eitekoa zen.
Paco herrikidea zuen, bestalde, eta ez zion gaitzik opa nahi.
Urtebetea luze egin zitzaion, baina bakarrik ohitua zenez gero, ondo xamar eraman zuen. Etxera nagitua itzuli zela esaten zion aitak.
Lehenago ere elkarrekiko zer hura hotza bazen, are hotzago bihurtuko zen, harik hara, Zaragozako soldadu-aldi alperrikako haretarean etxeratu zenez geroztik:
- Hi zertara joan hintzen, bada, zerbitzura? Lehen baino nagiago itzuli haiz, gero! Ostia! – aitak, Iñaki etxeko lanetan gogo handirik bage ikusten baitzuen, itzuli berri zenean.
- Ni ez nintzen nahita joan. Etxen hobeki nengokeen. Han lanik asko ez, baina deusetarako ezkeriak egiten nahiko lan. Galdutako urtea baizik ez dut ukan – Iñakik aitari haserre. Lehen elkarrekikoa zaila bazen, are zailago itzuli zenetik.
- Hi ez hinduten gizondu, aladzipo! Nire garaian gogor erabilten gintiztean, eta bai gu gizon eginak atera handik. Ze ostia! Orai, berriz, alperkerietan ibiltzen. Eta, gero, etxerakoan, lanerako grinarik batere ez. Makila zirurika erabili behar liketek militarrek, gazteok zuzentzearren, ze Kristo!
- Tira, aita, berriz ere joan nahi baduzu, zoaz zu. Han boluntarioak nahi dituzte – ihardetsi zion Iñakik, eta aitak, sumin-sumin eginda, gorrotozko begirada batez jo ahal ukan balu, bertan garbituko zukeen.
- Hoa, neure aitzinetik, berehala, hoa hire amaren aldera, amazuloa alaena! Hi amarena haut, ez neurea, ze ostia! Zaragozakoaz gero, ez zuten elkarrekin maiz hitzik egin ukan. Aita, gainera, atzenengo garai haietan gero eta haserrekorrago zebilen.
Iruñera joaiteari utzita zegoenaz gero, batik bat.
Azken aldian, gainera, ez zebilen ongi. Barruko minak usu, eta zerk eragin jakin ez, ordea; eta kezkatua zegoen hagitz. Aurreko uzta kaxkarra izan zuen, artoa ez zen behar bezain ongi heldu, eta beti samur zebilen, inorentzako ele onik ez. Urdaileko gaisotasunak aldarte txarra eragiten zion. Amak zuen, batik bat, sumatzen.
Amarekin oso bestelakoa zen. Iñakik ez zion 'zerbitzuko' ezer askorik jaulkitzen, baina elkarrizketa luzeak egiten zituzten.
Hizketan oso emakume egokia zen. Asko ikusitakoa eta asko ikasitakoa.
- Hire aita 'zerbitzu' delako horretatik bihurtu zenean, zeharo aldatua etorri zuan, bihurtua heldu zuan. Hik ikusi duk, bai?, makilaz jipoitutako txakur batzuk, makur-makur eginda, makilkariari, intziri eta negarretan legez, men egiten diotela, burua ia-ia lur azaletik tarraz, otxan-otxan, hurbiltzen zaizkionean? Bada, halaxe hire aita: "cuarenta palos nos dieron" esaten zian, orduan, 'zerbitzutik' etorri-berri, eta, itxura guztien arauera, ondo bai ondo amondu zitean. "Zakurra ez da harri-ukaldiz amontzen" esan ohi zian aitonak, baina hire aita militarrek makilka amondu bai. Harez gero, haien begitik ikusten zian; haiek egiten zuten guztia ontzat hartzen. Beldurra zer den, Iñaki! Izua duk hori. Eta hire aita izuz bizi izan duk, beti, gizon zangarraren itxurak egiten baditu ere. Bera baino beheragoko, ustez, direnekin hire aita beti goiko, beti burua goi, harro; goikoekin, aldiz, bera gizon bera, malgu, toleskor. Aitonak esaten zuen eran "honek eskale behartsu bat jinez gero, ogi apurrik ere emanen ez lioke; erregea balitz eskean etorriko, ordea, abari-zor nonbait eta, oturuntza emanen lioke".
Aitonak ez zion inoiz garbiro adiarazi, baina amak nola-halako zaio dongerik edo, zeharretara bazen ere, behin aditzera eman ziola gogoratu zitzaion:
- Iñigoren ama gaixoa! Heriotzak atseden ekarriko zioan.
- Zerengatik diozu hori, ama?
- Ezerengatik ez, seme. Jaungoikoak bere altzoan edukiko ahal dik! Gehiago ezin zion erasan amari. Eta Labandibarrekin hizketan luze jardun zuen egunean, sinetsi ezin zuen.
- Hire aitonak jakinen ahal zian, bada! – Labandibar, Iñakiren harriduraz harritua.
-Ez, hori ez, nehondik nehora ez. Aitonak ez zekian, edo baldin bazekien barren-barrenean gorde nahi zian – Iñakik jaso berria zuen albistearen aurrean sineskogor.
- Herrian nehork ez zekian, jakin ere; egia duk, baina zurrumurrua ibili bazebilan. Nik ere hala jakin nian, zurrumurru batzuen ondorioz.
- Gaitz egiten zaidak, gaitz oso gaitz, horren sinestea – Iñaki oso nahibageturik mintzo.
- Ez zuan hori bazterrotan gertatu zen bakarra; bertze antzeko zer batzuk ere entzunak ditiat – Labandibarrek atzera.
- Osaba gizon zitala zela banekian, baina hainbertzerainokoa ez nian uste izanen.
- Nik entzun nuen bezalaxe jaulki diat – Labandibarrek.
Eta hala jakin zuen Iñakik, gudua hasi eta bertatik, osaba Iruñerean herrira itzuli zen gau haretan gertatu zena.
Kamioia berak gidatzen zuen. Etorle guztiak txapel gorriak buruetan, harro eta sutsu zetozen, larruzko uhalez apainduak, gerrikotik zintzilik pistola bana. Gudua hasia zen, eta haiek hurrengo astean gudaur aldera joanen ziren. Aurreneko lerroan nahi zuten. OsabaCarlos haien guztien buru.
Osaba herriko neska gazte batez maitemindua zela hainbatek zekien. Ixabel, alabaina, mugaz haraindiko etxe batean neskame ibili zenetik, beste mutil batekin hasia zen. Mutil sendoa, pilotari bikaina omen, eta gurasoen etxean esnea ekoizteko behitegi ederra eraikita, bizitza aurrera ateratzeko asmo garbia zuena. Astean behin, igande goizez, beribil batean Ixabelengana jiten hasi zen, eta herrian batzuek ezagun. Carlosek ere hala ezagutu zuen. Orduan gazte-gazteak oro.
Kamioia elizaldean utzi zuten, eta gudarigai grinatsu haiek nor bere etxera, biharamun goizera arte atseden hartzera. Egun gogorrak helduko zitzaizkien, guduan eta, baina ez zuten uste luzaroko izanen zenik. Gudua laster amaituko eta haiek beraiek irabaziko. Inor behin gudura pozarren joan bada, haiek joanen ziren pozez beterik.
Biharamuna igande, eta kamioian 'errekete' amorratuak, goizeko lehen meza entzun eta gero, muga alderantz joan ziren. Etsaien iragobidea itxi beharra zuten.
Bidean zihoazela, beribil zuri ttiki bat zetorrela ikusi zuten. Gelditzeko esku-agindua egin zioten. Mutil gazte bat, bakarrik. Aterarazi zuten. Carlosek bertatik bertara ezagutu zuen. Ixabelengana zetorrela susmatu zuen. Beste ezer baino lehen, hitz leunez, gudua piztua zela jakinarazi zion. Harritu zitzaion, noski, mutilari, berria entzunik, baina aurrera jo nahi zuen. Carlosek ezetz esan zion. Gibelera egiteko agindu zion; eta mugan gaindi ez ibilteko aholkua eman ere bai. Mutilak, herrira joan, neska batekin hitz egin, eta, eguerdirako itzuliko zela adiarazi zion. Carlosek ezetz. Arrisku larria zegoela, eta muga zeharo itxi behar zutela, etsaiak sar ez zitezen. Mutila temati, ez zuen, nonbait, gudua zer zen ikasia; eta neskarengana joan gogo. Carlosek ez zion harengana utzi nahi; eta, bestalde, berak agintzen zuela erakutsi behar zuen. Azkenean, haserre itxura txurizkatu ezin eta, xakarto agindu zion:
- Hemen ez dugu frantsesik nahi. Gudua hasi dugu eta, nor edo nor etsai gerta lekiguke, frantsesak zer erranik ez.
- Barka, jauna, ni ez nauzu etsai. Ni Baigorriko nafarra nauzu, ez frantses.
- Zu frantsesa zara, bertzerik ez. Ez zaitugu hemen ikusi nahi, aditu? Zoaz, on-onean, eta egon zure herrian. Hemen gudua hasi da, gero! Ez duzu antzemaiten? Gu ez gabiltza ehizan. Urzoak oraino ez dira jinen; urzo garaian, Jainkoa lagun, hemen izanen gara, bai, ehizan; baina udazkenera arte bertze zeregin handi-handiagoa dugu: Espainia eta Jainkoa salbatzea.
- Ni ere Jainkoaren hitza sinetsiz bizi nauzu – baigorriarrak ihardetsi zion.
- Baina ez zara Espainiakoa, frantsesa baizik! – oihu egin zion Carlosek urduri.
Pistolak aitzinean zituela ikusi zuenean mutilak amoŕ eman zuen. Ekarri zuen ibilgailura birsartu zen, eta bira eginda etorri bidetik itzuli zen. Gibelean kamioia joan zitzaion, mugaraino, eta gudajantzidun txapelgorriak bertan gelditu ziren.
Urte asko geroago, gudua amaitu eta Carlos alkate zenean, igande batez, Ixabelen etxe aurrean harako mutil sendo hura urkusi zuen.
Gudutik herrira eta alkatetu zenez geroztik, behin baino gehiagotan, Ixabelengana joan izan zen. Ez zuen, hala ere, neskarekin hitzik egiterik ukan. Herriko alkatea zen eta neska harek, alabaina, ez zion begi onik egiten. Mugaz haraindiko mutila maiteago, nonbait.
Ez zen Carlos Txapartegi erauki erraz esaten dutenetarikoa. Alderantziz, gogorrari gogorrago egiten tematuz gero, kontuz harekin.
Gorrotoak su bage omen diraki, eta, izaitez grinatsua zen gizaseme guduan zaildu harentzat, neska haren erdeinua aihergarri izan zen.
Alkate lanetan aritzen ez zenean, Iruñera maiz joaiten bazen ere, ahal zuen astirik gehiena ehizarako nahiz zizatarako hartzen zuen.
Igande goizetan, batez ere, Behigorku esaten zioten oihan aldera igaitea atsegin zuen. Udazkenean, usoak mendietan gaindi saldoka iragaiten ziren egun garbietan, hantxe zen, zizpa eskuen artean, gora begira, pago lerden baten gainean eraikitako txosna moduko behatokian. Orduan ez zen bakarrik, herriko eta eskualde osoko hainbat gizakume, zahar zein gazte, hango pagadi guztietan barrena sakabanaturik, usoak noiz iritsiko aiduru. Nor bere lekuan, pagoen azkenengo orrien osteetan ezkutuan bezala.
Mugaz haraindiko mutilak ere usu, hango gainetan ehiztari. Askotan, alde batekoak eta bestekoak elkartzen ziren, mendiko leporen batean edo bestean, hamaiketakoa giro onean jateko. Gudua piztu zenetik, lehenagoko harreman haiek, hein baten, etenik geratu ziren, urte batzuetan bederen. Baina, alemaniarrak alde eginak zirenetik, batzuk eta bestetzuk berriro lehengo antzean elkartzen hasi ziren.
Carlosek eta adiskideek ez zuten udazken bakar batean ere huts egin. Gudua baino lehen, tiro egitean trebeak baziren, guduan ederki trebeagotu ziren.
Igande goiz haretan, mendiranzkoan, Ixabelen etxe ondotik irago zen unean, beribil zuria bertaratzen ikusi zuen. Adiskideekin solasean zihoan, baina mutil sendo hura ikusi ustean, listua irentsi zuen, zeharreko so zorrotz bat egin zion eta, inolako muzinik egiteke aitzina joan zen. Adiskide haietako batek ere ezagutu zuen eta Carlosi:
- Hori ez al duk, behiala mugan gelditu genuen frantses ha?
- Bai; gelditu eta Frantziara bidali genuen bera. Dirudienez, ez zian ikasi. Ez zian ikasi hemen frantsesik nahi ez duguna. Berriz ere, gure aldera jiten hasi dela zirudik – Carlosen erantzuna.
- Horrek, hemen zerbait nahi dik, edo norbait nahi dik. Hori ez zatorrak etortze hutsagatik – adikisdeak hartzara, zirika.
- Bada, muga hortxe dagoela erakutsi beharko diagu, beraz, bertze behin. Eta hemengo alkatea nerau naizela ikasi beharko dik, auzapeza nahi badu. Frantses horiek, badakik nolakoak diren: ohoin hutsak.
- Tira, Carlos, oro ez ahal dituk ohoin; izan ere, gure antzekoak dituk, euskaraz ongi moldatzen gaituk elkarrekin eta... – adiskideak hatz ahora sartu zion.
- Hago, isilik, to! Horiek frantses marimutilak dituk; gu, berriz, gizonak gaituk. "Navarros si pero vascos no" erraiten dugu, ezta? Beraz, horiek ez dituk nafarrak!
- Ederki, Carlos, holaxe baldin bada, goazen aitzina, gu beti aitzina! – adiskideak haren sumindura nabariturik, baretu nahian bezala.
Bide-zidor batetik goititzen hasi ziren, belaze baten barrenean.
Usoak ez ziren hurbildu. Hegoa zebilen, baina hodei arre batzuk zemaika zetozen. Eguerdi garaian, etxerako bidea hartuko zuten.
Alperriko eguna izan zen, uso bat ere hil ez baitzuten, baina adiskidantza onean egon ziren. Ohi zuten laso, gudaldiko gertaerak gogora ekarriz elkarri ziri eta miri aritu ziren, nork bere handikeriak jaulkiz eta. Gernikako arbola lehen aldiz ikusi zuteneko eguna gogoangarri zuten, batez ere. Hiria guztiz kiskalia zegoen, haien heltzaieran, baina haritzak zutik zirauen, eta beronen ikuste hutsak zirrara handia eragin ziela gogoratzen zuten.
- Hantxe ikusi genuen ikusi, gorriak eta gorrien adiskide minak diren bizkaitarrak zer ziren eta zer diren. Haiek beraiek su eman zioten eta, gero, guk Gernika guk suntsitu genuela erran eta erran jardun ukan zuten, gezurtiek halako gezurtiek! – Carlosek ehizakideei goraki mintzoz, oihartzunak bere hitzok haranburuz haranburu barraiatzea nahiaz bezala.
Bost adiskideak etxerantz jaisten hasi ziren. Bazkal-ordurako iritsi nahi eta tipi-tapa. Carlos, ordea, ez zen haiekin jaisten. Behigorkun geratu zen. Ziza batzuk bildu nahi zituela eta, estakuru emanik, adiskideak belazean behera jaisten urkusi zituen.
Orduan gazte eta mendian azkarra; berehala lasterka eta, lepo batean zehar, mugaranzko errepidearen gaineko muino batera iritsi zen.
Errepide luzea ikustea zuen. Mugaz haraindian zegoen.
Bihurgune batean, beribil zuria aldatsean gora zetorrela begiztatu zuenean, pago-ondo zabal baten ostean jarri zen. Ezponda haren gainetik, errepidea tiro batera zegoen. Beribila astiro igaiten zen. Beste manguna bat eta zizparen aur-aurrean ukanen zuen. Bihurgunea luzea zen. Guduan ikasi zuen bezala, Carlosek zehazki jakin zuen non jarri, etsaiari tiro egitearren. Beste aldera begiratu beharko zuen bihur egiteko eta mutilak ez zuen ikusiko. Heltzear zegoen, eta zizpa errepideari buruz zuzendu zuen. Lubakietan egin legez, lurrean luze etzanda zegoen, zen-bestean hedailo, ahozbarrena zerraldo bezala. Heldu zen beribila bere jomugara, zuzendu zion begia, sakatu zuen oilarra, eta egin zion tiro. Balak buru-burua zulatu zion. Carlosek begiak itxi zituen. Mutilaren buruak atzera egin zuen. Odol zurrusta isuri zitzaion. Gorpua eskutoki gainean zurrundu zen. Beribila, berez, albo baterantz eta muna jo zuenean trikatu zen.Carlos ez zen gelditu. Berehala, errepidera jaitsi zen eta hilotza beribiletik atera zuen. Kapora sartu eta, berehala, beribila gidatuz bertatik, ziztu bizian, alde egin zuen. Bizpahiru kilometro ez zuen ibili. Mendate hura ezaguna zuen, gazterik hango egara malkarretan ibilitakoa baitzen. Errepide ondoko troka sakon batera hurrandu zenean, beribila bazterreraino eraman zuen. Mendian beheti zetorren lats zaratatsu batek, milaka mende eta mendetan sakondutako arroila gaitza zen, erroitz ilun beti itzaltsu zegoena zen. Gorpua kapotik aurrealdera eraman zuen, hartzara. Sakelarean txiskeroa eskuratu zuen eta paper batzuei su eman zien. Beribila sutan, bultzatu zuen indar guztiaz, eta azken bulkadaz jausarazi zuen, iraulka amildu zen, eta harkaitzen artean, han joka hor joka, sakonerantz erori zen.
Azken danbada jo zuenean suak dzapart egin zuen eta garrek beribil osoa suntsitu zuten.
Ez zen begira gelditu. Pagadian barrena, ongi ezagunak zituen inda estuetan zehar, apatx-aurtikika alde egin zuen. Ordu erdigarrenean, Behigorkun zegoen.
Ez zuen zizarik bildu. Izerdi lapatsa zeriolako hango hezetasuna sumatu zuen. Ziztu bizian, belazean behera jaitsi zen. Herrira ez zuen, hala ere, hala sartu nahi eta, lehenengo etxeetara hurbildu ahala, abiadura moteldu zuen. Ixabelen etxearen ondotik irago behar zuenean ez zuen inork ikusterik nahi.
Berera bagerik udaletxera joan zen. Paper batzuk mahai gainean eta haiek eskuetan nahas-mahas hasi zen. Urduri xamar, nonbait.
Izerdiagatik hoztuko zen beldur eta txamarra jantzi zuen. Ez zen gose, hainbat kilometro lasterka ibili bazuen ere. Praketan odol-zetaka batzuk zituela ohartu zen, eta etxera behar zuela uste izanik, karrika zeharkatu zuen, ez, baina, lehenago inor ez zebilela aztondatu bage.
Ez zen, asteetan, Ixabel ikustera hurbildu ere egin. Zerbaiten berri edo albiste edo jasoko ote zuen ez zuen, erne zebilen.
Usoen ehizaldia amaitu zen. Adiskideekin abari oparo bat eginaz hainbat uso hil izana ospatu zuten. Ziza ugari ere bildu ukan zuela eta pozez, eta harro. Iruñerako joan-etorrietan, zizak ohi zituen, gehienbat, hizpide. Ez zuen, eiki, inork jakiterik nahi, zertara ez zehazki nora zihoan.
Urtea azkendu zen. Negu hotzean basurdeak mendi goietatik jaisten ziren, janari eske norabait. Ehiztariek debeku zuten arren, Carlosek ezin zuen ehizarako tirria mendean hartu, eta, bakarka, elurretan zanka-zanka ezin ibilian ibiliz, Behigorkuraino iristen zen, basurdeen atzetik, eta, egun guztietan ez bazen ere, usu bai usu, baten bat garbitzen zuen. Elurraren gainean tarraz ekartea ez zen zaila.
Herriko anitzek bazekien alkateak zer egiten zuen, baina salatu inork ez. Iruñeko adiskide handi batzuek eta handiki usteko adiskide zeinbaitek basurdekia jaten ohituak ziren, noski. 'Guardia Civileko' buruzagi nagusiek ez zuten begi txarrik egiten, alkate jauna zakua beterik agertzen zitzaienean.
Udaberrian, Ixabelengana hurbildu behar zuela otu zitzaion. Poliki egin behar zuen. Igandeetan mezatara joaiten zela bazekien, eta mezaz gero, etxerakoan, bidera, ez arian bezala, agertuko zitzaion. Lehenengoan, ez zion abegi on-onik egin. Ez zuen, halarik ere, amoŕ emanen. Baina, zerbait nahi bazuen, belutu ezin zen, lehen baino lehen behar zen. Neskaren aitarekin hitz egingo zuen.
Uda betean, Ixabel gurasoekin larrean saralea biltzen ari zela, ikustera joan zitzaion. Aitak ez zuen gaizki ikusten eta alkate gazteari beti harrera ona egiten zion. Amak, ostera, ez; begitan hartuxea zuen. Txapelgorriz jantzirik, harroputz antzean, Jurramenditik herriratu zen batean, oihuka eta zemaika ikusi zuenez geroztik, moxkor txolindua zegoela eta, ez zuen oso zintzo esten. Ixabel kezkaturik zebilen, aspaldidanik: mutila berriz ere agertu ez zitzaionetik. Ikusi zuen hondar egunean, hurrengo igandera arte agur egin zioten elkarri.
Urtea hala joan zen, aurreko beste asko bezalatsu. Carlos luzetsirik zegoen, bere asmoaren gauzatzea luzeegituz zihoan. Eguberria zen.
Opari bat erosita, Iruñerean itzuli eta Ixabelengana orduko, ezkontzea eskatuko zitzaiola hartu zuen asmo. Ezin zuen luzaroago itxaron.
Aitari zizpa berri bat oparituko zion, eta honenbestez nahikoa izanen zuela uste zuen.
Atea zabalik aurkitu zuen. Amak, etorreran, ikusi zuenean, alabari dei egin zion. Eguna senitarte guztiak elkarrekin eta alkatea gonbidatua joan zitzaien. Ondo bazkaldu zuten. Arratsaldea laburra baina haientzat luzea izan zen. Zer esanik asko eta, ezkontzea garrantzi handiko egitea izanki, eraz egin beharreko zera zen. Gauean, eguna amaitzean, aitak alabari azken hitza nahi zion eta galde:
- Zer dion, Ixabel? Ezkondu nahi badun, nik ontzat emanen dinat, noski.
- Zer erranen dizut, aita? Harako harek erran zuena bera, hots: "Ene gorputzaren xerkan jin dadila sarri". Bertzerik ez.
Urtarrilaren azken egunean ezkondu ziren. Egun hodeitsua zen, euria zekarrela nabaria. Elurra gainetan ikusgai, baina karrikan ez zegoen elurrik, aspaldiko negurik epelena. Otsaila, aldiz, hotzago izan zen.
Orduko ohitura zenari jarraikiz, ezkondu osteko bidaia egin behar zen, eta, Carlosek Madrilera nahi zuelako, Ixabelen eritziaz beste, Espainiako hiriburuan astebetea eman zuten. Gaztetarik harako ametsa zerabilen. Hiritzar ikaragarria iruditu zitzaion, izugarri ederrak hango etxe-orratz erraldoiak, eta beribil tikiez beteriko kale zabalak, hara-hona gelditzeke higitzen ziren ibilgailu tarrantatsuez beteak alegia, inongo ikuskizunik harrigarriena iruditu. Zer ikusirik ez bere herri koxkorreko bizimoduarekin. Iruñea bera ere ttikia zen, ttikiegia, hango handitasunaren aldean. Ixabel ere txunditua zen. Ez zuen halakorik inoiz ikusia; egia esateko, herrirean guttitan inoratua zen, noiz edo noiz Iruñera bai, behin edo birritan Donostiara ere bai, eta askoz urrutirago inoiz ez. Madrilgo kaleetan zekusatzan denda eta saltoki ugari baino ugariagoak, inon ere egon zitezkeenik ez zuen inoiz uste ukanen.
Astebetea labur egin zitzaien. Herrira ez itzultzea ere burutan hartu zuen, lipar batez, baina alkateak bere eginbeharrari ezin uko egin ziezaiokeen, inola ere. Madrilen etxe bat erosteko adina diru bazedukan eta... agian urte batzuk geroago, egin eginen zuen. Ixabelek etxera nahi zuen, gurasoekin eta nahiago. Gauza politak ikusi bai, baina bizitza guztia hango giro zaratatsuan, hango ibilera beti hara-honakoan, hango jende aldra ezezagunen artean, ez zuen beretzat nahi.
Udako beroetan, urtero legez, etxekoak belarren mozte eta biltze lanetan hasi ziren, baina Ixabel ez zen haien laguntzera belardiratu.
Hezur berriak zituen eta, amaren aholkuari men eginik, etxe alboko pikondo baten gerizpean geratu zen. Haurdunak ez zuen lan nekagarririk egin behar. Elizaldeko Etxeparean bizi zen arren, aita eta amaren etxera sarritan igaiten zen.
Senarra, Madrilerean itzuli zirenetik, bizpahiru alditan baino ez. Aitagiarreba gizon zintzoa esten bazuen ere, txotxolo xamarra zela uste zuen, eta, guduan nonbait ezkutuan egon zela jakin zuenaz gero, txepel hutsa zeritzon. Erdaraz ere ez zekien, mordoilotto batetik harago, eta Carlosek guduaz hitz egiten zuenean, ez zuen ezer gutti ulertzen, edo ulertu nahi ez, antza.
Lehenbiziko umea alaba izan zen. Carlos ez zen poztu. Semea nahi zuen. Urte bi geroago, ordea, Iñigo jaio zen egunean, poza handia izan zen. Carlosek semea nahi zuen eta haratx! Etxean erditu zen, eta oro ongi jazo zelako, ama bizpahiru egunetan ohiko atazak egiten hasteko era onean zen. Etxeparea, beraz, pozez bete zen, umearen kurrizkez eta muxinez bezainbeste.
Izena ezarri behar zioten, bataioan noski. Apaizak besoak zabalik hartu zituen, alkatea eta ama-semeak, elizara sartzean, eta bataio-harrira ibilarazi zituen. Ur pixka bat isuri zion haurrari buruan eta "yo te bautizo, en el nombre del Padre..." hasi zen otoitz antzean. Aitak Carlos Iñigo María izena nahi zion. Amak ez zuen oso politetzat hartu, baina ez zitzaion mukertu, eta hala egin zen.
Luzea izena eta aitak Carlos esaten hasi zitzaion, amak, berriz, Carlostto, noizean behin, eta aitari batere atsegin ez.
- Ez deitu haurrari hola!
- Tira, Carlos; baina zuri Carlos eta semeari, ttikia den bitartean, Carlostto erran behar, bertzela, nahas-mahasa.
- Ez, Ixabel; dei egiozu Carlos María, eta kito – senarrak agindu.
- Tira, Carlos, zuk nahi duzun bezala. Baina, eta, zeren ez Iñigo?
- Iñigo! Tira, bada, Iñigo Loiolakoa! Gure patroi handia!Eta zu beti zeure ten-tenean!
- Ez, Carlos: zuk nahi duzun bezala – eta nerabe zen arte Carlos María deitu ukan zion amak. Eskolan hasi zenean, alderantziz, umeak berak Iñigo politago zuela eta, adiskideek Iñigo esaten zioten eta azkenean, Iñigo geratu zen. Nahiz eta aitak beti ere lehenbiziko izenosoa nahiago izan.
Gurasoek uste baino arinago hazten zen arren, hizketan hasterako luze zuen, artean. Pottolo xamarra umea, eta ez zen berehala ibilten hasiko.
Carlosek ez zuen oso-oso onesten, baina amak haurttoari etxeko hizkeraz egiten zion, laztan eta maitte, orain apatx gero piz-piz, ñañ-ñañ esatean txitxi eta papa, eta halakoak.
- Erdaraz egin behar zenioke, Ixabel; geroko hobe duke eta – adiarazi zion behin, eta geroago ere maiz, Carlosek emazteari.
- Erdaraz? Guk euskaraz egin dugu beti, eta zergatik erdaraz umeari?
- Ez duzu deus ulertzen!. Zure aitaren antzekoa zara. Erdaraz ez daki eta ez du bertzerik ulertzen, deusik ez. Eta zu antzekoa. Umeak, jakizu, etorkizunean erdaraz jakin behar ukanen du, nehor izanen bada, aditu? – Carlosek haserre egin zion eta Ixabel isildu zen, burua makurrik. Ez zen lehen aldia, baina.
Haurra aiton-amonaren etxera maiz eramaiten zuen. Ixabelek bertan zuen atseginen. Ibilten hasia zen, halda-maldaka, eta umeari begira pozez, harrapoa zeriela, esan ohi den bezala. Aitona segaz belarra mozten ari zeino, umea belar maltzika baten gainean eserita, eta aitonak:
- Ikas ezak, ehe, hik ere egin beharko duk eta.
Umeak irriño batez erantzun bezala egiten zion, mintzorik ezean, begitarte arraiaz.
"Ama" ozenki esan zuen egunean, poz handi batek jo zuen; eta aitari jakitera eman zionean, umearen aita oso poztuko zela uste zuen.
Alkate-bulegoan zegoen. Mahai gainean paper pila batzuk eta halako bat irakurtzen ari zen. Madrildik igorritako egunkari bat ere hantxe. ABCren aitzinalde osoa gudajantzidun gizonezko beltzuntze bakar batek betetzen zuen. Idazkun bat azpian: "Los EE.UU. con al Caudillo de España".
- Ixabel, mesedez! Begira, zein berri handi-handia heldu zaigun, eta zu, haur batek "ama" esan dizulako, hona zatozkit handikeriaz beterik, munduan bertzerik ez bailegoan! Otoi, andere; egun, egun handia dugu, noski, baina ez horregatik, honegatik baizik! – eta egunkaria eskuan erakusgai, emaztearen begien aur-aurrean.
Ama-semeak etxera itzuli ziren. Ixabel ez zen negartia, baina une bakar haretan negarrari eman zion. Haurra sehaskan lo.
Bi urte ziren, itzuliko zela esan zion mutila berriro agertu ez zitzaiola, baina Ixabelek gogoan zuen. Carlos baino amultsuago zen.
Apalago ere askoz. Ez zion hala, haserre hitz eginen. Noizbait haren herrira joan eta ikusiko zuela otu zitzaion. Carlosek, baina, ez zuen ezer jakin behar.
Iñigo ttikia aiton-amonekin geratu zen. Ohi zuena. Hizketan gero eta trebeago, eta amona pozez, ume koxkorra sukaldean jolasean zegoenean. Aitak ez zuen umea han geratzerik nahi, baina. Ardura, umea gurasoen etxean uzten zuelako, Ixabeli beltzuri egiten zion.
- Han ez dago gaizki, Carlos. Umea pozik geratu da, ene amak ongi zainduko du; gainera egun biz baizik ez.
- Etxean behar du umeak, atso-agure zahar haiekin egon ordez; ez diote gauza onik irakatsiko eta – Carlosek askotan bezain gozakaitz.
- Ez mintza horrela ene gurasoez, otoi, Carlos! – jarki zitzaion, behingoan, emaztea, eta senarrak eten:
- Ez mintza niri horrela zu! Ez dut nahi gure umea gehiago zure gurasoengana joan dadin. Zure amak ipuin zaharrak badakizki, baina halako atsokeriak ez ditu gure semeak zertan entzun.
- Ene amak ez dio nehoiz ezer gaiztorik irakatsiko. Hemengo ipuin zahar batzuk, bertzerik ez.
- Ipuinak, ez bertzerik! Lehengo zaharkeria txatxuez burua beteko dio. Ez dut nahi – Carlosek sumindua.
Elkarrizketa bertan etetea ebatzi zuen, eta Ixabel logelara sartu zen, eta atea itxi.
Amonak, ipuinak jaulkitzen ez ezik, umeari entzuten ere bazekien. Umeen zentzuna etxean entzuna zela zekien. Umearen etxean, beraz, zer gertatzen zen bazekien, jakin, alabak inoiz ere deusik iradoki ez zion arren.
Ixabel ez zen inoiz joan, aspaldiko mutil haren herrira. Haizea laster ibilten da eskualde haretako gainetan gaindi. Usoak udazkenetan bezala, mugaz haraindi-honaindian berriak ere ugari eta usu. Halaxe heldu zen, heldu, urte butzuk geroago, herrira mutil haren agerpenaren albistea, haize txar batek ekarria bezala.
Mendizale batek aurkitu omen zuen. Erretako beribila, ordurako, txatarra multzo beltz bat, besterik ez zen. Burdina zati batzuk, su-garretan belzturik eta urteen urtezko euriek eta elurrek herdoilarazirik. Ezuste latza, mendizaleak jaso zuena, bertan gizaki baten gorpuzkin izan zitekeen zer bat ikusi zuenean. Herrira ahalik zaluen jaitsi zen. Auzapezaren bila eta zer aurkitu eta non eta, azaldu zion, urduriak joa egon arren.
Herriko gazte batzuk igo ziren. 'Jendarmeak' atzetik. Leku malkarra zen, eta hezurdura kiskalia zegoen ondo-ondora iristea gaitza.
Aste osoa behar ukan zuten, hura zer hura handik ateratu ahal izaiteko. Pabera eraman zuten. Beribileko aztarrena batzuk ikertu ondorean, norena zen jakin zuten. Barruko giza-hondarrak, mutil berarenak izan zitezkeela uste izaitea bidezkoa zen. Epaileak ebatzi behar zuen.
Neguko elurte handiak mendatea itxi zuen. Mugaz hara-hona ibili ohi ziren gaukariak ere ez ziren ausartzen: arrisku latza zen hango elurretan gaindi harako malkar patartsuetan goiti-beheti ibiltea. Inda guztiak ongi ezagunak izanagatik ere, elurpea beti zuloz josia eta, oinak baratx-baratx ipini arren, non edo han zangoa iztaietaraino sartzeko bideune eta abela bazen.
Udaberria ez zen laster heldu, baina azkenean oihanak orritu ziren, bide-zidorrak lehortu eta mendietako belaiak mamitu ziren.
Artzainak gainetara. 'Jendarmeak' ere inoiz baino ugariago muga ondoko landetan zehar. 'Guardia Civilak' guttiago ikusten ziren, baina ez guttiago ibilten. Artzainek bazekiten. Mendizalez jantziriko guztiak ez ziren mendizale garbiak. Han eta hemen, ardiak bezain ugariak, ia-ia, mendi bazterretan zebiltzan gizaseme mardulak.
Atsebage guztiz mingarri izan zitzaion Ixabeli albistea. Hilik zegokeenik ez zitzaion inoiz gogora; nonbait, berataz ahantzia baina bizirik zegoela uste ukan zuen beti. Alde batetik, bertan behera utzirik alde egin ez ziola zekien; beste alde batetik, heriotza lazgarri harek bihotzean min sakona eragin zion, bizi zen arte guztian barrenean eramanen zuena; izan ere, bera ikusteagatik hila izan zen.
Carlos, senarra, ohi baino urduriago sumatzen zuen, ohi baino ozarrago agertzen zitzaion, gozakaitz eta minkorrago.
Iñigoren atzetik beste alaba bat jaio zen. Hau Iruñeko erietxe batean. Amaren itxura bertsukoa, aurpegieraz bederen.
Hiru egunen buruan, aitaren beribil berrian etxeratu ziren. Emazteak zuria nahi zuen baina Carlosek beltza erosi zuen. Jurramendiko egunean, Lizarrara joanez mustu zuen; eta herritik Iruñera hogeita bost bat minutuz egiten zuela eta, harro.
Sorberia laster hedatu zen. Herrian gehienek ez zekiten aspaldian agerturiko gorpuzkin hura Ixabelengana jiten zen mutil harena zenik, ez zekiten Ixabelek senargairik zuenik ere. Aintziarteko mutil sendoa pilotari ona zela zioena Gorritieneko artzain zaharra zen.
Manguna itxia zen eroritako lekua eta, gehienen gardiz, abiadura azkarregian edo jaitsiko ahal zen, eta ibilgailua okertuko ahal zen eta, erroitzean behera joan zen.
Esamesak zabaldu ahala, ñabardurak ere ugaritu. Hildako mutila, guztiz errauts bilakatua zena osoki hedatu zen. Egiaren ondoan beti gezurttoa ere ei dabil, eta mutila, frantsesen aldeko espioia zelako, 'guardiek' tiroz hil zutelakoa barra-barra hedatu ere bai. Alkatearen beraren belarrietara iritsi zen. Carlosek, biziki urduriturik entzun zueneko, adiarazi zion artzain adiskide zahar zuen hari isiltzeko agindu zion. Ez zuen zurrumurru gehiagorik nahi.
Ixabelek, heriotza haren berri jaso zuenaz gero, ez zuen gogotik edekitzen ahal, ez edeki nahi ere, haren mutil haren irudi beti gazte liraina. Etxeko giroa, gainera, gero eta hitsagoa. Senarra beti urduri nabaritzen zuen. Ele goxorik bat ere ez berarentzat. Ordurik gehienak herriko etxean emaiten zituen; baina, bere etxean ez bide-zuen atseginik.
'Guardia Civileko' buruzagi bat udaletxera zitzaion batean, Carlosek, ezustean, susmorik ba ote hasi zen eta, bere onetik ateratua, okerlarri bat egiteko zorian, azkenengo une-unean bere buruari eustea erdietsi zuen.
- Lo siento, mi capitán, pero sobre ese asunto no puedo darle información – adiarazi zion itaunketan hasi zitzaionean.
- Pero, ustéd, ¿conocía al muchacho del que se habla?
- No, mi capitán. Era un francés.
- Ya. Pero, según los rumores que nos han llegado, aquí se dice que la Guardia Civil pudo haberlo matado. No es cierto. No consta en nuestros archivos nada al respecto. Y, sin embargo, se dice que iba y venía a este pueblo. ¿Ustéd no le conocía?
- Bueno, creo que alguna vez le ví por aquí. No debemos ocuparnos más de esto; al fín y al cabo, era francés. Enemigo de España.
Seguramente, colaboraba con los rojos.
- Sin duda. Bueno, señor alcalde, no le interrumpo más. Vuelva a sus difíciles quehaceres. Hasta la próxima ocasión – kapitainak, eskua luzatzeaz bat, agur-esaldia oihu batez bukatu zuen; Carlosen erantzuna – ¡Arriba España!– eta orpokada ozen batez, lepo luze, zut eta erne jarri zen, biratu eta alde egin aitzin.
Urteak ziren, harez gero, Ixabel gaisotu zela. Bigarren semea jaio zen, baina ez zuen onik ukan. Senarrak Iruñeko erietxera eraman zuen egunean, gaisotasun sendagaitza zuela jakin zuen. Carlosi sendagile nagusiak jakinarazi zion:
- Es un cuadro psico-somático de dificil especificación, y, consecuentemente, de tratamiento duradero e inciertamente factible, lo que conlleva un resultado imprevisible, con los conocimetos médicos actuales.
Carlosek ez zuen zehazkiro ulertu, baina gaitz larria zela agerian zuen. Emazteari ez zion azalpen handiegirik emanen.
Iñaki harri eta zur geratu zen, Labandibarrek jaulki ziona aditurik. Gehiagoren jakin-mindua. Osaba hil zela urteak ziren, baina Iñigok zerbait jakin behar ahal zuen.
- Bai, noski. Zerbait jakin bazakik horrek, nola ez? Etxean ikusi zuena. Jakinaren gainean zegoela ez diat nik zalantzarik. Aitak ez zioan nehoiz deusik aitortuko, jakina. Baina ama ohean urteetan jaikitzeke, eta aita Iruñera joan-jinetan astero, eta seme-alabek ezer ez jakitea? Nik neronek ere jakin zakiat eta! Hoboro erranen diat:
Ehizan hire osabarekin ibili ohi zen baten semeak – ez diat zehaztuko nork – bere aitak susmo txarrak zituela eta, etxean, behin edo behin, mutil haretaz ele eginak zirela adiarazi zidaan. Aita 'errekete' izan zuan, osabaren taldekoa – harek 'tertzio' zeritzoan – eta guduan elkarrekin, eta hainbat herritan sartu ondorean, zer egin eta zer ez egin egiten zuten bazekian, ongi jakin ere, bertatik bertara ikusia eta haiek beraiek egina. Osabak hil zituenak esku bietako hatzamarrak eta askoz gehiago baino ugariago zirela aitortu ukan omen zioan aitak, odol hotzean hil, ehe, ez lubakitik lubakira. Txapelgorri harroak orduan non-nahi jaun eta nagusi zituan, zer nahi zuten ere egiteko baimena, oro haizu, legea beraiek zituan eta! Zertarako nahi zuten legea?: indarra zitean lege eta! Gudua amaitu eta osabaren odol gaiztoa ez zuan onduko, noski.
Ehizan joan ziren egun haretan, Aintziarte errepidean ikusi omen zitean, lehen erran bezala. Hire osaba han goian geratu zela ere ikusi zitean. Bada, nire adiskide horren aitari hantxe zaio gaizto batek eman zioan. Urteetan haretaz oldoztu ez, baina gorpuzkinen albistea hedatu ahala, harako aspaldiko zaio hura berriz ere burutara etorri omen zitzaioan. Carlosekin ez zuan gehiago ehizatara joan.
Hire osaba ez zebilan, hala eta guztiz ere, lasai, nehondik nehora. Izeba etxe barruan, ia nehoiz ateratzen ez zela, mezatara izan ezik.
Urte batzuk geroago, norbaitek txantaia egiten ziona hedatu zuan, nik ez baitakit egia ala gezurra zen. Dirutza ordaindu omen zioan.Txantaia egiten omen zionari ordaintzearren, hain maite zuen Behigorkuko pagadia bera ere saldu behar ukan omen zian. Baina, osaba hireak buruan kixka. Harra barrenean alhan. Batagatik zein bertzeagatik, zoratu zitzaioan. Hala hil zuan. Bizitza osoan bere buruaz bertze egin zuen gizona zuan hire osaba. Bizian bezala hilean.
- Bai, baina nerau izan ninduan salatua, nerau txantaiagile izan banintz bezala, nerau errunduntzakotua, zazpi urte eta berrogei egunez kartzela barruan itxia! – Iñaki amorratua laso mintzo haserreaz.
- Bai, horixe; eta hi ez hintzen izan. Nor izan zen? Hauxe diagu galdera erantzun beharrekoa. 'Guardia civilak' neronen atzetik ere ibili zituan, hi atzeman hinduten arte. Ala, oro gezurra izan ote zen? Hire osabak asmatu ote zuen?
- Gorrotxa hil zutena ez duk gezurra – Iñakik aspaldiko mutil haren hilketa gogoratuz.
- Ez, egia duk. Hire osabak 'guardia civilekin' beti trebetasun handia zian, harreman onak erran nahi diat. Burgosen lur-sail ederrak erosi omen zitian, bai, baina, nolabaitt, hemendik, herritik ihesean bezala zebilela uste diat, geget egin zuela uste diat. Bere buruari ihes egin beharrean.
Emaztea etxean utzita hara-hona ibiltzen ohitua zuan. Honela ere, nagok ez ote zian hire izebak hobe senarra etxetik at. Ez omen zian beti era onean erabiltzen emaztea. Osabak eskua beti luzea eta ukabila azkarra. Iñigok berak amonari azaldu omen zioan, ume-ume zela: "Amak negar egiten du, aita haserretua dagoenean. Ni logelan sartuta nago baina entzun egiten dut".
- Egunen baten Iñigorekin hitz eginen diat. Lehengo egunean haren alaba etorri zitzaidaan, eta nehoiz aita eneganatuko dela erran zidaan. Gaisorik omen zabilak.
- Eta, zer dakigu 'Estremoduroz'? Madrilen ongi bizi dela bazakiat, non eta aberats batzuk bizi diren auzune eder batean, La Moraleja edo daritzon horretan. Gorrotxa hil zuten egunean ez zuan urrun ibiliko.
- Larrarte, behintzat, hortxe bertan erortzear utzi ditek horren gurasoek. Aldameneko guztia pinuz landatu eta alde. Hemen ez omen zituan eroso bizi; lurrak ez zitian hartu. Entzun nuenez, Donostian gudagizon bat hil zuten egunean, beribil gorri bat igo omen zuan. Gau lehenean, Larrartetik behera ikusi zuenak ez zitian ezagutu, baina hiru omen zihoazan. Gidaria bizarduna, betaurreko beltzak aurpegian, zigarroa ezpainetan.
- Donostiakoa emakumezko batek egin omen zian – Labandibarrek hitzez beste egin nahi ukan bailuan.
Ama hil zenetik Iñaki beti gorgotsa, aitona zena bezain benazko gizona, are harik hara beltzuntze eta maiz goibelago. Bere bakartasunean bizi zen. Anitz egunetan inorekin hitzik egiteko erarik ere bagetua. Behiari eta bigantxari beti ele onak egiten zizkien, aitonak aholkatzen ziona legez:
- Behiekin ere hitz egin behar duk, muttilko; makila ez duk ele onik: zakurra ere ez duk harrika amontzen, ikas ezak.
- Bai, aittona, Larrarte txoriekin mintzo dela entzuna dut.
- Larrarte, bere xoroan gizon xuxena duk, nehori minik egiten ez dakiena. Lur honen emaitza eta oparia duk Larrarte. Irakurtzen ez zakik, baina ongi zakik horrek-e gizonen bihotzetan irakurtzen. Eta bertsotan hasten denean, zein ederki dakien, odolaren mintzoz, gogoaren barren-barrenean dituen egiak azaltzen! Hasten denean..." badakit askoz ere nukeela hobea...nehori ez agertu ene dolorea..." niri oilo-ipurdi egiten zaidak, muttilko.
Behin, gogoan diat, alkate jaun txit harroari, aurrez aur, eskaini zion bertso kitzikagarri hura:
"Gure lur honi bizi emaiten ibil behar bizkar makur, honela ere nekazariok ez gaituzu burumakur. Uztail txar batek bihur dezake urte ona, urte makur. Pagatzan ere xuxen artean nonbait bada pago makur. Gazterik zuzen hazi behar da ai! ez dadin gizonmakur".
Alkateak ez zioan behako zuzenik egin, zeharreko zorrotza bai. Baina orduko haretan barkatu edo zioan, mendekua geroko utzirik, nonbait.
Horren anaia bat Afrika daritzon lurralde handian hil zitean. Espainia handiago egin nahi zian eta erregeak milaka lagun bidali zitian, bereak ez bertzerenak ziren lur haiek ebastera, edo haiek erran ohi duten eran erraiteko konkistatzera. Larrarte eta bertze batzuk joan nahi ez, baina harrapatu zitiztean, eta hara! Han ibilarazi, ardiak saldoka bezala, lur gorria baizik ez den lekuan, ez alhan, ez; hango jende xume behartsu eta ezedukia iskiluz hiltzera baizen. Batzu-batzuk, bai, ordea, ederki aberastu zituan hango gudu latz haren emaitzaz. Ez Larrarteko Migel Maria ez bertzeak ere. Paparra dominaz eta sakelak diruz bete-beteak Espainiaratu zirenak bazituan, bai, hainbat eta hainbat: militar eta bankudun eta politikari eta antzeko piztiak, erregea bera ere aberats okitua. Eta, bertzalde, espartin zaharrekin gudura bidali zituzten mutil gaixo haiek odol isuri behar, ezeren ere ordainez.
Larrartek ez zekian idazten, baina zekienak argiro eta garbiro idatz zezan eta, behin, hango herrixka batera irits omen zitezen. Mendi lehor baten magalean, palmondoak bertzerik hazten ez zen egara batean, ehun bat lurrezko etxola ziztrin baino ez ziren zer haiek osatzen zuten herrixka haretan, iritsi ziren unean, zaharrak eta umeak emakume batzuekin aurki zitzaten, ez gizasemerik. Gizonezko guztiak, arauz, mendira ihesean, hiltzera joan gudagizon espainiarrengandik bizirik at eta iraun nahian. Hango etxola haiek teilaturik ez, hegatzak lastoz eginak, etxe barruak zulo hutsak, hotzari aitzi egitekoak ez, eta are euriaren erauntsirik gertaz gero ezerezago. Herriko bizidun guztiak zabaltza idor baten erdian bil omen zitzaten. 'Tertzio' zeritzon gudataldeko buruak – ankerra alaena!– etxola guztiei su emaiteko agin ziezaien, goseak eta egarriak jota iritsitako mutil zentzuge haiei. Han has zitezen, batak bertzeari: " dale fuego, Paco", "mira, Manolo, mecaguendios, cómo arde este 'palacio' de estos putos moros"...; eta ordu erditsu batean herrixka osoa kiskal zezaten.
Bizirik aurkitu zituzten ahuntzak atzeman eta arratsalde haretan gosea berdinduko zitean. Sutan erre eta jan zituztenak nehoizko gozoen zegozela ziotsoten, batak bertzeari, mauka-mauka ari zireino. Egun bi haietan, herrixkako umeak, emakumeak eta agure-atso guztiak zabaltzako lur gorrian eserita batzuk, etzanda bertzeak, gehienak zutik egon zitezen, ez jan ez edan, ez lo egin. Hala zeduzkatela, gizonezkoak, inguruetako mendi gainetan urrundik begira zegozkielakoan, amoŕ emaitera itzuliko zirela uste zitean, erauki erraitera, apal-apal, etorriko zitzaizkiela uste,'tertzioko' buruzagi odolkoi zitalek uste. Gauean, basapiztien orroak entzun ukan omen zitzaten, eta herriko gizonak zirela uste, eta beldurrez herrixka haren erretzaileak. Gizonezkoak ez zitezen mendietarik jaits. Biharamunean, zerbait egin behar eta, agure batzuk hilko zituztela ez zitzaien, bada, otuko! Otu eta egin. Hogei bat agure hantxe bertan tirokatu. Umeen negarrak eta emakumeen negarrak eta... aitonak hiltzen zituztela ikustean... eta ziren guztiak hilko zituztelakoan... eta! Nolako errua, zein hogen zuten hango menditar xume behartsu haiek hala hiltzeko? Bat ere ez! Egun argiz eguzkitan, kiskali behar zirela zirudien arratsalde sargoritsuan, bertze gudatoki batetik deia hel zekien eta 'tertziokoak' ikara zitezen: mairuek eraso eta borroka latzaren ondoan hainbat gudamutil lurrean hilotzik utzita alde eginak zirela. Gauaren ilunpean mendian behera, itzalgaizka ongi zekiten eran, kanpamendua zegoen lekuraino irits omen zitezen. Loak harturiko mutilak esnatu aitzin, basamortu haietan ohituak ziren gizon zangar haiek, dzast eta dzast zekizkiean, ekin eta ekin, aiztoak eta aihotzak eskuetan hil ahala hiltzen.
Hantxe Larrarte gaztea. Lepoa moztu zioaten. Hemengo mendialde basotsu honetatik nehoiz ere nehoratu bagekoa zen Migel Maria non hil eta hantxe, urruneko basohil harritsu antzu haretan. Ez zian joan nahi baina behartu zitean, bertze anitz bezala. Zertara eta gudua egitera, hots, berari kalterik egin ez zioten Jainkoaren umeak erhaitera... urzorik hiltzeko gai ez zen Migel Maria Larrarteko.
Bai, muttilko, bai. Eta bertze anaia? Ameriketara joan zuan; Afrikara bidal ez zezaten! Han omen zabilak, artzain. Hogei urtean, hango landalde zabal-zabaletan ia nehorekin mintzatu bagerik ibili omen zuan. Larrarte, berriz, hor zagok, muttilko; etxe ederra, baina geroak erran beza...
Bakarrik ohitua, baina norttobaitekin noiz edo noiz elestatze aldera herri barrenera jaistea atsegin ukan zuen. Hondar asteetan, berriz, inora ez. Labandibar agertu zitzaion egunetik, ez zen inorekin hitz-aspertu bat egiteko gogo, ez aukeran gertatu ere.
Osabarena jakin zuenaz gero, bihozketua zegoen, inorako ez ezertarako gogobagetua.
Telefonoak hots egin zuen unean hantxe zegoen, sukaldean eserita, lehioaz haraindian zekusan muinoko hariztiari begira. Aspaldi elkar ikusi ez eta zer moduz zegoen jakite aldera edo deitu, eta arrebak luze hitz egiteko gogoa zuela zirudien. Iñakik ohi bezain motz erantzun zion. Telefonoz ez zuen atsegin, eta, gainera, gero eta txartoago entzuten zuen.
- Deberías mirar por tu futuro, Ignacio. Deberías pensar en vender la casa e irte a vivir a Pamplona – beste aurreko batean esan ziona bera esanez, arreba aholkulari.
- Yo no. Aquí bien estoy. Esta casa es la mía – Iñaki mintzo.
- No estás para vivir sólo; es un caserío muy aislado y cualquier día te sucede algo y no te puede ayudar nadie.
- Yo solo ya he vivido simpre y no me ha pasao nada. Solo que me llevaron a la cársel sin haser nada. Y ya esté siete años y cuarenta días preso, y yo no era el culpable. Y además en la mili ya esté.
- Eso ya pasó, Ignacio, no podemos estar viviendo de los recuerdos. Aquello ya está olvidado, ahora has de mirar al futuro. Lo que te digo: vende la casa y todas las tierras y compra un piso en Pamplona. Allí estarás más seguro.
- Yo a Pamplona no voy. Aquí mejor estoy. En esta casa nasí, y en esta casa moriré. Ya te dije – Iñaki haserretzen hasia legez.
- ¡No comprendo cómo puedes ser tan obstinado! Con lo que vale la casa y los terrenos tendrías para vivir como un señor, unos cuantos años, bien cuidado, bien vestido, como Dios manda.
- A mí no me hables de Dios. Yo señor aquí soy. No manda nadie. La madre ya mandaba, pues, pero ya se fue; y aquella en el sielo está, no como otros – Iñakik ez zekien nola esan baina bazekien zer esan nahi zuen.
- Tú verás, hermano. Yo no puedo sino aconsejarte bien por tu bien, pero si no quieres hacer caso, allá tú. Lo dicho, si quieres que arreglemos lo de la casa y los terrenos te envío un abogado para que te asesore. No puedo hacer más por tí, si persistes en tu contumacia.
¿No te das cuenta de lo que valen hoy en dia esos bienes? Bueno, ya te haremos una visita, hacia las Navidades, ya que para entonces volveremos de Salou a San Sebastián a pasar unos días.
- Bien, pues. Ya nos veremos juntos. Yo aquí estaré – Iñakik esan eta telefonoa eseki zuen.
Sukaldean urdai zati bat ebaki zuen eta zartaginean erre, ogi bitartean jateko. Arratsalde erdian, txikito bat ardorekin, halako ahamena zuen ohikoa. Arrebak esan berri ziona berehala atzendu zuen. Baratzera zen eta, jorraia eskuan, piper batzuk landatzeari ekin zitzaion.
Bordaxahar eraitsirik zegoela burutaratu eta berreraikitzen hasi behar zuela berriro otu zitzaion. Berak bakarrak nola egingo ez zekien ondo, baina indarrez nahiko sendo zegoenez, moldatuko zelakoan zegoen.
Baratzean ari zen eta Erdikosoro ondoko estartean zehar bi gizaseme urkusi zuen. Mendizale itxuradun gazteak ziruditen. Ibileran, aldiz, mendian ibilteko ohitura dutenen oinkada luzekoak ez, zanka-zanka ohi diren menditarretarikoak ez ziren. Intxaurrondo handien gerizpetan ezabatzen ikusi zituen.
Arratseko zortzietan esnea batu behar zuen, egunoro laso. Ukuiluko bi adardunak ernari zegozen, urtea amaitu aitzin, beraz, txahalak jaioko ziren, oro ondo bidean. Gauerako galtzarkada bana belar eman eta, abere guztiak behar bezala jaurri baikoz, abaltzera igo zen.
Ez zen gautu berehala, eguna luzea. Baina ohera baino lehen, ibilgailu batzuen azantza entzun zuen.
Entzun eta bertan, zer zen igarri zuen. Aurreko batean etorri zen 'guardia civilen' talde bera. Logelan zegoen. Ezin zuen ezer egin. Atejoka etorleak. Leihora hurbildu zen. Danbadaka 'guardiak' eta oihuz:
- ¡Somos las UAR!. ¡Venimos a interrogarle!. ¡Abra la puerta! ¡Si colabora con nosotros no le pasará nada!...¡Si no le llevaremos a la comandancia de Pamplona! – iraitzi zizkion taldeko buruak, inguruan zortzi-bederatzi laguntzaile zituela.
Gizonak etxe inguruan barreiatu ziren. Iñakik ez zekien zer egin. Logelan geldi. Leihoa zabaldu zuen. Tiro eginen zioten beldurrak jota zegoen.
- Abra la puerta y no le pasará nada – 'guardiak' ahotsa leunduxe zuen.
Anbiolako Bereterretxe etorri zitzaion irudi batez, mamu baten antzera. Etxe barruan saguan satartean bezala zegoen. Atarira jaitsi zen. Langa kendu zuen. Atea zabalik, beltzez margoturiko aurpegi eihar baten aurrean zegoen. Txapela eskuin aldera zehartua zuen.
Lepo-idunean zapi gorrail bat lotua.
- Hemos observado la presencia en estos días pasado de un hombre en esta casa. Queremos saber de quién se trata; he aquí su fotografía – eta buruzagiak Erdikosoro aldetik egin argazki bat erakutsi zion, eta beronetan larrainean Iñakirekin Labandibar agerian.
Ez zekusan ongi, argi handirik ez eta. Iñaki, ikusi eta zer esan ez zekiela, isilik geratu zen. Izena emanez gero, harentzat kalte izan zitekeelako beldurrak isilarazi zuen. Baina 'guardia-buruak' zakarto itaundu zion berriro:
- ¿Conoce ustéd a esta persona? Nombre y apellidos. ¿Dónde está? ¿Sabe ustéd que ha sido asesinado un miembro de nuestro cuerpo cuando se disponía a retirar una bandera separatista?
- Yo nada no sé. Yo aquí estoy en mi casa y no he hecho nada – Iñaki urduritto baina ez kikilik mintzo.
- Yo no le he preguntado eso. Dígame quién es este sujeto, dónde está. ¿A que vino a esta casa? ¿De dónde vino? Iñaki begira geratu zitzaion, eta argazkian zegerrena Labandibar adiskidea zuela esateko zorian egon zen, baina ahoa itxi zuen.
Gezurrezko izena esatera ausartu ez. Non zegoen ez zekien, zinez, eta ez zekiela esan behar zien. Tenienteak keinu bat egin zien eta 'guardia' haietako bik Iñaki ukaraikoez lotzera egin zuten. Iñaki aztoratu zen hagitz, eta teinkada bat egin zuen.
- Déjenle. Le doy una última oportunidad para que me diga todo lo que sabe de ese indivíduo. De lo contrario ustéd se verá involucrado en un delito de colaboración con banda terrorista. Le caen veinte años de cárcel. ¡Y no le saca ni el Papa! ¿Ha entendido ustéd? Está acabando con mi paciencia.
- Yo nó se dónde está. Aquí no viene más que un día, a hablar conmigo. Yo ya esté en la cárcel, sin culpa. Y porque me sacaron los curas, si noo toavía allí estoy. Y no hise nada yo. Echar la culpa a cualquiera fasil es.
- Entren y registren toda la casa – agindu zien laguntzaile zituen bost mutili, eta barrura ziren. Beste hiru ibilgailuetako 'guardiak' etxe guztiaren baranoan jarriak ziren, cetmeak eskuetan. Ordu lauren bat ez, eta atarira bihurtu, eta buruzagiari liburu zahar bat erakutsi zion batek honela:
- Lo único zozpechozo que hemo encontrao e ezte libro vieho: "La cauza del pueblo vagco" dise el título.
- Dále fuego aquí mismo – tenienteak agindu.
- Ese libro de mi aitona es – sartu zuen hitz Iñakik bet-betan, baina 'guardiak' txiskeroa hurbildu eta su eman zion.
- ¡No haga ustéd ni un movimiento! ¡Le pego un tiro aquí mismo! O me dice dónde está ese sujeto o le damos fuego a la casa. Ustéd elige. Las consecuencias recaerán en ustéd y en nadie más. Al final, hablará; por la buenas o por las malas.
- ¡Ya he dicho que nó se dónde está, pues! Yo nó se todo y. Aquí se vino y se fue, y nó dijo a dónde.
- Nombre y apellidos – tenienteak atzera.
- Nosotros Labandibar le desimos; yo nó se ni nombre ni nada – Iñakik egia.
- ¿Labandibar? Es el mismo que anduvo en Logroño sacándoles dinero a los trabajadores de la serrería. ¿Cuándo va volver acá? En cuanto tenga información de que le viene acá, nos la dará rápidamente, ¿entiende? Mantendremos un dispositivo de prevención.
Estaremos en permanente contacto con ustéd. Es importante que colabore, porque en caso contrario le imputaremos a ustéd el asesinato de nuestro compañero. ¿Comprende ustéd la situación? Bueno, por ahora, esto queda aquí; nadie debe saber nada de lo que hemos tratado ustéd y yo. Nadie. ¿Ha entendido? Dígame sí o no.
Gau erditan alde egin zuten. Iñaki ikara baten geratu zen. Oheratu bai baina gau osoan loak ez zuen hartu, eta goizean, zortziak aldean, behiak jezteko orenean jaiki zen. Zer egin nola joka ez zekien, bardako gertaera burutan. Agian, Labandibar non zegoen jakin behar zuen, baina nola. Inora joanez gero, begipean izanen zela bazekien. Labandibar atxilo hartuko zuten eta elorriokoak ikusiko zituen.
Ziper lazgarriak eginen zizkiotela ziur zegoen, berari egin bezalaxe. Egun guztian zer hura burutan zerabilela ibili zen, hara-horra, biziki artege eta izu lauorrian ia-ia.
Biharamunean, herrira jaistean, bihurgune baten ondotik, bazterrrean beribil beltz bat zegoela ohartu zen. Bi gizon barruan. Zelatariak ziren, noski. Iñaki urduritu zen, eta abiadura azkartu zuen.
Irratian entzun zuenetik, inoiz baino beldurtuago zebilen. Astigarraga aldean baserritar gazte bat, etxerantz zihoana, baso aldeko bide batean aurrera zihoala, gau betean, tiroz hil zutela hedatu zuen irratiak. Herrian adiskideekin parrandan ibili eta berera zihoan hamazazpi urteko gaztea, odol istil baten erdian hilotzik aurkitu zuen auzokoak udaletxera berri emaitera joan eta ' guardia civil' batzuekin tupust eginik, berauei albistea jakinarazi zien. Irratiak esan zuenez, polizia guztiak hiltzaileen bila zebiltzan, ordura arte inoren aztarrenarik atzemana ez zuten arren.
Gautu aurrez igo behar zuen. Gauez ibilten ohitutako gizona, gauaren beldur zen. Amak usu esaten ziona buruan: "gaua gauekoentzat "; etxeko ate-leiho guztiak gotorki itxi zituen. Zakurra bera barrura sartu zuen, pozoinez edo edenez hilko ahal zuten beldurraz. ' Guardia civilek' logela zein zuen zekiten eta, ukuiluan lo egingo zuen, etxeko abereen ondoan bere burua babestuago, nonbait. Hiru aste haietan, ez zen etxeko aldapatik urrundu. Oilaritean jaiki, leihorean at so egin, atea ireki eta inguru-minguru hasten zen, ea nor non urkus.
Irratiak ez zuen hildako gazte haren berri gehiagorik hedatu. Herrian, berriz, zurrumurrua zabal-zabalik zebilen. Aste batzuez gero, herri barrenera jaistera ausartu zen. Egun argiz ez zioten erasoko. Bere atzetik zebiltzala jakin bazekien. Ostatura sartu zen, aspaldidanik, eta berehala txiriboginak belarri ondora bezala:
- Badakik, Iñaki, zer darasan jendeak? Bada, lehengo egunean gazte bat hil zutenen artean Iñigo hire lehengusua egon zitekeela. Egun berean, Donostian omen zebilan. Ez bakarrik. Hernaniko bertze batekin. Berau ez omen duk gari garbi. Arrats irian edo, Astigarraga alde horretan ikusi omen zitiztean, biok eta bertze bat. Hirugarren hau Intxaurrondoko 'guardia civil' omen.
- Nik etxe aldamenetan ditiat horrelakoak – erantsi zion Iñakik, kezka erakutsiz.
- Bai, bazakiat. Hire etxeen inguru guztietan mendizaleak omen zabiltzak. Erne ibili behar duk, mottell; horiek-e hire atzetik eta bertze zerbait edo norbait gehiagoren atzetik zabiltzak. Amorraturik, gainera; zeren-e, telebistak atzo erran zuenez, bertze gudamaite bat hil baitzuten Bilbo aldean, eta mendeku-sur zabiltzak.
- Labandibar atzeman nahi ditek.
- Ez erran deusik, Iñaki, ez eta neroni ere, hemen harriek berek ere bazantzutek eta. Hi, gauerako ostatu nahi baduk, hementxe duk heure etxean bezala.
- Eskerrik asko, Patxi. Gaurkoz ez diat behar.
Ostaturean atera eta hantxe, karrika-kantoi ostean, motorrez heldu berri zen gazte itxurako bat ikusi zuen. Burua kaskoaren barruan eta nor zen ez jakin. Iñakik, land-roverrera sartu eta ibilarazi zuen. Ehun metro baino lehenago, eta atzerako ispiluan, motorduna gibelean zetorrela ohartu zen. Aldatsean goiti hasi eta motorra atzetik. Zer egingo gogoetan Iñaki eta Gorostitzan gelditzea erabaki zuen.
Bakarrik egoitea ez zitzaion ondo. Abiadura azkartu zuen eta motorra azkarrago. Heldu zen, jo zuen txirrina, agertu zen etxeko andereaatarira, eta jaitsi zen beribiletik. Motorra atzean gelditu zen. Hurbildu zen atarira eta Iñakik, agur amultsu bat irudikatuz, ahopeka, laguntza behar zuela adiarazi zion Gorostitzako etxandereari. Harritu zitzaion hau, baina irribarre egiteko agindu zion; eta auzokide biak ataritik barrura sartu ziren. Motorduna geldi geratu zen.
Egia osoa ez zion jakinarazi. Atzetik lapur bat izan zitekeen bat zetorkiola, eta bidean okerrarazi nahi izan arren, ez zuela erdietsi, eta haraino jarraiki zitzaiola azaldu zion. Etxe barruan luzaz geratu zen. Leiho baten osterean, motordunari begira. Ez zen higitu.
Motorraren gainean, oinak lurrean, eseri antzean zutik zirauen. Zirt edo zart egin behar zuen, eta, etxekoek bertan garatzeko esan bazioten ere, Iñakik etxera behar zuen. Zinez, ordurako, beldurge zen, edozer gerta ere aurka egiteko gerturik.
Lapur hutsa ez zela bazekien. Land-roverra ibilten hasi eta motorra atzetik. Hil nahi bazuen tiro egitea bazuen. Gorotitzagoikoraino, errepidean gora, kilometro bat, doi-doi, eta motorra beti gibelean. Erdikosoro ondoan beste beribil beltz bat begiz jo zuen. Zelatariak hantxe. Barranduan. Motorduna larraineraino sartu zen. Iñakik aur egitera egin zuen eta, orduan, ustebagea:
- Egon, Iñaki, lasai hadi. Egik itxura, eta sar gaitezen barrenera.
Labandibarren ahotsa ezagutu zuen. Kaskoa erantzi bage, motorra bazterrean, horma ondoan ipinutzi zuen. Iñakik urduriago orduan, goaitatzen ari zitzaizkion zelatariek oro zekusatela eta:
- Kontuz, Labandibar; zertan ari haiz? Guri begira zagozak. Hementxe bertan harrapatuko haute...
- Egon lasai; egik etxakinarena, eta utz niri horien kuku horiena – Labandibarrek patxadazko gizona zela zerakusan.
- Hire bila zabiltzak. Hemen hire galdeka etorri zitzaizkidaan, eta zemai latza egin ere niri, non hagoen eta jakinarazi ezik.
- Bai, bazakiat, Iñaki; hori eta gehiago bazakiat. Baina ez kezka. Oraintxe ikusiko duk – eta handik alde eginaz Erdikosororantz hasi zen.
Iñaki, harri eta zur, geldi. Hil behar ote zituen, bada? Ala, haiek hilko zuten ezagutu eta berahala? Labandibar oinez, ez arin, zelatariengana hurreratu zen. Beribil barrutik haietako batek irten zuen. Iñakik urrundik hizketan zekusatzan. Kaskoa erantzi bage, Labandibar. Hamar bat minutu eta beribila ibilten hasi zen, estartean beheti herrirantz. Iñakirengana bihurtu zenean:
- Ikusi duk? Erraza izan duk.
- Zer erran diek, ba? – Iñaki jakin-minez.
- Erran, erraiteko, deus gutti. Polizia-agiria erakutsi zioat, bertzerik ez.
- Noizdanik hi polizia? – Iñaki txunditua zegoen.
- Ez, mottell, ez nauk polizia, gezurrezko agiria duk hau. Frantzian honelakorik egiten bazakitek – Labandibarrek agiria erakutsiz.
- A nolako beldurra eragin didaan, bada, honaino artean!. Ene atzetik etor zitekeen hiltzaileren bat edo izanen ahal hintzelako usteak joa ibili nauk.
- Bai, ohartu nauk. Baina Gorostitzan gelditu haiz, eta ez zaidak ongi iruditu hor agertzea. Hi honetan lohitua bahaiz, baina ez nikek bertze nehor lohitu nahi, eta ene erruagatik arazorik jasaiterik. Hi hago lasai; ez zaizkik etorriko bertze behin izutzera. Nire izena laster agertuko duk, eta nire bila bertze leku batera joan beharko ditek, Ameriketara hain zuzen.
- Ameriketara joanen haiza?
- Ez, Iñaki, zati baten heure etxe honetan geratuko nauk, hik nahi baduk, ehe, noski. Hemen baino babestuago nehon ez. Oraintxe afaldu behar diagu, bai, Iñaki, eta gero gerokoak.
Labandibar luze ez, baina hiru-lau astetan hantxe bizi izan zen. Ez zen etxe barrurean ateratu, inork ikusi ez zegien. Atzenengo egunean, telefonoz norbaitekin hitz egin zuela, eta biharamunean joanen zela adiarazi zion, etxeko jabe adiskide eta babesle zuen hari.
Goizaldean motorrez alde egin zuen, eta Iñaki berriro bakarrik geratu zen. Ez zion nora joko zuen azaldu. Berehala elkar ikusiko ez zutela, bai, esan zion.
Irratiak Donostian hil zuten zinegotzi baten berri zehatza eman zuen. Lantegi batetik irten eta, kalean ibilian, etxerantz zihoan une laster baten, tiro batzuk iraitzi zizkion eta bertan zerraldo erori zen. Burua odolean. Hiltzailea ziztu bizian itzuri zen. Ez zen gaztea, garaerdiko gizona.
Epaileak agindu zuena egin zuten: hil-beila egiteko debekua zuela eta, ehorztetxe batera eraman zuten. Hilotza erhorik zetzan lekutik 'Guardia Civilek' eraman zuten. TANATORIO LA PREVISORA zeritzon etxe batera. Gurasoek, ez bestek, ikusi ahal ukan zuten.
Aita eta ama seme hila ikustera sartu ziren.
Biharamun goizean, hileta-elizkizuna eginda, hilerrira orduko, inor hurbil ez zedin, polizia andana batzuk, aldamenetan lerrokaturik, ihaurrita bezala jarri ziren.
Irratiak ez zuen gehiegi zehaztu, baina gauean, Donostiako hainbat kaletan, istilu larriak gertatu ei ziren. Suteak ere non-nahi, eta gazte aralde batzuek harrika eraso ei zioten hiriko beredin eraikini. Zaborrontzi ugari garretan eta kale estuetan ke beltzagatik ezin ibili ere ei zen. Polizia-ibilgailuak gelditzeke, hara-hona, eta tiro hotsak leku guztietan. Esatariak' zauritu asko egon zitekeela eman zuen aditzera. Udaletxeko balkoia su batek hartu zuela eta, eraikin osoa kiskali baino lehen suhiltzaileak iritsi zirela, eta gaitz erdi. Harri batzuk polizia-etxe barrura iraitzi zituztela ere zehaztu zuen.
Lau aste haietan herrira jaitsi ez zen. Bordaxahar berriztatu behar zuela, eta, bategatik edo besteagatik, ezin. Labandibar etxean ostendurik egon zen bitartean txit kontuz ibili eta urrutira ez zuen nahi.
Bazkaldu ondoan igo zen. Ardiak han zebiltzan, jan ahala jan, aurrerago eta hobea, eta aurrerago eta belar xehe-xehea piltxikatuz beti.
Bildotsak ederki saldu zituen, salneurri onean. Arkazte batzuk hurren urterako utzi eta artaldea handituko zuen.
Arratsalde osoa han eman zuen. Aro ederra, eta hodeiertzak inoizko urrutien. Ilunabarrean etxera jaitsi beharra eta gogo handirik ez.
Atseginetan zegoen. Bere buruari txantxetan bezala "Oi zein den itun behera behar hau; nik ez nahi egun bihurtzerik gau" zirautson.
Haizekirri goxoaz birikak asero bete zituen.
Etxeranzkoan, bi gazterekin bidelkartu zen. Makila bana eskuma banatan, oinkada luze bezain sendoz, ele-mele, ibili eta gero, Oihangurengo bidegurutzera iritsi ziren. Mutilak euren bidetik eta Iñaki beste batetik.
Oihangurengo anderea larraina erratzeztatzen ari zen. Urrundik, Iñaki hurrantzen begiz jo eta etxe barrura egin zuen. Iñakik ikusi eta ez zuen atzera, ez ezikusiarena egin. Heldu eta eup! ozen batez dei egin zion. Etxanderea atarira agertu eta:
- Zer behar duzu?
- Behar ezer ez; agur egin nahi bertzerik ez, Juana Maria – Iñakik amultsuro erantzun zion.
- Bertzerik ez bada, erraza eta luburra duzu.
- Bai. Oihangurengo jauna zendu zela jakin nuenean urrun egon nintzen, eta ezin etorri izan nintzen, azken egunean...
- Bai, badakit, eta ez dit axola. Zu kartzelan egon zinen, zuk jakinen ahal duzu zeren – anderea zakarto.
- Bai, kartzelan eduki ninduten, baina ezerengatik ez. Ni errubagea nintzen eta naiz. Salatu ninduenak bazekien edo badaki ni errurik ez nuena – Iñakik bazekien Oihangurengo jauna ez zela zintzo askoa; guduan osabarekin batera ibilitakoa zen eta bata bestea bezain zitala; ez zen, gainera, osabarekin azken urteetan ongi moldatzen. "Honetarako ez genian gudua egin" aurpegiratu zion, herrian alkateak eskua, nolabait, bigundu zuelako ustean. Izan ere, alkatea aberastu zela ikusi, eta bera, berriz, beti bezain zarpail bizi zen. Gainera, alabak etxerean ihes egin zionetik, hagitz zitalagotua zen, are; behin baino gehiagotan " gorri guztiak hil behar genituen" esan ukan zuen harek, alabari ere ez zion barkatu eta " neronek tiro eginen nioke" adiarazi zien, ostatuan adiskide burugorri batzuei. Guduan hala ibili omen zen, osabaren ondoan; eta hala, Hernaniko hilerrian, hamabi bat lagun exekutatu zituztenean, ez ziren biak ala biak handik urrunibiliko: osabak berak ere' bere eskuz apaiz bat hormari jostita utzi zuela, harro baino harroago, hedatu zuen, eta Oihangurengo Migelttok baietz. Atxilo eta gero, Gorostitzagoikoko larreetan ardiak han bazkatzen ibili zirela bazekien eta Iñakik, inoiz ordainik eskatu ez arren, esker oneko hitzen bat guttienez jaso nahi zuen.
- Ba, bertzerik nahi ez baduzu, hortixe aitzina zure bidea – andere ha senarra zen bezain zakarra.
- Bai, ene bidea zein den badakit. Beti jakin ukan dut. Nik nork salatu ninduen jakin nahi nuke, ostera – Iñakik bazekien, antzinadanik Oihangurengo jaunak lurrak zabaldu nahi zituela eta Iñakiren sendiarenak begiz joak zituela. Guduaz gero ere, Gorostitzagoikoaren soro-belardiez jabetu nahian ibili zela amak behin edo behin zehaztu ziola gogoratzen zitzaion Iñakiri. Honegatik edo haregatik, susmoa burutan zerabilen. Beharbada, atxilotzeko salaketa Oihangurendik sortu izan zitekeen.
- Ez etorri hona saltsa zaharrik nahastera. Ene senarra ez dago bizirik, eta ez zaitez etor beraren izen ona lohitzen.
- Ez nuke nahi, etxandere. Agur eta banoa, ontsa izan.
Emakumeak ez zion erantzun. Barruratu zen eta atea itxi zuen. Iñakik Maria Irache ekarri zuen gogora. Gaztettotan oso begiko zuen.
Maitez mindu ere zela, egia. Laster, baina, itzaldu zen. Donostiara edo ikastera joan zela eta harik aitzina, bizitzak beste bide batetik eroan zuen.
Aitarekin maiz ihardukika egiten zuela jakina zen. Aita bezain setatsua alaba. Etxeko atarian apaingarri esekita zeduzkan guduko dominak edeki zituenean, aitari gaitzitu zitzaion latz. Behin, bide batean aurkitu paper bat jaso eta etxera eraman zuen. Ez zekien zer zen, baina euskaldunen ikur bat edo antzeko zerbait. Polita zen. Aitak ikusi zuenekoxe, alabari gorrotozko so batez eraso zion. Eskolan adiskide batzuei' aitak jipoi gogorra eman ziola adiarazi zien. Alabak ez bezala, aitak halako gurutze biribil ha ezaguna zuen, guduan ibilita ikusia baitzuen, non eta bere etsaien ikur-oihalen artean.
Zafraldi gogor harek oinazerik ez eze, gogoaren barreneko min sakona ere eragin zion. Ez zen, hala ere, txil egiteko neska ahalgetia.
Aiurriz aita bezain latza. Hurrengo batean ikurrin zeritzon oihal zuri-gorri-orlegi bat etxeratu zuen. Aita suminak hartua. Zoratu zitzaiola zirudien. Begietatik su-txinpartak zerizkiola, oihalaren urratzen indarka ahalegin gorriak egin zituen.
Alaba ez zen aste osoan eskolan agertu. Gaisorik ohean zetzala zen esaera. Ama beti aitaren alde. Alaba bakarra zuten. Aitak beti semea nahi zuen, etxerako behar eta; baina amaren hitzetan "Jainkoak ez zigun semerik eman nahi", eta alaba hazi zuten. Aitak ez zuen serora nahi, baina, "bazterrak nahasten" ibiliko zen galdu bat izan zitekeela eta, serora nahiago. Eskolan hasi zenaz gero, herriko beste neskato eta mutiko batzuekin hasita, etxekoez bestelako zer batzuk ikasten hasi zen; eta, aitaren esanetan, "bide onetik makurtzen hasi" ere bai.
Adiskide egin zituenen artean, Labandibar zuen, itxurak zirenez, gogokoena. Neskekin baino mutilekin areago, eta, sarri, piper egitean ere mutilak lagun. Ez zen ikasterako grinatsua. Isila izaiten zekien, eta inori gogor egin beharretan gogor izaiten ere bai. Gorrotxarekin hala gertatu izan zen, behin baino gehiagotan: elkarri mokoka. Biak izaera zakarrekoak eta ez beti elkarren ondoan jarteko errazak.
Donostian poliziak non-nahi eta ikastetxetik ihes egina zelako, nonbait atzemanen zutelako arriskua eta ez zen etxetik ateratzen.
Hiruzpalau ilen ostean, gau batez, lagun baten beribilean, Donostiarean beste aldera itzuri zen, Bidasoaz haraindira alegia. Maria Irache harez geroztik, ez herrian ez etxean inork ez zuen ikusi.
Gurasoek ez zekiten besterik. Gupidarik ez zuen gizaseme oihesa zen Migeltto. Alaba ihes egina zela jakin zuenean, inoiz ere berriro ikusiko ez zuela zin egin zion bere buruari. Aita-alabak, hein batean, jite berekoak, baina hau lehengo lege zaharreko gizona zen bezala, alaba legerik batere maite ez zuena zen. Hitzetan aita bezain zakarra eta Iñakiri hala oldartu zitzaion, jolasean mutikoak nahi ez eta mintto egin zion batean:
- Hi, txotxo hori, ez dakika ongi jokatzen? Hoa pikutara, ergela en ergela! Hi apaiz joan beharko duk, bertzetarako on ez haiz eta.
Iñaki, lotsa-lotsa eginda, isildu zen, eta bazterreko harri baten gainean eserita geratu zen. Neskatoa, aldiz, ez zen isildu:
- Hoa ardiak zaintzera; hi ez haiz ezertarako. Horrelako txotxo, amazulo matoin hori, itzalotz hutsa haiz! Ardien artean hobeki habil hi. Axuri txuri txatxu hori!
Aita eta ama bezala, halako hitz gaiztoak josten hasita, haria luzatzen bazekien. Iñaki maiz, maizegi, haren irain sarkorren jasaile.
Honela eta guztiz ere, mutikoak beti begi onez begiratzen zion.
Aita gizon zangarra zen, Carlos alkatea zen bezain gozakaitza, eta honegatixe edo beste zerbaitegatixe, elkarri tipoka usu.
- "Hi alkate jarri hintzen, baina ez duk herrian agintzen; gazteok burura igo zaizkik, txapelera, eta orai nork zuzendu makurrok? Arraioa!
Hemen, hartzara, gudagizon gotor bat jaiki eta goian jartea behar diagu, bertzela onik ez diagu: hauek gazteok gorri amorratuago zatozak, eta Espainia hautsi behar ditek. Zertarako isuri genuen, beraz, guk hainbat odol? Aladzipo!" – egotzi zion behin, Jurramendira joaitearen aurregunean. Alkateak ez zion erantzun. Gizon suminkorra zela bazekien.
___________________________- "Ni ez noak, arraioa! Zertara, ordea? Meza entzun, Oriamendi kantatu eta Lizarran oparo bazkaldu bertzerik ez diagu egiten eta. Madrilen, berriz, guk nahi ez genuen errege zikin bat jaun eta jabe. Hemen, gainera, gazteak bide makurretik, eta laster bertze behin gudura joan beharko guk, garbitu bat latza egin beharko, berriz ere, hemen berean, herrion. Arraioak ez badu! Potrorik ez dago, ala? Gernikaraino iritsi ginenean guk bai potroak! Berriz ere sarraaaskitu beharra baldin bada, egin egin beharko, aladzipo!"
Carlosek ez zion deusik ihardetsi. Urte haretan Jurramendira joaiteari utziko zion, haserre biziak biak eta Oihangurengoak mehatxu latza egin zion. Alkateak bazekien, halako gizaseme haserreak zer-nahi egiteko gauza zela eta zemaia beteko zuela.
Carlos Jurramendin izan zen. Urtetik urtera gero eta lagun gutiago igaiten zen, baina berak ez zion halako egun handi hari muzin eginen. Aurreko egunetan, aldiz, zurrumurru kezkagarriak heldu zitzaizkion. Urtero eramaiten zuen, baina egun haretan bereziki, pistola txikir bat sakelaratu zuen.
Lizarratik gora gizaseme andana ibilasi zen. Erreskada luzea. Aiegiko maldan zaharrenak, taldeka, bide bazterretan gelditzen ziren.
Gazteenak beti aurrera. Errege-nahiaren arreba agertuko zena hedatu zen. Inork ez zuen ikusi, halarik ere.
Apaizak meza eman bitartean, gainean bildu lagun-aldra, txapel gorriak eskuetan, adi-adi zegoen, isiltasuna otoitzek ez bestek urratzen zutelarik. Carlos erne entzule ez ezik, ikusle ere bai. Harkaitzen artean eserita zegozen gazte batzuei begira. Meza luze joan zen.
Belauniko jarrita, azken otoitza ari zirenean, gazte haiek, txutxumutxuka ari zirela ohartu zen.
Bukatu zen meza. Hasi ziren Oriamendi abesten. Oihu bat entzun zen. "Muera el traidor" iraitzi zuen bakar batek. Aldamenean zegoen zaharkote bibotedunak makilaz jo zuen. Jaiki ziren beste gazte batzuk, harkaitz haietarik, eta ukabilka. Zaharkotea zapuztu zuten.
Ondoko lagunak makilkada gogor bat eman zion, borrokan hasitako gazte haietako bati. "Viva el Rey Carlos" oihu egin zuen beste ondoko batek. Harrikada batek gazte bat uzkaili zuen. "Dios, Patria, Rey" arte baten ostean altxaturik zegoen gizaseme eihar batek. "Y Fueros" ihardetsi zion, ozen-ozenki, bidean behera hasitako herren batek. Gazte bati bururean begitartera odola zeriola eta, ondoko adiskideek bazterrera alderarazi zuten, bultzaka. Carlos erne begira. Geldi zegoen. Zut-zutik. Mezan egon zirenetarik gehienak jaisten hasiak ziren. Borrokan ari zirenak, biraoka. "Gora Euskalerria" oihua harkaitz baten ostetik hedatu zuen zebilen ipar hotzak. Carlosek pistola eskuratu zuen. Aurrean, buruan ukaldi latzak uzkailitako mutila. Ondoan, apaiza, geldi. Tiro egin zuenean, mutil luzanga bati begira zegoen. Berehala lurrera erori zen. Apaizak eskutik heldu zion, eta pistola beherarazi. Carlosi begiz begi so egin zion.
Gelditzeko agindu bezala, baina hitzik ez. Tiro hotsa entzunik, borroka eten zen. Gehienak, behingoan alde egin eta, herrirantz beheratzen hasi ziren. Apaizak Carlosi ten egin zion, besotik, eta bertarean bazterreratu zuen. Biak 'tertzio' berean ibili zirenetik elkarren ezagun handiak ziren; apaizak bazekien, beraz, Carlosen odol beroaren grina nolakoa zen. Lurrean hilik zetzan mutilari hurbildu zitzaion eta otoitz egiten hasi zen. Bukatutakoan, Carlos itsu-itsuturik, pistola eskuan, kopetilun, zut zegoen lekutik, bidean beherantz joanarazi zuen. Apaiza beldur zen. Harako egoera lazgarrian, beste bat hiltzeko gauza izango zelako beldur. Laster biakLizarrara iritsi ziren.
Egun lainotsu batean, Iñakik askoz geroago jakin zuena egia izaitekotan, basora egurretara joan zen eta bertan hil.
Behigorkuko pago bat motozerraz ebakitzen hasi zen, eta, motozerra ebakiduran lotuta geratu zitzaion; azkoraz zabaldu nahi ukan zuen eta joka hasi, zuhaitz lerden luzea ia alderik alde ebakia bai, baina motozerra harrapatua zedukan, erauzi ezinean gizona, kateatua motozerra eta zuhaitzak biratto egin zuen, eta bat-batean erori eta gizona ohartu ez, eta ohartu orduko ihesi nahi, eta enbor astuna gainera erori zitzaion, dra! Bertan leher egina hil zen. Gizon latza Oihangurengoa. Bizi zen bezala hil zen.
Etxe haretatik aldentzean ez zeraman besterik burutan: beharbada, harek gizon harek salatu zuen, eta ondorioz atxilotua.
Ez zen asko kezkatu, etxera heldutakoan, irratian hilketa baten berri eman zutenean. Motorraz zihoan gizon bat zen hildakoa. Ez zuen, lehenik, usterik asko izango, hila Labandibar izan zitekeenik. Irratiak ez zuen zehaztasun larregirik hedatu: Hendaian gertatu zela, motor handi baten gainean zihoala, gizonezkoa zela, besterik ez. Tiro bat iraitzi ziona, antza, beltzez jantzitako emazteki bat izan zitekeena ere gaineratu zuen, bigarren aldian. Motorra errepidean, eta gibelerean beribil beltz bat hurreratu omen zitzaion. Aitzina hartu eta motorra okerka-mokerka eta talka egin zuen. Motorzalea lurrean erorita, konorterik bage, arat, eta beribil barrutik hiltzailea atera, eta tiro bakar bat egin zion, burura.
Ostatura jaitsi zen hurrengo batean jakin zuen. Atsebage biziki mingarria izan zitzaion. Adiskide bakarretako bat zuen, eta adiskide zintzoa zuen. Lantegian elkarrekin ez ziren beti ongi moldatu izan, baina geroago elkarrenganako begirune sakona sortu zitzaien, bai batari bai besteari.
Lankideei laguntzeko prest egoiten zen. Txanda aldatu beharra zuenak bazekien Labandibarrek ezetz ez ziola erantzungo.
Enpresarioak lantegia herritik eraman nahi zuela ohartu zeneko, Labandibarrek asmoaren berri beste kideei helarazi zien.
Hasieran ez zioten sinetsi. Iñakik ere ez. Lantegiko atean, paper batean idatzita eseki zuenean, enpresa-burua txit haserretu zen. Nork egin zuen jakin nahi eta jakin egin zuen. Bulegora deitu zion, eta, halakorik berriz ere gertatuz gero, lantegitik bidaliko zuela zemaitu zuen. Labandibar ez zen kikildu.
Urtebete joan zen eta lantegiak bere lekuan zirauen. Gehienek, beraz, eta Iñakik besteak beste, Labandibarren susmo hura gezurrezkotzat jo zuten. Herriko lantegia ekoizteari zeragoion bitartean, ugazabak lur-sail zabala erosi zuen, non eta Logroño hiritik hurreko poligono zeritzoten enpresa berrien eraikitzeko salgai zegoen eremu batean.
Gómez-Agote jaunak egokiro ikasi zuen, behar zituen hariak aurrenik iruten eta gero hariltzen. Ilsaria murriztu beharko ziela eta, langileak haserre ziren. Batzarrean, ozento adiarazi zien, diru-paper bat eskuan goiti "hemen honek agintzen du" egotzi zienean.
Langileek ez zuten pozik irten batzarretik.
Azkenengo asteetan, oholak egiteko enborrak zekartzaten kamioiak, lehen baino sarrera gutiago eta, egun biz behin gelditurik egoiten ziren. Pabilioian pilaturiko enborrak inoiz baino gehiago. Itxura zenez, salmentak ere urritu ziren. Hau beharginek bazekiten. Ugazabak datu zehatzak eman nahi zizkien, eta salgaietan % 5 inguruko murrizpena gertatu zela zehaztu zien. Enpresa ez zebilen, beraz, ongi.
Labandibarrek ihardetsi zion. Datu zehatz haiei gehitze aldera, dirutan zelako emaitzak lortu zituen ere zehazteko eskatu zitzaion.
Frantziako merkatuan inoiz baino gehiago saltzen zela aipatu zion (bulegoko informazio zuzena zuela ez zion susmarazi nahi baina) eta zuraren salneurria goratua zebilela adiarazi zion. "Makroekonomiaz hitzik asko bai, baina hemen mikroekonomiaz bizi gara gu" aurpegiratu zionean, Gómez-Agotek ez zuen ondo hartu.
Ugazabari ez zitzaion batere gogoko izan sindikalista haren jarduna. Batzarra bukatu baino lehen, langileei leihakortasuna handitu behar zutela, eta lan-ordu gehiago egin behar zutela berretsi zien. Enpresa handiekin lehian aurrera joan beharra zegoela eta, tikiak beti zailago, langileek lan gehiago sari gutiagoz jardun behar zutela adiaraziz bukatu zuen.
Hantxe bertan erabaki zuen. Susmo zuen eran, Labandibar komunista zen. Hizkeran berean ere nabarmen. Bat bakarra, beraz, nahikoa eta aski, beharginak oro nahasarazteko. Kaleratu behar zuen.
"Greba" deitua zegoen. Ugazabak, horma batean hitza irakurri zuenean ez zuen jakin zer esan nahi zuen. Bulegoko idazkari gazteak azaldu zion. Deitzailea nor zen ez zuen enurarik: Labandibar. Biharamunean, greba deitu zuena kaleratzeko egipide guztiak egiten has zedin agindu zion bulegoko idazkariari.
Iñaki ez zen batere grebazalea. Baserrietan lanik eza pentsaezina, lehengo lege zaharrean ekanduak ziren gizon haientzat, bederen.
Nagusiarekin hitzez zerbait erdiets zitekeela uste zuen. Lantegiaren jabeak, azken baten, emaiten zion lanarekin saria.
Labandibarri mutil ona baina ahoberottoa zeritzon. Egiak esaten zituen; ez, hala ere, guztiz sinestekoak ziren eritziak ere hedatzen.
Gómez-Agote ugazaba (harek maiz Don Hilarión esaten zuen) ez zen gizon malmutza; nagia ere ez inondik inora,bere enpresa aurrera ateratzen gizon saiatua zen: askotan langileekin hitz egiten zuen, ez gutitan bulegoan lanari ekiten ere bai; egunik gehienetan beharginak baino beranduago irteten zuen lantegitik etxera. Sindikatuak, gehiago, ixkurdu egiteko bai, baina ezer onik egiteko gai ez zirelakoan zegoen. Beti enpresarioa gaiztoa eta beti lagileak zintzoak zirelako eritziari ez zitzaion zuzen.
Lanuzte egunean giro iluna zegoen. Hodeiak ere ilunak ortzian, eta euri jasa ekarriko zutela nabari zen. Ugazaba ez zen agertu. Baten batek esan zuenez, Madrilera joana zen. Batzuk lanari utzirik lantegi aurrean jarri ziren bitartean, beste langileek barruan egunoroko atazetan ziharduten. Egun bateko greba zen, eta biharamunean lanera itzuli zirenak bulegora hurbildu ziren, nagusiarekin hitz egiteko asmoz. Gómez-Agote jauna ez zen bertan.
Aste osoan ez zen lantegira agertu. Madrilen, abokatu-bulego batean beste garatz batzuk antolatzen jardun zuela jakin zen, harik laster.
Itzuli zuenean Labandibarren kaleratzeko agiria zekarren. Legearen arauera, inor langetu behar zenean, "enpresan jardundako urtekal hogeina eguneko ordaina eman behar zaio"; langetze hori gauzatu aurretik "kanporatuko duen langileari astebeteko epea eman behar zaio, helegite eskubidez, auzitara jo nahi ukanez gero egin lezan" eta "ezin inor kalera daiteke arrazoizko zio bategatik ez bada" legeak zioenaz. Legelariek agiria atondu zuten. Labandibarri greba deitu izana egotzi zioten. Zurrumurru aizunak eta gezurrak hedatzea ere egotzi, ugazabaren kaltetan beti, eta, ondorioz, enpresari berari kalte egiteko xedez asmatuak. Astebetez lanera joan ez izana ere egotzi zioten (gezurra zen arren) eta aldiz aurretik abisu eman ez zuelako, ekoizpenerako beharrezkoa zen makina bat gelditua izan zela zehaztuaz, lantegiari gaitzurre sortu ziola iradoki zuten. Lan-arazoetarako auzitegiko epaile gorenak ebatzi behar zuen. Ohi ez bezain laster, hiru asteren buruan epaia emanda, Labandibar kaleratzeko eskaera onartu zuen.
Lankide gehienek ez zuten ezer egin, Iñakik ere ez. Ugazabak beste neurri zorrotzago batzuk hartuko zituelakoan, beldurrez joak.
Labandibar, beraz, ez zen berriro lanera itzuli.
Zeinbat bider damutu eta garbaitu zitzaion, bada, orduz geroztik, Iñakiri, ezer ere egin ez izana, Labandibarren alde! Kaleratzea ez zitzaion zuzen iruditu, honela eta guztiz ere, nagusiari, Hilarioni alegia, ezer esatera edo aditzera, edo bere eritzia azaltzera ez zen ausartu. Ez zen bidezko, ez zen zuzen, halako gizon bat lanik bagetzea. Ez zen, gainera, langile txarra, ez batere lorrina. Mekanikari trebea zen, motorea gelditzen zenean, hantxe bera, eta berak konponduko ez bazuen ez zuen inork eginen.
Hirigoien hil zenean, Iñakiri ez zion begi onik egin, auzitegian egia esan zuelako. Labandibarrek bazekien Gómez-Agotek ' marihuana' saltzen zuela, eta langile batzuek erosten zutela, eta Hirigoien berauetako bat zela; eta honen ondorioz hil zela, ezbeharrean. Urte batzuk geroago aitortu zion.
- "Egia, duk, Iñaki. Oker handia izan zuan. Nik banekian, eta behin, bulegoan bakarka biok, hala aurpegiratu nioan. Zer erantzun eta, dirua behar zuela aurrera joaiteko, eta lantegia itxi beharko zuela bertzela eta; izan ere, marihuana hain kaltegarria ez zela, langileentzat ere bere alde onttoak bazituela, eta kinka larri haretatik irten zezanean, halako sal-erosketa bazter utziko zuela. Egia duk, guk geuk ere,joanamari hain-hain kaltegarria ez zelakoan, 'porrotto' bat egiteagatik deus ez zelakoan, bada, zera, begi onez ikusten genian, gazteak orduan gu eta. Ugazabak, bertzenaz, merkexeago saltzen ziguan, Donostian anitzez garestiago. Nori salatuko nion, bada, haz ostean? 'Guardia Civilei'? Zakurrek txosnetan saltzen zitean, bada! Salatari neu, ez eta hurrik eman ere! Gómez-ek harreman onak zitian hire osaba alkate jaunarekin. Nagok negozioa geroago Iñigo hire lehengusu maiteari eskualdatu ziola.
Harik urte batzuetara, ugazabari zerga eske, gutuna igorri ziotenean, niregana jo zian. Nik zerbait banekielakoan etorri zitzaidaan.
Diru-mukuru ederra eskaini zidaan, bakean uztearen ordain. Badakik zer egin nion? Dirua hartu nioan. Hi herori Burgostik honaratzeko, zatiño bat xahutu behar ukan nian, ehe. Epaile jaun txit diruzale harek ez zian ezer egin nahi, dirurik jaso ezik. Apaizak erakutsi zionean, gizona beratu zuan. Toga zintzilik bulegoan, baina diruak lege guztien zirrikituak oro ireki zitian; dirua toga baino legelari hobea, hots. Txosten bat idatzi zian hire kartzelaldia murrizte aldera. Batetik epaiketan egiatzat joriko irargi bat, froga erran zian, epez landara aurkeztu zutela, eta, azkenean, ez zakiat nola, bete beharreko urteak erdira eraistea erdietsi gizonak! 'Guardia Civilak' aurkeztu zuen txostena ere, hara!, orduan ohartu epaile erne ha!, izenperik bage zegoen eta hau ez zian legezkoa!; eta hiru laurenak, beraz, beteak hituela. Zeinbait epaile, legea interpretatzerakoan, dirua mahai gainean ikus eta begiak zabalkiroago, eta orduan esku-zabalago... ahurra batez ere! Gómez jaunari, beraz, eskerrak.
Ez, oker nengoan, egia. Droga harek egundainoko kaltea egin ziguan. Nagok, oraindik orai ere, egiten digula. Etsaiak gu lasai nahi gintian, mendeko nahi gintian, mantso gu. Joanamarik ziri ederra sartu ziguan. Hala galdu zuan gure sindikatuko neska gazte langile nekagaitz bat.
Iruñetik Gasteizera bitartean, lantegiz lantegi ibili ohi zuan. Arazo bat non eta bera han. Langile bat non kaleratu eta hantxe laguntzera neska, urgatzi behar zitzaionari urgatziz. Ugazabarekin hitz egitera joan behar bazen bera prest, eta hitzetan leuna neska. Hara-hona ibilki eta, batean edo bestean, joanamarirekin ibilten hasi zuan. Gero eta gero sarriago. Iruñean ohikoa zuan. Zerbait bazuen horrek belar horrek gizakia krokatzen zuena. Bulegora noiz joan noiz ez joan hasi zuan. Lehengo ibilbide zuzena okertu, makurtu zuan. Neska maratza zena nagitu zen tint. Azkenean behar zuena erosteko, saltzen hasi. Saldu behar zuena erosteko, erosten. Batarekin zor, bertzearekin zor, eta ordaindu behar, eta dirurik ezean, nola ordainduko zuen, bertzela? Mehetu zuan, soinez; maskaldu zuan, buruz; ahitu zuan, gogoz.
Bere egitekoa ezin eginez zebilan. Usu agertu ere ez. Ez gutitan mozkor arraildua. Sindikatuak bidali behar zian. Hala ezin zuan aurrera egin. Kanpora egotzi behar zela zioten sindikatu-kideei nik ezetz. Lagundu behar geniola. Nola lagundu, ordea? Berandu zuan.
Kokainaz sats eginda zegoan. Bizirik hila zirudian, irudi.
Gau batean, Iruñeko karrika bateko horma baten ondoan, azpi hotzean hilik gelditu zuan. Biharamun goiztirian, kale-garbitzaile batek aurkitu zian. Udaltzainei deitu eta berehala agertu. Nor zen ez zekitean. Astebetean, ehortz-etxe batean eduki zitean. Sindikatuak, gertakari haren berri jaso bezain laster, norbait bidali zian eta beronek ezagutu. Harik bizpahiru egunetara, hobiaren gainean lore sorta bat ipintera joan nintzaioan. Hiletarik ere bage, hobiratu zitean.
Gurasoek aspaldidanik haren nondik-norakorik ez zekitean. Jakin nahi ere ez, eta hilerrira ez zituan agertu. Hala zendu zuan haientzat, alaba zintzo askoa izaitetik kokainak satsutua izaitera heldu zena.
Bai, okertu egin gintuan, Iñaki. Ez genioan gizakia lorrintzen duen drogari biderik eman behar; bidea itxi behar genioan, eta ez genian egin. Aitor diat ".
Iñakik ez zuen Labandibar gogorean edeki luzaz. Lantegitik bidali zutenean beste bide bat hartu zuen: heriotzarako bidea.
Aginak bizirik zirauen. Land-roverretik jaitsi zen eta beste arrosa bat ipini zion. Aurreko biak ximel zegozela ikusi zuen, eta, atzera etxera igaitean, berrituko zituela pentsatu zuen. Hiru adiskiderik minenen oroigarri ha bizirik iraunarazi nahi zuen.
Herrian azoka eguna zenez, ohiturari atxekiz, non zer ikus eta behar izaitekoan eros, zeiaratu zen. Ez zekien, baina ahuntz batzuk edo, otean, erosiko zituen, ardiekin geri-elia handitu nahi baitzuen. Adinean aurrera zihoan, baina abere xehe horiek ez dira geinatzeko zailak eta, zakurraren laguntzaz, ongi moldatuko zela uste zuen.
Karriketan jendetza zegoen. Elizalde osoa, bazterrik bazter, aberez zein aberedunez lepo. Alde batean behiak, bestean ardiak, kantoi ostean behorrak... zer-nahi ikus eta erosteko aukeran. Eskualdeko herri guztietarik jiniko baserritarrak ohi bezain ugari. Ez zen hitzaro ozena baizik entzungai non edo non, batzuk aspaldiko adiskideekin ele-meleka, bestetzuk sal-erosketan ikamikan, isilik zebiltzan ikusle erneak ere heuragi. Ostatua lagunez okitua zegoen. Iñakik ez zuen sartzerik ukan. Elizapeko oholtza baten gainean, gizon lodikote bat, isiltzeke, orotariko gauzak eta, saldu nahian, mikrofonoa eskuan, hoskorailu bi alboetan, enparantza guztian zebiltzan guztiek entzun ziezaioten, hitzari hitz eta inoiz ere isildu behar ez zuela zirudielarik. Bizarra mozteko labanak saltzen zituen bezala, euritako margotsuak ere salgai, eta ehizatarako egoki-egokiak ziren txamarra batzuk laster saldu zituen era berean, elur egunetako hotzari aur egiteko eskularru lodiak ere erruz saldu zituen, brist baten. Hitzontzia halakoa, berriz, gizon ha! Iñaki ahuntzak ikustera gerturatu zen. Lau-bost eta akerra erosita, nahikoa. Ahuntzaina ezaguna zuen. Ezkerrena etxeko mutila zen, esku biak bata bestearen gainean txibitaren zian eta gainean okotsa, aitzin aldera makurtuxea. Inora begira ez eta oro ikusten. Iñakik agurtu orduko ahuntzen galdera egin zion.
- Hauek guztiok iazkoak dituk. Ederrak, ehe; ongi janik zagozak eta – mutilak bazekien bereak ederresten.
- Aukeran, meheegi zagozak; neguan ez dituk gehiegi gizendu. Zenbatean? – Iñakik begi onez hartu zituen, eta, erosteko asmoa ekarrita, hantxe zuen ereti ona.
- Ahuntzak-a ez dik gizenegi egon behar. Esnetarako on-onak dituk hauek. Bai mendian bai etxeko soroan, zer behar eta huraxe jaten ohituak, gero, hauek, ehe.
- Zer behar eta behar ez dena ere, jaten ditek honelakook. Zenbatean, beraz?
- Heuretzat baldin badira, merkeago. Hik-i ongi geinatuko dituala bazakiat eta. Bostok eramanez gero-o, esku batera, erospen bikaina eginen duk. Eskuraerraxak ere badituk eta.
- Horretarako zakurra lagun diat. Ni lasterka maldan goiti eta beheti ibilteko gero eta ezgaiago nagok. Urteak gainean. Erranen al didak, behingoz, zenbat egiten duten hauek?
- Hik uste baino guttiago. Bosten ordain berrogeita hamar mila pezeta. Akerrak hogei mila balio dik, horrek-e lan handia egiten zakik, ehe.
- Tto! Merke erran duk, baina, ez haiz labur geratu, ehe. Eskatzea, gero, nahi adina, emaitea duk-u, neketsu.
- Adizak, Gorosti, hauek ahuntzok lakorik non, gero? Herori leku askotan ibilitakoa haiz, bai, nabari duk; baina, ahuntzon antzekorik, ez eta hurrik eman ere, inon ez.
- Heu ere, non-nahi ibilia haut, antza. Berrogei mila aski ez baduk, alperrik ari gaituk, auherrik, bertze batzuek erraiten duten bezala.
- Bostok eta akerra hirurogeian. Nahi baduk, eraman egizkik, to.
- Berrogeita hamar eta kitto. Hartu nahi baduk, hementxe dadukak – Iñakik zarparean ateratako diru-multzo bat erakutsi zion.
- Tira, baina akeita, txola eta txokorra hire kontura – mutil ernea zen Ezkerra, eta zeia askotan jardunikoa,
- Garen, bada. Hori egina zagok.
- Asa, goazen ostatura. Garatz ederra egin diagu, bai neronek bai herorrek.
Land-roverrera sartu zituen, nola edo hala, pila bat eginik. Etxeranzkoan ez ziren itoko, eta heldu bezain laster ukuiluan aske utziko zituen. Nagusia ezagutu bitartean, hantxe. Geroz gehiago, Bordaxahar aldera igoaraziko zituen, larrez larre ibil zitezen.Aitonak ez zituen ahuntzak oso maite. Hau etorri zitzaion gogora, ukuiluan bost adarmehe haiek barrutu zituenean. Kalte onura baino gehiago egiten zutela erizten zuen. Zuhaixka bigunen artean halako "hagintxikatzaile merroak" ibiliaren ondorioa nabarmena ei zen: zuhaitzak luze bage zimeltzen hasi eta eiharturik amaitzea. "Abere gaiztoa duk hori, muttilko. Pittika politta duk, akittika dabilenean batik bat, baina hazi nahi eta oihanean badabil orotarik jaten zakik. Geroenik, ez dik kimu batto uzten, txirpi bat ere ez" behin azaldu ziola gogoratu zitzaion. "Baina, aittona, zein gozoa den ahuntzumekia!" erantzun ziola ere bai. "Gainera, zuk, aittona, beti erran ukan didazu abere guztiak maitatu behar ditugula" ere erantzun ziola gogoan zuen. "Bai, hori egia duk. Abere gaiztoa erran diat, eta gaizki errana. Izaitekotan, muttilko, erranairu batek dioena duk, eta, abere gaiztoa, izaitekotz, da gorrotoa" eta hau entzunik harriturik geratu zela ez zitzaion ahantzi.
Harako hitz eta pitz hura gertatu zen garaian, ez zen girorik. Sarri gogoratzen zitzaion. (Niri behintzat birritan jaulki zidan.) "Aurregunean, berriak hedatzen haizea zalu zebilela zirudien: Lehergailu gogor batek, omen, Madril zeritzon hiri handian gizon handiki bat, izena behintzat handia zuen bat, hil zuela jakin zen. Aitona egun haietan ez zebilen batere lasai. " Berriz ere gudua ekarriko ziguten" erran zion amari nik aditu ahal nuelako usterik ezean. Nik ez nekien nor zen eztanda lazgarri, omen, haren ondorioz etxe handi baten teilatuaz bertze aldera erori eta dzapart eginda gelditu zen gizon ospetsu hura. Aittonak bazekien. Gudagizon anker bat omen, gudua piztu zutenen lagun handia, antza. Santoñan saguen antzera harrapaturik geratu zirenean aitonak, hondar unean, ihes egitea lortu bazuen ere, bertze hainbat adiskide, hainbat lagun hantxe atxilo geratu eta hurreneko egunetan, haietako anitz eta anitz, berrehundik goiti lagun, bertan tiroz hil zituzten, fusilatu alegia. Ez zen urrun, bada, gizon anker hura handik. Izan ere bertakoa zen.
"Ugartemendia, Crescencio" dei egiten omen zieten, banan-banan, eta eskua goratutakoan, bi zaintzaileren artean, gibelean besoak loturik eraman. Deia jasotakoak ez zuen, orduan, hogeita bat edo bi urte baino gehiago, ez zen maiz herritik urrundua izan, baina guduak bere etxetik beretik abaztorratu zuen, eta, nahi ez nahi, sutan oro kiskali beharrez gainera zetorkion etsairi aitzi egin behar ukan zion, hil ala bizi. Hormatzar baten ondoan zutik jartzen zuten, begiak zapi batez estaltzen, aurrean bortz-sei gudamutil fusilak eskuetan, aldamenean koronel itxurako gizonkote ozar batek agindu emaiten zien, eta bat-batean bospasei hots, eta aurrean jarririk zen mutil gaixoa, bular alde osoa odolez gorritua, lurrera erortzen zen, hila. Honela, egun haretan, berrogeita hamazazpi mutil hil zituzten. Sotana beltzeko apaiz batek, hilotzak hobi handi batera bota aurrez, bedeinkatzen zituen, eskuinaz eguratsean gurutzea eginez. Horma odol zipriztinez lohitua, eta odola lurrarekin nahasia lupeztua, koronelak garbitzeko aginduko zuen. Hurrengo egunean, bertze berrogeita lau hala hil zituzten; eta hurrengo egunetan bertze hainbertze, eta gehiago.
Aitonak bazekien; eta gudua, berriz ere, piztuko zela beldur zen, Madrilen hil zuten haren berri jasorik. " Burdinaz hil zuena burdinaz hilko da" erran omen du ez dakit zein liburuk, eta aitonak hala zioen. "Madrilen otsoak zabiltzak kaleetan" adiarazi omen zion adiskide batek eta "laster gure aitzi jinen ditun, ardi-odol surrean" amari erran ziola aditu nion.
Igandeko azokara ez zen jaitsi, ohi ez bezala. Alkatea orduan gure osaba eta jazarriko zitzaion lotsaz. Ez zen lehenbiziko aldia izanen.
Saratik itzuli zenaz geroz, ikusi zuen lehen unean " separatista guztiak hil ez genituela eta, damu dut" egotzi zion, bekoz beko. Aitonak ezin ihardetsi ukan ziezaiokeen deusik. "Ni isildu ninduan – azaldu zidan aitonak ahalge – Sanjoanak herrian egun handia, eta etxe guztietan oihal gorri-ori-gorriak. Geurean, ordea, ez. Basaburuan beti askeago, noski. Baina, hara! han agertu zitzaiguan, herriko mutila, txapel gorria buruan...: 'Auzapez jaunaren aginduz, eseki ezazue Espainiaren ikurroihala etxearen aitzinaldean. Agindu hau bete ezean, isuna ezarriko dizuela'. Guk bete behar, noski!".
Madrilen gertaturiko hura zera atzenduxea izan zedin arte, aitona Bordaxaharren egon zen, gau eta egun, egun argiz ia landara agertzeke, herriko txapelgorri zeinbait, mendeku gosez, bera galtzera etor baitzekiokeen. Izan ere, harako gau batez, baten batek, Erdikosoro azpian eraiki belar-metari su eman, eta negurako behar zen sarale peiturik utzi gintuen. Amak, zaio gaiztoak hartua, Migeltto Oihangurengoa itzalpean ezagutu uste zuela zioen, baina nork jakin. "Gaurean baten, etxea erretzera ausartuko ditun" adiarazi zion aittonak eta amak buruaz baiezkoa. "Ene bila nahi badute, Bordaxaharren izanen naiten"; eta bertara igo zen. Bertze behin, ni eskolan, eta gure larrainean katu beltza kordel batez lotua eseki zuten. Senideak Goikosoron lanetan eta bazkaritarako itzuli zirenean, hara! hantxe katua, lepoa mozturik, dilindan. Niri ez zidaten deusik erran, baina nik zerbaitt aditu bai. "Umeak ez din ezer jakin behar, nahiko gorroto eta aski bazagon gure aldamenean, eta hoboro piztu behar ez dun, ahalaz" amari ziotsola entzun nion. Gorrotoa zuen gorroto. Aittonak hala erraiten zidan beti, bizitzan gorrotoa maiz norberaren kaltegarri dela".
Ahuntzak larrean jare utzi zituen. Igandea zen. Ekandu zaharrari jarraikiz, eguerdiko mezatara jaisteko eguna. Iñakik, baina, aspaldi joaiteari utzia zion. Ez zen, beraz, elizaldera hurreratu, udaletxera baizik.
Herriko alkatea hautatu ahal izaiteko aukera eta ez zuen huts egin nahi. Adiskide zuen eta, Gorritiri emanen zion boza. Gorrieteneko artzain zaharraren semerik gazteena, apaiz izaiteko asmoz Iruñera joan eta bost urteren buruan atzera bihurtua zen. Gazteek, batik bat, herriko endore nahi zuten. Gizon egokia, hitz gutikoa, baina guti hori zentzuzkoa beti. Bozkatutakoan, ohikoa: ostaturantz; eta ordu bietarako etxen nahi zuen.
Arkupetik apaiza. Agur amultsu batez egin zion hitz:
- Hola, Iñaki. ¿Qué tal andamos? Ya es un tiempo que no nos veíamos y deseaba poder saludarte, Dios mediante.
- Bien andamos.
- Ya supe de tú estancia obligada, ciertamente, en Burgos. Lamento no poder haberte ayudado en algo, para, de alguna manera haber aminorado la aflicción que, sin duda, supuso tu traslado a la bella ciudad castellana.
- Allí esté. Siete años y cuarenta días.
- Observo que no acudes al servicio dominical. Creo, sinceramente, que, siguiendo la honorable costumbre de tus padres, deberías acercarte más a menudo a nuestra Santa Madre Iglesia – apaizak bere harira joanarazi nahi zuen.
- No vengo más. Ya esté en Burgos todos los días a misa, nos obligaban y. Los padres ya creían, pero yo ya no. Además, ¿pa'qué? Si antes no entendía latín ahora no entiendo bien castellano.
- Claro, claro, Iñaki, ya lo comprendo, pero, se da la circunstancia de que yo no he aprendido el vascuence, y además han venido al pueblo familias foráneas que no conocen este viejo idioma de la Montaña y a las que debemos recibir y atender con especial aprecio y consideración. Dios nestro Señor nos entiende a todos; y, al fin y a la postre, los hechos mundanos no le conciernen.
- Bien, pues. Tú hases como quieres. Yo lo mío hago – eta aldendu zitzaion, ostatura sartzerakoan.
Apaizak burua beste aldera biratu zuen, arramuskada egiteaz bat.
Gizon batzuk zegozen. Alkatea nor izango eta elkarrizketak ohikoak baino ozenagoak. Gazte alai batzuk, edalontzian garagardo piter bat, hitz-algaraka ari ziren. Alkategaiak pilota-tokia berriztatuko zuela hitz eman ziela zioten eta pozik. Euri egunetan, jokatzeko ez zen lekua: busti eta labaingarri, eta hala ezin zen; eta sabaia ipini behar zitzaiola uste zuten. Merkea ez zen izango, baina udalak dirua zedukan.
Iñakik ez zituen ezagutu. Herriko semeak zirela uste bazuen ere, gaxte-gaxteak eta ezezagun. Batari, itxuragatik, urliaren semea izan zitekeela antzeman zion; beste batari berendiarena, agian, besteari... baina ez jakin. Hurretik iragaitean, ordea, haien mintzairak belarritan jo zuen. Erdaraz ari ziren. Beharbada, ez ahal ziren herrikoak. Bai, bat, gutienez, bazen: "Aupa, Iñaki. Aspaldiko. ¿Cómo te va tío? Has bajao a botar, ¿no? Ai que botar a Gorriti, la ostia: ese es deputamadrekoa" ikus eta bertan irautsi zion, txunditu zen Iñakiri.- Zu nor zaitut, ba?
- Ostia, Iñaki, yo el pequeño de Giputzeta. Ez nauzu rekonozitu, ala?
- Giputzetakoa zu? Zera, Migelandiren semea? To, ederki handitu zara, ba.
- Hombre, eske ya beinte años tengo, ehe. ¡Mira que no conocerme! ¡La ostia cómo pasa el tiempo, ehe! Hombre, tú tamién, ehe, ez zara atxo goisekoa, ehe!
- Atzo goizekoa? Zure aitaren adinekoa naiz. Nola dabil aita? Ongi?
- Bueno, ya anda. Super-ongi. La madre es la que bien no anda. Biotzerre y cosas de esas tiene a menudo. Biño, ¡malaostia ya le canta, pues¡ Bueno, adio, Iñaki. ¡Bótale a Gorriti, ehe!
- Botale? Zer botale eta botale-ondo, nik Gorritiri boza emanen diot, adiskidea dut eta!
- Ostia, Iñaki, ¡no entiendes tutik, ehe ¡Te digo que le botes a Gorriti, que nos ba azer frontoi nuebo.
- Tira, ba; nik Gorritiri, bai, eta egin dezala nahi duena – eta hau esanda alde egin zuen, gaxte haiengandik, goganbehartsu.
Pilotaleku berriztatua irareki zuten egunean, jendetza bildu zen. Pilotari onak etorri ziren, izen handikoak laurak. Bata Luzaide herrikoa omen, bestea Eratsungoa; atzelariak, biak Leitza-Goizuetakoak. Harmailak beterik eta, txitean-pitean, txaloak eliza arteraino entzungai. Oren eta erdiko jokaldia izan zen. Mintzo-zurrunbilo betean jalgi ziren, sabaipe haretan bildutako ikusle pilotazale guztiak, Iñaki besteak beste.
Ostatura oro sartzerik ez, ostera; eta gehienak herriko gazteek eraikitako txosnara alderatu ziren. Oihuz oihu, haxe iskanbila!, jaietako egun handietan ohi laso. Egarrituak, nonbait, eta hogei bat minutuan, hainbat upel sagardo hutsitu zuten; garagardotan ere ehundaka botilaño, bai, berehalako baten hutsik utzi. Giro ona herrian. Aspaldiko lagun ugari bildu; eta batari eskua luzatuka, besteari bizkar-lepoaldean txopin eginka, han ziren elkarri agurrak eta goraintziak eta aspaldikoak eman beharrak.
Pilotalekuko horman, batean "motz" bestean "luze" idatziak ziren, eta hitzen ondoan euskaldunen ikur orlegi-zuri-gorria; aurreko hormaren goialdean "jai alai" irakurkuna hizki handietan; eta lehen horma zaharrean zegoen uztarri-geziak zituen mazmarroa kendua zen. Ederra pilotalekua! Ez zen bestelako eritzirik han bildu gehienen artean. Lehengo harri-landuzko horma gotorrak, margore urdinez ederki txukunduak zegozena zen eritzirik zabalena.
Iñaki ilunabarrera baino lehen etxeratu zen. Bidean, betiko joan zitzaizkion hiru adiskideen lore zimelak ikusi zituenean, goibeldura batek jo zuen. Zein egun ederra izanen zen haiekin bertan egonik! Min etsi bat sumatu zuen. Umezaroan hamaika pilotakada emanak ziren haiek guztiak, arkupeko horma zaharretan. Iñakik, hara artean, lehen aldiz telebistan ikusitako jokaldi hura gogoan zuen.
Ostatukoan, etxean ez baitzedukan telebistarik. Lagunak zirika: "Hi, Iñaki, Gorostitzaren alde, ezta?". Gorrotxak, berriz: "ni Erretegiren alde, mila ehuni". Pantailari begira eta asko ikusi ez. Zuria zuri eta beltza beltz, eta pilota ezin ikus. Ikusle saldoaren marmarra eta harmailetako hitzaroa, aldiz, entzutekoa. Apaizak, hamabi-hamabietan kantxa erdira eta otoitz egin zuen bitartean, ostatukoek hurrupada luze bana egin zioten edalontzi bete ardori. Hogeina eta, hara!, telebista beste leku batera joan zen, hots, ez zen gehiago pilota-jokaldia ikusten. Arraioa! Amaitua ez zen, bada. Ostatuko marmarra harrabots bihurtu zen. Haserreak eta, txorigorriak aho guztietarik. Batak "arraio", besteak "ostera", hangoak "kristoren odola", horkoak "aladzipo", ostatariak "alainka"... isil zegoenik ez zen.
Irratia piztu eta "Eratsungoak hogeita bi, Apatamonasteriokoak hogeita bat" jakinarazi zuenean, hango azantza, hango iskibidu eta iskanbila! Gorrotxaren irrintzi zolia!
Arrosak zimelduak aurkitu zituen. Hurrengo batean, lore berriak ipiniko zizkien.
Astelehen goizean Bordaxahar berreraikitzen hasiko zen.
Orrila zen. Oihana orriberritua eta pentze mamitsuetan bitxiloreak, inurrien antzera, egunetik egunera hazi eta ugari, hazi eta ugari ari zirela zirudien, irudi. Orikatxak ere ihaurri, laster aitañi ile xuriak eguratsean hegan ibiliko ziren. Ukuiluko sabaiko hagen artean urteroko enara biziki urduriak, joan-etorri lasterretan ziztu bizian, iazko habietan habiak berritzen ari eta ari ziren, arrautzak erruteko tokiaren premian. Axuriak artxo belai gozoetan lehenbiziko belar-printzak dastatzen. Oro kukua noiz itzuliko aiduru bezala.
Goizean argi hastean, eguzkibegiko leiho-hegian txantxangorria inoiz baino alaiago, negu gorriari izkin eginik.
Gerezi aroa laster iritsiko zen, zuhaitzak loran, baina nork jakin, lore xuri-xuriz apain-apain egonagatik ere, zeinbait urtetan gereziak ez dira gorritu izan, ez zoritu, eta ez azkenean heldu; zoritzen hasi baikoz, beleek batetik mikek bestetik, beredin bihi mokoka eta ustelarazten dituztela ere, gertatu ohi da; baina, honela eta guztiz ere, lore xuriz ihaurri zen gereziondoa inoiz baino ederrago zegoen, apainago eta arrulloago zegoen.
Iñaki etxe ondoetan zebilen. Zer garbiturik bazegoen, asunak zirela, belar txarrak zirela, baina ez zen lan gaitza. Baratzea giatzen hasita zebilen, eta urte ona izan zitekeelako zantzu nabariak ziren. Gaizkiago ibiliko ziren, bada, hiritzarretan bizi ziren asko eta asko, izan ere, azkenengo urteetan gauza guztien, janarien batez ere, salneurriak gora eta gora ari ziren. Luginak, behintzat, etxean jateko behar zuenik gehiena biltzen ahal zuen, zerttobait erosi behar izanik ere.
Irratia entzuteko ohitura zuen, aspaldidanik, entzun-zale beraz, eta, bazkari bitartean, egunoroko albisteak entzuten zituen. Telebista, berriz, ez zuen batere gogoko; etxean zegoen, ama joan zenetik itzalia beti, ulertu ere egiten ez zuen eta. Hala jakin zuen, esatariak esana egia izaitekotan, futbolean kopa izeneko zer bat Bilboko taldeak irabazi zuela. Zaragozan ikusi zuen, lehenbiziko aldiz, halako deportea, edo irratiak esaten zuen eran esateko, kirola. Polita iruditu zitzaion, arauak eta ikastea zail xamarra izanki. Futbolarien izen batzuk, entzunaren entzunez, ikasiak zituen: Iribar, Aranguren, Larrauri, Agirre, Igartua... ez ziren, antza, urrun-urrunekoak.
Zaragozan egon zenekoa ahantzixe zuen. Noizbehinka, ametsetan laso, hango oroitzapen hits bat edo beste etorri ohi zitzaion gogora; eta honela jazo, berri lazgarri hura entzun zuenean.
Irratiak esan zuenez, eraikin zati bat ozta-ozta zutik, beste guztia lur joa zegoen. Lehergailu indartsuak oinarrietaraino ikararazi zuen, sastakaia sabelean jostean erraietaraino bezala, eta, zaharra ez izan arren, etxeak ezin jasan ukan zuen, eta goitik behera erori zen, danbada izugarri batean. Teilatua lurrean, hormak horma zati handien gainean, oro zabor meta erraldoi baten antzera anabastua, mordoilo nahaspilatua. Zaborren azpietan ume batzuen garrasi ikaragarriak entzungai ziren, omen, bizirik lurperatuta. Hilak zaurituekin hogeitaz izan omen zitezkeen. Haurttoak ere, besteak beste.
Iñakiri zirrara larria eragin zion.
Irratia iraungi zuen, gehiago jakiteko gogorik bagetua.
Eguna laster joan zitzaion. Egin beharreko guztiak ugari baina gogoetan barra-barra zerabiltzan zerak are ugariago. Gaua gogaieren ama omen, eta gau erdira baino lehen ez zuen loak hartu.
Ameskaizto batek hotzikaraz iratzarri zuen. Garretan ziren etxe handi batzuen artean, kaleak bete zabor-mendi amaiezinetan gaindi, behaztopaka, zebilen ibili, arinik arin, ortzi garbi ezinago zabal batetik ehunka hegazkin beltzek bonbak aurtiki eta aurtiki zeragoioten bitartean. Zatarriz eraiki mendi haietara, suzko garrek erauzitako haga handiak erori eta erori, eta bera beti ariniketan, buruaren gainera eror ez zekizkion, saiheskatuz. Han eror hor jaiki, eta zulo bakoitzetarik haur hilen amen garrasi lazgarriak entzuten zituen.
Amets gaizto bat baizik ez zela ohartu zenean, aitonak aspaldian jaulki zion ipuin mingarri ha gogoratu zitzaion. "Zuhaitza baino ez zuan zutik geratu; bertze guztia sarraski hutsa zuan, sekulako triskantza" adiarazi zion aitonak aspaldi haretan, eta ametsak berriro ekarri zion.
Goiztirian, egin zuen lehena irratia piztea izan zen. Aurreguneko albiste ikaragarriaz gehiago jakin beharrean, berri onik entzun nahi zuelako. Beldur zen. Ez zuen inoiz igini ahal ukan zeren hiltzen duten gizakiek elkar. Ez inola ere, zeren hil behar duen inork ezerenhogenik ez duen haurrik. Gudua gizakiak ahal zuen sordeiskeria guztizkoena zela uste zuen. Beldur zen, berriz ere, beste gudu bat piztuko ote zen.
Ezagutu ere, ondo ezagutuak zituen 'militarrak' nolakoak ziren bazekien. Ebro aldeko gudetxean egon zeino, hango gizon batzuen zitala ondo jasana zuen. Zer ez ziren, bada, haietarikoak egiteko gai, muker-mukerrean. Gudua maite zuten, inoren bizia ez beste.
Beldurra gainetik ezin kendua. Albisteak zehaztu zuenez, hiru haur hil ziren, adinekoak beste bi, zaurituak hamar bat larri, eta beste hamasei zauri-handi baina ez larri ziren. Lehergaia beribil batean ekarria izan omen zen, eta ibilgailua gudetxearen horma ondoan utzita, urrundik lehertu eraginez, eraikina bete-betean jo zuen, ehun kilo baino gehiagoko goma-bizko lehergailuak.
Zaragozan berriro gudua erakori ahal izanen zelakoan zegoen. Gudua lan zuten gizon haiek ez zuten estakuru handirik behar, hartzara, tankeak-eta kalera ateratzeko.
Moatamoros kapitainak, maniobra zeritzen ekitaldi haietan lau orduz Monegros izeneko basamortu idorrean zehar ibilarazi zituenekoa ez zuen ahanzteko. Madrilen garrantzi larriko agintari bat hil zela azaldu zien eta, inon ere istilurik gerta ez zedin, herri guztiak mendean hartu behar omen zituzten, eta honela, kapitainak adiarazi zienez, beste gudu bat piztea ekidin ahal ukanen zuten. Lau orduren buruan, oinez eta motxila astun bana bizkarrean, herrixka batera iritsi ziren gehienak' bideak jota heldu ziren, aunaturik oso, gutiz beste guztiak inora gehiagorako ez zirela. Bidean, nekearen nekez erori eta bertan gelditu zirenak ez ziren guti batzuk. Oinezko mutilen atzetik kamioitto bat zihoan, eta, eskerrak, eroritako guztiak jasotzen zituen eta. Iñaki herrixkara iritsi zen. Kapitainak agindu zorrotzak egin zizkien eta herrixka inguratu zuten. Hamar-hamabi etxe buztinez hala-hola egindakoak ziren han zutik edo erortzeko zorian aurkitu zituztenak. Erdian eliza handixko bat, zahar itxura beldurgarrikoa. Kanpandorrean ez zegoen ezkilarik. Herrixka hura, beraz, gudamutil neketsuez inguratua zen, hesitua zen, haren barrutik inork ihes egin ezineko eran. Hesitu eta laster, beste agindu zorrotz batez, kapitainak herrira sartzeko, eta, lerro-lerro, fusilak eskuetan aurrera begira, hesia estutuz, banan-banan, etxeak multzo batean bilduta bezala zegozen gunerantz jo zuten. Herrixkan ez zen hotsik entzuten. Kapitainak, beti sabaibageko ibilgailu batean zut, zorrozkiro, etxez etxe, ahalik azkarren eta izugarriko oihu garratzak eginaz, herri osoa hartzeko agindu zien, kasernako ikastegian irakatsi zieten era beldurgarrian. Bizidun inor aurkituz gero berehala lurrera egotzi eta lotzeko agindu zien. Han joan ziren, aunaturiko mutil burusoilak, oihu eta orro, agindu zorrotzez azkartuak izan balira bezala, etxerik etxe, ate guztiak ostikadaz hautsi nahian, leiho-zirrikutuak fusilen ziez josi beharrean, hara-horra-honako zoro betean, ea inon bizidunik, gizaki nahiz izaki, aurki zezaketen.
Hamar bat minuturen ostean, etxe guztiak miatuta, zoko-moko guztiei begiratuta, guduko eraso antzean herriko bazter guzti-guztiak mendean harturiko mutilak eliza ondoko hormara ziren. Azken agindu zorrotz bat egin zien eta "¡No se confien, mis muchachos! El enemigo puede estar dentro de la iglesia. Hay que asaltarla. Procedan a rodearla. Siempre en alerta, mis muchachos. Procedan. Ataquen la puerta principal" oihu eginda, zazpi-zortzi mutil ateari ukaldika eta berehala zartatu zuten. Trumilka barruratu eta hautsez estalia zegoen eliza ilun hotza, mutil urduriez bete zen. Fusilak eskuetan, sartu eta bertan gehienak lurrean eseri ziren, nekadura ezin jasaiteagatik. Kapitaina sartu bezain laster, agindu zorrotzez, oro zutik jarri ziren, erne, fusilak eskuetan, lerrokaturik, aldareari buruz.
Kapitaina aurrean jarri zitzaien, aldareko mahaiaren gainean. Zerbait esan behar ziela zirudien. Isiltasun trinkoa urratuz, eta sabaira begira bezala, eskuma bekokira zeharka jasorik, gudu-agurra egin zien. Besoa gora, eta behera, bi takadaz egin eta, orpokada hots ozen bat entzun zen, eliza barruko isilean. Mutilei begira, beltzuntze: "El objetivo ha sido logrado. Estoy muy orgulloso de vuestra valentía, coraje y virilidad. Proceded así siempre que la Patria os lo demande. Antes está la Patria que vuestra propia vida. Esto no ha sido sino un simulacro de lo que habremos de hacer, por España, si la subversión o el separatismo vuelven a ponerla en peligro. Griten conmigo: ¡Arriba España!"; eta aho betezko oihu baten oihartzun ikaragarri batek, horma zaharrak dardararazi zituela irudi zuen.
Eguzkia kinkan zegoen, uda beteko beroan. Elizatik irten zutenean, jateko ordua eta, atseden egiteko baimena eman zien arren, ekitaldi gogor harek erasandako mutil guztiak, leher eginda, lur-lurrean etzan ziren, gerizpetan ahalaz, luze-luze, gosez eta egarriz hamikatuak ere, ahora ddeusik eramaiteko gogo bageturik. Kamioian ura zekarten eta gaitz erdi. Iñaki eliza osteko muino batean, ezkai batzuk hazita zegozen lekuttoan etzan zen. Ondoan bizkaitarra edo zen mutil luzanga bat. Zaragozan egin zuen elaide bakarra. Ahopeka, beste inork ez aditzeko eran, Iñakik mutilari:
- Hau zer izan da?
- Zorokeria hutsa. Honeek militar zoro honeek barriro gudura garoez.
- Gudua ala gerla, nik ez dakit zer, baina burutik eginak direla nabarmena da – Iñakik lagunari.
- Kontuz, gero, honelako jendeagaz; onik batere ez, eta kaltea gura beste eta gehiago. Zoro ustel zatarrak halakoak! Ni Otxandiokoa naz, eta badakit zer egin euskuen. Gure herriko enparantza guztia odolez lohitu euskuen, hainbat ume, agure, atso, gazte eta zahar, gizonezko nahi emakumezko bonbez hilaz; hegazkinetarik jaurtiriko bonbez, haretan bere.
Ez zen ameskaizto bat, espetxerean irten eta gero ohiko xamarrak zituenetariko bat. Leihotik urruttira begira, eta errepidetik aldatsean gora, gudu-ibilgailuen erreskada luzea ikusi zuen. Andana gaitza iruditu zitzaion. Mendira bidean, astiro, Gorostitza ondotik irago ziren, gorantz, berrogeitaz kamioixka, land-rover, tanketa eta antzeko. Gudua berriro piztua ote? Guztiz beldurrak jota geratu zen. Aitonak, gaxtetan, esan zion hura inoiz ez zuen ahantzi eta orduantxe gogora: " Hik ere, noizbait, ikusi beharko duk". Zer egin ez egin gelditu zen. Igo ziren, eta Behigorkurantz jo zuten, handik hara, tontorretara iristeko asmoz, urrean.
Etxean, zer gerta eta jakinen zain, ez zen geratuko. Herrrira jaitsi zen. Karrikaburura eta inor ez agerian. Elizaldera hurrandu zen.
Udaletxean atea zabalik. Alkatea areto nagusian, telefonoz hitz egiten ari zen unean sartu, eta, hitzik ezean, begiz agur bat egin zion. Ez zirudien urduri. Gorriti gazte lasaia zen, patxada onekoa; eta Iruñeko norbaitekin hizketan, beti bezain leunkiro ari zen.
Lasaitu ederra hartu zuen, guduantzeko jarduerak zirela, ez besterik, esan zionean. Zehazki, "maniobra militarrak dituk, Iñaki, hutsak eta hutsalak" hitzez hitz adiarazi zion, "baina guri ez zigutek baimenik galdatu, ez aldiz aurretiko berririk eman, ez hareanik ere" zehaztu zion alkateak. Izan ere, herritarrei beldur sartzekoak baizik ez ziren.
Ostatura hurbildu zen, etxera baino lehen, eta ohiz bezala txikito bat ardo edan zuen. Txiribogina adiskide eta harekin hitz-aspertu bat egitearren sartu ohi zen, berriketan iaioa baitzen.
- Zer berri? – Iñaki zirika, agur egindakoan.
- Asko berri, Iñaki, edo berri asko, hik nahi duana legez. Herria hartu zigutek, ez duk ikusi? Goizaldean, argiarekin batera etorri dituk, karriketan barrena ibil eta, harropuzto, kantoi guztietan jarri dituk, fusilak eskuetan, etsaiek leihoetatik erasoko zain eta begira bezala.
- Bada, nik-i, zera, gudua, berriz ere gudua hasi dutela uste ukan diat. Gorritik ezetz erran didak.
- Ez, oraino, ez, bazirudik ezetz, baina, halako jendexkila gudamaite horiekin batek zakik zer gerta. Sarrakioa hezurretaraino sartu nahi digutela ez duk zalantzarik. Nehork ere zirkinik egin ez dezan, haiek jaun eta jabe direino, noski. Mili-tarrak, badakik, Iñaki, ez dituk Mili herrikoak.
- Ni, bederen, izu lauorrian ibili nauk, haiek ikusirik.
- Hau badakik zer den Iñaki: ZEN.
- Hi, sarri, hirekin hitz egitea zaila duk, ehe, ez diat zipitzik ulertzen eta.
- Bai, mutil. "Plan ZEN", aditu duk? Honi guzti honi honela erraiten ziotek, 'plan ZEN', hots, ZONA ESPECIAL NORTE , honatx!.
Lehen vascongadas gintuan, orai hori, zer hori gaituk. Ez al dituk ikusi hor goian, mendiz mendi ibitzen diren mendizale itxurako mutil pertxentak, ederki baino ederkiago jantzirik?
- Bai, ikusi, ikusi ukan ditiat, eta mendizale azkarrak ez direla igarri ere nik; baina halako plana edo xedea edo zer hori zegoenik eznekian, jakin ere.
- Bada, itsasoan bertan ere, halako hesi bat eratu omen ditek, arrantzaleek, sardinen artean, bonbak ekarri ohi dituztelako ustean.
- Nork erran ote du, bada, holakorik? – txantxa zela uste izanik, Iñakik galdera egin.
- Umeak ume, mutil, Aragoin ere; eta zoroak zoro leku guztietan. Itsasoa hesitu nahi omen ditek, bai, guduan egin zuten bezala. Hor goian, muga delako horretan, badakik nola dagozen, lekuan-lekuan, bunker batzuk, bai? Espainiak Frantziaren inbasioa galarazi nahi omen eta! Bada, orai, negu hotzean, elurra dagoenean, hor ibiliko dituk, adi mutil!, igluak egiten, eta...
- Zer da iglu hori? Txo, hiri-i ulertzeko jakintsu izan behar duk, gero!
- Bai, motell; igluak eginen omen ditiztek; hots, elurpean zulo baten antzeko txosna moduko zer bat, hormaz eginiko hormaduna hain zuzen, barruan, hotzetan bada ere, egon ahal izaiteko. Eskimalen antzera, ez dakik?
- Ez diat deus ulertzen. Txokarritan ari ote haiz, edo benetan ari ote jakin ahal dezaket? – Iñaki sineskogor bezain etxakina zen halako zeretan.
- Egia biribila, Iñaki. Nik-i, irakurri egiten diat, irakurri; eta egunkariek ez ditek gezurrik erraiten, ehe,... isilik egoiten direino, behintzat.
Telebista ere hortxe zagok. Hik hautsi huena bota eta berria erosi nian... baina aurrekoa bezain gezurtia dela eta nagok, edo areago.
- Tira, bada, banoak etxera, lasaiago, hala ere. ZEN hori edo zer hori laster zenduko dela uste diat, uste – eta ostaturean atera, ondoan zegoen land-roverrera sartu eta joan zen.
Etxera orduko, norbait jina zela ohartu zen. Beribila ezaguna zuen: arrebarena. Ez zuen atea itxi-itxia utzi eta, arreba-senarrak sartu ahal izan ziren. Bere buruarekin hizketan, eta Iñakik "hauek ere ZEN plana ditek" esan zion.
- Hombre, pero ¿dónde andas? Has dejado la casa sin cerrar, te hemos estado llamando...y tú en ninguna parte. ¡Vayas susto que nos has dado! – arrebak tupust egitean.
- Al pueblo he bajao – Iñakik motz.
- Pues, ¡podrías haber dejado una nota, o algo!
- ¿Pa ́qué, pues? Aquí no viene nadie.
- Tiene razón tu hermano, mujer; hemos venido de improviso. Ni siquiera le habíamos llamado para informarle – arrebaren senarrak hitz sartu zuen.
- ¿Cómo le vamos a llamar, si no descuelga ni el teléfono; o no está en casa, o no hace ni caso. ¡ Así no se puede vivir!
- Yo así vivo. No quiero más. ¿Y a qué habéis venido, pues?
- ¡A visitarte, cuñado! De vez en cuando, se debe hacer una visita a los guardianes de nuestra santa tradición. A los que destripan terrones, para que nosotros podamos comer buenos tomates, buenos espárragos, buenas alubias... y se se acompañan con un buen vino reserva... mejor que mejor.
- Aquí vino, poco; buen agua tenemos y. Yo en casa agua.
- Agua para las ranas, Ignacio, que nadan bien. Aquí te he traído una buena botella de un rioja exquisito. Tú pones un buen chorizo o chistorra con un par de huevos de buena gallina alimentada en el campo, y hacemos un buen piscolabis.
- Bueno, marido, vamos al grano. Hemos venido a proponerte un buen negocio. Si vendes el caserío, te ofertamos que vayas a vivir a nuestra casa de Salou, junto al mar, en un clima mucho mejor que éste. Con la ganancia de la venta puedes vivir a todo confort. Con la parte que nos correspondiere a nosotros, por la parte mía, nosotros haríamos una inversión de mayor alcance. Nosotros te haríamos partícipe de esta inversión a tí también, a condición de que, en el futuro, tu patrimonio quedara a disposición de nuestra hija, por lo que te pudiera ocurrir a tí. ¡No vaya a ser que se pierda en los trámites notariales, que ya sabes lo caros que resultan!
- Yo ya te dije que no vendo la casa. Yo mientras viva, aquí estaré – Iñaki izaitez tematia zen beti, eta haserrekorttoa ere bai, atzenengo urteetan behinik behin.
- A ver, cuñado, la oferta que te hace tu hermana es muy apetecible. Ten en cuenta que Salou es un lugar ideal para vivir bien: se come bien, se bebe bien... el Mediterráneo es un mar maravilloso... ¡a vivir que son dos días, Ignacio!
- Yo aquí bien vivo. Ya te veo a tí que cada día más gordo estás, ni andar no puedes y.
- Hombre, no me digas eso, cuñado, que me coge una depresión. Tú no estás gordo, no. Yo empleo mucho tiempo en el estudio, especialmente, de los problemas que nos acucian como sociedad; no puedo destinarlo a la práctica física, lo que me acarrea un déficit de movimiento, pero ¡no veas los paseos que me doy por la playa en Salou!
- Yo andar ya hago, pues. Así bien estoy – Iñakik bazekien ezkon-anaia hondartzan etzanaz gozaro egoiten zena.
- A ver, Ignacio, no hace falta que nos contestes ahora mismo; la semana que viene venimos, y traemos un abogado si hace falta, y vemos cuánto dinero supondría la venta del caserío, y te comentaríamos cómo realizaríamos el negocio que te he comentado antes – arreba, leunttoago, bere asmotara anaia bildu nahiz mintzatu zitzaion.
- Ya te he dicho que no. Yo negosios no quiero, eso pa'vosotros. Si queréis haser, haser pues, vosotros; yo no.
Ez zen berehala amaitu haien arteko elkarrizketa. Botila bete errioxar ardo lehenago amaitu zuten. Iñaki bere ten-tenean, eta arreba ere berean. Bazkalondo luzea egin zuten.
Arratsalde zirimiritsua zen eta sukaldeko epelean atseginez, arrebaren senarra batez ere, puin-puin. Iñaki ez zegoen eroso. Zertara etorriak ziren susmatua. Bere zereginetan atseginago, ukuiluko lanetan alegia; baina egon behar. Izan ere, ele ugarikoa izanagatik, arrebaren senarrarekin inoiz ere harreman onik ez zuen izan.
Donostian jaio zen arren, urte askoan Madrilen bizi izan zen. Zuzenbidea ikasi zuen. Abokatu-bulegoan urte batzuetan lan egin eta gero, epaile sartu zen. Donostiara bidali zuten. Iñakik lehen aldiz ikusi zuenean, ezkondu aurreko aurkezpen egunean, hain zuzen, halako itxura bakan xamarra antzeman zion, hots, berexia edo: galtza motz loretsuz jantzia, alkandora zabal bezain lasaia, hauxe ere loreez apaindua, buruan lastozko gerizgarri edo kapelu handixkoa, oinak agerian gomazko sandalia gorrietan... mintzaera bera ere harroxkoa, arranditsua eta ohi baino leunttoagoa... uda aldean, beribiletan, noizean behin, agertzen ziren frantses turista haien antzekottoa... Donostia eta Madrilen artean bizi zela zioen. Salou zuen maite. Iñakiri hala ziotson:
- No hay como el Mediterráneo, Ignacio, para vivir bien. Estos lares son húmedos y tristes; aquello es luz y calor. Lo mejor. Y llegando a una edad, no hay otro objetivo que la "dolce vita".
- Tú vivir bien siempre has hecho. Antes tamién ya vivías como Dios: comer y beber y, ya hasías. Y a alguno ya habrás metido a la cársel, como el jues que me metió a mí – Iñakik gogor ihardetsi zion, hitz-aspertuaz gogaiturik, eiki.
- ¡Hombre, Ignacio, no me digas eso! Yo he cumplido con la ley, estríctamente; y doy fe de que en el ejercicio de mi responsabilidad no he condenado sino a aquellos que, deslegitimándose, han obstruído el buen funcionamiento del estado de derecho que es pieza angular de nuestra sociedad y por tanto de nuestra Patria. ¡Faltaría más! Al fin y a la postre, el interés general prima siempre sobre el derecho individual, que no es sino una derivada de aquél.
- Sí, tu bien hablas. Como desía aittona "ele askoren gibelean gezur handia ostentzen da; egia, berriz, hitz gutiz azaltzen". Tú patria ya dises; pero aittona desía que su patria era Bordaxahar, y la mía tamién.
- No te lo he entendido; pero ya sabes que el aitona perdió la guerra, Ignacio. Hay que saber estar con los que ganan siempre. La patria chica es una cosa y la grande es... la que vale, la que nos aporta lo más importante, Ignacio, en este mundo, o sea, el dinero – Iñakiren arrebaren senarrak bi hatz igurtziz diruaren irudia egiteaz bat, harrokiro zirautson.- ¡Tú tamién aquí vas a dejar todo, ehe! Grande o no grande, a tí los gusanos te comerán igual que a mí, ehe – Iñaki ez zitzaion isildu.
- !Por Dios, Ignacio¡ ¡Hay que vivir la vida; hay que vivir como el rey!
- Pues vete tú con el rey. Yo aquí bien vivo. No quiero rey ni Cristo. Si no habrían venido aquí a meterme en estos líos, yo bien estaba. Ya nos trajeron la guerra. Así que vete tú con el rey y con tus amigos los jueses y con los 'guardias' – haserretu zen Iñaki, anaitzakoak zirautsona ondo ulertu ezinik.
- Bueno, cuñado, contigo es dificil platicar. No has recorrido mundo, no has visto más que estos valles brumosos, no conoces la vida. En el fondo, creo que no podrías vivir en Salou. A tí te sacan de aquí y te mueres en cuatro días. Pero tu hermana quiere que vayas.¡ Hay que salir!
- Igual quiere que me muera en cuatro días, y vosotros luego quedar con todo lo mío.
- ¡Hombre, Ignacio, cómo puedes pensar eso! ¡Por Dios! Anda, tómate un chupito de este wishky, que está exquisito.¡En todas partes hay cosas buenas!
Ez zion jaramon handirik egin. Aulkitik jaiki zen eta:
- Bueno, yo tengo que ir a gobernar el ganao. Esos no saben leyes, pero a la hora piden la comida. Además yo con esos, en el ukuilu, estoy más a gusto que hablando tonterías con vosotros – esanda sukaldetik atera jo zuen.
Senar-emazteak, txolako azken hondarrak edanik, etxera itzultzeko sendaltzen hasi ziren. Iñakik baratzean bildutako kilo bat babarrun, arrautza batzuk eta gazta bat ziskuratu eta larrainean zegoen beribilera ziren.
Iñakik atarirean agurtu zituen. Ukuiluan behia jaizten ari zela, gautu aurrettoan, Donostiarantz hasi ziren jaisten.
Oilaritean esnatu eta, irri-arra baten, jaiki egin zen. Oskorri zegoen. Arratserako euria ekarriko zuela eta, artoarekin indabak ereinen bazituen, goizik hasi behar zuen soroan. Aurreko astean ondo landua zuen, simaurra ihaurri ere bai, eta sasoi on-onean zegoela uste zuen. Lurra, berez, aitorra zuen, jator askoa (haren hitzez adiaraztearren) eta urtero-urtero uzta ona biltzen zuen: etxerako lain eta gehixeago ere bai. Lana zen, bi-hiru ordu, gutienez, gogotik eginaz, baina uzta halakoxea izanki, nekea ere gogara hartzekoa zen. Baratzeko lanak amak egiten zituenean, harek behi-ardiekin nahiago zuen, baina ama hilez geroztik eginkizun guztiak harek berak egin behar.
Ama bizi zenean oro errazago zen. Ez zen makala emakume hura; zernahitarakoa zen, geldi egoitekoa ez, baina. Etxean ez zegoen amaraunik, ezta ukuiluko sabaian ere. Lapikoa sutan ipini eta baratzera, eta baratzekoa eginda sukaldera, eta sukaldekoa egin bitartean, erratza ez zegoen ate ostean geldirik, eta bazkalondoan harraska egiten zuen, eta Iñakik ez zeraman inoiz alkandora zikinik, ez praka urraturik, ez abarka edo zata edo betse etenik.
Igandeetan mezatara joaitea zuen atsedenaldi luxexko bakarra. Oinez bazuen biderik, baina elurte handietan izan ezik, ez zuen inoiz hutsik egiten. Gaztetto zenean Iñaki eramaiten zuen, geroago ez. Ez zion ezer erasten, semea elizarako grinarik ez eta, mendira nahiago mezatara baino. Etxen arratsaldeko bostetan errosarioa otoitz egiten zuen, urteetan irratia entzutez. Edozein otordu hasi aitzin, Aitagurea esan eta berak jatena banatzen zuen.
Aitona bizi zen bitartean, mahaian beti berau buru eta jaten hasten zen lehena. Erraina zuen Iñakiren ama' alaba bezain maitea zuen.
Aitona hil zen egunera arte, amak ondo baino hobeto zaindu zuen. Gaztetan hala ohitua zen, bere amamordea zaindu behar ukan zuenean.
Urteak ziren ama hil zitzaiola eta Iñaki bakarrik bizi zen. Lanean zaildua baina urteak aurrera, eta adina gero eta astunago. Bizitzan gutitan, eta biriketan ondoeza sumatu zuenean, koldarra ez zen baina, gaisotu zela eta larritu zen, pittin bat.
Biharamunean arnasa hartu ezin larriak joa zegoela ohartu zen. Goizeko ataza behar-beharrezkoak egin eta atzera oheratu zen. Inoiz ere egin ez zuena. Herrira jaitsi behar zuela burutaratu zitzaion. Eguerdi aldean, hobera ezik, sendagilearengana joan behar zuen.
Arnasa estuago eta are estuago.
Ahal zuen eran, ez batere ondo, jaiki zen. Sukarra sumatu zuen. Land-roverraz ohi bezain baratx, bidean behera abiatu zen, herrirantz.
Ez zihoan bere onean. Aspaldi gertatu ezbehar batez oroitu zen, hots, Bizkaitzakuko gizona malkarretik trokara amildu zeneko haretaz.
Inoiz ez zen argiro jakin zer gertatu zitzaion, baina, itxurak zirenez, gizona ondoezik, loak hartua nahiz bihotzekoak joa, traktorearen endaitza askatu eta ibilgailua berez aurrera joan zen, bilin-balaunka, bide bazterretik behera amilka. Erreka jo zueneko, gizona, airean iraitzia eta hilotz zetzan. Iñaki hala zihoan, baratx-baratx, aldapako bihurgune guztietan, hinkili-hankala, zaharra zen ibilgailu trakets haretan, eta berak nahi baino beranduago baina heldu zen.
Herriko semea ez zen baina Joxe Maria bertan aspaldidanik bizi zen. Ikasketa bukatu eta urte batzuetara, sendagile zaharra hil eta gero, beronen ordezko jarri zen. Hitz gutiko gizon ttikia zen, herritarrek biziki maite zutena.
Gorostitzagoikora ama hiltzorian zegoela igo zen azken aldiz. Iñaki ikusi zuenekoxe, zer larrirean bat izan zitekeela ohartu zitzaion.
Antz onik ez zion eman.
Arnasbidea ia-ia erabat itxia edo zuela igarri zion. Belarrietan ipini zuen, hartu eskuetan eta bere aparailuaz bizkarralde zein bularralde osoa aztertu zion. Alboreangoa igarri zuen.
Gaisotu eta laster atzemana zen, eta gaitz erdi. Iruñera bidali behar zuen, erietxera, hobeki sendatuko zelakoan.
Etxea hala, inor bagerik, bertan behera utzi ezin zuela, ostera, Iñakik. Gaisotasuna sendatu beharra zuela, lehen bai lehen egin ere, Joxe Mariak; eta erietxera behar, ezinbestela. Behiak eta, etxean bakarrik utzi ezin, goseak hilko zituela eta, Iñaki oso arduratsu.
- Hau gaisotasun hau sendatzeko ez dut nik hemen sendabiderik. Erietxera joan behar duzu, nahitaez, eta lehen bezain lehen hobe.
Zenbat eta lehenagodanik gaitz igarri eta sendagarria emanaz hainbat eta errazago sendatzea eta geroagoko suspertzea.
- Bai, zuk dakizuna. Baina, nik etxean bizidunak daduzkat, eta ez ditut gosez hiltzen utziko – Iñakik gogoan zakurra, behiak, ardiak, oiloak...
- Hitz egizu, bada, Gorritirekin, Iñaki: ea laguntza modu bat eratu ahal duen. Zu ez zagoz, horrela, etxean geratzeko – Joxe Mariak alkatea gizon lagunkorra zela zekien.
- Hitz egin behar dut, bai, norekin edo norekin, ezin ditzaket etxeko abereak bakarrik utz eta.
- Bai, eta ahalik arinen. Ez utz biharko. Iruñeko erietxera behar duzu, bihar bertan – sendagileak, gaitzaren larriaz ohartuki.
Hala egin zuen, orduantxe bertan. Udaletxera jo zuen. Alkatea bulegoan zegoen. Iñaki ikusi eta ondo hartu zuen. Esan beharrik ez, eta zurbil nabaritu zuenean, galdeka hasi zitzaion. Ez ziren eleketan luzatu. Gorritik zerbait eginen zuela hitz eman zion, eta berehala.
- Bertze nehor ediren ezean, ni nerau joanen natzaik, Iñaki. Abereak ez ditiagu hiltzen utziko, ez nehondik ere! – Gorriti auzapezak laguntzeko gerturik zegoela adiaraziz.
- Istilu larrian, nagok, Gorriti, baina Joxe Mariak lehen bai lehen Iruñera joaiteko agindu didak, bertzenaz, gaisotasun hau areagotuko zaidala eta larriagotuko eta... beldurtu egin naik.
- Utzi nire esku, Iñaki. Hoa Iruñera, etxekoa neronek konponduko diat. Hemen elkarri lagundu behar zioagu, egun hiregatik eta bihar enegatik.
- Anitz esker, Gorriti. Honetarakoxe dituk adiskideak, behar denerakoxe, hain xuxen.
Aste guztian Iruñeko eritxean egon zen, oherean jaikitzeke. Gaitza motelduz joan zen heinean, etxerako grina piztuz. Sendakin nagusiak, berriz, igurikitzeko agindu zion, bi-hiru egun gehiago egiteko, guztiz sendatzearren.
Etxera itzuli zenean ukuilura joan zen, lehenik. Ez zen gutti poztu zakurra agurtzera hurbildu zitzaionean. Behiak bizirik eta oiloak otan. Abari izki bat egin eta oheratu. Biharamunean, gurdikada bat belar moztu behar zuen. Loak hartu baino lehenagokohausnarketan, bera bakarka zein ahul zegoen sumatu zuen. Gaitz xirimiri bat aski, bizitza osoa alda dadin.
Euriari euri, eta negu hotza izan zen. Behorrak eta, laster mendian behera hasi ziren, ibarretarantz, eta zerbaiten zantzu.
Goikosoro goiz zuritu zuen. Tontorretan aspaldi ez bezalako elurtza. Haritz handia, hezurretan, zutik eta geldi, mara-mara erortzen zitzaizkion maloei begira bezala, beti bere ten-tenean.
Larrainean, lehen belar-metak eraikitzen zituztenen ordez, pila handi bat sarale-fardo zegoen, plastikozko toldo batez estalia. Egurra ere txukun-txukun tolatua, alboko horma ondoan.
Herrirako bidea ez zegoen ibilteko moduan. Hainbat egunetan, beraz, etxearen barruan. Epel-epelean. Ukuilu beroan bizidunik asko: bi behiak alde batean, berrogeitaz ardiak artegian, ahuntzak zoko batean oholez eraikitako tokiñoan, hamabi oiloak otan lo. Zakurra bere txabolattoan nahiago, antza.
Heuragi egunez, Iñaki ez zen etxetik ateratu. Supazter-txokoan inoizko atseginen zegoen. Ukuiluan ere bai. Ez zen neguaren beldur; nahiz eta azkenengo urteetan (urteak gainean) gero eta hozperago, gaztetan ez bezala. Alboreangoa sendatua baina ondorioak soinean, edo, zehazki esateko, biriketan.
Zerbaiten huts emaiten bazuen, gaztainak zituen huts emaiten. Izan ere, gaztainondo zaharrak, eihartuz-eihartuz, urritzen joan ahala, eta gazteak ez ernetzen, gaztainak gero eta guttiago, eta uzta kaxkarra bildu ukan zuen. Artoa, aldiz, ondo hazi zen, babarrunak bezain ondo. Lusagarretan etxerako behar beste bazedukan eta pozik. Ezer gehiagorik ez zuen beharko.
Larrartez oroitzen zen, sarri. Bakarrik bizi zen gizon harek txoriekin hitz egiten zuela esaten zen. Ez zen harritzekoa, hain bakar-bakarrik bizi baitzen. Biok elkarrekin zein bertso-lehia polita egin zezaketen. Baina Larrarten, aspaldi ez zen hizkuntza zaharra entzungai. Azken urteetan erabat itxia zegoen, leihoak adreiluz, atea burdinagaz; han ez zen gehiago bizirik. Pinuak hazi eta hazi, eta etxegaina adarrek hautsi zuten. Haize bolada txar batek pinu tantai bat uzkaili zuen, eta hegatzaren gainean kuku eginda geratu zen.
Iñakik hala ikusi zuen hurbildu zitzaion azken aldian.
"Honela erraiten zaiok, puttil: kuku egina. Kukua halakoxe txori maltzurra duk: bertze baten habia hartzen dik, bertzearen arrautzak egozten ditik, eta bereak bertan ipini, eta alde egiten dik. Bertze txori gaixoak, ez jakinki, kuku-kumea hazten dik, kuku ama hara-horra kukuka dabilen bitartean. Eta zuhaitza bertze zeraren gainean etzanik geratzen denean ere halaxe. Zer uste huke, Iñaki, gure etxetik abaztorra bagintzate, geurean jaun eta jabe bertze batzuk jarteko eta jarririk? Bada, horixe duk kukua. Honegatixe erraiten zieagu batzuei kuku, hots, geureaz jabetzera jin eta etorri eta jaugin zaizkigulakotz".
Neguak ez zion onik eginen. "Bizirik ez den etxeak ez dirau" erraiten zion eta aitonak arrazoia. Huntzak gaina hartua zion. Larrarte puskaka-puskaka bazihoan lurra jaiten.
Harek irakatsi zion kantua, leihotik landara begira zegoela, gogora zitzaion:
"Izotzak estali zuen gure Euskalerria; mintzo ozenak zabaldu berbizkun berria. Itzal-zokondoetan lore, izotz-bitxia baina haren gainetik jauntzen eguzkia".
"Hau abesti hau asmatu zuenak, puttil, bazekian zer zerasan..." adiarazi ziola ere gogora. "Harek bazekian neguaren atzetik uda berria jiten dela, eta barearen ostean ekaitza ere izaiten dela, sarri bai sarri; eta gu sortu ginen enbor beretik... sortuko direla berriak... " esan zionean, zein irriño goxoa egin zuen ere oroitu zen.
Menditar peto-petoa zen. Zuhaitzei ere mintzatzen omen zitzaien, barka eske bezala, ebaki behar zituenean. Pago lerden luzeei behetik goiti so egiten zien. Txoriak bezalako izan nahi zuela esan ohi zuen, edo urtxintxak bezala aldaxkatik aldaxkara ibilten ahal izaiteko.
Inoiz ez zen gazte izan (nahiz eta Iñakiren aitak, oso gogoko ez begiko ez baitzuen, beti "haur handia baizik ez" zela purrustadaka maiz eraunsten) beti xahar itxuraz ezagutu zuela eta, Iñakiren begietan. Maitagarria bai, bazen; aldarte onean beti, zirtoka ez bazen zirika.
Ekaitz beltzak, lehenttoago oskarbi zegoena zeharo goibelduz, egun argitsua lorrintzen zuenean ere halaxe. Txismistari zion beldur ez besteri, txismistaren antzekoa zen sudurrandi hak.
- Asa, puttil, goazen hemendik, brista-brista, hor baitakar txixmixta, brist-brist-brista; hemen harrapa bagaitza horrek egin gintzake txirripixta... – eta sororean etxera geget egiten zuen, hanka biak zalu astinduz. Irribarreñoz oroitzen zen Iñaki, arrastiri haretako jazoera haretaz, negu mineko hotzari aurka nahiz, sukaldeko beheko suari auspoz putz eta putz ari zitzaion bitartean.
Leiho hegian txantxangorri gaixo bat ikusi zuen. Ireki zion leihoa, sartu zen haize hotza bultzaka, txoriñoa ez zen ausartu. Lipar batez, zalantzan gelditu zen, sar ez sar, eta, azkenik, sukalde barruratu zen. Berehalako baten, arasaz arasa hasi zen hegan, eta laster, atetik at, etxe guztian zehar, kuxkuxean, joan zen.
"Hik ez dakik, Iñaki, baina nik bazakiat, txantxangorri kantari batek jaulkia, hemengo mutil on baten berri latza – oroitu zen behin Larrartek esandakoaz – guduan gertatu zena. Mutila, orduan hogei bat urteko zela, 'erreketeek' harrapa zezaten. Herrira sartu eta, etxean zegoen, ohiko lanetan ohitua eta halaxe. Aita eta ama ondoan, soro lanetan, alegia. Baina soroetan beleak ere adi-adi. Bele beltzak, noski. Nehoren gereziak jaten dituzten horietarikoak. Atzi zezaten, bada, 'erreketeek' mutil hura, eta aita-amengandik urrun eraman zezaten. Iruñe gainean zegoen lurpeko ziegategi beldurgarri batera, hain zuzen. Aitak, semearen ona nahi eta, anaia zuen herriko apaizburu jaun beltzarengana jo zezan, laguntza eske. Halako bele beltz hura han ager zekion, buruan txapel gorria, sotana arima bezain beltza, zapata zuriak oinetan. Azal ziezaion aitak, nola semea eramana izan zen, nola urrutiratua, nola hil behar zuten, eta hil zezaten baino lehenago semea Herioren atzaparretarik erauzi beharra zegoen, Jainkoaren laguntzaz. Apaizburu buru beltz hura, gorriz txapeleztatua, zut eta burgoi jar zekion, lagun on baten eske zetorkion bere anaiari. Ezer egiterik ez zuela, eta oro Jainkoaren esku zegoela, eta mutil hura hil behar bazuten zerbaitegatik izan zitekeela erran ukanen ez zion, bada! Apaiz martintzar bihozpeltz harek ez zezan deus egin nahi bere iloba zen mutil haren bizia gaizketzeko, gaitzetik ateratzeko alegia. Mutila ez zen bizirik itzuliko. Iruñeko mendi haretako harrizko horma baten alboan, zazpi bala josiz, hil zezaten. Oihartzunak, tiroen hotsekin batera, " Gora Euskadi askatuta" oihu urratuaren dardara ere gainik gain barraia zezan.
Aita harek bertze seme batzuk omen zitian. Bizirik iraun zezaten. Txantxangorriak adiarazi zidanez, apaizburu harek, bihotzean txapel gorria zuen harek, bere anaia haren seme hura begitan hartua zian. Gorroto ziezaion. Mutila, gazte buruargia, herriko jaietan kanta-kantari ibilten omen zuan, euskaldunen kanta zaharrak behin berriak bertze behin, eta honegatixe txantxangorri erraiten omen zioten batzuk bazitezen, urretxindor erraiten zioten bertze batzuk bezala. Osaba apaiz beltzak ez zezan mutil ha maite. Elizara joaiten bai, bazuan, baina Santio egunean ez. Aldarea lore gorri-ori-gorriez apaindua eta mutilari ez atsegin. Apaizak aldare gainetik oro ikus eta iloba han agertzen ez. Aiher ziezaion, begiz jo zezan. Iloba gaztea Iruñean hil zutela jakin zuen igandean, meza emaiterakoan mutilaren aita-amak elizara sartzen ikus zitzan. Urrundik ikus eta haiengana ez. Bertze seme guztiak bizirik, eta zergatik, eta osaba apaiz buru beltzak, kapitainari hitz eginaz, erreguz eta arrenez, hil ez zitzatentzat eskatu eta erdietsi zuelako. Baina, seme nagusi hogei bat urteko mutil gazte hura, ordea, ez zian salbatu nahi, ez zian bizirik eraiki nahi, ez, gorroto ziezaion, hiltzea nahi zian, hiltzea irabazia zuela uste baitzuen uste, euskaldun aberria maite zuelako. Prediku garaian apaiz beltza bero zedin tint, suak hartua bezala, eta Santiori " cierra España" eskatzerakoan, aldare gainetik mintzo eta mintzo, hitz eta pitz eta putz eta ziharduela, meza entzule guztiei herrazko so zorrotz eginaz " la sangre de los nacionalistas no vale ni para hacer morcillas" oihu egin zezan, garrasika legez, eliza barru osoan burrunba eraginki. Niri, behintzat, honelaxe jaulki zidaan, behintto, txantxangorri batek. Egia den ez den Jainkoak zakik, puttil".
Egunak luzeak neguan. Gauak luzeago.
Gauean tarratada luxe batek iratzarri zuen. Susmoak hartu zuen, eta egia: haritzaren adar sendo bat eten zen. Ezin jasan ukan zuen elurraren astuna. Senak besterik eman zion, bet-betan – Bordaxahar arriskuan egon zitekeena – baina ezin igo izanen zen, lurmendu arte behintzat, hura ikustera.
Hontza ganbaran zegoen eta, harrabotsagatik izutu zelako, hegazka hasi zen eta lasterka bezala irten zuen.
Goiztirian, ez zen ameskaizto iratzarri zuena. Birika estuetan mina sumatu zuenean esnatu zen. Herriko mediku berriak zehaztu ziona ez zuen atzendu: "Badira sakoneko zauriak, inoiz ikusten ez baitira, beti irauten dutenak".
Burgosko egurats lehorra osasungarri omen, baina ziega ilun haretako zazpi urte eta berrogei eguneko kiratsak ez zion, inola ere, onik egin. Hara artean, gudetxe bateko gela hits haretan jasan zituen ziperrak, oinazeaz, biriketan zuen gaitza eragin ziola esan beharrik ez zen. Eztulka hasten zenean, nabaritzen zuen, batik bat. Halako estura antzeko zer bat. Arnasa hartzeko atzeragarri bat zuen. Beharbada – arreba zuzen zegoen – hezetasunak kalte baizik ez zion egiten, gaitzurre zuen. Lehorralde batean hobeki biziko zen, agian. Agian, bai, baina arrebaren senarrak, bizi zen urte hondarretan, jasan zuenaz oroiturik, ez zen batere lasaitu.
Minaren minez, garrasi betean hil omen zen, Salouko erietxean. Minbiziak jo zuen. Gibeleko min sistagarri batez hasi zen. Beharbada, janari ustelen batek edo eragina ote zen eman zion senak, eta ez zuen sendagilegano jo. Ohean gaisorik astebetea, eta mina areago.
Sendagileak azter eta berehala, erietxera behar zuela, eta bertatik eraman zuten. Plakak egin zizkioten. Odol-analisiak zehazkiro azaltzen zuen. Minbizia zen. Berehala artatu beharrekoa. Mina baretzearren morfinazko pilulak eman zizkioten, lehenik; ebakuntza egiteko asmoz kirofanora eraman zuten, biharamunean. Gaitza oso zabaldua zegoela hauteman zuten. Ez zen aisa izanen, baina gaisotasuna gehiagora barreiatu ez zedin, gibela edeki beharra zutela, eta honela egin. Astebeko epean ez zen hoberatu. Min erdiragarriak zituen. Ohean, arnasa hodi batetik hartuz bizirik iraun eragin zioten. Bigarren astean, oinazeak ez zion une onik emaiten, eta bigarren ebakuntza egin beharko ziotela uste zuten. Ezinezkoa. Gaisoturiko soin-atalak bizirako ezinbestekoak ziren. Ez zegoen haiek ebakitzerik ez erauzterik. Ez zegoen ezer egiterik. Hirugarren asteko egunak lazgarriak izan ziren. Morfinak ez bide-zuen behar bezainbesteko eraginik, eta oinaze batean iraun zuen.
Arrebak, telefonoz jakinarazi zionez, hil zen azken unera arte bere buruaren jabe izan zen. Ez omen zuen burua galdu. Jaungoikoari otoitz eta otoitz eginaz ahitu omen zen. Arrebak, bederen, hala adiarazi zion:
- Ahora, cuando mejor vivíamos, Ignacio, se nos ha ido para siempre. Envuelto en dolor como un mártir. Él, que tanto hizo por los demás, se nos ha ido sin poder ser socorrido por todos nosotros. No tuvo para tí, Ignacio, sino palabras de cariño. Tú eras para él un prototipo de nuestros ancestros, a los que tan unido se sentía por su origen easotano.
- Pues, ya Dios estará con él – Iñakik erantzun zion.
Sinestuna zela lehenagodanik ere bazekien. Elizkoia oso, eta igandero ez ezik beredin egunetan ere, meza entzutera joaiten zela berak esan zion. Auzi batean, ebazterakoan Jaungoikoak lagun egiten ziola eta esker onez joaiten zela. Ez omen zen erraza bere lantegia: beti ebatzi beharra, beti gaizkinekin, eta ez zuen, bestalde, nahi adina irabazten. Arriskua ere beti ondoan:
- No pienses, Ignacio, que en mi tarea de servicio a la ley no me veo a menudo envuelto en graves situaciones. Como cuando hube de condenar a la máxima pena capital a aquel delincuente que en un atraco bancario asesinó a una respetable ciudadana que paseaba por la acera – azaldu zion egun haretantxe Iñakiri, behin ikustaldiño bat egitera etxera etorri zitzaizkioneko bazkaritan – Lamentablemente, el sujeto pudo resarcirse del cumplimiento de la pena por mor de un cambio en la ley, y, no mucho más tarde fue puesto en libertad, ya que se descubrió, al parecer, que la víctima lo había sido de una bala rebotada que lanzó un guardia civil en la persecución. ¡No sabes bien el riesgo que aquello me acarreó, ya que el sujeto podría volverse contra mi persona y llegar a amenazar mi integridad física! Estuve durante días sin poder comer de fundamento, considerando la situación que se me creaba. Llegué a perder más de un kilo.
- Pero, tú le metiste la pena de muerte. Y el no mató a la mujer...
- Hombre, Ignacio, ¡los jueces no somos infalibles!. Gozamos, sin duda, de un don, que yo calificaría de divino, que nos permite discernir el bien y el mal, conforme al interés de la sociedad que se corfirma mediante las leyes; mas no estamos exentos del peligro de algún error, por la carencia de todos los datos objetivos que se pudieren extraer del cometimiento de un delito.
- Pero, tú, por si ácaso, ya le condenas a la muerte. Y te vas tan tranquilo – Iñaki temati.
Gorostitzagoikora gutitan etorri izan zen. Harez gero ez zen etorriko. Arreba ere ez hoborotan. Iñakik ikusi zuen azken aldian, eskuan txolatto bat wishky zegoen, sukaldean, bizitza onari topa egitean. "Halakoen biziera ttutta ez diat nik nahi. Nerau hemen hobeki bizi nauk, apasantuan, bare eta baratx, asko lan eginda ere" – esaten zion maiz bere buruari. "Burgosen loturik eduki ninduten aldigaiztoa izan ez baledi..." – berriz eta berriz egozten zion bere asturu gaitzari, birikak gaisotuak zituela sumatzen zuenean, behinik behin.
Leiho ondoan, larrain zuria zekusan. Bazirudien neguak udari epea kendu nahi ziola. (Elurra bere zurian beltza da, esaerak dionez, baserritarrentzat bereziki) Aspaldidanik, gainera, izotz-kizki luxettoak agerian, teiletatik beheti zintzilik. Etxegaineko oilar birakaria geldi zegoen, hormatua.
Sendagilearen premiaz egonez gero, ez zuen erraz izanen herriraino jaistea. Medikua etxeraino igaitea, bide elurtsuetan goiti, ia ezinezkoa.
Hara, berriz!, etxeranzko aldapan gora hiru gizaki urkusi. Elurretan zanka-zanka. Buruak guztiz estaliak, txano batzuez hain zuzen, txamarra lodi antzekoak soinetan, eta oin-azpietan ohol mehe luzeak zapata. Hirurak betaurreko beltzekin, oinetako handi eta belaunetarainoko galderdi gorriekin, nekez-nekez bazetozen. Haiek ziren inoiz edo behin entzundako eski edo harako lerak, elur-geruzaren gainean ibilteko oholezko orraze estuak alegia.
Ez zen lasai Iñaki, haiek ikusitakoan. Hiru ziren. Azken boladan 'guardia civilak' ez ziren binaka agertzen, antzinan legez.
Bizkarraldeko motxila handiak zekartzaten. Begirik ez zien kendu, barrurean leihotik. Larrainera eta makilak elurretan josi zituztela ikusi zituen. Txanoak erantzi zituzten eta, haietako bat ezagutu zuen. Giputzetako mutila zen. Lasaitu zen, orduan, Iñaki.
"Buenas" – entzun zuen sukaldetik oihua. Burua agertu zien.
- Zer dugu, bada? Hemengo aldi? – Iñakik leihorean mutilei.
- Aupa, tío. ¿Que tal andas?; que no te bemos por el pueblo haze tiempo. – Giputzeta mintzo.
- Ni ongi. Elurragatik ezin jaitsi izan naiz. Behar ere ez. Hemen-e, behar dudan guztia badadukat, bai, eta herrira beharrik ez.
- Jo, tío. Pues a nosotros nos gusta ber jente autentika, jatorra ya sabes. Tipos como tú, deputamadrekoak.
- Et, to, ea zer darasazun, ehe, gero! Ene ama ez zen halakoa, ehe; kontuz, gero, zer diozun! – Iñaki haserretu zen hagitz.
- Joé, tronco. No me has entendido, ehe. Yo no te he decido nada de tu madre. ¡Que ostias dizes, o! Ez duzu konprenditzen – Giputzetako mutil adats luzekoa berdatzen zenean oldarti.
- Zertara zatozte?
- Estamos dando una vuelta por el monte – beste mutiletako batek leunago – : nos gusta el ski, y hemos aprovechao. Ai que darle un poco kaña al cuerpo, ya sabe ustéd.- Nik uste ala ez uste berdin dizue. Zuek nongoak zarete?
- Hombre, tú, no me has konozido, ez nauza rekonozitu ala? – Giputzetak berriro.
- Zu bai, bertzeok ez. Hemengoak al dira? – Iñakik jakin nahian bezala baina jakiteko gogorik ezean.
- Bai, tío, hemengoak gara. Pero no hablamos vascuence como tú – ordura arte isilik zegoen hirugarrenak – Tu eres un poko raro, ehe: no entiendes nada. Ya se be que no as andao por el mundo. Nosotros emos andao por los Pirineos, por los Alpes y por todas partes. El año que biene bamos al Akonkagua. Aora nos estamos entrendando.Ya nos podías dar algo, aunque sea un chorizo, no. ¡Tú arás buenos chistorras akí, ehe!
- Txorittoak bai hemen ugari. Orai negu minean gaizki dabiltza, gaixoak, janaririk ez eta. Baina gure etxean aterbe nahi izanez gero, zulo guztiak zabalik – Iñaki hizketan eta, bat-batean mutilak barrez, karkailaz hasi ziren.
- Jo, tío, ya te bale. Este te dezido chorizo no choricho. A ber si tienes chorizo pa comer, que traemos gose, que emos andao mucho y la elurra cansa – Giputzetakoak erasian bezala.
- Yo creo que es mejor que nos iríamos. Este aldeano no nos entienda nada, y. Este no a salido de kasa, mas que a misa – Jauregiberri etxekoa zen bizardun mutil argalak sartu zuen hitz.
- Vamos, venga – besteak berriz ere – que aki no azemos nada. Estos aldeanos no dan nada si no ai dinero por medio. Y ademas no nos entiende. Estos tipos son raros asta pa'ablar. Ai que seguir la martxa, tíos, que tenemos que bajar en menos de beinte minutos. Bueno, kashero, otro día bolberemos a verle. A ber si tiene mejor umor ke oi – leunkiro mintzatuz amaitu zuen Elizaintzin etxeko gazteenak.
Iñakik ez zien jaramon handirik egin. Aldentzean begira geratu zitzaien, urrunduz itzaldu ziren arte. Elurretan irrist eginaz laster joan ziren. Sukaldera itzuli eta suari egur bat eman zion, auspoaz putz zegion bitartean.
Negua aurrera zihoan, eta luzetsia izan arren, udaberria laster helduko zelakoan zegoen. Gaztetan hotzaren beldur ez zena, adina gora ahala, hozperatzen hasia zen, eta mutilekin landan berriketan egonaz hoztu zela sumatu zuen. Ez zitzaion on. Birikak hoztea ez zuen kalte baizik izanen. Arnasa hartzeko bedatsearen nahitua zen.
Udaberrira iritsi ez zena Oihangurengo anderea izan zen. Neguaren hotzak eraman zuen. Urteak ziren bakarrik bizi zela eta hala hil zen, bakarrik. Bidea elurgetu zenaz gero, elizara eraman zuten, hileta egitearren, eta herriko hilerrian geratu zen betiko.
Iñakik emakumezko latza izan zuela bazekien, baina elizkizunera jaitsi zen. Azken-agurra inori ukatu behar ez zitzaiola irakatsi zion aitonak eta emakume pikalaport hari ez zion ukatuko, nahiz eta haren etxera hurbildu izan zen guztietan harrera ez batere abegitsurik egin. Alaba bakarra, Maria Irache alegia, amaren hiletara agertuko ote zen, ez ote, zalantzarekin joan zen. Ez zen agertu. Ahaide batzuk, ez ugari, batu ziren, baina harako neska haren zantzurik ez.
Hilerrian ehortzi bitartean, Iñakik ezin burutatik edeki beti erabili ukan zuen galdera: Oihangurendarrak izan ote ziren haren salatariak? Hauxe argitzeke ilundu ziren betiko, bai etxeko jauna bai anderea. Hala izanik ere, barkatu egina izanen zien. Gorrotoa ehizi gaiztoa zela irakatsi zionak arrazoia zuela sinetsita zegoen.
Senarraren ondoan hilobiratu zuten. Hobiko harlauza gainean gurutze handi bat zizelkatuz landua, artesitu eta urrekaraz margoztua zuen. Ondoko guztien artean nabarmena. Handiena ere inguruko haietarik. Izen-abizenen azpian, berak hilburukoan adiarazi eta agindu bezala, antzinako armarri baten erako idazkun bat zuen gurutzea bezala irarria, "Etsaiekin haginka" zioena.
Iñakik, aldamenean, aitonaren hobian lore sorta berria ikusi zuen. Krabelin gorriez eta xuriez egina. Amarenean ere beste berdin bat, polit-polita. Ez ziren berak ipiniak; ez zekien norbaitek ipini zituen. Agian, arrebak. Ez, baina, aspaldi handian herrira bagerik zegoen, eta loreak, aldiz, gordin-gordinak ziren, berriak, guri bezain pintzak.
Gorpua hobiratutakoan, apaizak, otoitzaz gero, hitz ohoragarri batzuk egin zituen. Ohiko hitzak. Jarri zen egoile guztien aurrean, hartu zuen esku bien ahurretan Biblia liburua eta entzuleei, leunkiro:
- He aquí la Palabra de Dios, dictada desde los Cielos a todos los hombres, sus hijos. Quien sigue la Verdad dictada volverá a ver al Padre; quienes renieguen de Él no alcanzarán lugar a su vera, sino la eterna hoguera infernal. Afortunadamente, Juana María, siguiendo fiel a su recordado Miguel, tuvo fe y vivió conforme a los dictados del Señor. Así como él ha alcanzado la gloria de la eternidad junto al Padre, ella desde hoy ya se halla, una vez elevada el alma a la inmensidad de los Cielos, a la vera de Dios.
El Padre premiará, sin duda, los sacrificios que ámbos hicieron, desde su tierna juventud, por mor de la defensa de la Verdad, que nos fué revelada en este Libro Sagrado; y, por qué no decirlo, también al servicio de la verdadera Patria, la que Dios, por intermediación de la Santa Madre Iglesia ha consagrado, en tiempos bien difíciles y trágicos, con ayuda de nuestro Santo Patrón Santiago.
Luzeago mintzatu zen. Amaian han ziren guztiak hilerritik, geldiro-geldiro, atera ziren. Isiltasuna baino ez zen entzuten.
Bidean gora, iluntzean, Iñaki, gogoetatsu zihoalako edo, uste baino arinago iritsi zen. Atea langaz itxi zuen. Beldur zen. Aspaldi zela, ez zitzaion agertu, negua baino lehenagodanik, 'guardia civilen' ibilgailurik ez susmokorik bat ere, ez etxe inguruetan ez bidean ere.
Gauez, alabaina, maiz esnatzen zen, lo-murdi baten ondorioz, izutuxea. Krika bat aski, haizeak erabili orrien far-far-far hutsak iratzarten zion. Goiztiri lanbrotsuetan, ardien txintxarriak hoska hasten ziren garaietan, zalu jaikitzen zen, ez, ordea, lehen bezain.
Gorputza zurrundua nabaritzen zuen. Urteen astuna! Baina birikak zituen, batik bat, esturik. Arnasa hartzeko poxelu bat bezala.
Maizegi, itomen pixka bat bezala ere sumatzen, hatsa sartzen izan ez bailitzaion. Udaren lehorraz hobetuko zela uste zuen.
Ahal ukan zuen lehen aldian, Bordaxaharrera igo zen. Elurteak zer gaitz egin ote eta jakin-min gorriaz. Inoiz baino urrunago eritzi zion, hagitz ezagun zuen bidean goiti, makila beti eskuan, Atakagaitz lepora iritsi zeneko. Urrundik begiztatu eta onik zegoela begitandu zitzaion. Gero eta hurrago, eta hegatzeko teila gorri batzuk hautsirik zegozela edo ohartu zen. Azkenengo elurrak, bere zurian beltza, zuloa egina zuen. Ez ziren teila guti batzuk. Barrura sartzeko, ate txikirretik, makurtu zen, eta, barru ilunean, berak harakoan uste baino kalte handiagoa eraginda zegoelako atsebageak hartu zuen. Haga batzuk etenak ziren. Elurra biguin eta uxter eta guri eta xamur den heinean da astun, da jasangaitz, da gaizkarri. Barruko lurrezko azpia erabat bustirik zegoen, lupeztua. Sua berriro izeki beharko zuen, hura guztia lehor zedin eta argiaz hobeki ikusi ahal zezan, ezer egitekotan. Abar batzuk ekarri zituen eta sua piztu zuen.
Suaren ondoan jarri zen. Aulkittoa sitsak jana eta hautsia zen. Harri baten gainean eserita suari begira geratu zen. Eskuak gar epelen gainean berotzen. Sabai zulatuan zehar ortzi hodeitsua zekusan. Barru itxiko hezetasun handia sudurretik sarkor usnatu zuen. Ez zion onik eginen. Artile lodizko jertseaz jantzita ere, hotzik zegoen.
Gogoetatsu. Antzinako oroitzapenak sarri, baina orduan, ez zen lehengoaz oroitzen, geroaz baizik. Beharbada, haraino igoko zen azken eguna huraxe. Ez zuen lehengo indarrik, ez eta gogorik ere lehengorik. Igoeran arnasa-estuka, eta belaunetan mina, eta izerditan ere beti hotz. Elurrak eteniko hagak berriztatu beharra zegoen. Teila batzuk, heuragi zehazto esatearren, urratuak eta berritu beharrak.
Zakurraz beste lagunik ez eta berak bakarrak egiteko guztiak egitea ez zuen erraza izanen.
Urrutiko hodei ilunek euria zekartela igarri zuen. Etxerako orena, beraz. Bidean busti nahi ez bazuen, ahalik zaluen jaitsiko zen. Lagun or zaharra lagun bakarra ere etxera gura. Zidorrean beharantz hasi zirenean, lehenengo tantak erortzen.
Lehengo egunak gogoan jaitsi zen. Bidez bide, gorputzaren nekeaz arduratu bage, ibilten zeneko egun haiek. Aspaldi handixkoan, ez zuen hitzik ez elerik egin ukan Lagunekin baizik. Elkar igini edo ulertzen bederen zutela esan beharrik ez.
- Hi, Lagun, ni baino gazteago haut, honelarik ere, heu ere zaharra haiz. Badakik, beraz, zer den zaharraren ezina. Herori ere herrenka habil, tzainku-tzainku, ni bezala; eta betiko bidea, egunetik egunera, luzatzen zaiguk. Hi izan hintzelako haiz, ni berriz, ez ninduan izaneta ez nauk. Hi bizitza erosoaz ongi ibili haiz geurean, katearik ez, gosea usnatu ere ez, heure buruaren jaun eta jabe. Nahi ukanez gero, bertze mundu batzuk ezagutzera joan ahal izan hintekeen, baina geure etxean heure etxean hengoen, ongien. Ni, aldiz, zazpi urte eta akats kateaturik egon ninduan, eduki ninditean zehazkiago erraiteko, ziega ilun eta hits batean, eta bertze urtebete kaiola handi bateko gela ziztrin batean, gizon oihukari zantar batzuen agindu zoroen pean. Orduan ikasi nian zer zen amaren beharra. Orduan erresiñula kantari ederra dela kanpoan aske denean, baina tristuraz higatzez doala kaiola baten barnean. Ni ere halaxe ninduan tirano arrotz haien artean. Amaren ametsa kontsolagarri histura handienean. Eta, geroztik ere, etxen arrotz, ez guttitan, Lagun. Hik ulertzen didak.
Zakur zintzoa, burua makur, tzainku-tzainku, ondoan zihoan; adi-adi, entzule erne, mingaina ateraturik arnasa bakoitza azkena bailuan.
Ordu biko bidaldia. Lagun biak etxera orduko, goitik behera, blai-blai. Beheko suari putz egin zion, lehortu behar eta. Beheko suaren gar gorrixta haiei begira egoitea atsegin zuen, eta ildoki bat edo mokotxa bat gori-gori zegoenean, ondoan jartea zuen gogokoen, ilunabar-gauetan batez ere, puin-puin. Bakarrik zegoenarentzat sua, nolabait, lagungarri. Zakurra bera ere, suaren aldamenean, erdi-lo sarri, atseden betean.
- Etxen bezala nehon ez; ez duk honela, Lagun? Nahiz ez den gaztelua, eta behar ere ez gaztelu. Zertarako gudu-tokirik? Baina, bai, maite diat nik sorlekua, dela sortetxea dela sorterria, gure aiten aitek hautatua. Ez nehori ebatsia ez lapurtua. Etxetik kanpo luzaz izan ninduan galdua. Ni, Lagun, hemen nauk sortua, eta hementxe utziko diat mundua, gal ez badezat zentzua. Zeinbaitek gaztelu nahiago, gure borda baino. Burgoi, harro eta mutiri nahi dik bere burua. Guk, hemen apal, goitik arroari begira nahi diagu; bai, Lagun? Ez harresirik ez horma gotorrik, ez inguruko gezi-aurtikitzeko leiho esturik Gau betea zen oheratu zenean. Aunatua, lok berehala hartu zuen. Ez zen goiztiriko lehen argi-izpiak sartu ziren arte esnatu.
Igandearekin, herrirako asmotan, etxeko atazak burutu baikoz, txukun jantzi zen, eta land-rover zahartuan, baratx-baratx abiatu zen.
Herriko hilerrira jaitsi zenean, berriz ere, amaren eta aitonaren hilobietan lore xuri-gorriak zegozela ikusi zuen. Agian, Karrikaburuko anderea zen lore haiek ipinten zizkiena. Beti adiskide handia izan zen eta emakume maitagarria.
Urteak ziren etxetik, abantzu, elizarako baino ez, ateratzen ez zela. Hirurogei urte baino gehiago ziren Luis betiko aienatu zela, eta haren zantzurik ez inon. Lezera joaiteari ere utzita zegoen.
Iñakik etxerean eramanak aginari ipini zizkion. Hiru arrosa gorri. Adiskide izan zituen haien oroigarri, baina Hiriren omenez bereziki.
Izan, hil zen urteurrena zen.
"Beharbada – egin zuen gogoeta – gau haretako kontzertu zantarrera joan izan ez balira, ez zatekean halako zulo beltzean eroriko.
Harez gero, ez zuan nehoiz lehengoa izan. Gazteegi gintuan, ez genekian zer egin zer egiten, ez eta zer eginen ere. Egia erraiteko, nik ez nekian, orduan, zer zioten; anitz urte geroago ikasi nian, zera, burrunba hutsa zen musika haren barruan herra zirakiela, gorrotozko piztiak jare zebiltzala, gaiztoki. Muerte eta odio eta colgao eta akatu eta antzeko hitz zitalak erruz, eta guk barra-barra, usu zer erran nahi zuten zehazki jakin ez arren. "Mas porros, menos porras" oihu egiten zian pagu-pagu Hirik, harako gau likits haietako ordu tikietan, etxera bidean zutitu ezinik, bazterreko laharretan erorita ere. Hondarrean, gizonaren bildria baino ez zenean, 'porroak' akatu zian, ez porrak".
Agina hazten zen. Pittinka-pittinka. Ale gorri ugari ez baina lehen aldikoz batzu-batzuk erne zitzaizkion. Iñaki, aitonagandik, jan ezin zitezkeela jakinaren gainean zegoen. Pozoina edo zutela eta, iratsuak omen ziren, edengarriak beraz eta hilgarriak lazki. Antzina zaharreko menditarrek, guduan azpiratuak izan ordez euren buruaz beste egitea nahiago eta, jan ohi zituzten, hiltzearren.
- Guk ere hala nahi zigutean, muttilko, geure burua hiltzea nahi zutela erran nahi diat. Geure buruaz bertze egin genezala. Hemengo batzuek egin legez. Ez ditek aginaren bikor gorririk jan ez janen, baina kanpotiko haize lizun orok ekarri guztia irentsiz ito dituk. Urgulu zoroak burua hartu ziek eta gurea den ororen itotzea ditek gogoan. Lartaun gure antzinateko buruzagi erraldoiaren garaikoek etsai arrotzen mendean ez erortzearren beraien burua hil nahiago zitean. Gaur den egunean, ordea, batzuek kanpotiko bertzeen mendeko eta jopu izan nahi ditek, gogotik nahi ere. Guk, muttilko, Aitorren haurrideak gaituk eta askatasuna gauza guztien gainetik maite diagu.
Nehor ez duk, Jainkoaren seme-alaba izanik, bertze nehoren azpian izaiteko. Zakurrak ere ez dik katea maite. Kaiola maite duen txoririk bai ote dea? Ez duk. – adiarazi zion behin, hil hurren bai baina burua zeharo bere onean zuenean.
Ez zuen burutatik edeki inoiz Labandibar. Erho zuten baino bost aste lehenago etxean egon zen. Beharbada, norbaitek, haren izkian bila eta bila, aztarrena kausitu zuen, non eta Gorostitzagoikoan. Zainak honela jo zuen. Ez zuen erraz jakiterik izango inoiz, baina zaio donge harek gogoaren barruan, pipia zuraren bezala, karraka egiten zion. Erdikosoron bi gizaseme susmagarri haiekin hitz egin eta gero, ez zen beste behin gehiago ere hara agertu 'guardia civilik'. Uste on larregi zuen orduko haretan Labandibarrek. Agiri bat erakutsi zizkion, eta polizia zela sinetsarazi omen. Beharbada, sinetsiarena egin bai haiek, alegia eta agiria benetakoa zela eta polizia zela sinetsi, baina gero argazkia ikusi eta ezagutu ondorean, haren lorratzari jarraikiko zitzaizkion. Motorra ere ezagutuko zuten.
Sarako elizara maiz joaiten zela jakinen zuten. Ez zen, noski, ohikoa halako motordun gazte bat mezatara hala joaitea. Beharbada, haren atzetik, bizi zen etxeraino helduko ziren. Bidea, beraz, ezaguna. Goizeko hamarrak irian, Sararantz ibilasi zenean, nondik nora joanen zen jakinaren gainean zegozen, eta, bihurgunera baino lehen, abiadura moteldu behar zuela eta, gibelerean zetorrenak aurrea hartu zion. Bazterreragin zion. Bultzaka bezala eraso zion. Kolokan hasi zen. Aldaroka. Eta orduantxe, beribil barrutik tiro bat iraitzi zion. Bertan hil zen.
"Iraultzailea berak nahi duen lekuan hil doa" zuen gogoko esaldia Labandibarrek, Iñakik gomutatu zuen eran. "Ez zian bere buruaz ardura handirik – oldoztu zuen bidean goiti zihoala – baina bertzeen lagun onik baldin bazen huraxe zuan onena. Haren izenik ere ez nian ikasi nehoiz eta adiskide mina nian. Haren antzeko bat baino gehiago balitz-i, mundua ez litzatekek hain txarra izanen, ez arraioa! " Dena eman behar zaio, Iñaki, maite den askatasunari" erraiten zidaan eta halaxe egin ere egin harek. Ni nerau, harengatik izan ez balitz, oraindik Burgosko ziega hitsean nengokean, hauxe baietz! Adiskideak non-nahi bazitian, bai, eta ni erosteko dirua bildu beharra ukan zuenean adiskideengana eskale joanen ez zuan, bada!. " Inpernuan ere adiskideak eduki behar dituk" erraiten zian eta egia.
Oraindik ez zakiat, baina ostatuan dirutza utzi zidana bera izan zelakoan nagok, berak ezetz erran zidan arren. Nor bertzenaz? – galdetu zion bere buruari, etxeko atea irekitzen ari zen unean bertan.
Ez zen oso harritu ibilgailu baten hotsa entzundakoan. Udazken nabarretan usukoa, eta eguarte haretan, maldan gora beribila zetorrela ikustean, mendizale edo ehiztarirean bat zitekeela uste ukan zuen. Larrainaren aurrean gelditu zen unean, neska bat zela ohartu zen. Ez zuen ezagutu. Praka zuri estuetan sartuta zango meheak erakusten zituen. Loredun atorra lasaiak, papar zabala agerian, bular gizen bi, estaliz ikusarazten zituen. Buruan kapela antzeko zer bat zekarren, ikusleari bakan iruditu zitzaiona. Honengana hasi zenean, larraineko harrien artean ibilten halda-maldaka heldu zen.
- Hola, buenos días, señor Iñaqui. ¿Ya me cononoce, no? – neskak irriño batekin batera agurtu zion, eta eskua luzatu ere bai.
- No, pues.
- Estuve aquí hace algún tiempo; soy la hija de su primo Iñigo. El quería haber venido a verle a ustéd, pero la enfermedad se lo impidió.
Hoy vengo a comunicarle su fallecimiento – eta neskak ilundura hits bat erakutsi zuen.
- Aha. ¿Ha muerto, pues? – Iñakik, lehenengo unean harritua.
- Así es. Falleció la semana pasada. Tanto mamá como yo le atendimos en todo cuanto pudimos hasta el último momento. Fué muy triste.- ¿Que lé pasó, pues?
- Fué una enfermedad muy prolongada. Desde que se le pudo diagnosticar hasta su posterior tratamiento y fatal desenlace transcurrió más de un año. Fué muy duro para mamá – hitzak dardaraz egin zituen.
- Enfermedá grave tuvo, entónses.
- Ciertamente, señor Iñaqui; sufrió mucho.
- Bueno, pues-e, que en gloria esté. Ya tuvo vida rara ese primo mío. Desde pequeño venía torzido, yo creo, ehe. Era como el padre suyo.
"¡Aquí mandó yo!" dezía aquél.
-Bueno, mi papá no era tan así como dice ustéd que era el abuelo – neskak ez zion ondo hartu Iñaki lehengusu tikiari beronek esandakoa.
- Aquél ya mató, pues, a más de uno, en la guerra y después tamién. Y yo por culpa dél en la cartzel esté. Y toavía estoy si no me sacan los curas y un amigo que después le mataron. ¡Y yo culpa ninguno no tuve, ehe!– Iñaki sumintzen hasi zen, mintzatu ahala. Neskak eten zion:
- Ya. Mi papá quería por eso hablar con ustéd. El sabía de sus desdichas y sentía mucha pena por ustéd. Decía que era una buena persona. Muy apegada a su tierra.
- ¿Quién, el padre tuyo? – etenez Iñaki oldarkortto.
- No, ustéd, señor Iñaqui. Siempre me comentaba, en su lecho de dolor, que ustéd era un hombre muy sano. Por eso quería venir a hablar con ustéd, pero no pudo culminar su deseo, ya que el virus le imposibilitó cualquier traslado, máxime estando este caserío tan alejado de nuestra ciudad, en estos parajes tan húmedos y montuosos.
- Ya, ya. No creas que he estao esperando, ehe. Haze años que no venía. Bueno, cuando me llevaron a la cartzel, me dijeron que andó por aquí, y que llamó a la hermana, y. Pero yo estaba donde estaba. ¿Dolor, dises? ¡Yo bien sufrí lo que me hasieron los guardias! ¿Sabes a eso cómo le llaman? Tortura o algo así. Tu nó sabes eso lo que es.
- Ya lo siento, en el alma, señor Iñaqui. Papá nunca me dijo nada de eso. Los últimos días me comentó algo sobre una cantidad de dinero que estaba en un lugar que ustéd conoce denominado Goicoturri o algo así – neska beltzaranak aitaren altxor baten antzeko zerbait zelakoan azaldu zion.
- Goikoiturri igual quieres desir. ¿Que dises que tenía el padre tuyo allí?
- No lo sé a ciencia cierta, mas le entendí que se trataba de algo ocultado durante la guerra o fechas posteriores. Cuando me lo quiso explicar ya no se le podía entender todo cuanto decía. Además no sé si no se tratará de alguna alucinación. Los últimos tiempos sufría mucho de tales efectos, así como de pesadillas que le atormentaban. Incluso creía que su enfermedad se la habían contagiado sus propios amigos. El pobre hombre sufrió mucho – alabak aitaren hondarreko oinaze lazgarriez oroitzean goibelki, hitza etenka zegien.
- ¿No te dijo tamién que le pasó a mi amigo Gorrotxa?
- En verdad que ese nombre me resulta desconocido. Nunca se lo oí pronunciar.
- Pues, a ese le mataron y en el pueblo siempre disen que el estremeño y el padre tuyo andaron por allí.
- Yo desconozco todo eso, señor Iñaqui. Además, debemos olvidar los acontecimientos de tiempos pasados. Papá siempre guardaba gratos recuerdos de este pueblo donde nació. No en vano aquí pasó su juventud, y es un dicho muy citado que la juventud es la patria de ser humano.
- Algunos-o, la patria llevan en el bolsillo. Yo aquí he estao toda la vida, menos los siete años y cuarenta días que me tuvieron en la cartzel, en Burgos, donde tú eres, esa es la patria vuestra. Yo si Dios quiere no voy otra ves a ese sitio. Toavía tengo el olor que me se metió en aquel agujero que esté tanto tiempo.
- Mi papá ya lamentaba no haberle podido ayudar en aquél trance.
- Bueno, pues. Ya está hecho. Ahora, ¿qué más quieres?
- Nada más que un último deseo de mi mamá y mío; y es que ustéd lleve estas cenizas de papá a un lugar del monte que él amaba entrañablemente, ya que había sido de sus antepasados.
Iñakik buztin zurizko ontzia hartu zion. Barruan errautsa zegoela ikusi zuen. Isilik geratu zen, neskatxa ondoan.
- Venga, pues – esan zion lehenengo uneko txundiduraz gain – vamos a echarlo – eta beribilean biak agina hazten zen lekurantz joan ziren.
- Esta flores pongo yo. Son amigos míos que ya se fueron. Todos hemos sido amigos, de jovenes, el padre tuyo tamién. Ya no quedo más que yo. Bueno, queda otro que no sé donde anda; le llamamos estremeño. Otro que tamién ha andao mal. Si vivo está al pueblo no viene.
Esta flor roja es para Gorrotxa. Le mataron de un tiro, y nunca más hemos sabido quien fué. Un poco bocagrande ya era, pero mala persona nunca. Disen que le quemó el coche al abuelo tuyo, pero yo creo que no fué él. Esta otra es para Hiri que se murió en un acidente en la fábrica. La otra es para Labandibar, que le mataron de un tiro, desde un coche. Hombre mejor compañero que este pocos, toda la vida hasiendo bien a todos, y mira como lo mataron– Iñaki inoiz baino mintzakorrago.
Neskak zerbait inoiz entzuna zuelakoa eman zion adiketan; aitari bere aitak, behin edo behin, gertaera haretaz susmoa hartua eta, Jurramendin hil omen zen mutil baten ahaiderean bat izan zitekeela uste ukan baitzuen, antza. Zerttobait gehiago jakin nahitua, Iñakik Labandibar aipatu eta galdera, eta neskak deusik ez zekiela. Adiskide min zuen hura nor zen ez zion zehaztu. Hara eta hona, beti laguntzaile, askoren lagunkoi izan zela, sindikalista sutsu beharginen aldekoa beti, eta bera espetxetik aterarazten lagundu zutenetakoa zela adiarazi zion. Gazterik, eskolako urteak bukatu, eta apaiz egiteko asmoz Iruñeko apaizgai-etxera joan zela. Bizpahiru urte eman omen zuen. Ez zen erraza gizona men egiteko, eta hango etxe haretako diziplina gogorrean ezin etsia, nonbait, apaiztu aurrez alde egin zuela.
Harek berak esaten zuen eran "etxe ilun haretan, hango horma hits haien artean, burgoi eta harro jarduten zuten arimabeltz haiengandik asko ikasi nian, ikasi, kristau izaitea eta katoliko izaitea, adibidez, ez direla bat; Kristo txiro eta behartsuen adiskide zen hein berean hango sotana beltzeko arrano beltzak aberatsen habietan arrautzak nahiago, kukuak txantxangoarriaren kaltetan egin ohi duen bezalatsu". Hala adiarazi zion, behin, egunkaria eskuetan zedukala:
- Apaizandi egoskogor haiekin ez zegoan luzaz ele egiterik. Elestan leun izaiten bazekitean, baina guk haien eriko eraztunari mun egitea zitean bereziki gogoko. Goizean goiz, arratsean arrats zein gauean gau gu, pekook, buru makur eta beti munka eta apaka nahi gintiztean.
Iruñeko handikiren bat edo aitonsemeren bat agertzen zenean, aldiz, haien agur eta gur egin beharra berauei! Eta gudagizona bazen, areago; orduan zituan gure apaizandi haien kilimusiak, gudamaite haiei atsegin egin-nahikeriak. Sabelzuriak en zuriak, gure gotzaingai buru-eritziak! Gudua, bai, gudua aipatzen zutenean, berriz, ez gudu ez gerla ez gerra, Cruzada baizik, haiek! Nagok, Iñaki, Erregea Kristo baino maiteago zutela. Nik haiengandik beredin ikasi nian, otoitz egiteak deusetarako ez dela, adibidez; zeren, haien otoitzak Jainkoaren baitara heldu izan balira, oraino, gudu betean egonen baikinatekeen. Ni Caudillo hil zen gauean hantxe nengoan. Han zituan aurpegi histuak, han negar egindako begi gorrituak, han begira goibel mehatxuzkoak! Aldarearen baranoan apaizandi haiek belauniko, bere baitan bilduak, otoitz eta otoitz. Ez zakiat oraindik, hildakoaren arima zerura zendintzat otoizka edo bertze caudillo baten eske, edo haiek beraiek zerura nahi eta infernura joan beldurrez.
Errautsa aginaren oinetan ihaurri zuen. Laster euria zekarrela zirudien, eta hautsa lurrarekin nahasian erroen janari bilakatuko zen.
Zeiara jaitsi zen igandean (ilean behin egiten zen azoka, harez gero, ez zen gehiago eginen; izan ere, baserritarrak zahartu ez ezik urritu ere egin ziren, biziki, azkenengo urte haietan batez ere, eta abereen sal-erosketak ez ziren harako egun eta leku haietangauzatzen, lehen ohi zen bezala, beste era eta toki batzuetan baizik. Azokak, beraz, urtean behin edo, egitekotan, eta sal edo erosteko ordez erakusteko ziratekeen, guztiz ere) Behengoa eraitsia ikusi zuen.
Urteak ziren etxe ha hutsik zegoela. Gorrotxategi sendia bertatik egotzi zutenaz gero, ez zen inor bizi han. Oso noizean behin, Madrildik Jorge etorri ohi zen, uda aldeetan, gehienbat. Baina heuragi urte zen hil zela. Aita hil eta Borja – uste dut – zeritzon semea urtean behin edo birritan agertzen zen.
Jorgeren semerik gazteena zen. Ybarra zen aldetik, mutil garai xamarra, ileorixka, eta haragitan gixena zen. Aita Sanpedrotan orduko alkate jaun txit gorenarekin bazkari egiteko ekandua zela eta, herrian ezaguna zen; haren aita herrikoa izanki, noski; gaztetan Ameriketara joana eta diruz okitua itzilitakoa omen.
Halatan eraiki zuen, beraz, Behengoa. Ez lurretik eraiki, orubean lehenago zegoen Uhalde harri eta zurezko etxe zaharra eraitsi eta gero baino. Ybarra-tarrek, gudua erakori aurretik, Madril aldera egin zuten. Orduan, etxea Gorrotxategiri alokatu zioten.
Eraitsitako etxeen hondarrak hesi batez inguratuak ziren eta Iñakiri harritu zitzaion. Zerbait egiteko asmoa bazen han. Inork jakitekotan ostatuko bere adiskide berritsuak jakin behar zuen.
- Bai, noski, Iñaki. Hor etxe berria eraikiko ditek. Ez duk irakurri hor dagoen kartela? "Urbanización Valbuena" hizki handiz idatzita zagok, ba. Hori, Borja, badakik, Don Jorgeren seme hura duk, zera, lau solairuko etxe handia eraiki asmo duena. Laster hau Paris! Iruñetik eta panplonudoak jinen dituk bizitzera.
- Bai zera?¡ – Iñaki harri eta zur.
- Bai, horixe! Hogei bat behargin bazabiltzak egunokaz inguruetan. Ulertzeko ere mutilak dituk horiek-e... batak " muxa grasia" erraiten dik, bertzeak "moito obrigado"... eta elkarri nola ulertzen dioten ez zakiat. Horiek-e, "ganar peseta y gastar peseta" egiten ditek. Eta-a, hemen-e, badakik: "venga diñero". Nik-i, badakik, zera, "txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa... horrexek emaiten zidan, maitea, bihotzean poza".
- Zer dira, bada, arrotzak?
- Arrotzak? Ai, mutil!; arrotzak hemen geu gaituk, gero eta arrotzago. Baina, dirua uzten duten bitartean, aitzina – txiriboginak aldarte onean, irribarretsu, erantzun.
- Nagusia ere hemen dabil? – Iñakik aspaldian ez zuen ikusi.
- Borja hori hemen txitean-pitean agertzen duk. Ybarra y Ruiz de Valbuena omen duk, eta honegatixe etxe berriaren izena. Herri hau biziberritzen hasiko duk, motell – ostatariak geroko ikuspegi luzedun gizona zela erakutsiz.
- Bai? Ez zakiat nik hori ikusiko dudan – Iñakik esan zionean, lau gizaseme sartu ziren, eta bat ere ezagutu ez zuelako arrotzak zirela antzeman zien.
- Saca cuatro birras, tío, que traemos mucha sed. ¡Qué joputa de trabajo, mecagoendios! – eskatu zitzaion haietako gazteenetarik zaharren zirudiena, ozento.
Iñakik bere txikitoa ordaindu zuen eta karrikara zen. Etxera bidean kartel handia ikusi zuen, lehen Behengoa zegoen etxearen orubean.
Irakurri, ahal zuen eran irakurri zuen, ulertu ez zuen egin: "urbanización" ez zuen inoiz entzuna, "valbuena" ere ez.
Urte guztian ez zituen bazter haietan ikusi. Bidean gorantz hiru ibilgailu berdeak urkusi zituenean, alta, ez zen hagitz kordokatu. Ez zuen uste zulorean baten bila edo surrean etorriko zitzaizkionik. Aspaldi zela, ez zioten alamena egin, ez ziren, ez gauez ez egun argiz, etxera bisita egiten hurbildu. Beharbada, Oihangurenera zihoazen. Aspaldi etxe zahar ha, berriz, hutsik zegoen. Ez zuten gaztarik ez ziztorrik eta halakorik jasoko, Migeltto eta Juana Maria bizi zireino ohikoa zutena legez.
Astiro zetozen. Leiho ostetik begira geratu zen, haiek ikus ez zezaten eran. Patroleko leiar beltzetan zehar barruan ezer ikusterik ez eta zeinbat lagun ote ziren jakiterik ez zuen, baina guztira hamabi bat, gutienez, izanen zela uste izaitekoa zen.
Irratian entzun zuenez, enpresario bat bahitua izan zen, aurreko egunean. Herritik ez urrunekoa. Haren bila edo, eskualde guztiko baserriz baserri ibiliko ziren, beraz. Larrain ondora heldu zirenean, gelditu ez gelditu, ikusi eta zalantzaz urduritu zen, pittin bat, baina ekuru geratu zen. Leiho osterean, etxe ondotik iragaiten ikusi zituen. Ez ziren gelditu. Bihurgunetik hara itzaldu zirenean, beharbada Bordaxahar aldera joko zutelakoak eman zion. Behialako baten gertatu bezala, txabola hautsiko ote zuten beldurrak astindu zuen.
Gaina zulatua eta erdi-eraitsita zegoela ikusirik, han inor gordetzeko tokirik ez zela konturatuko zirelakoan lasaitu zen, nolabait.
Zegoen baino txarkiago ez zuten utziko. Atea porroskatuko bazuten ere, zer osturik, zer etenik edo gaizturik asko ez zuten aurkituko.
Bahitutako enpresaburua adinako gizona zen. Irratiak beste zertzelada batzuk ere hedatu zituen. Gaztetan herriko alkate izan zela azaldu zuen. (Ez zuen aipatu, enpresario harenseme bietarik bat, Bartzelonatik honako batean, errepidean atxilotua izan zena, kapoan poltsa batzuk marihuana zekartzala eta.) Lantegi handi baten ugazaba gizon ausarta zela, bizitzan erakinkor eta lanerako grina amorratukoa zela, zabalkiro iruzkindu zuen irratiko esatariak. Bere enpresa aurrera eramaiteko kapitain saiatua zela ere gehitu zuen.
Lau egunetan ez zen etxe ondotik urrutiratu, 'guardiak' ezeren susmorik ez eta atzetik joan ez zekizkion. Gauetan, atea langaz ixten zuen. Zakurra logelan, egiten zuen lo. Inon bahiturik egonez gero, Larrarten egon zitekeela otu zitzaion. Non hobeto. Izan ere, etxea 'Estremodurorena' zen. Susmagarria ez zen norbaitena, beraz. Ez zuen inoiz inolako hara-honako susmagarririk nabaritu. Ez ibilgailu ohiko ez zenik, ez mendizale edo antzekorik.
Goizero, jaiki orduko, irratia pizten zuen. Berririk jaso nahi. Itxura guztien arauera, gizonaren herexarik inon ez, aztarrenarik bat ere ez. Larrarten egon ezean, beste non, eta Oihangurenen egon zitekeela.
Izan ere, aspaldian hutsa zen. Norena ote? Gurasoak hilda, etxearen jabea Maria Irachez beste inor ezin zitekeen izan. Bahiketa harexek asmatu ote? Iñakik ez zuen burutatik edekitzen halako gogoetarik.
'Guardiak' ez ziren berriro agertu. Ila joan zen. Bahitutakoaren berririk ez. Irratiak ez zuen ezer askorik hedatzen. Egun euritsuak zirela eta, bilatzaileen egitekoa zaila izaiten ari zela baino ez zuen aipatu goizeko berriketariak. Basabide ugari lokatzagatik ibilgaitz, aurki. Enpresario zaharra, gaisotasun larri xamarra zuelako, egunean-egunean pilula batzuk hartu behar zituela zioen; eta hartu ezean larriagotzeko arriskua zuela, eta luzaroan hala egonez gero, hiltzekoa ere bai.
Ez zuen, ez, Bordaxaharrera hurbildu nahi, ez Larrartera ere, Oihangurenera ere ez. Inork zelatan eta, ikusiko zuela eta susmatuko eta, errurik bage, atxilotuko zuten beldurrak airean beti. Huntzorrieta ere antzinadanik hutsa zen. Gainak behea jota zegoen. Hondarretan inor gordetzeko lekurik ote? Gizon bakar bat edozein txokotan eduki ahal zuten, nonbait. Ondo jakinaren gainean zegoen bera, bera ere ziega ziztrin batean zazpi urte eta berrogei egunez irauten egon baitzen.
Huntzorrietako sendiaz oroitzen zenean, agian, egun batez, non nahi egonik ere, agertuko zirela, eta aspaldiko gertaera batzuetaz zekiten guztia jaulkiko zutela uste zuen. Usteari eusten ziola esatea zahatzago. Izan, urteak ziren, heuragi, haiek joan zirela, eta askoz gehiago Luis aitonaren adiskide mina betiko suntsitu zela.
Goiz argi batean, mendiaz beste aldetik, joan zen bezain isilik, zaharraren zaharrez urratsak urriturik, eskuan bidezorro bat dakarrela, Huntzorrietako gizon ttipia, bakarrik herrirantz datorrela dakusa, ametsetan. Ameriketan ez da oso aberastu, itxuraz. Dibidaurreko bide-zidorrean behera doa. Lezerantz, aurki. Haritzeiharretara iritsi eta geldi da, takez. Harkaitz astun baten aurrean dago. Ehunka harkaitz, baso zabalean, pagoen artean josita bezala, eta bati begira. Harritzarra higitu nahian hasi da, alboratu beharrean, azpian zerbait edirenen duelakoan. Ezin du. Aspaldiko indarra ahuldu zaio. Inka eta arkuma indar larriz egin arren, harriak zirkinik ez.
Lezera zergatik hurrandu ez den ezin du igarri. Beharbada, hain urrun hainbat urtez egon delako non zegoen ahantziko ahal zitzaion.
Edo, batek daki, harriaren azpian beste leze bat ote dagoen, herriko inork ikusi ez duena.Buru-taukada egin zuenean, amets hutsa zela ohartu zen. Huntzorrietakorik ez zen agertu, ordura arte behintzat. Beharbada, Ameriketan sendi guztia betiko galdua izanen zen; haren berririk bat ere inoiz heldu ez baitzen. Agian, ordea, ez, eta aberats egina ahal zen.
Lurralde zabal haietan, hainbat soro eta baratzeren jabe, beredin ardi eta behi eta behor eta gehiagoren ugazabak zirela eman zion senak. Berak ere Ameriketara jo balu, Zaragozara ordez, agian aberasturik itzuliko zatekeen; edo ez zatekeen inoiz itzuliko hango bazterretan jaun eta jabe eginda. Gainera ez zuten inoiz atxilotuko. Espetxean egon zen urte luze haietan, zeinbat aldiz amestu ukan zuen, Ameriketa haiekin! Lurralde amaige haietako zelaietan, inor ere ikusteke, egunetan eta gauetan ibiliko zen, bereak ziren soro ezinago luzeetan gaindi. Zer nahi eta gehiago edukiko zuen aberetan. Dirua ere erruz irabaziko zuen.
Gogoetatsu zihoan, Amerika nolakoa zen igarri nahian. Huntzorrietarako bidea aspaldi itxixea zegoen. Inor ez ibiliaren ondorioa.
Bidean goiti ez zuen ikusi bizidunik. Oro sastrakaz betea.
Bahitutakoa ez zen agertu, bigarren ilaren azkenaldian. Honela ere ez zen 'civilik' ibilten. Ibilgailuz, bederen, ez.
Aspaldi bertara bagerik eta Elizaldera jaitsi zenean, haize hotza zebilen. Negu giro. Behengoa zenaren ondotik irago zen. Hormigoizko horma sendo batzuk eraikiak ikusi zituen. Habe zutiko lodiak, teilatua gainean. Etxe gotorra izanen zen. Hamar bat behargin ikusi zituen, lanean. Etxegai haretatik gertu, gizaseme bizardun gizentto bat begira. Ez zuen ezagutu, baina, ausaz, huraxe Borja izanen ahal zen. Beribil luzea ikusita, aberats itxurako baten bat izan zitekeela igar zekiokeen.
Ez zuen elizarako asmorik. Zeinbait berri jaso guran jaitsi zen, aspaldidanik, herri barrenera, Elizaldera hain zuzen, ostatua bertan zegoen eta. Inon ezer ikasi nahi izaitekotan, non txiribogan baino hobe. Ez zen luzatu beharrik. Ostatariak zer jakin eta hura jaulki egin ohi zuen. Iñakiri, agur eta erasian, bateratsu egin zion:
- Aupa, aspaldiko! Etxe barruan egon haiz, ehe; hor ez dik dirurik xahutzen! Ze Kristo! Hemen baduk berririk, txo. Alkateari beribila erre ziotek. Bart.
- Gorritiri beribila kiskali? Nork, ordea? Zer dela eta erre, auzapez hoberik ez dugu ukan eta? – Iñakik harritua bezain mindua galdetu zion.
- Batek zakik, Iñaki.
- Horrek ez ziok nehori kalterik egin; onura bai nori-nahi.
- Bai, horixe. Gizon ona Gorriti, baina badakik: gizona ona duk, alkate egin arte. Honela gabiltzak. Lehengo lege zaharra berritua diagu, Iñaki: " neu nagusi edo muturrak hautsi". Lehengoak joan zituan, baina hazia, Iñaki, hazia ereina utzirik.
- Lehengoa eta oraikoa, eta hemen ez diagu onik – Iñaki berri txarrak goibeldua.
- Hi ibil hadi kontuz, gero, Iñaki! Txapelokerrak urduri zabiltzak. Aberats okitu baten bila, ttok-ttok-ttok, bazterrik bazter. Laster heurera joanen dituk, ehe, bertze lehenago batzuetan bezala.
- Ez, aspaldidanik ez dituk enegana hurbiltzen. Ez zakiat zeren.
- Zakurra hilda, amorrua ahitua, ezta? Hola duk erranairua.
- Ez zakiat zer dioan, bada
- Ezer ez, Iñaki. Hi, joan al haiz hilerrira, hire amari eta aitonari loreak ipintera, ala ipiniak al dituzte?
- Bai, joan nauk, eta lore sorta pollit bana, xuri-gorria, baditek hobiaren gainean ipinia. Nork ote? Nik ez zakiat.
- Eta Oihangurengoek badute lorerik? Herorrek ipini al dizkiek?
- Ez.
- Bada, horixe.
Eliza ondora joan zen. Land-roverra bertan eta etxera nahi zuen. Ume koxkor batzuk arkupean jolasean. Bera ume zeneko oroitzapen goxoak etorri zitzaizkion. Jolasean ari ziren umettoak, bospasei muttiko, ostikadaz baloia hara-horra zerabiltela, oihu eta algara zebiltzan. Pozez begiratu zien, agian haurtzaro-minez. Batek baloia gogor jo zuen eta aurrean zegoen beste bati baloikada eman zion, begitartean. Halako baten "¡qué cabrón!" ozen bat entzun zen. Gelditu zen Iñaki, erne laso, haien hizkera zantarragatik harrituxea.
Erdaraz ari zirela ohartu zen.
Haien antzeko ume zela, hariz eta larruz eginiko pilotaz jolasten ziren, eskuka, hormari eraso nahian bezala, zeinek baino zeinek gogorrago joka. 'Estremeño' eskolara agertu zen arte, han zebiltzan Iñigo lehengusua, Hiri ezkerraz inor baino hobea zelako ustea zuena, Gorrotxa galtzaile nahi ez eta beti haserretzen zena, Labandibar besteak baino handittoago zelako gehienetan irabazten zuen...
eta beste batzuk. 'Estremeñoren' hizkeraz harritzen ziren: ez zioten deusik ulertzen. Urrundik etorri zela ondo ikasi zuten, hainbat aldiz adiarazi baitzien. Orduan hasi ziren, ume koxkorrak baizik ez zirela, zigarro erretzen. Iñakik hasi eta buka batera, zeren, lehenbiziko hurrupada egin eta bertan eztulka hasi eta, nazka-nazkatua, ahotik egotzi baitzuen. Besteen barreak! Ez zuen berriro zigarrorik sartu ahora, baina une haretakoxe adiskide haien isekak ez zituen inoiz atzenduko. Lotsa-lotsa egina aldendu zen, etxerantz, oinez, aldapa zorrotzean gora.
Gorrotxak egin ziona, batik bat, mingarri gerta zitzaion. 'Estremeñok', putz eta harro, urruntzerakoan, "eze no tiene cohones como nozotro" egotzi zion ozenki, baina ulertu ere ez Iñakik. "¿Qué dises tú, si no se te entiende nada, y?" – galde egin zion Labandibarrek.
Urterik askoz geroago, ume haiek jolasean ikus eta entzun zituenean ezer ere ulertzen ez ziela ohartu zen, berriz ere. Ibilgailura sartu eta etxerako bidea hartu zuen. Aitonak behin esan ziona egia izaitekotan, izaitearen etxea hizkuntza denez gero, haien ume haien etxea ez zen, antza, harek beti herrian ezagutu zituen etxeetarikoa.
Etxerantz, eta burutan ezin sinesteko zera zerabilen. Ezin zuen inola ulertu inondik inora, nolatan eta zergatik kiskali zioten Gorritiri beribila. Gizon ona zen. Inori lagun egin beharra baldin bazen, hura gerturik. Hari ere lagun egindakoa zen; eta noizbait zorra kitatu behar ziola zin egin zuen bere baitan.
Gorostitzatik gora geldiro igo zen. Zakurrak urrundik usnatu, beti legez, eta bide erdira ateratu zitzaion, agurrezko ahausi ozenak eskainka.
Sukaldera, eta irratia piztu zuen. Bahituta zegoen gizon adinekoaren senitarteek kezka larria azaldu zuten. Haren askatzearen truke diru mordo handia ordain zezaten galdatu zietela, ez zuten argiro esan, baina zeharretara adiarazi bai.
Ostatuan jakin zuenaz gain ez zuen argitu irratia entzunaz. Bahituriko gizona, Jorge Ybarraren adiskide mina omen zen. Gudaz geroko garaietan, bere herriko alkate nahi ukan zuenean, harek lagunduko zion. Aurretik zetorren adiskidantza zen haien artekoa.
Iñakik' etxean amak aipatu herriko handiki batzuen bazkaria gomutatu zuen.
" Bihar, Sanpedro. Hor bilduko dituk, urtero legez, nire neba, Don Carlos jauna, eta bere adiskide handiki handiak. Hor are handiago den beste Don bat, Ybarra jauna, haretan ere. Beste antzeko batek ez dik hutsik egingo, hau ere Don, Untzueta jaun aberats harroak, hain zuzen. Horien artean nahi likek hire aitak, baina sakela mehe. Nahi bai, gosez legoke, baina horien ondoan gurea ttikia duk, meheko duk; eta gainera, gureak ez dik gudua irabazi, joan ere ez zuan joan lar gazte izanik, noski.
Behengoan bazkari oparoa, Sanpedrotan! Etxearen izena txarra: Behengoa bainoago Gorengoa behar likek.
Hirurak apaindo jantzita ibiliko dituk Elizalden. A, eta laugarren bat ere gehituko zaiela uste diat. Apaiz jauna, eskierki; bazkaria nork bedeinkatu' behar ditek eta. Ez zakiat San Pedrok zerurako atea irekiko ote dien.
Egia denentz ez zakiat, jakingo ere inoiz ez, baina orduko esaera zuan, 'tertziokoek' erabilitako iskiluak, pistolak eta fusilak eta halakoak alegia, Ybarra jaunaren diruz erosi zituztela. Eta ekarri, nork ekarri eta Untzuetak berak, bere kamioi batean mugaz haranditik hona.Haiek bai gizon burutsuak: beste batzuk gudura joan zitezen iskiluak ekarri, eta atzealdean lasai bizi haiek beraiek. Aittonak esaten zuena: gudu guztietan batzuk hil eta beste batzuk sosa bil. Nire neba, horretan, zintzoago ibili zuan. Bizia gal beldurrez ez zuan etxean geratu: ehiztari amorratua eta inor hiltzeko lotsarik ez.
Horiek hirurok Iruñean ezagunak ditiztek. Burgosen ere ezagunak, eta ez beti, beharbada, katedralera joaiten direlako. Ybarra hori etorten denean, nabarmen zabilak: oski zuriak oinetan, praka zuriagoak, alkandora bezain zuria gorontza, eta gorria txapela buruan.
Ttattarra, gorbata alegia, gorri-gorria, urrundik ikusgai. Horrena, baina itxurakeria baizik ez. Ahoa bete Espainia, sakela bete diru.
Aita heurea, ene senar maitea, haiei begira adurra zeriola geratzen zen, harrapoa zeriola. Heure aita zena Behengokoa zen Gorostitzagoikokoa baino areago".
Irratiak ez zuen gehiago zehaztu. 'Guardia Civilak' lanari ekin eta ekin ari zirela esanaz bukatu zuen. Ohitura egina zuen eta irratiko azken parte entzundakoan ohera zen.
Goiza gorri eraiki zuen. Arratserako euriaren zantzua, omen. Baratzera hurreratu zen eta, traktore tikiaz lurra zehetu zuen, eguerdi garaian piperrak landatu nahi baitzituen. Arlotto bat betetzen zuen, eta urtero uzta polita jasotzen. Gorritu ondorean sortak egiten zituen, ohitura halakoxea, zerria hildakoan ziztorrak egiteko piper-zukua nahi zuen eta. Hondar urteetan, ostera, ez zuen zerririk etxean hazi, eta hil ere ez. Ardiak, berrogeita hamar bat edo, ahuntzak ere bai, eta behar zuenerako nahikoa haragia, urtean hiru ahuntzume eta beste honenbeste arkume nahi adina.
Lanean zaildutako gizaseme sendoa zena, berriz, nekeak makurtzen zuen.
Arrats apalean, euria zekarten hodeiak agertu ziren. Landutako piperrentzat berebizikoa. Lurrean ongi errotuz gero laster haziko ziren.
Ihurtziri batzuk ortzian, ostotsak haran osoan burrunba dardartsua eraginez, bur-bur, eta euria hasi zuen. Xarra-xarra hasi eta zaparrada luzatu zen. Leihotik so Iñaki.
Euri artean, laino barrenetik jalgi bezala, goiko bihurgunean patrol berdilun bat begiztatu zuen, ozta-ozta ikusi, eta ondoan beste bat eta beste bat, gorantz zetozenak. Azkar jaitsi zen, atea langaz itxi zuen, ukuilura sartu eta gezi-leiho meharretik kanpora begira jarri zen, geldi-geldi. Zaratarik ez zuen behar. Beldurrak ikara eragin zion. Kuarteleko gela hits haretan jasan zituen ziperrak gogora itzuli zitzaizkion, irudiz irudi, orduko oinaze haiek berriro ikuskatuz bezala. Min eragile zantar haien gizapiztia haien itxurak begien aurrean zekusatzan. Haien eskuetan burdinazko barrak joka eta joka sumatzen zituen. Lepauztaia eten zioteneko min jasangaitza berriz ere sumatu uste zuen. Orduko mina sumatu zuen. Konortea galduko zuela uste zuen.
Ibilgailuak aurrera joan ziren. Astiro igoz, Oihanguren aldera jo zuten. Bazirudien ez zutela inora iristeko lehiarik. Inoiz baino gehiago.
Zortzi irago ziren.
Euriak laster gautu zuen. Lasaitu ederra hartu zuen, mangunatik hara, ikusterretik alde egin zutenean. Oihanguren itxita aurkituko zuten. Aspaldian ez zen txoririk baino sartzen. Aurreko ilean, bilatzen ibili ziren egunetan, hango bazter guztiak arakatuak izanen zituztela uste zuen. Atzera etorri behar harek, beraz, ezustean hartu zuen.
Laster behera bihurtuko zirelakoan, noiz itzuliko zain geratu zen, luzaz, sukaldeko leihoaren ondoan. Gau betea eta itzuli ez haiek ibilgailu astun haiek.
Euri-jasa ari zuen. Baratzeak ura behar eta hura ongarri. Burgosko espetxean zegoenean, euria gutitan ikusi zuela oroitu zen. Leiho ondoan jarrita, euriari begira orduetan egon zeneko ekaitz ha bat izan zen. Urruneko galerriak, orduan oritzen hasiak, harez gero tint hazi ziren. Egarri egonik eta, urez ase zirenez gero, landareak distiratsu agertzen ziren, ortziari esker onean izan bailiran. Hurrengo egunetako haize ufada beroek, itsasoan uhinak antzo, landareak batera eta bestera inarrosiz ferekatzen zituzten. Aste batzuk geroago, nekazariak agertu zirenean, traktore larrietan, artez-artez soro luzeetan zehar, uzta ederra bil eta bil aritzean, kantari urkusten zituen, ustean, ziega ilunbetsu haretarik. Lurrak gorritu zituzten. Iletan ez zuen berriro euririk egin.
Igoriko ibilgailuak ez zitzultzen. Haiek igo bidetik jaisten ikusiko zituelakoan, oheratzeke zegoen. Loak ez zuen hartu. Leiho ondoan eserita, beti landari so. Ez zen oheratuko haiek beherantz iragaiten ikusi arte. Argia itzalita zegoen.
Gaua gogaieren ama omen, eta aitonak ihes egin zuen eguneko oroitzapena berrizkatu zitzaion, buru barreneko beste hainbat burutapenen artean. Ukuiluko atzealdeko atetik itzuri zen, etsaiak larrainean amarekin mokoka ari ziren bitartean; eta gaitz erdi, zeren, orduan harrapatuz gero bertan tiroz erho egingo baitzuketen. "Lipar bat aski bizia galtzeko", aitonak honela zioen, orduko ihes hura gogoan: "Ni doi-doi nagok bizirik. Une bat izan zuan, dzirt edo dzart egiteko unea, eta nik dzart egin nian, eta ahalik azkarren alde egin nian, eta hala nagok une haregatik bizirik, muttilko. Bizitzan sarri hala izaiten duk. Unetto bat, hitzño bat, fits bat, aski ohi duk oro alda dadin.
Sasirik sari, eginahalean, joan eta joan hasi ninduan, noraezean bezala, baina askatasunerantz. Heriogandik ihesi. Hauxe duk, muttilko, euskaldunen asturu gaitza. Beti etxe barruan ere ihesean ibili beharra. Herioren atzaparrei gaitzik bage izkin egin beharraz, marro eginaz. Ene adiskide min batek halaxe ziraustaan, Iruñetik hanka eginda gurekin Elgetako lubakietan batu zenean: "Gurea entzerrua duk, Jon Ugutz, entzerrua. Atzetik zezen beltzak zatozkiguk, adarrak airean, tunka eta tunka. Unainek "jak, erhak" oihu egiten zietek, gu aurretik eraman gaitzaten, hil gaitzaten. Eta guk zezenok ukuilura sartu behar ditiagu, bakara sarrarazi behar ditiagu. Eta zezenok joka eta burrustu eta adarrak sarri bai sarri odolez zikinduak. Azkenean, barruitxita. Hor baretzen dituk. Marrumaka. Arratsaldeko bortzetan, legeak hala haizu, askatzen ditiztek. Zezen beltz, buruan adarrak ez bertzerik, zital amorratuak ez dituk ohartzen plaza biribil baten barruan itxita daudenik. Laster gizapiztia batzuek txuliatuko ditiztek. Hilko ditiztek. Sastadaka hilko. Pozarren hilko ditiztek, jolasean arituz. Zezenaren oldarra hondarrean ihaurritako odol-istil batean ahitzen duk. Honela, Ugutz, guri erasoka datozkigun zezen arimabeltz burugorri horiek. Faxismoa hori duk. Unainak berdez jantzirik zabiltzak, atzetik akuiluka; txuliatzaileak hor, gero, dotore-dotore apaindurik abere amorratuarekin jolasean, kitzika diru bilketan; eta oholesiaz babesturik harmailetan eseriak, eguteran nahiz laiotzean, ikusle txalogileak. Hemen zatozak, Jon Ugutz, eta oro, berriz ere, bertze behin, plaza den mundu biribil honetan". Hantxe, Elgetan utzi genian adiskide hura hilotzik, bertze hainbat lagunekin. Gorpu hotzak elge eta landetan barreiatuak, gizonezkoak ala emakumezkoak, zahar nahiz gazte, haurrak ere asko eta asko. Geroago, mundu biribil honetan, harako sarraski hura guri egin zigutena, nehoizko neurririk sekulakoenean mundu guztian ikusi ukan genian. Hilotzak, orduan, ezin zeinbatu ahalakoak, ortzian izarrak adina".
Gaua luze joan zen. Euria ez zuen atertu, arturratzeaz batera arte. Ibilgailuak, behe-laino artetik agertzen, ikusi zituenean Iñaki erne jarri zen. Igoeran baino arinago jaisten ziren. Argi urdinak, firurika, inguru guztiak izpiez zipriztindu guran legez. Gorantz gauarekin bat eginaz itzalgaizka bezala joan ziren haiek, beherantz ehiztariak egun oparoetan ohi bezain agergale zihoazen. Etxe ondotik iragotakoan, urduritasuna baretu zitzaion, bihotza geldirotu, arnasa atsedenez hartu zuen Iñakik.
Eguna lasaia izan zen; euriaz geroko lanik bat ere egin ezinean eta, etxeko puskila-muskiletan. Aldian behin erratzez garbitu bat emaiten zion, etxea txukun, bederen, egon zedin; eta egun egokia honetarako. Itogin bat hautemana zuen eta hautsi teila batzuk berritu zituen. Etxea zaindu beharra dela, esaten zion amak, etxeak zu zain zaitzan.
Sabaietako amaraunik ez zen ama bizi zeino; haz ostean, aldiz, ukuiluko sabaia ia-ia estalita zegoen amarek eginiko ehunez.
Irratia eguerdiko ordu bateko albiste-saioa entzutearren piztu zuen. Azken urteetan, pilotaz eta futbolaz, batez ere, zer zioen entzuteko ohitura hartu ukan zuen. Lehenengo berria erregeari buruzkoa izan zen. Egun haietan, urruneko herrialde batean omen zebilen, hango erregearen semea ezkondu zela eta, eztaietara joana. Bidaia luzea, eta ordu luzez lekurik leku ibili beharraren beharraz, erregea, osoeginkizun nekagarriengatik, hango egonaldia bi egunez luzatuta, astelehenera arte geratuko zela zioen esatariak irakurri zuen berriak.
Honen ondorean, beste albiste bat irakurri zuen. Iñakik adi-adi entzun. Zioenez, bahitutako enpresarioa askatua izan zen. Zauri larriak zituen arren, Donostiako erietxean, onik zegoen. Iñakik, egiten ari zenari utzi eta, geldirik zentzuen. Bahitzaileak hiru zirela zehaztu zuen. Hauetako bi atxilotu zituztela, eta hirugarrena, bertan hilik gertatu zela zioen. Hildako hau emakumezkoa zela. Adinetan sartuxea zen emakume hau etxearen jabea zela ere zehaztu zuen esatariak. Izenik aipatu ez zuen.
Albistea entzunik, egonezinez zegoen. Gehiago jakin-nahitua, artegea. Arratsean, ukuiluko eginbeharrak bukatu baikoz, ostatura zen.
URBANIZACION VALBUENA-ko beharginak egunoroko garagardoak edaten ari ziren. Algara betean barru osoa; eta kez ere betea, batzuen zigarroez eta beste batzuen txokorrez. Musean ari zirenak ezagunak, beste guztiak arrotz zituen. Iñaki txoko batera baztertu zen, ohi zuen txikito ardo beltz edateko asmoz.
Futbolaz zihardutela ohartu zen, haien hizkera traketsa osoki ulertzen ez zuen arren. "No hay en er mundo uno como el madrí " oihu egin zuenari ondoko batek berehala erantzun zion "no teñes ni puta idea, o mellor e o Celta", besteek ez zioten ondo hartu eta barre-isekaz oldarrean isilarazi zuten.
Ostataria hurbildu zitzaion eta, hitzetik hortzera:
- Gaurkoa latza izan duk, Iñaki; badakik, ezta? – edalontzia ardoz betetzen zioneantxe.
- Zer izan dugu, bada?
- Ez dakik, ala? Ez ote dakik hil dutela? Bada, telebistan ere agertu duk. Burua porroskatu ditek. Izena erran dutelako, bertzela-a, neronek ere ez nikean ezagutuko.
- Baina, zer diostak? Nor hil dute? – Iñaki motelka mintzo, urduritua.
- To, zera, hil ditek. Iratxe hil ditek, arraioa!
- Zein Iratxe? Oihangurengoa?
- Horixe. Berori. Ez dakik, egiaz? Bada, gau honetan izan duk. Ez duk ezer entzun?
- Zer entzun nik? Non izan da, bada?
- Oihangurenen. Bertan erho ditek. Sarraaaskitu ditek.
Iñaki isildu zen txit. Zangoak ikaran sumatu zituen. Edalontzia eskuan, baina ez zuen edan. Hormaren bizkarrean, zutik ezinean gisa, bermatu zen. Gazte lohitako urdinez jantzi haiek barre-karkailaka ari ziren, futbolaz elkarri zirika.
Kea laino zen. Iñakik, birikaz estu eta arbin, arnasa ezin hartzeaz, karrikara atera beharra ukan zuen. Egurats garbia arnastu behar zuen. Ateaz haraindian, haize kirri batez gozaro, jarri zen, aurreko gau euritsuaz geroko arrats hoxpila epel zitzaiola.
Barrutiko irri-karkara zolien hotsak belarrietan min zeragioten, oilo loka batzuen karaka ergelen irudiko. Behargin arrotz haien eguneko atseden-une lasaitua baizik ez zuen, honela eta guztiz ere nardagarri zitzaion, hil zenarenganako begirunerik eza. Beharbada, haiek ez zekiten ezer.
Ezin jasan zuen. Alde egin behar-galetu zen. Ardoa ordaintzeke zuela ohartu eta, etxera baino lehen, berriro sartu zen. Atea zabaldu eta ke-laino baten barrutik ostatari lagunagana hurreratu zen.
Zerbait gehiago jakin nahi zuen, behar zuen. Ez zen bere onean. Ezin sinetsita zegoen. Ez zion galdetu baina lagunak berehala:
- Bai, Iñaki. Bera duk. 'Guardia civilek' zerbaiten atzetik jo, eta hariaren zia non, eta haritik ten eginaz, nahi zuten gunera iritsi zituan.
Ez zitean, ez, usterik asko ukanen, hango basaburu urruneko etxe haretan, nehor bizi zitekeenik. Igo ziren lehen aldian ez zitean ezer susmatu. Etxeko ugazabak, bata bezala bertzea, hik herorrek ongi dakik, jakin, nolakoak ziren. 'Guardia Civilak' etxekoak zituan, abantzu. Migeltto eta Joana Maria hil ziren arte, etxe haretan sarrera zabala txapelokerrek. Hire osaba zenaren 'tertziokoak' haiexek, zurri berekoak hots.
Iratxek urteak zitian gurasoenera jiteke. Haiekikorik ez zian, antza, nehola ere nahi. Aita zitala bazen ez ama hobexea. Alaba bertze aldekoa. Aitak berak maiz errana: "neronek hilko nuke alaba". Aita-ama haiek hil ondotik etxea hutsik zegoan, badakik.
Bahituriko gizona, badakik nor zen: Ybarrarekin Sanpedrotan etorri ohi zen aberats harroputz hura, gogoan duk? Gudua hasi aitzin, hemengo 'erreketeei' fusilak ekarri omen zizkiena. Ez hik ez nik genian ezagun. Oihangurendarrek, ordea, bai. Hari honetatik hasi omen zituan.
Hik ez hituen ikusi bidean goiti igaiten atzo arratsean? Euria ari zuen, baina zortzi ibilgailu, gutienez, igo zirela uste diat. Etxera baino lehenago, ibilgailuak geldi eta zakurrak inguru osoan sakabanatu zituan. Basurderik baldin bazen, ez zuan hesia zeharkatuko. Berrogei bat cetme bai. Atea danbadaka ireki zitean, zartatu zitean, hobeki erraiteko. Barruan lo haiek eta berehala iratzarri. Ezuste guztizkoan harrapatu zitean. Bi mutilak bahituaren gelan omen. Iratxe bertze logela batean, ihes egin zuen arte berea zen etzanguan. Leiho guztietarik sartu zitean. Tiroka, garrasika, oro porroska. Bahitutakoa ohean eta bertan geldi-geldi uzkurtu zuan, sarrakioa sarturik. Mutil haietako batak besoak goratu zitian. Bertzea zoruan etzan zen, hil ala bizi. Iratxek pipa hartu zian. Leihora eta jauzi egitera egin zian.
Bertan tiro-zaparrada izugarria desarratu zioaten. Buru...tira, ez diat gehiagorik zehaztuko, Iñaki. Honela erho zitean.
Adiskide ukan zituen guztiak hil izan zitzaizkion.
(Gizona bere bakargoan bizi zen. Hala zegoen, etxeko supazter txokoan, gar goriei begira, isil-isilean, nirekin zentzuz hitz egin zuen azkenengo aldian.
Izua Burgostik ekarri zuen, bihotzaren barren-barrenean. Ez zuen inoiz gogotik egotzi han eman zituen zazpi urte eta berrogei eguneko itxialdi haren oroitzapen goibela. Gaisotasuna ziega hits haretarik birika bietara sartua. Hogenik bagekoa han zakurra legez barrutua izana ez zitzaion inoiz ahantzi. Sarri esaten zuen eran: "legea iskilu zuen epaile batek bizia ebatsi zidan" Hondar sastada lazgarri harek, buruaren muinean jokada larriz zauritu zuen. Umetatik begiko zuen neska haren heriotza lazgarriak bihotzean min etsia eragin zion.
Ez zuen aginean lorerik ipini. Izan ere, agina aspaldian eihartua zen. Ez zuen inoiz jakin zehazki, baina, itxurak zirenez, herriko gaztetto batzuek eten zuten. Aspaldiko arrosak, margul eta hits, lokatzean zimel-zimel eginak ziren.
Negua inoiz baino lehenago heldu zen. Elurra teilatuan ikusi zueneko, berandu zuen: ardiak Bordaxahar aldean geruza zuri mardulez azpiratuak. Beharbada, sei-zazpi egunetan bizirik eta goseak hilko zituen. Gaztetan, behin, haien bila igo behar ukan zuen batean, bost orduz elurrez elur ibili eta, gehienak bizirik etxeratzea lortu zuela gomutatu zuen. Udaz geroztik ez zen igo hain maite zuen gain haretara. Neguaz gero arte ezin igo izanen zela gogoratu zitzaion arren, ezinezko izanen zitzaiolakoa zuen.
Mendira makila bagerik ez inoiz, eta azkenengo urteetan etxean bertan beti makila behar zuen lagun. Hala zegoen negu hotzeko arrats langartsu batean, xirimiri ari zuela, haritz handi biluziaren oinean eserita zegoen haretan. Txantxangorria buruaren gaineko adarrean elekari. "Zertan jin haiz nigana, ene txoririk maiteen hori?" goxokiro zirautsala mintzatu zitzaion goiti beha.
- Zertan ari duk, adiskide? – galdetu nion, amultsuki, blai-blai eginda zegoen hari.
- Bai, txoriok kantuz zuhaitzetarik, lagun berdinik bageak; eta pentzetan agertzen diren zoragarrizko loreak; baina, mendi horiei so egin eta oroit dut Euskal Herria: Jainko maitea, noizko dukezu, guretzat udaberria? – erantzun zidan.
Txoria, txan-txan, adar berean kikilduxea, hotzak hilik, txan-txan, inora nahi ez eta beti geldi, txan-txan, ele eta mele egin nahian bezala.
- Beha hor, Larrarte isilik, beha bertze aldean Huntzorrieta makur-makur eginik, beha han Oihanguren odoleztaturik, beha hemen Gorostitzagoikoa hutsik, hoa, txori, habil-hoa, han Bordaxahar lur jorik, han ene bihotzeko tristura laster zoak airean – hizketaneragonez.
Euri zirinaz burua bustirik, soinean jantzitako artilezko jertsea halaber, ohartzeke gauaren ilunak zeharo harrapatua zuen. Etxe barrura lagundu nion.
Loak hartu aitzin, ahots mehe-mehe batez, nonbait entzuniko lelo bat xaramelatzen ari zen... "Ama Euskal Herriaz naiz nahigabetua, uzterat doalakotz betikotz mundua, bere seme-alabez abandonatua; nork barka dezaguke gure bekatua?...
Egoitzara joan nintzaion azkenengo egunean, maskal-maskal ikusi nuen, ilun. Burua eroria zuen, zutik eduteko indarrik aski ez bailuan; aulki bigunean eserita zetzan. Galdutako begirada hitsak, ni ezagutu ere egin ez ninduela erakutsi zidan. Niri, hala ikusteagatik, bihotza zitzaidan jausi; hil, ez esatearren. Ez zen inoiz handi-handia izan, baina orduan inoiz baino mirriztuago zen, zarpail huts eginda.
Ez nintzaion luzaz begira egon. Ezin nuen. Hitzik ez nion egin. Ez zidan tutik esango. Mintzo-hari bat baizik ez zuen.
Biharamunean, eguerdi aldean, egoitzako erizain-buruak telefonoz deitu zidan. Lehen unean harritu zitzaidan; berehala, ordea, zelako albistea emango zidan ohartu nintzen.
- Estamos intentando contactar con su hermana, pero debe tener el teléfono fuera de cobertura. Probablemente esté en Salou. ¿Podría ustéd comunicarle el óbito?
- Yo no mantego relación alguna con su hermana. Lo siento, no puedo ayudarle – erantzun nion, lehen unettoko nahibagea gainditu eta.
Larunbateko egunkarian haren hil-iragarkia agertu zen. Nik etxe azpiko tabernan irakurten nuen eta, ohiz egiten ez nuen arren, hildakoen orrialdeak, azken egun haietan, behatzen nituen. Hantxe ikusi nuen, argazki eta guzti.
"Don Ignacio María Goicoechea Chapartégui, falleció el pasado 12 de octubre, habiendo recibido la bendición apostólica de Su Santidad. Su hermana, sobrina, primos y demás familia, ruegan una oración por su descanso eterno. Y comunican a sus allegados que la misa funeral se celebrará, Dios mediante, mañana domingo, en la iglesia parroquial de San Ignacio de Loyola. La Familia no recibe".
Aspaldidanik ez nintzen elizara sartzen. Iñakiren hiletara, baina, joan beharra nuen; azken egunez, haren aldamenean egon nahi nuen, zurezko kutxa baten barruan hilotz zegoen arren. Guztira, ez ahal ginen hamabost bat meza-entzule baizik izanen.
Egoitzako bi serora, apaizaren laguntzaile, meza hasi aurrez, korutik doinua zabalduz, eta entzule gehienak " Que alegría cuando me dijeron: vamos a la casa del Señor..." abesten hasi ziren, zutik. Apaizak, ahots ozenaz, aldare osterean, meza hasi zuen..."Oremos..."
Hileta bukatutakoan, hilobira hurbildu nintzen. Neramatzan loreez hiru sortaño egin eta aitonari, amari eta Iñakiri bana ipini nien. Krabelin xuri-gorriak.)
Egun, eleberri ez besterik izan nahi duen hau bukatu dudanean Espainian, ospe handiz, inork hautatu ez duen erregea buru, "demokrazia" daritzonaren urteurrena ospatu dute, eta, lehengoa "diktadura" zela lehen aldiz aipatu duen aldi berean diktaduraren alde lan egindako zeinbaiti ohorezko domina oparitu dio. Honatx, Espainiaren "Trantsizioa" delakoaren gezur gaitza! Bakarra balitz, bederen, gaitz erdi; baina ustelkeria nagusi den estatu batean nola ez izan gezurra orotan lehena!
Autonomien, omen, estatu den honetan burujabetza debeku duten herriak ziega batean bezala dagoz, atera ezinean, legeak burdinazko barrote bihurturik. Gezurra esan zuen "yo respetaré lo que le Pueblo Vasco decida" – urte batzuk geroago "lo que el Pueblo catalán decida" – esan zuenak. Eta bazekien, eta bagenekien.
Ez genekien, eta honegatik are samingarriago zitzaigun, Euzko Alderdi Jeltzaleko lehendakariak saldukeria eginen zigunik. Euskal Herria saldu ukan dutenen zerrendan J.J. Imazen izena hizki okerrez idatzia izan da. Erromak ez omen zien traidoreei ordaintzen, Petronorrek bai. Orain Espainian dabil.
Ibarretxe lehendakariak, ordea, Aberria iraunarazi nahi zuen. Berehala eten zuten, espainiarrek bezala bere alderdi barruko burukide gorenek ere eten zuten. Orain han-hor-hemen dabil gure esku dagoela esaten.
ETAk berea amaitu zuen. Bazen garaia.
Bitartean, Baionan milaka lagun bildu ginen, iskiluak behin eta betiko utziz aurrera jo nahi dugula esateko.
Eta Baionan ere sindikatu izeneko batek euskaldunak lantegietatik kanporatu nahi ditu, euskaraz eta Euskal Herrian ez Frantzian nahi dutelako, eta hau, agidanean, "Errepublikaren izpirituaren aurkakoa da". Arraioak ez badu liberté! Nafarroako euskaldunen hiri buruzagian txistorraz jo eta jo, euskara "lingua navarrorum" entzun ere nahi ez dutela aldarrikatzeko hainbat euskotar negarretan agertu zen elkarretaratze komiko batean, nafarren ikur gorri separatista eskuetan.
Euskaraz ez jakiteagatik guztiz eta zeharo bazterturik dagozela salatzeko bideoa ere ikusi genuen, zozolisto gezurti malmutzek egina, ertzainak "hábleme en castellano" zioen bitartean. Eta EAJ-k PsoEri oparitzat Eusko Jaurlaritzako sail batzuk eman zizkion, beste bideo bat egiteko dirua jasotzearren, zeren Nafarroan Jurio abizeneko anderexkila batek esana legez "se impone el euskara que la mayoría no sabe ni quiere aprender"...euskaraz bizi nahi duten herritarrei zor zaien eskubidea legez aitortzen baitzaie. Zorionez, zazpi lurraldeetako kale, etxe, lantegi, taberna, eliza...guztietan ez da euskaraz baizik entzuten, aspaldi honetan ez da erdararik inon ere entzuten, ez frantsesik ez gaztelerarik.
Eta gazteak eskoletan euspañolez mintzatzen, euskofrantxez egiten ez dutenak.
Baina beti Gorria geratuko zaigu, hots "La Roja". Eta irabazi zuenean txalo egin ez zuelako lau ' guardia civilek' jipoitu zuten mutilak epailearen aurrean salatu zuenean epaile andere txit gorenak zuzen ebatzi, zuzenbidez: mutila erruduna zen lau 'guardia civilak' jipoitu zituelako. Zakurrak inor ausikitzen duenean ez ei da albiste, inork zakurrari haginka egiten duenean ez bezala. Baina ' guardia civilen' eraso hura ez zen albiste. Altsasuko gazte batzuk, berriz, guardia batzuekin tabernan ari zirela liskar batean gertatuz gero terroristak direla dioen epaile jaun-andere beltzuntze bat baino gehiago badago egon ere, non eta Auzitegi Nazionalean, Madrilen noski. Ostikada bat, beraz, hainbat urtetako kartzelaldiaz ordain dezake norbaitek. Terrorista izaiteagatik? Ez! Euskaldun nafarra izaiteagatik.
'Guardia Civilak', atzo, Kataluniako funtzionarioei galdeketak egiten hasi ziren, indarra erabili aurretiko bideak irekitzeko asmoz.
Egungo eusko lehendakaria, berriz, Iturriozko gure azken jauregian ezkutatu da, eta beste berrogei urteko itxaropena ukan dezagun aholkatzen digu.
Atzerago begira jarriko bagina, aldiz...beste eleberri bat osatzeko lain eta gehiago genuke: milaka historia inoiz ere jaulkiko ez direnak; kartzela ilunetan nahiz etxe barruko itxialdietan jasanikoak, kaleetako borroketan nahiz komisarietako galdeketetan gertaturikoak, zulo ziztrinetan nahiz ziega hitsetan oinazetuak, Aberrian nahiz Atzerrian noziturikoak, Euskal Herrian nahiz Espainian...inoiz ere argitara agertuko ez direnak.
Bizkitartean, bizitzak aurrera egin zuen, egin du, eginen du.
Orain iguruki besterik ezin dugu...ea Kataluniak zer erabakitzen duen.
Jaulkiko dugu.